Iragarkia
181. ALDIZKARIA - 2016ko irailaren 19a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
BERIAIN
Ordenantza, Udalaren lokalen erabilera herritarren elkarteei lagatzeko arauak ematen dituena. Behin betiko onespena
Beriaingo Udalak, 2016ko uztailaren 4an egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Beriaingo Udalaren lokalen erabilera herritarren elkarteei lagatzeko arauak ematen dituen ordenantza.
Hasierako onespenaren erabakia 2016ko 142. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, uztailaren 22an.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, erregelamendu hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Beriainen, 2016ko irailaren 1ean.–Alkatea, José Manuel Menéndez González.
ORDENANTZA, UDALAREN LOKALEN ERABILERA HERRITARREN ELKARTEEI LAGATZEKO ARAUAK EMATEN DITUENA
Herritarren parte-hartzea gizartearen ardatz garrantzitsuenetariko bat da eta, hala, zeharkako politika publikoaren bidez landu behar da, begirunea eta pertsonen eskubideak sustatzeko bitarteko eta bideak sustatuz eta sortuz, horrela herritarren esku-hartzea handitu, demokrazia sendotu eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko aukera eman dadin.
Elkarteek gaur egun berebiziko garrantzia dute herritarrei parte hartzeko bidea emanen dien gizarte demokratikoagoa eraikitzeko prozesuan, eta gizartearen aitzinamenduaren funtsezko eragileak dira.
Hortaz, beharrezkoa da herritarrek parte hartzea Beriaingo elkarte sarea osatzen duten herritarren entitate eta elkarteen bidez, komunitatearen gizarte eta kultur aberastasuna zaindu eta areagotzeko eta, aldi berean, elkarteek ordezkatzen dituzten gizarte sektoreen arazoez arduratzeko.
Esparru horretan ari da Beriaingo Udala, elkarte sarea sustatzen, elkarteen beharrak asetzeko ahaleginean, bidezkoa den legezko baimena emanez.
Hala, helburua da gizartearen intereseko jarduera autogestionatuak sustatzea, Udalaren titulartasunekoak diren lokal eta ekipamenduen erabileraren borondatezko eta doako lagapenaren bidez.
Araudi honen bitartez arauak eta bideak ezarri nahi dira Beriaingo irabazi asmorik gabeko gizarte entitateei egoitza soziala edo toki bat emateko, beren jarduerak bertan egin eta beren estatutuetan agertzen diren xedeak lor ditzaten. Gainera, leku horiek elkarteetako kideen bilguneak eta Beriaingo bizilagun guztien erreferentzia guneak izanen dira.
Udal titulartasuneko ondasunak dira eta herriko elkarte askok erabil dezakete. Beraz, Udalari bakarrik dagokio lagapenen onuradunak nor izan daitezkeen erabakitzea, irizpide objektiboak erabiliz eta zenbaterainoko lekua dagoen kontuan hartuz.
Beriaingo Udalak du tutoretzarako ahalmena, eta horren arabera ezarriko dira antolaketarako neurri eta arau oinarrizkoak, galarazi gabe une bakoitzean lokalak erabiltzen dituzten entitateen autonomia.
1. artikulua. Xedea.
Akordioak ezartzen duen bezainbat iraunen du lokalaren lagapenak, eta hura doakoa eta prekarioan egina izanen da, eta inoiz ere ezin izanen da pentsatu eskubide ekonomikorik edo errentamendukorik sortzen duenik inolako alderdirendako.
Erabileraren lagapenaren xedea da gizarte entitateei beren jarduerak egiteko eta beren xede estatutarioak erdiesteko tokia ematea, betiere egonkortasuna eta jarraitasuna helburu.
Unean uneko beharrak asetzen dituzten aldi baterako lagapenak ordenantza honen eremutik kanpo daude, udal baimen egokiaren bidez arautuko baitira, eta berariazko araudia duten higiezin edo ekipamenduen lagapenak ere bai.
2. artikulua. Lagako diren lokalak.
1. Beriaingo Udalak, hala erabakita, gisa honetako lokalak prekarioan lagatzen ahal dizkie eskaera egiten duten herriko elkarteei, ahal duen heinean:
a) Udalaren titulartasuna duten ondareko ondasunak, haien erabilera osotara edo partez lagatzen ahal denean.
b) Udalaren titulartasuna duten jabari publikoko ondasunak, osotara edo partez lagatzeko baimena jaso dezaketenak.
c) Titulartasuna Udalarena ez duten ondasunak, Udalak haien gainean eskubideren bat baldin badu, eta eskubide horrek, indarra duen legeriarekin bat, haien erabilera aipatutako entitateei eskualdatzeko bidea ematen badio.
3. artikulua. Eskaera egin dezaketen entitateak.
Elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren babesean legez eratutako elkarteek udal lokala eskatu ahal izanen dute beren xede sozialari lotutako jardueretarako; ezinbesteko baldintza izanen da elkarte interesduna irabazteko asmorik gabea izatea eta izen emana egotea Nafarroako Foru Komunitateko erregistro egokian eta, hala behar badu, Beriaingo Elkarteen Udal Erregistroan.
Esleitzeko irizpide gisa, lokalaren zertarakoa ez ezik, kontuan hartuko da zenbat denboraz erabiliko den (egunero, astean behin, hamabostean behin...), zenbat izan daitezkeen zerbitzuaren onuradunak, elkarteak zenbat urte dituen herrian kokatuta eta bertako jardueretan parte hartzen, eta beste irizpide tekniko batzuk, beharrezkotzat jotzen direnak.
Nolanahi ere, Udalak lehentasuna emanen die, lagatzeko tenorean, aukera berdintasunaren alde lan egiteko xedea duten elkarteei, emakumezko eta gizonezkoen arteko berdintasunezko partaidetzaren alde, edo esku-hartze sozialeko proiektuetan ari direnei.
Elkarteak irabazi asmorik ez duela ulertuko da estatutuetan hala adierazten denean eta inolako jarduera ekonomikorik ez duenean, edo jarduera ekonomikoaren helburu bakarra estatutuetan ezarritako interes orokorreko xedeak betetzea denean, bazkideen edo hirugarrenen artean inolako irabazirik banatu gabe, ez zuzenean ez zeharka.
Ordenantza honen xede diren lokalen lagapena baloratzeko, entitate eskatzaileak hiru entitate mota hauetan sailkatuko dira:
A | Jarduera ekonomikoa duten entitateak edo elkarteak |
B | Jarduera ekonomikoa EZ duten entitateak edo elkarteak |
Ulertuko da entitate batek jarduera ekonomikoa duela baldin bere jardueran ordainsariak eta abar pagatzen badira, legezko figura edozein izanik ere, eta, banaka, hilean 300 euro gainditzen badira.
4. artikulua. Eskaerak.
Urtero, Udaleko organo eskudunak deialdi bat ezarriko du, eta epe bat jarriko da, irailaren 1aren eta 10aren artean, elkarte interesdunek Udalari idatziz eskatzeko udal lokaletako guneak edo aretoak lagatzea. Laga beharreko gunean eginen diren jardueren eta zerbitzuen urteko memoria bat erantsiko da, baita aurreikusten diren ordutegiak ere.
Lagatzeko erabakia hartu eta berehala, entitate onuradunak hilabeteko epea izanen du jarduera eta zerbitzuen proiektua berresteko, Udaleko behar den organoak erabakia hartu duen urterako. Urte/ikasturte bakoitzaren hasieran elkarte esleipen hartzaileak memoria berri bat aurkeztuko dio Udalari.
Udalean eskumena duen organoak eskaera bakoitza aztertuko du, eta, ekipamenduen eskuragarritasunaren arabera, egoki diren lagapenak onetsiko ditu.
5. artikulua. Lagapena.
Erabilera lagatzeko erabakian zehatz adieraziko da zertarako erabiliko diren ondasunak, eta egokitzat jotzen diren baldintza, muga eta berme guztiak ezarriko dira. Horietakoren bat hausteak ondasuna erabiltzeko lagapena galtzea ekarriko du. Arau orokor gisa, erabilera urtebeterako lagako da eta epea luzatu ahal izanen da gehienez ere 4 urtez. Epe hori iraganik, erabilera berriz laga ahal izanen da, elkarteak lehengo baldintzei eusten badie, baina lagapenaren baldintzak berrikusi eginen dira.
Ebazpenak espresuki aipatuko ditu Udalak elkarteari lankidetzaren gainean eskatzen dizkion konpromisoak, onura publikoko eta interes sozialeko helburuak betetzeko. Horiek bizilagunei on eginen diete, eta betetzen ez badira ondasunak berehalakoan itzuliko zaizkio Udalari.
Udalak ez ditu zuzentzen ezta onesten lagatako lokaletan egitekoak diren jarduerak. Elkarteek ez dute Udalarekin inolako mendekotasun harremanik, eta hark ez ditu bere gain hartuko, ez zuzenean ez subsidiarioki, lokalaren barnean gerta daitezkeen kalte material, pertsonal edo moralak.
Erabakiari ondasun higigarrien inbentarioa erantsiko zaio, horien erabilera ere lagatzen bada.
6. artikulua. Erabilerak.
Erabilera esklusiborako lagatzen diren tokiak bere eginkizun edo jardueretarako erabili ahal izanen ditu entitate onuradunak, estatutuetan ezarrita dituen helburuei jarraituz. Lagapen erabakian edo baimenean gai hori zehatzago arautu ahal izanen da, hala behar duten puntuetan.
Lokal bat entitate bakarrari lagatzen ahal zaio edo zenbaiti, parteka dezaten.
Zenbait entitatek partekatzen dituzten lokaletan, ados jarri beharko dute bakoitzak erabiltzen duen guneari buruz, eta Udalak zehaztuko du, adostasunik ez badago, zein diren zentro bakoitzean guztiek erabiltzeko tokiak eta zertarako eta nola erabil daitezkeen.
7. artikulua. Mantentze-lanak.
Elkarteek behar bezala zaindu behar dituzte erabilera esklusiboko tokiak, erabilera orokorrekoak eta higiezin osoa, baita altzariak ere. Elkartekide edo erabiltzaileek ekintzaz edo axolagabekeriaz eragiten dituzten kalteen erantzuleak elkarteak izanen dira, eta lehenbailehen konpondu beharko dituzte kalteak beren kontura, Udalari baimena eskatu eta gero. Atal hau ez da aplikatuko erabiliaren erabiliaz edo ustekabekoen ondorioz lokala hondatzen denean, entitate onuradunak errurik izan gabe.
Entitate onuradunen egitekoa izanen da lagatako ondasun higigarriak mantendu eta konpontzea. Garbitasuna eta ordena zainduko dituzte. Erabiltzen den egun bakoitzean, lokala garbitu eta higiezina eta barne elementuak txukunduko dituzte.
Elkarte batek bakarrik erabiltzeko lagatzen diren lokaletan, bere jarduerarako behar dituen argindarraren, uraren, gasaren eta berokuntzaren ordainketa desberdina izanen da hiru elkarte motarako:
a) Elkarte horiek non onuradunak ez diren elkartekoak eta ez duten kuotarik ordaintzen: kostua Udalak hartuko du bere gain.
b) Elkarte horiek non onuradunak elkartekideak berak diren eta kuotak ordaintzen dituzten: kostuaren %30 beren gain hartuko dute, eta gainerako %70 Udalak.
Aurreko ekitaldiko kontsumoaren gorabeheren arabera berrikusiko dira portzentaje horiek.
c) Lokalean jarduera ekonomikoa duten elkarteak: gastuen %100 hartuko dute beren gain.
Elkartearen kontura izaen dira garbiketa, telefono finkoa, haren alta eta ordainketa, baita behar diren baimenen tramitazioa ere.
Zenbait elkartek batera erabiltzen dituzten lokaletan, Udalak jarriko ditu hornidura horiek. Lokal partekatuen garbiketa elkarteen kargurakoa izanen da, eta txukun eta garbi egon daitezen zainduko dute, beste elkarte batzuek erabil ditzaten, salbu elkarte horiek non elkartekideak berak diren onuradunak eta kuotak pagatzen dituzten; kasu horretan horiek kostuen %30 beren gain hartuko dute, eta gainerako %70 Udalak hartuko du bere gain.
Erabilera lagatzea erabakita, behar diren giltzak utziko dira interesdunen eskutan, lokalak ireki eta ixteko; horiexek izanen dira haien zainketaren eta behar bezalako erabileraren erantzuleak. Ezin izanen ditu haren kopiak egin, salbu berariaz baimenduta, eta, nolanahi ere, Udalari itzuli beharko zaizkio eraikinen eta lokalen erabilera bukatutakoan. Udalak eska dezake horretarako aldez aurretik fidantza jartzea.
Beriaingo Udalak errekerimendu egiten dionean alde batera utzi beharko du elkarteak, denbora baterako, lokalean egiten duen jarduera, beharrezkoa ikusten bada Udalaren ekitaldiak egiteko edo beharturik eta nahitaez egin behar direnak egiteko. Hala izanez gero, elkarteak ezin hobeki ordenaturik utzi beharko du lokala, eta Udalaren jarduera egitea trabatzen duen deusik gabe, Udalak horretarako igortzen dion adierazpenean zehazten den epearen barnean.
8. artikulua. Ordutegiak.
Banakako erabilerarako areto baten elkarte onuradunek irekiera eta itxiera ordutegia libreki aukeratuko dute, betiere indarrean dagoen araudiarekin bateragarria bada. Nolanahi ere, azken kontuari dagokionez, hartzen den lagapen erabakian irekitzeko bestelako ordutegi bat zehazten ahalko da, segun elkarteari edo taldeari lagatzeko bidea ematen duten jarduerak nolakoak diren.
Nolanahi ere, beranduenera astegunetan 22:00etan itxiko da eta asteburuetan 24:00etan.
Lokalak erabiltzen dituzten orduetan ez diete eragozpenik sortuko auzokoei eta ez dute inguruko lasaitasuna hautsiko. Horretarako, indarra duen araudian ezarritako neurriak hartuko dituzte.
9. artikulua. Jarduera baimendu gabeak.
Lagatako lokalaren barnean, elkartearen autonomia ukatu gabe, ezin izanen da pertsonen berdintasunaren printzipioen aurkako jarduerarik egin. Horregatik, debeku dira indarkeriazko ekintzak, edo pertsonen duintasunaren kontrakoak, edo arraza, sexua, erlijioa, pentsaera, sexu joera eta gainerako inguruabar pertsonal edo sozialak direla-eta gizabanako edo taldeei bereizkeria egitea.
Debeku da lagatzeko erabakien bidez jasotzen diren lokalak elkartearen estatutuetan ageri ez diren jarduera ekonomikoetarako erabiltzea, bereziki jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri edo arriskutsuetarako.
Lokal guztietan Larrialdi eta Suteetarako Plana eduki behar da. Udalak eginen du, kasuan kasuko elkartearekin lankidetzan.
10. artikulua. Obrak.
Beriaingo Udalak aldez aurretik baimena eman ezean, entitate onuradunek ezin izanen dute inolako obra edo jarduketarik egin erabilera esklusiborako lagatako tokian, ez ondasun higigarrietan, ezta, oro har, higiezin osoan ere.
Obra edo jarduketak ondasun higiezinaren mesedetan eginen dira eta haiengatik ez da inolako kalte-ordain edo konpentsazio ekonomikorik jasoko.
Artikulu honetako 1. idatz-zatian xedatua urratzen bada, Udalak lokalaren erabilera elkarteari lagatzeko erabakia ezeztatu ahal izanen du, edota ondasuna lehengoratzeko agindu, eta elkarteak ez du eskubiderik izanen kalte-ordain edo konpentsazio ekonomikorik biltzeko. Erabiltzaileak egin ezean, haren ordez Udalak egin ahal izanen ditu lehengoratze obrak eta entitateak ordaindu beharko du kostua. Ondasuna lehengoratzerik ez badago, hondatuko litzatekeelako, kalteen eragileak kalte-ordaina eman beharko du.
11. artikulua. Erantzukizun zibila.
Entitate bakoitzak zuzenean erantzun beharko du berari lagatako tokietan bere kide eta erabiltzaileek ekintzaz edo omisioz, doloz edo zabarkeriaz hirugarrenei eragiten dizkieten kalte eta galerengatik. Udala ere hirugarrena izanen da.
Entitate bakoitzak aseguru poliza bat eduki beharko du, erantzukizun zibilerako eta higiezinean eragin litezkeen kalteetarako. Erabilera lagatzeko erabakian zehaztuko da polizak gutxienez zenbateko balioa aseguratu behar duen, kontuan izanik lokalaren erabilera, elkartekideen kopurua, higiezinaren balioa eta beste alderdi objektibo batzuk.
Aurrekoa gorabehera, entitate lagapen-hartzaileak akordioak egin ditzakete baterako aseguru poliza sinatzeko, aipatutako arriskuak estaltzeko. Udalak eraikinaren gaineko asegurua du, eta hartan jasotzen da hari egiten ahal zaizkion kalteen erantzukizun zibila.
Elkarteek, berriz, berea duten edukia aseguratuko dute, beren material eta ondasunak bermatzeko, beharrezkotzat jotzen badute. Edukiaren gaineko asegururik ez bada, Udalak ez du bere gain hartuko harekin gertatzen ahal den galera, ebasketa edo kalterik.
Elkarteen erantzun zibileko asegurua Udalarenaren osagarria izanen da. Elkarteek ordainagaria erakutsi beharko dio Udalari.
Elkarte onuradunak behar bezala frogatu beharko du aseguru poliza ordaindu duela. Beriaingo Udalaren zerbitzu teknikoek noiznahi eskatzen ahalko dizkiote ordainagiriak.
Udalak fidantza eskatu ahal izanen du, legez onartzen diren moduetako edozeinen bidez, 14. artikuluan erabileraren gainean ematen diren arau orokorrak ez betetzeagatik. Udalaren eraikin, lokal eta instalazioak behar bezala erabiltzeko eta lagapenaren aitzin zeuden horretara lehengoratzeko betebeharrei erantzuteko izanen da fidantza.
Halaber, lagatako eraikin, lokal eta instalazioetan kalte-galerarik eragin bada, erabiltzaileek ordaindu beharko dituzten kalte-ordainen berme izanen da delako fidantza. Horretaz gain, ordenantza honen aplikazioaren ondorioz ezartzen diren zehapenak ordaintzeko erabiltzen ahalko da. Fidantzaren zenbatekoa espazioa edo aretoaren erabilera lagatzeko erabakian zehaztuko da, aplikatu behar den araudiari jarraituz.
12. artikulua. Elkarte eta entitateen betebeharrak.
Herritarren elkarte eta entitate guztiek ordenantza honetako arau orokorrak bete behar dituzte, eta zehazki:
a) Lagatzeko erabakian ezarritako ordutegiak edo Beriaingo Udalak baimentzen dizkienak begiratu behar dituzte.
b) Lagatako tokia beren xedeetarako erabili behar dute eta, beraz, beren jarduera programa betetzeko, eta lagapen erabakian ezartzen edo Udalak baimentzen dituen helburuetarako.
c) Lokalean ez dute inola ere hirugarrenen publizitate komertzialik eginen, Udalaren baimena izan ezean. Publizitatetzat joko da zerbitzu eta/edo ondasun higigarri nahiz higiezinen salerosketa edo kontratazioa zuzenean edo zeharka eragin edo sustatzea xede duen komunikazio mota oro.
d) Lokala erabiltzen duten beste entitate edo elkarteei esleitutako tokiak errespetatu behar dituzte, haien jardueretan trabarik egin gabe.
e) Guztiek erabiltzeko tokien helburua eta xedea errespetatu beharko dituzte.
f) Lokalak erabiltzen dituzten orduetan ez diete eragozpenik sortuko auzokoei eta ez dute inguruko lasaitasuna hautsiko. Horretarako, indarra duen araudian ezarritako neurriak hartuko dituzte.
g) Erabiltzeko lagatzen zaizkien tokiak egoera onean edukiko dituzte osasungarritasun eta higienearen aldetik.
h) Lokaleko giltzak zainduko dituzte eta zentroa itxiko dute, erabiltzen azkenak badira, salbu eta lagapen erabakian besterik xedatzen denean. Gainera, lagatako tokiak behar bezala erabil daitezen begiratuko dute, erabiltzaileak zainduz eta kontrolatuz.
i) Esleitu zaien tokiaren erabilera ez diote inori lagako ez osorik ez zati batean, elkarteko kidea izan ala ez.
j) Jendearendako zabalik dauden lokaletan, funtzionamendu orduetan, ez diote inori sarrera galaraziko bere arrazagatik, sexuagatik, erlijioagatik, iritziagatik, sexu joeragatik edo beste edozein egoera edo inguruabar pertsonal nahiz sozialengatik.
k) Gertatzen diren goiti-beheiti edo arazoen berri emanen diote Beriaingo Udalari, eta larrialdien kasuan, berehalakoan.
l) Erabilera lagatzeko erabakia iraungi edo ezeztatuz gero, tokiak eta ondasunak Beriaingo Udalari itzuliko dizkiote lehengo hartan, erabileraren ondoriozko higadura salbu.
m) Une oro Udalari jarraipen eta ikuskapen ahalmena erabiltzen utziko diote, begiratu ahal izateko ea betetzen diren ordenantza hau, indarra duten arauak eta erabilera lagatzeko edo baimentzeko erabakia. Leku guztietara sartzen utziko diote eta eskatzen dituen informazioa eta agiriak emanen dizkiote. Udala betiere sartzen ahalko da lokalean, berehala gertatzear dagoen kalte edo traba larria eragotzi beharrez, elkarteko zuzendari edo ordezkari batek lagundurik.
n) Argindarra, ura, gasa eta berokuntza arduraz erabiltzea, kontu berezia izanik instalazioak ixtean.
13. artikulua. Betebeharrak betearazteko kontrolaren araubidea.
Lokalak erabiltzen dituzten entitateen arau-haustetzat joko dira:
a) Udalaren eraikin eta lokalak haren baimenik gabe okupatzea.
b) Baimena izanik okupaturiko lokal edo egoitza egunero garbitzeko lanak ez egitea, ordenantza honetan ezarri bezala.
c) Lokaletan, instalazioetan, ekipamenduetan eta erabilitako lokaletako gainerako ondasun higigarrietan kalteak egitea.
d) Alkatearen baimenik gabe, erabilitako eraikin edo lokaletan sartzeko giltzen kopiak egitea.
e) Erabili diren eraikin eta lokaletatik behin betikoz alde egiten denean giltzak berehala ez itzultzea.
f) Beste edozein arau-hauste, ordenantza honen kontra.
14. artikulua. Arau-hausteak.
Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.
Arau-hauste arinak aitzineko artikuluko b, e eta f letretan agertu dira.
Arau-hauste larriak aitzineko artikuluko c eta d letretan agertu dira.
Arau-hauste oso larriak aitzineko artikuluko a letran agertu dira.
15. artikulua. Zehapenak.
Arau-hausteak honela zehatuko dira:
a) Arinengatik, 50 eurotik 250 eurora bitarteko isuna.
b) Larriengatik, 251 eurotik 500 eurora bitarteko isuna.
c) Oso larriengatik, 501etik 1.000 eurora bitarteko isuna.
Udalean egoki den organoa izanen da zehapen horiek ezartzeko organo eskuduna.
Zehapena ezartzeaz gainera kalte-galeren ordaina eskatuko da, bidezkoa denean.
Arestian aipatu erantzukizun eta zehapenak, nork bere borondatez ordaindu ezean, dagokien fidantza betearaziz gauzatuko dira eta, bestela, premiamendu bidez.
16. artikulua. Ikuskapen ahalmena.
Lagatako lokalak noiznahi ikuskatzeko ahalmena du Beriaingo Udalak. Ikuskapenaren ondorioz, entitate onuradunaren ez betetze larri edo oso larriren bat agerian gelditzen bada, Udalak zilegi izanen du arauak betetzeko eskatzea edo lokalak erabiltzeko lagapena edo baimena ezeztatzea.
Entitate edo herritarrek arrazoizko eskaera egin ondoan, lagatako lokala unean uneko jardueretarako erabiltzeko baimena ematen ahalko du, lagapena hartzen duen elkarte edo taldearekin adostu ondoan, eta, betiere, erabilera lagatzeko erabakiaren onuradun den elkarte edo taldeak programaturiko jarduerak errespetatzen badira.
Unean uneko jardueretarako baimenak emateko epea ez da astebete baino luzeagoa izanen.
Aldi baterako erabilerak dirauen bitartean, unean-unean baimen hori dutenena izanen da lokalaren erabilera eta zainketaren gaineko erantzukizuna.
17. artikulua. Udalaren betebeharrak.
Beriaingo Udalak betebehar hauek ditu:
a) Ordenantza honetatik eta indarra duen legeditik sortzen direnak.
b) Beriaingo Udalari dagozkio egiturazko mantentze-lanak, hau da, eraikinaren egitura, fatxadak eta estalkiak eta kanpoaldeko zerbitzu-harguneak mantentzeko konponketak eta berrikuntzak, baldin eta lokalaren erabilera arrunt eta ohikoaren ondoriozkoak badira.
18. artikulua. Erabileraren lagapena iraungitzeko arrazoiak.
Udalak prekarioan lagako ditu ordenantza honen xede diren lokalak. Udaleko organo egokiak erabaki arrazoitua hartzen duenean amaituko da prekarioko lagapena. Udalak entitate onuradunari hilabeteko epea emanen dio lokala itzultzeko, behar den errekerimendua eginez.
Lagatzeko erabakia arrazoi hauengatik iraungi daiteke:
a) Hasieran ezarritako epea edo horren luzapenak amaitu direlako.
b) Alderdiak ados jarri direlako.
c) Entitateak uko egiten dielako lagatako lokalei, edo ez dituelako benetan erabiltzen.
d) Lagapen erabakian onartu ez diren edo ordenantza honekin bat ez datozen jarduerak, zerbitzuak edo bestelakoak egiten direlako, etengabe edo horiek bakarrik, bereziki partikularrei irabaziak dakarzkieten jarduera ekonomikoak.
e) Entitatea desegin delako.
f) Lokalaren beharra dagoelako, behar adina arrazoituta, beste zerbitzu publiko batzuk egiteko.
g) Betiere, ordenantza honen 14. artikuluko arau-hauste oso larri bat, bi arau-hauste larri edo hiru arau-hauste arin egiteagatik.
Arrazoi horietako batengatik erabileraren lagapena iraungitzen denean, entitate edo elkarteak ez du eskubiderik izanen inolako kalte-ordain edo konpentsazio ekonomikorik biltzeko.
Erabilera lagatzeko erabakia suntsitu edo iraungi ondotik, elkarteak 10 egun naturaleko epea izanen du Beriaingo Udalari itzultzeko lagatako tokia eta ondasunak. Hala egin ezean, atzerapenak ekar ditzakeen kalte-galeren erantzulea izanen da.
XEDAPEN IRAGANKORRAK
Lehenbizikoa.–Ordenantza hau onestean Udalaren lokal, eraikin edo instalazioak erabiltzen ari diren entitateek, unean uneko edo behin-behineko beharretarako ez badira edo, dagokion baldintza orria eta guzti, baimen espresa ez badute, erabiltzen ari diren lokalaren erabilera lagatzeko eskabide berria aurkeztu beharko dute 2 hilabeteko epean, ordenantza honek indarra hartzen duenetik hasita; gero, ezarritako prozedurari jarraituko zaio.
Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartzen duenean udal lokal bat Osoko Bilkuraren erabakiz lagata duten entitateek, aipatutako erabaki horri jarraituko diote, harik eta erabaki horretako epea bukatzen den arte.
Hirugarrena.–Irabazi asmoa duten entitateei udal lokalak lagatzen zaizkie gaur egun. Bada, lokal horien erabilera erregularizatzeko, behar den alokairu kontratua eginen da.
Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunean hartuko du indarra, eta indarrean egonen da harik eta berariaz aldatzen edo indargabetzen den arte.
ERANSKINA
Laga daitezkeen lokalak
LOKALA | ARETOA | ERABILERA | |
Kultur etxea | Kultur etxea | DP SP | Partziala |
Ikastetxea | Eskolako gimnasioa | DP SP | Osorik |
Liburutegi zaharra | Liburutegi zaharra | PAT | Osorik |
Kontsultategi zaharra | 1. gela | PAT | Partziala |
Kontsultategi zaharra | 2. gela | PAT | Partziala |
Kontsultategi zaharra | 3. gela | PAT | Partziala |
Sierra del Perdóneko etxabea | Areto handia | PAT | Partziala |
Kiroldegia | Kiroldegiko pista | DP SP | Partziala |
Sierra del Perdóneko etxabea | Gela txikia | PAT | Osorik |
Kultur etxea | Xakerako gela (sotoa) | DP SP | Partziala |
Udala | Jarduera aretoa | DP SP | Partziala |
Gazteen zentroa | Gazteen zentroa | DP SP | Partziala |
Kultur Etxea | Ambigú aretoa | DP SP | Partziala |
Gazteen zentroa | Gazteen zentroko biltegia | DP SP | Partziala |
Kiroldegia | Kiroldegia. Dantza aretoa | DP SP | Partziala |
Erretiratuen elkartea | Kasinoa | PAT | Osoa |
Odón Sagüéseko etxabea | Odón Sagüéseko etxabea | PAT | Osorik |
Ikastetxea | Eskualdeko ikastetxeko lokala | DP SP | Osorik |
Nabea | DP SP | Aldian behin lagatzea | |
Morea baltsa | PAT | Etengabeko lagapena | |
Morea kaleko 1eko etxebizitza | PAT |
Urteko edo urte anitzeko hitzarmenaren bidez lagako dira ondareko lokalak. Horietan, egoki diren ordainak ezarriko dira.
Udalaren lokalak erabiltzeagatiko tasen ordenantza fiskalaren arabera eginen dira zerbitzu publikoa emateko lokalen lagapenak.
Iragarkiaren kodea: L1609995
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
