181. ALDIZKARIA - 2016ko irailaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANTSOAIN

Udaleko Kirol Zerbitzuaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko erregelamendua. Behin betiko onespena

Antsoaingo Udalak, 2016ko ekainaren 29an egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Udaleko Kirol Zerbitzuaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko Erregelamendua.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatuari jarraikiz, onespena jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean, iragarkia 2016ko 141. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, uztailaren 21ean, interesdunek espedientea aztertu eta erreklamazio, kexa edo oharrak aurkez zitzaten.

Jendaurreko epea inork alegaziorik egin gabe iraganik, Erregelamendua behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Antsoainen, 2016ko abuztuaren 30ean.–Alkatea, Ander Andoni Oroz Casimiro.

ANTSOAINGO UDALEKO KIROL ZERBITZUAREN ANTOLAMENDUARI ETA FUNTZIONAMENDUARI BURUZKO ERREGELAMENDUA

Aurrekariak

Kirola eta kultura sustatzeko Gazte Berriak izeneko patronatua 1985eko urriaren 11n jaio zen, eta hauek zituen helburu:

Funtsezko xedea zen kirola sustatzea eta kirol eskolak sortzea (kiroletarako hastapena), “denendako kirola” eta Kontzejuko (hala baitzen orduan) herritarren gorputz hezkuntza garatzea, baita amateur mailako kirol jarduerak garatzea ere.

Mota guztietako kirol instalazioak sustatzea eta kontzejuak zituenak zaindu, konpondu eta administratzea.

Erraztasunak ematea Kontzejuaren kirol instalazioak lehentasunez erabil daitezen irabazi asmorik gabekotzat eta aisialdikotzat jo daitezkeen xedeetarako –heziketarako eta aisialdirako izateagatik joko dira halakotzat–; hortaz, erabiltzaileek egiten dituzten ekarpenak –estatutu honetan ezar daitezkeenak– mantentze-lanetarako kuotak izanen dira, eta ez erabileragatiko kuotak.

Beste instalazio publiko edo pribatu batzuek izan dezaketen erabilera kudeatzea, patronatuaren xedeak betetzeko.

Ezartzen diren helburuei erantzuteko behar diren teknikariak kontratatzea.

Urteetan, xede hura izan zuen haren lanak; baina Antsoaingo Kontzejua udal bihurturik, 1991n, patronatua bere sortze-helburuen ahalmena galtzen hasi zen pixkanaka, bere langileak galdu zituen, Udaleko plantilla organikoko parte izatera igaro ziren, eta aurrekontua kudeatzeari utzi zion, aurrekontua osorik sartu baitzen Antsoaingo Udaleko aurrekontu orokorretan; bestalde, kulturaren sustapenari dagokionez, Kulturaren eta Festen parte-hartze Batzordeak aldi berean egiten duen lanarengatik, programak galduz joan zen, harik eta euskal dantzen programarekin bakarrik gelditu zen arte.

1995eko azaroaren 30ean, Patronatuko Batzordeak, ikusirik Toki Ogasunei buruzko Lege berriaren ezarpenak ekartzen zituen legezko exijentziak, aztertu zuen patronatuak jarraitu ahal izatea udal kirol zerbitzuaren organo kudeatzaile gisa –berez Gazte Berriak patronatuari dagokio Udalaren kirol batzorde baten bidez–, eta erabaki zuen gaia Udalari igortzea, behin betiko onets zezan.

Tokiko araubideak Udalaren esku uzten ditu, besteak beste, kirol jardueren eta instalazioen arloarekin lotutako era guztietako jarduerak eta zerbitzuak sustatzeko eskumena.

Gizarteak gero eta interes handiagoa du kirola praktikatzeko, eta, beraz, beharrezkoa da jarduera publikoa arlo horretan. Horregatik, nahitaezkoa da oinarri batzuk ezartzea eta arautzea Udala kirol jardueren eta instalazioen arloan aritzeko, baita bide batzuk ezartzea ere, bermatzeko herritarrek egiaz parte hartuko dutela zerbitzu publiko hau antolatzen, kudeatzen eta ematen.

Horiek kontuan hartuta, Antsoaingo Udalak, indarreko legeriak ematen dizkion eskudantziak erabiliz (Kirolari buruzko urriaren 15eko 10/1990 Legea eta Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legea), erregelamendu hau eman du, helburu duena Udalaren Kirol Zerbitzuaren funtzionamendua arautzea, langileen eta materialen antolamendu gisa, Udalaren eskumenak kudeatzeko eta gauzatzeko Udalaren Kirol Zerbitzuaren kirol jardueren eremuan, Udalaren Kirol Zerbitzuaren erregelamendu honetan garatutako arauei jarraikiz:

1. artikulua. Kirol eta Gazteriako Batzordearen menpeko Udalaren Kirol Zerbitzua organo aholku-emailea izanen da, sostengua ematen duena Udalaren langileak eta materialak antolatzeko Udalaren eskumenak kudeatzeko eta gauzatzeko, kirol jardueren eta instalazioen arloan.

Udalaren Kirol Zerbitzuaren funtsezko xedea da herriko biztanleen gorputz-kultura garatzea kirol jarduerak eta praktikak sustatuz, herriko kirol instalazioen erabilera optimizatzea, eta herritarren parte-hartzea sustatzea Udalaren kirol politikan, honako helburu hauek lortzeko konpromisoaren bidez:

Helburuak:

a) Udalak egin beharreko kirol jardueren programazio zehatza.

b) Herritar guztiek Udalaren kirol instalazioak erabil ditzatela sustatzea eta erraztea.

c) Kirol instalazioak eta haien ekipamenduak egoera onean daudela zaintzea, eta horiek kudeatzea eta administratzea.

d) Udal mugapean edo Udalaren eragineko zonan dauden eta Udalarenak ez diren kirol instalazioak, publikoak nahiz pribatuak, erabiltzeko aukera kudeatzea, Zerbitzuaren helburuak hobeki betetzeko.

e) Antsoaingo Udalak eskaintzen dituen kirol diziplina guztietarako elkargune eta bateratzaile izatea, bai zuzenean, bai harekin hitzartutako kirol entitateen bidez, edo kirol jarduerarako udalaren titulartasuneko instalazioak erabiltzen dituzten kirol entitateen bidez.

2. artikulua Erregelamendu honetan eta hau aplikatzeko eta garatzeko xedapenetan ezarritakoaren arabera funtzionatuko du Udalaren Kirol Zerbitzuak. Zerbitzu honen iraupena mugagabea da; betiere Udaleko osoko bilkurak desegitea erabaki dezake, egoki juzgatzen duenean. Hala gertatzen bada osoko bilkurak ordeztuko du.

3. artikulua. Udalaren beraren bulegoetan eratzen da Udalaren Kirol Zerbitzuaren helbidea.

4. artikulua. Zerbitzuaren gobernua eta administrazioa:

Gobernua eta zuzendaritza Udalaren Kirol Zerbitzuaren Batzordearen esku egonen da. Honako hauek osatuko dute:

a) Udaleko alkatea edo hark eskuordetzen duen zinegotzia izanen da Zerbitzuko burua.

b) Osoko Bilkurak izendatuko ditu zinegotzi-kideak, Osoko Bilkuraren eskumenekoak diren gainerako informazio batzordeetako proportzio eta kopuru berean izendatu ere, horiek legegintzaldi bakoitzean zehaztuko baitira.

–Gurasoen elkarteko kide bat, elkarteak berak izendatua.

–Antsoaingo ikastetxe publikoko irakasleen klaustroko kide bat, klaustroko kideek hautatua.

–Kirol entitate bakoitzeko kide-ordezkari bat, Udalarekin duen harremana hitzarmen bidez arautua dagoenean. Entitateak berak izendatuko du.

–Kirol entitate bakoitzeko kide-ordezkari bat, Udalarekin duen harremana hitzarmen bidez arautua ez egonik ere udal titulartasuneko instalazioak erabiltzen dituztenean, eskaintzen duten kirol jarduera garatzeko. Entitateak berak izendatuko du.

–Kirol Zerbitzuaren beraren jardueren kide-ordezkari bat.

Idazkaria: Udalaren kirol teknikaria.

5. artikulua. Udalaren Kirol Zerbitzuaren Batzordearen eginkizunak:

Funtzionamendurako arauak onestea Udalaren Kirol Zerbitzuaren Batzorderako.

Urtero zerbitzuaren helburuak zehaztea eta garatu beharreko jardueren programa prestatzea, dagokion zenbateko ekonomikoarekin batera.

Urtero onetsitako jardueren programa nola gauzatzen den begiratzea.

Bere jarduketa eremuaren barnean, erregelamendu honen 1. artikuluan xedatutakoa garatzen eta betetzen dela zaintzea.

Zerbitzuak egoki funtzionatzeko berrikuntzak, jarduerak eta bestelako ekimenak aztertu eta proposatzea.

6. artikulua. Udalaren Kirol Zerbitzuaren Batzordeko kideen agintaldiak honenbeste iraunen du:

Udaleko alkatearen edo hark eskuordetzen duen zinegotziaren eta udal ordezkarien agintaldia amaituko da udal legegintzaldiarekin batera; dena dela, Udaleko osoko bilkurak izendapena edozein unetan baliogabetzen ahalko du, hala erabakitzen badu.

Gainerako kideen agintaldiaren iraupena ordezkatzen dituzten erakundeek erabakiko dute, eta horiek ere izendapena edozein momentutan baliogabetzen ahalko dute. Izendapena baliogabetzen bada, erabakia igorriko zaio Udalaren Kirol Zerbitzuaren Batzordeko buruari.

7. artikulua. Kideek kargua uztea:

Kirolaren Kontseilu Aholku-emaileko kideek honakoetan utziko dute kargua:

1.–Haiek izendatu dituen Udalbatzaren agintaldia bukatutakoan, edo zinegotzi kargua utzitakoan.

2.–Norberak eskatuta, noiznahi ere, Udalaren Kirol Zerbitzuaren Batzordeari eskaera adierazitakoan.

3.–Heriotzagatik, edo normal jardutea eragozten duen desgaitasun fisiko edo psikikoagatik.

4.–Tokiko entitateetako kideen kasuan, izendapena zer entitate edo talderen bidez egin zen, hura utzitakoan.

8. artikulua. Bileren araubidea:

Udalaren Kirol Zerbitzuaren Batzordea gutxienez hiru hilean behin bilduko da bilkura arruntean.

Bilkura berezirako deia eginen da bozkatzeko eskubidea duten kideen herenak eskatzen duenean, edo Batzarreko buruak egoki juzgatzen duenean.

Lehenbiziko kasuan, Batzarreko buruak gehienez ere hamabost eguneko epea izanen du bilkura berezi hori deitzeko eta gai-zerrendan bilkura berezia eskatu dutenek proposatutako gaiak baino ez dira agertuko.

9. artikulua. Erabakiak:

Erabakiak hartuko dira bozkatzeko eskubidea duten bertaratutako kideen gehiengoarekin.

Udalaren Kirol Zerbitzuaren Batzordea eratutzat joko da, bai bilkura arruntean bai berezian eta lehenbiziko deialdian, bozkatzeko eskubidea duten kideen erdia baino gehiago agertzen bada. Bigarren deialdian eratutzat joko da edozein delarik ere bertaratutako kideen kopurua, betiere Batzarreko buruaz gain bozkatzeko eskubidea duten kideen herena bertan bada.

10. artikulua. Kideen eginkizunak:

Buruak eginkizun hauek izanen ditu:

–Ordezkari izatea eta ahalmenak emateko eskumena izatea.

–Bilkurak deitu eta haien buru izatea.

Batzordekideen eginkizunak dira:

–Eguneroko lanean aktiboki parte hartzea, eta deitutako bilkuretara joatea.

Idazkariak eginkizun hauek izanen ditu:

–Behar bezala deitzen diren bilkuretan parte hartu eta haien aktak egitea.

–Hartutako erabakiak tramitatu eta betetzen direla zaintzea.

–Aholku ematea bere lanarekin zerikusia duten kontuetan.

–Espedienteak eta artxiboko agiriak zaintzea.

11. artikulua. Zerbitzuak, urtero, lanerako plana prestatuko du, ekonomikoki baloratua. Antsoaingo Udalari igorriko dio, hark aurrekontu arruntak onetsi baino lehen. Horretaz gain, memoria bat eginen du, ikasturtean egiten diren jardueren kudeaketa operatiboa eta ekonomikoa azaltzeko, adieraziz zenbat parte-hartzaile izan diren, zer diru-sarrera eta gastu eragin dituzten, eta programekin zerikusia duten gorabeherak azalduz.

Udaletik bertatik datozen bitartekoez gain, Udalaren Kirol Zerbitzuak beste erakunde publiko batzuen laguntzak eta diru-laguntzak ere jasotzen ahalko ditu.

12. artikulua. Udalaren Kirol Zerbitzuak ez du irabazi asmorik eta bere eskumenen artean du egoki juzgatzen dituen beste erakunde batzuei diru-laguntzak eta bestelako laguntzak eskatzeko ahalmena.

AZKEN XEDAPENA

Zerbitzua desegiten ahalko da Udalaren Kirol Zerbitzuaren Batzordeak eskatuta, edo Udaleko Osoko Bilkurak eskatuta, betiere legezko kideen gehiengo osoak hala erabakitzen badu, bi kasuetan.

Desegiten denean, atxikita dituen ondasunak galduko ditu eta Udalak bere eskura izanen ditu erabat.

Iragarkiaren kodea: L1609934