2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
OLTZA ZENDEA
Etxegabetze egoeren aurrean jarduteko protokoloa. Behin betiko onespena
Oltza Zendeako Udalak, 2016ko ekainaren 30ean egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Etxegabetze egoeren aurrean Oltza Zendeako Udalak izanen duen jardunaren protokoloa. Iragarkia 2016ko 143. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, uztailaren 26an.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurreko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, protokolo hori behin betiko onetsi eta testu osoa ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.
Oltza Zendean, 2016ko irailaren 2an.–Alkatea, Moisés Garjón Villanueva.
ETXEGABETZE EGOEREN AURREAN OLTZA ZENDEAKO UDALAK IZANEN DUEN JARDUNAREN PROTOKOLOA
Atarikoa
Oltza Zendeako Udalak, agiri honen bidez, protokolo bat egin nahi du, gure herrian ohiko etxebizitzarik gabe gelditzeko egoeren arazoei erantzuteko.
Ekimen honen abiapuntuan dago herritar guztiek etxebizitza izateko eskubidea dutela aintzat hartzea, gaurko legeriak hala jasotzen baitu.
Laburbilduz, protokolo bat sortu nahi da, etxegabetzeek ukitutako pertsonei laguntza eta konponbideak emateko.
Kontuan harturik egungo testuingurua eta indarreko legeria, protokolo honen bidez, ahalegina eginen da eskura dauden bitartekoekin, bai Udalaren bitartekoekin bai kanpokoekin, jardute prozedura egoki bat ezartzeko, erdietsi nahi den helbururako egokia.
Jarduteko protokolo hau aplikatzekoa izanen da ohiko etxebizitza galtzeko kasuetan, ustekabeko egoera ekonomikoaren ondoriozkoetan.
2007. urteko urritik, azkeneko krisi ekonomikoarengatik, herritar sektore zabalak pobretzeko prozesua izan da. Pobretze hori bereziki gogorra izaten ari da Estatu espainiarrean, eta, horren ondorioz, maiz, familiak ez dira gai mailegu hipotekarioen kuotak ordaintzeko, eta azkenik, etxerik gabe gelditzen dira.
Gainera, etxebizitzei esleitutako balioa gehienetan emandako kredituak baino txikiagoak zirenez, gerta daiteke zor bizi ezin ordainduzkoa gelditzea, eta, horrek, maiz, zailtasun larriak ekartzen ditu, baita bazterketa soziala ere.
Aurrekoaz gain, kontuan hartu behar da gero eta jende gehiagok zailtasunak izaten dituela etxebizitzaren alokairu gastuak ordaintzeko.
Izan ere, Nafarroan 2015eko urtarrilaren eta ekainaren artean betearazitako etxegabetzeen erdiak izan dira Hiri Errentamenduei buruzko Legeak araututako prozeduren ondoriozkoak.
Oraindik ere indarrean den 78. urteko araubideko Espainiako Konstituzioaren 47. artikuluak dio (Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 25. artikuluarekin bat, baita Ekonomia-, gizarte- eta kultura-eskubideen Nazioarteko Itunaren 11. artikuluarekin bat ere) ezen denek dugula etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea, eta botere publikoak beharturik daudela beharrezkoak diren bideak jartzeko, eskubide hori gauzatzeko.
Politika sozial eta ekonomikoaren “printzipio gidari” deitutakoen barnean dago 47. artikulua, eta horiek ez dute funtsezko zuzenbidearen kategoria (hortaz, ezin eskatu da, haien defentsarako, Konstituzio Auzitegiaren babesa), baina, bestalde, 47. artikulu horretatik beste eskubide batzuk eratortzen dira, funtsezko zuzenbide badirenak.
Etxegabetzeak egiten hainbat urte ibili ondoren, aspalditik planteatzen den arazoetako bat da nola eman aterabidea higiezin eta finantza entitateen esku dauden etxebizitza hutsen kopuru izugarri handiari (batez ere laguntza eta diru-laguntza publikoak jaso badituzte), hainbat jende etxerik gabe dauden bitartean.
Etxegabetzeen aurrean Udalak duen jarrera orokorra
Herritarrek etxebizitza izateko duten eskubidea babesten dugu, eta, era berean, salatzen dugu gai honetan Espainiako Gobernuak eta bankuek duten jarrera.
Orobat, agintari eskudunei eskatzen zaie legeria alda dezatela, etxebizitza eskubidea egiaz zain dezaten, zeren, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren datuen arabera, Nafarroan, 2015eko lehenbiziko seihilekoan, 256 kaleratze izan ziren, hots, 2014ko lehenbiziko seihilekoan baino %11,7 gehiago.
Horrenbestez, exijitzen dugu etxegabetze guztiak mugarik gabe eten daitezela eta legeria alda dadila, herritarren eskubideak defendatze aldera.
Erantzukizunak hobeki betetzeko, Oltza Zendeako Udalak banku entitateei eskatuko die berehalakoan eten ditzatela gure herrian sustatu dituzten ohiko etxebizitzen etxegabetze prozesu guztiak, oraindik martxan direnak.
Bazterketa egoeran dauden edo egoteko arriskuan dauden pertsonei berehalako arreta ematearen arloan udalerriei emandako eskumenak direla eta, ez udal honek ez Udalaren menpeko langileek ez dute bultzatuko ez parte hartuko fede oneko zordun baten etxegabetzean.
Fede oneko zordunen etxegabetze egoeren kontra jarduteko Oltza Zendeako Udalak duen borondatea, eta egoera horiek sufritzen dituzten familien beharrei estaldura ematekoa, agerian geldituko da ekimen zehatzen bidez, egoki diren udal zerbitzuek gauzatuko baitituzte, eta jarduketa protokoloek arautuko dute hori dena.
Hemen planteatutako prozedurak eta jarduketak aplikatuko dira bakar-bakarrik ohiko etxebizitzen kasuetan, betiere delako etxebizitza baldin bada etxegabetzeak kaltetutakoek jabetzan duten higiezin bakarra. Orobat, Oltza Zendean erroldaturik egon behar dute.
Ukitutako pertsonak eska dezake, halaber, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek esku har dezatela, Udalak bitartekari jardun beharrik gabe. Horretarako, hitzordua eskatu beharko du gizarte langilearekin, argudiatuz arreta beharrean dagoela.
Horren denaren aurrean, planteatzen dugu
1. Etxegabetze egoera bati aurre egiteko, nahitaezkoa da etxegabetzeak salatu eta haien kontra diharduten erakunde eta entitateek elkarrekin jardutea. Indarrak batzeko eta eraginkortasuna lortzeko, etengabea izanen da Udalaren eta entitateen arteko harremana.
2. Udala arreta emateko prest dago ohiko etxebizitzaren etxegabetzea sufritu dutenei edo sufritzeko arriskuan direnei. Udalak funtsezkotzat jotzen du kaltetutako pertsonaren beraren aldetik informazioa jasotzea, eta, hala, egoki diren neurriak aplikatzea.
–Horretarako izendatutako zinegotzia arduratuko da horretaz.
–Kaltetutakoen esku jartzen da telefono hau: 948 322 068. Orobat, harremanetarako, e-mail hau erabil daiteke: cendea@ayuntamientoolza.com.
–Hala eskatzen duten kaltetuen aurrean, Udalak konpromisoa hartzen du kudeaketa guztiak diskrezioz egiteko.
–Kaltetuek emandako informazio eta dokumentazio osoa konfidentzialtasun mailarik handienarekin tratatuko da, eta Udalak bakarrik erabiliko ditu, kaltetuak egindako eskaerarekin lotutako xedeetarako.
3. Ondoren planteatutako ekintza guztiak gauzatuko ditu Udalak, oinarrizko eskualdeko oinarrizko gizarte zerbitzuekin elkarlan estuan.
4. Etxegabetzea abiarazi duen finantza entitatearekin komunikazio bideak irekiko ditu Udalak, helburu hauekin:
–Etxegabetze prozedura berehalakoan gelditzea, mugagabeki.
–Kaltetuak izan ditzakeen proposamen guztiak bankuari igortzea.
–Banku entitateen aurrean bitartekaritza prozedura gauzatzea, hipoteka exekutatu aurrekoa. Horretarako, atal honetan ezartzen diren esku-hartzeak gauzatuko dira, helburu dutenak bitartekaritza bideak erraztea eta planteatzea, hipoteka ez ordaintzearen egoeretan, pertsona kaltetuaren eta banku entitatearen artean.
Horretarako, ezartzen da bitartekaritza batzorde bat sor dadila, honako hauek osatua: alkatea, gizarte zerbitzuen alorraren ardura duen zinegotzia eta Hipotekak Kaltetutakoen Plataformaren ordezkaritza.
Proposamena: Bitartekaritza batzordea: kaltetutako familiako kideak, propio izendatutako udal ordezkaria, eta adituak, kaltetutako familiak edo Udalak gonbidatuak.
Etxegabetze kasu batean jarduteko protokoloa
Etxegabetzeko agindu judiziala eman bada eta herritar batek etxebizitza utzi behar badu, eta behin etxegabetze arriskuan dagoen pertsona Udalarekin harremanetan jarri ondoren, Udalak izendatutako pertsona haren esanetara jarriko da, kasu hauetarako aurreikusitako udal zerbitzuak eskaintzeko, eta oinarrizko gizarte zerbitzuek esku hartzeko.
Erabil ditzakeen eta aurreikusita dauden zerbitzu eta baliabide publikoen informazioa emanen dio, eta horiek benetan erabiltzeko behar diren jarduketak eta kudeaketak eginen ditu, betiere etxegabetutako pertsonak beharkizunak betetzen baditu eta formalki eskatzen badu.
Fase honetan, udal zerbitzuek gutxienez kudeaketa eta baliabide hauek eskainiko dituzte:
–Udalak bitartekaritza lana egitea finantza entitatearekin, kontuan har dadin etxegabetutako familiari alokairua eskaintzea, hots, etxegabetzearen xede den etxebizitza alokairuan ematea, haren gaitasun ekonomikoarentzat egokia den errenta batekin.
–Udal aholkularitzaren zerbitzura bideratzea. Hark familiari laguntza emanen dio doako justizia kudeatzen eta, behar denean, defentsa judizialean, aurreikusitako moduan.
–Informazioa, jakiteko zer programa publiko dauden alokairuko etxebizitza publikoak eskuratzeko.
–Larrialdi sozialeko udal laguntza ekonomiko bat tramitatzea, etxebizitza baten alokairu gastuei erantzuteko, ahal dela herrian, uneoro indarrean den araudian ezarritako moduan.
–Larrialdi sozialeko udal laguntza ekonomiko bat tramitatzea, familiari behin-behinekoz ostatu emateko, gehienez ere bi asterako, udalerriko establezimendu batean, eta, hala, erraztasunak ematea kudeatzen ari den ostatu egonkorraren tramiteak egiteko.
Alokairua ez pagatzeagatik etxegabetzeko arriskuan daudenen kasuetan nola jardun
Ohiko etxebizitzaren alokairu errentak ordaintzeari utzi dioten maizterren kasuan, errentatzaileak demanda jarri badu ez ordaintzeagatik, eta prozedura judiziala edozein fasetan izanik ere, kaleratzea barne, Udalak kasu hauetan esku hartuko du:
–Maizterrak adierazten duenean errentatzaileak demanda jarri duela ohiko etxebizitzaren alokairuko errenta ez ordaintzeagatik.
–Epaitegiak kaleratzeko aginduaren komunikazioa igortzen duenean eta Udalak horren berri duenean.
Berehalakoan, izendatutako pertsona kaleratzear dagoen familiarekin harremanetan jarriko da, Udalaren esku-hartzea eskaintzeko, aholku emateko eta egoera hauetarako aurreikusitako zerbitzuak ere eskaintzeko.
–Kaleratzea gauzatzen denean, eta etxegabetutako pertsonak etxebizitza nahitaez utzi behar duenean, kaleratzea atzeratzeko aukerarik gabe, Udalak eskainiko dio Udalaren aholkularitza zerbitzuek eta oinarrizko gizarte zerbitzuek esku hartzea, orientazioa emateko eta egoera hauetarako aurreikusitako zerbitzuak eta prestazioak eskaintzeko.
–Etxegabetutako pertsonak oinarrizko gizarte zerbitzuen eskaintzari uko egiten badio, horri buruzko txosten bat idatziko dute, eta espedienteari erantsi, beste tramiterik gabe.
–Etxegabetutako pertsonak Udalaren gizarte zerbitzuen eskaintza onartzen badu, komunikaziotik ahalik lasterren elkarrizketa bat izanen dute pertsonarekin, non azalduko baitzaio aurreikusitako zer zerbitzu eta baliabide publiko erabil ditzakeen, eta behar diren jarduketa eta kudeaketak eginen dira horiek benetan eskuratzeko, betiere etxegabetutako pertsonak beharkizunak betetzen baditu eta formalki eskatzen badu.
Prozedura honetan, udal zerbitzuek gutxienez kudeaketa hauek eskainiko dituzte:
–Udalak bitartekaritza lana egitea errentatzailearekin, kontuan har dadin etxegabetutako familiari alokairua eskaintzea, hots, etxegabetzearen xede den etxebizitza alokairuan ematea, haren gaitasun ekonomikoarentzat egokia den errentaren bidez.
–Udal aholkularitzaren zerbitzura bideratzea. Hark orientazioa emanen dio honako honi buruz: doako justizia kudeatzea eta, behar denean, defentsa judiziala, aurreikusitako moduan.
–Informazioa, jakiteko zer programa publiko dauden alokairuko etxebizitza publikoak eskuratzeko.
–Larrialdiko udal laguntza ekonomiko bat tramitatzea, behin-behinekoz ostatu emateko, gehienez ere 15 egunerako, udalerriko establezimendu batean, eta, hala, erraztasunak ematea etxebizitza soziala eskatzeko edo beste konponbide bat lortzeko.
Udalak konpromisoa hartzen du etxegabetzeen ardura duten banku entitateekin komunikazio bideak ezartzeko, eta, batez ere, eskualdean ezarritako entitateekin (kasu honetan, La Caixa), gure udalerri honetan arazoak duen norainokoa jakiteko, eta elkarrekin konponbideak proposatzeko.
Udal honek ez du bultzatuko, eta ez du parte hartuko, inolako etxegabetze prozeduratan.
Udalak informazio hau, laguntza juridikoa eta behar den arreta emanen die etxegabetze bat sufritu duten herritar guztiei, horien etxebizitzarako eskubidea aitor dakien. Horretarako, konpromisoa hartzen du aholkularitza juridikoko zerbitzu bat ezartzeko. Zerbitzu honek, orobat, arreta emanen die gai honi buruz informazioa eskatzen duten guztiei, etxegabetzerik sufritu ez arren. Halaber, zerbitzu hau badela azaldu eta zabalduko du herritarren artean.
Udalak, irtenbide presako bat emateko eta alokairu soziala erreferentziatzat hartuz, honako hau bultzatuko du ohiko etxebizitza galdu duten guztiendako:
–Lankidetza Udalaren entitate publikoen eta autonomia erkidegoko Administrazioaren artean, azken hori baita eskudun etxebizitzaren arloan. NASUVINSA enpresa publikoa ere barne.
–Erantzukizunak eskatuko dizkie udalerrian etxebizitza hutsak dituzten banku eta higiezinen agentziei; proposatuko die etxebizitza horiek erabil daitezela, horiek merkatura atereaz, alokairu sozialeko etxebizitza gisa.
–Udalerrian etxegabetze prozedura gauzatzen den bakoitzean, Udalak konpromisoa hartzen du protesta ekintza publikoak egiteko, baldin pertsona kaltetuek onespena ematen badute.
Pertsonek nahiz familiek ezin izanen dute jaso prozedura honetan aurreikusitako esku-hartzerik, baldin kideetako edozeinek beste etxebizitzarik badu jabetzan, alokairuan edo usufruktuan.
Iragarkiaren kodea: L1610030