181. ALDIZKARIA - 2016ko irailaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

62/2016 FORU DEKRETUA, irailaren 7koa, apirilaren 27ko 162/1992 Foru Dekretua indargabetzen duena. Foru dekretu horren bidez Nafarroako Organo Emate eta Transplanteen Kontsulta Batzordea sortu zen.

Apirilaren 27ko 162/1992 Foru Dekretuaren bidez (1992ko maiatzaren 15eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua), Organo Emate eta Transplanteen Kontsulta Batzordea sortu zen, arlo horretan Osasun Departamentuari aholkuak emateko organo gisa.

Data horren ondotik zenbait aldaketa izan dira araudian. Horien artean aipatzekoa da transplantetarako diren giza organoen kalitate eta segurtasun arauei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren uztailaren 7ko 2010/53/EB Zuzentaraua onestea, baita abenduaren 28ko 1723/2012 Errege Dekretua ere, Espainiako legerian zuzentarau hori bildu duena.

Azken horrek ezartzen du autonomia erkidegoek transplanteen kalitaterako eta segurtasunerako esparru-programa garatu behar dutela, baita transplanteen autonomia-koordinaziorako unitateak eta Transplanteen Batzordea sortzea ere.

Denboraren joanak eta zenbait motatako aurrerapenek (zientifikoak, antolamendukoak eta arauetakoak eta produkziokoak) nahitaezko egiten dute araudi berria edukitzea, Nafarroan ehunen ematearen eta transplanteen koordinaziorako eta kalitaterako egiturak modu globalean definitzeko.

Horretarako, Osasuneko kontseilariaren uztailaren 28ko 61/2016 Foru Aginduaren bidez, xedapen orokor bat prestatzeko prozedura hasi da Nafarroako Foru Komunitateko organoen eta ehunen emateari eta transplanteei buruzko programaren koordinaziorako eta kalitaterako egiturak erregulatzeko. Xedapen horrek foru aginduaren izaera hartuko du, hori baita xedapen egokiena Osasun Departamentuaren mendean dauden egiturak erregulatzeko.

Horrenbestez, Osasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2016ko irailaren 7an bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.–Indarrik gabe uztea.

Organo Emate eta Transplanteen Kontsulta Batzordea sortzen duen apirilaren 27ko 162/1992 Foru Dekretua indargabetzen da.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2016ko irailaren 7an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

Iragarkiaren kodea: F1610203