179. ALDIZKARIA - 2016ko irailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

269E/2016 EBAZPENA, irailaren 1ekoa, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Murillo el Cuendeko udal mugapean Traibuenasko Valebanzos finka egokitzeko proiektuari Ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona. Sustatzaileak José Javier Silva Mendaro eta María Fernanda Torres Silva dira.

2016ko urtarrilaren 21ean Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko K epigrafean sartua dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela. Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak 2016ko uztailaren 5ean egindako aldeko txostena sartu da espedientean.

Jarduketaren ondorioz, “uholdeka” egiten den ureztaketa sistema aldatuko da, aspertsioa erabiltzeko; 6 lurzati egokituko dira –paretak, erretenak eta ezpondak kentzea barne–, zehazki Murillo el Cuendeko 7. poligonoko 3., 33., 34., 35., 36. eta 37. lurzatiak, guztira, 56,27 hektareari eraginez; horrekin batera, bide bat hobetuko da eta bulkada-hodi bat eginen da, 2.072 metrokoa. 2.270 metro erreten eraitsiko dira (hormigoi bolumena, batez bestekoa, 0,40 m³/ml-koa izanen da, eta 908 m³ ale-material lortuko da). Ez da instalazio berririk planteatzen, Murillo El Cuendeko 7. poligonoko 45. lurzatian daudenak erabiliko liratekeelako.

Sustatzaileak aurkeztu duen dokumentazioan (1. eranskina) Nafarroako Gobernuko Arkeologia Atalak 2015eko abenduaren 17an egindako txostena dago; bertan adierazten da Murillo el Cuendeko udalerriko 7. poligonoko 3B lurzatian eta 33. lurzatitik 37. lurzatira bitartekoetan ez dagoela aztarnategi arkeologikorik bat ere katalogatuta.

Ekainaren 24an, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak dokumentazio errekerimendu bat egin zuen, besteak beste honakoak eskatzeko: inguruko hezegune baten gaineko balizko ukipenak zehaztea, landarediaren kartografia, bideak eta bulkada hodiak eragindako ukipenak eta babes eta zuzenketa neurri berriak hartzea.

2016ko uztailaren 18an, sustatzaileak dokumentazio osagarria igorri zuen (1. addenda, bulkada-hodiaren plano aldatuarekin eta neurri zuzentzaileen planoarekin). Azkenean, erabaki zen deus ez egitea 7. poligonoko 38. lurzatiaren mendebaldeko ertzetik doan bidean. Bulkada-hodia bertako landaredia duten eremuetan barna igarotzen den tokietan addendak neurri zuzentzaile hauek aplikatzea aurreikusi du: Belar espezieen nahasketa bat ereitea (larre-oloa, arrauka, espartzua, etab.) eta zuhaixkak sartzea.

Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak jarduketaren aldeko txostena eman du, betiere ebazpen honetan biltzen diren baldintzak betetzen badira.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 22ko 63/2015 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Murillo el Cuendeko udal mugapean Traibuenasko Valebanzos finka egokitzeko proiektuari Ingurumen ukipenetarako baimena ematea. Sustatzaileak José Javier Silva Mendaro eta María Fernanda Torres Silva dira.

2. Baimenak ondoko neurri hauek aplikatzera behartzen du:

–Ingurumen ukipenen azterlanaren addendan adierazten den moduan, egun bertako landaredia duten eremu hauek errespetatuko dira: 33. lurzatiko SIG-PAC 2 eta 3 barrutiak (idoia), 36. lurzatiko 2 eta 3 barrutiak, eta 37. lurzatiko 2. barrutia, denak Murillo el Cuendeko 7. poligonoan.

–Hauek izanen dira konpentsazio neurriak:

  • Zuhaitzak eta zuhaixkak landatzea 7. poligonoko 32. eta 33. lurzatien artean dagoen bidean. Erretenetik hegoaldera, landaketa egiteko zerrenda 2 metroko zabalerakoa izanen da (sustatzaileak aurreikusitako 0,90 metroko zabaleraren ordez).
  • Belar-zerrenda bat sortuko da, zuhaixkak landatuz, 4 metroko zabalerakoa, 37. lurzatiko 2. barrutia 36. lurzatiko 3. barrutiarekin lotzeko, biak 7. poligonoan (Ingurumen ukipenen azterlanaren addendan adierazten den bezala).
  • 36. lurzatiko SIG-PAC 2. eta 3. barrutietan ere landaketa bat eginen da, aurreko konpentsazio neurrietan aipatutako zuhaitz eta zuhaixka espezie berdinekin.

–Hormigoizko erreten zaharrak, sustatzaileak eraitsi nahi dituenak, eraikuntza eta eraispeneko hondakinen kudeatzaile baimendu baten esku utzi beharko dira. Birrintzetik ateratako ale-materiala bidearen hobekuntzan erabili daiteke, oinarriaren azpian jartzeko, egun dagoen zoladuraren zabalerarekin; bidea addendaren kartografian jasota dago (7. poligonoko 41. lurzatiko 6. eta 15. barrutietan barna pasatzen da).

Horrez gain, erreten zaharren hondakinak, 7. poligonoko 25. lurzatiaren mendebaldean, bide ondoan, utzitakoak, kendu eta eraitsi eginen dira.

Hirigintza arloko edukiak:

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 111. artikuluan xedatuari jarraikiz, eskatutakoa baimendutako jarduera da. Baimendutako jarduera eta erabilerak udal eskumenaren esparrukoak dira eta ez dute lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimenik behar (aipatu foru legearen 117. artikulua), deusetan galarazi gabe beste organo edo administrazio batzuen (Ur Konfederazioa, Ingurumeneko Departamentua, Herri Lan Zuzendaritza Nagusia...) lizentzia edo, hala badagokio, baimena lortu beharra, eta baztertu gabe tramite horietan organo eskudunak baloratzea sektoreko araudia eta lurraldearen antolamendurako tresnak betetzen diren.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 4.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Murillo el Cuendeko Udalari, 10. eskualdeko Basozaintzari (Tafalla-Zangoza) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko irailaren 1ean.–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1610085