1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
295E/2016 EBAZPENA, abuztuaren 31koa, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena “Mendigorria-Artaxoa” 13,2 kV-eko aireko linea elektrikoko bariantea, “Olagorria” transformazio zentroko deribazioa eta Ecofert CTIko deribazio partikularra egiteko proiekturako, Artaxoako udal mugapean. Sustatzailea Ecofert Sansoain SL da.
Goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Proiektatutako jarduketaren helburua da energia elektrikoz hornitzea Artaxoako 12. poligonoko 556. lurzatian konposta egiteko kokatzen den planta. Horretarako, linea elektriko berri bat eginen da, gutxi gorabehera 1.200 metroko luzerakoa, Iberdrolaren “Mendigorria-Artaxoa” egungo lineako 01.24.23 euskarritik lehenago adierazitako lurzatiraino.
Espedientean Artaxoako Udalaren eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zerbitzuaren txostenak daude. Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak espedientearen aldeko txostena eman du.
Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 22ko 63/2015 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea “Mendigorria-Artaxoa” 13,2 kV-eko aireko linea elektrikoko bariantea, “Olagorria” transformazio zentroaren deribazioa eta Ecofert CTIren deribazio partikularra egiteko proiekturako, Artaxoako udal mugapean. Sustatzailea Ecofert Sansoain SL da.
2. Baimenak ondoko neurri hauek aplikatzera behartzen du:
Ingurumen arlokoak:
–Santsoain errekaren gaineko ukipenak gutxiagotzeko eta linearen luzera txikiagotzeko, euskarriak birkokatuko dira 2016ko abuztuaren 26an aurkeztutako dokumentazioaren arabera.
–Neoprenozko hegaztientzako “x” balizen seinaleak paratu behar dira Santsoain errekako bi aldeetan dauden bi baoetan. Txandaka ezarriko dira hiru eroaleetan, baliza bat 15 metrotik behin fase bakoitzean; horrela, proiekzio horizontalean, baliza bat ikusiko da 5 metroan behin, bi seinaleren artean. Eroaleak lurzoruan seinalatu beharko dira, edo hariak jaso eta tenkatu ondoren.
–Lotzeko katea guztietan U70AB66 modeloko isolatzailea erabiliko da, 2016ko abuztuaren 26an aurkeztutako dokumentazioan jasotakoa alegia.
–Deribazioko euskarrian elektrokuzio arriskua murriztea, linea nagusiko eroaleak eta linea deribatua lotzeko zubiak guztiz isolatuz.
–Linearen amaierako euskarrian eta eroaleak lurpeko linearekin duen konexioan elektrokuzio arriskua murrizteko, erabat isolatuko dira lineako eroaleak eta tximistorratz autobalbulak lotzen dituzten zubiak eta horien eta konexioko botilen artekoak. Isolamenduan erabiliko den materialak goi tentsioko lanetarako eta hegaztiak babesteko egokia izan beharko du. Halaber, tximistorratz autobalbulak BCAC (“Bushing connection animal cover”) aurremoldeatutako estalkiekin edo antzekoekin babestuko dira.
Hirigintza arloko edukiak:
–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.
–Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehazki, posteren bat Santsoain erreka-zuloko polizia eremuan kokatzen denez, sustatzaileak Ebroko Ur Konfederazioaren kasuan kasuko baimena eskuratu beharko du.
–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko dituela gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Alde horretatik, 35/2002 Foru Legearen 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak eskatuko dio sustatzaileari aitor dezala konpromisoa hartzen duela lurzorua bost urteko epean gehienez lehengoratzeko, baimendutako jarduera uzten badu.
3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 5.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.
4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Artaxoako Udalari, Tafalla aldeko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2016ko abuztuaren 31n.–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1610095