176. ALDIZKARIA - 2016ko irailaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

276E/2016 EBAZPENA, abuztuaren 26koa, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona kanpaina geoteknikorako sarbideen proiektuari, Belateko eta Almandozko tunelak bikoizteko proiektuaren aurretik, Ultzamako eta Baztango udal mugapeetan. Sustatzailea Azterlan eta Proiektuen Zerbitzua da (Garapen Ekonomikorako Lehendakariordetza).

Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko P epigrafean sartzen da (“Erregelamendu honen eranskinetan sartu ez den obra, lan edo aprobetxamendu proiektu oro, Nafarroako Gobernuak onetsitako Natura 2000 Sarean edo babes bereziko eremuetan daudenak eta Tokiak Erabili eta Kudeatzeko Plan Gidarian ageri ez direnak, edozein plan sektorialetatik etorri zein ez”). Foru dekretu horren bidez, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zen. Horrenbestez, ingurumen ukipenetarako baimen gisa tramitatu behar da.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Horretarako, 2016ko uztailaren 5ean, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 111. artikuluari jarraikiz, txostena eman du adierazteko eskatutako jarduketa baimendutako jardueratzat hartzen dela. Baimendutako jarduera eta erabilerak udal eskumenaren esparrukoak dira eta ez dute lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimenik behar (aipatu foru legearen 117. artikulua), deusetan galarazi gabe beste organo edo administrazio batzuen (Ur Konfederazioa, Ingurumeneko Departamentua, Herri Lan Zuzendaritza Nagusia...) lizentzia edo, hala badagokio, baimena lortu beharra, eta baztertu gabe tramite horietan organo eskudunak baloratzea sektoreko araudia eta lurraldearen antolamendurako tresnak betetzen diren.

Sarbideak egiteko lehen proposamenaren ondotik, non zenbait aukera aztertzen baitira, “Belateko eta Almandozko tunelak bikoizteko proiektuaren aurretiko kanpaina geoteknikorako sarbideak eta ingurumen ukipenen azterlana” izeneko proiektua idatzi da. Bertan, ezarritako azterketa geologiko eta geoteknikoak egin behar diren tokietara iritsi ahal izateko sarbideak eta jarduketa beharrezkoak jasotzen dira.

Kanpainak honako hau aurreikusten du: 47 zundaketa, 26 penetrometro, 39 hobi pedologiko, 14 profil sismiko, 15 estazio geomekaniko, eta azterketa tokietara sartzeko bideak: osotara, 23.

Bideak 3 m-ko zabalerako plataformarekin proiektatzen dira, gehi bihurgunean behar den zabalgunea. Halaber, bide bakoitzaren bukaeran 7 m x 3 m-ko plataforma jartzea aurreikusten da, makinek maniobratzeko. Bide horietako trazadura gehienetan lehendik dauden bideak erabiltzen dira.

Jarduketa eremu guztia, 1. bideari eta zati batean 2. bideari lotuta dagoena izan ezik, Belate Kontserbazio Bereziko Eremuaren barnean dago (Azaroaren 5eko 105/2014 Foru Dekretua. Haren bidez, “Belate” izeneko Batasunaren Garrantzizko Lekua (BGL) Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu eta haren kudeaketa plana onetsi zen). Zenbait bidek lehentasunezko eta intereseko habitatak ukitzen dituzte, Habitatei buruzko 92/43/EEE Zuzentarauaren arabera, baita zuzentarau honetan eta Nafarroako Flora Mehatxatuaren Katalogoa sortzen duen apirilaren 7ko 94/1997 Foru Dekretuan jasotako flora katalogatuaren espezieak ere. Bi bidetako (6. eta 9. bideak) trazaduratik hurbil ere Life Tremedal proiektuaren barneko bi gune daude.

Bestaldetik, zundaketa kanpainak onura publikoko bi mendi ukitzen ditu Baztango eta Ultzamako udal mugapeetan; 423. mendia: Sastra eta Karramiztegi; eta 631. mendia: Mortua.

Proiektuak ingurumen ukipenen azterlan osoa dakar, honako hau egiten duena: natur ingurunearen gaineko ukipen nagusiak identifikatzen ditu; landarediaren gaineko ukipenaren azalerak kuantifikatzen ditu, bide bakoitzerako aurreikusitako lur-mugimenduak kontuan hartuta, eta proiektuak eragiten dituen ingurumen-inpaktuak prebenitu, zuzendu eta konpentsatzeko neurriak proposatzen ditu.

Azterlanak estimatzen du berezko landarediaren, erdi berezkoaren eta landaredi artifizialaren gaineko ukipena 3,47 ha-koa dela zundaketak, hobi pedologikoak eta penetrometroak egiteko bideak eta plataformak egiteagatik; horietatik, 1,42 ha Habitatei buruzko 92/43/EEE Zuzentarauko intereseko habitatei dagozkie. Halaber, ondorioztatzen du proiektuak landaredian duen inpaktua “bateragarria” eta “arina” artean dagoela kalifikazioan eta ukipen kualitatiborik handienak, interes handiena duten habitatak ukitzen dituztenak, 6230* kodea duten Agrostis curtisii-ren eta Danthonia decumbens-en larre azidofilo kantauriarretan izanen direla (0,83 ha-ko azalera; %0,145, KBEn duten presentziaren arabera), baita 9120 kodea duten pagadi azidofilo kantauriarretan ere (0,72 ha-ko azalera; %0,0006, KBEn duten presentziaren arabera).

C1, C5, C6, C12, C14, C16 - C19, C22 eta C23 bideak egiteak faunaren gainean izanen duen inpaktuari dagokionez, hori arintzat jotzen da. C6, C12, C13 eta C20 - C23 bideen kasuan ere, paisaiaren gaineko inpaktua arintzat jotzen da, lur-mugimenduengatik eta sortuko diren ezponda berriengatik, kontrol zentrotik eta errepidetik ikusten ahalko baitira. Ingurumeneko gainerako osagaietan, proiektuak eraginen dituen inpaktuak bateragarritzat hartzen dira.

Ingurumeneko osagaiak ponderatuta eta bide bakoitzak eragindako ukipena kontuan hartua, ondorioztatzen da proiektuaren inpaktu globala bateragarria dela, C6, C12 eta C20 bideak egitearen ondoriozko inpaktuak izan ezik, “arintzat” hartzen direnak.

Mendi Zerbitzuak, ekainaren 20an, proiektuaren aldeko txostena eman du, ebazpen honetako baldintzetan sartzen diren preskripzioekin. Biodibertsitatearen Zerbitzuaren abuztuaren 22ko txostenak ezartzen du neurri zuzentzaile osagarriak aplikatu behar direla, baldintzetan jasota gelditzen baitira. Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak proiektuaren aldeko txostena eman du eta nahitaez garatu behar diren neurri zuzentzaileen proposamena ezarri du.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 22ko 63/2015 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea kanpaina geoteknikorako sarbideen proiektuari, Belateko eta Almandozko tunelak bikoizteko proiektuaren aurretik, Ultzamako eta Baztango udal mugapeetan. Sustatzailea Azterlan eta Proiektuen Zerbitzua da (Garapen Ekonomikorako Lehendakariordetza).

2. Baimenak ondoko neurri hauek aplikatzera behartzen du:

1.–Lurzoruak eta azaleko eta lur azpiko urak babesteko neurri orokorrak:

–Instalazio osagarrien gunea tunelen kontrolerako zentroaren aparkalekuko asfaltozko eremuan jarriko da, ustekabean gertatzen ahal diren gai kutsatzaileen isurietarako arriskua dela-eta, lurzoruen eta azaleko eta lur azpiko uren kutsadura ekiditeko. Halaber, gatz biltegiaren eremua, Belateko tunelaren hegoaldeko ahoaren ondokoa, kontuan hartzea ahalko da xede horretarako.

–Obrak egin bitartean sortzen diren hondakin toxiko eta arriskutsuak, hala nola, erabilitako olioak, erregaien hondakinak eta abar, zer diren ikusita, kudeatzaile baimenduek tratatuko dituzte.

–Obrek okupatzen duten perimetroaren zuinketa lursailean bertan eginen da. Pistek ukitutako azalerak optimizatzeko lehendik dauden bideak eta basoetako bidezidorrak ahalik eta gehien aprobetxatzen saiatuko da, bai eta belardietan eta larre naturaletan dauden gurpil-arrastoak ere.

–Trazadurek okupatzen duten eremua markatuko da, lurzoruaren eta landarediaren gaineko ukipena ahal den txikiena izan dadin. Obra hasi aurretik markatuko da eta hori bukatu ondoren kenduko dira markak.

–Lurrak kordoietan metatuko dira bideetako trazaduraren ertzeetan zehar, edo horien ondoko lur plataforma naturaletan (eremu lauak). Kordoiek gehienez ere bi metroko altuera izanen dute. Ahal dela, “eguraldi lehorra” dagoenean lan eginen da, hortik igarotzeagatik makinek eragiten dituzten higadura arazoak ekiditeko, bereziki larreak zeharkatzen dituzten bideetako tarteetan.

–Lanak antolatu beharko dira, edo bideetan, edo zenbait sarbide duten bide-zatietan, sarbide bakar bat ere 8 astez baino gehiagoz irekita ez egoteko.

–Bideak ixteko honako lan hauek eginen dira: lursaila berriro profilatuko da, irekitako kaxak aurretik haien ertzeetan metatu den lurrarekin beteko dira, lurra zabalduko da lubeta eta lur-erauzketako ezpondetan, horiek tamaina txikikoak badira eta 3H/2V neurritik gorako malda ez badute.

2.–Landaredia eta faunarako habitatak babesteko eta horien gaineko inpaktuak zuzentzeko neurri orokorrak:

–Makinak sartu aurretik, landaredia eskuz garbituko da bideetako trazan bertan, baita horien ertzeetan ere.

–Zuhaiztietan, zuinketan ondoko zuhaitzak zehaztu eta seinalatuko dira, horiek babesteko asmoz: lehendik dauden bigarren mailako zuhaitzak (gurbeondoak, lizarrak, gorostiak...), zuhaitz zaharrak eta zuloak edo adabegiak dituzten zuhaitzak, haien konstituzio berezia dela-eta, intereseko espezieak (hala nola, koleopteroak, saproxilikoak, saguzarrak eta abar) izaten ahal dituztenak.

–Zuhaiztiak ukitzen dituzten bidezidorrak irekitzeko, Mendi Zerbitzuaren baimena beharko da, jabeak eskatuko duena ukitutako zuhaitzak mozteko.

–Adarretan egiten diren ebaketak garbi eginen dira, ez da adarrik hautsiko nahiz urratuko, eta zuhaitz nahiz zuhaixken azalak ere ez dira urratuko; horretarako tresna egokiak erabiliko dira.

–Bideen eta plataformen inguruko zuhaitzen eta zuhaixken oinak ez dira lurrekin estaliko.

–Txilardietan eta otadietan eskuz kenduko dira oteen sastrakak, eta hondarrak xehatu eta kontserbatuko dira, bideen perfila lehengoratu ondoren barreiatzeko.

–Hidroereiteak honako hauetan eginen dira: metro bat baino gehiagoko altuera duten ezpondetan, lubetetan pasaldi bakarrean eta lur-erauzketetan bi pasalditan. Horretarako honako espeziek erabiliko dira: Lolium perenne, Dactylis glomerata, Festuca rubra, Trifolium repens, Trifolium pratense eta Lotus corniculatus, ingurumen ukipenen azterlanean proposatutako proportzioetan.

–Landaketak eginen dira zuhaixkekin 3. atalean zehazten diren eremuetan.

3.–Landaredia eta faunarako habitatak babesteko eta horien gaineko inpaktuak zuzentzeko berariazko neurriak:

–2. eta 5. bideak.

Bi bideen zuinketa egin bitartean, horien bukaerako tarteetan, trazaduretan aldaketa txikiak egiteko moduan egonen da zuhaitz handienak babesteko, pagadi azidofiloaren barruan. Beharrezkoa bada, zuhaitz horiek plastikozko sarearekin balizatuko dira.

–6. bidea.

  • Bide horretan zuinketa egin bitartean, pagadi azidofiloaren zuhaitzak babestuko dira hasierako bide-tartean, plastikozko sarearekin balizatuz. Pagadian ukipena ahalik eta txikiena izan dadin, zuinketa egin bitartean ahalik eta gehien egokituko da zuhaitzen arteko kaleko trazadura eta kalearen irekieran, eta tamaina txikiko makinak erabiliko dira, segidan lanean arituz, eta ez paraleloan. Gaur egungo bidea (oso estua) zabaltzea kaxa errepideko ezpondarantz irekiz eginen da. Nolanahi ere, baldintza hauetako 2. puntuan proposatutako landaredia babesteko neurri orokorrak aplikatuko dira.
  • 6. bidea egiten denean Ultzama errekaren buruak ura badakar, zorroak jarriko dira, makinak zuzenean igaro ez daitezen ibilguatik.
  • Ez da inola ere ukituko makinak pasatzeagatik, ezta materialak biltzeagatik ere, errepidetik bide horretarantz dagoen sarreraren ezkerraldeko zohikaztegia, Life Tremedal proiektuaren barnean dagoen eremua baita.

–7., 8. eta 9. bideak.

  • 7., 8. eta 9. bideetan, horien hasierako tartean, dagoen traza erabiliko da, kaxa berria ireki gabe. Kontratari agintzen zaio lur-berdinketak egiteko gainazaleko heterogeneotasunagatik eta zeharkako maldagatik horrela eskatzen duten lursailetan soilik, langileen segurtasunerako. Lurzoru lauetan edo malda apalekoetan dauden bideak antzeman dira. Proposatzen da bertan Agrostis curtisiiren berezko larreetan barna igarotzea, eremu horietan ote ugari duten larreak baitira; horrela saihesten da lursailean belar-sastrakak garbitzea eta kaxa irekitzea. Ezin bada baldintza hori bete, kalea irekitzea saihestezina den bide-tarteetan, lurrak mugitzeko lanak egin aurretik zotalen formako landare-estalkia kenduko da eta horiek modu egokian gordeko dira, gero bidearen itxituran berriro jartzeko.
  • Otearen eremuak okupatu aurretik belar-sastrakak garbituko dira, eta horiek xehatuko dira, lursaila lehengoratu ondoren bidean jarriz.
  • Malda handiagoko mazelan dauden 8. eta 9. bideetan lur-erauzketetako eta lubetetako ezponden neurriak minimizatuko dira. Jariatze, arrastratze eta abarrengatik, eremu turbosoak duen dinamika naturalean aldaketak eragiten ahal dituen lursailaren aldaketa ekidin behar da.
  • 850 m-ko kotatik behera 9. bidea zeharkatzen duen basoko bidezidorrean ez dira materialak ezarriko, ezta makinak ere, eta ez da inolako ukipenik izanen, Life Tremedal proiektuaren barnean dagoen eremua baita.
  • 7. bidearen eta Matrakolako tumuluaren artean gutxienez 50 m-ko tartea egonen da. Nolanahi ere, bide horien trazadura osoan kontrol eta jarraipen arkeologikoa eginen da obrek irauten duten bitartean.

–9. eta 10. bideak.

  • Bide horiek bereizten diren tokiraino, eta 10. bidearen kasuan, malda handienean beherantz doan eremuan, lehendik dagoen belar-bideko traza erabiliko da.
  • 10. bidean, horrek traza utzi ondoren, zuinketa egin bitartean aldaketa txikiak egin beharko dira horren trazaduran, elorriaren eta gorostiaren aleak babesteko. Mazela horretan hazten diren zuhaixka handi horiek plastikozko sarearen bidez babestu beharko dira.
  • Gainera, baldintza hauetako 2. puntuan proposatutako landaredia babesteko neurri orokorrak aplikatuko dira.

–12. bidea.

Bide honetan, osorik pagadi azidofiloan eta malda handia duen mazelan baitago, zuinketa egin bitartean arreta handiz jokatu beharko da trazaduran, lursaileko erlaitz naturalak erabiliz, edo lur-erauzketen tamaina murriztu eta mazelan behera lurren isuriak ekiditen dituen edozein gorabehera topografiko. Nolanahi ere, baldintza hauetako 2. puntuan proposatutako landaredia babesteko neurri orokorrak aplikatuko dira.

–15. bidea.

Dagoen bide honetan landarediaren (iratzeak eta oteak) sasiak eskuz garbitu besterik ez da egin behar.

–16., 17., 18. eta 19. bideak.

  • Zuinketa-lanetan 16. bidea egokituko da, irekiera berriko tartean, Baztango udal mugapeko 2. poligonoko 123. lurzatian dagoen belardiaren mugara.
  • 16., 17., 18. eta 19. bideen bukaera tarteetan, ahalik eta gehien saihestuko da zuhaitzak botatzea eta lehentasuna emanen zaio adarrak mozteari, bota behar ez diren trazen ondoko zuhaitzak plastikozko sarearekin babestuz. Dena den, baldintza hauetako 2. puntuan proposatutako landaredia babesteko neurri orokorrak aplikatuko dira.
  • 18. eta 19. bideetan sahats ilunak eta lizarrak eta urkiak landatuko dira (Salix atrocinerea, Fraxinus excelsior eta Betula celtiberica).

4.–Konpentsazio neurriak:

Natur ingurunearen, naturagune babestuen eta onura publikoko mendi gisa katalogatutakoen gaineko ukipen nagusiak Agrostis curtisiiren mendiko larre natural azidofiloetan gertatzen dira, Habitatei buruzko Zuzentarauaren arabera lehentasunezko kontserbaziorako intereseko habitatzat hartuak baitira. Jarduketa gehienak landare komunitate horien gaineko inpaktua gutxitzeko eginen dira eta konpentsazio neurriak berriro orientatu beharko dira habitat horien azalera kontsolidatu eta handitzeko, atal honetan azaldu bezala. Ildo horretan, Mendi Zerbitzuak honako hau proposatzen du:

–Ahalegin ekonomikoa horrela zuzentzea: hidroereiteak ezponda txikietan, konpentsaziorako baso landaketak eta otearen sastraken kentze selektiboa txilardien eta otadien komunitateei zuzendutako belar-sastrakak garbitzean, ha-ko 550,00 euro/ha-ko kostuarekin; jarduketa gutxi gorabehera 27 ha-tan eginen da, Baztanen eta Ultzaman ukitutako onura publiko mendietako larreetan garatuko baitira, horietako bakoitzean ukitutako azalerari dagokion proportzioan.

–Azalera horien zuinketa Oihanak Kudeatzeko Ataleko demarkazioari atxikitako ingeniariek eginen dute.

–Ingurumenari buruzko kapituluan garatzen ez den beste edozein neurriren helburua izanen da bestelako jarduketak garatzea larreen eta inguruko aziendaren kudeaketa hobetzeko (itxiturak eraiki eta hobetzea, ur puntuak...), ingurumeneko balio handiena duten landare komunitateak kontserbatzeko elementu nagusi gisa. Aurreko kasuan bezalaxe, Oihanak Kudeatzeko Ataleko demarkazioari atxikitako ingeniariek mendiko titularrekin adostuta zehaztuko dituzte garatu beharreko jarduketak.

5.–Proiektuaren ingurumenaren zaintzari buruzko programa beteko da.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Baztango eta Ultzamako udalei, Bidasoa aldeko Basozaintzari eta Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuari (Garapen Ekonomikorako Lehendakariordetza) igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko abuztuaren 26an.–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1609852