176. ALDIZKARIA - 2016ko irailaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

292E/2016 EBAZPENA, abuztuaren 30ekoa, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren zuzendari nagusiak emana, Martzillako udal mugapean edari freskagarriak fabrikatzen dituen instalazioaren Ingurumen baimen integratua ofizioz aldatzen duena. Instalazioaren titularra Refresco Iberia SA da.

Instalazio horrek Ingurumen baimen integratua dauka, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 22ko 449/2007 Foru Aginduaren bidez emana. Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren maiatzaren 7ko 184E/2014 Ebazpenak eguneratu zuen baimen hori.

Oker bat atzeman da isurketarako ezarritako gehieneko balioak transkribatzean Ingurumen baimen integratuaren azken aldaketan, zeina Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ekainaren 9ko 430E/2015 Ebazpenaren bidez onetsi baitzen, eta bidezkotzat jo da zuzentzea.

Orobat, ikusi da badaudela baimenean, gaur egungo egoeran, bete ezin diren baldintzak, hala nola, 0,35eko biodegradagarritasun erlazioa garbiketako hondakin urak isurtzeko, eta isurketarako kanal normalizatu bat, ultrasoinuen bidezko emari-neurgailu batez hornitua isurketa hori kontrolatzeko.

Alde batetik, uste da biodegradagarritasun erlaziorako ezarri den 0,30eko balioa egokia dela isurketa hori behar bezala tratatzeko Arga Behereko hondakin uren araztegian; erlazio hori otsailaren 20ko 12/2008 Foru Dekretuan dago ezarrita, hartan baldintza teknikoak jartzen baitira saneamenduko kolektore publikoetara ur isurketak egin ditzaketen jardueren ezarpenerako eta funtzionamendurako.

Bestetik, garbiketako uren isurketa udal saneamenduko kolektorera ponpatu behar izateak zaildu egiten du ultrasoinuen bidezko emari-neurgailu batez hornituta dagoen kanal normalizatu bat erabiltzea isurketa hori kontrolatzeko; izan ere, behar bezala egin daiteke hodi itxiko emari-neurgailu elektromagnetiko baten bitartez.

Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla iritzi da, eta, horrenbestez, bidezko da Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, eta ez da bidezkotzat jo aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamenaren tramitazio prozesuan entzutea eman zaio instalazioaren titularrari hogeita hamar egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta zerbitzuetako zuzendariei eskumenak eskuordetzeko Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak irailaren 22an emandako 63/2015 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.–Martzillako udal mugapean edari freskagarriak fabrikatzen dituen instalazioaren Ingurumen baimen integratua ofizioz aldatzea, ebazpen honen eranskinean zehaztutako aldaketen arabera. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari Ingurumen baimen integratua eman, eguneratu eta aldatzeko lehendik tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Refresco Iberia SA.

Bigarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berarekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen IV. tituluan jasotakoak, galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidea.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete haren aurka, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Refresco Iberia SAri, Martzillako Udalari eta Nilsari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko abuztuaren 30ean.–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgunean: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F1609980