176. ALDIZKARIA - 2016ko irailaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

54/2016 FORU DEKRETUA, abuztuaren 31koa, San Adriango udalerrian, Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko Ega 7B XXVI. sektoreko nekazaritza azpiegituretako jarduketa onetsi, hau da, lurzatien berrantolamendua egitea eta ureztaketa modernizatzea, eta jarduketa hori onura publikokoa eta presakoa dela adierazten duena.

Nafarroako Foru Komunitateko Ureztatze Planean sartutako ureztaketetako jarduketa eta obrei buruzko martxoaren 16ko 7/1999 Foru Legeak adierazten du Nafarroako Ubidearen eraginpeko eremuetako nekazaritza azpiegituretan egiten diren esku-hartzeak onura publikokoak eta interes orokorrekoak direla.

Irailaren 5eko 102/2012 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Ubidearen 1. fasearen handitzea Nafarroako Foru Komunitateko Ureztatze Planeko jarduketen zerrendan sartzea onetsi zen.

Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko interes orokorreko azpiegiturak eraiki eta ustiatzeko araubidea ezartzea du xede azaroaren 22ko 12/2005 Foru Legeak.

Nafarroako Gobernuak 2013ko urtarrilaren 16an hartutako Erabakiaren bidez, onetsi zen behar diren jarduketak hastea Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko 1. fasea handitzearen ondoriozko interes orokorreko azpiegiturak eraiki eta ustiatzeko.

Eremu ureztagarriaren eraikuntzari jarraipena emateko eta Ega 7B XXVI. sektorean ureztalurra sortzeko beharrezko jarduketak koordinatzeko, bidezkoa da une honetan nekazaritza azpiegituretako jarduketa onestea, lurzatien berrantolamendua egiteko eta ureztalurra sortzeko.

Hori dela eta, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2016ko abuztuaren hogeita hamaikan hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. Onespena.

San Adriango udalerrian, nekazaritza azpiegituretan egin beharreko jarduketa onestea. Jarduketa hori Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko Ega 7B XXVI. sektorean eginen da, lurzatien berrantolamendua eginez eta ureztaketa modernizatuz.

2. Onura publikoa eta presaz egin beharra deklaratzea.

Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko Ega 7B XXVI. sektorean nekazaritza azpiegituretan egin gogo den jarduketaren onura publikoa eta presaz egin beharra deklaratzen da, ondasunak eta eskubideak desjabetzeko, aldi baterako eta betiko okupatzeko eta bidezkoak diren zortasun iraunkorrak edo aldi baterakoak sortzeko.

3. Proiektuaren deskribapena.

Eremu horretako nekazaritza azpiegituretan izan beharreko esku-hartzean sartzen dira, lehenik, lurzati berrantolamendua ureztaketak eskatzen duen egiturari egokitzeko obrak, eta bigarrenik, eraldaketarako beharrezkoak diren obrak.

Eremu horretako nekazaritza azpiegituretako jarduketan sartzen dira, lehenik, lurzati berrantolamendua ureztaketak eskatzen duen egiturari egokitzeko obrak eta, bigarrenik, eraldaketarako beharrezkoak diren obrak; horretarako, Nafarroako Ubideko hargunea, sektoreko eta eremuko oinarrizko sarea eta ureztaketa unitateak hornitzen dituzten hidranteetaraino ur emaria presioz banatzeko sarea egin beharko dira; horiek lurzatiko ureztaketa sistemen parekoak dira, eta nekazaritzako interes pribatuko obren kalifikazioa emanen zaie.

4. Ingurumeneko alderdiak.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak 2013ko abuztuaren 19an Nafarroako Ubidearen 1. fasea eta haren eremu ureztagarria handitzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektorialari buruz egindako ingurumen eraginaren adierazpenak zehazten du zein diren ezarri beharreko neurri zuzentzaileak, eta ingurumena zaintzeko programa ere ezartzen du, haiek beteko direla bermatzen duena.

5. Erabili beharreko prozedura.

Nafarroako Ubidea abian jartzeko eta Ega 7 XXVI. sektorea hornitzeko aurreikusi diren epeak ikusirik, lurzatiak berrantolatzeko prozedura Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Legearen IV. kapituluan aurreikusten den prozedura arrunta izanen da. Aipatu prozedura garatzeko, lurzatien berrantolamenduen lehenagoko prozesuetako sailkapen eta ikerketa eta sailkapeneko lan teknikoak edo bestelakoak erabiltzen ahalko dira, baldin eta Aholku Batzorde berriak baliagarritzat jotzen baditu.

6. Jarduketaren lurralde eremua.

Jarduketaren xede den eremuak gutxi gora behera 113 hektarea hartzen ditu. Horietarik, 100 bat hektarea bihurtuko dira ureztaketa lur.

Luzati berrantolamenduaren eremuko behin-behineko mugak honako hauek dira:

Iparraldean: Andosillako udal mugartea.

Hegoaldean: Soto del Marinal eta La Cantera alderdiak.

Ekialdean: Abelbidea eta industrialdea.

Mendebaldean: Ago erreka-zuloa eta Soto de Resa.

Mugaketa horiek bat datoz Nafarroako Ubidearen 1. fasea eta haren eremu ureztagarria handitzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektorialarekin. Nafarroako Gobernuaren 2013ko irailaren 25eko Erabakiaren bidez onetsi zen proiektu hori. Ega 7B XXVI. sektoreko eremu ureztagarria lurzatiak berrantolatzeko eremuaren barnean dago.

1/2002 Foru Legearen 13.4 eta 17.a artikuluetan xedatutakoaren arabera aldatzen ahalko da azpiegituretako jarduketaren perimetroa.

7. Ustiatzeko oinarrizko azalerak.

Inguruko ekoizpen joerekin bat, ureztalurrak ustiatzeko oinarrizko azalera 225 hektarea lehorreko lur izanen da gehienez, eta 45 hektareakoa gutxienez. Ustiapenaren oinarrizko azalera, ureztaketa lurretan, gehienez ere 25 hektareakoa izanen da eta gutxienez 5 hektareakoa. Ureztalurrak lehorreko lur bihurtzeko faktorea 9,0 izanen da. Ureztalurra ustiatzeko oinarrizko azaleraren gutxieneko muga ureztaketaren oinarrizko azalera izanen da.

8. Laborantzako gutxieneko unitateak.

Laborantzako gutxieneko unitateen balioak honako hauek dira: 45 hektarea lehorreko lurretan eta 5 hektarea ureztalurretan.

9. Lurren balioa kalkulatzeko aplikatu beharreko moduluak.

Lurren Funtseko esleipen-hartzaileek pagatu beharreko prezioa zehazterakoan lurren balioa ezartzearren, nekazaritza sozietateak osatzean ekarririko lurren balioa finkatzearren eta ustiatzeko oinarrizko azalerak osatzeko eta nekazaritzako ustiategiak elkartzeko diru-laguntzak kalkulatzearren, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearekin bat, maiatzaren 19ko 116/2003 Foru Dekretuan (azaroaren 26ko 334/2001 Foru Dekretuaren eranskina aldatu zuen horretan) ageri den lehenengo mailako lurraren balioa ezarriko da eskualde honetan lurzati berrantolamenduko arauetan lehenengo mailako lurren sailean sarturiko lurrei aplikatu beharreko modulu gisa. Izan ere, aipatutako 334/2001 Foru Dekretu horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko ondasun higiezin batzuk baloratzeko prozedura onetsi zen, merkatuko batez besteko prezioak egiaztatzeko metodoa aplikatuz, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren eta Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren kudeaketari dagokionez. Bigarren mailatik aurrera sailkatu diren lurrei aplikatu beharreko moduluak lortzeko, berriz, lehen mailako modulua biderkatuko da lurzati berrantolamenduko arauetan zehazten diren kasuan kasuko konpentsazio koefizienteekin.

10. Azpiegiturak gauzatzea.

Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko interes orokorreko azpiegiturak eraikitzeari eta ustiatzeari buruzko azaroaren 22ko 12/2005 Foru Legearen arabera eraikiko dira Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko Ega 7B XXVI. sektoreko ureztaketa modernizatzeko azpiegiturak, haren 2.1 artikuluari jarraituz: “azpiegitura horiek osorik edo haien zati bat eraiki eta ustiatzeko, herri-lanak emateko kontratua egiten ahalko da, Nafarroako Gobernuak finkatzen dituen aldi baterako programazioaren eta parametro tekniko eta ekonomikoen arabera”.

11. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari jakinaraztea.

12. Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean sortuko ditu ondorioak.

13. Adieraztea foru dekretu honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren aurka errekurtso hauetariko bat jartzen ahal dela:

–Berraztertzeko errekurtsoa, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, foru dekretua jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen ekainaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2016ko abuztuaren 31n.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.

Iragarkiaren kodea: F1609992