1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
281E/2016 EBAZPENA, abuztuaren 29koa, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Tuterako udal mugapean beira laua fabrikatzeko instalazio baten Ingurumen baimen integratua aldatzen duena. Instalazioaren titularra Guardian Industries Navarra SL da.
Instalazio horrek badu Ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren zuzendari nagusiaren urtarrilaren 13ko 156/2005 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 5eko 46E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua eta irailaren 16ko 428E/2014 Ebazpenaren bidez aldatua.
2015eko apirilaren 27an, titularrak instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen, helburu zuena bi galdara berriren proiektua ezartzeko eta euri-uraren kolektorera lotzeko ijeztuen eta coaterraren isurketa. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak 2015eko maiatzaren 11n emandako irizpenaren arabera, aldaketa ez da funtsezkoa, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eta, horregatik, ez da beharrezkoa Ingurumen baimen integratu berria ematea; aldaketa nabarmena da ordea, aldaketa garrantzitsuak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu-baldintzetan, eta, horregatik, aldaketak Ingurumen baimen integratuan jaso eta hura aldatu beharra dago.
2015eko maiatzaren 13an hasi zen ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedura, helburua izanik bi lurrun galdara berri beira flotatuaren lehengaien eremuan ezartzeari dagokion proiektuaren zatia gauzatzea, bai eta beira distiragabetua destilatzeko dorrea handitzeari dagokiona ere. Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ekainaren 25eko 486E/2015 Ebazpenarekin bukatu zen, zeinek instalazio horren ingurumen baimen integratua aldatu baitzuen.
2015eko ekainaren 11n, prozedura hasi zen ingurumen baimen integratua aldatzeko, helburua izanik beira ijeztuaren eta coater beiraren lerroen isurketak industrialdeko euri-uraren kolektorera lotzeari dagokion proiektuaren zatia gauzatzea. Azkenean, beira distiragabetuaren lerroaren isurketa ere erantsi da.
Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz tramitatu da espedientea. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.
Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzuteko tramitean egon da 10 egunez. Titularrak aurkeztutako alegazioak ohartarazpen batzuk izan dira, eta baliagarriak izan dira ebazpen honen eranskinetako testua egokitzeko.
Adierazitakoarekin bat, eta zerbitzuetako zuzendariei eskumenak eskuordetzeko Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak irailaren 22an emandako 63/2015 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidaten eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
Lehena.–Beira laua fabrikatzeko instalazioaren Ingurumen baimen integratua aldatzea, helburua izanik beira ijeztuaren, coater beiraren eta beira distiragabetuaren lerroen isurketak industrialdeko euri-uraren kolektorera lotzeko proiektua gauzatzea. Hortaz, instalazioak eta jardueraren garapenak Ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, betiere, ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Guardian Industries Navarra SL da eta Tuterako udal mugapean dago kokatuta.
Bigarrena.–Hondakin urak Udalaren kolektore sarean isurtzeko baimena eguneratzea, alegia, Ur Jabari Publikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, Uren Legearen Testu Bategina onesten duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren hamargarren xedapen gehigarrian eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 6. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Ebazpen honen I. eranskinean jasotzen dira zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta unean-unean eskatzen ahal diren kalitate arauak eta ingurumen helburuak betetzen diren bitartean, besterik gabe berrituko da bost urtetik bost urtera.
Hirugarrena.–Aldaketa funtzionamenduan hasi baino lehenago, titularrak martxan jartzeko erantzukizuneko aitorpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatuarekin bat.
Laugarrena.–Titularrak proiektua burutu dela adierazten duen erantzukizuneko aitorpena aurkezten duen egunean edo, edozein kasutan, aldaketa abian jartzen den egunean hasiko dira aplikatzen Ingurumen baimen integratuaren aldaketa honetan ezarritako baldintzak. Bitartean, indarrean dagoen Ingurumen baimen integratuan dauden baldintzak aplikatuko dira.
Bosarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berarekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen IV. tituluan jasotakoak, galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidea.
Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Zazpigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete haren aurka, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira
Zortzigarrena.–Ebazpen hau Guardian Industries Navarra SLri, Tuterako Udalari, NILSAri eta Ebroko Ur Konfederazioari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2016ko abuztuaren 29an.–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgunean: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.
Iragarkiaren kodea: F1609906