2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ANTSOAIN
Laburpena, diru-laguntzen deialdi publikoarena, 2016an kultur, kirol eta festa jarduerak egiteko
Oharra: testu osoa Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean kontsulta daiteke (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/index). BDNS (Identifikazioa): 316061.
Antsoaingo Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak 2016ko abuztuaren 31n egin bilkuran erabakitakoan aurreikusten denaren arabera, onetsi egin dira 2016an kultur, kirol eta festa jarduerak egiteko diru-laguntzen deialdi publikoaren oinarriak.
Oinarrien xedea.–Deialdi honek xedea du diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea, Antsoainen diren talde guztien ekintza eta jarduerak sustatu eta sostengatzeko, 2016an kultur, kirol eta festa jarduerak egiten badituzte.
Laguntza emanen zaie xede hauek betetzen dituzten jarduerei:
–Kultur eta festa arloan:
Kultur adierazpenaren modu ugariak bultzatzea (kultura eta elkartasuna, kultura eta generoa, kultura eta zientzia, kultura eta ekonomia, kultura eta euskal kultur tradizioa, kultura eta euskara, kultura eta natura) ohiko moduekin batera (musika, arte eszenikoak, arte plastikoak eta ikusizkoak, argazkigintza, herriko festak eta ospakizun herrikoiak, eta gizarte-kultur sustapenerako programak).
Antsoaindar guztiei kulturarako eta partaidetza kulturalerako ateak irekitzea, informazioaren eta ezagutzaren teknologia berriak barne.
Berezko kultur balioak sustatzea eta nortasun kolektiboa errespetatzea eta eraikitzea, emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasun printzipioan oinarrituz, gizarte talde, adin, arraza eta abarren barne desberdintasunak onartzetik abiatuta.
Elkartegintza eta herritarren partaidetza sustatzea, gizarte eta kultur ehun aberatsa sortzea eta sektore baztertuen kultura bultzatzea.
Kulturaren zeharkotasuna agerian jartzen duten proiektuen alde egitea.
Berdintasunean oinarritutako sormenezko jarduerak, solidarioak, jasangarriak eta integratzaileak sustatzea, bai eta herritarren garapen pertsonala eta soziala bultzatuko duten bestelakoak ere.
Herritarren parte-hartze parekidea handitu eta festak norberarenak direla sentitzeko jarduerak sustatzea, populazio sektore guztietan.
a) Diruz lagundu daitezkeen kultur proiektuak: lantegiak, ikastaroak, jardunaldiak, erakusketak, kontzertuak, argitalpenen edizioa, hitzaldiak, arte eszenikoak, arte plastikoak, zinema eta ikus-entzunezkoak, musika talde eta elkarteak; kultura herrikoiaren, tradizionalaren proiektuak edo beste batzuk, jendearendako irekiak badira.
b) Festa jardueren proiektuak: festaren arlokoak eta parte hartzaileak diren ikuskizunak, lantegiak, ikastaroak, jardunaldiak eta beste jarduerak, oro har.
Kirol arloan:
Kirolaren praktika eta kultura fisikoaren garapena Antsoaingo biztanle guztiei zabaltzea, berdintasun baldintzetan eta batere bazterkeriarik gabe.
Oinarrizko kirola eta jostetarako kirola bereziki bultzatzea, bai emakumeen artekoa bai gizonen artekoa.
Kirol arloko elkartegintza sustatzea, kirol praktikaren zabalkuntzaren bizkarrezurra izan dadin.
Antsoaingo kirola bultzatzea, eta orobat herrialde, nazio edo nazioarte mailan itzal gehien duten antsoaindar kirolariak. Kirolean emakumeak ikustaraztea, bai oinarrizko kirolean bai itzal gehien duen kirolean ere.
Udalaren kirol instalazioen erabilera arrazionalizatzea eta ahalik eta hobea bilakatzea.
Kirolaren praktika osasungarritasun eta segurtasun baldintza egokietan egin dadin ahalegintzea.
c) Kirol proiektuak: kirolaren arlokoak eta parte hartzaileak diren ikuskizunak, lantegiak, ikastaroak, jardunaldiak eta beste jarduerak, oro har.
Deialdi honetatik kanpo geratzen dira honako hauek:
Laguntza jarduerak.
Jarduera gastronomikoak edo antzekoak, kultur interes berezia ikusten ez bazaie, behintzat.
Antsoaindik kanpora egiten diren jarduerak.
Elkartearen edo taldearen gastu orokorrak edo mantenimendu gastuak (alokairua, telefonoa, argia, webgunea mantentzea etab.).
Gehienez ere aurreikusitako zenbatekoa: 18.000,00 euro, Antsoaingo Udalaren 2016ko aurrekontuaren kontu-sail honen kontura finantzatuko direnak: 1-23991-4820015.
Oinarriak hartzeko tokia: Antsoaingo Udalaren Erregistro Orokorra, Udaletxeko plaza, 1, 1. solairua; edo Udalaren web orrian, www.ansoain.es.
Eskabideen aurkezpena.–Eskabideak aurkeztuko dira Udalaren Erregistro Orokorrean edo www.ansoain.es, “egoitza elektronikoa” leihoan.
Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Antsoainen, 2016ko abuztuaren 31n.–Alkate udalburua, Ander Andoni Oroz Casimiro.
Iragarkiaren kodea: L1609970