175. ALDIZKARIA - 2016ko irailaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

288E/2016 EBAZPENA, abuztuaren 29koa, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, eskatutako aldaketa onartzen duena, Los Arcosko udal mugapean motelgailuak fabrikatzen dituen instalazio baten Ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzetarako. Jardueraren titularra KYB Advanced Manufacturing Spain da.

Instalazio horrek badu Ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak otsailaren 1eko 173/2011 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 2ko 283E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua.

2016ko ekainaren 3an, titularrak eskatu zuen bere Ingurumen baimen integratuko baldintzak alda zitezela; zehazki, handi zedila oxigeno-eskari kimikoaren parametrorako ezarritako gehieneko isurketa-balioa, pinturen araztegirako isurketan, egungo gehieneko kontzentrazioaren baliotik (200 mg/l) 300 mg/l-ko baliora.

Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak aurkeztu den eskaera aztertu du, eta ondorioztatu onargarria dela bat egiten baitu instalaziorako ingurumenaren aldetik egokia den funtzionamenduarekin eta eskura dauden teknikarik onenak aplikatzearekin; hala ere, irizten du beharrezkoa dela DBO5/DQO erlazioaren gehieneko balioa igo behar dela, oraingo 0,1etik 0,2ra, helburua izanik ahalik eta gutxien botatzea saneamenduaren udal sarera oso biodegradagarria ez den gai organikoa.

Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla iritzi da, eta, horrenbestez, bidezko da Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, eta ez da bidezkotzat jo aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamenaren tramitazio prozesuan entzutea eman zaio instalazioaren titularrari hogeita hamar egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta zerbitzuetako zuzendariei eskumenak eskuordetzeko Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak irailaren 22an emandako 63/2015 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehenbizikoa.–Eskatutako aldaketa onartzea, Los Arcosko udal mugapean motelgailuak fabrikatzen dituen instalazio baten Ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzetarako. Hortaz, bai instalazioak bai jarduerak berak bete beharko dituzte ezarritako baldintzak, hots, instalazioari Ingurumen baimen integratua emateko eta aldatzeko lehendik tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra KYB Advanced Manufacturing Spain SAu da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berarekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen IV. tituluan jasotakoak, galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidea.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete haren aurka, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen hau KYB Advanced Manufacturing Spain SAUra eta Los Arcosko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko abuztuaren 29an.–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgunean: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1609903