174. ALDIZKARIA - 2016ko irailaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOBEITI

Zeremonia zibilak arautzen dituen udal ordenantza
Behin betiko onespena

Berriobeitiko Udalak, 2016ko otsailen 2an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea zeremonia zibilak arautzen dituen ordenantza. Iragarkia 2016ko 36. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, otsailaren 23an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Berriobeitin, 2016ko abuztuaren 29an.–Alkatea, Juan María Albizu Andueza.

BERRIOBEITIKO UDALETXEKO ZEREMONIA ZIBILAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

Espainiako Konstituzioaren 16. artikulua garatuz, uztailaren 5eko 7/1980 Lege Organikoak erlijio askatasunerako eskubidea onartu zuen. Horrek eta Berriobeitiko Zendeako garapen demografikoak berekin ekarri dute erlijio sinesmen desberdinak eta herritar ez-konfesionalak izatea herrian.

Estatu demokratiko eta laiko batean, tokiko administrazioek, beren eskumenen esparruan, beharrezkoak diren erregelamenduzko neurriak hartu behar dituzte ziurtatu ahal izateko benetan gauzatzen direla Giza Eskubideen 1948ko Adierazpen Unibertsalean eta Konstituzioan norbanakoei onartutako eskubide eta askatasunak.

Berriobeitiko Udalak, Konstituzioaren 10., 14. eta 16. artikuluetan onartutako herritarren eskubideak zaintzeko agindua betez, bere herritarrei aukera ematen die, aniztasunari eta tolerantziari begira, egokiak iruditzen zaizkien erritu eta zeremonia zibilak hautatzeko.

Gizarteak oro har ederki dakienez, Estatu akonfesional eta laiko batean, erakundeek pertsonen eta komunitateen askatasuna bermatu behar dute, ideologiaz, erlijioaz eta kultuaz den bezainbatean, muga bakarra dela ordena publikoa legearen arabera mantentzeko behar dena. Aldi berean, agerikoa da gure gizartearen dibertsitate ideologikoa, erlijiosoa eta kulturala, gure gizartea askotarikoa baita eta gure artean etengabe eraldatzen baitira ohituren eta ekitaldi sozialen adierazpenak.

Laguntza ematea, parte hartzea eta aukera ematea, Udalaren esku dauden baliabideekin, ospakizun laikoak egiteko, Berriobeitiko herritarren bizitza sozialeko ekitaldi zibil garrantzitsuendako duina den ingurune batean, horrela familia eta gizarte arloko konpromiso eta betebehar zibilen adierazpen publikoa egin dadin, zeremonia erlijiosoen ordez eta askatasunaren adierazpide gisa.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 5. artikuluak ezartzen duenez, toki entitateek erregelamenduzko eskumena dute araudi bat onesteko, jarduerak eta zerbitzuak ematearen eta/edo udal lokalak erabiltzearen gainean.

Hori horrela, Berriobeitiko Udalak, bere eskumena erabiliz, herritarrek eskatzen dituzten zeremonia zibilak egiteko beharrezko protokoloa eta prozedura arautzen ditu, zeremonia horiek gainerako herritarrekin partekatzeko erritu zibilak diren aldetik.

I. TITULUA

Harrera zibilak

Atarikoa

Harrera zibilak balio sinboliko eta politikoa baizik ez du; haur bati harrera publikoa egiten zaio, gizartean eskubide osoko herritarra den aldetik, eta gurasoek edo legezko tutoreek konpromisoa hartzen dute haurra printzipio demokratikoetan eta herritarren eskubide eta betebeharren eremuan hezteko.

Harrera zibila zeremonia edo instituzio erabat zibil, laiko eta publikoa da eta, beraz, haur jaioberriei harrera egiteko beste edozein zeremonia pribaturekin bateragarria, erlijiosoa izan ala ez, alderdi pribatua edo erlijiosoa izan dezaketen beste zeremonia zibil batzuekin gertatzen den bezalaxe; esate baterako, ezkontza.

1. artikulua. Oro har, harrera zibila egiteko agintari eskuduna alkatea edo haren ordezko zinegotzia izanen da.

2. artikulua. Harrera zibileko zeremonia horietan, Udal Agintaritzak, hau da, alkateak edo haren ordezko zinegotziak, komunitateko kide gisa hartzen du haurra –Berriobeitiko Udalean erroldatuta egon behar du– eta, harrera hori gauzatzeko, Nazio Batuen Erakundeak onetsitako Haurren Eskubideen Adierazpeneko eta Espainiako Konstituzioko artikulu batzuk irakurtzen ditu, horrelaxe azalduz haurra komunitate demokratikoan eskubide osoko kide gisa sartu dela.

Egintza publikoan, haurraren gurasoek edo legezko tutoreek eta lekukoek hitza ematen dute zaindu eginen dutela eta printzipio demokratikoetan eta herritarren eskubide eta betebeharren eremuan heziko dutela.

3. artikulua. Berriobeitiko Udalaren osoko bilkuren aretoa edo Artikako María de Maeztu Kultur Etxeko erakusketa aretoa gaituko dira, Berriobeitin erroldatutako familien ume jaioberriei edo adoptatuei edo familietan hartzeko araubidean daudenei (baldin araubidea aldian behingoa ez bada) harrera zibilak egiteko. Halaber, Udalean edo Kontzejuan ekitaldi hori egiteko baldintza egokiak betetzen dituen beste lokalen bat ere gaitzen ahalko da.

4. artikulua. Horretarako erabiliko den aretoa txukun egonen da, behar bezain duin bertan eginen den ekitaldirako.

5. artikulua. Aipatu aretoak erreserbatzeko eskaera harrera egin nahi den eguna baino zazpi egun lehenago egin beharko da gutxienez. Aurreikusitako egunean aretoaren erabilera ezin bada baimendu, zergatia azalduko da eta beste data batzuk proposatuko dira.

Eskaera Udaletxeko Erregistroan aurkeztu beharko da eta erreserba, alkateari zuzendua, Alkatetzak izendatzen duen organoaren edo prozeduraren bidez tramitatuko da. Oro har, eta ekitaldia hobeki gauzatu ahal izateko, egun bakoitzeko ez da erreserba bat baino gehiago izanen.

6. artikulua. Eskaera eredua I. eranskinean agertzen da, eta horri erantsiko zaio udal aretoa erabiltzeko tasa ordaindu izanaren frogagiria. Ezkontza zibilen tasa bera izanen da, 80 euro. Gainera, honako agiri hauek aurkeztuko dira eskaerarekin batera: jaiotza agiria, familia liburua, gurasoen NANen kopia eta erroldaren ziurtagiriak.

Senideek edo hurbilekoek modu berezian apaindu edo egokitu nahi badute, megafonia erabili, erreserbatzeko eskaeran hala adierazi beharko dute, behar bezala jokatzeko, eta eskatzailearen kargura izanen dira horregatik sortzen diren gastu guztiak. Udalaren arduradunek ikuskatzen ahalko dituzte apaintze edo egokitze berezi horiek.

7. artikulua. Harrera zibilak baimenduko dira, eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoan, Alkatetzaren ebazpenaren bidez edo horrek zehaztutako prozeduraren bidez.

8. artikulua. Horretarako proposatutako aretoek hainbat erabilera dituztenez, ordutegi hau izanen da harrera zibilak egiteko: astelehenetik ostiralera, lanegunetan, 18:00etatik 20:00ak arte, hilabete bakoitzeko lehen asteartean eta zubietan izan ezik; eta jaiegun ez diren larunbatetan, 10:00etatik 13:00ak arte. Dena dela, Alkatetzak zilegi izanen du egun horietakoren bat kentzea ekitaldi edo gertakari bereziak izaten direnean. Gainera, ordutegi horietan 3. artikuluan aipatutako aretoak erreserbatuta badaude Udalaren edo Kontzejuen behar arrunt edo berezi baterako, Alkatetzak ez du baimenik emanen harrera zibilak egiteko.

Ekitaldiak ordu bat iraunen du, gehienez ere.

Duen izaera dela-eta, horretarako erabiliko den aretoa ezin izanen da utzi egintza erlijiosoetarako edo, organo eskudunaren ustez, areto horren helburua desitxuratu dezaketen beste erabilera batzuetarako.

Organo horrek zainduko du delako areto hori xede jakin horretarako erabiltzen dela.

Lagapenaren baldintzak dagokion udal organoak onetsitako baimenean zehaztuko dira, eta baimen horretan ezartzen ahal da eskatzaileak jaso zuen bezala itzuli behar duela instalazioa.

9. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, Udalaren arduradunek une bakoitzean egokitzat jotzen dituzten jarraibideak bete beharko dira.

Baldintza horiek ez betetzeak erantzukizun edo zehapen administratiboak ekarriko ditu.

10. artikulua. Ekitaldian, Udaleko alkateak edo berak eskuordetzen duen zinegotziak eginen du buru.

Hori hala izanik ere, zeremoniaren buru izanen denak, eskatzaileei edo interesdunei kontsulta egin ondoren, askatasun osoa izanen du zeremonia nola garatuko den finkatzeko, betiere ordenantza honetan ezarritakoa betez zeremonia egiten den esparruaren ez-konfesionaltasunari dagokionez; Udalaren ordezkari bat bertan egonen da beti, dela alkatea dela zinegotzi eskuordetua edo dela Udalaren arduradun bat, zeremonia egokiro egiten dela begiratzeko.

Prestatuko den mahaia alkateak edo eskatzaileak izendatutako pertsonak, gurasoek eta herritar berriak osatuko dute.

Zeremonian lekukoek parte hartuko dute, bitik laura bitarte, eta mahaitik hurbil jarriko dira.

Ekitaldiko gonbidatuak (aretoaren gehieneko edukiera gainditu gabe) gonbidatuentzat erreserbatutako tokian jarriko dira.

11. artikulua. Buruak ekitaldia zuzenduko du, eta agiri honen bidez formalizatuko: “Herritar berriari ongi etorria emateko eta harrera eskubide osoz egiteko akta”.

Akta formalizatuko da gurasoek, lekukoek eta buruak bi ale sinatuta, eta ondorio bakar baterako.

Buruak aktaren kopia bat emanen die gurasoei, eta beste bat erabiliko da Udalean egiten diren zeremonia zibilen erregistro liburuan inskribatzeko, harrera zibilen atalean.

II. TITULUA

Agur zibilak

Atarikoa

Ordenantza honen bidez, Berriobeitiko herritarrei agur zibilak egiteko aukera eman nahi die Udalak.

Hildakoen aldeko agur zibilak sortu dira gizarteak duen behar baten ondorioz, erran nahi baita, modu duin eta pertsonal batean agurtzea beren pentsaera eta bizimoduaren arabera agur zibila nahi izan zuten herritarrak.

Gure gizarteko eta gure herriko erlijio guztien jarraitzaileek hilberriak omentzeko ospakizun liturgikoak antolatzeko tokiak edo tenpluak dituzten gisa berean, Berriobeitiko Udalari dagokio gure herritarrek gero eta maizago eskatzen duten behar sozialari erantzutea.

Ordenantza honen asmoa da, beraz, Berriobeitiko gizarte zibila osatzen duten familiakoek, adiskideek, erakundeek eta/edo entitateek zenduen alde egin nahi dituzten omenaldi edo agur ekitaldiak arautzea, hildakoek komunitateari egindako ekarpenak edo haien balio etikoak eta giza balioak aitortzeko.

12. artikulua. Berriobeitiko Udalaren osoko bilkuren aretoa eta Artikako María de Maeztu Kultur Etxeko erakusketa aretoa gaitzen dira, gure ibarrean agur zibilak egiteko toki egokiak baitira. Halaber, Udalean edo Kontzejuan ekitaldi hori egiteko baldintza egokiak betetzen dituen beste lokalen bat ere gaitzen ahalko da.

13. artikulua. Aipatu aretoak erreserbatzeko eskaera, I. eranskineko ereduaren araberakoa, eta agurraren ospakizuna egitean, egoera horrek eskatzen duen berehalakotasun printzipioari jarraikiz jokatuko da. Eskaerak pertsona eskudunari bidaliko zaizkio, ebazpena eman dezan. Aurreikusitako egunean aretoaren erabilera ezin bada baimendu, zergatia azalduko da eta beste data batzuk proposatuko dira.

14. artikulua. Eskaera eredua I. eranskinean agertzen da, eta horri erantsiko zaio udal aretoa erabiltzeko tasa ordaindu izanaren frogagiria. Ezkontza zibilen tasa bera izanen da, 80 euro. Gainera, honako agiri hauek aurkeztuko dira eskaerarekin batera: heriotzaren ziurtagiria, NANen kopia eta eskatzailearen erroldako ziurtagiria (Berriobeitin erroldatuta egon behar du).

15. artikulua. Administrazioa, ahal duen heinean, eskabidean adierazitako egun eta orduak errespetatzen saiatuko da, eskabideak aurkeztu diren hurrenkerari begira betiere. Kasu berezietan hurrenkera hori aldatzen ahalko da, aldaketa hori behar bezala arrazoitzen bada.

Eskaerak aipatu diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari ahalik eta lasterren eskatuko zaio akatsa zuzen dezala edo aginduzko agiriak ekar ditzala, ekitaldia egin aurretik edo ondoren.

16. artikulua. Bertaratzen direnen kopurua utzitako aretoaren edukiera baino handiagoa bada, egoera hori espresuki aipatuko da, eta ospakizuna edukiera handiagoko udal lokal batean egiteko eskaera eginen da, halakorik bada.

17. artikulua. Oro har, eta ekitaldia ahalik eta ondoen gauzatu ahal izateko, egun bakoitzeko ez da erreserba bat baino gehiago izanen.

Horretarako erabiliko den aretoa txukun egonen da, behar bezain duin bertan eginen den ekitaldirako.

Senideek edo hurbilekoek modu berezian apaindu edo egokitu nahi badute, edo megafonia erabili, erreserbatzeko eskaeran hala adierazi beharko dute, behar bezala jokatzeko, eta eskatzailearen kargura izanen dira horregatik sortzen diren gastu guztiak. Udalaren arduradunek ikuskatzen ahalko dituzte apaintze edo egokitze berezi horiek.

18. artikulua. Alkatetzaren ebazpenaren bidez baimenduko dira agur zibilak, eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren.

19. artikulua. Agur zibilak egiteko ordutegia hau izanen da: astelehenetik ostiralera, lanegunetan, 18:00etatik 20:00ak arte, hile bakoitzeko lehen asteartean eta zubietan izan ezik; eta jaiegun ez diren larunbatetan, 10:00etatik 13:00ak arte. Dena dela, Alkatetzak zilegi izanen du egun horietakoren bat kentzea ekitaldi edo gertakari bereziak izaten direnean. Gainera, eskatutako aretoak ordutegi horietan erreserbatuta badaude Udalaren edo Kontzejuen behar arrunt edo berezi baterako, Alkatetzak ez du baimenik emanen agur zibila egiteko.

Ekitaldiak ordu eta erdi iraunen du, gehienez ere. Horretaz gainera, ezin izanen da ekitaldia egin hildakoaren gorputza bertan dagoela, baina bai errautsen kutxa.

20. artikulua. Duen izaera dela-eta, horretarako erabiliko den aretoa ezin izanen da utzi egintza erlijiosoetarako edo, organo eskudunaren ustez, areto horren helburua desitxuratu dezaketen beste erabilera batzuetarako.

Organo horrek zainduko du delako areto hori xede jakin horretarako erabiltzen dela.

21. artikulua. Lagapenaren baldintzak dagokion udal organoak onetsitako baimenean zehaztuko dira, eta baimen horretan ezartzen ahal da eskatzaileak jaso zuen bezala itzuli behar duela instalazioa.

22. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, Udalaren arduradunek une bakoitzean egokitzat jotzen dituzten jarraibideak bete beharko dira.

Baldintza horiek ez betetzeak erantzukizun edo zehapen administratiboak ekarriko ditu.

23. artikulua. Oro har, Udaleko alkatea edo berak eskuordetzen duen zinegotzia izanen da ekitaldiaren burua. Dena dela, eskatzaileek izendatzen duten Udaletik kanpoko pertsona bat ere izaten ahalko da burua. Hori hala izanik ere, zeremoniaren buru izanen denak, eskatzaileei edo interesdunei kontsulta egin ondoren, askatasun osoa izanen du zeremonia nola garatuko den finkatzeko, betiere ordenantza honetan ezarritakoa betez zeremonia egiten den esparruaren ez-konfesionaltasunari dagokionez; Udalaren ordezkari bat bertan egonen da beti, dela alkatea dela zinegotzi eskuordetua edo dela Udalaren arduradun bat, zeremonia egokiro egiten dela begiratzeko.

Ekitaldiko gonbidatuak (aretoaren gehieneko edukiera gainditu gabe) gonbidatuentzat erreserbatutako tokian jarriko dira.

24. artikulua. Zeremoniaren buruak ekitaldia zuzenduko du. Ekitaldian, jendeak parte hartu ahal izango du; adibidez, hildakoaren senideek edo lagunek testu bat irakurri edo hitz batzuk esan ditzakete.

Buruak ekitaldiari bukaera emateko hitzak esanen ditu, agiri honen bidez formalizatuta: “Komunitateko herritarra agurtzeko akta”.

25. artikulua. Azkenik, akta formalizatuko da senideek eta buruak bi ale sinatuta, eta ondorio bakar baterako.

Buruak aktaren kopia bat senideei emanen die, eta beste bat erabiliko da Udalean egiten diren agur zibilen erregistro liburuan inskribatzeko.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua, Udalaren aretoan zeremonia zibilak baimendu eta antolatzeko eta horietan laguntzeko (PDFa).

III. TITULUA

Ezkontza Zibilak

Atarikoa

Alkateek ezkontza zibila baimentzearen arloan Kode Zibila aldatu zuen abenduaren 23ko 35/1994 Legean ezarritakoarekin bat, alkateek ezkontza zibila baimentzearen gainean Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak 1995eko urtarrilaren 26an emandako jarraibidean xedatutakoa betez; eta alkateek ezkontza zibilak egiteko tokiei buruz Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak 2013ko urtarrilaren 10ean emandako jarraibidean agindutakoari jarraituz,

Berriobeitiko Udalean ezkontza zibilak egiteko araudi hau ezarri da:

26. artikulua. Ezkontza ospakizunak egin edo baimenak emanen dituena alkatea, bake epailea edo ezkontzen direnek ezkontza zibila egiteko hautatzen duten zinegotzia (alkateak horretarako eskuordetzea eginda) izanen da.

27. artikulua. Ekitaldiak Berriobeitiko Udalaren osoko bilkuren aretoan edo Artikako María de Maeztu Kultur Etxeko erakusketa aretoan eginen dira. Halaber, Udalean edo Kontzejuan ekitaldi hori egiteko baldintza egokiak betetzen dituen beste lokalen bat ere gaitzen ahalko da.

Aipatutako aretoak ez diren beste batzuetan egin daitezke ezkontza zibilak, halaxe xedatu baita alkateek ezkontza zibilak egiteko tokiei buruz Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak 2013ko urtarrilaren 10ean emandako jarraibidean, baldin eta alkateak, bake epaileak edo zinegotzi eskuordetuak hala nahi badu, azken horiek ez baitaude beharturik aipatu eskaera onartzera.

28. artikulua. Ezkontza eginen den udal aretoan apaingarriren bat jarri nahi izanez gero (loreak etab.) ezkontzen direnek egin beharko dute, beren kontura; horretarako, Udalak ematen dizkien oharrei segitu beharko diete.

29. artikulua. Ezkontza zibilak egiteko ordutegi arrunta: 11:00etatik 15:00ak arte izango da, astelehenetik ostiralera. Ezkontideetako bat edo biak Berriobeitin erroldaturik badaude, aipatu orduez gain, ezkontza zibila beste ordu eta egun hauetan egitea eska dezakete: astelehenetik ostiralera (hilabeteko lehen asteartea kenduta) 18:00etatik 20:00ak arte; eta larunbatetan, 12:00etatik 14:00ak arte, eta 18:00etatik 20:00ak arte. Jaiegunetan eta zubietan ez; eta aipatu egunetako bakoitzean, gehienez ere lau ezkontza eginen dira goizeko ordutegian eta arratsaldeko ordutegian, hurrenez hurren. Udal jarduera dela-eta edo aurreikusi gabeko beste arrazoiren bat dela-eta ezin bada ezkontza egin finkaturiko egun eta orduan, horren berri emanen zaie ezkontzen direnei, ezkontza egiteko ordua, eguna edo tokia aldatzeko, aldez aurretik bake epailearekin edo alkatearekin, baimentzailea zein den, ados jarrita.

Ordenantza honetan ezarritako orduetatik kanpo ere egin daitezke ezkontza zibilak, baldin eta ekitaldiaren buruak, hau da, alkateak, bake epaileak edo zinegotzi eskuordetuak hala nahi badu, ez baitago beharturik aipatu eskaera onartzera.

30. artikulua. Udal honetako Erregistro Zibilak ezkontzaren espedientea tramitatu ondoren, edo beste Erregistro Zibil batetik jaso ondoren –non ezkonduko direnek adieraziko baitute ezkontza Udal honetan baimentzea nahi dutela– sarrerako Erregistro Orokorrean jasoko da idazpena, sarrera data ager dadin.

31. artikulua. Udalean espedientea irekitzean, 80 euroko tasa ordaindu beharko da, Udalaren aretoak eta instalazioak erabiltzeagatik ezkontza zibilak egiteko. Subjektu pasiboari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik ekitaldia egiterik ez badago, ez da jarritako dirua itzuliko.

32. artikulua. Eskaerak ikusirik (ezkontza espedientean egindako agerraldia joko da eskaeratzat), datak eta orduak finkatuko dira, ahal dela interesdunekin ados jarrita. Datak eta orduak finkatzerakoan, erroldatuek izanen dute lehentasuna, eta espedientea jaso den datari begiratuko zaio.

33. artikulua. Ondorio guztietarako, modu irmoan esleituriko data eta orduen zerrenda jendearen eskura egonen da beti.

34. artikulua. Ezkontza egiaztatuko duen pertsonak (alkatea, bake epailea edo zinegotzi eskuordetua), ezkonduko direnei kontsulta egin ondoren, askatasun osoa izanen du ospakizuna nola garatuko den finkatzeko, betiere ordenantza honetan ezarritakoa betez zeremonia egiten den esparruaren ez-konfesionaltasunari dagokionez.

Hala ere, ezkontza zibilak legeak ematen dizkion ondorioak izan ditzan, nahitaezkoa izanen da Kode Zibileko artikulu aginduzkoak eta ezkontzaren formula irakurtzea, hori guztia bi lekuko bertan daudela.

Egintza jasota gera dadin, ezkontza egin izanaren akta sinatuko dute ezkontzen direnek, bi lekukoek eta baimentzaileak –alkateak, bake epaileak edo zinegotzi eskuordetuak–.

35. artikulua. Udal honetako ez Alkatetzak ez Erregistro Zibilak ez dute data konpromisorik onartuko 12 hilabetetik gorako eperako, hau da, espedientea Erregistro Zibil honetan irekitzen denetik, edo beste erregistro zibil batean tramitatutako espedientea jasotzen denetik hasita.

36. artikulua. Udal aretoen barruko aldean kalterik egiten bada (kalteen barnean direla arroza, petardoak edo beste material batzuk jaurtitzea) erantzunbeharra ezkontza egiteko eskatu dutenek izanen dute; Udalak haiei pasatzen ahalko die konponketen kostua, baita, hala behar badu, udal aretoen barnea beren lehengora itzultzeko lanen kostua ere, aitzinetik behar den espedientea irekita; hartan, hamar eguneko epea izanen da alegazioak egiteko.

37. artikulua. Tabako Kontsumoaren Prebentzioari buruzko otsailaren 14ko 6/2003 Foru Legearekin bat, debekatuta dago Udalaren aretoetan erretzea.

38. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, Udaleko arduradunen jarraibideak bete beharko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Araudi hau aldatzerik izanen da, bai xedapenei dagokienez bai ospakizuna egiteko egun, ordu edo tokiei dagokienez (esleituak ala ez), baina ahaleginak eginen dira aldaketek interesdunei kalterik ez egiteko, ahalezkoak diren xedapen eta erabakiak hartuz.

AZKEN XEDAPENA

Honako ordenantza honek behin betiko testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta Berriobeitiko Udalak osoko bilkuran espresuki aldatu edo indargabetu arte egonen da indarrean.

Iragarkiaren kodea: L1609875