174. ALDIZKARIA - 2016ko irailaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

273E/2016 EBAZPENA, abuztuaren 25ekoa, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendari nagusiak emana, Allingo udal mugapean dagoen zerri ustiategi baten Ingurumen baimen integratua (umetarako zerramak eta 6 kg bitarteko zerrikumeen produkzioa) aldatzen duena. Instalazioaren titularra Larraiza SA da.

Instalazio horrek badu Ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak apirilaren 30eko 0868/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ekainaren 11ko 255E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua.

2015eko abenduaren 18an, titularrak instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, erditze-geletarako nabe berria ezartzeko. Ingurumen Kalitatearen eta Aldaketa Klimatikoaren Zerbitzuak 2016ko urtarrilaren 20an emandako irizpenaren arabera, aldaketa ez da funtsezkoa, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eta, horregatik, ez da beharrezkoa Ingurumen baimen integratu berria ematea; aldaketa nabarmena da ordea, aldaketa garrantzitsuak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu-baldintzetan, eta, horregatik, aldaketak Ingurumen baimen integratuan jaso eta hura aldatu beharra dago.

2016ko martxoaren 22an, titularrak aldaketa eskatu zuen ingurumen ukipenetarako baimenean, 80 x 10,7 metroko abeltzaintzako nabe bat eraikitzeko proiektua aurrera eramateko, dauden amatasunerako bi nabeen artean. Nabeari PVCzko enparrilatu osoa jarriko diote, 50 cm-ko sakonerako minda-putzuaren gainean, maiz husteko sistemaren arabera funtzionatzeko, kaioletan sartuz. Nabeak aireztapen mekanikoa eta argiztapen dinamikoa izanen ditu; 5 erditze-gelatan antolatuko da eta gela bakoitzean 24 erditze-leku egonen dira, baita zerrikumeak sartzeko gela bat ere. Maneiatze pasabideen bidez egonen da komunikatuta, estaltze, ernaldi eta erditzearen artean zerramen mugimendua errazteko.

Aldaketa horrek umetarako zerramendako instalazioaren tamaina handitzen du titia kendu bitarteko zerrikumeen produkzioarekin, zerramen zentsua aldatu gabe (2.300 zerrama sartzen dira) eta produzitutako zerrikumeen kopurua murriztu gabe. Dena den, aldaketak sartzen dira antolaketa mailan honako hau handitzeko aukera ematen dutenak: erditze-gelaren okupazioa (4 astetik 5 astera), zerrikumeen esnealdirako egun kopurua, pisua titia kentzean eta erditze-geletako saneamendu-hutsaldia.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz tramitatu da espedientea. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Lurzoru urbanizaezinean baimenduta dagoen jarduketa bat denez, hura udalaren eskumenean gelditzen da, eta ez du lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimenik behar (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikulua), deusetan galarazi gabe beste organo edo administrazio batzuen lizentzia edo, hala badagokio, baimena lortu beharra, eta baztertu gabe tramite horietan organo eskudunak baloratzea sektoreko araudia eta lurraldearen antolamendurako tresnak betetzen diren.

Ebazpen proposamenaren tramitazio prozesuan titularrari entzutea emateko tramitea bete da hamar egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta zerbitzuetako zuzendariei eskumenak eskuordetzeko Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak irailaren 22an emandako 63/2015 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.–Allingo udal mugapean dagoen zerri ustiategi baten Ingurumen baimen integratua (umetarako zerramak eta 6 kg bitarteko zerrikumeen produkzioa) aldatzea, erditze geletarako nabe berrirako proiektua aurrera eramateko. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak Ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, betiere, ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Larraiza SA da.

Bigarrena.–Abeltegiko simaurrak sortu eta kudeatzeko 0110100468/1/5 plana onestea.

Hirugarrena.–Aldaketa funtzionamenduan hasi baino lehenago, titularrak martxan jartzeko erantzukizuneko aitorpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatuarekin bat.

Laugarrena.–Titularrak proiektua burutu dela adierazten duen erantzukizuneko aitorpena aurkezten duen egunean edo, edozein kasutan, aldaketa abian jartzen den egunean hasiko dira aplikatzen Ingurumen baimen integratuaren aldaketa honetan ezarritako baldintzak. Bitartean, indarrean dagoen Ingurumen baimen integratuan dauden baldintzak aplikatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berarekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen IV. tituluan jasotakoak, galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidea.

Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zazpigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete haren aurka, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Zortzigarrena.–Ebazpen hau Larraiza SAri, Allingo Udalari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Oihanak Zaintzeko Atalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko abuztuaren 25ean.–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgunean: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1609859