172. ALDIZKARIA - 2016ko irailaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

327/2016 EBAZPENA, abuztuaren 10ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako ikasketak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta funtzionamendua 2016-2017 ikasturtean arautzeko jarraibideak onesten dituena.

Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariak ebazpen hau onestearen aldeko txostena aurkeztu du. Indarreko araudiaren alderdi batzuk zehaztu eta garatzeko balioko duten jarraibide batzuk onestea du xede ebazpen honek, hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako ikasketak ematen dituzten ikastetxeetan behar bezalako antolaketa eta funtzionamendu egokia lor daitezen 2016-2017 ikasturtean, haien autonomiaren esparruan.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Eranskinean ageri diren jarraibideak onestea. Jarraibide horiek Nafarroako Foru Komunitatean hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako ikasketak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta funtzionamendua arautuko dituzte 2016-2017 ikasturtean.

2. Ebazpen honen eranskinetako jarraibideak entitate eta ikastetxe pribatu itunduei edo diruz lagunduei aplikatuko zaizkie, indarra duten arauei jarraituz, dagozkien afera orotan.

3. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aitzina.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau eta eranskina Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura eta hezkuntzako entitate eta zentroetara igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2016ko abuztuaren 10ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Estebe Petrizan Iriarte.

ERANSKINA

Lanbide Heziketako ikasketak ematen dituzten ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua 2016-2017 ikasturtean arautzeko jarraibideak

Ikasturte hasierako jarraibideek indarreko araudiaren alderdi batzuk zehaztu eta argitzen dituzte, eta arautu gabeko beste batzuk arautzen, ikastetxe bateratuen antolaketa eta funtzionamendua hobetzeko. Horrez gain, ikasturtean lehentasunez landu behar diren ildoak ezartzen dituzte.

Jarraibideak lau kapitulutan daude bereizita:

Lehenengoa ikastetxe bateratuaren plangintzari buruzkoa da eta oharrak egiten dira proiektu funtzionalaren eta urteko jarduketa planaren gainean, bai eta ikastetxe bateratua hobetzeko plana prestatzearen gainean ere; orobat, Lanbide Heziketako ikasketak ematen dituzten Bigarren Hezkuntzako institutuen urteko programazio orokorrari buruzkoa da eta oharrak egiten dira ikasketa horiek ematetik sortzen diren berariazkotasunen gainean.

Bigarrenean Lanbide Heziketako ikasketak garatzeko jarraibideak ematen dira Oinarrizko Lanbide Heziketari, lanbide lantegiei, onlineko urrutiko Lanbide Heziketari, Lanbide Heziketa Dualari eta sarbideko ikastaroari buruz.

Hrugarrenean proiektuaren modulurako jarraibideak eta curriculumak LOGSEtik LOEra iragatekoak garatzen dira, eta ikastetxearen funtzionamendurako beharrezkoak diren beste alderdi jakin batzuk zehazten.

Laugarrenean, Kualifikazioei buruzko Lege Organikoaren eta LOE - LOMCEren ondoriozko arau erabilien zerrenda ematen da.

I. KAPITULUA

Ikastetxe bateratuaren plangintza - Bigarren Hezkuntzako
Institutuen urteko programazio orokorra

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan (LOE aurrerantzean) arautzen diren Lanbide Heziketako ikasketak Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 11. artikuluan aipatzen diren ikastetxe bateratuetan eskaintzen ahal dira, bai eta LOEn araututako ikastetxeetan ere, haren 39.5 artikuluak ezartzen duen bezala.

Irailaren 4ko 63/2006 Foru Dekretuak Nafarroako Foru Komunitatearen eremuko Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuak arautzen ditu, abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraituz, zeinak, ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 11. artikulua garatuz, Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuen oinarrizko beharkizunak arautzen baititu. Aipatu errege dekretuak ezartzen duenez, ikastetxe bateratuek autonomia izanen dute antolaketan, pedagogian eta kudeaketa ekonomikoan eta langileenean, administrazio eskudunak ezartzen duenari jarraituz; bestetik, autonomia erkidegoetako hezkuntza eta lan arloko administrazioek, ordezkaritza handiena duten enpresaburuen erakundeekin eta sindikatuekin lan eginez, plangintza komuneko eredu bat ezarriko dute, urtekoa edo urte anitzekoa, beren lurralde eremuko ikastetxe bateratuen sarerako.

Horretan oinarrituta, Nafarroako Foru Komunitateko Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuek, ikasturte bakoitzean, urteko jarduketa planean zehaztuko dute ikastetxe bateratuaren proiektu funtzionalean definitutakoa.

1. Ikastetxe bateratuak: Proiektu funtzionala.

Ikastetxe bateratuentzat, ikastetxea definitu eta haren antolaketa eta kudeaketa biltzen dituen dokumentua da proiektu funtzionala. Proiektu funtzional horrek ikastetxe bateratuetarako jarraibideak kontuan hartu eta garatu behar ditu. Hezkuntza Departamentuak, Garapen Ekonomikorako Departamentuak, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak eta Eskubide Sozialetako Departamentuak definitzen dituzte jarraibide horiek, Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluko gainerako kideekin batera.

Proiektu hori urte anitzekoa da, eta funtsezko tresna da Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuen antolaketan eta plangintzan. Zuzendaritza taldeak prestatuko du, ikastetxearen langile guztien laguntzarekin, eta gizarte kontseiluak onetsiko du.

Zuzendaritza taldeak ikasturte bakoitzerako egiten den proiektu funtzionala berrikusiko du, eta bidezkotzat jotzen dituen aldaketak ezarriko ditu. Proiektuaren kopia bana bidaliko die Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eta Lanbide Heziketaren Zerbitzuari.

2. Ikastetxe bateratuak: Urteko jarduketa plana (UJP).

LOEaren 125. artikuluan jasotzen den urteko programazio orokorra Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe bateratuetan garatuko da urteko jarduketa plan gisa (UJP). Plan hori oinarrizko tresna da, ikastetxe bateratuaren plangintza, antolaketa eta funtzionamendua biltzen dituena. Dokumentu hori prestatzeko orduan, zorroztasuna, erraztasuna eta erabilgarritasuna hartuko dira kontuan.

Autonomiaren, erantzukizunaren eta efizientziaren printzipioekin bat etorriz, zuzendaritza taldeak bere baliabideak kudeatuko ditu eta plangintza eginen du ikasleentzako laguntza zein emaitza akademikoak hobetzeko (antolaketa, ordutegia, koordinaziorako egutegia, etab.).

Kalitate programetan parte hartzen duten ikastetxeek bere eginen dituzte hobekuntza planeko helburuak. Ikastetxe horien dokumentazioa haien kalitate eskuliburuan bildutakoa izanen da, beharrezkotzat jotzen dutenean hura osatzeko aukera galarazi gabe.

Hona hemen urteko jarduketa planaren (UJP) egitura eta edukia:

a) I. kapitulua.

–Ikastetxe bateratuaren inguru sozioekonomikoari eta laneko inguruari buruzko informazioa.

–Egitura eta barne antolaketa; ikastetxe bateratuaren proiektu funtzionalean aurreikusten diren giza baliabideak eta baliabide materialak.

–Ikastetxe bateratuak egiten dituen jarduerak eta ematen dituen zerbitzuak.

–Ikastetxe bateratuaren ordutegi orokorra: irakasleena, administrazio eta zerbitzuetako langileena eta jendea hartzekoa.

b) II. kapitulua.

–Ikastetxe bateratuak ikasturterako ezartzen dituen berariazko helburuak.

–Proposatutako helburuak lortzeko neurriak eta horretarako eskura dauden baliabideak.

c) III. kapitulua.

–Irakaskuntza bakoitzerako prestakuntza jardueren eskaintza eta egutegia.

–Adostasun agiria.

d) IV. kapitulua.

–Ikastetxe bateratuak ikasturterako duen hobekuntza plana.

–Ikastetxe bateratuaren bestelako planak eta programak.

e) V. kapitulua.

–Urteko aurrekontua eta memoria ekonomikoa.

Programazio didaktikoei dagokienez, ikastetxeek adostasun agiria beteko dute. Hartan, departamentuko buruak eta ikastetxeko zuzendariak ziurtatuko dute programazioak dituela, era egokian, eskatzen diren atal guztiak.

Departamentuko buruak, zikloko koordinatzaileak eta ikastetxeko zuzendariak sinatu beharko dute LHaren urrutiko online modalitatean ematen diren moduluetako programazioen adostasun agiria eta, gainera, Lanbide Heziketaren Zerbitzuaren oniritzia izan beharko du; horrela ziurtatzen da programazioa bat datorrela Nafarroan LHren urrutiko online modalitaterako ezarritako proposamen metodologikoarekin.

Horrenbestez, ikastetxeek ez dituzte programazioak programazio gisa igorriko. Beharrezkoa den kasuetan, Hezkuntza Departamentuko Zerbitzuek irakaskuntza ikuskatzeko prozesuetan sartua dutelako, kalifikazioen erreklamazioagatik edo beste batzuengatik, berariaz eskatuko da programazioa eta aurkeztu beharko da.

3. Ikastetxe bateratuak: Hezkuntza Departamentuak, Garapen Ekonomikorako Departamentuak, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak eta Eskubide Sozialetako Departamentuak urteko jarduketa planerako (UJP) prestatutako jarraibideak.

Nafarroako Foru Komunitatearen eremuko Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuak arautzen dituen irailaren 4ko 63/2006 Foru Dekretuak 8. artikuluan jasotzen du jarduketa plan bat definituko dela ikastetxe bateratu guztientzat. Bertan ezartzen dira garatu beharreko prestakuntza ekintzei buruzko jarraibideak, bai eta ikastetxe bateratuen helburuekin bat etor daitezkeen jarduketak ere.

Hezkuntza Departamentuak, Garapen Ekonomikorako Departamentuak, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak eta Eskubide Sozialetako Departamentuak jarraibide horiek prestatzen dituzte urtero, Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluan ordezkaritza duten agente ekonomiko eta sozialekin eta ikastetxe bateratuetako gobernu organoekin lankidetzan.

Hori helburua, ikastetxe bateratuetako zuzendariek edo, hala badagokie, haren gizarte kontseiluek bidezkotzat jotzen dituzten proposamen edo iradokizunak bidaliko dizkiote Hezkuntzako zuzendari nagusiari, idazki batean, ikastetxearen ikuspegia emateko eta kontuan har daitezen jarraibideen prestaketan.

Proposamen horiek 2016ko urriaren 31 baino lehen bidaliko dira, eta alderdi hauek jorratzen ahalko dituzte: tituluak berritzea, prestakuntza eskaintza, lanerako prestakuntza, lanbide arloko informazioa eta orientazioa, berrikuntza, antolaketa eta kudeaketa eredua eta/edo ikastetxeak kontuan hartzen duen beste edozein alderdi.

4. Bigarren Hezkuntzako Institutuak: urteko programazio orokorra.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasketak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta funtzionamendua 2016-2017 ikasturtean arautuko dituzten jarraibideak onesten dituen uztailaren 6ko 273/2016 Ebazpenean eta kapitulu honen 2. atalean adostasun agiriari buruz adierazitakoaz gain, hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako ikasketak ere ematen dituzten Bigarren Hezkuntzako institutuek arreta berezia eman beharko diete honako alderdi hauei:

4.1. Lanbide Heziketako plan berariazkoen berrikuspena eta programazioa.

Lanbide Heziketaren ildo estrategikoekin zerikusia duten eta ikastetxean ezarrita dauden planak berrikusi eta programatuko dituzte Bigarren Hezkuntzako institutuek, Urteko Programazio Orokorrean sartzeko.

4.2. Ikastetxearen ezaugarrien berrikuspena.

Berrikuspenaren helburua da ikastetxearen ezaugarri bereziak bilatzea. Hartan, besteak beste, alderdi hauei eginen zaie erreferentzia:

–Ikastetxearen inguru sozioekonomikoa eta lan ingurua.

–Loturak enpresekin eta erakundeekin.

–Jarduteko ildo estrategikoak eta ebaluatzeko sistema.

5. Ikastetxeko hobekuntza plana.

Etengabeko hobekuntzaren kulturan, beharrezkoa da hobekuntza plan bat izatea, ikastetxeak bidezkotzat jotzen dituen helburuak zehaztuko dituena, haiek hobetzeko. Helburu horiek aurreko ikasturteko memoriako ondorioak izanen dituzte oinarri, baina beharrezkoa den beste edozein helburu erants daiteke.

Besteak beste, ondoko gaiei buruzko helburuak erantsi beharko dira:

–Emaitzak, kanpoko nahiz barruko ebaluazioetan.

–Baloreetan oinarrituta dagoen ikasleen hezkuntza.

–Gaitasun digitalaren hobekuntza.

–Ikastetxe bateratuaren kalitatea kudeatzeko plana, halakorik bada.

Ikastetxe bateratuari egoki iruditzen zaizkion beste plan batzuen gaineko helburuak eransten ahalko dira.

Hobekuntza planak, ikastetxe bateratuaren egoeraren azterketatik abitatuta, ikuspegi orokor eta integratzaile batetik aurreikusitako helburuak lortzera zuzendutako jarduketa batzuk ezarriko ditu, denbora batez jarraitu behar dutela kontuan hartuta.

Datuetan oinarritutako egoeraren azterketa erraztu eta bateratzeko, eta helburuak lortzeko, Educa kudeaketa sistemak kudeatzailearen profilean sartzen dituen kontsulta automatizatuak ezarriko dira datu horien iturri gisa.

Ikastetxearen hobekuntza planean aurreikusitako neurriek adierazle batzuk izan beharko dituzte, haren eraginkortasuna ebaluatzeko. Emaitzak ikasturte bukaerako memorian sartuko dira.

Hezkuntza Departamentuak, bere zerbitzuen bidez, ikastetxe bakoitzaren hobekuntza planak garatzen eta haien helburuak lortzen lagunduko du, orientazioak, proposamenak, jardunbide egokien adibideak eta, halakorik bada, irakasleei prestakuntza emanez, ikastetxeek hobekuntzarako ildo eta jarduketak lehenesteko eta hautatzeko laguntza izan dezaten.

Ikastetxearen prestakuntza plana prestakuntza instituzionalaren gakoa da. Zuzendaritza taldeak ezarriko du haren edukia eta, Lanbide Heziketako ikasketen kasuan, titulu berriak ezartzetik, Lanbide Heziketaren Zerbitzuak proposatutako ildo eta sare estrategikoetatik eta hobekuntza planetik datozen premiei erantzun beharko die.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratuko du urteko hobekuntza planaren eta hortik datorren prestakuntza instituzionalaren planaren garapena, bere plan estrategikoaren arabera.

6. Programazio didaktikoak.

Ikastetxeek lanbide modulu guztien programazio didaktikoak prestatu beharko dituzte, bai eta modulu horien zati diren lan unitateenak ere, eta dagokien plangintza dokumentuan jasoko dira.

Programazio didaktikoetan gauzatzen da nola garatuko den curriculuma ikasgelan. Programazio didaktikoetan alderdi hauei erreparatuko zaie bereziki:

a) Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren curriculum berria duten zikloak ezartzearen ondorioz egin beharreko egokitzapena.

b) Apirilaren 8ko 52/2009 Foru Aginduaren 6. artikuluan adierazitakoa, ebaluazio prozesuaren plangintza irizpideei dagokienez eta arlo horretan erabakiak hartzeari dagokionez.

Ikasleek programazio didaktikoen oinarrizko alderdiei buruzko informazioa jaso beharko dute, Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 21eko 49/2013 Foru Aginduaren 2. artikuluan ezarri bezala. Horren bidez, ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak egiteko sistema ezarri zen Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ematen diren unibertsitatez kanpoko ikasketetarako.

7. Bizikidetza eta berdintasuna.

Bizikidetzaren eta berdintasunaren balioak funtsezko piezak dira ikastetxe bateratuaren proiektu funtzionalean eta Bigarren Hezkuntzako institutuen hezkuntza proiektuan.

7.1. Bizikidetza.

Bizikidetza planean curriculumeko eta antolaketako neurriak biltzen dira bizikidetza hobetzeko eta eskola-jazarpenaren edo tratu txarren egoerei aurrea hartzeko eta arreta emateko, eta, orobat, begirune, tratu eta aukera berdinak eskaintzeko eta errespetua sustatzeko ikastetxearen komunitateko kide guztien artean, salbuespenik egin gabe.

Zeregin hori gauzatzeko, ikastetxeek bizikidetza planaren jarduketa ildoak jorratu beharko dituzte. Horretarako, web-orri honetako ereduak eta iradokizunak balia daitezke:

https://www.educacion.navarra.es/web/dpto/educacion-en-valores/asesoria-para-la-convivencia/profesorado/documentos-de-apoyo

http://www.educacion.navarra.es/documents/27590/616981/acoso+escolar.pdf/17ce7bf1-57a9-4f96-9f7d-571ba2fb3b23

Eta jokabide suizidei aurre egiteko protokoloa:

http://www.educacion.navarra.es/documents/27590/548485/Suicidio.pdf/b5374981-511a-40ed-82c5-7c74bc23b049

Ikastetxe guztietan, bizikidetza plana eta horren urteko zehaztapena eguneratuko dira, eta bizikidetza araudira egokituko. Zeregin hori orientatzeko, Hezkuntza Departamentuak, foru agindu baten bidez, laster osatuko du indarrean dagoen araudia (57/2014 Foru Dekretua, 47/2010 Foru Dekretua, 204/2010 Foru Agindua eta Nafarroako hezkuntzan genero indarkeriari aurrea hartzeko eta berdintasunezko heziketarako plana).

Bizikidetzitzari buruzko araudia web honetan kontsulta daiteke:

https://www.educacion.navarra.es/web/dpto/educacion-en-valores/asesoria-para-la-convivencia

Ikastetxe bakoitzeko tutoretza planean eta hezkuntza orientabidearen zereginetan, neurri eta jarduerak programatuko dira ikasleen artean bizikidetza eta errespetua sustatzeko.

7.2. Berdintasuna.

Ikastetxeko urteko jarduketa planaren barrenean atal bat erantsiko da, ondokoa lortzeko helburuak zehaztuko dituena:

–Genero indarkeriari aurrea hartzea eta bereizkeria-jarrerak saihestea, errespetu jarrerak garatuz pertsona guztien gorputzari, autoestimuari, norberaren segurtasunari eta errespetua eta indarkeria-eza oinarri dituzten giza harremanak izateko gaitasunari dagokienez.

–Emakumeen eta gizonen arteko harremanen oinarrian dauden estereotipoak aldatzen laguntzea.

–Maskulinitatearen eta feminitatearen bestelako ereduak aurkeztea, gizarte berdinagoa eta konfrontaziorik gabea eraikitzeko.

–Sustatzea berdin baloratuko direla emakumeen eta gizonen esperientzia, gaitasuna eta ekarpen soziala zein kulturala.

–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta giza eskubideekiko errespetua sustatzen dituzten hezkuntza materialak eta testuliburuak erabiltzea.

–Sustatzea orientabide akademikoak eta profesionalak oinarri daitezela pertsonen gaitasunetan eta trebetasunetan, eta ez sexu batekoa edo bestekoa izatean.

Tutoretza plana urtero zehaztean, aipatutako helburuak gauzatzeko jarduketak sartuko dira.

8. Arreta aniztasunari Lanbide Heziketako ikasketetan.

Lanbide Heziketako ikasketen helburua da ikasleek behar dituzten gaitasun profesional, pertsonal eta sozialak eskuratzea, kasuan kasuko mailaren arabera, gauza izan daitezen, besteak beste, heziketa zikloaren gaitasun orokorrean zehaztutako lanbide jardueran aritzeko.

Ebaluatzeko, ikaskuntzaren emaitzetan adierazitako helburuak eta lanbide modulu bakoitzeko ebaluazio irizpideak hartuko dira erreferentzia gisa, bai eta heziketa zikloaren edo espezializazio ikastaroaren helburu orokorrak ere. Ebaluazio prozesuetan kontuan hartuko dira desgaitasuna duten ikasleei eta hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei egiten zaizkien egokitzapenak, eta ebaluazio probak egiten ahal dituztela bermatuko da.

Ikaspostu bat erreserbatu da Lanbide Heziketako ikasketetan onartua izateko prozesuan, hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzat eta beste ikaspostu bat desgaitasunak dituzten ikasleentzat. Ikastetxeetako zuzendaritzek aniztasunari erantzuteko planaren zehaztapen bat igorriko diote, euskarri elektronikoan, Aniztasunarekiko Arretaren eta Hezkuntza Premia Berezien Atalari. Bertan jasoko da zein diren ezarritako antolaketa-neurriak eta nola banatu diren esleitutako baliabideak.

Ikasle guztiei behar bezalako arreta emateko, ikastetxeek premia guztiei egokien erantzuten dieten neurriak antolatuko dituzte, ikasteko nahasmenduaren eta arreta faltagatiko nahasmenduaren eta hiperaktibitatearen ondoriozkoak barne, bai eta gaitasun intelektual handien ondoriozkoak ere, indarreko araudian ezarritakoaren arabera. Gainera, ikasleengan detektatzen diren premia guztiei erantzuteko, behar diren proba egokitzapenak, metodologia aldaketak eta abar garatuko dira.

Irakasle taldeen proposamenak jaso ondoren, ikasketaburutzak ikasleen premiei dagokien laguntza antolatuko du, hezkuntza orientabidearen arduradunen aholkuei jarraikiz eta ikastetxearen baliabideak kontuan hartuz.

Modulua ematen duten irakasleena da ikasleei arreta emateko neurriak hartzearen erantzukizuna. Taldeko tutoreari neurri horien berri eman beharko zaio.

Moduluren bat gainditu gabe daukaten ikasleentzat programa indargarri bat prestatuko da, behar diren departamentuek parte hartuta.

Aipatu beharra dago indarreko araudiak hainbat eratako neurriak dituela ikasle horientzat, hala nola, alde batetik, ikasturtean bi modulutan baino gehiagotan ebaluatzeko deialdiari uko egiteko aukera, eta bestetik, zikloan gehienez sei ikasturtez jarraitzeko aukera.

Plan hori prestatzeko orientabideak Hezkuntza Departamentuaren webgunean kontsulta daitezke:

https://www.educacion.navarra.es/web/dpto/plan-de-atencion-a-la-diversidad

9. Ebaluazioa eta hobekuntza.

Ebaluazioak etengabeko hobekuntzaren zerbitzuan egon behar du, eta lehen mailako laguntza eta baliabide gisa hartu behar da, hobeki ezagutzen laguntzen baitu Lanbide Heziketako ikasketei buruz ikastetxeetan burutzen diren hezkuntza jardueren ondorioak eta errealitatea. Alde horretatik, hobekuntza planean sartu beharreko neurriak eta esparruak ezartzeko orduan, ikasleen hiruhileko emaitzak (behar diren neurriak hartzeko informazio eta hausnarketa iturri izan beharko direnak) eta ebaluazioen emaitzak hartuko dira kontuan.

10. AbiesWeb eta eskolako liburutegia.

Ikastetxeek eskatuz gero, eskura dute AbiesWeb programa, eskolako liburutegien kudeaketa informatizaturako programa. Departamentuko zerbitzu egokiek instalatu eta abian jarriko dute programa, ikastetxe bateratuak programaren arduradun izateko aukeratzen duen pertsonak programa erabiltzeko oinarrizko ikastaroa egin ondoren.

AbiesWeb instalatzen duten edo berriki instalatu duten ikastetxeei, programa horren kudeaketaren ardura duen Hezkuntza Departamentuko Zerbitzuan eskolako liburutegia garatzeko programa aurkezten badute, ikastetxearen ordu erabilgarrien artean ordu osagarri bat edo bi esleitzen ahalko zaie programa abiarazteko eta eskolako liburutegia kudeatzeko, ikastetxeko unitateen eta aurkeztutako programaren arabera.

Eskolako liburutegiaren programa horretan gutxienez ere alderdi hauek zehaztuko dira Lanbide Heziketako ikasketei buruz: funts bibliografikoen automatizazioa eta antolakuntza, liburutegiak ikastetxearen programei eta proiektuei ematen dien laguntza, dagokion lanbide sektoreari lotutako argitalpen zientifiko teknikoen irakurketa sustatzeko ekintzak, zer erabilera eta ordutegi dauden eskola orduetan eta eskolaz kanpo, maileguen sistema eta ikastetxeak zehaztuko dituen beste batzuk.

II. KAPITULUA

Lanbide Heziketak ikasketak garatzeko jarraibideak

1. Oinarrizko Lanbide Heziketa - Lanbide lantegiak.

Hezkuntzaren kalitatea hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak Lanbide Heziketaren oinarrizko zikloak sortu zituen, hezkuntza sistemaren lanbide heziketako ikasketen barrenean.

Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 6ko 66/2016 Foru Aginduaren bidez arautzen da Oinarrizko Lanbide Heziketaren antolaketa eta garapena Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan. Orobat, Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 6ko 65/2016 Foru Aginduaren bidez, uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren V. kapituluan eta otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarrian aipatzen diren Lanbide Heziketako prestakuntza programak, lanbide lantegiak deituak, arautzen dira hezkuntza premia berariazkoak dituzten ikasleentzat, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan.

Azkenik, Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 6ko 67/2016 Foru Aginduaren bidez, ikasleak ikastetxe publikoetan, pribatu itunduetan eta erakundeetan onartzeko prozedura arautzen da, oinarrizko Lanbide Heziketako heziketa zikloak eta Lanbide Lantegiak egiteko, Nafarroako Foru Komunitatean.

1.1. Esku hartzea absentismoaren aurrean.

Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetan eta lanbide lantegietan erabateko eskolatzea lortzeko eta absentismoa murrizteko, batera eta testuinguruari helduta jardun behar dute hezkuntza komunitate osoak, oinarrizko gizarte zerbitzuek, Adingabearen Babes eta Sustapenerako Atalak eta fiskaltzak.

Absentismoa da eskolako bizitzarekin bat egiteko dauden oztopoen adierazpen argienetako bat. Lehentasunezkotzat jotzen da ikasleak erregulartasunez joatea eskolara beste helburu batzuk lortzeko (ezagutzak, gizarte harremanak, oinarrizko gaitasunak, etorkizunean lana, bizitza soziala eta kulturala izateko aukera...).

Arazoa diagnostikatu eta hari aurre egiteko, ikastetxeek absentismoaren protokoloa erabili behar dute, 2015-2016 ikasturtean eguneratu zena. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak eginen du protokolo horren aplikazioaren jarraipena ikastetxeetan.

Ikastetxearen errealitate hori zehazki ezagututa, sareko lana bultzatuko da inguruneko instituzio guztiekin (SSB, EAIA, adingabearen babesa, eta abar), inguruneko beharrekin bat egiten duten estrategiak prestatzeko.

1.2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortzea.

Azaroaren 20ko 1058/2015 Errege Dekretuaren xedapen iragankor bakarrak ezartzen duenez, 2015-2016 ikasturtean edo 2016-2017koan Oinarrizko Lanbide Heziketako titulua lortzen duten ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua eskuratzen ahalko dute, baldin eta heziketa zikloaren azken ebaluazioan, irakasle taldearen ustez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako helburuak lortu badira eta horiei dagozkien gaitasunak eskuratu.

Uztailaren 29ko 310/2016 Errege Dekretuak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko azken ebaluazioak arautzen dituenak, azken xedapenetako laugarrenean xedatzen du 2015-2016 ikasturtean edo 2016-2017koan lortzen diren Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu tituluek, azaroaren 20ko 1058/2015 Errege Dekretuaren xedapen iragankor bakarrarekin bat, aukera emanen dutela Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 3.4 artikuluan jasotzen diren derrigorrezko irakaskuntzaren ondoko edozeinetan sartzeko, haietako bakoitzean sartzeko oro har ezarritako beharkizunak galarazi gabe.

Kasu horietan, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 42.4 artikuluan aurreikusitako multzo komunei lotutako moduluetan, hots, Komunikazioa eta Gizartea 1 eta 2, eta Zientzia Aplikatuak 1 eta 2 izenekoetan, lortzen den batez besteko kalifikazioa izanen da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako azken kalifikazioa.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu tituluan eginbide baten bitartez jasoko da titulu hori uztailaren 29ko 310/2016 Errege Dekretuaren azken xedapenetako laugarrenean adierazitako moduan lortu dela.

1.3. Erdi mailako zikloetan sartzeko proba gainditu izanaren ziurtagiria lortzea.

Ekainaren 6ko 65/2016 Foru Aginduaren 24. artikuluak ezartzen du lanbide lantegi bat gainditzen duen ikasleak erdi mailako heziketa zikloetan sartzeko proba gainditu izanaren ziurtagiria lortuko duela.

2017ko probetarako dei egin eta haiek arautzen dituen ebazpenak arautuko du ziurtagiri hori lortzeko prozedura.

2. Lanbide Heziketa urrutitik eta online.

2016-2017 ikasturtean beste foru agindu bat prestatuko da Lanbide Heziketaren urrutiko online modalitatea arautuko duena Nafarroan.

2016-2017 ikasturtean, hurrengo jarraibideen arabera garatuko da Lanbide Heziketa urrutiko online modalitatean:

2.1. Hasierako saioa.

Heziketa ziklo bakoitzak bere aurrez aurreko saioa izanen du kurtsoa hasi aurretik agertu nahi duten ikasleentzat; matrikula egiteko unean adieraziko dira haren data eta ordua.

Heziketa zikloko koordinatzaileak gidatuko du saioa modalitate horretan irakaslanean aritzen diren taldeko gainerakoekin eta zuzendaritza taldeko ordezkari batekin.

Ikasleen zalantzak kurtsoa hasi aurretik argitzea da helburua, hau da, zikloaren egutegia eta jarduera presentzialak, tutoretza orduak, ezagutzen gaineko probak, metodologia, ebaluazioa, moduluen baliozkotze-aitortza eta, oro har, kurtsoaren funtzionamendua.

2.2. Metodologia.

Irakasle-tutoreak garaiz planifikatuko ditu lan unitate bakoitza hasteko eta bukatzeko egunak, bai eta noiz ireki eta itxiko diren unitate bakoitzeko jarduerak.

Lan unitatea ireki aurretik, irakasle-tutoreak ziur egon beharko du ikasleek eskura ditzaketen elementuak prest daudela eta akatsik gabe. Akatsen bat atzemanez gero, haren berri emanen dio zikloko koordinatzaileari, hark plataformaren administratzaileari jakinarazteko.

Diren bezalakoak izateagatik, gelan praktikak egitea eskatzen duten moduluetako irakasle-tutoreek saio praktiko presentzialak antolatuko dituzte helburu horrekin. Garaiz emanen da saio horien berri eskura dauden baliabide guztiak baliatuta, zabaltzen direla bermatzeko.

Ez da inoiz posta elektronikoa erabiliko, ez eta plataformatik kanpoko bestelako tresnarik ere, lanak igortzeko eta zuzentzeko. Kalifikatu beharreko jarduera guztiak behar bezala jasota egonen dira plataforman eta horren konfigurazioak uneoro emanen dio aukera ikasleari lortu duen kalifikazioan, igortzen duen lanean eta zuzentzailearen oharretan sartzeko.

Irakasle-tutore batek gidatuko du modulu bakoitza, eta dagokion zikloko koordinatzaileak gainbegiratuko.

2.3. Ebaluazioa.

Irakasle-tutorea arduratuko da ematen duen moduluko kurtsoari dagokion kalifikazio liburua antolatzeaz eta kudeatzeaz. Programazio didaktikoan duten banaketaren arabera bilduko ditu ebaluazioaren elementuak tresna horretan, eta kontatzen ez dutenak ezkutatuko ditu. Beharrezko konfigurazioa aplikatuko du, ikasleak itxaron gabe kontsulta ditzan ebaluatzen diren elementuetan lortu dituen kalifikazioak.

2.4. Irakasleen ordutegia.

Irakasleei Lanbide Heziketaren urrutiko online modalitatearen eremuan eginkizunak betetzeko esleitzen zaizkien orduak haien irakastorduen parte izanen dira eta, nahitaezkoa izanen dute ordu horietan ikastetxean egotea.

Ikasketa horiek ematen diren ikastetxeetan irakastordu komun bat gutxienez ere ezarriko da astean, urrutiko online modalitateko LHko ziklo bakoitzean irakasten duten irakasle guztientzat, ikastetxe bakoitzeko ordutegia kontua hartuta. Bertan, antolatzen diren irakasle taldearen aldian aldiko bilerak eginen dira, zikloari lotutako alderdi aipagarriak lantzeko: besteak beste, prestakuntza, irizpide metodologiko komunak, ikasketen bilakaera. Zikloko koordinatzaileak gidatuko ditu aldian aldiko bilerak.

Ikastetxeetako zuzendaritzek toki komunak prestatu beharko dituzte ikastetxean, bai eta beharrezko baliabideak ere, irakasleek ikasketa horien koordinazioa eta jarraipena egiteko modua izan dezaten.

2.5. Material didaktikoak.

Modalitate hau ematen duten irakasleek Nafarroako urrutiko LHko Moodle plataforman jasota egonen diren berariazko material didaktikoak eta jarduera proposamenak erabiliko dituzte, nahiz irakasleen laguntzarako materiala prestatua izan curriculum edukien zenbait alderdi osatu, eguneratu, handitu eta hobetzeko; material hori irizpide hauen arabera beharko da prestatu:

a) Kurtsoaren egitura mantentzea.

b) Jatorrizko edukiak plataforman mantentzea, ikasleek ez ikusteko moduan.

c) Materiala prestatzea; norberak sortutakoa izan beharko du edo/eta erabilera librerako lizentziarekin, hezkuntza helburuetarako.

Irakasleek prestatutako materiala argitaratzeko, zikloko koordinatzaileak “Curriculum materialen argitalpena” izeneko dokumentua, behar bezala betea, igorri beharko du Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atalera. Hementxe dago dokumentu hori:

https://goo.gl/eaplJe

Edukietan atzemanten diren akatsak inprimaki honen bitartez jakinaraziko dituzte irakaleek:

https://goo.gl/1YD7Xi

Zikloetako koordinatzaileek plataformako material didaktikoa presta dadin indartuko dute, dauden edukiak egokituta edo/eta eguneratuta. Kurtsoan zehar, bilerak eginen dira ikastetxean irizpideak zehaztu eta bateratzeko, Nafarroako urrutiko Lanbide Heziketako materialak plataforman argitaratzeari begira. Orobat, Hezkuntza Departamentuak aldian aldiko bileretara deituko ditu zikloko koordinatzaileak, helburu berarekin.

3. Lanbide Heziketa Duala.

2016-2017 ikasturtean araudi berri bat prestatuko da, Lanbide Heziketa Duala erregulatuko duena Nafarroako Lanbide Heziketako heziketa zikloetan; besteak beste, honako alderdi hauek arautuko ditu: modalitate honen antolamendua (garapena, modalitateak, ezaugarriak eta iraupena), enpresen eta tutoreen beharkizunak ikastetxean eta enpresan, eta ikasleen ebaluaziori buruzko alderdiak.

2016-2017 ikastuterako, jarraibide hauen arabera garatuko dira Lanbide Heziketa Dualaren proiektuak:

3.1. Enpresekiko lankidetza hitzarmenak.

Ikastetxeak lankidetza hitzarmen bat izenpetuko du Lanbide Heziketa Dualeko proiektuan parte hartzen duen kasuan kasuko sektoreko enpresa bakoitzarekin.

3.2. Prestakuntza programak.

Azaroaren 8ko 1529/2012 Errege Dekretuaren 30. artikuluarekin bat, prestakuntza programa bat erredaktatuko da, parte diren lanbide modulu bakoitzaren programazioak bilduko dituena. Ikastetxean modulu bakoitzaren irakasle titularrak prestatuko du, ukitutako enpresen arduradunekin elkarlanean.

Programazioek, gutxienez, honako hauek bilduko dituzte: ikastetxean eta enpresan egin beharreko jarduerak, lanbide moduluei dagozkien ikasketa emaitzak lortzeko; haien iraupena; ikasleek egiten duten jardueran informazioa biltzeko dituzten tresna eta prozedurak; eta hura ebaluatu eta kalifikatzeko irizpideak.

Nolanahi ere, programazio horiek prestakuntzaren ezaugarrietara egokituko dira, dagokion lanbide heziketa dualaren proiektuan xedatzen denaren arabera, eta, gainera, goi mailako heziketa zikloen bigarren mailan, azken ebaluazioa egiteko deialdietarako ezarritako datak aurreikusi beharko dira.

3.3. Tutoretzak.

Enpresan egiten den prestakuntzaren jarraipena egiteko ikastetxeko zuzendaritzak izendatzen duen tutoreak, Lanbide Heziketa Dualeko esperientziaren arduraduna den aldetik, programazioak gainbegiratu eta koordinatuko ditu, eta haren ardura izanen da enpresak, prestakuntza programaren tutore gisa aritzeko, izendatzen duen pertsonari helaraztea kasuan kasuko irakasle titularrek egiten dituzten lanbide moduluen programazioak. Orobat, haien garapena gainbegiratuko du.

Enpresak izendatutako tutorearekin biltzeko hilabeteko egutegia prestatu beharko du ikastetxeko zuzendaritzak izendatutako tutoreak. Bilera horien xedea prestakuntza jarduera koordinatzea izanen da, bai enpresakoa bai ikastetxekoa. Orobat, prestakuntza programari dagozkion moduluetako irakasleekin biltzeko egutegia prestatu beharko du, enpresan egiten diren prestakuntza jarduerei jarraipena egitea eta haiek ebaluatzea helburu.

3.4. Ikasleentzako laguntza, administrazio prozeduretan.

Ikastetxeko Lanerako Prestakuntza eta Orientabideak espezialitateko irakasleek laguntza emanen diete ikasleei administrazio prozeduretan, eta, bereziki, ikasleek NAN elektronikoa edo ziurtagiri elektronikoa lortzeko prozedura erraztuko dute, haren bidez hartzen ahal baitute alta gazteen berme sisteman.

3.5. Lantokiko Prestakuntza modulua.

Lanbide Heziketa Dualeko proiektuan parte hartzen duten heziketa zikloetan, Lantokiko Prestakuntza modulua ikasleak enpresan egiten duen jardueraren barrenean sartuko da, eta hura bukatu ondoren ebaluatu eta kalifikatuko da. Ikasturte batean edo bitan eginen da, Lanbide Heziketa Dualeko kasuan kasuko proiektuan ezarritakoari jarraikiz.

3.6. Proiektuaren modulua, antolaketa duala duten LOEren araberako goi mailako heziketa zikloetan.

Ikasleek prestakuntza zikloaren 2. kurtsoa hasten denetik aurrera egiten ahalko dute modulu hori, eranskin honen III. kapituluko 1. atalean modulu honetarako emandako jarraibideen arabera.

3.7. Lanbide moduluen ebaluazioa.

Lanbide Heziketa Dualeko proiektuari dagokion prestakuntza programarako izendatzen den ikastetxeko irakasleak ebaluazioa koordinatzeko ardura izanen du parte hartzen duten ikastetxeko irakasleekin eta enpresako tutoreekin.

Ikastetxean, modulu bakoitzaren irakasle titularrek honako hauek eginen dituzte:

a) Ikasleek enpresan jasotzen duten prestakuntza lortzen duten aurrerapena gainbegiratzea eta

b) Lanbide moduluen ebaluazioaren eta kalifikazioaren ardura izatea.

Enpresak izendatutako tutoreak lanpostuko jardunari buruz egindako txostena, non egindako jardueren emaitza jasotzen den, hartu beharko dute kontuan; orobat, enpresako prestatzaileen beste edozein ekarpen eta ikastetxeko tutoreak jasotzen duen informazioa, ikasleek enpresan hartutako prestakuntzaren jarraipenari buruz.

Nafarroako hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketa ebaluatzeko indarreko araudian ezarritakoa aplikatuko da.

Lanbide Heziketa Dualeko proiektu esperimentalean erabilitako deialdiak hartuko dira kontuan aurreko lerroaldean aipatutako indarreko araudian ezartzen diren deialdien gehieneko konputuaren ondorioetarako.

3.8. Lanbide Heziketa Dualaren egiaztagiriak.

Apirilaren 8ko 52/2009 Foru Aginduan ezarritako ebaluazio agirietan eta ikasketen ziurtagirietan, adieraziko da Lanbide Heziketa Dualari dagokion modalitatea “Lana-prestakuntza” dela.

4. Sarbide ikastaroa.

Hezkuntzako zuzendari nagusiaren maiatzaren 6ko 151/2016 Ebazpenak Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 42.5 artikuluak aipatzen dituen borondatezko irakasgaiak arautzen ditu Nafarroan, haiek goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa izeneko kurtsoan modu esperimentalean antolatuta.

Sarbide ikastaroa hiru modalitatetan antolatu da, horiek bi irakasgai multzotan osaturik: irakasgai komunen multzoa eta modalitateko irakasgaien multzoa.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 42.5 artikuluan zehaztu dira irakasgai komunen multzoko irakasgaiak (komunikazioa gaztelaniaz, komunikazioa atzerriko hizkuntzan, matematika aplikatua eta, zein den kasua, komunikazioa hizkuntza koofizialean). Maiatzaren 6ko 151/2016 Ebazpenean zehaztu dira modalitateko irakasgaien multzoko irakasgaiak, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren aipatu 42.5 artikuluko bigarren lerroaldean ezarritakoan oinarrituta.

Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak ez duenez garatu Nafarroan antolatu sarbide ikastaroko irakasgai komunen multzoa osatzen duten irakasgaien curriculuma, 2016-2017 ikasturtean ez da garatuko maiatzaren 6ko 151/2016 Ebazpenaren zazpigarren oinarrian, goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroaren curriculuma izenekoan, aipatzen den curriculuma garatuko.

Hori oinarri, eta sarbide ikastaroa esperimentalki erregulatu eta antolatua dagoenez 2016-2017 ikasturterako, hauxe izanen da haren irakasgaien curriculumerako erreferentzia:

a) Irakasgai komunen multzoa:

–Komunikazioa gaztelaniaz. Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren urriaren 23ko 319/2009 Ebazpenean ezarritakoa izanen da prestakuntza ikastaroko “Gaztelania” irakasgairako curriculum erreferentzia.

–Komunikazioa atzerriko hizkuntzan: Ingelesa. Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren urriaren 23ko 319/2009 Ebazpenean ezarritakoa izanen da prestakuntza ikastaroko “Atzerriko hizkuntza: ingelesa” irakasgairako curriculum erreferentzia.

–Komunikazioa atzerriko hizkuntzan: Frantsesa. Apirilaren 22ko 25/2015 Foru Dekretuan Batxilergoko lehen ikasmailako “Atzerriko lehen hizkuntza: Frantsesa” irakasgaiarentzat ezarritakoa izanen da oinarritzat hartuko den curriculum erreferentzia.

–Matematika aplikatua. Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren urriaren 23ko 319/2009 Ebazpenean prestakuntza ikastaroko “Gizarte-zientziei aplikatutako matematika” irakasgaiarentzat ezarritakoa izanen da Sarbide Ikastaroko “Gizarte-zientziak” eta “Osasun Zientziak” modalitateetarako curriculum erreferentzia; eta Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren urriaren 23ko 319/2009 Ebazpenean prestakuntza ikastaroko “Matematika” irakasgaiarentzat ezarritakoa, Sarbide Ikastaroko “Matematika” modalitaterako.

–Komunikazioa euskaraz. Apirilaren 22ko 25/2015 Foru Dekretuan Batxilergoko “Euskal Hizkuntza eta Literatura I” irakasgaiarentzat ezarritakoa izanen da oinarritzat hartuko den curriculum erreferentzia.

b) Modalitateko irakasgaien multzoa:

–Fisika eta Kimika aplikatuak. Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren urriaren 23ko 319/2009 Ebazpenean prestakuntza ikastaroko “Fisika eta Kimika” irakasgaiarentzat ezarritakoa izanen da oinarritzat hartuko den curriculum erreferentzia.

–Teknologia industrial aplikatua. Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren urriaren 23ko 319/2009 Ebazpenean prestakuntza ikastaroko “Teknologia industriala” irakasgaiarentzat ezarritakoa izanen da curriculum erreferentzia.

–Marrazketa Teknikoa. Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren urriaren 23ko 319/2009 Ebazpenean prestakuntza ikastaroko “Marrazketa Teknikoa” irakasgaiarentzat ezarritakoa izanen da curriculum erreferentzia.

–Ekonomia aplikatua. Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren urriaren 23ko 319/2009 Ebazpenean prestakuntza ikastaroko “Enpresaren ekonomia” eta “Ekonomia” irakasgaientzat ezarritakoa izanen da oinarritzat hartuko den curriculum erreferentzia.

–Informazioaren eta komunikazioaren teknologia aplikatuak. Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren urriaren 23ko 319/2009 Ebazpenean prestakuntza ikastaroko “Informazioaren eta Komunikazioren Teknologiak” irakasgaiarentzat ezarritakoa izanen da curriculum erreferentzia.

–Geografia aplikatua. Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren urriaren 23ko 319/2009 Ebazpenean prestakuntza ikastaroko “Geografia” irakasgaiarentzat ezarritakoa izanen da curriculum erreferentzia.

–Giza biologia aplikatua. Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren urriaren 23ko 319/2009 Ebazpenean prestakuntza ikastaroko “Biologia” irakasgairentzat ezarritakoa izanen da oinarritzat hartuko den curriculum erreferentzia.

–Kimika aplikatua. Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren urriaren 23ko 319/2009 Ebazpenean prestakuntza ikastaroko “Kimika eta Fisika” irakasgairentzat ezarritakoa izanen da oinarritzat hartuko den curriculum erreferentzia.

–Fisika aplikatua. Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren urriaren 23ko 319/2009 Ebazpenean prestakuntza ikastaroko “Fisika eta Kimika” irakasgaiarentzat ezarritakoa izanen da oinarritzat hartuko den curriculum erreferentzia.

Ezarritako curriculum erreferentziak oinarritzat hartuta, beharrezkotzat jotzen diren zehaztapen eta egokitzapenak eginen dira programazio didaktikoetan, ikasleak modu egokian iragan daitezen goi mailako heziketa zikloetara.

III. KAPITULUA

Antolaketa alderdiak

1. Proiektuaren modulua.

2016-2017 ikasturtean araudi berri bat prestatuko da, Lanbide Heziketako heziketa zikloetako proiektuaren modulua arautuko duena. 2016-2017 ikasturtean, hurrengo jarraibideen arabera garatuko da asteko ordutegian irakastorduak esleituta ez dituen proiektuaren modulua:

1.1. Aurkeztu beharreko proiektuaren ezaugarriak.

Taldean edo banaka prestatzen ahalko da proiektua; taldean eginez gero, hiru ikasle izanen dira gehienez ere.

Zein den heziketa zikloa, horren arabera sailkatzen ahalko dira proiektuak mota hauetako batean:

a) Kasu praktikoak ebazteko proiektua: heziketa zikloari lotutako produktua, zerbitzua edo instalazioa diseinatu eta gauzatzeko kasu erreal bat planteatuko da eta ikaskuntzaren metodologia berriak (elkarlaneko ikaskuntza, proiektuen bidez edo problemak ebatziz) aplikatuz garatu beharko da.

b) Berrikuntza proiektua: produktu berri bat garatuko da, produkzio sistema, garapen teknologikoa, ahal dela.

c) Ekintzailetza proiektua: bideragarritasun azterlanak egitera bideratuko da, merkadoteknia, prozesu bat edo negozio ideia bat abian jartzea.

d) Proiektu dokumental - bibliografikoa: berriki argitaratu diren lan zientifiko-teknikoen azterketa eta iruzkin kritikoa egitera bideratuko da, heziketa zikloarekin zerikusia duen gaurkotasuneko gai berariazko bati buruz edo tituluarekin zerikusia duen eremuan izandako bilakaera teknologikoari buruz.

Proiektu horiek ikastetxearen jarduketa eremuaren lanbide sektoreko enpresekin eta erakundeekin elkarlanean egiten ahalko dira.

1.2. Proiektuaren moduluko irakasleak eta haien eginkizunak.

Proiektuaren modulua antolatu, garatu, jarraipena egin eta ebaluatzeko ardura duten irakasleek eginen dute irakaslana heziketa zikloaren bigarren ikasmailan, haiek izanen dute zikloko gutxieneko ikasketak ezartzen dituen Errege Dekretuak finkatzen duen irakasteko eskudantzia eta ordutegitik libre geldituko dira hirugarren hiruhilekoan, ikasleek lantokiko prestakuntzaren modulua egiten ari direlako.

Proiektuak irakasleen artean banatuko dira; bakoitzak zer ordu murrizketa duen, horren arabera. Irakasle talde horrek proiektuen gaiak eta haiek ebaluatzeko irizpideak ezarriko ditu eta proiektua ikasleei esleituko die.

Hauexek dira proiektuaren modulua antolatu, garatu, jarraipena egin eta ebaluatzeko ardura duten irakasle horien eginkizunak:

–Batera eta adostuta prestatzea proiektuaren moduluaren programazioa.

–Proiektuaren moduluaren irakasle titularra izendatzea. Adostasunik ez bada, ikastetxeko zuzendariak izendatuko du proiektuaren moduluaren irakasle titularra.

–Ikasleak orientatu, zuzendu eta gainbegiratzea proiektua planifikatu eta gauzatzen, bai eta proiektua aurkezten ere, halakorik bada.

–Proiektuaren modulua ebaluatu eta kalifikatzea, aldez aurretik ezarrita diren ebaluazio irizpideen arabera.

1.3. Proiektuaren modulua garatu, jarraipena egin eta ebaluatzea.

Batera eraman beharko dira banakako tutoretza zein taldekoa proiektuaren modulua garatzeko eta hari jarraipena egiteko. Horretarako, lantokiko prestakuntzaren modulua egiten duen epean ikasleak ikastetxera etortzen diren egunak baliatuko dira, bai eta teknologia berrien erabilera ere komunikatzeko, jarraipena egiteko eta zalantzak argitzeko.

Proiektuaren modulua antolatu, garatu, jarraipena egin eta ebaluatzeko ardura duten irakasleek, hirugarren hiruhilekoan, beren asteko irakastorduetatik gutxienez ere ordubete erabili beharko dute proiektuaren moduluari arreta emateko eginkizunetan.

2. Urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren (LOGSE aurrerantzean) babesean ezarritako Lanbide Heziketako ikasketetatik maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren (LOE aurrerantzean) arabera ezarritakoetara pasatzea.

Titulu berriak ezartzeko prozesuan, zeinean LOGSEko curriculumaren eta LOEko curriculumaren araberako mailak batera izanen baitira ezinbestean, egoera horrek sortzen dituen egoera bereziak jarraian azaltzen diren ataletan jasotako xedapenen arabera konponduko dira.

2.1. 2015-2016 ikasturtean LOGSEko zikloen lehen maila egin duten ikasleak (ziklo horien ordez LOEko ziklo berriak ezarriko dira 2016-2017 ikasturtean).

a) LOGSEko zikloetako lehen maila egin baina bigarren mailara igarotzen ez diren ikasleak.

LOGSEko curriculumeko lehen maila egin eta LOGSEren araberako teknikari eta goi mailako teknikari tituluen bigarren mailara igarotzerik ez duten ikasleek LOEren ondorioz ezarritako curriculum berriaren arabera jarraitu beharko dute heziketa zikloa. Hala dagokionean, bidezkoak diren lehen mailako moduluak balioztatuko zaizkie, eta ziklo berriko gainerako moduluak egin beharko dituzte. Kasu horretan, ikasleek deialdi kopuru hau edukiko dute modulu bakoitzeko:

a1) LOEko curriculumeko moduluekin balioztatzen ahal diren moduluen kasuan, titulu bakoitzaren egitura eta curriculuma ezartzen dituzten foru dekretuen arabera, baldin eta gainditu ez badira, LOGSEren araberako heziketa zikloko mailan edo mailetan ahitu diren deialdiak ondorio guztietarako ahitutzat joko dira. Beraz, ikasleek apirilaren 8ko 52/2009 Foru Aginduan ezarritako deialdi kopurua izanen dute, hau da, lau deialdi arrunt eta aparteko deialdi bat.

a2) Moduluak LOEko curriculumeko moduluekin balioztatzerik izan ez denean, ikasleek lau deialdi arrunt eta aparteko deialdi bat izanen dituzte modulu bakoitzeko, apirilaren 8ko 52/2009 Foru Aginduan ezarritako moduan.

b) LOGSEko zikloetako lehenbiziko maila egin ondoren, moduluren bat gainditu gabe 2. mailara igarotzen diren ikasleak.

LOGSEko curriculumeko lehen maila egin duten ikasleek moduluren bat gainditu gabe utzi eta LOGSEren araberako teknikari eta goi mailako teknikari tituluen bigarren mailara igarotzerik badute, LOGSEko curriculumaren arabera jarraituko dute heziketa zikloa. Halakoetan, ikastetxeak behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak jarri beharko ditu, lehenbiziko mailan utzitako moduluak gainditu ahal izateko gelditzen zaizkien deialdietan gainditzeko modua izan dezaten, gaur egun egiten den bezala.

2.2. 2015-2016 ikasturtean LOGSEko zikloen bigarren maila egin duten ikasleak (ziklo horien ordez LOEko ziklo berriak ezarri ziren 2015-2016 ikasturtean).

a) LOGSEko zikloetako 2. mailako ikasleak, 2. mailako modulu guztiak gainditu gabe uzten dituztenak.

LOGSEko zikloetako bigarren maila egin eta maila horretako modulu guztiak gainditu gabe uzten dituzten ikasleek LOEren ondorioz ezarritako curriculum berriaren arabera jarraitu beharko dute heziketa zikloa. Hala badagokio, bidezkoak diren lehen mailako moduluak balioztatuko zaizkio, eta kasuan kasuko mailako (dela lehenengoa dela bigarrena) gainerako moduluak egin beharko dituzte LOEko heziketa zikloaren arabera.

Deialdi kopuruari dagokionez, eranskin honen 2.1.a1) eta 2.1.a2) oinarrian xedatutakoari jarraituko zaio. Gainditu gabe utzitako modulu guztiak egin eta gainditutakoan, luzatzen den titulua LOEren araberakoa izanen da.

b) LOGSEko zikloetako 2. mailako ikasleak, 2. mailako moduluren bat gainditu gabe uzten dutenak.

LOEko curriculumaren bidez ordeztu den LOGSEko ziklo bateko bigarren maila egin duten ikasleek bigarren mailako moduluren bat (ez guztiak) gainditu gabe utzi badute, honako aukera hauek izanen dituzte:

b1) Hurrengo bi ikasturteetan LOGSEko curriculumaren arabera jarraitzea heziketa zikloa, honako xedapen hauetan adierazten den moduan:

–Titulu bakoitzaren egitura eta curriculuma ezartzen dituzten foru dekretuen arabera LOEko curriculumeko moduluekin balioztatzen ahal diren moduluen kasuan, baldin eta gainditu ez badira, LOEren araberako heziketa zikloaren curriculum berria osatzen duten lanbide moduluen klaseetara joan beharko dute ikasleek, eta gelditzen zaizkien deialdiak errespetatuko dira.

–Moduluak LOEko curriculumeko moduluekin balioztatzerik izan ez denean, ikastetxeak ahal diren giza baliabideak eta baliabide materialak jarri beharko ditu ikasleei kasuan kasuko moduluak gainditzen laguntzeko, eta gelditzen zaizkien deialdiak errespetatuko zaizkie. Aipatutako baliabide horien artean, ikastetxeak erabaki dezake ikasle horiek LOEko curriculum berriko lanbide moduluen klaseetara joan behar dutela, baldin eta horien edukiek, ikaskuntza emaitzek eta ebaluazio irizpideek gainditu gabe utzi dituzten LOGSEko modulua(k) gainditzen laguntzen baldin badiete.

Halaber, ikasleak, bigarren mailako moduluez gain, lehenbiziko mailako batzuk ere gainditzeke dituenean, 2.2.b1) azpiatalean ezarri dena aplikatuko da.

Gainditu gabe utzitako modulu guztiak egin eta gainditutakoan, luzatzen den titulua LOGSEren araberakoa izanen da.

b2) LOEren ondorioz ezarritako curriculum berriaren arabera jarraitzea heziketa zikloa. Horrek berarekin dakar, bidezkoak diren modulu balioztatzeak egin ondoren, ikasleek LOEko curriculum berria osatzen duten gainerako modulu guztiak egin behar izatea, dela lehenengo mailan dela bigarrenean.

Deialdi kopuruari dagokionez, eranskin honen 2.1.a1) eta 2.1.a2) oinarrian xedatutakoari jarraituko zaio. Gainditu gabe utzitako modulu guztiak egin eta gainditutakoan, luzatzen den titulua LOEren araberakoa izanen da.

LOGSEko ziklo bateko bigarren maila egin duten ikasleen kasuan, LOGSEko ziklo horren ordez LOEko curriculumaren araberako zikloa oraindik ezarri ez duen ikastetxe batean ikasi badute eta maila horretako moduluren bat (ez guztiak) gainditu gabe utzi badute, honako hau egin beharko dute:

b3) LOGSEko curriculumaren arabera bukatzea heziketa zikloa, LOEko curriculumak LOGSEko ziklo hori ordeztu duen beste ikastetxe batean, honako xedapen hauen arabera antolatuta:

–Titulu bakoitzaren egitura eta curriculuma ezartzen dituzten foru dekretuen arabera LOEko curriculumeko moduluekin balioztatzen ahal diren moduluen kasuan, baldin eta gainditu ez badira, LOEren araberako heziketa zikloaren curriculum berria osatzen duten lanbide moduluen klaseetara joan beharko dute ikasleek, eta gelditzen zaizkien deialdiak errespetatuko dira.

–Moduluak LOEko curriculumeko moduluekin balioztatzerik izan ez denean, ikastetxeak ahal diren giza baliabideak eta baliabide materialak jarri beharko ditu ikasleei kasuan kasuko moduluak gainditzen laguntzeko, eta gelditzen zaizkien deialdiak errespetatuko zaizkie. Aipatutako baliabide horien artean, ikastetxeak erabaki dezake ikasle horiek LOEko curriculum berriko lanbide moduluen klaseetara joan behar dutela, baldin eta horien edukiek, ikaskuntza emaitzek eta ebaluazio irizpideek gainditu gabe utzi dituzten LOGSEko modulua(k) gainditzen laguntzen baldin badiete.

Halaber, ikasleak, bigarren mailako moduluez gain, lehenbiziko mailako batzuk ere gainditzeke dituenean, 2.2.b1) azpiatalean ezarri dena aplikatuko da.

Gainditu gabe utzitako modulu guztiak egin eta gainditutakoan, luzatzen den titulua LOGSEren araberakoa izanen da, hasitako curriculumarekin bat.

2.3. 2015-2016 ikasturtea bukatuta, LOGSEko zikloren bat gainditu gabe duten ikasleak (ziklo horien ordez LOEko ziklo berriak ezarri baziren 2014-2015 ikasturtean).

LOGSEko bigarren maila egin duten ikasleek moduluren bat gainditu gabe utzi badute, lau deialdi arruntak ahitu gabe, LOGSEko zikloko 2. mailan jarraituko dituzte beren ikasketak, honako xedapen hauetan adierazten den moduan:

–Titulu bakoitzaren egitura eta curriculuma ezartzen dituzten foru dekretuen arabera LOEko curriculumeko moduluekin balioztatzen ahal diren moduluen kasuan, baldin eta gainditu ez badira, LOEren araberako heziketa zikloaren curriculum berria osatzen duten lanbide moduluen klaseetara joan beharko dute ikasleek, eta gelditzen zaizkien deialdiak errespetatuko dira.

–Moduluak LOEko curriculumeko moduluekin balioztatzerik izan ez denean, ikastetxeak ahal diren giza baliabideak eta baliabide materialak jarri beharko ditu ikasleei kasuan kasuko moduluak gainditzen laguntzeko, eta gelditzen zaizkien deialdiak errespetatuko zaizkie. Aipatutako baliabide horien artean, ikastetxeak erabaki dezake ikasle horiek LOEko curriculum berriko lanbide moduluen klaseetara joan behar dutela, baldin eta horien edukiek, ikaskuntza emaitzek eta ebaluazio irizpideek gainditu gabe utzi dituzten LOGSEko modulua(k) gainditzen laguntzen baldin badiete.

Gainditu gabe utzitako modulu guztiak egin eta gainditutakoan, luzatzen den titulua LOGSEren araberakoa izanen da.

2.4. LOGSEko zikloak gainditu gabe dituzten ikasleak, LOEko ziklo berriak ezartzeko prozesua, 2012-2013 eta 2013-2014 ikasturteetan hasia, bukatu ondoren.

Ikastetxeek egoera horretan dauden ikasleen berri eman beharko diote Lanbide Heziketaren Zerbitzuari. Kasu horietan, ikasle horientzat aparteko deialdi berariazko bat eginen da 2016-2017 ikasturtean, LOGSEko kasuan kasuko teknikari edo goi mailako teknikari titulua lortu ahal izateko.

2.5. LOGSEko zikloak gainditu gabe dituzten ikasleak, LOEko ziklo berriak ezartzeko prozesua, 2009-2010, 2010-2011 eta 2011-2012 ikasturteetan hasia, bukatu ondoren.

Ikastetxeek egoera horretan dauden ikasleen berri eman beharko diote Lanbide Heziketaren Zerbitzuari. Ikasle horiek teknikari titulua edo goi mailako teknikariarena lortu nahi izatera, LOEko titulua bakarrik lortzen ahalko dute; kasu horretan, bidezko baliozkotzeak tramitatu ondoren, falta dituzten moduluak gainditu beharko dituzte LOEren curriculumaren arabera. Ikasle horientzat aparteko deialdi berariazko bat eginen da 2016-2017 ikasturtean, LOEko kasuan kasuko teknikari edo goi mailako teknikari titulua lortu ahal izateko.

3. Antolaketa neurriak.

Ikastetxeen sare publikoaren funtzionamendua hobea izateko, ondoren azaltzen diren antolaketa alderdiak kontuan hartu behar dira.

3.1. Lanaldia.

225/1998 Foru Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren mendeko funtzionarioentzat finkatzen den lanaldi bera izanen dute, beren eginkizunetara egokitua.

Ekaineko eta iraileko eskola gabeko lan egunetan, egunean ikastetxean egon beharreko bost orduko lanaldi etengabea egin beharko dute irakasleek.

3.2. Zuzendaritza taldeen koordinazioa.

Ikastetxe bateratuen arteko koordinazioa hobetzeko eta programetan parte hartzea areagotzeko, zuzendariak astearte eta ostegun goizak libre edukiko ditu, irakastordurik gabe, ikastetxearen aukeren arabera.

3.3. Irakasleak lanera ez agertzea.

Aldi baterako ezintasun batengatik irakaslea lanera agertzen ez denean ikastetxe bateratuko zuzendaritzak egin behar duen kontrolak Hezkuntza Departamentuko webgunean ezarritakoari jarraituko dio:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/incapacidad-temporal

Baja agiria Hezkuntza Departamentuan aurkezten bada, agiriaren kopia bat aurkeztu edo bidali beharko da ikastetxe bateratura, ahalik eta lasterren, bertan bajaren eta altaren datak zehatz-mehatz ezagut ditzaten. Ikastetxe bateratuko zuzendaritzaren iritziz salbuespenezko egoera bat gertatzen denean bakar-bakarrik, agiria bidali ordez telefonoz jakinarazten ahalko da.

Irakaslea agertzen ez bada, falten agiriak lanera itzultzen den egunean berean aurkeztu beharko zaizkio zuzendaritzari. Falten agiria aurkezten ez bada irakaslea ikastetxera itzultzen den egunetik hasita 2 egun naturaleko epean, zuzendaritzak horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, indarreko araudian ezarri bezala jokatzeko. Irakasleari ere jakinaraziko zaio idatziz.

3.4. Zaintzak.

Zaintzako irakaslearen eginkizun nagusiak hauek dira:

a) Irakaslea lanera ez agertzeagatik edo beste edozein arrazoirengatik zaintzailerik ez duten ikasleei arreta ematea.

Irakaslea lanera ez agertzea aurreikusita badago, egin beharreko jarduerak ikasketaburuarekin koordinatuko ditu irakasleak.

b) Korridoreetan ordena zaintzea, eta, oro har, ikasleek gelaz kanpo duten portaera. Horrek ez du esan nahi beste irakasleek eginkizun hori bete behar ez dutenik.

c) Bere zaintza-orduetan sortzen diren gorabehera guztiak konpontzea, eta, ikastetxe bateratuko norbait mediku beharrean gertatuz gero, behar diren jarduketak egitea eta ikasketaburuari horren berri ematea lehenbailehen.

d) Bere zaintza-orduetan irakasleren bat berandu iristen bada edo agertzen ez bada eskoletara, zaintza-txandetara, liburutegira edo bestelako jardueretara, horren berri ematea ikasketaburuari, idatziz.

e) Zuzendariak bere eskumeneko esparruan agintzen dion beste edozein eginkizun.

Zuzendaritzak baimena eman dezake irakasleren baten zaintza-orduak berariazko beste jarduera batzuekin trukatzeko, baldin eta zaintza-ordu guztiak beteta badaude.

3.5. Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak.

a) Gaitasun digitala eta hezkuntzako teknologia.

Departamentuak aurreko ikasturteetan ezarritako beste neurri batzuk sustatzen jarraituko du, hala nola banda zabal ultrazkarra hedatzeko plana, informatikako mantentze-lanetako ofizialen hedapena eta ekipamendu eta eduki digitalak eskuratzeko mekanismoak.

Aurrekoaz gain, ikastetxeek ILZen langileen aholkularitza didaktikoa izanen dute, bereziki hezkuntzako teknologien aholkulariena.

b) Informatikako mantentze-lanak.

Hezkuntzako Teknologien Atalaren menpeko informatikako mantentze-lanetako ofiziala duten ikastetxeetan, teknologia berrien arduradunak ondoko helburuak izanen ditu:

–Google Apps, Blogs, Sites, Moodle, Classroom eta antzeko tresnen erabilera sustatzea eta gainerako irakasleei aholku eta laguntza ematea.

–Ikastetxean informazioaren eta komunikazioaren teknologiei buruzko prestakuntza plan bat diseinatu eta gauzatzea, gidak eta tutorialak prestatuta.

–Sostengua ematea irakasleei software-ari buruzko gaietan (aplikazioak eta sistema eragileak).

–Ikastetxeari loturiko aplikazioak kudeatzea: web-orria, Intranet, Moodle eta argitalpen elektronikoak.

–Informazioa trukatu ahal izateko behar diren baliabideak kudeatzea (Drive-ko karpeta partekatuak, NASa, biltegirako zerbitzaria, eta abar), irakasleen eta departamentuen arteko elkarlana sustatzeko.

Bestalde, mantentze-lanetako ofiziala arduratuko da ikastetxeko osagai informatiko guztien funtzionamendu egokiaz, eta ondokoak hartuko ditu bere gain:

–Hardwarea: ekipoen mantentze-lanak, matxurak konpontzea, inbentarioa kudeatzea eta ekipamendu berriak instalatzea.

–Softwarea: ekipoak prestatu eta konfiguratzea, gorabeherak konpontzea eta aplikazioak eta sistema eragileak instalatzea.

–Segurtasuna: ikastetxeko ordenagailuen eta wifiaren pasahitzak zaintzea, antibirusa instalatu eta eguneratzea, birusa garbitzea eta identifikatzea noiz erabiltzen den sarea behar ez bezala edo segurtasunik gabe.

–Ikastetxeari aholkua eta sostengua ematea ekipoak nahiz softwarea erostean.

–Hezkuntza Departamentuaren jarraibideak aplikatzea hezkuntza berrikuntzaren programak, proiektuak eta ekintzak ezarri, antolatu eta garatzean, informazioaren eta komunikazioaren teknologien esparruarekin lotuta badaude.

Horrez gain, informatikako mantentze-lanetarako kontratu zentralizatu bat dago. Ikastetxeek horri buruzko informazio guztia dute eskura PNTEren webeko kasuan kasuko atalean:

http://goo.gl/xUV3tz

3.6. Ordutegi osagarria.

Irakasleen lanaldia eta ordutegia erregulatzen dituen 225/1998 Foru Dekretua aldatzen duen ekainaren 20ko 27/2012 Foru Dekretua onetsi ondoren, irakasleek ikastetxe bateratuko jardueretan ematen dituzten 25 orduek bat eginen dute ikasleen eskola orduekin.

Hilean konputatuko dira asteko ordu osagarriak, instituzio planifikazioaren tresnak prestatu edo berraztertzearekin ikusteko duten lanak egitekoak, bai eta prestakuntza jarduerakoak ere.

Nahitaezko prestakuntzarako urtean dauden 35 orduak bi multzotan sailkatuko dira: ikastetxearen prestakuntza instituzionala eta norberaren prestakuntza. Hori horrela, ikastetxeek prestakuntza instituzionalaren programa bat ezarriko dute ikastetxeko irakasle guztientzat. Prestakuntza horrek, urtean, 12 ordu iraunen du gutxienez. Ikastetxearen prestakuntza planean jasoko dira haren edukia eta ikasturteko ordu banaketa; zuzendaritza taldeak finkatuko ditu, kontuan hartuta Lanbide Heziketaren Zerbitzuak proposatzen dituen lerro eta sare estrategikoak eta titulu berriak ezartzetik sortzen diren beharrak, bai eta hobekuntza planetik sortutako beharrak ere. Programa hori lehentasunezkoa izanen da, eta irakasle guztiek nahitaez egin beharko dute. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratuko du behar bezala betetzen den.

Ikasturte bakoitzean prestakuntza instituzionala nahitaez bete beharrekoa bada ere, prestakuntza indibiduala bi ikasturteko epean egin daiteke, baldin eta bi urte horietan prestakuntzan emandako orduen kopuruak betetzen badu aurreko paragrafoan ezarritakoa.

Prestakuntza instituzionaltzat joko da Lanbide Heziketaren Zerbitzuak gidatutako sareetan parte hartzea, hala nola, LHko metodologia aktiboen sarean parte hartzea. Orobat, prestakuntza instituzionaltzat jotzen ahalko da beste sare batzuetan parte hartzea, zuzendaritza taldeak gidatzen duenean.

Orobat, lan hauek egiteko orduak erreserbatuko dira:

–Irakasle taldeak horizontalki koordinatzeko saioak, ebaluazio saioez aparte. Toki berezia hartuko du lehenengo koordinazio bilerak, ikasleei irakasteko jarduerak hasi baino lehen egiten denak. Ildo honetan, bereziki garrantzitsuak izanen dira Oinarrizko Lanbide Heziketako lehen ikasmailako ikasleak koordinatzeko bilerak.

–Proiektuetan oinarrituriko ikaskuntzaren metodologia aplikatzearren, irakasle taldeak koordinatzeko egiten diren saioak.

Prestakuntza instituzionalaren planak hala eskatzen duenean, irakasleen taldeak horizontalki koordinatzeko saioetarako orduak prestakuntza ordutzat hartzen ahalko dira, ikastetxeko zuzendariak horren berri izan ondoren oniritzia ematen badu.

3.7. Departamentuko burutza.

Departamentu bakoitzeko buruak Erregelamendu Organikoan eta 258/1998 Foru Aginduan aipatzen diren eginkizunak bere gain hartuko ditu, eta, horretaz gainera, 2016-2017 ikasturterako departamentuko urteko lan plana gidatu eta garatzeaz arduratuko da; plan horretan, zuzeneko eta zeharkako eragina duten hobekuntza arloen gaineko jarduketak sartuko dira. Gainera, behar denean, adituak edo profesional espezialistak kontratatzeko probak antolatu beharko ditu. Halaber, irakasle espezialistei esleitutako moduluetan egin beharreko azken ebaluazioko proben arduraduna izanen da, baldin eta kasuan kasuko profesional espezialistaren izendapen edo kontratu alditik kanpo egiten badira.

Lantokiko Prestakuntza modulua egiten ari diren ikasleen gainbegiratzea irakasle zenbaiten artean banatzen denean, departamentuko buruak zainduko du zereginak eta ikasle kopurua berdintasunez eta proportzionaltasunez banatzen direla parte hartzen duten irakasle guztien artean. Horretarako, proposamen bat eginen dio ikasketaburuari.

4. Prestakuntza ziklo bateko irakasleen jarduera Lantokiko Prestakuntza egiten den bitartean.

Irakasleek, Lantokiko Prestakuntza (LP) egiten den bitartean, zeregin hauek izanen dituzte batez ere:

a) Esleituta dituzten ikasleen proiektuaren moduluaren jarraipena eta ebaluazioa antolatu, garatu eta gauzatzea.

b) LPra igarotzen ez diren ikasleei arreta ematea. Gainditu ez diren moduluak irakasten diren toki beretan emanen da arreta, departamentuko buruak proposatu eta ikasketaburuak onartu beharreko lan plangintza baten arabera; plan horretan ordu eta metodologia egokitzapenak bilduko dira.

c) Lanbide Heziketako tituluak lortzeko proba libreen epaimahaiak eta batzorde ebaluatzaileak antolatzea, diseinatzea eta horietan parte hartzea.

d) LP modulua egiten duten ikasleen tutore izatea Lanbide Heziketako tituluak eskuratzeko proba libreetan.

e) Zuzendaritza taldeak eskatuta, ikastetxean sortzen diren beharrak betetzea.

f) Ikastetxeko Lanerako Prestakuntza eta Orientabideak espezialitateko irakasleek laguntza emanen diete ikasleei eta ikasle izandakoei administrazio prozeduretan, eta, bereziki, ikasleek NAN elektronikoa edo ziurtagiri elektronikoa lortzeko prozedura erraztuko dute, haren bidez hartzen ahal baitute alta gazteen berme sisteman.

Aurretik deskribatu diren lehentasunezko jarduketak bermaturik daudenean, irakasleek, Lantokiko Prestakuntza (LP) egiten den bitartean, honako hauetan ematen ahal dute denbora:

a) LPko tutorearekin kolaboratzea.

b) Hezkuntza Departamentuak onetsitako Lanbide Heziketako berrikuntza proiektuetan parte hartzea.

c) Langileen prestakuntza osagarrian eta prozedura ez-formalen bidez lortutako lanbide gaitasunaren ebaluazioan laguntzea.

d) Erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetan sartzeko proben ebaluaziorako epaimahaietan parte hartzea, bai eta heziketa zikloetan sartzeko probak egiteko beharrezkoak diren gainerako jarduketetan ere.

e) Mugikortasun programen ondoriozko beharrei erantzutea.

f) Urrutiko Lanbide Heziketa online jasotzeko eskaintzaren tutoretzan laguntzea.

g) Proiektuetan oinarrituriko ikaskuntza garatzeko asmoz sortzen diren lantaldeetan parte hartzea. Hori helburu, hurrengo ikasturtean ikastetxean emanen diren irakaskuntzei loturiko proiektuak planifikatu, antolatu eta programatuko dira.

h) Zuzendariak bere eskumeneko esparruan agintzen dion beste edozein eginkizun.

Departamentuko buruak banakako lan plana prestatu ondoren, ikasketaburuak gainbegiratu beharko du. Horretaz gain, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ontzat eman beharko du.

Lan plana ongi betetzeko, horretan ari diren irakasleen ordutegi indibidualak aldatzen ahalko dira, ordutegiak prestatzeko irizpide orokorrak errespetatuz.

Lantokiko Prestakuntza aldia bukaturik, egindako jardueren memoria bat eginen dute irakasleek; gero ikastetxeko zuzendaritzak ebaluatuko du, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari bidaliko zaio.

5. Erreklamazioak.

Ikasleei beren errendimendu akademikoaren balorazio objektiboa bermatzeko, beharrezkoa da ikasleek aurretik ezagutzea helburuak, ikaskuntzaren emaitzak, edukiak eta ebaluazio irizpideak eta balorazio positiboa izateko eskatzen diren gutxieneko emaitzak, bai eta ikasturtean erabiliko diren ebaluazio prozedurak eta kalifikazio irizpideak ere. Horretarako, ikasturte akademikoa hasi eta lehenbiziko hilabetean, modulu bakoitzaren irakasle titularrak ikasleari jakinarazi beharko dizkio goian aipatutako alderdi horiek.

Lanbide modulu bakoitzeko irakasle titularrak ikasleek edo, adingabeak izanez gero, haien gurasoek edo legezko ordezkariek programazio didaktikoei buruz eskatzen dituzten argibideak emanen ditu.

Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 21eko 49/2013 Foru Aginduan araututako prozedura erabiliko da beharrezko azalpen edo erreklamazio guztiak eskatzeko.

6. Informazioa adingabeko ikasleen legezko ordezkariei.

Ikastetxeko irakasle guztiek informazioa eman beharko diete adingabeko ikasleen legezko ordezkariei, ahal den lasterren, ikasleen eskola jardueraren gainean eragina duten eta garapen akademiko arrunta eragozten duten gorabehera garrantzitsu guztiei buruz. Informazioa koherentziaz igorriko dela bermatzeko, ikaslearen tutorearekin koordinatuta igorri beharko dute irakasleek.

Horretarako, prozesu horiei buruz beharrezkoa den informazio guztia emanen diete ikastetxeek ikasle adingabeen legezko ordezkariei. Bizikidetza gatazken kasuan, informazioa emanen zaie, edo hura eskuratzeko modua, ukituak gertatzen diren adingabeen legezko ordezkariei, babestu behar diren datuak eta interesak salbuetsita. Komunikazioa ahalik eta lasterren eginen da; beranduenez, hiru eskola egun igaro ondoren gertaerak ezagutzen direnetik.

7. Eskola informazioaren kudeaketa: Educa.

Educaren koordinazioa: zuzendaritza taldeak edo hark eskuordetutako pertsonak aholkuak emanen dizkie ikastetxeko erabiltzaileei Educa kudeaketa sistemari buruz. Horrez gain, sistema horren aldaketen eta funtzionaltasun berrien gaineko informazioa bilduko du, eta haiek koordinatu eta ikastetxean erabil daitezen sustatuko du.

2016-2017 ikasturtean, irakaslearen kaiera garatzen joanen da. Hori irakasleen kudeaketarako gailu mugikorretara egokitutako aplikazio batean zehaztuko da. Lehenbiziko fasea eskura egoten denean, non espero baita ikasleen sostenguaren kudeaketa sartzea, beharrezko informazioa emanen zaie ikastetxean Educa-ren koordinazioa egiten dutenei.

Irakasleek @educacion.navarra.es posta-kontuak erabili beharko dituzte haien harreman profesionaletan.

Gainera, ikasleen kontuei dagokienez, geroko lan administratiboa errazteko asmoz, ikastetxeei eskatzen zaie matrikula prozesuetan ikasleen kontu horiek sortu eta erabiltzeko (jadanik sortu ez badira) eta “in situ” aktibatzeko baimena eska diezaietela familiei. Baimen hori kontua lehenbizikoz sortu eta aktibatzen denean eskatu behar da bakarrik. Hori eginda, kontua aktibaturik izanen da ikaslearen eskola bizitza osoan.

Bestetik, PNTEri eskatu behar zaio ikastetxeko kontuak berariazko eginkizunetarako sortzea.

Ikastetxeei gogorarazten zaie komeni dela EDUCAk eskura dituen funtzionaltasun guztiak erabiltzea.

8. Batxiler titulua eskuratzea.

LOEren 44. artikuluaren testu berriak, LOMCEk aldatu baitu, indarrik gabe utzi ditu ikasleak, Lanbide Heziketako Teknikari titulu bat izanda, Batxiler titulua ateratzeko Batxilergoko irakasgai komunak gaindituz gero.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko azken ebaluazioak arautzen dituen uztailaren 29ko 310/2016 Errege Dekretuak 19. artikuluan ezartzen du Lanbide Heziketako teknikari titulua edo goi mailako teknikariarena dutenak Batxilergoko azken ebaluazioan aurkezten ahalko direla.

Aipatu errege dekretuak 21.2 artikuluan xedatzen du ezen LHko teknikari titulua edo LHko goi mailako teknikariarena duten ikasleek (baina Batxiler titulua ez) Batxilergoko titulua eskuratzen ahalko dutela. Horretarako, Batxilergoko azken ebaluazioa gainditu beharko dute aukeratzen duten modalitatean gutxienez ere ikasi beharko dituzten irakasgai ardatzen multzoko jakintzagaiei dagokienez. Tituluan adierazi beharko da titulu hori horrela eskuratu dela, eta Batxilergoko azken ebaluazioan lortzen den nota izanen da Batxilergoko azken kalifikazioa.

Ikasle horiek “Félix Urabayen” Nafarroako Helduentzako Bigarren Hezkuntzako Institutuko urrutiko Batxilergoko ikasketetan egiten ahalko dute matrikula, Batxilergoko azken ebaluazioaren proba prestatzeko. Ikasketa horietan matrikulatzen diren ikasleek, dagozkien ondorio akademikoetarako eskubidea izateaz gain, ikaskuntzaren bilakaera egiaztatuko duen ebaluazio prozesuan parte hartzeko eskubidea izanen dute, Batxilergoko azken ebaluazioa gainditze aldera.

9. Matrikulen bateragarritasuna.

2016-2017 ikasturtean Erdi edo Goi Mailako Heziketa Ziklo batean, Lanbide Lantegi batean edo Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo batean matrikulatuta dauden ikasleek aldi berean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo Batxilergoko ikasketak egin nahi izanez gero, horretarako modua izanen dute; betiere, “Félix Urabayen” Nafarroako Helduentzako Bigarren Hezkuntzako Institutuan matrikulatzen badira urrutiko modalitatean, ikastetxe horretan sartzeko baldintzak beteta.

2016-2017 ikasturtean erdi mailako ziklo batean matrikulatuta egon eta Lantokiko Prestakuntzaren modulua gainditzea bakarrik falta duten ikasleek:

–Aldi berean egiten ahalko dituzte ikasketa horiek eta helduentzako Batxilergokoak; betiere, ikasketa baldintzak eta Batxilergo horretan sartzekoak betez gero.

–Aldi berean egiten ahalko dituzte ikasketa horiek eta Félix Urabayen NHBHIko urrutiko Batxilergokoak, batxilergoko azken ebaluazioko proba prestatze aldera.

2016-2017 ikasturtean, derrigorrezko irakaskuntzaren ondoko ikasketetan eta/edo goi mailako ikasketetan matrikulatutako ikasleek aldi berean egin ditzakete araubide bereziko kirol ikasketak, onarpen prozesua bukatzen denean esleitu gabeko ikasposturik bada, itxaron zerrendan inor ez badago eta ikastorduen bateragarritasuna %90ekoa bada, gutxienez.

10. Proba libreetarako berariazko deialdia, LH.I-eko eta LH.II-ko ikasketak osatu gabe dituztenentzat.

Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak, LH.I-eko eta LH.II-ko ikasketak osatu gabe dituztenentzako berariazko proba libreak Nafarroako Foru Komunitatean arautzeko, azaroaren 18an emandako 598/2014 Ebazpenean xedatutakoarekin bat, arau orokorretan jaso gabeko baliokidetza duten LH.I-eko eta LH.II-ko ikasketak osatu gabe dituztenek eskaera egin beharko diote Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioko Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiari, LH.I-eko eta LH.II-ko ikasketa osatu gabeen baliokidetzak banan-banan ebatz ditzan hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako titulazio batekin, bai eta OHOko eta Batxilergokoenak ere, kasu hori bada.

Eskaera Lanbide Heziketako zuzendari nagusiari egin beharko zaio, eta Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioko Erregistro Orokorrean (Los Madrazo kalea, 17, beheko solairua, 28071 Madril) aurkeztu beharko da, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren erregistro eta bulegoetan; betiere, aipatu helbidera igorrita.

Eskabidearekin batera dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, ez bada I. eranskineko onespena ematen Datuak Egiaztatzeko Sistemaren bidez nortasun datuak egiaztatzeko (apirilaren 28ko 522/2006 Errege Dekretua), edo pasaportearen edo atzerritar txartelaren zein egoitza-baimenaren (aldi baterakoa edo behin betikoa) fotokopia, edo ikasketen bisarena (atzerriko ikasleen araubide berezia).

–Egindako ikasketen frogagiriak (ziurtatze akademiko ofizialaren jatorrizko agiria edo fotokopia konpultsatua edo, zein den kasua, titulua edo kalifikazioen liburua).

Egin eta gainditu behar duten hezkuntza sistemako prestakuntza zehazteko, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministeriotik ohar informatibo bat lortzen duten pertsonek, Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariari igorritako eskabide baten bitartez eta azaroaren 18ko 598/2014 Ebazpenean ezartzen den prozedurari jarraituz, zilegi dute eskatzea lanbide moduluen proba libreetarako berariazko deialdi bat egin dadila, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak baliokidetza-eskaeraren aldeko ebazpena emateko gainditu behar dituzten moduluak egiteko, hain zuzen.

Prozedura honi buruzko informazio guztia web-orri honetan eskura daiteke:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/5514/Pruebas-libres-de-modulos-de-FP-para-personas-con-estudios-incompletos-de-FP-I-y-FP-II1

11. Unibertsitateko ikasleen praktikak ikastetxeetan.

Hezkuntzarekin zerikusia duten unibertsitateko titulazioek prestakuntza praktikoa dute beren edukien artean. Praktiketako jarduera hori dagokion hezkuntza mailako ikastetxeetan egin behar da, eta, antolatzeko eta gauzatzeko orduan, beharrezkoa da irakasleen parte-hartzea.

Ikasturte bakoitzean ikasle horien tutoretza lana egiten duten irakasleek aintzatespen bikoitza izanen dute Hezkuntza Departamentuaren aldetik:

–Tutoretza laneko urte bakoitza merezimendutzat hartuko da.

–Ikasturte bakoitzeko tutoretza lana prestakuntza ordutzat kontabilizatuko da, praktiken iraupena kontuan hartuta. Gehienez ere 35 ordu kontabilizatuko dira. Hezkuntza Departamentuak luzatuko du prestakuntza hori egiaztatzen duen ziurtagiria, praktikak antolatzen dituen unibertsitateak eta ikaslea hartu duen ikastetxeak emandako informazioa kontuan hartuta. Ikasle bakoitzaren tutoretza lanetan irakasle batek baino gehiago parte hartzen badu, berdintasunean banatuko dira dagozkien prestakuntza orduak.

Bestaldetik, praktiketan ari diren ikasleak hartzen dituen ikastetxeak praktiken koordinatzaile bat izendatuko du, unibertsitateekin eta Hezkuntza Departamentuarekin solaskide zuzena izanen dena. Ikastetxe horri “Prestakuntza ikastetxe” izaera aitortuko zaio eta Hezkuntza Departamentuak ikastetxeentzat ezartzen dituen deialdietan baloratuko da inguruabar hori, kasuan kasuko deialdian ezartzen den moduan, halakorik jasotzen bada betiere.

IV. KAPITULUA

Arauak

Lanbide Heziketako ikasketak.

–Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseilua.

  • 247/2000 Foru Dekretua (Nafarroako LHren Kontseiluaren sorrera).
  • 511/2000 Foru Agindua (Nafarroako LHren Kontseiluaren antolaketa eta funtzionamendua).

–Ikastetxe bateratuak.

  • 63/2006 Foru Dekretua (ikastetxe bateratuen erregulazioa). 2006ko irailaren 27ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala. 79/2010 Foru Dekretuaren bidez aldatua.
  • 198/2010 Foru Agindua (ikastetxe bateratu publikoen izendapena eta ikastetxe bateratuetako sare publikoaren sorrera).

–Antolamendua.

  • 127/2014 Errege Dekretua (Oinarrizko Lanbide Heziketaren antolamendua).
  • 1147/2011 Errege Dekretua (Hezkuntza sistemako Lanbide Heziketaren antolamendua).
  • 54/2008 Foru Dekretua (Lanbide Heziketaren antolamendua eta garapena Nafarroan).
  • 54/2016 Foru Agindua (Ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan onartzeko prozeduraren erregulazioa, erdi eta goi mailako zikloak eta sarbide ikastaroa egiteko).
  • 65/2016 Foru Agindua (Lanbide Lantegien erregulazioa).
  • 66/2016 Foru Agindua (Oinarrizko Lanbide Heziketaren erregulazioa).
  • 67/2016 Foru Agindua (Ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan onartzeko prozeduraren erregulazioa, Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak eta Lanbide Lantegiak egiteko).
  • 141/2016 Ebazpena (erdi eta goi mailako zikloetan eta sarbide ikastaroan onartzeko jarraibideen erregulazioa eta egutegia).
  • 212/2016 Ebazpena (Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetan eta Lanbide Lantegietan onartzeko jarraibideen erregulazioa eta egutegia).
  • 151/2016 Ebazpena (Sarbide ikastaroaren erregulazioa Nafarroan).

–Nazioartekotzea.

  • 31/2012 Foru Agindua (atzerriko prestakuntza egonaldiak: LHko ikasleak eta irakasleak).

–LH online.

  • 122/2010 Foru Agindua (onlineko LHaren erregulazioa).
  • 287/2026 Ebazpena (onlineko LHn onartzeko erregulazioa eta 2016-2017ko eskaintza).

–Jardunean dauden langileentzako eskaintza.

  • 110/2016 Ebazpena, apirilaren 14koa (2016-2017 deialdia).

–Proba libreak.

  • 76/2016 Foru Agindua, ekainaren 27koa (LHko tituluak eskuratzeko proba libreak).
  • 598/2014 Ebazpena, azaroaren 18koa (LHI-eko eta LHII-ko ikasketak osatu gabe dituztenentzako berariazko proba libreak).

–Ebaluazioa eta Lantokiko Prestakuntza.

  • 52/2009 Foru Agindua (LHko heziketa zikloen ebaluazioa).
  • 86/2014 Foru Agindua, irailaren 18koa (apirilaren 8ko 52/2009 Foru Agindua aldatzen duena).
  • 45/2009 Foru Agindua (lantokiko prestakuntza).
  • 34/2013 Foru Agindua (lantokiko prestakuntzari buruzko foru aginduaren aldaketa).
  • 49/2013 Foru Agindua (ebaluazio prozesuan erreklamazioak egiteko sistema).
  • 665/2014 Ebazpena, abenduaren 15ekoa (Oinarrizko LHaren ebaluazioa).
  • 749/2012 Ebazpena (52/2009 Foru Aginduaren garapena).

–Zikloetan sartzeko probak.

  • 78/2016 Ebazpena, martxoaren 16koa (heziketa zikloetan sartzeko 2016an egin behar diren probetarako deialdia).

Iragarkiaren kodea: F1609505