168. ALDIZKARIA - 2016ko abuztuaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

260E/2016 EBAZPENA, abuztuaren 17koa, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Elizondoko Udalaren obra-hondakindegia ixteko planerako (Baztan). Sustatzailea Baztango Udala da.

2016ko urtarrilaren 25ean Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko O) epigrafean dago sartuta (Aldi baterako instalazioak, obra osagarriak, lurraren edo bestelako hondakin inerteen hondakindegiak, haiek ustiatzeko aldia bi urtetik beherakoa bada, metaketak, beste eranskin batzuetan ageri ez diren erauzketa lanak). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela. Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak jakinarazi du proiektu hau jarduera baimendutzat hartzen dela lurraldearen antolamenduaren ondorioetarako.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 111. artikuluarekin bat, baimendutako jarduerak eta erabilerak udal eskumenen esparrukoak dira eta ez dute lurzoru urbanizaezineko jarduera baimengarriaren baimenik behar (foru lege horren 117. artikuluan aurreikusia), beste organo edo administrazio batzuen lizentzia edo baimenaren xede izatea galarazi gabe, hala balegokio.

Proiektuko jarduketaren xedea Baztango udal mugapean, 14. poligonoko 238 A lurzatian, Zaldubi alderdian dagoen obra-hondakindegia itxi eta lehengoratzea da.

Dokumentazioa aztertu ondoren, 2016ko apirilaren 21ean dokumentazio osagarria aurkezteko errekerimendua egin zen, Baztango Udalak obra-hondakindegia behin itxi ondoren hondakinen kudeaketa egokia izanen dela ziurtatzeko neurriei buruzkoa (zehazki, hondakindegian pilatutako zur hondarren kudeaketa eta EEHen kudeaketa berria). Zur hondarrak hondakin kudeatzaile baimenduak eraman dituela egiaztatu ondoren, eta departamentu honetan tramitatzen ari denez EEHak kudeatzeko planta baten jarduera sailkatuaren lizentzia (planta horrek, besteak beste, Baztango Udalerriari emanen dio zerbitzua), jarraipena ematen zaio ingurumen ukipenetarako baimenerako espedienteari.

Obra-hondakindegiak ukitzen duen eremuak 14.218, 31 m²-ko azalera du; horietatik 8.524,58 m²-tan berreskuratze lanak egiten dira, eta gainerako eremuan, berriz, pista bat eta dagoeneko lehengoratutako azalerak daude.

Proiektuko ekintzak hauek dira: eremua egokitzea lanak hasteko: dauden hondakinak eraman eta kudeatzea; lehengo harrobiko ezpondaren goiko aldetik lohiak isurtzea ahalbidetzen duen porlanezko egitura kentzea, eta eremu horretan dagoen ildartea goratzea 2 metroko luzera eman arte; amaierako topografia lortzea; hondakindegia zigilatu eta ixtea landare-lurra bertan zabalduz, zehazki 0,5-1,0 metroko geruza bat. Azken urratsa lurrei jatorrizko erabilera ematea izanen da: zelaiguneetan belardiak sortzea ereintza bidez eta toki maldatsuak basoberritzea ereintza bidez eta zuhaitzak landatuz.

Itxi eta lehengoratzeko epea bi urtekoa izanen da, amaierako landaketa eta mantentze lanak kontuan hartu gabe.

Espedientean Baztango Udalak proiektuaren alde emandako txostena jaso da.

Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak proiektuaren aldeko txostena egin du, baina ebazpen honetan biltzen diren baldintzak ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 22ko 63/2015 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Elizondoko obra-hondakindegia (Baztango Udala) ixteko proiekturako. Sustatzailea Baztango Udala da.

2. Baimenak ondoko neurri hauek aplikatzera behartzen du:

–Lurperatu behar ez diren materialak hondakin kudeatzaile baimendu batek kenduko ditu eta balorizazio-zentro batera eramango ditu.

–Ezinbestekotzat jotzen da obra-hondakindegiko ezponden malda gutxitzea; horretarako, betelaneko eremuko goiko aldetik edo goiko ertzetatik lan egin beharko da, eta materiala lan-eremuaren barrenerantz eraman. Landareztatzearen arrakasta bermatzeko aldapa homogeneoa lortu beharko da 2H/1V-ko neurriarekin, edo hortik beherakoarekin.

–Malda desberdina duten azalerak bereizten dituzten lerro zuzenak saihestuko dira. Ezpondetako burualdeak leunduta geldituko dira.

–Obra-hondakindegiaren birmoldaketa topografikoa egin aurretik, ahalik eta gehien aprobetxatu beharko dira betelaneko eremuko materialaren goiko plataforman barna barreiatutako lur-pilaketak, hondakinen kutsaduratik libre dagoen eremu batean bilduta. Egungo obra-hondakindegiak ukitzen dituen azalera guztiak estaltzeko landare-lur bolumen handiagoa beharko denez, proiektuko topografia lortu ondoren, aukera emanen da hondea-lanetako lur eta harri garbiak bertan jasotzeko, ingurumen ukipenetarako baimena eman ondorengo bi urteetan.

–Lehengo harrobiko iparraldeko ezpondan isuritako lohi mineralak lan-eremutik hasita hondeaketa-eremuko ezpondetarantz zabalduko dira, eta ahalegina eginen da topografiarekin bat etor daitezen, ahal denik eta hobekien.

–Hondakindegiko azalera birmoldatu eta leundu ondoren, eta amaierako azalera estaltzeko landare-lur geruza bat, 0,5 metrotik metro 1era arteko lodierakoa, bota ondoren, gehigarri organikoak zabalduko dira (konposta edo ongarria).

–Birlandaketako lanak proiektuan proposatzen direnak izanen dira, landaketak mantentzeko lanak barne, gutxienez egin ondorengo bi urteetan, hauek, besteak beste: agorraldian ureztatzea, jorrak eta hutsarteak betetzea.

–Sarbidean egungo langa mantenduko da, itxi eta lehengoratzeko lanak amaitu eta bi urtez gutxienez. Proiektuan adierazi bezala, proiektua 2 metro goratuko da gaur egun lohien isurketa egiten den tokian dagoen ildartean.

–Inguruabarren bat dela-eta sustatzaileak Basozaintzari abisu eman behar badio, mezu elektronikoa bidaliko dio Bidasoko barrutiari (ogfobida1@cfnavarra.es).

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Baztango Udalari eta Bidasoa aldeko Basozaintzari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko abuztuaren 17an.–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1609688