168. ALDIZKARIA - 2016ko abuztuaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

943/2016 EBAZPENA, abuztuaren 11koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez industriako enpresa handietan inbertsioak egiteko laguntzen 2016ko deialdia onesten da.

Industria funtsezko elementua da ekonomia mugiarazteko eta enplegua sortzeko. Nafarroan industriaren pisua handia da BPGd-ean eta enpleguaren egituran, eta halako eskualde eta herrialdeetan hobeki jasan da ziklo ekonomiko txarra, arrazoi hauengatik: enplegua neurri apalagoan suntsitu da, esportazioak handitu dira eta, horren ondorioz, barne eskaeraren beherakadaren eragina arindu da.

Industriako ETEetan inbertsioak egiteko laguntzen (2016ko 106. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 2a) osagarri gisa, neurri hau onesten da, Nafarroako industriako enpresa handiei diru-laguntzak emateko, ekoizpen arloko inbertsio proiektuetarako.

Nafarroako Gobernuak, 2016ko apirilaren 27an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zuen 2.500.000 euroko gastu konpromisoa hartzeko, urte anitzekoa, deialdi hau onesteko. Era berean, 2016ko uztailaren 5eko Erabakiaren bidez, baimena eman zuen laguntza hauek banakako ebaluazioaren araubidean emateko.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Industriako enpresa handietan inbertsioetarako laguntzak emateko 2016ko deialdia onestea.

2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. I. eranskinean ageri dira.

3. 2.500.000 euroko gastua baimentzea, 2017ko gastuen aurrekontuko “Enpresa handietan inbertsioak egiteko diru-laguntza” izeneko 810007 81210 7701 422207 kontu-sailaren kargura, baldin eta krediturik bada. Urtean zehar aurrekontuko kontu-sail horretan diru erabilgarririk baldin badago, baimendutako gastua handitzen ahalko da.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2016ko abuztuaren 11n.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen xedea da Nafarroako industriako enpresa handiek ekoizpen arloko inbertsio proiektuak egitea sustatzea, lehiatzeko egoera hobean egon daitezen.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Beharkizun hauek betetzen dituzten enpresek jasotzen ahalko dituzte laguntzak:

a) Nafarroan establezimendu bat izatea edo laster izatea.

b) Enpresa handia izatea, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 1. eranskinean ETEa izateko ezarritako irizpideak ez betetzeagatik. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jo ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

c) Ondoko jardueretako bat egitea:

–Manufaktura-industriak (2009ko Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionala: C sektorea), Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 1. eranskineko nekazaritzako elikagaien industriak salbu.

–Hondakinak tratatu eta deuseztatzea; balorizazioa eta kutsadura kentzeko jarduerak eta hondakinak kudeatzeko beste zerbitzu batzuk (EJSN-2009: E saileko 38.2, 38.3 eta 39).

–Informazio jarduerak eta komunikazioak (EJSN-2009: J sektorea).

–Logistikako jarduerak, hala nola gordetzea eta biltzea, salgaiak maneiatzea eta garraioari lotutako bestelako jarduerak (EJSN-2009: H saileko 52.1, 52.24 eta 52.29).

–Ingeniaritzako zerbitzu teknikoak eta aholkularitza teknikoarekin lotuta dauden beste jarduera batzuk (EJSN-2009: M saileko 71.12 eta 71.20).

–Ikerketa eta garapena (EJSN-2009: M saileko 72).

–Diseinu espezializatuko jarduerak (EJSN-2009: M saileko 74.10).

d) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala behar bada, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatuarekin bat. (2013ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 20koa).

e) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat izatea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren IV. tituluko III. kapituluan ezarritako irismenarekin eta edukiarekin egina eta aplikatua, eta lan arloko legerian adierazitako moduan negoziatua.

f) Betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mende ez egotea, Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta merkatu bateratuarekin bateraezintzat jo ondoren.

g) Ingurumen arloan neurri zuzentzaileak eskatzen dituen zehapen irmorik jaso ez izana aurreko bi urteetan, eskaerak aurkezteko epearen azken egunetik hasita, betiere zehapen organoaren txosten baten arabera neurri horiek gauzatu ez badira edo aplikatzeko egutegia bete ez bada.

h) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala frogatzeko, diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar departamentu honi baimena ematea inguruabar hori ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntza ebazten duen proposamena egiten denean.

2. Unibertsitate publikoak, erakunde autonomoak eta sozietate eta fundazio publikoak ezin dira laguntza hauen onuradun izan.

3. Erantzukizuneko aitorpenaren bidez frogatuko da oinarri honen 1. atalean eskatutako baldintzak betetzen direla, eta aitorpen hori eskabideari erantsiko zaio.

3. oinarria.–Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak.

1. Diru-laguntza jaso dezakete enpresa handiek aktibo material eta immaterialetan egiten dituzten inbertsio proiektuek, bai eta inbertsioarekin lotutako prestakuntzak ere, haien helburua hauetako bat bada:

a) Nafarroan enpresa berri bat sortzea, hau da, Foru Komunitatean lehenagotik dagoen enpresa batekin loturarik ez duena, Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 1. eranskinean “enpresa lotuei” ematen zaien definizioaren arabera.

c) Lehendik dagoen establezimendu batean ekoizpena dibertsifikatzea, betiere horren ondorioz enpresaren jarduera ekonomikoak handitzen badira eta inbertsioa egin aurreko jardueretako 2009ko EJSNaren 4. digitua eta jarduera berrietakoa ezberdinak badira.

c) Nafarroan dagoen enpresa baten handitzea edo hazkundea.

2. Laguntza eskaera egunetik 2017ko ekainaren 30era bitarte gauzatu beharko dira proiektuak.

3. Diru-laguntza jaso ahal izateko, proiektuaren gutxieneko aurrekontu lagungarria 500.000 eurokoa izanen da.

4. oinarria.–Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

1. Honako baldintza hauek betetzen dituzten gastuek jasotzen ahalko dituzte diru-laguntzak:

a) Honako xede hauek dituzten gastuak:

i) Industrian erabiltzeko lursailak eskuratzea, betiere diruz laguntzen ahal den inbertsio osoaren %10 gainditzen ez badu.

ii) Ondasun higiezinak eraiki, eskuratu edo hobetzea.

iii) Beste aktibo material batzuk erostea edo erosteko aukerarekin errentan hartzea. Halako ondasunak erosten badira, oinarri honen 2. eta 3. atalei jarraituko zaie.

iv) Aktibo immaterialak erostea, betiere gastua diruz laguntzen ahal den gastuaren erdia baino txikiagoa bada.

v) Bestelako gastuak, ii) eta iii) puntuei lotuta, hala nola arkitektura eta ingeniaritzako enpresen ordainsariak, betiere horietako balioaren %10 gainditzen ez badute.

vi) Inbertsio proiektuarekin enpresan lotutako langileak trebatzeko gastuak, proiektuak gauzatzeko ezinbestekoak direnak.

b) Nafarroan egitea, eta laguntza jasotzen duen establezimenduan baino ez erabiltzea, molde eta trokelen kasuan salbu, Nafarroako beste industria establezimendu batzuetan erabiltzen ahal baitira, eta langileak trebatzeko gastuak, ez baitute baldintza hau bete beharko.

c) Proiektuan planteatzen den helburua eskuratzen laguntzea zuzenean. Helburu hori 3.1 oinarrikoetako bat izanen da.

d) Eskaera egunetik 2017ko irailaren 30era bitarte egin beharko dira diru-laguntza jaso dezaketen gastuak. Ondorio horietarako, egindako gastutzat hartuko da aldi horretan fakturatzen eta pagatzen dena, salbu errentamendu finantzarioaren bidez finantzatutakoa, hurrengo 2. atalean eta 10.2 oinarrian xedatutakoari jarraituko baitio.

e) Behar bezala kontabilizatuta egotea, inbertsio gisa edo langileak trebatzeko gastu gisa.

f) Kostuen moderazioa betetzea. Horretarako, baldin diruz laguntzen ahal den inbertsioaren gastu bat, BEZa kanpo, 12.000 eurotik gorakoa bada (arkitektura eta ingeniaritza enpresek ekipo-ondasunez hornitzen edo zerbitzuak ematen dituzten kasuan) edo 30.000 eurotik gorakoa (obra gauzatzeko kostuaren kasuan), onuradunak “Hornitzailea aukeratzeko justifikazioa” izeneko inprimakia bete beharko du, baita gutxienez hiru eskaintza aurkeztu ere.

Eskaintza merkeena hautatzen ez bada, eta, laguntzen kudeatzailea den organoaren ustez, hautaketa ekonomia eta efizientzia irizpideen arabera egin izanaren justifikazioa nahikoa ez bada, eskaintza merkeenaren zenbatekoa bakarrik lagunduko da diruz.

Azkenean hautatzen den hornitzailea ez badator bat laguntzak eskatzean aurreikusitakoarekin, justifikazio txosten bat aurkeztu beharko da.

Kasu hauetan onuradunak ez ditu hiru eskaintza aurkeztu behar:

i) Gastuaren ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan enpresak eskatzen duen bezala hornidura emateko behar adina entitaterik ez badago.

ii) Enpresan instalatutako beste aktibo batzuekin lotutako aktiboak badira, eta frogatzen bada aktibo horiek batera izatearen ondorioz eragiketa-kostuak nabarmenki murrizten direla.

iii) Gastua hornitzaile horrekin aldez aurretik izandako proiektu, garapen edo lankidetza baten ondorioa bada.

Nolanahi ere, enpresak hiru eskaintzak ez aurkezteko erabakia modu fede-emailean justifikatu beharko du aipatu inprimakian. Bestela, inbertsioko elementu horrek ez du diru-laguntza jasoko.

2. Errentamendu finantzarioaren bidez aktiboak eskuratzeak diru-laguntza jaso dezake baldin eragiketak oinarri honen 1 ataleko d) letran adierazitako aldian egiten bada, eta haren xedea aktibo finko berriak eskuratzea bada.

Kasu horretan, enpresak konpromisoa hartu behar du ondasuna erosteko aukera gauzatzeko, eragiketaren BEZa aldez aurretik ordaintzea ekarriko duena. Ez dira diruz lagunduko errentatzailearen marjinak, interesak, gastu orokorrak eta errentamendu finantzarioari lotutako seguruen gastuak.

3. Bigarren eskuko ekipamendu-ondasunak eskuratzeko gastuak ez dira diruz lagunduko, salbu eta establezimendu berri bat erosten denean, eta betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Saltzailearen adierazpen bat izatea, ondasunen jatorria argituta eta Espainiako edo Europar Batasuneko diru-laguntzarik jaso ez dutela adierazita.

b) Prezioak erreferentziako merkatu balioa eta antzeko ondasun berrien kostua ez gainditzea; tasazio independente batek egiaztatuko du hori.

Diruz lagun daitezke ondasun horiek desmuntatu, lekualdatu, muntatu eta egokitzeko kostuak.

4. Ezin izanen dira diru-laguntzaren xede izan honako hauek:

a) Luxuzko gastuak.

b) Laguntzen organo kudeatzailearen iritziz neurriz kanpokoak direnak, proiektuaren helburua edo xedea kontuan hartuta.

c) Diru-laguntza jaso duen jarduerarekin bat ez datozenak.

d) Enpresako langileek ibilgeturako egindako lanak.

e) Eskaeraren eguna baino lehen egindako ordainketa aurreratuak dituzten aktiboak.

f) Lursaila eskuratzeko fidantzak, eskaeraren eguna baino lehen ezarriak. Horrenbestez, egun horren ondoko eskuratze gastuek jasoko dute diru-laguntza bakarrik.

g) Eratzeko eta lehenbiziko aldiz ezartzeko gastuak.

h) Aktiboak berritzeko, mantentzeko eta ordezteko inbertsioak.

i) Ibilgailuak, barnean erabiltzekoak barne, esaterako orga jasotzaileak eta pala kargatzaileak.

j) Zorraren eta BEZaren interesak.

k) Lursailak eta eraikinak erostea, betiere aurreko 10 urtean diru-laguntza jaso badute, deialdi honen argitalpen egunetik hasita.

l) Prestakuntza arloan nahitaezkoak diren arau nazionalak betetzeko enpresek ematen duten prestakuntzaren gastuak.

5. oinarria.–Laguntzaren zenbatekoa.

1. Diruz laguntzen ahal den aurrekontuaren %10 adinakoa izanen da diru-laguntza, prestakuntza salbu, laguntzaren gehieneko zenbateko hauekin:

PROIEKTU MOTA

ESKUALDEKO LAGUNTZEN 2014-2020 MAPAN SARTUTAKO EREMUA*

MAPAN SARTUTA EZ DAGOEN EREMUA*

Enpresa berria

500.000 euro

200.000 euro

Dibertsifikazioa

500.000 euro

200.000 euro

Handitzea edo hazkundea

200.000 euro

200.000 euro

(*) Eskualdeko Laguntzen 2014-2020 Mapan sartuta dauden udalerrien zerrenda Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (www.nafarroa.eus) kontsulta daiteke.

2. Langileen prestakuntza gastuetarako, diru-laguntza %50ekoa izanen da, eta kontzeptu honetan gehieneko zenbatekoa 300.000 eurokoa.

6. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdiaren laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2016ko urriaren 30ean bukatuko da, egun hori barne.

Egun hori baino lehenago deialdirako baimendutako aurrekontuko kreditua bukatzen bada, eskaerak aurkezteko epearen itxieraren berri emanen da tramiteen katalogoko fitxa erabiliz Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoan (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

2. Eskabideak telematikoki aurkeztuko dira, lehen aipatutako laguntzen fitxaren bidez.

3. Dokumentazio hau aurkeztu behar da laguntza eskatzeko, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen arabera:

a) Enpresaren eta proiektuaren datuak biltzen dituen eskabidea.

b) Enpresa eta inbertsioko proiektua deskribatzen dituen memoria tekniko eta ekonomikoa.

c) Onuradun izateko baldintzak (2. oinarrikoak) betetzearen erantzukizuneko aitorpena.

d) 2.1.e) oinarriak aipatzen duen emakumeen eta gizonen arteko berdintasun planaren kopia.

e) “Hornitzailea hautatzeko justifikazioa” izeneko inprimakia, eta, hala bada, 4.1.f) oinarrian eskatzen den kostuen moderazioa frogatzen duten 3 eskaintzak.

f) Hala bada, aurkeztu behar den dokumentazio osagarria (laguntzen fitxan zehazten dena).

4. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

7. oinarria.–Diru-laguntza ematea.

1. Diru-laguntza hauek banakako ebaluazioaren araubidean emanen dira. Hori dela-eta, 5. oinarrian ezarritako irizpideekin bat ebaluatuko dira eskabideak eta ebaluazio horren emaitzaren araberakoa izanen da diru-laguntza.

Eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

2. Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak eskaerak ebaluatuko ditu; horretarako, beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria edo argigarria eskatzen ahalko dio enpresari, eta adieraziko dio ezen eskaerari ezarritako epean erantzuten ez badio eskatutako laguntzak ukatzen dituen ebazpena emanen duela.

Eskaera bakoitza aztertu ondoren, Zerbitzuak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, eta, bertan, onuradunek laguntzak jasotzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela adierazi beharko da.

3. Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da diru-laguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea 6 hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaera aurkezten den egunetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

8. oinarria.–Diru-laguntza jasotzen duen jarduketa justifikatzea.

1. Inbertsio proiektua bukatu eta hiru hilabeteko epean, eta betiere 2017ko ekainaren 30ean beranduenez, onuradunek inbertsioa egin dela frogatu beharko dute.

Horretarako, telematika bidez, inbertsioa egin izana frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute, laguntzen fitxan eskura daitekeen ereduaren arabera.

2. Proiektua gauzatzean funtsezkoak ez diren aldaketak edo laguntzaren ebazpenean aurreikusten ez ziren inbertsioak egiten badira, enpresak frogatu beharko du proiektuaren helburuarekin lotuta daudela, bai eta kostuen moderazioa ere, 4.1.f) oinarrian aurreikusitakoaren arabera.

Ez dira diruz lagunduko laguntzak kudeatzen dituen organoaren ustez funtsezkoak diren aldaketak, ezta aurreko lerroaldean ezarritakoa betetzen ez dutenak ere.

9. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntzaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, diru-laguntzen onuradunek gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Informatzeko betebehar hori betetzen ez badu onuradunak, ez da emandako diru-laguntza ordainduko.

b) Oinarri arautzaile hauetan ezarritako moduan eta epeetan egin eta justifikatu beharko dituzte diru-laguntzaren xedeko jarduerak.

c) Diru-laguntza lortzen duen inbertsioa enpresaren Nafarroako jarduera ekonomikoari atxikia mantentzea, zazpi urtez bederen erregistroan inskribatzen ahal diren ondasun higiezinen kasuan, eta hiru urtez gainerako ondasunen kasuan, laguntza ordaintzeko ebazpenaren egunetik aurrera.

d) Laguntzak kudeatzen dituen organoari baimena eskatzea, aurreko letran adierazitako epean diru-laguntzaren xedeko ondasun higiezinen aldatzen bada edo errentan hartzen edo besterentzen badira.

e) Jasotako diru-laguntzaren berri ematea modu egokian, enpresaren webgunean, ageriko lekuan honako esaldi hau paratuz: “Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza bat jaso du, industriako enpresa handietan inbertsioak egiteko laguntzen 2016ko deialdian”.

f) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Diru-laguntza emateko ebazpenetan, oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, esleitutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta, bidezkoa bada, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

3. Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere egokitzen ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki:

a) Diruz laguntzen ahal den inbertsioaren zenbatekoa, organo kudeatzaileak frogagiriak egiaztatu ondoren, diru-laguntza emateko ebazpenean lagundutako inbertsioaren %70etik beherakoa bada, ordaindu beharreko laguntza %50 murriztuko da.

b) Diruz laguntzen ahal den inbertsioa lagundutako inbertsioaren %50etik beherakoa bada, esleitutako laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

Murrizketa horiek ez dira aplikatuko baldin eta onuradunak 2017ko martxoaren 31 baino lehen jakinarazten badu egin beharreko inbertsioa murriztuko dela. Telematika bidez jakinaraziko du, laguntzen fitxaren bidez.

10. oinarria.–Diru-laguntzaren ordainketa.

1. Frogagiriak aztertuta, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpen proposamena igorriko dio Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubideak dakartzan betebeharrak bete dituztela egiaztatzen duen txostena aurkeztuko da; besteak beste, gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu dutela egiaztatuko dute.

2. Diru-laguntza ordaindu aurretik:

a) Inbertsioaren egiaztapen materiala eginen da diru-laguntzaren zenbatekoa 60.000 eurotik gorakoa denean.

b) Errentamendu finantzarioaren bidez finantzatutako inbertsioen kasuan, egiaztatuko da onuradunak eragiketaren kapitala amortizatu duela, gutxienez diru-laguntzaren zenbatekoa adinako kapitala.

3. Ordainketaren ebazpena sei hilabeteko epean emanen da gehienez, inbertsioa frogatzen duen dokumentazioa aurkezten denetik hasita. Epe hori etenen da onuradunari eskatzen bazaio aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko.

11. oinarria.–Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honen laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak inbertsio beretarako ematen dituen edonolako beste laguntzekin.

Hala ere, bateragarriak dira beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoak edo atzerrikoak izan, ematen dituzten laguntzekin, betiere legezko mugak gainditzen ez badira.

Betiere, jarduera bererako emandako diru-laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu diruz lagundutako jardueraren kostua.

12. oinarria.–Jakinarazteko betebeharretik salbuetsitako laguntzak.

Ondotik aipatzen diren laguntzak salbuetsita daude jakinarazteko betebeharretik (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarria), Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluan, 14. artikuluan (“Inbertsiorako eskualdeko laguntzak”) eta 31. artikuluan (“Prestakuntzarako laguntzak”) ezarritako baldintzak betetzen dituelako, zeinek merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk ezartzen baititu, Tratatuaren 107. eta 108 artikuluak aplikatuz (2014ko L187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 26koa):

a) Hasierako inbertsiorako eskualdeko laguntzak, jarduera berri baterako (3.1 oinarria, a) eta b) letrak ), Eskualdeko Laguntzen 2014-2020 Mapan sartuta dagoen eremuko enpresa handiei emandakoak (udalerrien zerrenda Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (www.nafarroa.eus) kontsulta daiteke).

b) Enpresa handien inbertsioekin lotuta egiten duten prestakuntzarako laguntzak, enpresa horiek laguntzen eremuan egon nahiz ez.

13. oinarria.–“De minimis” laguntzak.

Ondotik aipatzen diren laguntzak “de minimis” laguntzak izanen dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

a) Eskualdeko Laguntzen 2014-2020 Mapan sartuta ez dagoen eremuko udalerrietan dauden enpresa handientzako laguntzak.

b) Nafarroan lehendik dagoen enpresa handi baten handitzerako edo hazkunderako proiektuetarako laguntzak (3.1.c oinarria).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati emandako “de minimis” laguntzaren guztirakoa 200.000 eurokoa izanen da, gehienez ere, hiru zergaldiko edozein alditan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek eskaeraren inprimakian aitortuko dituzte kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak.

14. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren bidez (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/es/index), emandako diru-laguntzak jarriko ditu jendaurrean, adierazita deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egozten zaion, onuradunak eta emandako diru kopuruak.

15. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1609556