164. ALDIZKARIA - 2016ko abuztuaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALESBES

Kirol entitateendako diru-laguntzen ordenantza.
Behin betiko onespena

Alesbesko Udalak, 2016ko ekainaren 1ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Kirol entitateendako diru-laguntzen ordenantza.

Espedientea jendaurrean egon da, iragarkia 2016ko 113. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, ekainaren 13an, baita udal honetako iragarki oholean ere. Arauzko epea inork erreklamaziorik aurkeztu gabe iragan denez gero, behin betiko onetsitzat jo da.

Ondotik testu osoa argitaratzen da, orok jakin dezan eta gainerako ondorioak izan ditzan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea betez.

Alesbesen, 2016ko uztailaren 18an.–Alkate udalburua, Delia Linzoain Pinillos.

ALESBESKO UDALA. KIROL ENTITATEENDAKO
DIRU-LAGUNTZEN ORDENANTZA

Arlo honetan indarra duen araudian ezarritakoarekin bat, Alesbesko Udalak kirol jarduerak antolatzeko diru-laguntzen oinarriak ezarri ditu, betiere jarduera horiek herritarren onerako badira.

Laguntzak ematerakoan irizpide hauei jarraituko zaie: publikotasuna, tratu berdintasuna eta bitartekoen eta helburuen bat etortzea. Honako hauek dira oinarri arautzaileak:

Lehenbizikoa.–Diru-laguntzaren helburua, baldintzak eta xedea.

Alesbesko entitate, klub eta/edo elkarteek egin ditzakete eskaerak. Oinarri arautzaileen funtsa dira printzipio hauek: berdintasuna eta bazterkeria eza, publizitatea, gardentasuna, lehiakortasuna, objektibotasuna, eraginkortasuna eta efizientzia. Hona hemen haren xedea:

a) Herritarrei, arizale nahiz ikusle, parte hartzeko aukera ematen dieten kirol jardueren antolaketa laguntzea eta bultzatzea, bereziki udalerrian errentagarritasun sozialari eragiten diotelarik.

b) Ekitaldi puntualen bidez, gazteengan nahiz haurrengan kirolzaletasuna piztea.

c) Oinarrizko kirola laguntzea eta sustatzea, udalerriko klubetan, gazteak eta haurrak kirol federatu nahiz federatu gabeetan modu jarraituan aritzeko erraztasuna emanez.

d) Udalerriko biztanleen artean kirolaren sustapena bultzatzea.

e) Diren kluben sendotzea eta klub berrien sorrera bulkatzea, kirola egiteko parada ematen dutenak.

f) Udalaren Kirol Programa osatzen edo harekin koordinatzen diren jarduerei sostengu ematea.

g) Kirol klubak babestea, irabazi-asmorik gabe kirol ekitaldi, ikuskizun eta/edo emanaldi bereziak urte naturalean antolatzen dituztenak, edo denboraldiaren barnean edozein kirol motatan aritzen direnak, horiek egiten badira aitzin urteko irailetik aurtengo abuztura bitartean, federazioek edo entitate antolatzaileek ezarritako egutegiarekin bat, eta betiere antolatzaileari defizita sortzen badiote.

Jarduera hauek izanen dira diru-laguntzaren xede:

a) Alesbesko klub eta/edo elkarteek irabazi-asmorik gabe antolatzen dituzten kirol emanaldi, ikuskizun eta/edo ekitaldi bereziak, udalerriko bizilagunei zuzenduak, bertan parte har dezaten edo ikusle izan daitezen, betiere antolatzaileari defizita sortzen badiote.

b) Irabazi-asmorik gabeko kirol jarduerak, federazioek edo entitate antolatzaileek ezarritako egutegiarekin bat eginak, egiten badira aitzin urteko irailetik aurtengo abuztura bitarteko denboraldian, betiere antolatzaileari defizita sortzen badiote.

c) Udalaren Kirol Programa osatzen edo harekin koordinatzen diren jarduerak, betiere antolatzaileari defizita sortzen badiote.

d) Diruz lagunduko dira diruz laguntzen diren jardueren programazioari, koordinazioari eta gauzatzeari dagozkien gastuak. Horiek barnean kontzeptu hauek sartzen dira:

–Lehiaketan izen ematea, lizentziak eta federazioko bertze kuota batzuk.

–Material suntsigarria eta kirol ekipamendua.

–Laguntzak eta bidaia-sariak monitore/entrenatzaileendako, epaile, arbitro eta fisioterapeutendako.

–Kirol instalazioen erabilera.

–Sariak eta trofeoak.

–Bertzelako gastuak, kirol jarduera egin ahal izateko nahitaezkoak.

e) Udalaren lokal/instalazioetako sarrera erraztuko da, bileretarako edo kirol erabilerarako, baldin elkarte bakoitzak haiek kontserbatzeko mantentze-lanaren kostua bere gain hartzen badu.

f) Diruz lagundutako jarduerarik egiten ez bada, baina irabazi-asmorik gabeko kirol elkarte bat izanez gero, Udalak beste kontzeptu batzuengatik ezarritako kuotak eta tasak itzuliko zaizkio, galera ekonomikorik ez ekartzeko gure herrian kirola sustatzen duten elkarteei.

Jarduera hauek ezin izanen dira diru-laguntzaren xede izan:

a) Kirol jarduera lehentasunezko edo oinarrizko helburua ez dutenak, nahiz eta beren alderdietako batzuek halako izaera izan.

b) Alesbesko Udalak programatuen gisako programak edo jarduerak, non ez diren haien osagarri.

c) Alesbesko udal mugapean kokaturiko espazio edo instalazioetan egin ahal izanik kanpoan egiten diren jarduerak.

d) Irakaskuntzako kirol jarduerak, indarra duten ikasketa planetan aurreikusiak; kirolen batean aritzeko irteerak edo gisa bertsuko eskolaz kanpoko bertzelako jarduerak.

e) Sarrera publikoa ez duten jarduerak.

f) Monitore eta/edo entrenatzaileen prestakuntza eta birziklatzea.

g) Diru-sarrera aski duten jarduerak edo gehienbat erabiltzaileek, udal honetako bertze zerbitzu batzuek edo bertze administrazio publiko nahiz pribatu batek diruz lagundu behar dituenak.

h) Ezaugarri sexistak edo arrazistak dituzten jarduerak edo indarkeria bultzatzen dutenak edo bertzelakoak, Espainiako Konstituzioaren printzipioei eraso egiten dietenak eta administrazio publiko batek diruz lagundu ez ditzakeenak.

i) Ez dira diruz lagunduko:

–Ondasun inbentariagarriak eskuratu, eraiki, zaharberritu eta hobetzeko gastuak.

–Elkartearen funtzionamendu gastuak, argindarra, gasa, telefonoa eta gainerako gastu arruntak.

Bigarrena.–Laguntzak emateko araubidea eta aurrekontuko kreditua.

Diru-laguntzak emateko prozedura oinarri hauetan arautzen da, aurkeztutako eskabideak aztertuz, zenbateko portzentajea eman dakiekeen ezartzeko, deialdiaren oinarrian ezarritako balorazio irizpideen arabera.

Indarrean den ekitaldiko aurrekontua egiten denean ezarriko da maileguaren muga.

Hirugarrena.–Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

Onuradun bilakatzen ahalko dira Alesbesko eskatzaileak, irabazi-asmorik ez badute eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Irabazi-asmorik gabeko elkarte edo kluba izatea, Nafarroako Gobernuaren erregistroan izen emana.

b) Estatutuen arabera, helbide soziala Alesbesen izatea eta elkartearen jardueraren xedea izatea kirol jardueran aritzea.

c) Kirol jarduerak eta diru-laguntzaren xede izanen diren proiektuak Alesbesko udalerrian gauzatzea, eta horiek herritarren onerako izatea.

d) Onuraduna izatea eragozten duten kasuetako bakar batean ere ez egotea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan xedatutakoarekin bat, eta Alesbesko Udalarekin zorrik ez izatea.

Laugarrena.–Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea.

4.1. Aurkezteko epea:

Eskaerak eta galdatzen den hasierako dokumentazioa aurkezteko epea, diru-laguntza zer ekitalditarako eskatzen den, aurreko abendukoa izanen da.

4.2. Hasiera batean aurkeztu beharreko agiriak:

a) IFKaren edo IFZaren kopia konpultsatua, baita klub edo elkartearen estatutuena, baldin eta aurkezten den lehen aldia edo haietan aldaketarik izan bada.

b) Entitatearen eta hura ordezkatzen duen pertsona fisikoaren datuak.

c) Diru-laguntzaren xede den proiektuaren deskribapena.

d) Aurrekontu xehakatua, kontzeptuen arabera sailkaturik diru-sarreren eta gastuen aurreikuspena.

e) Erantzukizuneko aitorpena, onuraduna izatea eragozten duten kasuetako bakar batean ere ez egoteari buruzkoa, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan xedatutakoarekin bat.

f) Entitateak Nafarroako Foru Ogasuneko zerga beharkizunak eta Gizarte Segurantzakoak beteak dituela frogatzen duten ziurtagiriak, eta Alesbesko Udalarekin inolako zorrik ez duela frogatzen duena.

g) Erantzukizuneko aitorpena, deialdi honetako laguntzaren xede den proiekturako bertze erakunde publiko eta/edo pribatu batzuetan diru-laguntzarik eskatu eta/edo jaso den azaltzeari buruzkoa.

h) Proiektuaren edo jardueraren publizitatea eta zabalkundea egitean, Alesbesko Udalaren diru-laguntza jaso duela agerrarazteko konpromisoa.

Borzgarrena.–Aurkeztutako eskabideen balorazioa.

5.1.–Balorazio irizpideak.

Kirol klub eta/edo elkarteendako, aurkeztutako jarduerak baloratzeko irizpideak eta laguntzaren zenbatekoa jarraian azaltzen diren balorazio irizpideen arabera zehaztuko dira, adierazten den puntuazioaren arabera. Gehienez ere 50 puntu emanen dira. Hona hemen:

1) Adingabeendako jarduerak sustatzeagatik klubean edo elkartean:

–5 puntu.

2) Klubaren edo elkartearen jardueran aritzeko behar diren urteko gastuak:

–0 eurotik 15.000 eurora bitarte: 5 puntu.

–15.000 eurotik 30.000 eurora bitarte: 10 puntu.

–30.000 eurotik goiti: 15 puntu.

3) Klubak edo elkarteak duen bazkide kopurua:

–20 bazkidetik 100 bazkidera:

5 puntu.

–100 bazkidetik goiti: 10 puntu.

4) Jendearendako dohainik den jarduera kopurua, ekitaldian:

–10 baino gutxiago: 5 puntu.

–10 eta 20 bitarte: 10 puntu.

–20tik goiti: 15 puntu.

5) Jarduera nagusietako bat egiten bada irabazi-asmorik gabeko beste elkarte baten mesedetan, gaixotasun fisiko edo mentalak ikertzeko edo tratatzeko:

–10 puntu.

Lortutako puntuazioak /100 zehazten du diruz lagunduko den ehuneko zenbatekoa elkarte bakoitzaren urteko aurrekontuetako gastuaren gainean. Diru-laguntza osoak muga hauek izanen ditu:

–Urteko aurrekontua 15.000 eurokoa baino txikiagoa duten elkarteak: 1.200 euro urtean.

–Urteko aurrekontua 15.000 eurotik 30.000 eurora duten elkarteak: 8.000 euro urtean.

–Urteko aurrekontua 40.000 eurotik goiti duten elkarteak: 18.500 euro urtean.

5.2.–Diru-laguntza emateko Udalaren ebazpenak dagokion gastu konpromisoa baitu itsatsirik, Udaleko Kontu-hartzailetzaren fiskalizazioa beharko du aitzinetik.

5.3.–Onuradunen betebeharrak.

Onuradunen betebeharrak ondoko hauek dira:

a) Diru-laguntza jasotzeko behar den jokabidea izan, xedea bete, proiektua gauzatu edo jarduera egitea.

b) Organo emaileari erakustea beharkizunak eta baldintzak betetzen direla; orobat, hari frogatzea diru-laguntza emateko edo diru-laguntza jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin eta helburuak bete direla.

c) Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta Espainiako nahiz Europar Batasuneko kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea.

d) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari.

e) Diru-laguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egin baino lehen, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zerga betebeharrak eguneratuak dituztela frogatzea.

f) Kontabilitate liburuak edukitzea.

g) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

h) Dirua itzultzeko arrazoietakoren bat izanez gero, itzuli egin beharko da jasotako dirua.

Seigarrena.–Justifikazioa eta kobrantza.

6.1. Aurkeztutako proiektuaren edo proiektuen justifikazioa.

a) Egindako jardueraren memoria labur eta zehatza.

b) Azken balantze ekonomikoa, gastuen eta diru-sarreren justifikazioa, klub edo elkarteko diruzainak eta buruak sinatua.

c) Gastua frogatzen duten jatorrizko fakturak. Onartuko dira, orobat, bankuko frogagiriak, “ordaindua” zigilua duten fakturak –hornitzaileak sinatu eta zigilatuak–, erosketaren tiketa, fakturari erantsia, edo bertze edozein agiri, faktura ordaindu izana erakusten duena, edo gastuaren frogagiria. Jatorrizko dokumentazioa gehienez ere 2 hilabeteko epean itzuliko da, ekitaldi itxieran dokumentazioa aurkeztu zen datatik hasita.

d) Erantzukizun zibileko aseguru poliza eta ordainketaren frogagiri eguneratua, behar den kasuetan.

e) Frogatu beharko da Alesbesko Udalaren laguntza jaso izana agertu dela diruz lagundutako jardueren publizitatean (programak, liburuak, kartel iragartzaileak, publizitateko iragarki laburrak...), edo diruz lagundutako argitalpenaren kontrazalean eta lehen orrialdean.

6.2. Deialdi honetan emandako zenbatekoa ordaintzea.

Kiroleko diru-laguntzen zenbatekoa, berez edo bertze diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera eta baliabide batzuk gehituta, inoiz ez da izanen diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.

Epe bakarrean ordainduko da zenbatekoa, behar justifikatua izateagatik %50 aurreratzea eskatzen denean izan ezik konturako ordainketa gisa, gehienez ere 30 eguneko epean, laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita. Beti justifikatu beharko da, ordurarteko ordainketen faktura eta agiriekin.

Diru-laguntzaren gainerako portzentajea %100 arte: eskatzen diren frogagiriak aurkeztutakoan; diru-laguntzarako eskaeran adierazitako helburuak, programa eta aurrekontua betetzea ezinbertzeko baldintza izanen da.

Proiektuaren justifikazioa gehienez ere 30 egun balioduneko epean eginen da, aurkeztutako proiektuko jarduera bukatzen denetik hasita. Eskatutako frogagiriak aipatu epean aurkezten ez badira, onuradunak diru-laguntza lortzeko eskubide guztiak galduko ditu.

Gastuen eta diru-sarreren azken justifikazioarekin gastua behar bezala frogatzen ez bada, behar bezala frogatutako gastu lagungarrietarako soilik lortzen ahalko da laguntza.

6.3. Laguntza itzuli beharra.

Jasotako laguntzak itzuli beharko dira eta berandutza interesa ordaindu, diru-laguntza ordaintzen den unetik itzuli beharra erabakitzen den egunera bitarte, eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 38.2 artikuluan finkatuko zenbatekoaren arabera, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 37.1 artikuluan ezarritako kasuetan, eta honako hauetan:

a) Programaturiko jarduerak gauzatzen ez direnean. Halakoetan, onuradunak jasotako aurrerakina itzuli beharko du Udaleko Diruzaintzan. Hala egiten ez badu, behar den espedientea irekiko da.

b) Diruz lagundutako jardueretan aldaketak egitea Udalaren baimenik gabe.

c) Diru-laguntza zer xedetarako eman zen, helburu hura ez betetzea.

d) Diru-laguntza eskuratzea horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe, onuradunari egotzi ahal zaizkion arrazoiengatik.

e) Jasotako dirua zertan erabili den erakutsi beharra ez betetzea.

f) Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzea edo ez betetzea.

g) Ordenantza honetan aipatzen diren egiaztapen egintzei trabak jartzea eta horiei men egin beharra ez betetzea.

Alkatetzak emanen du diru-laguntza itzultzeari buruzko ebazpena, aldez aurretik espedientea instruiturik, aplikatzekoa den legeria orokorrarekin bat. Itzuli beharreko zenbatekoak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira eta, horiek kobratzeko, diru-bilketari buruz indarra duen araudian xedatzen dena aplikatuko da.

Zazpigarrena.–Aplikazio osagarria.

Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan aplikatzekoak izanen dira Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duena, eta orobat honako hauetan ezarria dagoena: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta aplikatzekoa den gainerako araudia.

Iragarkiaren kodea: L1608661