164. ALDIZKARIA - 2016ko abuztuaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALESBES

Kultur jardueretarako diru-laguntzen ordenantza.
Behin betiko onespena

Alesbesko Udalak, 2016ko ekainaren 1ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Kultur entitateendako diru-laguntzen ordenantza.

Espedientea jendaurrean egon da, iragarkia 2016ko 113. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, ekainaren 13an, baita udal honetako iragarki oholean ere. Arauzko epea inork erreklamaziorik aurkeztu gabe iragan denez gero, behin betiko onetsitzat jo da.

Ondotik, testu osoa argitaratzen da, orok jakin dezan eta gainerako ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea betez.

Alesbesen, 2016ko uztailaren 18an.–Alkate udalburua, Delia Linzoain Pinillos.

ALESBESKO UDALA. KULTUR JARDUERETARAKO DIRU-LAGUNTZEN ORDENANTZA

Arlo honetan indarra duen araudian ezarritakoarekin bat, Alesbesko Udalak kultur jarduerak antolatzeko diru-laguntzen oinarriak ezarri ditu, betiere jarduera horiek herritarren onerako badira.

Laguntzak ematerakoan irizpide hauei jarraituko zaie: publikotasuna, tratu berdintasuna eta bitartekoen eta helburuen bat etortzea. Honako hauek dira oinarri arautzaileak:

Lehenbizikoa.–Diru-laguntzaren helburua, baldintzak eta xedea.

Oinarri arautzaileen funtsa dira printzipio hauek: berdintasuna eta bazterkeria eza, publizitatea, gardentasuna, lehiakortasuna, objektibotasuna, eraginkortasuna eta efizientzia. Hona hemen haren xedea:

a) Herritarrei, arizale nahiz ikusle, parte hartzeko aukera ematen dieten kultur jardueren antolaketa laguntzea eta bultzatzea, bereziki udalerrian errentagarritasun sozialari eragiten diotelarik.

b) Kultura bizigarri eta parte-hartzailea sustatzea.

c) Udalerriko herritarren artean kulturaren sustapena bultzatzea.

d) Diren elkarteak sendotzea edo elkarte berrien sorrera bulkatzea, kulturara hurbiltzeko parada ematen dutenak.

e) Udalaren Kultur Programa osatzen edo harekin koordinatzen diren jarduerei sostengu ematea.

f) Irabazi-asmorik gabeko elkarteak, kultur arloko emanaldi, ikuskizun eta/edo ekitaldi bereziak antolatzen badituzte urte naturalean.

Jarduera hauek izanen dira diru-laguntzaren xede:

a) Alesbesko elkarteek irabazi-asmorik gabe antolatzen dituzten kultur emanaldi, ikuskizun eta/edo ekitaldi bereziak, udalerriko bizilagunei zuzenduak, bertan parte har dezaten edo ikusle izan daitezen, betiere antolatzaileari defizita sortzen badiote.

b) Udalaren Kultur Programa osatzen duten programa edo jarduerak, betiere antolatzaileari defizita sortzen badiote.

c) Diruz lagunduko dira diruz laguntzen diren jardueren programazioari, koordinazioari eta gauzatzeari dagozkien gastuak. Gastu horien barnean kontzeptu hauek sartzen dira:

–Hitzaldiak eta lantegiak.

–Adin-talde guztietako ekintza kulturalen eta fisikoen eta mentalen garapena sustatzeko bideratutako prestakuntza ikastaroak.

–Beste herri batzuetako kulturarekiko hurbilpena errazteko bidaiak.

–Kultur jarduerak errazten eta sustatzen dituzten zuzentzaileendako gastuak eta dietak.

–Bertzelako gastuak, kultur jarduera egin ahal izateko nahitaezkoak.

d) Kultur Etxeko lokaletako sarrera erraztuko da, bileretarako edo prestakuntza ikastaroetarako beharrezkoa bada.

Deialditik kanpo daude honako jarduera edo proiektu hauek:

–Kultur jarduera lehen edo funtsezko helburua ez dutenak, nahiz haien alderdietakoren bat kulturari lotua izan. Berariaz deialditik kanpo gelditzen dira ikastetxeetan egindako kirol eta hezkuntza jarduerak eta festak (eskola ordukoak nahiz eskolaz kanpokoak).

–Jende guztiarendako ez direnak.

–Diru-sarrera aski duten jarduerak edo gehienbat erabiltzaileek, udal honetako beste zerbitzu batzuek edo beste administrazio batek diruz lagundu behar dituztenak.

–Ezaugarri sexistak edo arrazistak dituzten jarduerak edo indarkeria bultzatzen dutenak edo bestelakoak, administrazio publiko batek diruz lagundu ez ditzakeenak.

–Ondasun inbentariagarriak eskuratu, eraiki, zaharberritu eta hobetzeko gastuak.

–Elkartearen funtzionamendu gastuak.

–Eskariari lotutako dokumentazioaren faltsukeria nabarmena denean.

–Udalarekin esparru-hitzarmena duten elkarteen jarduerak.

Bigarrena.–Laguntzak emateko araubidea eta aurrekontuko kreditua.

Diru-laguntzak emateko prozedura oinarri hauetan arautzen da, aurkeztutako eskabideak aztertuz, zenbateko portzentajea eman dakiekeen ezartzeko, deialdiaren oinarrian ezarritako balorazio irizpideen arabera.

Indarrean den ekitaldiko aurrekontua egiten denean ezarriko da maileguaren muga.

Hirugarrena.–Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

Kultur proiektu eta/edo jarduerak egiteko diru-laguntzak eskatzen ahal dituzte bizilekua Alesbesen duten pertsonek eta irabazi asmorik gabeko entitateek, betiere herriarentzat interesa duten proiektuak eta/edo jarduerak egiten badituzte eta baldintza hauek betetzen:

a) Legez eratua izatea eta Nafarroako Gobernuko Elkarteen Erregistroan inskribatua egotea.

b) Udalarekin lankidetzan aritzea herrian antolatzen diren kultur eta/edo festa jardueretan.

c) Estatutuetan, beren helburuen artean izatea kulturarekin ikusteko duten jarduerak egitea eta irabazteko asmorik ez dutela aitortzea.

d) Kultur jarduerak eta diru-laguntzaren xede izanen diren proiektuak Alesbesko udalerrian gauzatzea, eta horiek herritarren onerako izatea.

e) Onuraduna izatea eragozten duten kasuetako bakar batean ere ez egotea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan xedatutakoarekin bat, eta Alesbesko Udalarekin zorrik ez izatea.

Laugarrena.–Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea.

4.1. Aurkezteko epea:

Eskaerak eta galdatzen den hasierako dokumentazioa aurkezteko epea, diru-laguntza zer ekitalditarako eskatzen den, aurreko abendukoa izanen da.

4.2. Aurkeztu beharreko agiriak:

a) Elkartearen estatutuen kopia konpultsatua, eta IFK edo IFZrena.

b) Entitatearen eta hura ordezkatzen duen pertsona fisikoaren datuak.

c) Diru-laguntzaren xede den proiektuaren deskribapena.

d) Aurrekontu xehakatua, kontzeptuen arabera sailkaturik azalduz aurreikusten diren diru-sarrerak eta gastuak.

e) Erantzukizuneko aitorpena, onuraduna izatea eragozten duten kasuetako bakar batean ere ez egoteari buruzkoa, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan xedatutakoarekin bat.

f) Entitateak Nafarroako Foru Ogasuneko zerga beharkizunak eta Gizarte Segurantzakoak beteak dituela frogatzen duten ziurtagiriak, eta Alesbesko Udalarekin inolako zorrik ez duela frogatzen duena.

g) Erantzukizuneko aitorpena, deialdi honetako laguntzaren xede den proiekturako bertze erakunde publiko eta/edo pribatu batzuetan diru-laguntzarik eskatu eta/edo jaso den azaltzeari buruzkoa (I. eranskina).

h) Proiektuaren edo jardueraren publizitatea eta zabalkundea egitean, Alesbesko Udalaren diru-laguntza jaso duela agerrarazteko konpromisoa.

Borzgarrena.–Aurkeztutako eskabideen balorazioa.

5.1. Balorazio irizpideak.

Aurkeztutako jarduerak baloratzeko irizpideak eta laguntzaren zenbatekoaren zehaztapena baremo honi jarraikiz ezarriko dira:

A) Prestakuntza ikastaroak. Diruz lagunduko da ikastaroen defizita baldintza hauen arabera: hileroko arrazoizko kuota ezartzea, parte hartzaileentzako kostuaren zenbatekoa, 10 ikasle baino gehiago izatea eta ikastaroaren beharra justifikatzea. Ikastaroa egiten den lokala Udalarena bada, lokalen kostuaren kalkulutik kenduko zaio diru-laguntzaren behin betiko zenbatekoa zehazteko.

B) Kultur programa berezia, librea eta independentea duten elkarteentzat, diruz lagundu daitekeen gastuaren portzentajea zehazteko balorazio irizpide hau ezartzen da: gehienez ere 1.200 euro.

1) Bertako herritarren artean kultur sustapena bultzatzea edo Alesbesko ondare kulturala edo artistikoa zabaltzea:

–20 puntu.

2) Kultur jardueren sustapena, bereziki adingabeentzat eta zaharrentzat:

–20 puntu.

3) Proiektuaren eragina Alesbesko kultur dinamizazioan, aurreikusitako jarduerako ikus-entzule, parte-hartzaile edo ikasleengatik:

–10 puntu.

C) Udalaren programetako jardueretan lankidetzan aritzen diren elkarteen jardueretarako, Udalak bere gain hartuko du jardueraren defizita, muga hauekin:

–Erregeen Kabalgata antolatzeko, prestatzeko: 1.500 euro.

–Eguberrietan haurrentzako ikus-entzunezkoak antolatzeko, prestatzeko: 1.000 euro.

–Inauterietan haur lehiaketen sarietarako: 1.100 euro.

–Kulturen arteko egunerako: 200 euro.

–Udalak ezarritako bazkari/askariak antolatzeko: 1.000 euro.

–Udalak zehaztutako egunetan zuzendaritzari musika akonpainamendua egiteagatik: 2.000 euro.

5.2. Diru-laguntza emateko Udalaren ebazpenak dagokion gastu konpromisoa baitu itsatsirik, Udaleko Kontu-hartzailetzaren fiskalizazioa beharko du aitzinetik.

5.3. Onuradunen betebeharrak.

a) Diru-laguntza jasotzeko behar den jokabidea izan, xedea bete, proiektua gauzatu edo jarduera egitea.

b) Organo emaileari erakustea beharkizunak eta baldintzak betetzen direla; orobat, hari frogatzea diru-laguntza emateko edo diru-laguntza jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin eta helburuak bete direla.

c) Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta Espainiako nahiz Europar Batasuneko kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

d) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari.

e) Diru-laguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egin baino lehen, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zerga betebeharrak eguneratuak dituztela frogatzea.

f) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala auditaturiko bertzelako agiriak eduki beharko dira, onuradunei aplikatzen ahal zaizkien merkataritzari eta sektoreari buruzko legeetan xedatu bezala.

g) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

h) Dirua itzultzeko arrazoietakoren bat izanez gero, itzuli egin beharko da jasotako dirua.

Seigarrena.–Justifikazioa eta kobrantza.

6.1. Aurkeztutako proiektuaren edo proiektuen justifikazioa.

a) Egindako jardueraren oroitidazkia.

b) Azken balantze ekonomikoa, gastuen eta diru-sarreren justifikazioa, elkarteko diruzainak eta buruak sinatua.

c) Gastua frogatzen duten jatorrizko fakturak edo horien fotokopia konpultsatuak. Onartuko dira, orobat, bankuko frogagiriak, “ordaindua” zigilua duten fakturak –hornitzaileak sinatu eta zigilatuak–, erosketaren tiketa, fakturari erantsia, edo bertze edozein agiri, faktura edo gastuaren frogagiria ordaindu izana erakusten duena.

d) Erantzukizun zibileko aseguru poliza eta ordainketaren frogagiri eguneratua, behar den kasuetan.

e) Frogatu beharko da Alesbesko Udalaren laguntza jaso izana agertu dela diruz lagundutako jardueren publizitatean (programak, liburuak, kartel iragartzaileak, publizitateko iragarki laburrak...), edo diruz lagundutako argitalpenaren kontrazalean eta lehen orrialdean.

6.2. Deialdi honetan emandako zenbatekoa ordaintzea.

Kulturako diru-laguntzen zenbatekoa, berez edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera eta baliabide batzuk gehituta, inoiz ez da izanen diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa. Diruz laguntzen ahal diren gastu frogatuen %75 arteko diru-laguntza emanen da gehienez, eta eskatzaileak bere baliabideak erabiliz bete beharko du gelditzen den tartea.

Epe bakarrean ordainduko da zenbatekoa, behar justifikatua izateagatik %50 aurreratzea eskatzen denean izan ezik konturako ordainketa gisa, gehienez ere 30 eguneko epean, laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita. Beti justifikatu beharko da, ordurarteko ordainketen faktura eta agiriekin.

Diru-laguntzaren gainerako portzentajea %100 arte: eskatzen diren frogagiriak aurkeztutakoan; diru-laguntzarako eskaeran adierazitako helburuak, programa eta aurrekontua betetzea ezinbertzeko baldintza izanen da.

Proiektuaren justifikazioa gehienez ere 30 egun balioduneko epean eginen da, aurkeztutako proiektuko jarduera bukatzen denetik hasita. Eskatutako frogagiriak aipatu epean aurkezten ez badira, onuradunak diru-laguntza lortzeko eskubide guztiak galduko ditu.

Gastuen eta diru-sarreren azken justifikazioarekin gastua behar bezala frogatzen ez bada, behar bezala frogatutako gastu lagungarrietarako soilik lortzen ahalko da laguntza.

6.3. Laguntza itzuli beharra.

Jasotako laguntzak itzuli beharko dira eta berandutza interesa ordaindu, diru-laguntza ordaintzen den unetik itzuli beharra erabakitzen den egunera bitarte, eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 38.2 artikuluan finkatuko zenbatekoaren arabera, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 37.1 artikuluan ezarritako kasuetan, eta honako hauetan:

a) Programaturiko jarduerak gauzatzen ez direnean. Halakoetan, onuradunak jasotako aurrerakina itzuli beharko du Udaleko Diruzaintzan. Hala egiten ez badu, behar den espedientea irekiko da.

b) Frogagiriak epez kanpo aurkezten direnean; izan ere, horrek diru-laguntza deuseztatzea ekarriko du eta itzuli egin beharko da jasotako dirua.

c) Diruz lagundutako jardueretan Udalak baimendu gabeko aldaketak egiten direnean.

d) Diru-laguntza zer xedetarako eman zen, helburu hura betetzen ez denean.

e) Diru-laguntza eskuratzen denean horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe, onuradunari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik.

f) Jasotako dirua zertan erabili den frogatu beharra betetzen ez denean.

g) Zenbait diru-laguntza batera jasotzen direnean, haien artean bateragarriak direnean izan ezik.

h) Diruz lagundutako jardueraren kostuaren muga gainditzen denean, onuradunak bateragarriak diren diru-laguntzak batuz; muga horretatik goitiko zenbatekoari erreparatuko zaio.

i) Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen direnean edo betetzen ez direnean.

j) Oinarri honetan aipatzen diren egiaztapen egintzei trabak jartzen zaizkienean eta horiei men egin beharra betetzen ez denean.

Alkatetzak emanen du diru-laguntza itzultzeari buruzko ebazpena, aldez aurretik espedientea instruiturik, aplikatzekoa den legeria orokorrarekin bat. Itzuli beharreko zenbatekoak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira eta, horiek kobratzeko, diru-bilketari buruz indarra duen araudian xedatzen dena aplikatuko da.

Zazpigarrena.–Aplikazio osagarria.

Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan aplikatzekoak izanen dira Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duena, eta orobat honako hauetan ezarria dagoena: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta aplikatzekoa den gainerako araudia.

Iragarkiaren kodea: L1608660