164. ALDIZKARIA - 2016ko abuztuaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

855/2016 EBAZPENA, abuztuaren 9koa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, “Nekazari gazteak beren gain jartzea” neurrirako laguntzen 2016ko deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dituena Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren barnean.

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen osoa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluak ezartzen duenez.

Lege organiko horren 56.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin eta antolamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio Nafarroaren barnean jarduera ekonomikoa planifikatu eta garapen ekonomikoa sustatzeko eskumen osoa.

Eskumen horien artean dago nekazari gazteak beren gain jar daitezela sustatzea, neurri hori lagungarria izanen baita belaunaldi aldaketa egiteko, biztanleria finkatzeko eta landa eremuetan jarduera sortzeko.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduak nekazaritzaren garapenerako laguntza arautu zuen, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez, eta indarrik gabe utzi zuen Kontseiluaren 1698/2005 (EB) Erregelamendua; haren 19. artikuluan nekazaritzako ustiategiak eta enpresak garatzeko neurria ezarri zuen, eta azpineurri gisa, berriz, artikulu horren 1, a) puntua, nekazari gazteek enpresak sortzeari buruzkoa.

1305/2013 (EB) Erregelamenduaren II. eranskinean nekazari gazte bakoitzeko emanen diren gehieneko laguntzak finkatzen dira; kopuru horiek, nolanahi ere, Nafarroako Foru Komunitatearen parametro soziekonomikoen arabera zehaztu beharko dira.

Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldirako programak neurri hori jasotzen du, eta, zehatzago, nekazari gazteak jardueran hasteko azpineurria ere bai. Haren definizioan kontuan hartu da, 1305/2013 Erregelamenduak berak eskatu bezala, Nafarroako Foru Komunitateko AMIA (ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak), landa garapenari dagokionez, eta, bereziki, nekazaritzako elikagaien sektoreari dagokionez.

Nekazari gazteentzako enpresak sortzeko laguntzaren bidez belaunaldi aldaketa sustatu nahi da, behar adinako prestakuntza daukaten gazteak, nekazaritzako enpresen titularrak, oinarri hartuta, izan ere, nekazaritzaren sektoreari jarraipena emateko eta etorkizunari arrakastaz ekiteko alternatiba nagusia hori delako.

Kontuan harturik nekazaritzan ari den populazio aktiboa zahartzen ari dela, gazteak landa eremuetatik hiri aldera joaten direla, gazteek jarduera ekonomikoaren beste sektore batzuk nahiago dituztela eta landa eremuetan gizonezkoak nagusitzen ari direla, beharrezkoa da gazteak (gizonezkoak zein emakumeak) nekazaritzan aritzera bultzatzeko estrategiak ezartzea, horien bitartez biztanleria finkatzeko, jarduera ekonomikoari eusteko eta Nafarroako Foru Komunitateko lurraldearen iraunkortasuna eta garapen orekatua bermatzeko.

Nekazari gazteak beren gain hasteari laguntzeak oso helburu garbiak ditu, eta oso lotuta dago Nafarroako nekazaritzaren sektorearen beharrekin. Azken helburua da erraztasunak ematea gazteak nekazaritza lanetan has daitezen ustiategi bideragarrietan, sektorearen egokitzapen estrukturalarekin bat. Neurri hori beste neurri batzuekin estuki lotuta egonen da, hala nola, nekazaritzako ustiategietan inbertsioak egiteko laguntzekin, garapen okupazionalarekin eta etengabeko aholkularitzaren eta prestakuntzaren bidez gaitasunak hobetzeko neurriekin.

Ildo horretatik, Europar Batasunaren helburu eta lehentasunekin bat, Nafarroako nekazaritzako ustiategien lehiakortasuna bultzatu nahi da, beste jarduketa ildo batetik, landa eremuan sare sozial eta ekonomiko egonkor, dinamiko eta erakargarria bermatzeko eta aukera berdintasunerako eta bizitzeko baldintza egokiak eskaintzeko.

Halaber, kontuan hartu da neurri horren ekarpena Nafarroako testuinguruan, Batasuneko landa garapenean dauden sei lehentasunak lortzeari eta haietan parte hartzeari begira; lehentasun horiek Europako 2020 Estrategiak landa garapenean ezartzen dituen helburuak lortzera daude bideraturik hazkunde zentzuzko, jasangarri eta bateratzaile baten atzetik, eta islatzen dituzte Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 10. artikuluan jasotzen den “Esparru Estrategiko Komunari” dagozkion helburu tematikoak. Erregelamendu horren bidez xedapen komun batzuk ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta beste zenbait xedapen orokor ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta indarrik gabe utzi zen Kontseiluaren 1083/2006 (EE) Erregelamendua.

Zehazki, 1305/2013 Erregelamenduaren 5.2.b) artikuluaren arabera, neurri hau Batasunaren landa garapenerako lehentasun honekin bat dator: “erraztasunak ematea nekazaritza sektorean nekazari behar bezala prestatuak sartzeko, eta, bereziki, belaunaldi aldaketa erraztea”.

Beraz, neurri honen esparru juridikoa 1305/2013 (EB) Erregelamendua izanen da, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidezko landa garapenerako laguntzari buruzkoa, eta, orobat, hura garatzeko erregelamenduak:

–Batzordearen 2014ko martxoaren 11ko 807/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena.

–Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 808/2014 (EB) Exekuzio Erregelamendua, xedapenak ezartzen dituena Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1305/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko.

–Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Exekuzio Erregelamendua, xedapenak ezartzen dituena Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko, kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratuari, landa garapenerako neurriei eta baldintzazkotasunari dagokienez.

–Batzordearen martxoaren 11ko 640/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratuari dagokionez, ordainketak ukatu edo kentzeko baldintzei dagokienez eta zuzeneko ordainketei, landa garapeneko laguntzari eta baldintzazkotasunari aplika dakizkiekeen zehapen administratiboei dagokienez.

Ebazpen honi, orobat, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Ebazpen hau eman da urtarrilaren 23ko 7/2013 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenbizikoaren babespean (foru dekretu horren bidez, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEUF) eta Nekazaritza Aldeen Garapenerako Nekazaritzaren Europako Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundea baimendu zen eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezarri ziren). Izan ere, azken xedapen horrek ahalmena eman zion Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari, bere eskumenen barruan, behar diren xedapen guztiak emateko foru dekretua garatu eta betearazteko, eta bereziki, nekazaritzarako Europako funtsekin osorik edo hein batean finantzatzen diren diru-laguntzei buruzko arauak ezartzeko.

Nafarroako Gobernuak 2016ko ekainaren 22an hartutako Erabakiaren bidez, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiari baimena eman zaio 3.500.000 euroko gastu konpromisoa hartzeko, laguntza hauen 2016ko ekitaldiko deialdia finantzatzeko, 2018ko eta 2019ko ekitaldien kargura.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Oinarri arautzaileak onestea.

“Nekazari gazteak beren gain jartzea” neurrirako laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak onesten dira, Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren barnean, ebazpen honen I. eranskinean agertzen den bezala.

2. Deialdia onestea.

“Nekazari gazteak beren gain jartzea” neurrirako laguntzen 2016ko deialdia onesten da.

3. Aurrekontuko kredituak.

Deialdi honek sorrarazten dituen gastuei aurre egiteko, 1.750.000,00 euroko gastua baimendu da, 2018ko ekitaldian, eta 1.750.000,00 eurokoa, 2019ko ekitaldian, 2016ko Aurrekontu Orokorretako 720004 71630 7700 412103 kontu-sailaren baliokidearen kargura (“Nekazari gazteak bere gain jartzea. Landa Garapenerako Programa, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa 2014-2020”), behar adinako kreditu egokia bada.

Baimendutako gehieneko kreditua handitzen ahalko da laguntzak emateko, aurrekontuetan bidezkoa den aldaketa edo mugimendua onetsi ondoren. Nolanahi ere, diru kopuru gehigarria emateko ezinbestekoa izanen da aurrekontuan horretarako diru erabilgarririk izatea.

4. Eskaerak aurkezteko epea 2016ko ekitaldiko deialdian.

Deialdi honetan eskaerak aurkezteko epea 90 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Eskualde behartsuak eta mendialdekoak.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak 2002ko maiatzaren 15ean emandako Foru Aginduaren zerrendan agertzen direnak dira eskualde behartsuak eta mendialdekoak, edo, Nafarroako 2014-2020 Landa Garapenerako Programaren esparruan aplikatzearen ondorioetarako, foru agindu hori ordezten duten Nafarroako Foru Komunitateko xedapenetan aipatzen direnak, deialdi honek indarra hartzen duenean indarrean badaude.

6. Diru-laguntzen Datu Base Nazionalari (BDNS) jakinaraztea.

Oinarri arautzaile hauek eta dagokien deialdia Diru-laguntzei buruzko Datu-base Nazionalean erregistratu beharko dira.

7. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen eta deialdiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2016ko abuztuaren 9an.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programako
“Nekazari gazteak beren gain jartzea” neurrirako laguntzak
emateko oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Oinarri arautzaile hauen xedea da Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programako “Nekazari gazteak beren gain jartzea” neurrirako laguntzak arautzea, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 17.1. a) artikuluaren esparruan. Erregelamendu horrek arautzen du nekazaritzaren garapenerako laguntza, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidezkoa (LGENF), eta indarrik gabe uzten du Kontseiluaren (EB) 1698/2005 Erregelamendua.

2. oinarria.–Neurriaren helburua.

1.–1305/2013 Erregelamenduan ezarritakoarekin eta Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programan zehaztutakoarekin bat, nekazaritzako ustiategiak eta enpresak garatzeko neurri honen azken helburua da landa eremuetan enpresak sortzea, eta azpineurri honen helburua da, zehazki, nekazari gazteek nekazaritzako enpresak sortzea.

2.–Helburu estrategikotzat hartzen dira enpresen garapena eta prestakuntza eta enplegua sortzea, eta, horrekin guztiarekin loturik, landa eremuen toki garapena sustatzea, Batasunaren lehentasunak (1305/2013 Erregelamenduaren 5. artikuluan aipatzen direnak) lortzen laguntzen baitute zalantzarik gabe, izan ere, neurri horiek lagungarriak izanen dira behar bezalako prestakuntza duten nekazariak nekazaritzaren sektorean sartzeko eta, zehatzago, belaunaldi aldaketa egiteko, eta jarduerak dibertsifikatzeko.

3. oinarria.–Onuradunak.

Neurri hau behar bezalako enpresa plan baten bidez, bideragarri diren nekazaritzako ustiategietako titular, titularkide edo bazkide gisa, lanean jartzen diren pertsona fisikoentzat bideratuta dago. Ustiategi horiek Nafarroan kokatu beharko dira, eta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuak egon beharko dute, edo inskribatzeko moduan. Eskatzaileek, berriz, hemen ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako konpromisoei eutsi beharko diote.

4. oinarria.–Onuradunak onartuak izateko irizpideak.

1.–Neurri honen onuradun izan daitezke nekazaritzako ustiategi batean lehenbizikoz instalatzen diren pertsona fisikoak, laguntza eskatzen den egunean onartua izateko honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) 18tik 40 urte bitarte izatea, biak barne.

b) Uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren 2. idatz-zatian jasotzen den definizioaren araberako nekazaritzako ustiategi baten titularra, edo titularkidea edo bazkide ez izatea, laguntza eskaera aurkeztu aurreko urtea baino lehenagotik gutxienez. Foru dekretu horren bidez Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroari buruzko Testu Bategina onetsi zen.

c) Enpresa plan bat aurkeztea, oinarri arautzaile hauen 6. oinarrian xedatutakoaren araberakoa.

d) Behar den lanbide gaitasuna eta prestakuntza izatea.

Behar den lanbide gaitasuna eta prestakuntza duela ondorioztatuko da, eskatzaileak honako baldintza hauetako bat betetzen baldin badu:

–Nekazaritza arloan, erdi edo goi mailako ziklo bati dagokion prestakuntza arautua baldin badu.

–Guztira 250 ordutik gorako prestakuntza egin baldin badu Nafarroako Foru Komunitatean nekazaritzako ustiategiei prestakuntza eta aholku emateko zerbitzuak erregulatzen dituzten foru arauen arabera baliozkotuak, aitortuak edo izendatuak izan diren entitateek emandako ikastaroetan.

–Nekazaritzako ustiategian sartzeko berariazko ikastaro bat egiten badu, gutxienez 200 ordukoa eta Nafarroako Foru Komunitatean nekazaritzako ustiategiendako aholkularitza eta prestakuntza zerbitzuak arautzen dituen foru araudiak homologatu, aitortu edo izendatutako prestakuntza entitateek emandakoa. Ordu kopuru horretatik kentzen ahalko dira gazteak truke programetan eta nekazaritzako ustiategietara egindako bisitetan emandako orduak (1305/2013 EB Erregelamenduaren 14.1 artikulua).

Laguntza eskatzen duenean gazteak aurreko paragrafoan adierazitako baldintzak betetzen ez baditu, 2019ko urriaren 1era arte izanen du prestakuntza hori jaso duela erakusteko, eta hala zehaztuko da bere enpresa planean.

e) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako bakar batean ere ez egotea.

f) Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

2.–Onuradunek laguntza eskatu aurreko 12 hilabeteko epean hasi beharko dute ustiategian instalatzeko prozesua, amaitu gabe.

Prozesu hori hasia dela ulertuko da, eskatzaileak inguruabar hauetako bat betetzen duela egiaztatzeko modua baldin badu:

–Gizarte Segurantzan afiliatua egotea Langile Autonomoen Araubide Berezian; zehazki, ustiategiaren titular, titularkide edo bazkide gisa egin behar duen nekazaritza jarduerari dagokion sailean.

–Eskaera bakarra aurkeztu izana (NPB).

–Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatua egotea.

–Bazkide gisa sartzea elkarte batean.

–4. oinarriaren 1.d) puntuko hirugarren marran aipatzen den prestakuntza ikastaroan inskribatu izana, behar bezalako lanbide gaitasuna eta prestakuntza eskuratzeko.

Prozesua amaitutzat hartuko da:

–Ustiategian titular gisa sartzen bada, ustiategiak lehentasunezkotzat katalogatua izateko baldintza guzti-guztiak betetzen baditu.

–Elkarte moduko ustiategian titularkide edo bazkide gisa sartzen bada, laguntza eskatzen duen pertsona fisikoak ustiategiak ATP gisa katalogatua izateko baldintza guzti-guztiak betetzen baditu.

3.–Nekazari gaztea ustiategiaren titular bakarra ez bada, haren izaera juridikoa zeinahi delarik ere, ustiategiaren titular bakarrak izanik hasten diren nekazari gazteei eskatzen zaizkien antzeko instalazio baldintzak eskatuko zaizkio. Kasu guztietan gazteek ustiategiaren egiazko kontrola egin beharko dute.

5. oinarria.–Instalatzeko modalitateak eta ustiategiak onartzeko irizpideak.

1.–Onuraduna ustiategiaren titular bakarra bada, ustiategiak honako baldintza hauek bete beharko ditu, enpresa plana aplikatu ondoren:

a) Gutxienez nekazaritzako lan unitate baten okupazioa ahalbidetzea eta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan lehentasunezko gisa inskribatuta eta katalogatuta egotea.

b) Egin gogo diren jarduketak, inbertsioak edo neurriak nagusiki Nafarroan egin beharko dira, enpresa planean ezarritako helburuei loturik egon beharko dute, eta hala ondasun higiezinak nola higigarriak Nafarroako Foru Komunitateko kasuan kasuko erregistroetan inskribatu edo erregistratu beharko dira. Ustiategiak Nafarroan izan beharko du kokatuta nekazaritzako azalera handiena, eta, nekazaritzako azalerarik ez badu, Nafarroan erregistratuta izan beharko ditu abere gehienak.

c) Enpresa mikro eta txikien definizioaren araberakoak izatea, Batzordearen 2003/361/EB Gomendioaren arabera (2003ko maiatzaren 20ko EEAO, 124. zk.).

2.–Onuraduna lehendik dagoen elkarte bateko bazkide bada, hau da, eskaera aurkeztu baino gutxienez ere urtebete lehenago sortutako elkarte batekoa, ustiategiak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

Ustiategian hasi aurretik:

–Enpresa mikro eta txikien definizioaren araberakoak izatea, Batzordearen 2003/361EB Gomendioaren arabera (2003ko maiatzaren 20ko EEAO, 124. zk.).

–Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribaturik egotea.

–Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan lehentasunezko gisa katalogatuta egotea.

b) Enpresa plana aplikatu ondoren:

–Ustiategi horretan, sartutako gazte bakoitzeko, nekazaritzako lan unitate gehigarri bat sortzen dela frogatzea. Baldintza hori ez da eskatuko gazteak beste bazkide bat ordezten duenean, besteak nekazaritzari utzi ondoren erretiroagatik, betiere enpresa planaren aplikazioak erakusten badu instalatua dagoen pertsona bakoitzeko neurri hori lortzen dela.

–Sartutako bazkidearen ogibide nagusia nekazaritza dela frogatzea.

–Ustiategiak lehentasunezko ustiategi izaera mantentzen duela frogatzea.

3.–Onuraduna elkarte berri bateko bazkidea bada, ustiategiak honako baldintza hauek bete beharko ditu, enpresa plana aplikatu ondoren:

a) Bazkide diren pertsona fisiko edo juridikoetako bat ere ez bada lehentasunezko ustiategi bateko titularra edo titularkidea:

–Sartutako gazte bakoitzari nekazaritzako lan unitate bat dagokio bere parte-hartzearen portzentajearen arabera.

–Sartutako bazkidearen ogibide nagusia nekazaritza izatea.

–Ustiategiak lehentasunezko ustiategi izaera lortzea.

b) Bazkide diren pertsona fisiko edo juridikoetako bat lehentasunezko ustiategi bateko titularra edo titularkidea bada:

–Frogatzea ustiategi horretan nekazaritzako lan unitate gehigarri bat sortzen dela sartutako gazte bakoitzeko, sozietatea eratzeko unean daudenekin alderatuta.

–Sartutako bazkidearen ogibide nagusia nekazaritza dela frogatzea.

–Ustiategiak lehentasunezko ustiategi izaera mantentzen duela frogatzea.

4.–Onuraduna ez bada ustiategiaren titular bakarra, halako moduan eginen du non epe luzera entitate juridikoaren egiazko kontrola hartuko baitu bere gain, Batasuneko Nekazaritzako Politikaren oinarrizko ordainketaren araubideko eskubideen esleipenari buruzko abenduaren 19ko 1076/2014 Errege Dekretuaren 24. artikuluaren hirugarren idatz-zatiko b) letran jasotakoarekin bat (abenduaren 29ko 1172/2015 Errege Dekretuak aldatua). Kontrol hori enpresaren jokabide estrategikoari buruzko funtsezko erabakiak hartzearen gainekoa izanen da (negozio planak, aurrekontua, finantzaketa, etab.), onuradunarentzako konpromisoak indarrean dauden denbora osoan.

Elkarteek beren eraketa-agiria eskritura publiko batean jaso beharko dute, eta hartan adierazi beharko da nola banatzen diren partaidetzak eta haiek mantentzeko konpromisoa.

6. oinarria.–Enpresa plana.

1.–Eskaerarekin batera enpresa plana aurkeztu beharko da, gaztea nekazaritzako ustiategi baten titular, titularkide edo bazkide gisa instalatzeko prozesuaren oinarri izanen dena.

2.–Enpresa planean honako hauek adieraziko dira:

a) Instalazioaren egoera eta jardueraren hasieraren justifikazioa, 4. oinarriko 2. puntuan adierazitakoaren arabera.

b) Nekazaritzako ustiategian instalatzeko prozesuaren garapenerako faseen eta funtsezko helburuen deskribapena.

c) Nekazaritzako ustiategiaren jarduerak garatzeko behar diren jarduketen xehetasunak, konparazio batera, inbertsioak, errentamenduak, lizentziak etab.

d) Honako arlo hauetan hartu beharreko beste jarduketa batzuen gaineko erreferentziak: prestakuntza, aholkularitza, kalitatezko produkzioak, nekazaritzako eta ingurumeneko neurrietan parte hartzea, eta egokitzat jotzen diren beste batzuk.

e) Bost urteren buruan, ustiategiak lortu nahi dituen helburuak, abiaburuko egoeran azaldutako parametroekin konparatuz, eta azken helburu hori lor daitekeela agerian jartzen duen azterlan ekonomiko bat, ustiategiaren bideragarritasuna bermatzen duena, oinarri arautzaile hauen 5. oinarrian jasotzen diren betebeharren arabera.

3.–Inbertsio plana prestatzeko, ezarrita dagoen eredua erabiliko da. Nafarroako Gobernuaren Atarian eskura daiteke eredu hori, laguntza hauen gaineko izapideen katalogoko web-orrian.

7. oinarria.–Laguntza motak eta zenbatekoa.

1.–Nekazari gazteak instalatzeko laguntzak prima bakarrekoak izanen dira.

2.–Laguntzaren zenbatekoa 37.276 eurokoa da, guztira.

3.–Prima bakarreko laguntzak bi zati berdinetan ordainduko dira. Azkeneko ordainketa egiteko, enpresa plana zuzen bete izana eskatuko da.

8. oinarria.–Diru-laguntzak emateko modua eta balorazio irizpideak.

1.–Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira laguntza hauek, aurkeztutako eskaerak alderatuta, haien arteko hurrenkera ezartzeko.

2.–Eskaeren hurrenkera egiteko, emandako puntuen batuketa eginen da, honako balorazio irizpide hauen arabera; gehienez ere, 100 puntu:

a) Indarreko ekitaldiko deialdian edo aurrekoan, “Nekazaritzako ustiategietako inbertsioak” izeneko 4.01 neurrian laguntza eskaera aurkezten denean, eskaera onartzeko baldintzak betetzen badira, eta onuraduna ustiategiko titular bakarra denean edo deialdi horietan “nekazari gazteak bere gain jartzea” izeneko neurriaren eskatzaileek bakarrik osatutako elkarte bateko kide denean: 30 puntu.

b) Instalazioa mendialdean, goi mendialdean edo, mendialdean izan gabe ere, muga natural garrantzitsuak dituzten tokietan dagoen ustiategi batean egin behar denean: 15 puntu.

c) Enpresa planaren barneko jarduketa batzuk sailkatzen ahal baldin badira eraldakuntzan eta merkaturatzean inbertsioak egiteko neurrietan, 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluaren 1 b) puntuaren arabera, edo nekazaritzakoak ez diren enpresak sortzeko edo nekazaritzakoak ez diren jarduerak garatzekoetan, erregelamendu beraren 19. artikuluaren 1 a) ii eta 1 b) puntuen arabera: 10 puntu.

d) Enpresa planean aurreikusitakoaren arabera, onuradunak parte hartu behar duenean aholkularitza eta prestakuntza neurrietan, Nafarroako Foru Komunitatean homologatutako edo aitortutako prestakuntza eta aholkularitza entitateen bitartez, 1305/2013 Erregelamenduaren 14. edo 15. artikuluen arabera: 5 puntu.

e) Enpresa planean aurreikusitakoaren arabera, parte hartu behar baldin badu Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren esparruan abiarazitako nekazaritzako eta ingurumeneko neurrietan, 1305/2013 Erregelamenduaren 28. artikuluaren arabera, edo nekazaritza ekologikoari buruzko neurrian, 1305/2013 Erregelamenduaren 29. artikuluaren arabera, 15 puntu gehienez ere, irizpide hauek kontuan hartuta:

–Enpresa planak aurreikusten badu ekoizpen ekologikoaren neurrian parte hartzea, 1305/2013 Erregelamenduaren 29. artikuluaren arabera: 15 puntu.

–Enpresa planean aurreikusirik ez badago ekoizpen ekologikoaren neurrian parte hartzea 1305/2013 Erregelamenduaren 29. artikuluaren arabera, baina aurreikusten badu nekazaritza eta ingurumen arloko neurrietan parte hartzea, 1305/2013 Erregelamenduaren 28. artikuluaren arabera: 10 puntu.

f) Enpresa planean aurreikusitakoaren arabera, laguntzaren eskatzailea nekazaritzako ustiategiko titularra, aldi berean, lehentasunezko elkarte bateko bazkide den entitate bateko bazkidea ere bada: 5 puntu.

g) Laguntzaren eskatzailea emakumezkoa baldin bada: 5 puntu.

h) Enpresa planak aurreikusten badu Nafarroan ezarritako kalitate-araubideren batean parte hartzea, 1305/2013 Erregelamenduaren 16. artikuluaren arabera: 5 puntu.

i) Onuradunaren enpresa planean aurreikusita dagoenean ustiategian bi nekazaritzako lan unitate edo gehiago sortzea, 10 puntu. Irizpide hori kasu hauetan betetzen dela ulertuko da:

–Titular bakarra baldin bada, ustiategian bi nekazaritzako lan unitate edo gehiago lortzea.

–Deialdi honetan laguntza eskatzen duten bazkideek bakarrik osatutako sozietate berriak direnean, parte-hartzearen portzentajearen arabera bi nekazaritzako lan unitate edo gehiago dagokienean.

–Lehendik dauden sozietateak edo sozietate berriak, bazkideren batek laguntzarik eskatu ez badu deialdi honetan, ustiategian bi nekazaritako lan unitate edo gehiago sortzea sartzen den gazte bakoitzeko.

Elkarte batean bi gazte edo gehiago sartzen direnean, baldintza hau bakoitzak bete beharko du bere aldetik. Ondorio horietarako ez dira kontuan hartuko eraldaketako edo zuzeneko salmentako jarduerek sortutako nekazaritzako lan unitateak.

3.–Onuradunak adierazi beharko du, berariaz, zer balorazio irizpideren arabera eskatzen duen aplika dakiola aurreko baremoa. Eskaera hau erantzukizuneko aitorpentzat hartuko da laguntza eskaera aurkeztean biltzen diren irizpideei dagokienez, eta bete beharreko konpromisotzat enpresa planean aurreikusitako ekintzei dagokienez, eta plan horrekin bat etorri beharko du.

9. oinarria.–Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1.–Laguntza hau norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko direnez, eskaeren hurrenkera bat ezarriko da, 8. oinarrian zehaztutako balorazio irizpideak aplikatuz, eta irizpide horiek aplikatuta balorazio handiena lortzen duten eskaerei laguntza emanen zaie, deialdian finkatutako kreditua gainditu gabe.

2.–Espedienteen puntuazioan berdinketarik gertatzen bada, lehentasuna izanen du aurreko oinarriaren a) letran puntu gehien lortzen duen espedienteak, eta gero, b), c), d) eta ondorengo letrak aintzat hartuko dira banan-banan, zerrenda bukatu arte. Horrela ere berdinduta segitzen badute, eskatzaile zaharrenaren alde eginen da.

3.–Aurrekontuan zuzkidura nahikoa izanik ere, laguntzarako eskubidea izateko nahitaezkoa izanen da gutxienez ere 30 puntu lortzea balorazio irizpideetan.

4.–Deialdirako dagoen aurrekontu-kreditua nahikoa ez bada laguntzarako eskubidea duten eskaera guztiei diru-laguntza emateko, ezetsi eginen dira aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik aintzat hartu ezin direnak.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1.–Laguntzaren azken ordainketa egin aurretik, laguntzen onuradunek betebehar eta konpromiso hauek bete beharko dituzte:

a) Hasiera batean edo 16. oinarriko 2. puntuan jasotako oharrak aplikatu ondoren onartutako enpresa plana betetzea, oinarri arautzaile hauetan adierazten den epean. Enpresa plana oso-osorik burutu dela ondorioztatzeko, 8. oinarriko 2. puntuan aipatutako jarduketak bukatu beharko dira, betiere jarduketa horiei esker puntuak lortu baldin badira hautapen irizpideak aplikatuz.

b) Enpresa plana aplikatzen hastea laguntza emateko ebazpenaren egunetik hasita bederatzi hilabeteko epearen barnean. Horren ondorioetarako, enpresa plana hasi dela ondorioztatuko da gutxienez inguruabar hauetako bat gertatu bada eskaera aurkeztu ondoren, eta hura ez bada bideratu jardute-hasiera egiaztatzeko:

–Gizarte Segurantzan afiliatua egotea Langile Autonomoen Araubide Berezian; zehazki, ustiategiaren titular, titularkide edo bazkide gisa egin behar duen nekazaritza jarduerari dagokion sailean.

–Egiaztatzen bada inbertsioak hasi direla edo eskurapen edo errentamendu berriak egin direla.

–Eskaera bakarra aurkeztu izana (NPB).

–Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatua egotea.

c) 2019ko azaroaren 1erako, jarduneko nekazari gisa aritzea, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren II. tituluko I. kapituluko definizioaren arabera. Errege dekretu horrek erregulatzen ditu nekazaritzari eta abeltzaintzari 2015etik aurrera egiten zaizkien zuzeneko ordainketak eta laguntzeko beste araubide batzuk, baita zuzeneko ordainketen eta landa garapenerako ordainketen kudeaketa eta kontrola ere.

d) 2019ko azaroaren 1erako, behar den lanbide gaitasuna eta prestakuntza eskuratzea, 4.d) oinarrian ezarritakoaren arabera, onuradunak ez badu hori justifikatu eskaera egiten duen unean.

e) Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan agiri bidez justifikatzea enpresa planean aurreikusitako ekintzak egin dituela, hala lanean sartzearekin zuzeneko zerikusia dutenak, nola baremazio irizpideak aplikatuz puntuak lortzeko balio izan dutenak.

f) Laguntza ongi eman dela, enpresa plana ongi gauzatu dela eta konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea, hala agiri bidezkoak, nola bertatik bertara egiten direnak. Kontrol horietan sartzen ahalko da gazteak bere enpresa plana eta ustiategiaren kudeaketa ezagutzen dituela frogatu beharra, galdetegiak eta/edo elkarrizketa pertsonalak betez.

g) Ustiategiko teknika, ekonomia, lan eta gizarte arloetako kontuei buruz behar diren argibideak ematea, baita neurri honen esparruan harturiko laguntzei buruz ere, haren jarraipena eta ebaluazioa bideratzeko adierazleak prestatzeko.

h) Diru-laguntza jaso duen jarduketa finantzatzeko beste diru-laguntza publiko eta laguntza batzuk eskatu eta/edo lortu badira, horren berri ematea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den azken ordainketan frogatu baino lehen.

i) Jasotako funtsak itzultzea, oinarri arautzaile hauek hala ezarritako kasuetan.

11. oinarria.–Gerora bete beharreko konpromisoak.

1.–Gerora bete beharreko konpromisoak izanen dira onuradunak bere gain hartzen dituenak, laguntzaren azken ordainketa-ebazpenaren egunetik hasita hiru urtez haiei eusteko konpromisoa hartuta.

2.–Espediente eta onuradun guztientzat, etorkizunean bete beharreko konpromisoa da gaztea lanean sartzen den ustiategia jardutetik ez gelditzea eta lehentasunezko ustiategiaren izaera mantentzea. Konpromiso horiek ez zaizkie aplikatuko eragiketei ekoizpen jarduera bat bertan behera uzten bada iruzurrezkoa ez den porrotarengatik.

Etorkizunean bete beharreko konpromisoa da, orobat, gaztea ustiategian sartu ondoren lortzen den ustiategiaren gutxieneko dimentsioari eustea, 5. oinarrian ezarritakoaren arabera.

3.–Balorazio irizpideei loturiko konpromisoak ere etorkizunean bete beharreko konpromisoak dira, 8. oinarriaren arabera:

a) “Inbertsioak nekazaritzako ustuategietan” izeneko neurrian onetsitako inbertsio plana betetzea, deialdian laguntzaren ordainketarako ezartzen diren baldintzak betez.

b) Ustiategia mendialdean, goi mendialdean edo, mendialdean izan gabe ere, muga natural garrantzitsuak dituzten tokietan mantentzea.

c) Lehentasunezko elkarte bateko bazkidea den entitate bateko bazkide izaten jarraitzea.

d) Parte hartzen jarraitzea 1305/2013 Erregelamenduaren 14. edo 15. artikuluen arabera Nafarroan ezartzen diren prestakuntza eta aholkularitza neurrietan.

e) Parte hartzen jarraitzea Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren esparruan inplementatutako nekazaritzako eta ingurumeneko neurrietan, 1305/2013 Erregelamenduaren 28. artikuluaren arabera, edo nekazaritza ekologikoari buruzko neurrian, 1305/2013 Erregelamenduaren 29. artikuluaren arabera.

f) Parte hartzen jarraitzea 1305/2013 Erregelamenduaren 16. artikuluaren arabera Nafarroan ezarritako kalitate-araubideetan.

g) Eraldaketarako eta merkaturatzeko inbertsioen arloko neurrietan sartzen ahal diren jarduketak betetzea eta mantentzea.

h) Nekazaritzako lan unitateak sortzea eta mantentzea.

4.–Aurreko 2. puntuko konpromisoak, beti, pertsona onuradunak hartzen dituela ulertu behar da. 3. puntuko konpromisoak automatikoki hartu direla ulertuko da baldin eta laguntza eskaeran zehaztu baldin bada haiek sartzea eskaeren hurrenkera finkatzeko balorazio irizpideetan.

12. oinarria.–Laguntza-eskaera eta dokumentazio osagarria.

1.–Hartarako ezarri den atzemate programaren bidez aurkeztuko dira laguntza eskaerak. Programa hori onuradunen eskura dago Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren izapideen katalogoan (www.navarra.es).

2.–Programa hori erabiltzeko, onuraduna egiaz bera dela egiaztatu behar da, sinadura elektronikoaren edo NANaren/PINaren bidez. Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren urtarrilaren 15eko 56/2016 Ebazpenaren bidez, laguntzetarako eskabide bakarra eta nekazaritza ustiategietako inbertsioen laguntzetarako eta nekazari gazteak bere gain hasteko laguntzetarako eskabideak, Nafarroako Landa Garapeneko 2014-2020 Programaren barnean, betetzen eta erregistratzen parte hartuko duten entitate laguntzaileak aukeratzeko deialdiaren oinarriak onetsi ziren, bai eta entitate horiek eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak horretarako sinatu beharreko lankidetza hitzarmenaren eredua ere.

3.–Eskaerak enpresa planean sartutako ekintzak hasi aurretik aurkeztu beharko dira, 10. oinarriaren 1.b) puntuan ezarritakoari jarraikiz, lanean bere gain hasi dela justifikatzeko erabiltzen direnak izan ezik.

4.–Eskatutako betebeharrak betetzen direla frogatzeko, eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskatzailearen IFZren edo IFKren fotokopia eta, Europar Batasunetik kanpoko lurralde bateko nazionalitatea duten pertsona fisikoak badira, egoitza-baimen iraunkorrarena.

b) Enpresa plana, oinarri arautzaile hauen 6. oinarrian xedatutakoari jarraikiz.

c) Behar bezalako lanbide gaitasuna eta prestakuntza justifikatzeko, aski izanen da hiru aukera hauetako batean adierazten diren agiriak aurkeztea:

i. Nekazaritza arloko ikasketa tituluak, erdi mailakoaren edo goi mailakoaren baliokideak.

ii. Guztira 250 ordutik gorako prestakuntza egin izana frogatzen duen dokumentazioa, Nafarroako Foru Komunitatean nekazaritzako ustiategiei prestakuntza eta aholku emateko zerbitzuak erregulatzen dituzten foru arauen arabera baliozkotuak, aitortuak edo izendatuak izan diren entitateek emandako ikastaroetan.

iii. Gutxienez 200 ikastorduko ikastaro bat, nekazaritzako enpresan sartzeari buruzkoa, egin izana frogatzen duen egiaztagiria, ikastaro hori Nafarroako Foru Komunitatean nekazaritzako ustiategiei prestakuntza eta aholku emateko zerbitzuak erregulatzen dituzten foru arauen arabera baliozkotuak, aitortuak edo izendatuak izan diren entitateek emandakoa izanik.

5.–Onuraduna lanean jartzen bada pertsona juridiko baten izenean dagoen nekazaritzako ustiategi batean, gainera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Lanean jartzen deneko entitatearen IFZren fotokopia.

b) Lanean jartzen deneko entitatearen eraketa eskritura aldatuak, nekazari gaztearen ekarpena eta hori bazkide edo partaide gisa sartzeko baldintzak adieraziko dituena, eta horrekin batera entitatearen estatutu edo arauen kopia fede-emailea eta bertan zuzendaritza teknikoan eta kudeaketan ari diren pertsonen zerrenda.

6.–Onuradunak eskaera bakarra aurkeztu beharko du deialdi bakoitzeko.

13. oinarria.–Instrukzio organoa.

Neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa Nekazaritzako Ustiategiak eta Nekazarien Elkarteak Sustatzeko Atalari dagokio; atal hori Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiko Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuari atxikia dago.

14. oinarria.–Diru-laguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

1.–Eskaerak jasotakoan, eskatzen den dokumentazio guztia dutela egiaztatuko da. Behar izanez gero, 15 egun naturaleko epean zuzen ditzala eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio, hori egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, edo agiriak bere horretan daudela instruituko dela espedientea.

2.–Eskabidea osorik dela, eskatzen diren baldintzak betetzen dituela egiaztatuko da, eta horretarako behar diren kontrolak eginen dira.

3.–Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza-eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

4.–Instrukzioaren prozeduran zehar, aurkeztutako informazioa eta dokumentazioa argitzea eska dezake unitate erantzuleak. Behar izanez gero, 15 egun naturaleko epean zuzen ditzala eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio, hori egin ezean, agiriak bere horretan daudela instruituko dela espedientea.

5.–Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta arau hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.

6.–Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta laguntza esleitzeko espedientean jaso beharko da onuradunak laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituela.

15. oinarria.–Ebazpena.

1.–Ebazpen proposamena ikusirik, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiak diru-laguntzak esleitzeari buruzko ebazpena emanen du.

2.–Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

3.–Ebazpenean diru-laguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda azalduko da eta eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira, eta, horien artean, zein diren aurrekontuko baliabideen mugagatik ezetsiak.

4.–Deialdia ixten den egunetik hiru hilabeteko epean jakinaraziko da ebazpena, eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa eta onuradunak bete beharreko baldintzak eta konpromisoak jasoko ditu.

5.–Gainera, laguntza esleitzeko jakinarazpenean onuradunei adieraziko zaie neurri honek Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren babespeko diru-laguntza izan duela, besteak beste Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) finantzazioarekin, “Nekazaritzako ustiategiak eta enpresak garatzea” eta “Nekazari gazteak beren gain jartzea” izeneko neurrietan.

6.–Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da baldin eta diru-laguntzaren oinarri arautzaile hauetan prozedura ebazteko ezarritako epea bukatutakoan berariazko ebazpenik eman ez bada.

7.–Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka onuradunak gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko du, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, ebazpena espresa izanez gero, edo isiltasun administratiboz ezetsi dela ulertzen denetik aurrera, ustezko ezespenik gertatzen bada.

16. oinarria.–Enpresa planen aurrerapenak egitea eta eskaerak aldatzea.

1.–Enpresa plana ebaluatzeko, onetsitako enpresa planaren oinarrizko alderdiak nola garatu diren egiaztatuko da, hala agiri bidez, nola ustiategian bertan. Kontrolak epe hauek bukatu baino lehen eginen dira, betiere laguntza emateko ebazpenaren egunetik hasita.

–9 hilabetera:

  • Hasierako kontrola, 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 19. artikuluaren 4. puntuan ezarritakoa bete ote den egiaztatzeko. Horretarako, honako jarduketa hauek edo hauetako bat betetzen direla justifikatzeko behar diren agiriak eskatuko dira, betiere ez badira erabili eskaera aurkeztearekin batera instalazioaren hasiera frogatzeko:
  • Gizarte Segurantzan afiliatua egotea Langile Autonomoen Araubide Berezian; zehazki, ustiategiaren titular, titularkide edo bazkide gisa egin behar duen nekazaritza jarduerari dagokion sailean.
  • Egiaztatzen bada inbertsioak hasi direla edo eskurapen edo errentamendu berriak egin direla.
  • Eskaera bakarra aurkeztu izana (NPB).
  • Ustiategia Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribatuta egotearen agiria, onuradunaren bazkide izaera barne, elkarte diren entitateen kasuan.

–15 hilabetera:

  • Tarteko kontrola, jarduketa hauetako bat justifikatzeko agiriak eskatuko dira:
  • Ustiategiaren input eta output direlakoak.
  • Ustiategiaren kudeaketa eta ingurunearekin duen harremana (aholkularitza, elkartegintza, kalitate araubideak, inbertsioak etab.).

–27 hilabetera:

  • Kontrol honetan jarduketa hauek justifikatzeko agiriak eskatuko dira:
  • Ustiategirako sarrera.
  • Ustiategiaren input eta output direlakoak.
  • Ustiategiaren kudeaketari eta ingurunearekin duen harremanari (aholkularitza, elkartegintza, kalitate araubideak, inbertsioak etab.) buruzko agiriak.
  • Ustiategia bisitatzea, azken ordainketa egin aurretik, ustiategiaren elementuak egiaztatzeko.

Horren ondorioetarako, onuradunak ebaluazio horren unitate arduradunarekin kolaboratu beharko du, eskatzen zaion informazio eta dokumentazio guztia aurreikusitako epeetan emanez eta ustiategira egiten diren bisitetan lagunduz.

2.–Enpresa planaren aldaketak prozedura honen arabera egin beharko dira:

a) Justifikatutako arrazoiak tarteko, onuradunak uste badu beharrezkoa dela hasiera batean onetsitako enpresa planean aldaketaren bat egitea, aldaketa eskaera bat aurkeztu beharko du proposatutako jarduketa hasi baino lehen, eta, betiere, enpresa plana bukatzeko epea baino sei hilabete lehenago.

b) Proposatutako aldaketa behar adina arrazoitu eta justifikatu beharko da, eta honako hauek bermatu beharko dira:

–Enpresa plan berriaren bideragarritasuna.

–Ez dela urratzen eskaeren hurrenkerako emaitza ekarri zuten balorazio irizpideen aplikazioa.

c) Kasu hauek aldaketa nabarmentzat hartuko dira:

–Ekoizpenaren orientazioa aldatzea, sektore, labore mota edo abere espeziearen arabera.

–Ekoizpenerako baliabideak, laborantzarako hektareak edo abelburuak %30 baino gehiago gehitzea edo kentzea, enpresa planean aurreikusitakoekin alderatuta.

3.–Enpresa planaren aldaketa nabarmen bakarra onartuko da.

4.–Instrukzio organoaren balorazioaren menpe egonen da aldaketak onestea:

Aldaketa nabarmenak izanez gero, enpresa plan berria ebazpen bidez onetsi beharko da, hasierako planerako erabilitako irizpide tekniko-ekonomiko berberei jarraituz. Aldaketa onesten ez bada, hasierako enpresa plana bete beharko da.

Aldaketak ez badira nabarmenak, enpresa planean behar bezalako doikuntzak eginen dira, eta espedientean horren berri jaso beharko da, txosten tekniko bat erantsita.

17. oinarria.–Enpresa plana gauzatzeko epeak, ordainketa egin aurretik bete beharrekoak eta ordainketa eskaera.

1.–Egutegi hau ezarri da:

a) Enpresa planaren hasiera: laguntza emateko ebazpenaren egunetik hasita bederatzi hilabeteetan.

b) Enpresa planaren gauzatzea bukatzea: 2019ko azaroaren 1a.

c) Behar den lanbide gaitasuna eta prestakuntza lortzea: 2019ko azaroaren 1a.

d) Abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren II. tituluko I. kapituluaren arabera, jarduneko nekazaria dela frogatzea eta enpresa plana eta gainerako konpromisoak bete direla egiaztatzea: 2019ko azaroaren 1a.

2.–Laguntzak emateko ebazpenean aurreikusitako ekitaldi bakoitzari dagozkion laguntzak eskuratzeko, onuradunak ordainketa-eskaera aurkeztu beharko du. Ordainketa-eskaera deialdian zehazturiko datak baino lehen aurkeztu beharko da, horretarako ezarritako inprimakiaren bidez; eredua Nafarroako Gobernuaren web-orriko izapideen katalogoan dago eskura (www.navarra.es). Hala aurkeztu ezean, dagokion urtekoa galduko da.

3.–Fase edo tarte bakoitzeko jarduketak egin edo bukatu direla justifikatzeko agiriak ere aurkeztu beharko dira, eta konpromisoak bete izanarena. Deialdian, oinarri arautzaileetan eta laguntzak emateko ebazpenean xedatutakoaren ondoriozko egiaztagiriak erantsi beharko dira.

18. oinarria.–Laguntzak ordaintzeko eskaera aurkezteko modua eta epeak.

1.–Laguntzak bi zati berdinetan ordainduko dira 2018ko eta 2019ko ekitaldietan.

2.–Laguntzak ordaintzeko, ezinbestekoa da onuradunek ordainketa eskaerak aurkeztea epe hauetan:

–Laguntzaren lehen tartea ordaintzeko eskaera: Laguntza ematen denetik hurrengo bederatzi hilabeteetan.

–Laguntzaren bigarren tartea ordaintzeko eskaera, 2019an: Azaroaren 1a baino lehen, enpresa plana gauzatu ondoren eta egun horretarako eskatzen diren konpromisoak bete ondoren. Ordainketa hau egiteko, azken ordainketa egiteko bete behar diren konpromisoak eta enpresa plana bera bete direla egiaztatuko da, jarduneko nekazari gisa aritzearena barne.

3.–Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu, egiaztatzeko onuradunak konpromisoak betetzen dituela eta enpresa plana egoki gauzatzen ari dela. Kontrolen emaitzak ikusirik, bidezko ordainketak baimenduko ditu, eta laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko.

4.–Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntzaren ordainketa eskatzeko unean dagoen informazioaren arabera. Kontrol horien barnean, in situ bisitak egin daitezke ustiategietara, enpresa plana bukatu eta zuzen gauzatu dela egiaztatzeko, edo instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein alderdi egiaztatzeko ere.

19. oinarria.–Murrizketak eta bazterketak ordainketetan.

1.–Laguntza emateko ebazpenaren egunetik bederatzi hilabetera onuradunak aurkeztu ez baditu ordainketa eskaera eta enpresa plana aplikatzen hasi dela justifikatzeko agiriak, edo instrukzio organoak egiaztatzen badu hasiera hori ez dela eraginkorra, espedientea deuseztatuko da.

2.–Enpresa plana gauzatzeko epea bukaturik egiaztatzen bada plana ez dela bete edo onuradunak hartutako konpromisoak ez direla bete, azkeneko ordainketa deuseztatuko da.

Honako kasuetan, enpresa plana ez dela bete ondorioztatuko da:

–Enpresa plana aplikatu ondoren, ustiategiaren onargarritasun irizpideak betetzen ez badira, oinarri arautzaile hauen 5. oinarrian ezarritakoaren arabera.

–Oinarri arautzaile hauen 10. oinarrian jasotako betebeharrak betetzen ez badira.

3.–Azken ordainketa egin aurretik, egiaztatzen bada aldatu direla eskaeren hurrenkera finkatzeko aintzat hartutako balorazio irizpideak, eta puntuazio baxuagoa zegokiola frogatzen bada, eta, horren ondorioz, onuradun izaera galduko zukeela, onuradunak laguntza guztia galduko du, eta jasotako diru guztia itzuli beharko du, legez ezarritako interesak barne. Ondorio horietarako, baremazio irizpideak, onuradunak Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programako beste neurri batzuetan parte hartzeari dagozkionak, bete direla ulertuko da onuradunak frogatzen ahal baldin badu kasuko laguntzetatik kanpo gelditu dela deialdirako aurrekontu nahikorik ez egoteagatik edo eskatzaileari egotzi ezin zaizkion beste egoera batzuengatik.

4.–Aipatutako murrizketak eta bazterketak ez dira aplikatuko baldin eta onuradunak frogatzen badu ezinbesteko arrazoiengatik gertatu direla aldaketak, edo gerora sortutako eta onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoien frogagiriak aurkezten baditu.

5.–Behar den espedientearen bidez egiaztatzen bada onuradunak gezurrezko adierazpen bat egin duela nahita, onarturiko laguntzak bertan behera utziko dira, eta ordaindutako zenbateko guztiak berreskuratuko dira. Gainera, onuraduna neurri horretarako laguntzetatik bazterturik geldituko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, deusetan galarazi gabe Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako zehapenak edo aitorpen hori aurkezteko unean iruzurraren kontrako borrokarako indarrean diren prozeduretatik datozenak.

20. oinarria.–Gerora bete beharreko konpromisoen murrizketak.

1.–Oinarri arautzaile hauen 11. oinarrian ezarritakoaren arabera, aurrerago bete behar diren konpromisoak bete ezik, azken ordainketan jasotako laguntzak osorik edo hein batean itzuli beharra ezartzen ahalko da.

2.–Konpromiso horiek noraino ez diren bete mailakatu eginen da, ondoren ezartzen diren irizpideekin bat, eta, horien arabera, azken ordainketan jasotako laguntza itzultzeko portzentajeak kalkulatuko dira, baita legez ezarritako berandutze interesak ere:

a) 11.2 oinarrian ezarritakoa betetzen ez bada, bertan ezarritako salbuespenak salbuespen, jasotako laguntzaren %100 itzuli beharko da.

Honi dagokionez, pertsona fisikoa den onuradun batek, azken ordainketaren ondoren, erabakitzen badu nortasun juridikoa duen entitate bat sortzea edo horrelako batean sartzea bere ustiategia osorik edo hein batean jarriz, ez da ulertuko bertan behera utzi duela konpromisoa, betiere onuradunak entitate berriaren kapital sozialean daukan partaidetzaren arabera ustiategian egokitzen zaion zatia berak jarritakoa bezalakoa edo handiagoa bada eta sartzen deneko entitatea lehentasunezko nekazaritzako ustiategia baldin bada.

b) 11.3 oinarrian ezarritako gerorako konpromisoak betetzen ez badira, balorazio irizpideei lotuak daudenak eta onuraduna baztertzea ekarriko zutenak, jasotako laguntzaren %50 galduko da azkeneko ordainketaren ondoko lehenengo urtean gertatzen bada, eta hurrengo urteetako batean gertatuz gero, %25.

3.–Ezinbesteko kasu edo salbuespenezko inguruabar hauek gertatzen direnean ez da ulertuko aurreko ataletan aipatzen diren konpromisoak bete gabe gelditu direla:

a) Onuraduna hiltzea.

b) Onuradunak lanerako ezintasun luzea izatea.

c) Ustiapena edo haren zati handi bat desjabetzea, baldin eta eskaera aurkeztu zenean ezin bazen desjabetzea aurreikusi.

d) Hondamendi natural larria, ustiategiko lurrak eta/edo instalazioak asko ukitzen dituena.

e) Ustiategiko eraikinen eta/edo instalazioen suntsipena, istripuz.

f) Epizootia edo landareen gaitza, onuradunaren azienda edo labore guztiak edo zati bat kaltetu dituena.

4.–Ezinbesteko kasuak edo salbuespenezko inguruabarrak gertatuz gero, onuradunak edo haren eskubidedunak idatziz jakinarazi beharko du, froga egokiak erantsita, gertakaria izan eta hogeita hamar egun balioduneko epean, eta betiere instrukzio organoak kontrola egin behar duela adierazi edo hura gauzatu baino lehenago.

5.–Aipatutako murrizketak eta bazterketak ez dira aplikatzekoak izanen aldaketak onuradunari egotzi izan zaizkion eta gerora sortu diren arrazoiek eragindakoak direnean eta behar bezala justifikatzen ahal direnean.

21. oinarria.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

Laguntza hauen onuradunek ezin izanen dute xede eta helburu bererako beste laguntzarik eskatu, salbu eta hala aurreikusten bada Batasuneko, Espainiako eta Nafarroako araudian eta Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako 2014-2020 Programan.

22. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Oinarri arautzaile hauen esparruan emandako laguntzen publizitateak kasuan-kasuan aplikatu beharreko Europar Batasuneko arauei jarraituko die, baita haiek garatzen dituzten edo haien transposizioa diren arau nazionalei ere.

Iragarkiaren kodea: F1609512