2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
CINTRUÉNIGO
Aldaketa, Datu pertsonalen fitxategien gaineko udal ordenantzan Behin betiko onespena
Cintruenigoko Udalak, 2016ko ekainaren 1ean egindako osoko bilkuran, legez eskatzen den gehiengoa zuela, erabaki zuen hasiera batean onestea Datu pertsonalen fitxategien gaineko udal ordenantzaren aldaketa.
Espedientea jendaurrean egon da, aitzinetik 2016ko 115. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, ekainaren 15ean, eta toki entitate honen iragarki oholean paratuta. Jendaurreko epea inork alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe iragan denez, hasierako onespena behin betikoa bilakatu da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz. Eta hori hala dela argitaratzen da, baita, ondotik, aldaketaren testu osoa ere, ondorio juridikoak izan ditzan.
Cintruenigon, 2016ko uztailaren 22an.–Alkatea, Raquel Garbayo Berdonces.
ERANSKINA
Datu pertsonalen fitxategiak sortzeko ordenantzaren aldaketa
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoaren xedea da pertsona fisikoen askatasun publikoak eta oinarrizko eskubideak eta bereziki haien ohorea eta intimitate pertsonala eta familiarra bermatu eta babestea datu pertsonalen tratamenduaren arloan. Euskarri fisikoan erregistraturik egoteagatik tratamendua izan dezaketen datu pertsonalei aplikatzekoa da, baita datu horiekin geroago sektore publiko nahiz pribatuek egiten ahal duten edozein erabilerari ere.
Cintruenigoko Udalak, esleiturik dituen eskumenak garatzeko, datu pertsonalak bildu, eta fitxategietan bildurik dituenak tratatzen ditu, izan paperezko euskarrian nahiz automatizatuan.
Datuak Babesteari buruzko Lege Organikoaren 20. artikuluak ezartzen duenez, administrazio publikoen fitxategiak sortu, aldatu eta kentzeko nahitaezkoa da xedapen orokor bat, Estatuko Aldizkari Ofizialean edo kasuan kasuko aldizkari ofizialean argitaratuko dena.
Fitxategiak sortu edo aldatzeko xedapenetan alderdi hauek zehaztu beharko dira:
–Fitxategiaren helburua eta eman nahi zaizkion erabilerak.
–Datuen iturri diren pertsona edo taldeak edo datu horiek ematera beharturik daudenak.
–Datu pertsonalak biltzeko prozedura.
–Fitxategiaren oinarrizko egitura, eta hartan sarturik dauden datu pertsonalen deskribapena.
–Datu pertsonalen lagapena eta, halakorik bada, hirugarren herrialdeendako aurreikusten diren datu eskualdaketak.
–Fitxategiaren ardura duten administrazioen organoak.
–Zer zerbitzu edo unitatetan erabil daitezkeen sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak.
–Segurtasun neurriak, zehaztuz nolakoak diren: oinarrizko mailakoak, maila ertainekoak edo handikoak.
Fitxategiak kentzeko ematen diren xedapenetan fitxategien xedea ezarriko da, edo nola suntsitu behar diren adieraziko da, hori xedatuz gero.
Cintruenigoko Udalak, tokiko entitateko Osoko Bilkurak onetsitako ordenantzaren bidez, 2009ko 39. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen, apirilaren 1ean, honako fitxategi hauek sortu zituen, Datuak Babesteko Espainiako Agentziako erregistroan inskribatuak: “Kontaktuen agenda”, “Katastroa”, “Hilerria”, “0-3 urteko ikastetxea”, “Zirkulazioa”, “Herrilurrak”, “Deialdiak”, “Kultura eta kirola”, “Udal enplegatuak”, “Musika eskola”, “Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga”, “Industria”, “Lizentziak eta baimenak”, “Sarrera-irteera erregistroa”, “Zehapenak eta isunak”, “Aurrekontuen kontabilitate publikoa”, “Biztanleen errolda”, “Gainbalioak”, “Udaltzaingoa”, “Bideozaintza”, “Interesen erregistroa”, “Bikote egonkorren erregistroa” eta “Enplegu zerbitzua”.
Gero, 2015eko 112. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 11n, argitaratutako Osoko Bilkuraren Erabakiaren bidez, datu pertsonalen honako fitxategi hauek sortu ziren: “Ura”, “Kontratuak”, “Arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroa”, “Gelen erregistroa”, “Aparkatzeko txartela” eta “Kirol instalazioen erabiltzaileak”. Halaber, “Kontratuak” fitxategia aldatu egin zen, datuak lagatzeari dagokionez, Osoko Bilkuraren 2015eko azaroaren 4ko beste erabaki baten bidez. Urte horretako 226. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urte horretako azaroaren 12an.
Udal honen borondatea da fitxategiak sortzeko duen modua erregularizatzea, xedapen orokor batek baimendu dezan fitxategiak sortzea, aldatzea edo kentzea, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 20. artikuluarekin bat. Toki entitateen kasuan, entitatearen erregelamenduak egiteko ahalmenaren erabilerak ezartzen du modua eta eskumena –Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 4.1.a) artikulua–, eta ordenantza bidez egin behar da.
Hortaz, ordenantza hau onestearen arrazoiak dira: Osoko Bilkuraren erabakiz sortutako fitxategiak egokitu beharra, bat etor daitezen datuak babesteko legeriarekin; beste fitxategi batzuk sortzea, web orria eguneratzearen ondorioz; Sexu delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiriak lortzea; eta ikus-entzunezko fitxategi berri bat sortzea. 2009an onetsitako ordenantzak sortutako fitxategiek oraingo egitura eta ezaugarri berak izanen dituzte.
Lehenbizikoa.–“Tramitazio elektronikoa” fitxategia sortzea, ezaugarri hauek dituena:
–Xede eta erabilera aurreikusiak: tramiteak egitea webgunearen bidez. Harremana, kontsultak eta iradokizunak.
–Datuak nondik eta nola biltzen diren: interesdunek berek emanen dituzte posta elektronikoko inprimakien bitartez.
–Pertsona edo talde ukituak: Udalarekin webgunearen edo posta elektronikoaren bidez harremanetan jartzen diren pertsonak.
–Fitxategiaren oinarrizko egitura:
a) Izen-deiturak.
b) Helbidea.
–Tratamendurako erabilitako sistema: automatizatua.
–Datuen komunikazioa: ez dago aurreikusia.
–Organo arduraduna: Cintruenigoko Udala.
–Zer zerbitzutan erabil daitezkeen sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak: Cintruenigoko Udala.
–Segurtasun maila: oinarrizkoa.
Bigarrena.–Sexu delitugileen fitxategia sortzea, ezaugarri hauek dituena:
–Xede eta erabilera aurreikusiak: sexu delituen gaineko aurrekarien ziurtagiriak kontrolatzea Adingabeen Babes Juridikorako 1/1996 Lege Organikoan ezarritako helburuetarako.
–Datuak nondik eta nola biltzen diren: interesdunek berek emanda eta erregistro publikoetatik, ziurtagiria emanda.
Ukitutako norbanakoak edo taldeak: Udalaren enplegatu, profesional autonomoak eta kanpoko laguntzaileak, adingabeekin ohiko harremanean jarduten dutenak.
–Fitxategiaren oinarrizko egitura:
- Identifikazio datuak: izen-deiturak, IFZ.
- Arau-hauste administratibo eta penalen gaineko datuak.
–Tratamendurako erabilitako sistema: mistoa.
–Datuen komunikazioa: ez dago aurreikusia.
–Organo arduraduna: Cintruenigoko Udala.
–Zer zerbitzutan erabil daitezkeen sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak: Cintruenigoko Udala.
–Segurtasun maila: ertaina.
Hirugarrena.–Ikus-entzunezko fitxategia sortzea, ezaugarri hauek dituena:
–Xede eta erabilera aurreikusiak: ikus-entzunezko fitxategi baten mantentzea ahalbidetzea, osoko bilkuren grabazioekin eta interes publikoko beste grabazio batzuekin.
–Datuak nondik eta nola biltzen diren: interesdunek emanda, irudiak grabaturik.
–Pertsona edo talde ukituak: grabazio tokietan dauden pertsonak. Udalkideak.
–Fitxategiaren oinarrizko egitura:
- Identifikazio datuak: irudia/ahotsa.
–Tratamendurako erabilitako sistema: automatizatua.
–Datuen komunikazioa: Udalaren webgunean argitaratzea.
–Organo arduraduna: Cintruenigoko Udala.
–Zer zerbitzutan erabil daitezkeen sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak: Cintruenigoko Udala.
–Segurtasun maila: oinarrizkoa.
Laugarrena.–“Kontratuak” eta “Aurrekontuen kontabilitate publikoa” fitxategiak aldatzea, “Aurreikusitako datuen lagapena” atalean, honako lagapen hau ere sartzeko: datuen lagapena, entitatearen Gardentasun atarian argitaratzearen ondorioz, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko abenduaren 29ko 19/2013 Legearekin bat.
Bosgarrena.–Osoko Bilkuraren erabakiz sortutako fitxategi hauek erregularizatzea: “Ura”, “Kontratuak”, “Arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroa”, “Gelen erregistroa”, “Aparkatzeko txartela” eta “Kirol instalazioen erabiltzaileak”. Sortzeko modua eta tresna erregularizatuko dira, eta xedapenaren izenaren aldaketa erabaki da, Datuak Babesteko Espainiako Agentziako erregistroko atal egokian, ager dadin ordenantza honen bidez sortu dela.
Seigarrena.–Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta honako hauek xedatzea: “Tramitazio elektronikoa” eta “Sexu delituen ziurtagiriak” fitxategiak sortzea, “Kontratuak” eta “Aurrekontuen kontabilitate publikoa” fitxategiak aldatzea, “Aurreikusitako datuen lagapena” atalean, eta “Ura”, “Kontratuak”, “Arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroa”, “Gelen erregistroa”, “Aparkatzeko txartela” eta “Kirol instalazioen erabiltzaileak” fitxategiak aldatzea xedapenaren izenari dagokionez, ordenantza honena izanen baita, eta hori dena inskribatzea egoki den Erregistroan, Datuak Babesteko Espainiako Agentzian.
Iragarkiaren kodea: L1608872