160. ALDIZKARIA - 2016ko abuztuaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ELO

Azpiegitura irrati-elektrikoen ezarpena eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Eloko Udalak, 2016ko apirilaren 13an egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Azpiegitura irrati-elektrikoen ezarpena eta funtzionamendua arautzen dituen udal ordenantza.

Hasierako onespena 2016ko 77. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 22an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Elon, 2016ko uztailaren 14an.–Alkatea, Izaskun Zozaya Yunta.

ERANSKINA

ELON AZPIEGITURA IRRATI-ELEKTRIKOEN EZARPENA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZA

Zioen azalpena

Azken urte hauetan, gero eta handiagoa da komunikazioen zerbitzuen eskaria, eta, hori dela eta, komunikazioaren teknologia berriak izugarri garatu eta zabaldu dira, batik bat haririk gabeko komunikazioak. Azpiegiturak beharrezko euskarriak dira espektro irrati-elektrikoa erabiltzen duten komunikabideen zerbitzuak egiteko.

Administrazio publiko eskudunek, kasuan kasuko mailan, herritarren babesa bermatu behar dute, hura erregulatuz eta kontrolatuz, oinarri izanik aurrerabide teknologikoa eta ezagutza zientifikoak, erradiazio ez-ionizatzaileen kontrako babesari dagokionez.

Estatu mailan, kontuan hartu behar da ezen, Telekomunikazioei buruzko azaroaren 3ko 32/2003 Lege Orokorrarekin bat, Estatuari dagokiola jabari publiko irrati-elektrikoa kudeatzea eta erregelamenduaren garapena egitea, besteak beste, emisio irrati-elektrikoan toleratzen diren mailak zehazteko prozeduran.

Gure foru komunitatean, kontuan hartu behar dugu lege hori, baita maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legea ere, Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzen dituena.

Ordenantza honek, udal eskumenen inguruan, zenbait baldintza ezartzen ditu, halako instalazioek bete beharrekoak, bai hirigintzari, ingurumenaren babesari eta segurtasunari dagokienez, bai horren ezarpena eta funtzionamendua erantzukizuneko aitorpenaren menpe jartzeari dagokionez.

Horretarako, Eloko Udalak, ordenantza honen bidez, garatu egiten ditu ondoko gai hauetan Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legean aitortzen zaizkion eskumenak: hirigintza arloko antolamendua, kudeaketa, exekuzioa eta diziplina –25.2.d) artikulua–, ondasun historikoa eta artistikoa –25.2.e) artikulua–, ingurumenaren babesa –25.2.f) artikulua– eta osasungarritasun publikoa –25.2.h) artikulua.

I. KAPITULUA

Xedea eta aplikazio eremua

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek helburu du arautzea Eloko udal mugapean zer baldintza bete behar duten azpiegitura irrati-elektrikoen kokapenak, instalazioak eta funtzionamenduak, segurtasun berme guztiak betez egin daitezen eta ikuspegiaren eta ingurumenaren gaineko eragina ahalik eta txikiena izan dadin bai hiri eremuan bai landa eremuan.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Honako hauek sartzen dira ordenantza honen aplikazio eremuan: 0 Hz-tik 300 GHz-ra bitarteko frekuentzian eremu elektromagnetikoak sortzen ahal dituzten antenen azpiegitura irrati-elektrikoak, udal mugapean kokatzen badira, eta, zehazkiago, ondoko hauek:

a) Telefonia mugikorreko antenak eta azpiegiturak, eta irrati-komunikazio mugikorraren beste zerbitzu batzuk.

b) Antenak eta soinuaren eta telebistaren irrati-difusioaren azpiegiturak.

c) Sare publiko finkoen instalazio irrati-elektrikoak eta azpiegiturak, irrati bidezko sarbidearekin eta irrati-loturekin.

d) Antenak eta irrati-elektronikako jabari publikoa erabiltzen duten instalazioak eta azpiegiturak, telekomunikazioen arloko oinarrizko araudiaren aplikazio eremuan sartuak.

2. Honako hauek daude salbuetsita ordenantza hau aplikatzetik:

a) Irrati-amateurren antenatzat jotakoak.

b) Irrati-difusioa eta telebista jasotzeko antenak.

c) Telekomunikazio ekipoak eta estazioak, nazioaren defentsarako, segurtasun publikorako eta babes zibilerako, Udalak eta organo titularrak horretarako hitzartutako baldintzetan.

II. KAPITULUA

Ezarpenaren planifikazioa

3. artikulua. Planifikazioaren justifikazioa.

Ordenantza honen 2.1 artikuluan aurreikusitako telekomunikazioen azpiegiturak ezarri edo zabaldu nahi dituzten operadore guztiak beharturik daude Eloko udaletxean aurkeztera azpiegituren udal plan bat, udal mugapean aurreikusi dituzten instalazio irrati-elektriko guztiak jasoko dituena.

4. artikulua. Ezarpen planaren izaera.

Ezarpen plana informaziorako agiri orientagarria da, helburu duena egungo instalazioak eta operadore batek udalerrian etorkizunerako aurreikusten dituenak jasotzea.

Plana ez da loteslea izanen operadoreentzat. Eta behar izan ahala eguneratuko dute, baina zabaltze horrek ez badu bat egiten Udalean aurkeztutako planarekin, plana eguneratu beharko da ordenantza honen 7. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Herritarrek eskubidea izanen dute Udalean aurkezten diren ezarpen planen informazioa eskuratzeko.

5. artikulua. Ezarpen planaren edukia.

1. Ezarpen plana hirukoiztuta aurkeztuko da. Bertan, egungo instalazioen kokalekuak jasoko dira, baita aurreikusi baina egin gabe daudenen bilaketa eremuak ere, eta telekomunikazio arloan eskudun den teknikari batek izenpetua egonen da.

2. Dokumentazio honek osatuko du plana:

a) Memoria bat, honako hau dakarrena: egin beharreko zerbitzuen deskripzio orokorra, zerbitzu eremuak, erabilitako eraikuntza konponbideak eta hartutako neurriak, planean aurreikusitako instalazioek paisaian eta ingurumenean sortzen duten eragina ahalik eta txikiena izan dadin. Ordenantza honen atarian aipatutako jardunbide egokietarako kodean hitzartutako jarraibideekin bat eginen dute.

b) Telekomunikazio sarea ezartzeko gaikuntza ematen duen tituluaren kopia.

c) Oinarrizko estazioen sarea:

–Egungo sarea (kokalekuaren izena eta kodea, posta helbidea eta UTM koordenatua).

–Zabaltzeko aurreikuspenak (kokatze kodea, eremuaren izena, helburu data eta ETRS89 UTM 30N koordenatuak).

d) Azpiegitura irrati-elektriko guztien sarearen eskema orokorrei buruzko planoak, non zehaztuko baitira zer instalazio dagoen eta zer instalatu gogo den, UTM koordenatuetan kokaturik (kokalekuaren koordenatuak oraingo instalazioen kasuan eta bilaketa eremuaren irudia urte batean aurreikusten diren instalazioen kasuan), identifikazio kode batekin instalazio bakoitzerako.

6. artikulua. Ekipoak paratzeko irizpideak.

1. Jabari publiko irrati-elektrikoa babesteko baldintzak arautzen dituen 1066/2001 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat, instalazio irrati-elektrikoen planifikazioan, titularrek ondoko irizpide hauek hartu behar dituzte kontuan, besteak beste:

a) Estazio irrati-elektrikoen kokalekuak, ezaugarriek eta funtzionamendu baldintzek gutxitu behar dituzte jendeak oro har emisio irrati-elektrikora duen esposizioaren mailak, emisioen jatorria estazio horietan zein horiei lotutako terminaletan egon, kasua bada, eta kalitate egokiko zerbitzua emanen dute.

b) Bizitegitarako eraikuntzetako estalkietan dauden estazio irrati-elektrikoen kasuan, instalazio irrati-elektrikoen titularrak saiatuko dira, ahal dutela, emisio sistema paratzean, emisio diagramak jo ez dezan erakinaren beraren, terrazaren edo atikoaren gainean.

2. Instalazioetako eraikuntza konponbidea bideragarria izanen da teknikaren eta ekonomiaren aldetik, eta ahalik eta gehien lagunduko du ikuspegiaren eta ingurumenaren gaineko eragina gutxitzen.

7. artikulua. Elkarlana toki administrazioarekin.

Planaren prestaketa errazteko, eta ezarpen plana aurkeztu beharra galarazi gabe, Eloko Udalak, ahal delarik, ondokoa eman diezaioke sustatzaileari:

–Informazioa Udalak egokitzat jotzen dituen kokalekuei buruz, batik bat udal ondarekoak badira eta a priori erabiltzeko modukoak badira.

–Udalerriko plano bat, zehazten duena zer kokaleku izan daitekeen egokia azpiegiturak paratzeko (ekipamenduak, instalazio elektrikoak, ur biltontziak).

–Informazioa egokiak ez diren kokalekuei buruz, babes berezia izateagatik edo baimen berezia behar izateagatik.

–Udalerrian aurreikusten diren obra eta lan proiektuak, operadorearen zabaltzearen gainean eragina izan dezaketenak.

III. KAPITULUA

Mugak eta baldintzak babesari buruz

8. artikulua. Alderdi orokorrak.

Azpiegitura irrati-elektrikoen instalazioak eta funtzionamenduak bete behar dute gizakiek eremu elektromagnetikora izan dezaketen esposizioari buruzko indarreko araudia, batez ere Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzeko maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean ezarritakoa.

8.1. Oro har, eta betiere neutraltasun teknologikoaren printzipioari helduta, irrati-komunikazioko estazio irrati-elektrikoen eraikuntza konponbideak ahalik eta gehien murriztu behar du ikuspegiaren eta ingurumenaren gaineko eragina, posible den heinean.

8.2. Halaber, bateragarriak izanen da ingurumenarekin, eta egoki eginen du bat arkitekturarekin. Beharrezko neurriak hartuko dira ahalik eta gehien murrizteko hiriko nahiz landako paisaia arkitektonikoaren gaineko eragina, beharrezko segurtasun neurriak hartuta.

8.3. Azpiegitura irrati-elektrikoak babesteko sistemek eta ezaugarriek beteko dute aplikatu beharreko araudiak ezarritakoa eta Eloko hirigintzako planeamenduak zehaztutakoa.

9. artikulua. Eraikinetan kokatzen diren oinarrizko estazioak.

Debeku da oinarrizko estazioak hirigunean paratzea.

10. artikulua. Zilegi izanen da antenak eraikin jakin baten fatxadan paratzea, baldin eta horren neurri txikiak direla-eta kokalekuaren baldintzak egokiak badira fatxadaren konposizioarekin eta kalterik egiten ez badiete horren apaindurari eta dekorazioari.

11. artikulua. Instalazioa egiteko orduan, beharrezko neurriak hartuko dira ikuspegiaren gaineko eragina apaltzeko eta behar bezala bat egiteko paisaiarekin.

12. artikulua. Baimendu daiteke, hitzarmen baten bidez, tamaina txikiko antenak paratzea hiri altzarietan, hala nola kale-argien zutoinetan, argibideetarako zutabeetan, kioskoetan edo beste edozein hiri altzaritan, baldin eta baldintza hauek betetzen badira:

a) Antenaren kolorea eta itxura ingurunera egokituko dira.

b) Edukiontzia sestra lerroaren azpian paratuko da lehentasunez. Salbuespenez, bestelako kokaleku bat onar daiteke, justifikatzen bada instalazioak egoki egiten duela bat hiri paisaiarekin eta ez duela trabarik egiten trafikoan.

IV. KAPITULUA

Erantzukizuneko aitorpenen araubide juridikoa

13. artikulua. Erantzukizuneko aitorpena egin beharra.

Oro har, azpiegitura irrati-elektriko eta telefoniako azpiegitura hauen instalaziorako eta funtzionamendurako egin behar da erantzukizuneko aitorpena:

1. Telefoniako oinarrizko estazioak ezartzea.

2. Emisio estazioen ekipoak eta elementuak ezartzea, baita estazio errepikatzaileenak eta soinu eta telebista irrati-difusioaren zerbitzuak berriz emititzen dituztenenak ere.

3. Irrati bidezko loturen estazioak eta irrati-komunikazioen estazioak ezartzea.

4. Antenak eta irrati-elektronikako jabari publikoa erabiltzen duten instalazioak eta azpiegiturak, telekomunikazioen arloko oinarrizko araudiaren aplikazio eremuan sartuak.

Horretarako, lehenago zehaztu diren horiek ezaugarri hauetakoren bat bete behar dute:

–Zerbitzua egiteko erabiltzen diren instalazio irrati-elektrikoek 300 m²-tik gorako azalera hartzea. Horretarako, estazioaren edo instalazioaren hesiaren barneko azalera hartuko da kontuan.

–Instalazioek eragina izatea ondare historiko-artistikoan ezta jabari publikoko ondasunen erabilera pribatibo eta okupazioan.

–Eraikuntza berriko instalazioen kasuan, eragina izatea babestutako espazio naturaletan.

14. artikulua. Aurkeztu beharreko agiriak:

b) Erantzukizuneko aitorpenerako, honako hau da aurkeztu beharreko dokumentazioa:

1. Erantzukizuneko aitorpena.

2. Autolikidazioa.

3. Orobat, instalazioaren tipologiaren arabera (17. artikuluan zehaztua), ondoko dokumentazioa aurkeztuko da:

I.–Proiektua behar duten instalazioak:

a. Proiektua egin duen teknikariaren zuzendaritza fakultatiboaren jatorrizkoa.

b. Frogatzea Industria Ministerioan aurkeztu dela beharrezko proiektu teknikoa, horrek baimena emateko instalazio irrati-elektrikoei.

c. Ezarpen planaren ale bat.

II.–Proiekturik behar ez duten instalazioak:

c) Ezarri beharreko instalazioen eta azpiegituren deskripzio grafikoa eta memoria baloratua.

5.000 eurotik gorakoak diren instalazioek beharko dute proiektua, horren barne daudela ekipoak eta elementuak, baita instalazioaren obraren gauzatze materiala ere.

Azpiegitura instalatu ondoan, honako hau aurkeztu behar da:

–Obren amaierako ziurtagiria edo pareko baimen administratiboa.

–Industria Departamentuaren baimenaren eta martxan jartzearen kopia.

Erantzukizuneko aitorpena aurkeztean, eskatzen den dokumentazioa osorik ez badago, sustatzaileari eskatuko zaio 10 eguneko epean aurkez dezala eskatutako dokumentazioa, eta ohartaraziko zaio hura egin ezean eskaera ezetsiko zaiola, 30/1992 Legean aurreikusitakoari jarraituko dion ebazpena eman ondoan.

Tarifak:

a) Proiektua duen erantzukizuneko aitorpenaren kasuan: indarreko EIOZren gehieneko tasa (%5) gehi 50 euro, tasaren kontzeptuagatik.

b) Proiekturik gabeko erantzukizuneko aitorpenaren kasuan: indarreko EIOZren gehieneko tasa (%5) gehi 50 euro, tasaren kontzeptuagatik.

c) Jardueraren titulartasuna aldatzea: 250,00 euro.

15. artikulua. Erantzukizuneko aitorpena, jarduera ireki eta hasteko.

Aurretiazko komunikazioa behar duten instalazioen kasuan, ordenantza honen 17. artikuluarekin bat, operadoreek Udalari jakinarazi behar diote noiz hasten den jarduera bat, gutxienez hilabete bat lehenago, erantzukizuneko adierazpen bat aurkeztuz. Ondoko dokumentazioa erantsiko da, teknikari eskudunak izenpetuta:

–Teknikari eskudunaren ziurtagiria, obrak proiektuarekin bat egiten duela justifikatzen duena.

–Memoria eta ezarpen plana, bidezkoa bada.

Hamabost eguneko epea iraganda, komunikazioa eta adierazitako dokumentazioa aurkeztu zenetik, Udalak akatsik jakinarazi gabe, titularrak jarduera funtzionamenduan eta jardunean jar dezake. Udalak dokumentazioa zuzentzeko eskatuz gero, sustatzaileak 10 eguneko epean aurkeztu beharko du.

Instalazioaren titulartasuna aldatzen denean, titular berriak kasuan kasuko zinpeko aitorpena aurkeztu beharko du, ordenantza honen 19. artikuluan (Erantzukizuneko aitorpena eta autolikidazioa) eskatutako dokumentazioarekin batera.

Titulartasuna aldatzeak obra berriak ekartzen baditu instalazioan, beharrezkoa izanen da obra lizentzia eskatzea, erantzukizuneko aitorpena aurkeztuz, proiektu teknikoarekin eta 19. artikuluan aurreikusitako agiriekin batera.

Jarduera aldatzen bada, halaber, erantzukizuneko aitorpena eskatuko da, ordenantzaren 19. artikuluan aurreikusten den dokumentazio teknikoarekin batera.

Jarduketaren aldaketa funtsezkoa bada instalazioa %25 edo handik gora handitzeagatik, aldaketa instalazio berri baten moduan tramitatu beharko da, eta ordenantza honen 17, 18. eta 19. artikuluetan xedatutakoa aplikatuko zaio.

Jardueraren aldaketa funtsezkoa ez bada %25 baino gutxiago handituta, aski izanen da kasuan kasuko erantzukizuneko aitorpena aurkeztearekin.

Edonola ere, jarduera aldatzeak obra berriak ekartzen baditu instalazioan, beharrezkoa izanen da obra lizentzia eskatzea, erantzukizuneko aitorpena aurkeztuz, proiektu teknikoarekin eta 19. artikuluan aurreikusitako agiriekin batera.

V. KAPITULUA

Instalazioen zaintza eta mantentze-lanak

16. artikulua. Kontserbatzeko betebeharra.

1. Instalazioen titularrek behar bezala zaindu behar dituzte segurtasunari, egonkortasunari eta kontserbazioari dagokienez.

2. Udal zerbitzuek kontserbazio egoera kaxkarra dela atzemanez gero, erantzukizuneko aitorpenaren titularrei jakinaraziko diete, 15 eguneko epean irregulartasuna jakinarazten denetik aurrera, neurri egokiak har ditzaten. Larrialdiaren kasuan, arriskurik badago pertsonentzat edo ondasunentzat, neurriak segituan hartu beharko dira, eta sekula ez 24 ordutik aurrera. Hala egin ezean, zilegi izanen da udal zerbitzuek instalazioa kentzea, behartutakoaren kargura.

3. Jarduera behin betiko utziz gero edo instalazioan elementuren bat erabili gabe egonez gero, erantzukizuneko titularrak, edo, kasua zein den, instalazioaren titularrak, beharrezko jarduketak egin beharko ditu irrati-komunikazioko ekipoak edo horien elementuak kentzeko, eta lurra, eraikuntza edo instalazio horren euskarri den eraikuntza lehengoratzeko.

17. artikulua. Instalazioak berritu eta ordeztea.

Ordenantza honetan ezarritako baldintzak bete beharko dira lehenbiziko instalaziorako, instalazio bat berritu edo osorik aldatzeko, eta eraikuntza ezaugarriak aldatzeko, erabakigarriak direnak baimena emateko orduan, baita elementuren bat ordezteko ere.

18. artikulua. Exekuzio aginduak.

1. Ordenantza honetan ezarritakoa beteko dela bermatzeko, Udaleko organo eskudunak beharrezko exekuzio aginduak emanen ditu, ondoko zehaztapenak izanen dituztenak:

a) Egin beharreko lanek eta obrek azpiegitura irrati-elektrikoen eta horien instalazioaren kontserbazio betebeharra konplitu behar dute, edo bestela, horiek edo haien elementuren bat kentzekoa.

b) Agindutakoa borondatez betetzeko epea zehazteko, egin beharreko lanen garrantzia, tamaina eta konplexutasuna hartuko dira kontuan.

c) Proiektu teknikoa eskatu behar den ala ez, bai eta zuzendaritza fakultatiboa ere, kasua zein den egin behar diren obren tamainaren arabera.

VI. KAPITULUA

Legeria babesteko eta arau-hausteak zehatzeko araubidea

19. artikulua. Instalazioen ikuskapena eta diziplina.

Ordenantza honetan arautzen diren instalazioen ezarpenari eta segurtasunari buruzko hirigintzako baldintzak –obrak barne– udal ikuskapenaren ahalmenaren menpe egonen dira, eta legezkotasuna eta diziplina babesteko ahalmena esleiturik duten zerbitzuei eta organoei dagokie.

20. artikulua. Legezkotasunaren babesa.

1. Ordenantza honetan xedatutakoaren kontra jotzen duten egiteek eta ez egiteek ekar dezakete ondotik ematen diren neurriak hartzea, eta horietako bakoitzerako zehaztutako prozedurari jarraituz ezarriko dira:

a) Urratutako ordena lehengoratzea hirigintzaren eta ingurumenaren arloetan.

b) Isunak jartzea erantzuleei, kasuan kasuko zehapen prozedura tramitatu ondoren, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritakoari jarraituz.

2. Edozein kasutan ere, udal administrazioak behar diren neurriak hartuko ditu, ukitutako ondasunak egoera ez-legezkoa gertatu aitzineko egoerara lehengoratzeko.

21. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan azpiegitura irrati-elektrikoen kokalekuari, instalazioari eta funtzionamenduari buruz xedatutakoa urratzen duten egiteak edo ez-egiteak arau-haustetzat joko dira, eta aplikatu beharreko araudian ezarritakoari jarraituz zehatuko dira, edo, kasua bada, Nafarroako Foru Komunitateko ingurumenari buruzko araudian ezarritakoari jarraituz.

1.1. Larriak:

a) Jardueraren funtzionamendua komunikazio ekipoekin, erantzukizuneko aitorpenaren baldintzak errespetatu gabe.

b) Instalazio irrati-elektrikoak zaindu, berritu, ordeztu, aztertu eta kentzeko beharra ez betetzea.

d) Erantzukizuneko aitorpena aurkeztuz aurretiazko komunikazioa egin beharra ez betetzea.

1.2. Arinak:

a) Lehendik dauden instalazioak egokitzeko ordenantza honetan ezarritako epeak ez betetzea.

Edozein kasutan ere, zehapen prozeduran frogatzen bada interes orokorrei eragindako kaltea txikia dela, ordenantza honetan xedatutakoa urratzen duten ekintza edo omisioak arau-hauste arintzat hartuko dira.

2. Zehapenak:

Honela zehaztuko da nola jarri ordenantza honetako arau-hausteak egiteagatik ezarri beharreko zehapenak:

2.1. Ordenantza honetan arau-hauste arintzat hartutakoak egiteagatik, 100 eurotik 1500 eurora bitarteko isuna jarriko da.

2.2. Ordenantza honetan arau-hauste larritzat hartutakoak egiteagatik, 1500 eurotik 3000 eurora bitarteko isuna jarriko da.

3. Erantzukizuneko aitorpen baten babesa izanik ere, ordenantza honetan ezarritako baldintzen kontra egiten diren jarduketak, legeria babesteko eta arau-hausteak zehatzeko araubidea aplikatzeko ondorioetarako, erantzukizuneko aitorpenik gabeko jarduketatzat hartuko dira, eta aurreko ataletako irizpideei jarraituz jarriko da zehapena, zein zerbitzu tekniko eskudunek kalkulatuko baitute.

4. Ordenantza honetan aurreikusitako zehapenak ezartzeari dagokionez eta kautelazko neurriak hartzeari eta iraungitze eta preskripzio epeei dagokienez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua) ezarritakoari jarraituko zaio, bai eta Zehapen Ahalmenaz Baliatzeko Prozeduraren Erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan aurreikusitakoari ere.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Lehena.–Ordenantza honek indarra hartu eta sei hilabeteko epean, Udalak erregistro berezi bat sortuko du ordenantzari lotutako instalazio irrati-elektriko guztiak inskribatzeko, aldez aurretik jakinarazi direnak kasuan kasuko erantzukizuneko aitorpena aurkeztuta.

Bigarrena.–Ofizioz edo interesdunak eskatuta eginen da erregistroko inskripzioa. Erantzukizuneko aitorpenaren titularrari buruzko datuak ekarriko ditu, baita instalazioa baimentzeko ezarritako baldintzak ere.

Hirugarrena.–Interesdunek eska dezakete eta eskubidea izanen dute erregistro berezian erregistratzeko, kasuan kasuko erantzukizuneko aitorpena zer instalaziotarako eskatu duten, horixe, hiru hilabete iragan badira berariazko ebazpenik eman gabe, salbu eta agiriren bat aurkezteko eskatu zainean eta errekerimendu hori bete gabe dagoenean.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehen xedapena.–Oraingo instalazioak.

1.1. Ordenantza honek indarra hartzean dauden instalazioek, ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte, egoera erregularizatu beharko dute, eta kasuan kasuko erantzukizuneko aitorpenak aurkeztu, sei hilabeteko epean gehienez ere, ordenantza honek indarra hartzen duenetik aurrera.

1.2. Instalazioek ez badute betetzen 1.1 atalean ezarritakoa, Udalak zilegi izanen du instalazio horien jarduna etetea aldi baterako, bai eta ixteko agintzea ere hilabete bat iraganik etenalditik, ez bada aurkeztu erantzukizuneko aitorpena.

1.3. 1. atalean zehaztutako epeek ez dute galaraziko Udalak ikuskapen eta zehapen ahalmena erabiltzea, ordenantza honen 28. artikuluan ezarritako moduan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzeko maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean eta Estatuko araudian ezarritakoari jarraituko zaio.

Bigarrena.–Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1608582