160. ALDIZKARIA - 2016ko abuztuaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

460/2016 EBAZPENA, ekainaren 30ekoa, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana, Hezkuntza Departamentuan 2016ko aurrekontuetan erakunde sindikalen funtzionamendu gastuen konpentsaziorako dagoen diru-izendapena banatzeko baimena ematen duena.

Konstituzioaren 7. artikuluak adierazten du erakunde sindikalek lan egiten dutela beraiei dagozkien interes ekonomiko eta sozialak babestu eta sustatzeko, eta Zuzenbide Estatu sozial eta demokratikoaren funtsezko zutabeetako bat direla, gehienbat langileen eskubideen defentsan.

Horrenbestez, erakunde sindikalek betetzen dituzten jarduerak interes orokorrekoak direla ulertzen da, eta, horregatik, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan, Hezkuntza Departamentuaren kontu-sailetan, berariazko zuzkidura bat dago aurreikusirik erakunde sindikalek langileen eskubideen defentsan eta sustapenean betetzen dituzten lan horiek izaten dituzten gastuak konpentsatzeko.

Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren Testu Bategina onesten duenak, 82.8.d) artikuluan xedatzen du Langile Batzordeek beren lanak betetzeko behar duten materiala izan beharko dutela.

Aurrekontu Orokorretan ezarritako diru kopurua banatzeko formulari dagokionez, funtzionarioen, estatutupeko langileen eta lan-kontratudunen negoziaziorako mahai orokorretako batzorde paritarioen bileretan egondako sindikatuekin 1997ko ekainaren 18an gehiengoaz erabaki zenaren arabera, aurrekontuetan erakunde sindikalen funtzionamendurako beharrezkoak diren gastuei dagokien diru-izendapena banatzeko, kontuan hartuko dela azken hauteskunde sindikaletan erakunde sindikal bakoitzak eskuratutako boto kopurua.

Horrenbestez, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 136/2015 Foru Dekretuaren 31. artikuluan ezarritakoaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Hurrengo ataletan ezarritakoarekin bat, baimena ematea erakunde sindikalen funtzionamendu gastuak konpentsatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak ordezkatzeko organoetarako azken hauteskundeetan, irakasleen esparrukoetan, lortu zituzten botoen kopuruaren arabera.

2. 38.580 euroko gastua baimentzea, gehienez ere, Nafarroako 2016ko gastuen aurrekontu orokorrean “Erakunde sindikalen funtzionamendu gastuen konpentsazioa” izenarekin jaso den 410005-41700-4819-321100 kontu-sailaren kargura finantzatuko dena.

3. Ondotik aipatzen diren erakunde sindikalek izandako funtzionamendu gastuak konpentsatzeko dagozkien diru-kopuruak Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak esleituko dituela ebazpen bidez, Hezkuntza Departamentuko irakasleen esparruan 2015eko maiatzaren 20ko hauteskunde sindikaletan lortutako boto kopuruaren arabera:

IFZ

SINDIKATUA

G31171937

AFAPNA

G78248630

ANPE

G31922446

APS

G31734965

CCOO

G79514378

CSIF

G48090096

ELA

G31137482

LAB

G31118326

STEE

G79493060

UGT

4. Sindikatuek konpentsatu nahi dituzten funtzionamendu gastu guztiek Hezkuntza Departamentuko irakasleen interes ekonomiko eta sozialen defentsa eta sustapenerako jarduera sindikalaren zioz eginak izan beharko dute, 2016ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitarte.

Beraz, gastu hauek konpentsatzen ahalko dira, besteak beste:

a) Erakunde sindikalek Hezkuntza Departamentuko irakasleentzat sortutako informazioari dagozkion gastuak.

b) Langile horiek ordezkatzeko lanak egiteak eragindako joan-etorrien gastuak.

c) Langile horiei zuzendutako jardunaldi, mintegi, topaketa, hitzaldi eta antzeko jarduerak egiteari dagozkion gastuak.

d) Prestakuntza sindikalak sortutako gastuak, barne direla joan-etorriak, monitoreak, era askotako materialak, lokalen alokairua eta antzeko gastuak.

e) Komunikazioen (telefonoak, fotokopiagailuak, posta, etc.), ekipamenduen, zerbitzuen eta mota anitzeko hornigaien arloko gastuak.

f) Langile horiei aholkularitza juridikoa emateko gastuak.

5. Erakunde sindikalek 2016ko azaroaren 21etik abenduaren 10era bitarteko epea dute gastuak justifikatzeko, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusian fakturak eta ordainagiriak (jatorrizkoak eta fotokopiak) aurkeztuz, eta, haiekin batera, aurkibidea eta zerrenda, zenbakitua eta ordenatua.

6. Aipatutako gastuak konpentsatu ahal izateko, erakunde sindikalek, aurreko lerroaldean aipatutako dokumentazioarekin batera, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuaren eta Gizarte Segurantzaren diruzaintza orokorraren ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte, zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete dituztela frogatzen dutenak, fakturak eta ziurtagiriak aurkezteko epea amaitu aurreko bi hilabeteetan emanak, gehienez ere.

7. Funtzionamendu gastuen ordainketa Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emandako ebazpen bidez emanen da 2016ko abenduan, erakunde sindikalek gastuak justifikatu ondoren. Nolanahi ere, Hezkuntza Departamentuko irakasleen interes ekonomiko eta sozialen defentsan eta sustapenean betetako jarduera sindikalek eragindako gastuak ordainduko dira soilik, eta, betiere, ebazpen honen 3. atalean aipatzen diren erakunde sindikaletako bakoitzarentzat ezarritako gehieneko kopurua, atal horrek berak aipatzen duen ebazpenean ezarriko dena.

8. Ebazpen hau igortzea Hezkuntza Departamentuko Baliabide Ekonomikoen Zerbitzura, Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora eta Kontu-hartzailetza Delegatura, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen ordezkaritza organoetarako azken hauteskundeetan botoak eskuratu zituzten sindikatuei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

9. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

10. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluekin bat.

Iruñean, 2016ko ekainaren 30ean.–Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Juan Ramón Elorz Domezain.

Iragarkiaren kodea: F1609250