158. ALDIZKARIA - 2016ko abuztuaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

147/2016 FORU AGINDUA, abuztuaren 2koa, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak emana, Nafarroako Foruzaingoaren Laborategiko Brigada Kriminalistikoaren Zerbitzu-karta onesten duena.

Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeari buruzko abenduaren 29ko 21/2005 Foru Legeak zerbitzu-kartak arautzen ditu 18. artikulutik 21. artikulura bitartekoetan. Horiek jendearentzat eskuragarri dauden agiriak dira, eta horien bidez Nafarroako Administrazio Publikoek eskaintzen dituzten zerbitzu publikoei buruzko informazioa ematen diete herritarrei. Zerbitzu-kartek administrazio publikoek bere zerbitzu publikoak hobeki emateko borondatez hartutako konpromisoak izanen dituzte, baita haiek beteko direla bermatzen duten adierazleak ere; ez dira arauzko xedapenak eta ez dute ondorio juridiko loteslerik.

Maiatzaren 9ko 72/2005 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzu-kartak arautzen dituenak, honela definitzen ditu zerbitzu-kartak: “Jendeak eskuratzen ahal dituen agiriak dira. Horien bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek eta haren menpeko erakunde autonomoek ematen dituzten zerbitzu publikoez herritarrei argibideak eskaintzen dizkiete eta zerbitzu horiek emateko konpromiso eta adierazleak zehazten dituzte”. Era berean, aipatzen du “Administrazio Publikoak bere zerbitzu publikoak hobeki burutzeko hartzen dituen borondatezko konpromisoak dira. Ez dira xedapen arau-emaileak eta ez dute ondorio lotzailerik sortzen”.

Foru dekretu horrek berak adierazten du zerbitzu-kartak “departamentu edo erakunde autonomo bakoitzak prestatu eta kudeatuko dituela, zuzendaritzako organo gorenaren erantzukizunpean, eta departamentu edo erakunde osoa edo beheragoko unitateak sartzen ahal direla gutun horien esparruan, egokiena zer den ikusita”; horrekin batera, hau ezartzen du: “Departamentu edo erakunde autonomo bakoitzeko goi mailako organo betearazleak onetsiko ditu. Onesteko ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, orok jakin dezan”.

Nafarroako Foruzaingoaren esparruan, beharrezkotzat jotzen da Polizia Zientifikoaren Dibisioaren menpeko Laborategiko Brigada Kriminalistikoaren Zerbitzu-karta onestea; brigada hori delituak argitzen laguntzeaz arduratzen den unitatea da, eta, horretarako, analisi zientifikoaren bidez lortutako elementu objektiboak biltzen ditu, delituen erantzuleak identifikatzeko; haren xedea Nafarroako Foru Komunitatean erreferentea bihurtzea da metodo zientifikoen aplikazioan oinarritutako ikerketaren arloan.

Azaldutako guztiagatik, bidezkoa da Foruzaingoaren Laborategiko Brigada Kriminalistikoaren Zerbitzu-karta onestea.

Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuen gutunak arautzen dituen maiatzaren 9ko 72/2005 Foru Dekretuaren bidez esleituak ditudan eskudantziez baliaturik,

AGINDU DUT:

1. Foruzaingoaren Laborategiko Brigada Kriminalistikoaren Zerbitzu-karta onestea. Foru agindu honen eranskinean dago.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

3. Foru agindu hau igortzea Barne Zuzendaritza Nagusira, Barne Zuzendaritza Nagusiko Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Zerbitzura, eta Nafarroako Foruzaingoko buruari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko abuztuaren 2an.–Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, María José Beaumont Aristu.

NAFARROAKO FORUZAINGOAREN LABORATEGIKO BRIGADA KRIMINALISTIKOAREN ZERBITZU-KARTA

1.–Identifikazioa.

Nafarroako Foruzaingoaren Laborategiko Brigada Kriminalistikoa Foruzaingoaren Ikerkuntza Kriminaleko Arloko Polizia Zientifikoaren Dibisioaren menpekoa da. Foruzaingoaren kidegoa, berriz, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiari atxikita dago.

Polizia Zientifikoaren Dibisioa Nafarroako Foruzaingoaren Antolamendu eta Funtzionamendurako Erregelamendua onesten duen uztailaren 26ko 265/2004 Foru Dekretuaren babesean sortu zen.

Laborategiko Brigada Kriminalistikoa Nafarroako Foruzaingoaren Ikerkuntza Kriminaleko Arloa brigaden eta taldeen maila arte garatzeko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak otsailaren 16an emaniko 71/009 Foru Aginduaren babesean sortu zen.

2.–Eginkizunak, helburua, ikuspegia eta balioak.

2.1. Nafarroako Foruzaingoaren Polizia Zientifikoaren Dibisioaren eginkizunak Nafarroako Foruzaingoaren Antolamendu eta Funtzionamendurako Erregelamendua onetsi zuen uztailaren 26ko 265/2004 Foru Dekretuaren 32. artikuluan aurreikusitakoak dira:

a) Ikerkuntza teknikoa, kriminalistikaren eta identifikazioaren arloko ikerketa metodo espezializatuak erabiliz.

b) Eskatzen zaizkion peritu txostenak eta agiriak prestatzea.

c) Polizia zientifikoari dagozkion gaietan, metodologia teknikoa ezartzea.

d) Gainerako unitate organikoei laguntza zientifikoa ematea, eskatzen zaionean.

e) Dibisioak tramitatzen dituen agiriak zaindu eta artxibatzea.

f) Laborategi zientifikoa kudeatzea.

g) Foruzaingoak polizia zientifikoaren arloan sinatzen dituen akordio eta protokoloak betetzea.

h) Edozein delitu egiten denean begizko ikuskapena egitea, delitua egiteko erabilitako elementuak atzematea, frogak biltzea eta horiek gordetzeko katea aseguratzea.

i) Agintzen zaion izaera bereko beste edozein.

2.2. Laborategiko Brigada Kriminalistikoaren eginkizunak Lehendakaritzako, Justiziako eta Barneko kontseilariaren otsailaren 16ko 71/2009 Foru Aginduan aurreikusitakoak dira:

1. Laborategiko Brigada Kriminalistikoari Polizia Zientifikoaren Dibisioaren polizia eginkizunak zuzenean burutzea dagokio, bereziki identifikazioekin, balistikarekin eta ebidentzia zientifikoen tratamenduarekin loturiko eginkizun guztiak, eta oro har, peritu-txostenak egiteko behar den guztia.

2. Laborategiko Brigada Kriminalistikoari dagokio bere espezialitateko arloetan laguntza eta sostengua ematea Foruzaingoko gainerako unitateei.

Orobat, bakarrik edo beste batzuekin batera egiteko agintzen zaizkion eginkizunak izanen ditu, Foruzaingoaren eginbehar orokorren arabera.

2.3. Laborategiko Brigada Kriminalistikoaren misioa hau da: “delituak argitzen laguntzea, eta, horretarako, analisi zientifikoaren bidez lortutako elementu objektiboak biltzea, delituen erantzuleak identifikatzeko.”

2.4. Laborategiko Brigada Kriminalistikoak honela zehazten du bere ikuspegia: “Nafarroako Foru Komunitatean erreferentea izatea metodo zientifikoen aplikazioan oinarritutako ikerketaren arloan”.

2.5. Laborategiko Brigada Kriminalistikoaren funtzionamenduak balio hauek ditu oinarri:

–Kalitatea, kudeaketa sistema normalizatuen aplikazioan oinarritua.

–Objektibotasuna zerbitzua ematean, bereziki behatutakoari garrantzia emanez.

–Zorroztasuna lana betetzean xehetasun guztiei erreparatuz.

–Zehaztasuna, egindako analisiaren deskribapen osatua eta zehaztua eginez.

3.–Zerbitzuak, konpromisoak eta betetzearen adierazleak.

Foruzaingoaren Laborategiko Brigada Kriminalistikoak zientzia funtzio polizialaren zerbitzuan jartzen du, bitarteko teknologikoak eta langile kualifikatuak baliatuz ikerketa baten barruan lortutako zantzu, ebidentzia edo frogako elementutzat hartzen diren objektuak aztertzeko.

3.1. Zerbitzuak:

Laborategiko Brigada Kriminalistikoak zerbitzu forentse hauek betetzen ditu:

1. Zantzu lofoskopikoak atzeman eta alderatzeko azterlanak.

Modu integralean egiten dira, hauetara bideratuak:

–Lofograma latenteak atzematea objektuetan:

1. Aldez aurreko ikusizko azterketa.

2. Metodoaren aplikazioa, azal motaren arabera:

1.–Azal ez porotsuak edo erdi porotsuak: zianokrilatoa lurruntzea kabinan, eta ondoren kontrastea hobetzea hauts fisikoekin edo base-horiarekin.

2.–Azal porotsuak: DFO erreaktiboa eta ninhidrina aplikatzea.

3.–Azal itsaskorrak: Hauts esekiak aplikatzea.

3. Ondoko ikusizko azterketa:

1.–Argi zuria.

2.–Argi forentsea.

4. Atzemandako lofogramen argazkiak ateratzea.

–Alderaketa lofoskopikoak:

1. Lofograma anonimoen arteko alderaketak.

2. Lofograma anonimoen eta ezagunen arteko alderaketak.

–Hatz-markak identifikatzeko Sistema Automatikoa:

1. Atxilotutakoen hatz-marken datuak nazioko eta nazioarteko datu baseetan kontsultatzea.

2. Hatz-marka / lofograma anonimoak datu base nazionalean kontsultatzea.

3. Pertsonak identifikatzea lofograma anonimoen bidez.

2. Azterlan biologikoak:

–Odola agertzea.

–Semena agertzea.

–Profil genetikoak lortzea ebidentzietatik abiatuta.

–Profil genetikoak alderatzea.

–Pertsonak identifikatzea profil genetikoen bidez, nazioko eta nazioarteko datu base polizialetan kontsulta eginez.

3. Analisi kimikoak:

Hauen analisia egiten da:

–Tiroen hondarrak. Tiro egin ondoren sortzen den gas hodeiaren elementu kimiko espezifikoak, inguruko pertsonengan gelditzen direnak, ageri diren aztertzen da.

–Suteen hasiera guneetan substantzia azeleratzailerik dagoen aztertzen da.

–Drogak.

–Bestelakoak, lurrak, pinturak, toxikoak.

4. Balistika forentsea:

Polizia Zientifikoaren Laborategian, identifikaziorako barne balistikaren eremuan aztertu beharreko su armak jaso eta prozesatzen dira. Analisi eta azterketa horietatik lor daitezkeen emaitzak hauek dira, laburbilduta:

a) Su armen kasuan:

• Armaren katalogazioa, indarra duen su armen erregelamenduaren arabera: arma hori edukitzeko betebeharrak zehaztea, haren kategoria kontuan hartuta.

• Debekatutako armak zein diren zehaztea.

• Funtzionamendu egoera eta tiro egiteko gaitasuna.

• Aldaketak.

• Armaren delitu aurrekariak.

b) Kartutxo, bala-zorro eta jaurtigaien kasuan:

• Kartutxo mota zein den zehaztea.

• Kartutxoen eta zenbait armaren arteko bateragarritasuna.

• Jaurtitako bala-zorro edo jaurtigai bat arma zehatz batekin tiro egina den zehaztea.

• Bala-zorro bat baino gehiago arma berarekin tiro eginak diren zehaztea.

Zalantzazko elementu balistikoak (jaurtitako bala-zorroak eta jaurtigaiak) datu baseetan sartzea, ondorengo alderaketak egiteko.

5. Grafistika eta dokumentoskopia:

–Kaligrafiako peritu-txostenak, sinadura faltsuak edo esku-idatzi baten egilea zehazteko.

–Dokumentu faltsuak: nortasuna frogatzen duten agiriak, pasaporteak,bisatuak, gida-baimenak, txartelak...

–Merkataritzako dokumentuak: txekeak, ordaindukoak, kreditu txartelak...

–Jabetza industriala eta intelektuala.

6. Informatika forentsea:

–Disko gogorren / euskarrien eta biltegiratze informatikoen klonazioa.

–Informazioa ateratzea sakelako telefonoetan.

7. Antropologia forentsea: Azterketak hilotzetan edo hezur hondarretan.

8. Pertsonen identifikazioa:

–Identifikazio lofoskopikoa, Hatz-markak Identifikatzeko Sistema Automatikoan kontsulta eginez. Sistema honen bidez pertsonak identifikatzen ahal dira lehenago atxilotuta egon badira eta nazioko datu baseetan haien berri baldin badago.

–DNA bidezko identifikazioa.

9. Hildakoen identifikazioa:

–Identifikazio lofoskopikoa, Hatz-markak Identifikatzeko Sistema Automatikoan eta nazioko datu baseetan dauden datuetan kontsulta eginez.

–DNA bidezko identifikazioa.

Diziplina hauetako batzuk Foruzaingoarekin hitzarmena duten laborategietan egiten dira.

3.2. Konpromisoak: Lagina unitatean jasotzen denetik epe zehatz batean bidaltzea txostenak organo eskatzaileari.

3.3. Adierazleak: Lagina unitatean jasotzen denetik gehienez ere 8 asteko epean bidaltzea txostenak organo eskatzaileari.

4.–Zerbitzuen Gutunaren kudeaketa.

Zerbitzu-karta honen kudeaketa Foruzaingoaren Polizia Zientifikoaren Dibisioak eginen du, eta Ikerkuntza Kriminaleko Arloko burua izanen da horren erantzulea.

Dibisioko buruak izanen du 3. artikuluan hartutako konpromisoak gauzatzeko behar diren neurriak hartzeko ardura, bere jardun esparruan, bai eta kasuan kasuko adierazleen bilakaeraren jarraipena eta aldizkako kontrola egitekoa ere.

Barne Araubideko Dibisioak urtero eginen du auditoretza bat, konpromisoak eta adierazleen jarraipena noraino bete diren osotara edo hein batean egiaztatzeko; unitate hori izanen da, zerbitzu-kartari dagokionez, erreferentziazko eta koordinaziorako unitatea.

Auditoretzetan Polizia Zientifikoaren Dibisioko unitate buruentzako gomendioak jasotzen ahal dira, eta buruek behar den guztia beteko dute hobekuntzak sustatzeko eta, ahal dela, hurrengo aldian horiek gauzatzeko.

Auditoretzako txostena Foruzaingoko buruari igorriko zaio.

5.–Arauen zerrenda.

Polizia Zientifikoaren Dibisioak ematen dituen zerbitzuak babesten dituzten xedapen orokorrak, espezialitateetarako dauden arau xedapenak alde batera utzi gabe, hauexek dira:

–13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa.

–8/2006 Foru Legea, ekainaren 20koa, Segurtasun Publikoari buruzkoa.

–8/2007 Foru Legea, martxoaren 23koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa.

–265/2004 Foru Dekretua, uztailaren 26koa, Nafarroako Foruzaingoaren Antolamendu eta Funtzionamendurako Erregelamendua onesten duena, eta hura garatzen duten foru aginduak.

–56/009 Foru Agindua, irailaren 13koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, Nafarroako Foruzaingoaren Ikerkuntza Kriminaleko Arloa garatzen duena, brigaden eta taldeen maila arte, eta ezarpen operatiborako prozedura ezartzen duena.

6.–Zerbitzuen erabiltzaileen eskubideak.

Laborategiko Brigada Kriminalistikoaren zerbitzuen erabiltzaileek eskubide hauek dituzte unitatearekin dituzten harremanetan:

–Laborategiko Brigada Kriminalistikoaren jardunak aintzat har dezan beti haren oinarria eta muga egitate batzuen ikerketa zientifikoa dela, horiek argitzeko xedearekin.

–Interesdunari informazio zehatza emanen diote jarduketen gaineko ezaugarriez, tramitazioaren egoeraz eta gainerako inguruabarrei buruz.

–Polizia jarduketa guztien inpartzialtasuna, konfidentzialtasuna eta isilpekotasuna zainduko dituzte.

–Txostenak hizkera argian eta ulergarrian eginak jasoko dituzte.

–Iradokizunak egin eta erreklamazioak aurkeztu.

–Eskatutako zerbitzua araututako entrega epeetan jasoko dute.

–Unitateak emandako zerbitzuaz gogobetetzea baloratzea.

7.–Erreklamazio eta iradokizunen sistema.

Nafarroako Foruzaingoaren Laborategiko Brigada Kriminalistikoak barne prozedurak ditu erreklamazioak eta iradokizunak aztertu, baloratu, ezarri eta horiei erantzuteko, benetan uste baita herritarrek zerbitzu ematearen inguruan izaten duten edozein ekimen hobekuntzarako aukera bat dela eta, betiere, aztertu egin behar dela.

Horretarako, interesdunek jakinarazpen telematikoa igortzen ahalko dute Laborategiko Brigadaren posta elektronikoaren helbidera, Agentearen Atarian (informazio poliziala/ Inprimakiak) dagoen inprimakia beteta. Zuzenbidean onartuta dagoen beste edozein bide ofizial ere erabiltzen ahalko da.

Laborategiko Brigadaren bulegoetan ere eskura egon beharko du inprimaki horrek, eta hura jasotzen duen funtzionarioak emanen dio interesdunari eskatutako guztiaren berri, bai eta une horretatik aurrera bere informazioak izanen duen tramitazioaren berri ere.

Inprimaki hori igorriko zaie Laborategiko Brigadako buruari, Polizia Zientifikoaren Dibisioko buruari, Ikerkuntza Kriminaleko Arloko buruari eta Barne Araubideko Dibisioko buruari, eta honek bidezkoak jotzen diren ikerketak sustatuko ditu, bai eta hobekuntza ezartzea ere, kasua bada.

Erantzuna eskaera aurkeztu eta gehienez ere hilabeteko epean jakinaraziko zaio interesdunari.

8.–Jendeari arreta emateko helbideak eta ordutegiak.

8.1. Polizia Etxeak: Foruzaingoaren polizia etxe nagusia: Helbidea: Fuente de la Teja, z.g. Posta kodea: 31006 Iruña (Nafarroa). Telefonoa: 848 42 51 99 / 848 42 52 00. Faxa: 848 42 68 62. Helbide elektronikoa: pforal.dpclaboratorio@navarra.es.

8.2. Informazioa:

1. Larrialdiak: 112 (SOS Nafarroa).

2. Aginte eta koordinazio zentroa: 948 22 18 02.

3. Herritarrendako Laguntza Bulegoa: 848 42 68 53.

4. Arreta emateko ordutegia: astelehenetik ostiralera 7:30etik 14:30 arte.

5. Helbide elektronikoa: pforal.dpclaboratorio@navarra.es.

6. Webgunea: policiaforaldenavarra.es.

7. Twitterreko kontua: @policiaforalnav.

8. Vimeoko kontua: vimeo.com/channels/policiaforalnav.

9. Instagrameko kontua: policiaforalnav.

10. Zerbitzu-kartaren ardura duen unitatea.

Barne Araubideko Dibisioa da Foruzaingoan zerbitzu-karta honen zabalkundea eta erregistroa egiteko beharrezkotzat jotzen diren ekintzak sustatu eta koordinatzeko ardura duen unitatea.

–Barne Araubideko Dibisioa:

Nafarroako Foruzaingoa:

Helbidea: Fuente de la Teja kalea, z.g.

Posta kodea: 31006 Iruña (Nafarroa).

Telefonoa: 848 42 51 52, 948 22 18 02. Faxa: 848 42 68 62.

Posta elektronikoa: fponlinelh@navarra.es

Iragarkiaren kodea: F1609226