158. ALDIZKARIA - 2016ko abuztuaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AZKOIEN

Aldaketa, Eremu publikoa arautzen duen ordenantzan
Behin betiko onespena

Azkoiengo Udalak, 2016ko maiatzaren 4an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Eremua publikoa arautzen duen ordenantzaren 8., 12., 29., 34. eta 51. artikuluen aldaketa. Hura 2016ko 99. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, maiatzaren 24an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatutakoan, xedatutakoari jarraikiz, eta jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta ordenantzan aldatutako artikuluen testua osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Azkoienen, 2016ko uztailaren 18an.–Alkatea, Juan Carlos Castillo Ezpeleta.

ERANSKINA

UDAL ORDENANTZA, EREMU PUBLIKOAREN GAINEKOA

8. artikulua. Debeku da:

a) Eremu publikoa erabiltzea auto edo motoak konpontzeko, edo metal arotzerian, iturgintzan edo gisakoetan aritzeko, edo ibilgailuak nahiz animaliak garbitzeko.

Eremu publikoan helburu horrekin egiten diren erabilera berriei aplikatuko zaie atal hau. Ordenantzak indarra hartu baino lehen onartu diren erabilerak banan-banan aztertuko dira, eta baldintza partikularrak ezarriko dira eremu publikoaren erabileran, erabilera horiek deuseztatzeko eta erabiltzaileei sortutako eragozpenak murrizteko.

b) Ibilgailuak abandonaturik uztea, jendearen higiene, osasun eta segurtasunerako arriskutsuak izaten ahal badira.

c) Eremu publikoan edariak kontsumitzea eta edalontziak eta botilak lurrera botatzea.

d) Eremu publikoan tapizak edo bestelako objektuak garbitzea.

e) Eremu publikoaren gainean arropak, tapizak edo bestelako objektuak inarrostea.

f) Eremu publikoan pixa egitea edo txistua botatzea, edo gorotzez zikintzea.

g) Kale, plaza eta parke publikoetan futbolean edo pilotarekin aritzea edo beste edozein kirol egitea, baldin eta beste erabiltzaile edo herritarrek eremu publikoa erabiltzea eragozten bada edo trabak sortzen bazaizkie, edo apaindura elementuetan kalterik sortzen ahal bada.

12. artikulua. 1. Eremu publikoan asotsik sortuz gero, ez dira gaindituko herritarren bizikidetzak behar dituen mugak. Eraikin eta jardueretan asotsak eginez gero begiratu beharko diren arauak izanen dira jarduera sailkatuei buruzko udal edo foru araudia eta asotsak eta bibrazioak eragiten dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituen foru dekretua.

2. Debeku da:

a) Eremu publikoan oihu egitea.

b) Sobera gora kantatzea edo solas egitea eraikin partikularren barrenean, ezarritako asots mailak gaindituta.

c) Eraikinetan musika-tresnak jotzea, gela edo lokala behar bezala intsonorizatu gabe.

d) Patio, etxabe edo galerietan, beren asots eta oihuekin auzoaren atsedenari traba egiten dioten animaliak edukitzea.

e) Petardo klase guztiak saltzea establezimendu baimendua ez den toki batean, eta petardoak erabiltzea eta suziriak jaurtitzea Udalaren baimenik gabe.

f) Obrak gauaz egitea.

29. artikulua. 1. Finka, etxebizitza eta establezimenduen jabeak behartuak daude garbi edukitzera fatxadak, karrikako zenbakien errotuluak, ageriko mehelinak, higiezinetako sarrerak eta sarbideko eskailerak eta, orokorrean, eremu publikotik ikus daitezkeen eraikin zati guztiak.

2. Honen aurreko 1. zenbakiari dagokion guztian, jabeek egin beharko dituzte mantendu, garbitu eta iztukatze lanak, apaindura publikorako beharrezko denean eta udal-agintaritzak, dagokion udal zerbitzuak aldez aurretik txostena egin ondotik, hala agintzen duenean.

3. Jabeek, orobat, garbi eduki beharko dituzte tximiniak, deposituak, patioak eta argi-patioak, ur eta gas hodiak, hustubideak, tximistorratzak, telebisten antenak eta, oro har, eraikinen osagarri diren gainerako instalazioak.

34. artikulua. 1. Higiene neurri utziezina denez, eremu publikoan zakurrak edo bertzelako animaliak daramatzaten pertsonak behartuak daude beren animaliei iraizkinak egiten ez uztera eremu publikoko oinezkoen ibiltoki, parterre eta berdeguneetan, ez eta eremu publikoan herritarren pasabide, egonleku eta jostaleku diren gainerako tokietan ere, edo, bestela, gorozkiak bildu eta garbitzera, egin bezain pronto.

2. Zakurra beti ibiliko da norbaitekin, pertsona arduradunak lotuta eta kontrolaturik daramala.

51. artikulua. 1. Ordenantza honetako arauak hausten dituztenei 6tik 600 eurorainoko isunak ezarriko dizkie Alkatetzak, eta, gainera, erantzuleei erreklamatzen ahalko zaie, egoki den maneran, garbiketa eta konponketa gastuen ordaina eta, hala behar badu, salaketa aurkez daiteke agintari judizial eskudunaren aurrean.

2. Enpresek edo entitateek egindako arau-hausteak zehatzen ahalko dira, eta haien gain uzten ahal dira, baita ere, sortutako gastuak eta dagozkien ordezko betearazpenak, betiere Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeari eta aplikatzen ahal diren gainerako legeei jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: L1608644