2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
AZKOIEN
Aldaketa, Etxeko animaliak edukitzea arautzen
duen udal ordenantzan. Behi betiko onespena
Azkoiengo Udalak, 2016ko maiatzaren 4an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Etxeko animaliak edukitzea arautzen duen udal ordenantzaren aldaketa. 2016ko 99. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 24an.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatutakoan, xedatutakoari jarraikiz, eta jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta aldatutako ordenantzaren testua osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.
Azkoienen, 2016ko uztailaren 18an.–Alkatea, Juan Carlos Castillo Ezpeleta.
ERANSKINA
UDAL ORDENANTZA, ETXEKO ANIMALIAK
EDUKITZEA ARAUTZEN DUENA
Zakurrak
1. artikulua. Zakurren jabeek bi arau hauetan ezarritakoa bete behar dute: Nafarroan zakurren identifikazioa arautzen duen 370/1992 Foru Dekretua eta Amorruaren aurkako txertaketa arautu eta 370/1992 Foru Dekretua garatzen duen 1994ko irailaren 19ko Foru Agindua.
2. artikulua. Animaliari eritasun aztarnarik, bizkarroirik edo zauririk agertuz gero, zakurraren jabea albaitariarengana jotzera beharturik egonen da hogeita lau ordu baino lehen, eta Nafarroako Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuak agintzen duen tratamendua egin beharko dute. Eritasun kutsakorrik badela egiaztatuz gero, zakurra bakartu eginen da inguruabar hori desagertu arte.
3. artikulua. Hirigunean eta ibilgailuen trafikora irekitako karrika edo errepideetan debeku da zakur askerik ibiltzea. Eremu horietan, pertsona arduradun batek lotuta eraman beharko du zakurra, gehienez ere 1,50 metroko uhal sendo edo kate bat erabiliz.
Arraza arriskutsutzat katalogatutako zakurrak Animalia arriskutsuak edukitzea arautzen duen udal ordenantzan sartzen dira.
4. artikulua. Udal mugapeko edozein alderditan debeku da zakurra lepokorik edo identifikazio eta urteko txertaketa txaparik gabe ibiltzea.
5. artikulua. Udal mugapeko alde bakoitzerako aurreko artikuluetan aipatu betebehar horiek bete gabe dabilen zakurra osasun publikorako arriskutzat hartuko da eta Nafarroako Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuak edo Azkoiengo Udaltzaingoak bildu eta atxikiko du.
6. artikulua. Udal zerbitzuei zeregin hauek dagozkie, bere eskumeneko esparruan:
a) Animalia abandonatuak biltzea.
b) Lagun egiteko animaliak konfiskatzea, tratu txar edo tortura zantzurik bada, unadura edo desnutrizio aztarnarik badute edo muntadura desegokietan badira.
7. artikulua. Bildutako edozein zakur erretiratu ahal izateko, nahitaezkoa izanen da albaitari batek egindako osasun ziurtagiri bat aurkeztea eta txertaketa betebeharrak eta Ordenantzan ezartzen diren gainerakoak betetzea, baita sortutako tasak, gastuak eta isunak ordainduak izatea ere.
8. artikulua. Zakurrak eritasun kutsagarri edo nazkagarri baten aztarnak dituenean, beste zakur bati hozka egin dionean, pertsona bati hozka egin dionean edo ohiz kanpoko oldarkortasuna adierazten duenean, albaitaritzako klinika baimendu batera eraman beharko da, hor azter dezaten. Albaitariak susmatzen badu amorru zantzurik badela, zakurra bakartu eginen da berehala, aztertu ahal izateko. Albaitariak kasu horietarako ezarririk dauden arauen ariora jokatuko du.
9. artikulua. Debeku da zakurrak edozein saltoki edo garraiobide publikotan sartzea, katea eta muturrekoa eramanagatik ere eta arduradunarekin badoaz ere, itsu-zakurrak izan ezik.
10. artikulua. Zaintza zakurrak askaturik ibiltzen ahalko dira jabetza partikularreko barrutietan, baldin eta eremu publikotik erabat itxita badaude eta bertatik kanpora salto egiterik ez badago. Jabeak zaintza zakurra dagoela ohartarazi beharko du ongi ikusi eta irakurtzen ahal diren plaken bitartez, zaindutako barrutira sartzeko toki guztietan.
11. artikulua. Zakurren jabeek ardura izanen dute beren animalia zaunka edo zalapartaka hasten bada hura berehala isilarazteko, batez ere gaueko hamarretatik goizeko zortziak arte gertatzen denean, eta neurriak hartzeko, aurrerantzean horrelakorik berriz ere gerta ez dadin.
Gaueko hamarretatik goizeko zortziak arte jabeek isilarazteko aukerarik ez duten barrutietako zakurren kasuan, hirigunetik atera beharko dituzte 60 eguneko epean, lehenbiziko arau-hauste oso larria egiten denetik hasita.
12. artikulua. Animalia bat daukanak baldintza egokietan eduki beharko du higiene eta osasunaren aldetik, eta nahitaezko deklaratzen den edozein tratamendu prebentibo eginen du.
13. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, arau hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.
–Hona arau-hauste arinak:
a) Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/94 Foru Legearen 10. artikuluaren arabera erroldatu gabe lagun egiteko animalia bat edukitzea.
b) Animalia identifikaturik ez izatea.
c) Zakurrak hiriko eremu publikoetan kate edo uhalik gabe eramatea.
d) Lagun egiteko animaliaren gorozkiak bildu gabe uztea eremu publikoan.
e) Muturrekorik gabe eramatea nahitaez hori erabili behar duten zakurrak.
f) Bere zakurraren zaunkak ez isilaraztea, bereziki gaueko hamarretatik goizeko zortziak bitartean gertatzen direnean.
–Hona arau-hauste larriak:
a) Animalia behar den mantenurik gabe edukitzea.
b) Animaliak behar bezalako higiene eta osasun baldintzarik ez duten instalazioetan edukitzea, edo higiene eta osasun baldintza txarretan.
c) Animalia ez txertatzea edo osasun agintariek nahitaezkotzat deklaratu dituzten tratamenduak ez ematea.
d) Osasun zerbitzu ofizialei aditzera ez ematea nahitaez deklaratu beharreko gaitzak.
e) Elikagaiak egin, erabili edo biltegiratzen diren tokietan animaliarekin sartzea.
f) Arau-hauste arinetan berrerortzea.
–Hona arau-hauste oso larriak:
a) Animaliaren kontra ankerkeria, tratu txarra eta eraso fisikoak erabiltzea.
b) Animalia abandonatzea, bizirik nahiz hilik.
c) Arau-hauste larrietan berrerortzea.
14. artikulua. Arau-hauste arinak 30 eurotik 60 eurora bitarteko isunarekin zehatuko dira. Larriak, berriz, 61 eurotik 120 eurora bitarteko isunarekin, eta oso larriak 121 eurotik 300 eurora bitarteko batekin.
Orobat, animalia konfiskatzen ahal da arau-hausteetan berrerortzeagatik.
Arau-hausleak isuna ordaintzen badu jakinarazpenaren ondoko 15 eguneko epean, %50eko hobaria izanen du, betiere zehapen horren kontrako errekurtsorik aurkezten ez badu.
15. artikulua. Alkateari dagokio etxeko animalien kontrako arau-hausteak zehatzeko espedienteak irekitzea eta ebaztea.
16. artikulua. Ordenantza honek aurreikusten dituen zehapenetako edozein ezartzeak ez du erantzukizun zibila galarazten, ez eta zehatuak kalte-galerengatik pagatu behar dituzkeen ordainak ere.
Lagun egiteko bestelako animaliak
17. artikulua. Lagun egiteko bestelako animalien jabeek edo edukitzaileek ere bete behar dute ordenantza honetan ezarritakoa, bai eta alorreko arauak ere.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza honetan aurreikusi gabeko orotan honako hauetan xedatua aplikatuko da: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Animaliak Babesteko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legea, Arriskutsu izan daitezkeen animaliak edukitzeko araudi juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Foru Legea, eta alor honetan aplikatzen ahal diren arau guztiak.
Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.
Iragarkiaren kodea: L1608638