158. ALDIZKARIA - 2016ko abuztuaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

270/2016 FORU AGINDUA, abuztuaren 3koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana. Foru agindu honen bidez, mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko zenbait programaren ondoriozko ordainketak, landa garapenerako urteko primak edo zuzeneko ordainketak jasotzen dituzten onuradunek bete beharreko baldintzazkotasun arauak ezarri ziren.

Martxoaren 20ko 110/2015 Foru Aginduaren bidez, mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko programa batzuen ondoriozko ordainketak, landa garapenerako urteko primak edo zuzeneko ordainketak jasotzen dituzten onuradunek Nafarroako Foru Komunitatean bete beharreko baldintzazkotasun arauak ezarri ziren.

Abenduaren 19ko 1078/2014 Errege Dekretuak Estatuko esparrua ezartzen du baldintzazkotasun arauak aplikatzeko. Halaber, NBEFk 5/2016 baldintzazkotasun zirkularra argitaratu du: Penalizazioak aplikatzeko irizpideen eta kontrolen plan nazionala. Zirkular horren xedea da Europar Batasuneko araudiaren eta Estatuko oinarrizko araudiaren aplikazio harmonizatua bermatzea, baita laguntza eskatzen duten pertsona guztiak berdintasunez tratatzea ere. Horregatik, gutxieneko irizpideak ezartzen dira erakunde ordaintzaileen jarduketetarako. Hori argitaratutakoan, azalpenak antzeman dira, animalien ongizateari dagozkion kudeaketako legezko zenbait betekizuni buruzkoak, foru araudian sartu behar direnak.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren martxoaren 20ko 110/2015 Foru Agindua aldatzea. Foru agindu horren bidez, mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko zenbait programaren ondoriozko ordainketak, landa garapenerako urteko primak edo zuzeneko ordainketak jasotzen dituzten onuradunek bete beharreko baldintzazkotasun arauak ezarri ziren.

1. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren martxoaren 20ko 110/2015 Foru Aginduaren I. eranskineko kudeaketako legezko 11. betekizuna aldatzen da (84., 87. eta 88. atalak). Testu hau izanen du:

“84) Ukuiluak egiteko erabiltzen diren materialak eta animaliekin kontaktuan egoten ahal diren ekipamenduak ezin izanen dira animalientzako kaltegarriak izan, eta ongi garbitu eta desinfektatzen ahalko dira. Egoki garbitu eta desinfektatuko dira, infekzio gurutzatuak eta organismo patogenoak ez agertzeko. Simaurra, gernua eta jan gabeko bazkak edo askatik eroriak ahalik eta maizen kenduko dira, usainak eta ager daitezkeen euliak edo karraskariak ekiditeko.”

“87) Aratxeak ez dira etengabe ilunpetan edukiko. Argi natural edo artifiziala egonen da 9:00etatik 17:00etara eta argiak egokiak izanen dira, edozein unetan animaliak osorik ikuskatu ahal izateko. Sistema elektrikoak deskargak ekiditeko moduan instalatuko dira.”

“88) Aratxeak egunean bitan gutxienez bazkatu beharko dira. Behitegietan taldeka edukiz gero eta beren kasa jaterik edo elikatzeko sistema automatikorik ez badute, aratxe bakoitzak bazka taldeko besteek duten aldi berean izanen du eskura.”

2. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren martxoaren 20ko 110/2015 Foru Aginduaren I. eranskineko kudeaketako legezko 12. betekizuna aldatzen da (95., 96., 102. eta 117. atalak). Testu hau izanen du:

“95) Amaren tititik kendutako zerrikumeak eta ekoizpenerako zerriak: taldean hazteko, dentsitate egokia behar da: 0,15 m² (10 kg baino gutxiago), 0,20 m² (10-20 kg), 0,30 m² (20-30 kg), 0,40 m² (30-50 kg), 0,55 m² (50-85 kg), 0,65 m² (85-110 kg), 1,00 m² (110 kg baino gehiago).

Zerriendako ukuiluak eraikitzeko honako hau hartu behar da kontuan:

–Zoruak leunak, ez-irristagarriak, zurrunak edo azpi egokiz osatuak izanen dira.

–Animaliak egoteko leku batean sartzen ahalko dira. Hori erosoa izanen da ikuspegi fisiko eta termikotik eta behar bezala drainatua eta garbia, animalia guztiak aldi berean etzan ahal izateko.

–Animaliek atseden hartzen ahalko dute, eta normalki jaikitzen ahalko dira.”

96) Taldean hazten diren zerrien kasuan, hormigoizko lurzoru parrilladunetan, irekiduren zabalera animalien ekoizpen aldirako egokia izanen da (esne-zerrien kasuan, 11 mm-tik behera; amaren titia kendutako zerrikumeen kasuan, 14 mm-tik behera; ekoizpenerako zerrien kasuan, 18 mm-tik behera; arrak estali dituzten zerri eme eta zerri eme gazteen kasuan, 20 mm-tik behera). Habexken zabalera animalien pisu eta tamainaren araberakoa izanen da (esne-zerrien eta amaren titia kendutako zerrikumeen kasuan, 50 mm gutxienez; ekoizpenerako zerrien, eta arrek estali dituzten zerri emeen eta zerri eme gazteen kasuan, 80 mm gutxienez).

Animaliak banakako esparruetan aldi baterako daudenean (eri, zaurituak, oldartuak edo agresiboak), bertan animaliak erraz jiratzen ahalko dira (salbu eta albaitariak kontrakoa esaten badu).”

“102) Arrek emeak estali eta hurrengo lau asteetatik erditzeko aurreikusitako dataren aurreko zazpi egunera bitarte, 2,8 m-tik gorako aldeak dituzten esparruetan egon beharko dute taldean hazitako zerri emeek eta zerri eme gazteek (2,4 m-tik gorakoak, sei zerri baino gutxiagoko taldeak badira). 10 zerri eme baino gutxiagoko ustiapenetan eta bakartuta daudenetan, esparruan jiratzeko aukera izan beharko dute.

Zerri emeen eta zerri eme gazteen atzeko aldean eremu librea egokitu beharko da, erditze naturala edo lagundua izan ahal izateko. Erditzeko esparruek, non zerri emeak libreki mugitu ahal baitira, esne-zerriak babesteko gailuak, hala nola barroteak, izan beharko dituzte. Erditze-lekua erabiltzen denean, esne-zerriek espazio nahikoa izan beharko dute erraz titia eman ahal izateko.”

117) Bereziki oldarkorrak diren edo erasoen ondorioz arriskuan dauden amaren titia kendutako zerrikumeak eta ekoizpenerako zerriak taldetik bereiziko dira.

Neurriak hartuko dira zerri emeen eta zerri eme gazteen taldeetan ahalik eta eraso gutxien izan daitezen.”

3. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren martxoaren 20ko 110/2015 Foru Aginduaren I. eranskineko kudeaketako legezko 13. betekizuna aldatzen da (126., 133. eta 136. atalak):

“126) Animalien inguruko eraikuntzako materialek ez diete kalterik eginen eta ongi garbitu eta desinfektatzen ahalko dira; ez dute ertz zorrotzik edo irtenunerik izanen, animaliei zauririk egin ez diezaieten, eta animaliak minik izan ez dezaten moduan edukiko dira.”

“133) Animaliek elikadura osasungarria, beren adin eta espezierako egokia, eta behar adinakoa izan beharko dute. Animaliei ez zaie kaltea edo mina eragiten dien elikagai edo likidorik emanen.”

136) Animaliak ez dira ustiategian mantenduko haien ongizaterako kaltegarriak diren abeltzaintza helburuengatik, eta ez da erabiliko animaliei sufrimendua edo zauriak eragiten ahal dizkien hazteko prozedurarik, ez naturalik ez artifizialik. Animalien mugitzeko ahalmena ez da mugatuko, haiei alferrikako sufrimendurik edo kalterik ez eragiteko. Arrazoiren batengatik animaliaren bat etengabe edo eskuarki loturik, katean edo nolabait eutsita baldin badago, haren premia fisiologiko eta etologikoetarako leku nahikoa utziko zaio. Mutilazioen arloko indarreko araudia bete beharko da. Animaliei helburu terapeutikoa, profilaktikoa edo zooteknikoa duten substantziak baizik ez zaizkie emanen, azaroaren 12ko 2178/2004 Errege Dekretuari jarraikiz.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2016ko abuztuaren 3an.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.

Iragarkiaren kodea: F1609364