157. ALDIZKARIA - 2016ko abuztuaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

234E/2016 EBAZPENA, abuztuaren 2koa, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Lodosako udal mugapean ongarriak fabrikatzen dituen instalazio baten Ingurumen baimen integratua ofizioz aldatzen duena, ebazpen honen eranskinean zehaztatutako aldaketekin bat; horren ondorioz, instalazioak eta jarduerak berak instalazio horren Ingurumen baimen integratua eman, eguneratu eta aldatzeko lehendik tramitatutako espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Timac Agro España SA da.

Instalazio horrek badu Ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urtarrilaren 14ko 31/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ekainaren 22ko 1390/2009 Ebazpenaren bidez aldatua.

4. zenbakiko fokuak, granulazio gasen garbiketa, 13,6 MW-eko potentzia termikoa duen biomasa-galdarako isuriak husten ditu. Isuri atmosferikoak neurtzen dituzten ondoz ondoko txosten teknikoetatik lortutako emaitzetan oinarrituta, ikuskapenak egiteko entitate baimendu batek egin baitzituen, esan daiteke ezin dela bermatu karbono monoxidoa (CO) parametrorako ezarritako gehieneko isurketa-balioa (50 mg/Nm³) betetzea. Kontuan hartuta erreferentziako agiri teknikoetan eta isuri atmosferikoei buruzko indarreko araudian ez dela ezartzen hori bezain murriztailea den gehieneko baliorik, eta foku horretan erregistratutako CO-ko isurtze-mailak ezin duela pertsonen osasunerako eta ingurumenerako arriskua ekarri, bidezkoa da parametro horretarako gehieneko isurketa-balioa aldatzea; honako hau izanen da: 250 mg/Nm³. Gehieneko balio hori bat dator erregai solidoak erabiltzen dituzten errekuntza instalazioetarako ezarria dagoenarekin Atmosferara kutsatzaileak botatzeko gai diren jardueren ezarpenari eta funtzionamenduari aplikatu beharreko baldintzak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 6/2002 Foru Dekretuaren 3. eranskinaren 2.2.1 c) idatz-zatian.

Bestaldetik, aurreko atalean aipatutako neurketei buruzko txosten teknikoek emaitza egonkor samarrak ematen dituzte aztertutako parametroetarako. Hori dela eta, bidezkotzat jotzen da jarduketa horiek egiteko maiztasuna murriztea.

Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarra gertatzen dela iritzi da, eta, horrenbestez, bidezko da Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, eta ez da bidezkotzat jo aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamenaren tramitazio prozesuan entzutea eman zaio instalazioaren titularrari hogeita hamar egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta zerbitzuetako zuzendariei eskumenak eskuordetzeko Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak irailaren 22an emandako 63/2015 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.–Lodosako udal mugapean dagoen ongarriak fabrikatzen dituen instalazio baten Ingurumen baimen integratua ofizioz aldatzea, ebazpen honen eranskinean zehaztutako aldaketen arabera. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari Ingurumen baimen integratua eman, eguneratu eta aldatzeko lehendik tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen I. eranskinean adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Timac Agro España SA da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berarekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen IV. tituluan jasotakoak, galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidea.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete haren aurka, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira

Bosgarrena.–Ebazpen hau Timac Agro España SAri eta Lodosako Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko abuztuaren 2an.–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgunean: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1609241