Iragarkia
157. ALDIZKARIA - 2016ko abuztuaren 16a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
314/2016 EBAZPENA, uztailaren 27koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, 2016-2017 ikasturtean Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalaren eta Nafarroako Dantza Eskolaren antolaketa eta jarduna arautzeko jarraibideak onesten dituena.
Arte Ikasketetarako eta Musikaren Hiria Kudeatzeko Atalak aldeko txostena aurkeztu du, 2016-2017 ikasturtean Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalaren eta Nafarroako Dantza Eskolaren antolaketa eta jarduna arautzeko jarraibideak onets daitezen.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. I. eranskineko jarraibideak onestea. Aipatu jarraibide horiek Iruñeko Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalaren antolaketa eta jarduna arautuko dituzte 2016-2017 ikasturtean.
2. II. eranskineko jarraibideak onestea. Aipatu jarraibide horiek Nafarroako Dantza Eskolaren antolaketa eta jarduna arautuko dituzte 2016-2017 ikasturtean.
3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Giza Baliabideen Zerbitzuari, Arte Ikasketetarako eta Musikaren Hiria Kudeatzeko Atalari eta ukitutako ikastetxeei, behar diren ondorioak izan ditzaten.
5 Ebazpen honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Iruñean, 2016ko uztailaren 27an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Estebe Petrizan Iriarte.
I. ERANSKINA
2016-2017 ikasturtean Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalaren antolaketa eta jarduna arautzeko jarraibideak
I. Ikastetxeko Urteko Programazio Orokorra.
1.–Urteko programazio orokorraren edukia.
Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalak, ikasturtea hastean, Urteko Programazio Orokorra eginen du; programazio horrek hezkuntzako jarduera guztiak koordinatuko ditu, eta beren eskumenak zuzen betetzen direla eta eskola komunitateko sektore guztiek esku hartzen dutela bermatuko du.
Urteko programazio orokor hori maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ezartzen duenari jarraikiz prestatuko da.
Urteko programazio orokorrak honako atal hauek izanen ditu:
A.–Ikastetxeko ordutegi orokorra eta hori prestatzeko ezarri diren irizpide pedagogikoak.
B.–Musikako lanbide ikasketei dagozkien hezkuntza jarduerak.
C.–Ikastetxeko irakasleen prestakuntza plana.
D.–Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa.
E.–Memoria administratiboa.
F.–Hezkuntza proiektuaren zehaztapena.
G.–Curriculum proiektua edo hari egiten zaizkion aldaketak.
A.–Ikastetxeko ordutegi orokorra eta hori prestatzeko ezarri diren irizpide pedagogikoak.
Ikastetxeko ordutegi orokorra zuzendaritza taldeak eginen du, klaustroaren iritzia aditu ondoren, eta bide eman beharko du ikastetxeko urteko programazio orokorrean aurreikusitako jarduerak aurrera eramateko. Hortaz, ikastetxeko ordutegi orokorrak honako hauek bilduko ditu gutxienez:
a) Ikastetxea eskola komunitatearentzat irekita egonen den ordutegia.
b) Ikasleen eskola orduak.
c) Ikasleek eskolakoak ez diren jarduerak egiteko izanen duten ordutegia.
d) Maiatzeko eta ekaineko jardueren behin betiko egutegiaren aurreikuspena; horretan, probak eta azken ebaluazioak noiz eginen diren adieraziko da, bai eta kontsultak egiteko epea zein izanen den ere. Ekainaren 10aren aurretik, ikastetxeak aipatu jarduera horien behin betiko egutegia igorriko du Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura.
e) Irakasleen ordutegi orokorra.
f) Irakasleen banakako ordutegia.
Ikastetxearen ordutegi orokorra egiteko nahitaez hartuko dira kontuan, klaustroak adierazitakoaz eta Musikaren Hiria Koordinatzeko Bulegoak ezarritako jarraibideez gain, honako irizpide hauek:
–Kontserbatorioaren ordutegia astelehenetik larunbatera bitartekoa izanen da, biak barne. Astelehenetik ostiralera 8:30etik 21:00ak arte. Larunbatean 9:00etatik 14:00ak arte.
–Larunbatak ikasteko eskola egunak izanen dira kontserbatorioan, eta zuzendaritza taldeak, Musikaren Hiria Koordinatzeko Bulegoko buruarekin bat, ikasleak ikasgeletan sartu eta musika-tresnak erabiltzeko eta horiek zaintzeko sistema ezarriko du.
–Bulegoko buruak, zuzendaritza taldearekin koordinaturik, neurriak hartuko ditu ikastetxea oporraldietan, goizez, irekita edukitzeko.
–Irakasleek ordutegien arloan izaten ahal dituzten nahiak ezin dira inoiz izan klaustroak ezartzen dituen irizpideen kontrakoak, edota arte ikasketen ordutegia eta lehen eta bigarren hezkuntzenak bateratzeak ikasleei sortzen dizkien beharren kontrakoak.
B.–Irakaskuntzako jarduerak.
Irakasleen klaustroak, departamentu didaktikoen bidez, ikastetxearen irakaskuntzako jarduerak programatuko ditu eta zuzendaritza taldeari igorriko dizkio. Programazio didaktikoen adostasun agiriak, zuzendaritzak ikus-onetsiak, urteko programazio orokorrean sartu beharko dira.
Irakaskuntzako jardueren programazioa egiteko, ordutegiak egiterakoan erabilitako irizpideak hartuko dira kontuan eta, gutxienez, ondokoak bilduko ditu: tutoretza plana, ebaluazioak eta errekuperazio sistemak, irakasgaien arteko koordinazio proiektuak eta departamentu didaktikoen lan planak, II. 3.1.E. atalean ezarritakoaren arabera.
C.–Ikastetxeko irakasleen prestakuntza plana.
Kontserbatorioak ikastetxeko irakasleentzako prestakuntza plan bat sartuko du bere programazioan. Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak ikastetxeko irakasleak prestatzeko planaren proposamena aurkeztuko dio klaustroari. Proposamen hori egiteko, aintzat hartuko ditu Hezkuntza Departamentuak aurkezten duen prestakuntza planeko eskaintza eta ikastetxeak proposatzen dituen prestakuntza jarduerak. Nolanahi ere, irakasleek kontzertuak eta bestelako jarduera artistikoak egitea ez da prestakuntza jardueratzat hartuko.
Atal honetan aipatzen den planean kontuan hartuko dira hezkuntza proiektua eta curriculum proiektua egin eta berrikusteko prozesuan ikusten diren beharrak, bai eta irakaskuntzako praktikari buruzko berriztapen eta hausnarketaren emaitza direnak ere.
D.–Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa.
Planteatzen diren jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak irakaskuntzako ekintzak osatu edo garatzeko izanen dira. Jarduera horiek Eskola Kontseiluak aurrez ematen dituen jarraibideei egokituko zaizkie.
E.–Memoria administratiboa.
Zuzendaritza taldeak eginen du eta bertan sartuko da, besteak beste, ikastetxea antolatzeko dokumentua.
Ikastetxea antolatzeko dokumentua Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ikastetxeari bidaltzen dizkien inprimakiak erabiliz beteko da. Inprimaki horiek, behar bezala beterik, zerbitzu horretara bidaliko dira, ikasturteko eskola jarduerak hasi eta 20 eguneko epean.
F.–Hezkuntza proiektuaren zehaztapena.
Ikastetxearen barne egoera eta inguru sozioekonomiko eta kulturala aztertu ondoren, eta haren irakaskuntzako eta hezkuntzako ekintzaren koherentzia eta jarraipena bermatzearren, ikastetxeko hezkuntza proiektuak helburuak, lehentasunak eta jarduteko prozedurak finkatuko ditu.
G.–Curriculum proiektua.
Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalak curriculum proiektuari eta programazio didaktikoei jarraikiz emanen ditu ikasketak, eta horiek martxoaren 19ko 21/2007 Foru Dekretuan araututakoa zehaztuko dute. Dekretu horren bidez, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoak arautzen dituen musikako lanbide ikasketen curriculuma ezartzen da.
Curriculum proiektuak curriculumeko elementuei buruzko erabaki multzoa biltzen du eta, bestalde, ikasleen prestakuntzako behar profesionalei erantzun nahi die, betiere, ikastetxearen beraren egoeratik abiatuta. Gainera, irakasleen jarduketa multzoaren koherentzia ziurtatu beharko du eta hezkuntza proiektuan oinarritzen da.
Curriculum proiektu horrek honako hauek izanen ditu barnean:
1.–Curriculumaren gaineko koordinazioari buruzko erabaki eta neurriak, ondotik heldu direnak:
a) Ematen diren ikasketen helburu orokorrak ikastetxearen eta ikasleen inguruabarrei egokitzea, eta horiek benetan lortzeko hartu behar diren neurriak zehaztea.
b) Metodologiari buruzko erabaki orokorrak.
c) Ikasleak ebaluatu eta mailaz igotzeko prozesuari buruzko irizpideak.
d) Erabiliko diren curriculum materialak eta baliabide didaktikoak.
e) Irakasleen irakaskuntza prozesuak eta irakaslana, baita curriculum proiektua bera ere, ebaluatzeko eta, kasua bada, berraztertzeko irizpideak.
f) Aukerako irakasgaien eskaintza.
g) Tutoretza plana ezartzea.
h) Ikasketa horietan sartzeko probaren edukia eta ebaluazioa.
Irakasleek ikasgelan garatuko dituzte programazio didaktikoak, gelako programazioen bidez.
Programazio didaktikoak, curriculum proiektuaren garapena baitira, departamentuek prestatuko dituzte. Sei kurtsoetako irakasgai bakoitzerako honako hauek sartuko dira:
a) Helburuen multzoa.
b) Edukiak eta haien denbora banaketa.
c) Eska daitezkeen gutxieneko edukiak.
d) Aplikatuko den metodologia didaktikoa.
e) Ebaluatzeko prozedurak eta irizpideak.
f) Kalifikazio irizpideak.
g) Errekuperazio jarduerak.
h) Errepertorioa, erabiliko diren materialak eta baliabide didaktikoak.
i) Beste departamentuekin batera jarduerak antolatzea, baldin eta horiek espezialitate edo irakasgai bat baino gehiago hartzen badituzte, esate baterako Ganbera Musika.
j) Departamentuak egin nahi dituen jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak.
Irakasleek beren departamentuetako programazio didaktikoen arabera prestatuko dute irakaslana. Irakasleren batek erabakitzen badu gelako programazioan aldaketaren bat egitea departamentuko baterako programazioari buruz, aldaketa hori eta behar den justifikazioa departamentuko programazio didaktikoan sartuko dira.
Irakasleek curriculum proiektua eta programazioak egin ahala ebaluatu beharko dituzte, ikasleen hezkuntza beharrei egokitzen zaizkiela ziurtatzeko.
2.–Urteko programazio orokorra prestatu, onetsi eta ebaluatzea.
Urteko programazio orokorra zuzendaritza taldeak eginen du, klaustroaren proposamen eta erabakiak kontuan hartuta, eta, behin onarturik, ikastetxeko kide guztiek nahitaez bete beharko dute.
Irakasleen klaustroak urteko programazio orokorrari buruzko txostena egin ondoren, Eskola Kontseiluak ebaluatu beharko du, eta zuzendariak onetsi; betiere, klaustroaren eskumen diren irakaskuntzako alderdiak errespetatuko dira. Programazio horren ale bat igorriko da Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, urriaren 31 baino lehen. Ale horretan ez dira irakasgaien programazio didaktiko osoak sartuko, baizik eta dagozkien adostasun agiriak bakarrik. Urteko programazio orokorraren ale bat ikastetxearen idazkaritzan geldituko da, eskuragarri irakasleentzat, Eskola Kontseiluko kideentzat eta, behar denean, legez eratutako ikastetxeko guraso elkarteen lehendakarientzat.
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egiaztatuko du urteko programazio orokorra jarraibide hauetan xedatzen denari egokitzen zaion, eta zer zuzenketa egin behar den adieraziko du, bakarren bat egin behar bada.
Ikasturtea bukatutakoan, ikastetxeko zuzendaritza taldeak eta Eskola Kontseiluak ebaluatu eginen dute urteko programazio orokorra zenbateraino bete den. Ondoriorik aipagarrienak memoria batean jasoko dira eta hura Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura bidaliko da uztailaren 10a baino lehen.
II. Ikastetxearen funtzionamendua.
1.–Alderdi orokorrak.
Kapitulu honetan aipatutako organo horien guztien zeregina irakaskuntzako jarduera eta jarduera osagarri guztien koherentzia bermatzea da, ikastetxearen helburuak era eraginkorrean lortzeko.
2.–Gobernu organoak eta kide anitzeko organoak.
Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalak honako gobernu organo eta kide anitzeko organo hauek izanen ditu:
a) Gobernu organoak: zuzendaria, ikasketaburua, musika eskoletarako alboko ikasketaburua eta idazkaria.
b) Kide anitzeko organoak: kontserbatorioko Eskola Kontseilua eta irakasleen klaustroa.
Gobernu organoek eta kide anitzeko organoek zainduko dute kontserbatorioko jarduerak Konstituzioko printzipioekin eta balioekin bat bete daitezen, horrela benetan gauzatu daitezen hezkuntzaren helburuak eta hezkuntzaren kalitatearen hobekuntza.
Ikastetxeko gobernu organoek eta kide anitzeko organoek bermatuko dute, beren eskumenen eremuan, ikasleek, irakasleek, ikasleen gurasoek eta administrazio eta zerbitzuetako langileek aitorturik dituzten eskubideak beteko direla, eta begiratuko dute dagozkien betebeharrak bete ditzaten. Era berean, erraztasunak emanen dituzte hezkuntza komunitateko kide guztiek parte har dezaten ikastetxeko bizitzan, kudeaketan eta ebaluazioan.
2.1. Gobernu organoak: Zuzendaritza taldea.
Kide bakarreko kargu hauek osatuko dute zuzendaritza taldea: zuzendaria, ikasketaburua, musika eskoletarako alboko ikasketaburua eta idazkaria.
A.–Zuzendariaren, ikasketaburuaren eta idazkariaren eginkizunak eta eskumenak.
Nafarroako Foru Komunitateko Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoa onetsi zuen otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretuan ezarri ziren zuzendaritza taldearen eginkizunak, baita zuzendariaren, ikasketaburuaren eta idazkariaren eskumenak ere. Zuzendariaren kasuan, Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoan ezarritako gaitasunak izanen dira.
B.–Musika eskoletarako alboko ikasketaburuaren eskumenak.
Honako hauek dira musika eskoletarako alboko ikasketaburuaren eskumenak:
a) Musika eskoletako zuzendaritzekin etengabeko komunikazioa izatea, interesekoa izan dezaketen informazio oro igortzea, eta elkarrekin ebaluatzea, ikasturte hasieran, aurreko ikasturtea, bai funtzionamenduari dagokionez bai sarrera probarako azkeneko deialdiari dagokionez.
b) Bermatzea ezen musika eskoletako irakasleek eta beste edozein interesdunek informazio guztia izan dezatela sarrera probari, kontserbatorioaren antolamenduari eta haren ikasketa planari buruz, eta horien gainean izan daitezkeen zalantza guztiak argitu daitezela.
c) Pablo Sarasate kontserbatorioko irakasle bakoitzaren eta musika eskoletako espezialitate bereko irakasleen artean zuzeneko komunikazioa, bi norabidekoa, izan dadila sustatzea eta erraztea.
d) Ikastetxeko webgunea eguneraturik izatea, sarrera probari dagokion guztian (araudia, probaren egitura, instrumentuen atalerako obren errepertorioa, espezialitateen arabera, eta ikastaroak, inskribatzeko epea eta proben data, etab.), eta, ikasturte bakoitzean, musika eskolari buruzko eta espezialitate bakoitzeko irakasleen gaineko datu-basea eguneratzea, eta bi horiek igortzea kontserbatorioko klaustrora eta musika eskolara.
e) Kontserbatorioko klaustroaren barnean, irakasleen eta ikastetxeko eta musika eskoletako ikasleen arteko baterako jarduerak sustatzea eta garatzea: kontzertuak kontserbatorioan eta/edo musika eskoletan, ikastaroak, bilerak... Jarduera horiei ahalik eta zabalkunde handiena ematea, ikastetxeko komunikazio bideen bitartez: webgunea, mezu elektronikoak, prentsa eta sare sozialak.
f) Sarrera probak antolatzea eta gainbegiratzea.
g) Gogotik parte hartzea kontserbatorioko zuzendaritza taldean, eta zuzendaritzari laguntza ematea, irakaskuntzakoak ez diren orduek uzten duten neurrian.
h) Zuzendaritzak haren esku uzten dituen beste eginkizun guztiak.
2.2. Kide anitzeko organoak.
2.2.1. Eskola Kontseilua.
Eskola Kontseiluaren bidez parte hartuko dute ikasleek, gurasoek, irakasleek, administrazio eta zerbitzuetako langileek eta udalak kontserbatorioaren kudeaketan.
Sortzen diren postu hutsak Eskola Kontseiluen urteroko deialdiaren ondorioz berrituko dira.
Honako hauetan ezarritakoak dira Eskola Kontseiluaren eskumenak: Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren 80. atala eta Nafarroako Foru Komunitateko Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoa onetsi zuen otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretua, betiere, 8/2013 Lege Organikoan ezarritakoei aurka egiten ez badie.
2.2.2. Irakasleen klaustroa.
A.–Alderdi orokorrak.
Klaustroak, irakasleek kontserbatorioan parte hartzeko duten berezko organoa denez, irakaslanaren alderdi guztiak planifikatu, koordinatu eta erabakitzen ditu, eta, hala behar denean, horiei buruzko txostena ematen.
Zuzendaria izanen da klaustroko burua. Ikastetxean diharduten irakasle guztiek osatuko dute klaustroa.
B.–Klaustroaren eskumenak.
Ondokoak dira klaustroaren eskumenak:
a) Zuzendaritza taldeari eta Eskola Kontseiluari ikastetxeko hezkuntza proiektuetarako eta urteko programazio orokorrerako proposamenak egitea.
b) Curriculum zehaztua onestea eta ebaluatzea, baita proiektuen eta urteko programazio orokorraren hezkuntza alderdi guztiak ere.
c) Orientabideari, tutoretzari, ebaluazioari eta ikasleen errekuperazioari buruzko irizpideak finkatzea.
d) Ekimenak sustatzea esperimentazio eta ikerketa pedagogikoaren arloan eta ikastetxeko irakasleen prestakuntzaren eremuan.
e) Bere ordezkariak aukeratzea ikastetxeko Eskola Kontseiluan eta zuzendariaren hautaketan parte hartzea, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ezarritako moduan.
f) Zuzendaritzarako hautagaiak ezagutzea, baita hautagaiek aurkeztutako zuzendaritza proiektuak ere.
g) Ondokoak aztertzea eta baloratzea: ikastetxearen jardun orokorra, eskola errendimenduaren bilakaera eta ikastetxearen parte-hartzea duten barne eta kanpo ebaluazioen emaitzak.
h) Ikastetxearen antolamendu eta funtzionamenduaren arauei buruzko txostenak egitea.
i) Diziplina gatazken konpontzea eta zuzenketa neurrien ezarpena ezagutzea, eta indarreko araudiaren araberakoak izan daitezela begiratzea.
j) Ikastetxeko bizikidetza errazten duten neurriak eta ekimenak proposatzea.
k) Hezkuntza arloko administrazioak edo antolaketa eta funtzionamendu arauek esleitzen dizkioten beste edozein.
l) Nafarroako Foru Komunitateko Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoa onetsi zuen otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretuan jasotakoak, baldin eta ez badiete aurka egiten 8/2013 Lege Organikoan ezarritakoei.
3.–Irakaslana koordinatzeko organoak.
Hauek dira irakaslana koordinatzeko organoak ikastetxean: koordinazio didaktikoko departamentuak, Koordinazio Pedagogikorako Batzordea eta tutoreak. Ikasle bakoitzak irakasle-tutore bat izanen du, bere espezialitatearen arabera.
Organo horien guztien zeregina irakaskuntzako jarduera eta jarduera osagarri guztien koherentzia bermatzea da, ikastetxearen helburuak era eraginkorrean lortzeko.
3.1. Koordinazio didaktikoko departamentuak.
A.–Alderdi orokorrak.
Departamentu didaktikoak lan egiteko taldeak dira, eta horien xedea irakasleak ikastetxeko bizitzan integratzea da; departamentu horien eginkizuna da espezialitate eta irakasgaiei dagozkien ikasketak antolatu eta garatzea, bai eta dagozkien eskumenen esparruan agintzen zaizkien jarduerak egitea ere.
Irakasleek irakaskuntzaren antolakuntzan parte hartzeko duten ohiko bidea dira; halaber, kideek aldian-aldian egiten dituzten bileren bidez, hobekuntza pedagogikoan eta zientifikoan etenik gabe aurrera egiteko bitartekoak dira.
Departamentu bakoitzaren zuzendaritza eta erantzukizuna departamentuburuari dagozkio eta, hori ez dagoenean, ikasketaburuari.
B.–Departamentu didaktikoen osaera.
Ikastetxean departamentu didaktiko hauek izanen dira:
–Harizko musika-tresnen departamentua (hari igurtzia eta hari sakatua): Harpa, Kontrabaxua, Gitarra, Biola, Biolina eta Biolontxeloa.
–Haizezko musika-tresnen eta perkusiozkoen departamentua: klarinetea, fagota, moko-txirula, zeharkako txirula, oboea, perkusioa, saxofoia, tronboia, tronpa, tronpeta, tuba eta txistua.
–Teklazko musika-tresnen departamentua: akordeoia, klabezina, organoa, pianoa eta piano osagarria.
–Konposizioaren, musikologiaren eta musikaren teoriaren departamentua: akonpainamendua, analisia, harmonia, konposizioko oinarriak, musikaren historia eta musika hizkuntza.
–Kantuaren departamentua: kantua, Kantuari aplikatutako hizkuntzak, Korua eta Errepertorioa.
–Musika-tresnen taldeen departamentua: Ganbera musika, Orkestra, Jazzeko hastapena, Antzinako Musikaren Langela, Banda eta Taldea.
Taldea irakasgaia emanen dute kasuan kasuko taldea osatzen duten musika-tresnetakoren baten irakasleek.
Ikastetxeko zuzendaritzak aurreko zerrenda horretan ageri ez diren espezialitateak edo irakasgaiak ematen dituzten irakasleak sartuko ditu egokiena izaten ahal den departamentu didaktikoan, ikastetxearen ezaugarriak eta horiek dituzten espezialitateak kontuan hartuta.
Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan ere irakasle lana egin behar duten irakasleak, horren ondorioz, ikastetxe horretan dagozkien departamentuetan ere sartuko dira. Halakoetan, irakasleek bi ikastetxeetako departamentu didaktikoek deitzen dituzten bileretara joan behar dute.
C.–Departamentu didaktikoen eginkizunak:
1. Ikasturte bakoitzeko irakaskuntza antolatzea eta programatzea, departamentuko irakasgai edo espezialitateen ikasketak garatuz.
2. Ikasturtea hastean, departamentuko irakasgai edo espezialitateen programazio didaktikoak egitea. Lan hori departamentuburuak koordinatuta eta haren zuzendaritzapean eginen da, Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak ezarri dituen irizpide orokorrei jarraikiz.
Departamentu guztiek beren programazioak indarra duen legediaren arabera egokitu beharko dituzte.
Irakasgai/espezialitate bakoitzaren programazioaren edukia jendaurrean jarri beharko da ikasturtea hastean, eskolako komunitateko kide guztiek horren berri izan dezaten.
Departamentuburuek programazioaren jarraipena eginen dute. Jarraipenaren berri departamentuko bileretako aktetan jasoko da.
Ikastetxeko zuzendaritzak egiaztatuko du programazio horiek jarraibide hauetan ezarri dena betetzen duten. Horrela ez bada, zuzendaritzak programazio hori hartu eta kasuan kasuko departamentuari itzuliko dio, berriz egin dezan. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak programazio didaktikoen gaineko adostasun agiriak berrikusiko ditu eta egin beharreko aldaketak bilduko dituen txostena igorriko du ikastetxera edo departamentu bakoitzera.
3. Departamentua osatzen duten espezialitate eta/edo irakasgaien programazioen alderdi orokorrekin lotuta dauden irizpideak bateratzea, horien arteko koherentzia bermatzeko eta ebaluazioaren oinarrizko ildoak ezartzeko, irakasleen klaustroaren irizpideei jarraikiz.
4. Behar diren probak egitea, indarrean dagoen araudian ezarri denarekin eta ebaluazioaren oinarrizko ildoei buruz hartu diren erabakiekin bat.
5. Zuzendaritza taldeari eta irakasleen klaustroari ikastetxearen hezkuntza proiektuari buruzko proposamenak aurkeztea.
6. Zuzendaritza taldeari eta irakasleen klaustroari urteko programazio orokorrari buruzko proposamenak aurkeztea.
7. Koordinazio Pedagogikorako Batzordeari curriculum proiektuari buruzko proposamenak aurkeztea.
8. Koordinazio Pedagogikorako Batzordeari onarpen probei eta mailara heltzeko probei buruzko proposamenak aurkeztea.
9. Jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak antolatzea eta koordinatzea, bidezko organoek ezarri dituzten irizpideak eta klaustroak zuzendaritza taldeari aurkeztu dizkion proposamenak betez eta artea garatu eta sustatzeko arduradunarekin eta ikasketaburutzarekin elkarlanean arituz.
10. Beste departamentu batzuekin batera lankidetzan aritzea baterako jarduerak antolatzen, bai eskolako jarduerak bai osagarriak, artea garatu eta sustatzeko arduradunarekin eta ikasketaburutzarekin koordinatuta.
11. Ebaluazioaren prozesuaren ondorioz ikasleek egiten dituzten erreklamazioei buruzko txostena egitea eta indarreko araudian adierazi diren kasuetan ebaztea.
12. Departamentuko irakasgai eta espezialitateen programazio didaktikoaren garapena ebaluatzea eta ebaluazio horrek aholkatzen dituen neurri zuzentzaileak aplikatzea.
13. Ikasturtearen bukaeran memoria egitea eta horretan programazio didaktikoaren garapena eta lortu diren emaitzak ebaluatzea.
Ikasturte bukaerako memoriak atal hauek izanen ditu:
a) Emaitzen balorazioa.
–Kalifikazioen estatistikak, talde eta kurtsoen arabera.
–Ikasleen errendimenduaren azterketa, errendimendu horren faktoreak azalduta.
b) Funtzionamenduaren balorazioa. Programazioaren garapena.
–Garatutako helburu, eduki eta jardueren balorazioa, bai eta programazioa betetzeko erabilitako metodologia eta baliabideena ere, eta ager litezkeen akatsen zergatiak azaldu, egoki diren zuzenketak ezarri, eta hobekuntzak proposatzea hurrengo ikasturterako.
–Baldin eta programazio pertsonalizaturik badago, aurreko analisi hori errepikatu beharko da horietariko bakoitzerako, eta konparazio azterlan bat egin.
–Ebaluazioa egiteko erabili diren irizpide, prozedura eta jardueren balorazioa.
–Egindako jarduera osagarriei eta ikasketez kanpokoei buruzko iruzkina: berariazko helburuak, ukitutako taldeak, balorazioa, aurkitutako zailtasunak, eta abar.
c) Curriculum proposamena berrikusi eta eguneratzeari buruz egin den lanaren balorazioa.
14. Irakasleen eguneratze zientifikoa eta didaktikoa bideratuko duten prestakuntza jarduerak sustatzea.
15. Ikaskuntza prozesuan estrategia metodologikoak bideratu eta sustatuko dituzten bitartekoak eta baliabideak aukeratzea. Eginkizun horretarako, departamentuak, besteak beste, honako irizpide hauek hartuko ditu kontuan: irisgarritasuna eta eraginkortasuna, motibazioa, edukien oparotasuna, errealitatearekiko erlazioa eta ikaskuntza esperientzien antolakuntza.
16. Ebaluazio eta errekuperaziorako irizpide komunak prestatzea.
Ikasleek eta gurasoek eta, hala denean, ikasleen legezko ordezkariek araudian ezarri diren kalifikazio akademiko partzialak jasotzeko aukera izan dezaten, irakasleek ikasleen etengabeko ebaluazioa eginen dute.
Ebaluazio hori hiruhilekoa izanen da, eta idatziz jasoko da, horren berri izan dezaten ikasleek eta, adingabeak badira, gurasoek edo legezko ordezkariek.
D.–Departamentu didaktikoen bilerak.
Departamentu didaktikoek, ikasturtean, behar diren bilerak eginen dituzte beren eginkizunak modu egokian beteko direla bermatzeko. Departamentuko kideek nahitaez joan beharko dute bilera horietara.
Irailean, departamentu didaktikoek behar diren bilerak eginen dituzte hurrengo ikasturteko irakasgaien programazioak prestatzeko.
Ikastetxeko ordutegiaren barruan, gutxienez eskola orduetako bat utziko da astean, departamentu didaktikoko kide guztiak bil daitezen; ordu hori ikastetxeko eskola ordutegian agertuko da, bai eta irakasle bakoitzaren ordutegi pertsonalean ere.
Bilera horietariko bat, hilean behin, programazioen garapena ebaluatzeko eta ebaluazioak aholkatzen dituen neurri zuzentzaileak ezartzeko izanen da.
Ekainean, departamentuko kideak bildu eginen dira lan plangintza, lorpenak eta hurrengo ikasturterako behar dituen zuzenketak aztertzeko; horri dagokion azken memoria eginen da, eta ikastetxeko zuzendaritzari emanen zaio, ekainaren 30a baino lehen, eta, ondoren, zuzendaritzak urteko programazio orokorrari buruzko memorian sartuko du eta, dena, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura uztailaren 10a baino lehen igorriko.
Departamentu didaktikoen bilkura guztietako akta eginen da akta liburuan. Akta horiek departamentuburuak egin eta sinatuko ditu.
Halaber, departamentuek, akta liburuaz gain, inbentario liburua ere eguneratua izanen dute eta, bertan, material inbentariagarri guztien zerrenda azalduko da.
Ikasturtean zehar ikasleen ebaluazioa egiteko erabili diren probak eta agiriak departamentuan gordeko dira hiru hilabetez gutxienez, edo behar den denboraz, ikasleen erreklamazioak aurkezteko ezarritako prozeduraren tramitazioari jarraikiz.
E.–Departamentuko buruaren izendapena eta eginkizunak.
Departamentu didaktikoetan elkarlanean aritzen dira, talde lana da; hortaz, bertako kide guztiek lagunduko eta parte hartuko dute. Departamentu bakoitzak buru bat izanen du eta bere esku egonen da departamentuaren ardura; bera izanen da departamentuko kideen elkarlana koordinatu eta zuzenduko duena.
Departamentuburua izendatzea ikastetxeko zuzendariari dagokio eta irailean eginen du; kargu horrek ikasturte bateko iraupena izanen du.
Zuzendariak departamentuko kideen artetik bat buru izendatuko du, haiei entzunaldia eman ondoren, eta lehenetsiko da departamentuko espezialitateetakoak diren irakasleak izatea, musika eta arte eszenikoko irakasleen kidegokoak, eta behin betiko destinoa ikastetxean izatea. Horrelakorik ezean, zuzendariak departamentuko kideen arteko edozein irakasle izendatuko du, horiei entzun ondoren.
Departamentuburuak ondoko eginkizun hauek izanen ditu:
a) Departamentuko lana zuzentzea.
b) Departamentuko bilerak antolatu, prestatu, deitu eta zuzentzea, eta bilera bakoitzean egin beharreko akta idaztea eta sinatzea. Akta dagokion akten liburuan jasoko da nahitaez.
c) Akta liburua zaintzea eta inbentarioaren liburua eguneratzen dela bermatzea.
d) Curriculum proiektuen prestakuntzaren ondoriozko lanen ardura hartzea eta haietan parte hartzea, departamentuak hezkuntza proiektua eta urteko programazio orokorra prestatzeko egin behar duen ekarpena koordinatuz, eta honako hauek erredaktatzea: departamentuan dauden irakasgaietako programazio didaktikoa, ikasturte bukaerako memoria eta curriculumetan kasuan-kasuan zehazten diren egokitzapenak.
e) Departamentuko programazio didaktikoa betetzen den begiratzea eta horretarako koordinazioa egitea, gutxieneko eduki eta mailei dagokienez.
f) Koordinazio Pedagogikorako Batzordeko kide den neurrian, ikastetxeko curriculum proiektuaren prestakuntzan parte hartzea.
g) Ikasketaburuarekin eta kasuan kasuko departamentuekin elkarlanean aritzea, batera egin behar diren irakaskuntzako jardueren plangintzan.
h) Ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak aurkezteko prozedura betetzen dela bermatzea, indarra duten arauei jarraikiz.
i) Ikasleen balorazioa egiteko erabili diren proba eta dokumentuak altxatzea.
j) Departamentuan aurkitzen den edozein akatsen berri ematea zuzendariari edo ikasketaburuari.
k) Departamentuari esleitu zaizkion eremu, instalazio, material eta ekipamenduen erabilera koordinatzea eta horiek mantentzea.
l) Departamentuak material eta ekipamendu zehatza eskuratzeari buruz dituen proposamenak aurkeztea.
m) Zuzendaritza taldearekin elkarlanean aritzea beste ikastetxe edo erakunde batzuekiko harremanak sustatzen, horiekin prestakuntza jarduera osagarriak antolatzeko.
n) Hobekuntza pedagogikoa bulkatzea, aldian behingo bilerek lagun dezaten Departamentuko kideen autoprestakuntzan, eta barne nahiz kanpo prestakuntza jarduerak sustatzea, irakasleak zientziaren eta didaktikarekin aldetik eguneratzeko.
ñ) Departamentuak ikasturterako izanen duen lanerako plana egitea eta aurkeztea.
Lan plangintza hori, curriculum proiektua osatzen duten departamentuko programazio didaktikoei dagozkien dokumentuekin batera, ikastetxeko urteko programazio orokorrari batuko zaio, eta dena Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorriko da.
Lan plangintzak ikasturte osoan egin behar diren zereginak hartuko ditu kontuan: bai departamentuburuak horretarako orduetan eginen dituenak, bai eta jarduera horretarako dauden ordu osagarrietan bertako kide guztiek eginen dituztenak ere. Departamentuburuek urte hasieran zehaztutako plangintzaren jarraipena eginen dute etenik gabe eta, horretarako, astero departamentuko kide guztiekin lan hori egiteko dauden bi orduetan egiten dituzten saio guztien aktak idatziko dituzte.
3.2. Koordinazio Pedagogikorako Batzordea.
A.–Koordinazio Pedagogikorako Batzordea eratzea.
Koordinazio Pedagogikorako Batzordea irailean eratuko da. Honako hauek osatuko dute: zuzendariak, batzordeburua izanen baita, ikasketaburuak, musika eskoletarako alboko ikasketaburuak eta departamentuburuek.
Batzordeburuak idazkari bat izendatuko du, Koordinazio Pedagogikorako Batzordeko kideen artetik hautatuta.
B.–Koordinazio Pedagogikorako Batzordearen eskumenak.
Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Curriculum proiektuaren prestakuntza zuzendu eta koordinatzea, bai eta egin litezkeen aldaketak ere, eta proiektua idazteko ardura hartzea.
b) Klaustroak aurkeztutako irizpideetatik abiatuta, curriculum proiektua egiteko ildo orokorrak ezartzea. Departamentu didaktikoek beren lana egitean kontuan hartu beharko dituzte iritzi horiek. Horrela, barne koordinazio eta koherentzia bermatuko da.
c) Hezkuntza proiektuaren, curriculum proiektuaren eta urteko programazio orokorraren arteko koherentzia ziurtatzea.
d) Curriculum proiektua eta bere aldaketak klaustroari proposatzea, ebaluatu eta onets ditzan.
e) Curriculum proiektua ikastetxeko irakaslanean betetzen den begiratzea, bai eta ebaluazioa egiten den ere.
f) Ebaluaziorako nahiz kalifikaziorako saioen plangintza orokorra eta azterketen egutegia proposatzea klaustroari, ikasketa burutzarekin bat.
g) Ikastetxeko irakasleen prestakuntza plana egiteko proposamena klaustroari helaraztea.
h) Irakasleen klaustroari proposatzea honako hauek ebaluatzeko plana: curriculum proiektua, hezkuntza proiektuko irakaskuntza arloak eta urteko programazio orokorra, ikastetxeko ikasleen errendimenduaren bilakaera eta irakaskuntza prozesua.
i) Barne ebaluazio bat egitea, eta hartan aztertu planaren garapenean gertatzen diren aurrerapenak eta oreka faltak, eta, halaber, kasua bada, horiek zuzentzeko neurriak hartzea edo haien gaineko erabakiak.
j) Koordinazio Pedagogikorako Batzordearen beraren funtzionamenduari buruzko txostena Eskola Kontseilura igortzea kurtso bukaeran; kurtsoko amaierako memorian sartuko da.
3.3. Tutorea/ak.
A.–Tutorea izendatzea.
Ikasleen tutoretza eta orientazio akademiko eta profesionala irakaslanaren zereginak izanen dira.
Ikasle guztiak irakasle-tutore baten ardurapean egonen dira; hots, musika-tresnako irakaslearen ardurapean.
B.–Tutorearen eginkizunak.
Tutorearen eginkizunak hauek dira:
a) Ikasketa burutzak koordinatuta tutoretzako ekintzen plangintzan eta orientazio akademiko eta profesionaleko jardueretan parte hartzea, eta aldian-aldian beharrezko bilerak egitea.
b) Ikasketa burutzak deiturik, bere ikasleei dagozkien ebaluazio bileretan buru egitea.
c) Ikasleek ikastetxean izan behar duten integrazioa erraztea eta bertako jardueretan parte har dezaten sustatzea.
d) Ikasleen eskariak eta kezkak jakinaraztea gainerako irakasleei eta zuzendaritza taldeari.
e) Ikasleei, 18 urtetik beherako ikasleen gurasoei edo legezko ordezkariei eta irakasleei informazioa ematea irakaskuntzako jarduerei eta eskolako errendimenduari lotuta dauden gai garrantzitsu guztiei buruz.
f) Irakasleen eta gurasoen edo legezko ordezkarien arteko hezkuntzako lankidetza erraztea.
g) Ikasleei orientazioa eta aholkuak ematea beren ahalbideei, hezkuntza edo lanbide arloan dituzten aukerei eta horretarako egokiena den ikasketa bideari buruz.
h) Beren ikasleen ebaluazioaren etengabeko segimendua egitea.
C.–Tutoretza orduak.
Gurasoei edo, hala denean, ikasleen legezko ordezkariei kasu egiteko eta ikasleak zaintzeko eta aurreko paragrafoan aipatu diren ikasketaburutzako bileretara joateko orduak irakasleen banakako ordutegietan jasoko dira idatziz, eta gurasoei edo, kasua bada, ikasleen legezko ordezkariei eta ikasleei horren berri emanen zaie, ikasturtea hastean.
Ordutegia egiten denean ahaleginak eginen dira ikasleen ordu libreak eta tutoreari esleitu zaizkion orduetariko bat bateratzeko, tutorea ikasleekin biltzeko aukera izan dadin.
4.–Beste eginkizun batzuk.
4.1. Ikastetxeko orkestraren arduraduna.
Orkestraren arduradun horrek, ikasturtearen hasieran, ikasturte osorako lan plana eginen du eta zuzendaritza taldeari aurkeztuko, onets dezan, eta hori sartuko da urteko programazio orokorreko “Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa” atalean. Plan horretan jaso beharko dira ikastetxeko orkestrak ikastetxea bera ordezkatzeko lanean urtean eskainiko dituen hainbat emanaldi, bai zuzendaritza taldeak eskatuta bai Hezkuntza Departamentuak eskatuta. Halaber, egin dituen jardueren azken memoria egin beharko du, eta ikasturte bukaerako memorian sartu.
Orkestraren arduraduna izendatzeko (espezialitateko irakasle bat), eranskin honen IV. ataleko (Irakasleak) 3. puntuan ezarritako irizpide orokorra aplikatuko da.
Ikastetxeko orkestraren jarduerak “Orkestra” irakasgaiaren curriculumean sar daitezke, dagokion programazio didaktikoaren arabera. Hala ere, irakasgaian matrikulatuta ez dauden ikasleen parte-hartzea ere onartzen ahal da, baita ikastetxean matrikulatuta ez daudenena ere, bai eta beste ikastetxe eta entitate batzuekin lankidetza izatea ere, zehazten diren baldintzak betez.
Ikastetxean zehazten diren eta erabilgarri dauden gelak erabiliko dira orkestraren saioak eta emanaldien prestaketak egiteko; kontuan hartuko da erabilpen hori dagozkion irakasgaien helburu didaktikoetarako izanen dela, bai eta urteko programazio orokorrean sartutako lan planean programatutako jarduerak prestatzeko ere.
4.2. Teknologia berrien arduraduna.
Teknologia berrien arduradunak zeregin hauek izanen ditu bere ardurapean: ekipamendu informatikoak eta ikus-entzunezkoak koordinatu eta mantentzea, ikastetxeko sare informatikoa, gorabeherak konpontzeko laguntza teknikoa, instalatutako ekipamenduetako material informatikoa eta ikus-entzunezkoa zuzen erabiltzen den begiratzea, betiere mantentze-lanetako langileekin elkarlanean.
4.3. Artea garatu eta sustatzeko arduraduna.
Artea garatu eta sustatzeko arduradunak zeregin hauek izanen ditu, besteak beste, bere ardurapean: ikastetxeko jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak programatu eta garatzea. Honako zeregin hauek hartuko ditu bere gain, ikasketaburuaren menpe zuzenean:
a) Ikastetxeko curriculum proiektuaren prestakuntzan parte hartzea.
b) Departamentuak ikasturte osoan eginen dituen jardueren urteko programa prestatzea. Programa horretan gainerako departamentuen, irakasleen, ikasleen eta gurasoen proposamenak bilduko dira.
c) Ikasleei departamentuaren jarduerei buruzko informazioa ezagutaraztea, parte har dezaten dinamizatu eta bultzatzeko.
d) Beste departamentuen, klaustroaren eta ikasleen ordezkarien laguntzarekin programatutako jarduerak sustatu, koordinatu eta antolatzea.
e) Kontzertuak, hitzaldiak, ikasleen emanaldiak ikastetxetik kanpo, eskolen arteko trukaketak eta, oro har, ikasleentzat antolatzen den edozein txango edo bidaiaren antolaketa koordinatzea.
f) Europar Batasunak edo beste erakunde batzuek antolatutako hezkuntza programetan ikastetxeko ikasleek eta irakasleek parte hartzea kudeatzea.
g) Jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak egiteko baliabide ekonomikoak banatzea.
h) Egindako jardueren ebaluazioa jasoko duen memoria egin eta urteko programazio orokorraren azken memorian sartzea.
4.4. Erasmus + programaren arduraduna.
Figura hau sortuko da baldin eta Erasmus + programan aurkeztutako proiektu europarra onartzen bada.
Erasmus + programaren arduraduna, ikasketaburuak gainbegiraturik, ikastetxean egiten diren prozesuen koordinatzaile gisa ariko da, Erasmus + programa eta ezar daitezkeen beste batzuk garatu eta egoki funtzionatzeko behar diren ekintzak ezarri, abiarazi eta burutzen. Eginkizun hauek izanen ditu:
a) Europar Batasunak edo beste erakunde batzuek antolatutako hezkuntza programetan ikastetxeko ikasleek eta irakasleek parte hartzea kudeatzea.
b) Kontserbatorioko ikasle eta irakasleen joan-etorriei buruzko informazioaren berri ematea Hezkuntza Departamentuari, behar diren ondorioak izan ditzan, haiek aurreikusita egon edo burutuak izan.
5.–Zaintza.
Ikastetxea, eta zuzendaria bereziki, ikastetxearen ordezkaria den aldetik, ikasleen arduraduna da eskolako orduetan; beraz, ikastetxean une oroz behar adina irakasle izan behar da zaintza-orduez egoki arduratzeko.
Ikastetxeko ordutegi orokorraren barnean, 8:30etik 21:00etara, ordu batzuetan ikasle asko biltzen dira eta, batez ere, ikasle gazteenak; ordu horietan zaintzako irakasle izanen dira, lehentasunez, arduradunak. 16:00etatik 21:00etara arteko tarte osoan, astelehenetik ostiralera, zaintzako irakasleak beharko dira eta, ahal dela, zaintzako bi irakasle.
Ordu guztiak behar bezala beterik baldin badaude soilik, zuzendariak zilegi izanen du zaintzako irakasleren bati beste zeregin batzuk ematea, adibidez, liburutegikoak, koordinazio lanak, etab.
Zaintzako irakasleen eginkizun nagusiak hauek dira:
a) Irakasleak huts egiteagatik edo beste edozein arrazoirengatik zaintzailerik ez duten ikasleei kasu egitea.
b) Korridoreetan ordena zaintzea eta, oro har, ikasleek gelaz kanpo duten portaera. Horrek ez du esan nahi beste irakasleek eginkizun hori bete behar ez dutenik.
c) Beren zaintza-orduetan sortzen diren gorabehera guztiak konpontzea, bai eta ikastetxeko norbait mediku beharrean gertatuz gero hartarako kudeaketak egitea ere, eta ikasketaburua lehenbailehen jakinaren gainean jartzea.
d) Beren zaintza-orduetan irakasleek duten puntualitatearen eta asistentziaren berri ematea, idatziz, klase, zaintza-ordu, liburutegi eta bestelako jarduerei dagokienez.
Ikasketaburuak zaintza-orduei buruzko parte bat prestatuko du egunero, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren eskura egonen da beti. Gutxienez honako datu hauek izanen ditu:
–Irakasleen hutsegite eta atzerapenak.
–Ikastetxeko edozein egoitzatan izan diren gorabeherak.
–Gertatu diren istripuak.
–Zaintzako irakasleen sinadurak.
III. Ikasketen ordu banaketa.
Ikasleak ikasketetan sartzea, irakasle-ikasle ratioa eta klaseen denbora indarra duen araudian ezarri denari egokituko zaizkio.
Musika-tresnen eta ahotsen taldeei lotuta dauden arloen antolakuntza erraztearren, kasuan kasuko araudian eskola orduei eta ratioei buruz ezarri dena ez ezik, kontuan hartuko da banakakoa ez den irakaskuntza behar duten nahitaezko irakasgaiak taldeko klasetan antolatuko direla, ratio hauen arabera:
–Akonpainamendua: 1/4 4. eta 5. kurtsoetan, 90 minutuko klasetan.
–Analisia: 1/10 5. eta 6. kurtsoetan, 90 minutuko klasetan.
–Harmonia: 1/10 3. eta 4. kurtsoetan, 60 minutuko bi klasetan.
–Musikaren historia: 1/15 5. eta 6. kurtsoetan, 60 minutuko bi klasetan.
–Musika hizkuntza: 1/15 1. eta 2. kurtsoetan, 60 minutuko bi klasetan.
–Ganbera musika: 1/3, 4. kurtsoan, 60 minutuko klasetan.
–Ganbera musika: 1/3 5. eta 6. kurtsoetan, 90 minutuko klasetan.
–Piano osagarria: 1/2, 1., 2., 3. eta 4. kurtsoetan, 30 minutuko klaseetan.
–Abesbatza, orkestra, banda eta taldea: irakasle/ikasle ratioa matrikulatutako ikasle kopuruaren eta kasuan kasuko talde motaren arabera zehaztuko da.
Bestalde, 5. eta 6. kurtsoetan 60 minutuko klasetan garatu beharreko aukerako irakasgaiak kasuan kasuko araudian ezarritako ratioen arabera antolatuko dira.
IV. Irakasleak.
1.–Lanaldia.
Irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren mendeko funtzionarioentzat finkatzen den lanaldia izanen dute, beren eginkizunetara egokitua. Irakasleentzat jaiegun izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen lan egutegian ere jaiegun direnak.
Ikasturtea irailaren 1ean hasi eta ekainaren 30ean bukatuko da.
Ikasturtean, irakasleek jarraibide hauetan finkatutako lanaldia eta ordutegia beteko dituzte, horri buruz indar duten legerian ezarritakoa bete beharra galarazi gabe.
Ekaineko eta iraileko eskola gabeko lan egunetan, baimena ematen ahalko zaie irakasleei egunean ikastetxean egon beharreko bost orduko lanaldi etengabea egiteko.
Irakasleek hogeita hamar ordu emanen dituzte astean ikastetxeko jardueretan, irakastorduetan eta ordu osagarrietan banatuta. Gainerako orduak, ikastetxean egon beharrik gabekoak, irakaskuntzako jarduerak prestatzeko eta irakasleen hobekuntza profesionalerako erabiliko dira, bai eta batzorde eta epaimahaietan parte hartzeko edo antzeko jarduerak egiteko ere, baldin eta horretarako hautatzen badira.
2.–Orduen banaketa.
Ikastetxean bertan eman beharreko orduak honela banatuko dira:
A.–Irakastorduak.
Ikasleekin irakaslan zuzenean emandakoak jotzen dira irakastordutzat.
Oro har, astean Hezkuntza Departamentuak ezarri eta indarra duen araudian finkatzen diren irakastorduak beteko dira.
Irakastorduak zenbatzerakoan ondoko jarduerak eta inguruabarrak hartuko dira kontuan:
a) Zuzendaritza taldea.
Zuzendaritza taldeak bere irakastorduetatik gehienez ere 48 irakastordu erabiliko ditu bere karguei dagozkien zereginetarako, eta bere irizpideen arabera banatuko ditu ordu horiek, kargu ezberdinen artean: zuzendaria, ikasketaburua, idazkaria eta musika eskoletarako ikasketaburu albokoa.
b) Ikastetxeko orkestraren arduraduna.
Orkestraren arduradunak bere eskola ordutegitik astero 6 ordu emanen ditu lan horietarako, eta, ikastetxeko beharrek hala uzten badute, 3 osagarri bitarte.
c) Teknologia berrien arduraduna.
Bere zereginak betetzeko, teknologia berrien arduradunak astean 4 irakastordu izanen ditu eta, ikastetxearen beharrek horretarako aukera ematen badute, 4 ordu osagarri bitarte.
d) Artea garatu eta sustatzeko arduraduna.
Artea garatu eta sustatzeko arduradunak astean 3 irakastordu izanen ditu bere eginkizunetarako eta, ikastetxearen beharrek horretarako aukera ematen badute, 3 ordu osagarri bitarte.
e) 58 urtetik gorako irakasleak.
58 urtetik gorako irakasleei Hezkuntza Departamentuaren indarreko legerian irakastordu murrizketaren gainean horretarako ezarrita dauden baldintzak aplikatuko zaizkie.
f) Departamentuko burutza.
Departamentuburuek beren ordutegitik hainbat irakastordu, hain zuzen ere, indarrean den legeriak ezartzen dituenak, erabiliko dituzte curriculum proiektuak idatzi edo berrikusteko.
g) Erasmus + programaren arduraduna.
Erasmus + programaren arduradunak, baldin eta proiektua onartzen bada, bere eskola ordutegitik astero 2 ordu emanen ditu kargu horren lanetarako, eta, ikastetxeko beharrek hala uzten badute, 3 osagarri, gehienez.
B.–Astean zenbatu beharreko ordu osagarriak.
Irakasle bakoitzaren asteko ordutegian irakastorduak eta ordu osagarriak batuta hogeita bost ordu izanen dira astean guztira.
Astean zenbatzeko ordu osagarrietan, irakasle bakoitzari esleitutako eginkizunen arabera, honako hauek sartzen ahalko dira:
a) Zaintza-orduak.
b) Astean ordu bat departamentuaren bileretarako.
c) Astean bi ordu, gutxienez, tutoretza lanak egiteko.
d) Ordu bat astean irakasleek Eskola Kontseiluan dituzten ordezkarientzat.
e) Zuzendaritza taldeko kideen koordinazio lanetarako orduak.
Zaintza-orduetarako adierazten diren helburuak betetzen baldin badira, aurretik Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak txostena emanik, ikastetxeak zilegi izanen du zaintzarako plan berariazko bat ezartzea.
Irakasleek zaintza lana eginen dute asteko zenbait ordutan, ikastetxearen beharren arabera. Nolanahi ere, kontuan hartu behar da irakasle bakoitzaren asteko ordutegian irakastorduak eta ordu osagarriak batuta hogeita bost ordu izanen direla astean guztira, ikasturtean irakastegunak ez diren lanegunengatiko konpentsazio orduak alde batera utzita.
Irakasleren baten zaintza-orduak beste jarduera berariazko batzuekin trukatzen ahal dira, baldin zaintza-ordu guztiak beteta badaude eta jarduerak klaustroak onesten baditu.
Halaber, zaintza-orduak eta aurreko b) eta c) ataletan aipatutako ordu osagarrietan egin beharreko jarduerak behar den bezala egiten badira, irakasleek, bakoitzaren ordutegi pertsonalean agertu behar duten asteko 25 orduetara ailegatu arte, honako ordu hauek sartzen ahalko dituzte astean zenbatu beharreko ordu osagarrien artean, irakasle bakoitzari esleitutako jardueren arabera:
f) Irakasle Praktikak irakasgaiaren goi mailako ikasleen tutore diren irakasleentzat, ordu erdi tutoretzapeko ikasle bakoitzeko.
g) Ikastetxeak erakundeekin batera parte hartzen duen proiektuetan irakaskuntza taldeek lan egiteko orduak.
h) Orkestrako, bandako eta abesbatzako arduradunekin elkarlanean aritzeko orduak.
i) Beste batzuk.
Ikastetxeren batean, ezarritako ordutegiarekin zaintza-orduak behar bezala betetzeko arazoren bat badago, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ordu banaketa egoki den moduan aldatzeko neurriak hartuko ditu, zuzendaritza taldearekin batera.
C.–Hilabetean zenbatu beharreko ordu osagarriak.
Irakasle bakoitzak ikastetxean nahitaez egin behar dituen asteko 30 orduak betetzeko, falta diren bost orduak hilean zenbatuko dira eta ondoko jardueretarako izanen dira:
a) Klaustroaren bileretan parte hartzea.
b) Ebaluazioko eta irakaskuntza taldeko bileretara joatea.
c) Planifikazio instituzionaleko tresnak prestatu, berrikusi eta eguneratzeko eginkizunetarako orduak, irakasle guztiek batera. Hala behar denean, Hezkuntza Departamentuak sor ditzakeen lan plangintzei erantzunen zaie. Ikastetxeak beharrezko neurriak hartuko ditu jarduera horretan irakasle guztiek parte hartzeko.
d) Beste jarduera osagarri eta ikasketez kanpoko batzuk.
Jarduera jakin batzuk egiteko, astean goiz bat gordeko da, eta irakasle guztiek gutxienez 2 ordu izanen dituzte klaustroaren bilerak, ebaluazio bilkurak, gurasoen bilerak eta, oro har, ikastetxearen funtzionamendu egokirako beharrezkoak diren beste jarduera batzuk egiteko.
3.–Ordutegiak prestatu, onetsi eta argitaratzea.
Ikasketaburuak ordutegiak prestatuko ditu klaustroak ezarritako irizpide pedagogikoei eta jarraibide hauetan ezarri denari jarraikiz; halaber, bermatuko da ordutegia funtzionala izatea ikasleentzat, baina lehentasuna ikastetxearen beharrek izanen dute beti.
Ikastetxeko matrikula bukatu ondoren, ikasketaburuak irakasgai bakoitzeko ikasleen eta taldeen kopuruaren berri emanen die departamentuei.
Ordutegiak prestatzean kontuan izanen da Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan ere irakasle lana egiten duten irakasleen egoera, bi ikastetxeetan dituzten ordutegiak bateratu ahal izateko.
Ikastetxean ahal den guztietan, irakasleek ikasleak eta taldeak hautatuko dituzte. Beren espezialitatekoak hautatuko dituzte, halakorik dagoenean; gero, ordutegia osatuko dute, departamentuan bertan antzekoenak diren irakasgaiak hautatuz eta, departamentuko ordu guztiak beteta ere, artean osatu gabeko orduak badituzte, beste departamentu batzuetakoak eta hain antzekoak ez diren beste irakasgai batzuekin osatzen ahalko dituzte.
Departamentuko kideak ikasle eta taldeak hautatzerakoan ados jartzen ez badira, honako prozedura honi jarraituko zaio:
Atal honetan ezarritako ordenaren arabera, lehenik hautatu behar duen irakasleak beretzat lehentasunezkoa den irakasgai eta kurtsoko ikaslea edo ikasle taldea hautatuko du; ondoren, hautatzeko bigarrena den irakasleak eginen du eta, horrela, hurrenez hurren, espezialitateko eta departamentuko irakasle guztiek lehenengo txanda egin arte. Lehenengo txandaren ondotik beste batzuk eginen dira, irakasleek beren irakastorduak osatu arte edo departamentuari dagozkion irakasgai, ikasle eta talde guztiak esleitu arte.
Bilera berezi horretan izaten diren gorabehera guztien akta eginen da eta departamentuko kide guztiek sinatuko dute; aktaren kopia bat ikasketaburuari emanen zaio.
Arestian adierazi diren ondorioetarako, departamentu bakoitzeko irakasleek hautatzeko duten lehentasuna ordena honen araberakoa izanen da:
1. Musikako eta Arte Eszenikoetako Irakasleen Kidegoa.
2. Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoko funtzionarioak, zerbitzu eginkizunetan dihardutenak.
3. Zerbitzu berezietan ari diren funtzionarioak.
4. Lan edo administrazio araubideko aldi baterako lan-kontratudunak.
Hautatzeko lehentasuna, lehenbiziko bi atalei dagokienez, beren kidegoan antzinatasun handiena izateak emanen du eta, antzinatasun bera izanez gero, atal bakoitzeko lehentasuna erabakitzeko honako irizpide hauek ezarriko dira, hurrenez hurren:
–Ikastetxean antzinatasun handiena.
–Kidegoan edo Administrazioan antzinatasun handiena izatea, eszedentzia urteak zenbatu gabe.
–Sarrerako hautapen prozesuetan puntu gehien izatea.
4. atalean, lehentasuna ezarriko da, irakasleek Giza Baliabideen Zerbitzuko zerrendetan duten tokiaren arabera.
Departamentuari esleitutako irakastorduak kideen ordutegien bidez bete daitezkeenak baino gehiago badira, hautaketa egin baino lehen zehaztuko da zein irakasgai eta kurtso emanen dituzten antzeko espezialitateetako irakasleek, aipatu hautaketan sar ez daitezen. Horri dagokionez, kontuan hartu behar da, irakasle espezialista batek ezin dituela behe mailako kurtsoak hartu eta goi mailakoak, berriz, espezialistak ez diren irakasleentzat utzi.
Hori hala izanik ere, salbuespenezko kasuetan, eta plantilla prestatzeko prozesuan sortzen diren beharrei erantzuteko, Hezkuntza Departamentuak baimena ematen ahal du, egokia iruditzen bazaio, irakasgai edo espezialitate batzuk horien titular ez diren irakasleek emateko, kontuan izanik baimendutako espezialitateko irakasgaien edukiak eta horien titular ez den irakaslearenak hurbilak diren.
Ikasketaburuak ziurtatu eginen du departamentuko kide guztien irakastorduak eta nahitaez ikastetxean egin behar dituzten gainerakoak bat datozela honako jarraibide hauetan ezarri denarekin, eta egiaztatuko du ikasle guztien eta ikasle talde guztien ardura hartu den eta orduak bete gabe dituen irakaslerik ba ote dagoen.
Lan horiek guztiak egin ondoren, ikasketaburuak, irakasleen klaustroak ordutegiak egiteko ezarri dituen irizpide pedagogikoak kontuan hartuta, behin betiko ordutegiaren proposamena eginen du, departamentuek egindako irakasgaien eta mailen banaketaren arabera.
Irakasleen eskola ordutegia astean bost egunetan banatuko da (astelehenetik ostiralera), lanaldi partzialerako kontratatutako irakasleen kasuan izan ezik. Nolanahi ere, egunean 5 irakastordu egonen dira, gehienez.
Halaber, ikastetxeko irakasle guztiak tarte jakin batzuetan aldi berean egonen dira ikastetxean; denbora hori gutxienez lau ordukoa izanen da, eta tarte horretan denek egon beharko dute bertan. Ordu horietan klaustroaren bilerak, ebaluazio bilkurak, gurasoen bilerak eta ikastetxearen funtzionamendu egokirako beharrezkoak diren beste jarduera batzuk eginen dira.
Ordutegi orokorraren barnean, ikastetxeak ezartzen duen ordu tarte egokienean, egunean 4 ordu gutxienez astelehenetik ostiralera, zuzendaritza karguren batek egon beharko du ikastetxean.
Ikasle baten baja gertatzen bada eta hori betetzen ez bada, irakasleak hutsik duen denbora nola erabili zuzendaritzak erabakiko du:
–Denbora hori beste ikasle batzuei eskainiz: atzeratuta dauden ikasleei laguntzeko, aurreratuenak sustatzeko, etab.
–Beste jarduera batzuk egiteko.
–Material pedagogikoa prestatzeko.
–Beste batzuk.
Musika-tresnen eskoletan, hala taldekoak nola bakarkakoak, baldin eta ikasle bat ez bada bertaratzen, denbora hori bertaratu diren ikasleei arreta emateko erabiliko da, eta ezin izanen da bertaratu ez diren ikasleei dagokien denbora murriztu eskolak emateko ordu guztien multzotik.
Zuzendariak onetsiko du kontserbatorioko ordutegia. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ebatziko du horri buruzko edozein erreklamazio, eta gehienez ere 15 eguneko epea izanen du horretarako. Epe hori bukaturik berariazko ebazpenik eman ez bada, erreklamazioa ezetsitzat joko da.
Beti egonen da, edozeinek ikusi ahal izateko moduan, ikastetxeko iragarki oholean, ikasketaburutzako bulegoan eta ikastetxeko kide guztiek sarbide duten beste tokiren batean, ikastetxearen egoera agertuko duen informazioa, bereziki aipatuz irakasle bakoitzaren ordutegia eta lan tokia, eta zehazki bakoitzaren ordutegian bildutako irakastorduak, tutoretzak, zaintza-orduak, departamentuko bilerak eta abar.
Informazio hori guztia hezkuntza komunitateko kide guztien eskura egonen da. Era berean, zuzendaritza kargu bakoitza ikastetxean zein ordutan egonen den ere adieraziko da.
Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioan ere eskolak ematen dituzten irakasleek ikastetxe horretako departamentu didaktikoetarako ezarritako hautapen ordenan parte hartu beharko dute.
Funtzionarioek, 2016-2017 ikasturtean espezialitatea aldatzeko eskubidea erabili eta/edo musikako goi mailan irakatsi nahi badute eta hala komunikatu badiote idatziz ikasketaburuari, eta aukera hori hartzeagatik jatorrizko departamentu didaktikoan ez beste batean jardun behar badute, egin behar duten lanari dagozkion departamentuetako bileretara joan beharko dute.
4.–Irakasleek ordutegia betetzea eta asistentzia orria.
Zuzendaritza taldeak irakasleak kontserbatorioan egoten diren kontrolatu behar du, baita ekaineko eta iraileko eskola gabeko egunetan ere. Halaber kontuan hartuko du, eta horren berri emanen Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, lan araubideko kontratudunak zein egunetan hasten diren lanean.
Aldi baterako ezintasun batengatik irakaslea lanera agertzen ez denean ikastetxeko zuzendaritzak egin behar duen kontrola Hezkuntza Departamentuko web orrian ezarritakoari jarraituko zaio: http://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/incapacidad-temporal.
Irakaslea agertzen ez bada, falten agiriak zuzendaritzan aurkeztu beharko dira lanera itzultzen den egunean berean. Falten agiria ez bada aurkeztu 2 egun natural igaro ondoren ikastetxera itzultzen den egunetik aurrera, zuzendaritzak horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, indarreko araudian ezarri bezala jokatzeko.
Halaber, irakasleari jakinaraziko zaio idatziz.
Baja agiria Hezkuntza Departamentuan aurkezten bada, agiriaren kopia bat aurkeztu edo bidali beharko da lantokira, ahalik eta lasterren, bertan bajaren eta altaren datak zehatz-mehatz ezagut ditzaten. Soilik egoera berezietan, zuzendaritzak hala erabakitzen duenean, ikastetxeetara bidaltzearen ordez telefono bidez jakinarazten ahalko da.
5.–Goi Mailako Musika irakasteko beharkizunak.
Oinarritzat harturik apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuaren 4. artikuluko 1.e) atala (haren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unibertsitatez kanpoko irakasle kidegoei dagozkien lanpostuak hornitzeko modua arautu zen), Musikako eta Arte Eszenikoetako Irakasleen Kidegoko funtzionarioek, goi mailako titulazioaren jabe badira, aukera izanen dute, sortzen diren beharren arabera eta ezartzen den prozedurari jarraikiz, Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunen kidegoari dagozkion espezialitateak irakasteko.
Bestalde, ekainaren 14ko 427/2013 Errege Dekretuaren 6. artikulua betez (haren bidez ezarri ziren musika eta dantzako goi mailako ikasketara lotutako musika eta arte eszenikoko katedradunen kidegoaren irakaskuntza espezialitateak), Musikako eta Arte Eszenikoetako Irakasleen Kidegoko funtzionarioek aukera izanen dute, sortzen diren beharren arabera eta horretarako ezarritako prozedurarekin bat, instrumentu arloko prestakuntza osagarriko eta musikako hizkuntza eta teknika osagarrietako jakintzagaiak irakasteko, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan indarrean diren ikasketa planen barnean.
V. Ikasleen eskubideak eta eginbeharrak.
1.–Alderdi orokorrak.
Ikasleen eskubide eta betebeharrei dagokienez, indarreko araudian ezarritakoari jarraituko zaio, unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako ikasleen eskubide eta eginbeharrak ezarri eta ikastetxe horietako elkarbizitza arautzen duen abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretua betez.
2.–Ikasleak eskoletara joatea.
Hezkuntzako kontseilariak abenduaren 16an emandako 204/2010 Foru Aginduak Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako bizikidetza arautzen du, eta ikastetxeek bizikidetza plana prestatu beharko dutela ezartzen du, ikastetxeko hezkuntza proiektuaren barnean.
Ikastetxeko zuzendaritzak hutsegiteak justifikatzeko prozedura finkatuko du eta beharrezkotzat jotzen dituen neurriak ezarriko ditu hutsegiteak justifikatzeko informazioa biltzeko.
Eskoletara behin eta berriz huts egitea eta horren ondorioak ikastetxeko bizikidetzarako erregelamenduan zehaztuko dira.
3.–Erreklamazioak egiteko prozedura.
Ikasleei beren errendimendu akademikoaren balorazio objektiboa bermatzeko, beharrezkoa da ikasleek aurretik izatea helburuen, edukien eta ebaluazio-irizpideen berri, bai eta balorazio positiboa izateko eskatutako gutxieneko mailarena, ikasturtean erabiliko diren kalifikazio-irizpideena eta ebaluazio-prozedurena ere.
Irakasle titularrak ikasleek, haien gurasoek edo legezko ordezkariek programazio didaktikoei buruz eskatzen dituzten argibideak emanen dizkie.
Argibideak eskatzeko edo bidezko erreklamazioak egiteko prozedura Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 21eko 49/2013 Foru Aginduan araututakoa izanen da. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ematen diren unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzetako ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak egiteko sistema ezarri zen.
VI. Onartzeko irizpideak eta matrikulazioa.
Ikasleen onarpenari eta matrikulazioari dagokiena irakaskuntza hauen gaineko araudian ezarritakoari lotuko zaio.
VII. Beste jarraibide batzuk.
1.–Irakasleen erantzukizuna.
Hezkuntza Administrazioak, indarrean dauden legeek ezartzen dutenari jarraikiz, bere gain hartuko ditu irakasle funtzionarioen kontrako auzietatik sortzen ahal diren erantzukizun zibil ordaingarriak; hori ez da eragozpen izanen bidezkoa den kasuetan atzera egiteko ekintza gauzatzeko. Irakasleek, euren jardunean letratuen laguntza behar izanez gero, defentsa egokia izan dezaten ere arduratuko da.
2.–Eskola informazioaren kudeaketa: EDUCA.
Zuzendaritza taldeak edo hark eskuordetutako pertsonak aholkuak emanen dizkie ikastetxeko erabiltzaileei Educa kudeaketa sistemari buruz. Horrez gain, sistema horren aldaketen eta funtzionalitate berrien informazioa jasoko du, eta haiek ikastetxean erabil daitezen sustatu eta koordinatuko du.
3.–Irakasgaien baliozkotzea.
Hezkuntzako kontseilariaren uztailaren 1eko 123/2009 Foru Aginduaren 5.2 artikuluari dagokionez, bertan zehazten baita “kurtsoaren hasiera” ulertuko dela azaroaren 15era bitartekoa.
4.–Ikastetxeko langileen jarduerak.
Urteko programazio orokorrean sartuta ez dagoen edozein jarduera egin ahal izateko, ikastetxeko zuzendariaren baimen espresa beharko dute bai irakasleek bai hezkuntza komunitateko beste edozein kidek.
5.–Ingurune osasungarriak, osasun hezkuntza eta osasunaren sustapena.
Kontserbatorioak sustatu beharko du ingurune egokia sortzea, ikasle guztien eta eskola komunitatearen osasuna babestu eta sustatzeko baldintzak beteko dituena, eta bizimodu osasungarriak bultzatuko ditu.
Xede horrekin, ikastetxeetako hezkuntza planetan bizimodu eta ohitura osasungarriak sartzea proposatzen da, alderdi hauekin lotuta: elikadura (ez da gomendatzen ikastetxean litxarreriak eta opil industrialak saltzen dituzten makinak izatea), ariketa fisikoa egitea, gorputzaren garbitasuna eta jarrerena (bizkarra), segurtasuna eta istripuen prebentzioa, droga-menpekotasunen prebentzioa, eta heziketa afektibo-sexuala.
Era berean, ikastetxeko Eskola Kontseiluak zainduko du ikastetxeetan eta prestakuntza zentroetan erretzeko erabateko debekua bete dadin, egungo legerian jasota baitago, eta behar diren neurriak hartuko ditu ikastetxeetan edari alkoholdunak saltzea eta kontsumitzea galarazteko. Baldintza horiek kontuan hartuko dira ikastetxeko bizikidetza arauak prestatzerakoan.
6.–Bizikidetza.
Ikastetxeetan bizikidetza arautzen duen araudiak ezartzen duenez, ikastetxe bakoitzak bere bizikidetza plana eta horren urteko zehaztapenak egin eta abian jarri behar ditu.
Araudi hori bizikidetza kudeatzeko osoko eredu batean dago oinarritua. Eredu horrek hezkuntza komunitateko eragile guztien parte-hartzea sustatzen du, bizikidetzarako giro positiboa eratu eta mantendu nahi du, gatazkan dauden alderdien arteko komunikazioa sustatzen du eta hezkuntza neurriak eta eragindako kaltea konpontzeko neurriak aplikatzea aurreikusten du, hartutako portaeraren beharrezko ondorio gisa.
Irakasleentzako Arretaren Bulegoa dute irakasleek orientazio eta laguntza jasotzeko.
7.–Ikastetxeez kanpoko jendea sartzea.
Ikastetxean edozein mezu aditzera eman, transmititu edo banatu nahi duten pertsona guztiek ikastetxeko zuzendaritza taldearen baimena beharko dute. Kasu batean zein bestean baimen hori idatziz agertuko da ikastetxeko agiritegian.
Hori guztia ez da inoiz izanen legeak aitortzen dituen eskubide sindikaletarako oztopo.
8.–Jarraibide hauen berri ematea.
Zuzendaritza taldeak ardura hartuko du hezkuntza komunitateko sektore guztiek jarraibide hauen edukiaren berri izan dezaten.
II. ERANSKINA
Nafarroako Dantza Eskolaren jarduna 2016-2017 ikasturtean arautzeko jarraibideak
Nafarroako Dantza Eskolak balio akademikorik eta profesionalik ez duten dantza ikasketak ematen ditu, Nafarroako Foru Komunitateko musika eta dantza eskolen funtzionamenduari buruzko oinarrizko arauak ezartzen dituen abenduaren 21eko 421/1992 Foru Dekretuak ezarritakoari jarraikiz.
I. Ikastetxeko Urteko Programazio Orokorra.
1.–Urteko programazio orokorraren edukia.
Dantza Eskola Berariazkoak, ikasturtea hasi aurretik, urteko programazio orokorra eginen du; programazio horrek hezkuntzako jarduera guztiak koordinatuko ditu, eta beren eskumenak zuzen betetzen direla eta eskola komunitateko sektore guztiek esku hartzen dutela bermatuko du.
Nafarroako Dantza Eskolak balio ofizialik gabe eskaintzen dituen ikasketei buruzkoa izanen da urteko programazio orokorra.
Urteko programazio orokorrak honako atal hauek izanen ditu:
A.–Ikastetxeko ordutegi orokorra eta hori prestatzeko ezarri diren irizpide pedagogikoak.
B.–Irakaskuntzako jarduerak, Nafarroako Dantza Eskolaren plan pedagogikoan ageri diren ikasketei dagozkienak.
C.–Ikastetxeko irakasleen prestakuntza plana.
D.–Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa.
E.–Memoria administratiboa.
A.–Ikastetxeko ordutegi orokorra eta hori prestatzeko ezarri diren irizpide pedagogikoak.
Ikastetxeko ordutegi orokorra zuzendaritza taldeak eginen du, klaustroaren iritzia aditu ondoren, eta bide eman beharko du ikastetxe bakoitzeko urteko programazio orokorrean aurreikusitako jarduerak aurrera eramateko. Hortaz, ikastetxeko ordutegi orokorrak honako hauek bilduko ditu gutxienez:
a) Ikastetxea eskola komunitatearentzat irekita egonen den ordutegia.
b) Ikasleen eskola orduak.
c) Ikasleek eskolakoak ez diren jarduerak egiteko izanen duten ordutegia.
d) Maiatzeko eta ekaineko jardueren behin betiko egutegiaren aurreikuspena; horretan probak eta azken ebaluazioak noiz eginen diren adieraziko da, baita kontsultak egiteko epea zein izanen den ere. Ekainaren 10aren aurretik, ikastetxeak aipatu jarduera horien behin betiko egutegia igorriko du Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura.
e) Irakasleen ordutegi orokorra.
f) Irakasleen banakako ordutegia.
Ikastetxeko ordutegi orokorra egiteko nahitaez hartuko dira kontuan, klaustroak adierazitakoaz gain, honako irizpide hauek:
–Nafarroako Dantza Eskolako ordutegia astelehenetik ostiralera bitartekoa izanen da, goizez eta arratsaldez, 10:00etatik 14:00etara arte eta 15:30etik 22:00ak arte.
–Ikastetxeko zuzendaritzak neurriak hartuko ditu ikastetxea oporraldietan, goizez, irekita edukitzeko.
–Irakasleek ordutegien arloan izaten ahal dituzten nahiak ezin dira inoiz izan klaustroak ezartzen dituen irizpideen kontrakoak, edota arte ikasketen ordutegia eta araubide orokorrekoena bateratzeak ikasleei sortzen dizkien beharren kontrakoak.
–Ahal dela, saiakera eginen da ikasleen ordutegia bateragarri izan dadin araubide orokorreko irakaskuntzekin.
B.–Berariazko Nafarroako Dantza Eskolaren Plan Pedagogikoan ageri diren irakaskuntza jarduerak.
Irakasleen klaustroak ikastetxearen irakaskuntzako jarduerak programatuko ditu eta zuzendaritza taldeari igorriko dizkio. Programazio didaktikoen adostasun agiriak, zuzendaritzak ikus-onetsiak, urteko programazio orokorrean sartu beharko dira.
Programazioak espezialitate bakoitzeko irakasleek eginen dituzte, plan pedagogikoan ezarritako ikasketen arabera, eta zuzendaritza taldeari igorriko zaizkio, ikastetxeko urteko programazio orokorrean sar ditzan.
C.–Ikastetxeko irakasleen prestakuntza plana.
Nafarroako Dantza Eskolak prestakuntza plana izanen du ikastetxeko irakasleentzat.
Zuzendaritza taldea izanen da, irakasleen beharrak abiaburutzat hartuta, irakasleen klaustroari prestakuntzako planaren proposamena aurkeztuko diona.
D.–Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa.
Planteatzen diren jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak irakaskuntzako ekintzak osatu edo garatzeko izanen dira. Jarduera horiek aurrez irakasleen klaustroak ematen dituen jarraibideei egokituko zaizkie.
E.–Memoria administratiboa.
Zuzendaritza taldeak eginen du eta bertan sartuko da, besteak beste, ikastetxea antolatzeko dokumentua.
Ikastetxea antolatzeko dokumentua Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ikastetxeari bidaltzen dizkien inprimakiak erabiliz beteko da. Inprimaki horiek, behar bezala beterik, zerbitzu horretara bidaliko dira, ikasturteko eskola jarduerak hasi eta 20 eguneko epean.
2.–Urteko programazio orokorra prestatu, onetsi eta ebaluatzea.
Urteko programazio orokorra zuzendaritza taldeak eginen du, klaustroaren eta Eskola Kontseiluaren proposamen eta erabakiak kontuan hartuta.
Ikastetxeko zuzendaritzari dagokio urteko programazio orokorra era egokian egiteko jarduketa egutegia ezartzea.
Dantza Eskola Berariazkoaren urteko programazio orokorra ikastetxeko zuzendariak onetsi behar du, urrian. Nolanahi ere, irakasleek jarduera artistikoak egitea ez da prestakuntza jardueratzat hartuko.
Programazio horren ale bat Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura bidaliko da, urriaren 31 baino lehen; beste ale bat ikastetxearen idazkaritzan jasoko da, irakasleek aztertu ahal izateko. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igortzen den ale horretan ez dira programazio didaktikoak osorik sartuko, baizik eta horiei dagozkien adostasun agiriak.
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egiaztatuko du urteko programazio orokorra jarraibide hauetan xedatzen denari egokitzen zaion, eta zer zuzenketa egin behar den adieraziko du, bakarren bat egin behar bada.
Urteko programazio orokorra ikastetxeko kide guztiek nahitaez bete beharrekoa izanen da.
Ikasturtea bukatutakoan, zuzendaritza taldeak ebaluatu eginen du urteko programazio orokorra zenbateraino bete den. Ondoriorik aipagarrienak memoria batean jasoko dira eta hura Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura bidaliko da uztailaren 10a baino lehen.
II. Ikasketen ordu banaketa.
Talde bakoitzean gehienez ere 20 ikasle izanen dira oinarrizko mailan, eta eskola orduen kopurua, astero eta irakasgai guztietan, jarraian ezartzen denari egokituko zaio:
Plan Pedagogikoa. Ikasketen ordu banaketa.
a) Hastapenak:
Hastapenak-a: 2 ordu.
Hastapenak-b: 2 ordu.
b) Oinarrizko maila-Amankomunak bi espezialitateetarako:
–Oinarrizko mailako 1.kurtsoa:
- Dantza klasikoa: 2 ordu.
- Folklorea: ordu bat.
- Sormeneko mugimendua: ordu bat.
–Oinarrizko mailako 2.kurtsoa:
- Dantza klasikoa: 2 ordu.
- Dantza espainiarra: 2 ordu.
- Sormeneko mugimendua: ordu bat.
–Oinarrizko mailako 3.kurtsoa:
- Dantza klasikoa: 3 ordu.
- Dantza espainiarra: 2 ordu.
- Sormeneko dantza: ordu bat.
–Oinarrizko mailako 4.kurtsoa:
- Dantza klasikoa: 4 ordu.
- Dantza espainiarra: 3 ordu.
- Sormeneko dantza: ordu bat.
c) Erdiko maila-Dantza klasikoa:
–Tarteko mailako 1. kurtsoa:
- Dantza klasikoa: 6 ordu.
- Bariazioak-Oin puntak: 2 ordu.
- Lantegi koreografikoa: 1,30 ordu.
- Dantza garaikidea: 2 ordu.
–Tarteko mailako 2. kurtsoa:
- Dantza klasikoa: 7,30 ordu.
- Bariazioak-Oin puntak: 2,30 ordu.
- Lantegi koreografikoa: 1,30 ordu.
- Dantza garaikidea: 2 ordu.
–Tarteko mailako 3. kurtsoa:
- Dantza klasikoa: 7,30 ordu.
- Bariazioak-Oin puntak: 3,30 ordu.
- Lantegi koreografikoa: 1,30 ordu.
- Dantza garaikidea: 3 ordu.
–Tarteko mailako 4. kurtsoa:
- Dantza klasikoa: 7,30 ordu.
- Bariazioak-Oin puntak: 3,30 ordu.
- Lantegi koreografikoa: 1,30 ordu.
- Dantza garaikidea: 4 ordu.
d) Erdiko maila-Dantza espainiarra:
–Tarteko mailako 1. kurtsoa:
- Dantza klasikoa: 6 ordu.
- Bolero eskola: 2 ordu.
- Dantza flamenkoa: 2 ordu.
- Dantza estilizatua: ordu bat.
–Tarteko mailako 2. kurtsoa:
- Dantza klasikoa: 6 ordu.
- Bolero eskola: 2,30 ordu.
- Dantza flamenkoa: 3 ordu.
- Dantza estilizatua: 1,30 ordu.
–Tarteko mailako 3. kurtsoa:
- Dantza klasikoa: 6 ordu.
- Bolero eskola: 2,30 ordu.
- Dantza flamenkoa: 3,30 ordu.
- Dantza estilizatua: 3 ordu.
–Tarteko mailako 4. kurtsoa:
- Dantza klasikoa: 6 ordu.
- Bolero eskola: 2,30 ordu.
- Dantza flamenkoa: 3,30 ordu.
- Dantza estilizatua: 3 ordu.
e) Helduendako kurtso irekiak:
–Dantza klasikoa:
- 1. maila: 3 ordu hasierako mailan.
- 2. maila: 3 ordu maila aurreratuan.
–Dantza garaikidea:
- Hasierako maila: 2 ordu.
- Erdiko maila: 2 ordu.
- Maila aurreratua: 3 ordu.
–Dantza espainiarra:
- Hasierako maila: 2 ordu.
- Erdiko maila: 2 ordu.
- Maila aurreratua: 3 ordu.
III. Irakasleak.
1.–Lanaldia.
Irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren mendeko funtzionarioentzat finkatzen den lanaldia izanen dute, beren eginkizunetara egokitua. Irakasleentzat jaiegun izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen lan egutegian ere jaiegun direnak.
Ikasturtea irailaren 1ean hasi eta ekainaren 30ean bukatuko da.
Ikasturtean, irakasleek jarraibide hauetan finkatutako lanaldia eta ordutegia beteko dituzte, horri buruz indar duten legerian ezarritakoa bete beharra galarazi gabe.
Ekaineko eta iraileko eskola gabeko lan egunetan, baimena ematen ahalko zaie irakasleei egunean ikastetxean egon beharreko bost orduko lanaldi etengabea egiteko.
Irakasleek hogeita hamar ordu emanen dituzte astean ikastetxeko jardueretan, irakastorduetan eta ordu osagarrietan banatuta. Gainerako orduak, ikastetxean egon beharrik gabekoak, irakaskuntzako jarduerak prestatzeko eta irakasleen hobekuntza profesionalerako erabiliko dira, bai eta batzorde eta epaimahaietan parte hartzeko edo antzeko jarduerak egiteko ere, baldin eta horretarako hautatzen badira.
2.–Orduen banaketa.
Ikastetxean bertan eman beharreko orduak honela banatuko dira:
A.–Irakastorduak.
Ikasleekin irakaslan zuzenean emandakoak jotzen dira irakastordutzat.
Oro har, astean Hezkuntza Departamentuak ezarri eta indarra duen araudian finkatzen diren irakastorduak beteko dira.
Irakastorduak zenbatzerakoan ondoko jarduerak eta inguruabarrak hartuko dira kontuan:
a) Zuzendaritza taldea.
Zuzendaritza taldeak bere irakastorduen zati bat erabiliko du bere karguei dagozkien zereginetarako, dagokion arauari jarraikiz.
b) 58 urtetik gorako irakasleak.
58 urtetik gorako irakasleei Hezkuntza Departamentuaren indarreko legerian irakastordu murrizketaren gainean horretarako ezarrita dauden baldintzak aplikatuko zaizkie.
B.–Astean zenbatu beharreko ordu osagarriak.
Irakasle bakoitzaren asteko ordutegian irakastorduak eta ordu osagarriak batuta hogeita bost ordu izanen dira astean guztira, ikasturtean irakastegunak ez diren lanegunengatiko konpentsazio orduak alde batera utzita.
Astean zenbatzeko ordu osagarrietan, irakasle bakoitzari esleitutako eginkizunen arabera, zaintza-orduak sartzen ahalko dira.
Zaintza-orduak eta ordu osagarrietan egin beharreko jarduerak behar den bezala egiten badira, irakasleek, bakoitzaren banakako ordutegian agertu behar duten asteko 25 orduetara ailegatu arte, honako ordu hauek sartzen ahalko dituzte astean, zenbatu beharreko ordu osagarrien artean, irakasle bakoitzari esleitutako jardueren arabera:
a) Bulegoko orduak, zuzendaritza taldeko kideen koordinazio lanetarako.
b) Ikastetxeak erakundeekin batera parte hartzen duen proiektuetako irakaskuntza taldeek lan egiteko orduak.
c) Astean bi ordu, gutxienez, tutoretza lanak egiteko.
C.–Guardiak.
Ikastetxea, eta zuzendaria bereziki, ikastetxearen ordezkaria den aldetik, ikasleen arduraduna da eskolako orduetan; beraz, ikastetxean une oroz behar adina irakasle izan behar da zaintza-orduez egoki arduratzeko.
Ordu guztiak behar bezala beterik baldin badaude soilik, zuzendariak zilegi izanen du zaintzako irakasleren bati beste zeregin batzuk ematea, adibidez, liburutegikoak, koordinazio lanak, etab.
Zaintzako irakasleen eginkizun nagusiak hauek dira:
a) Irakasleak huts egiteagatik edo beste edozein arrazoirengatik zaintzailerik ez duten ikasleei kasu egitea.
b) Korridoreetan ordena zaintzea eta, oro har, ikasleek gelaz kanpo duten portaera. Horrek ez du esan nahi beste irakasleek eginkizun hori bete behar ez dutenik.
c) Beren zaintza-orduetan sortzen diren gorabehera guztiak konpontzea, bai eta ikastetxeko norbait mediku beharrean gertatuz gero hartarako kudeaketak egitea ere, eta ikasketaburutza lehenbailehen jakinaren gainean jartzea.
d) Beren zaintza-orduetan irakasleek duten puntualitatearen eta asistentziaren berri ematea, idatziz, klase, zaintza-ordu, liburutegi eta bestelako jarduerei dagokienez.
Ikasketaburutzak zaintza-orduei buruzko parte bat prestatuko du egunero, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren eskura egonen da beti. Gutxienez honako datuak izanen ditu:
–Irakasleen hutsegite eta atzerapenak.
–Ikastetxeko edozein egoitzatan izan diren gorabeherak.
–Gertatu diren istripuak.
–Irakasle zaintzaileen sinadurak.
Zaintza-orduetarako adierazten diren helburuak betetzen baldin badira, aurretik Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak txostena emanik, ikastetxeak zilegi izanen du zaintzailetzarako plan berariazko bat ezartzea.
Irakasleek zaintza lana eginen dute asteko zenbait ordutan, ikastetxearen beharren arabera. Nolanahi ere, kontuan hartu behar da irakasle bakoitzaren asteko ordutegian irakastorduak eta ordu osagarriak batuta hogeita bost ordu izanen direla astean guztira, ikasturtean irakastegunak ez diren lanegunengatiko konpentsazio orduak alde batera utzita.
Irakasleren baten zaintza-orduak beste jarduera berariazko batzuekin trukatzen ahal dira, baldin zaintza-ordu guztiak beteta badaude eta jarduerak klaustroak onesten baditu.
Ikastetxeren batean, ezarritako ordutegiarekin zaintza-orduak behar bezala betetzeko arazoren bat badago, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ordu banaketa egoki den moduan aldatzeko neurriak hartuko ditu, zuzendaritza taldearekin batera.
D.–Hilabetean zenbatu beharreko ordu osagarriak.
Irakasle bakoitzak ikastetxean nahitaez egin behar dituen asteko 30 orduak betetzeko, falta diren bost orduak hilean zenbatuko dira eta ondoko jardueretarako izanen dira:
a) Klaustroaren bileretan parte hartzea.
b) Ebaluazioko eta irakaskuntza taldeko bileretara joatea.
c) Programazio didaktikoak prestatu, berrikusi eta eguneratzeko lanetan sartutako orduak. Ikastetxeak beharrezko neurriak hartuko ditu jarduera horretan irakasle guztiek parte hartzeko.
d) Beste jarduera osagarri eta ikasketez kanpoko batzuk.
Jarduera jakin batzuk egiteko, astean goiz bat gordeko da, eta irakasle guztiek gutxienez 4 ordu izanen dituzte klaustroaren bilerak, ebaluazio bilkurak, gurasoen bilerak eta, oro har, ikastetxearen funtzionamendu egokirako beharrezkoak diren beste jarduera batzuk egiteko.
Ikasketaburuak, zuzendariarekin batera, hiruhilekoetan banatuta planifikatuko ditu aurreikusitako jarduerak. Adierazi diren jarduera horien programazioa hiruhilekoaren hasieran Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorriko da.
3.–Ordutegiak egin, onetsi eta argitaratzea.
Ikasketaburutzak ordutegiak prestatuko ditu klaustroak ezarritako irizpide pedagogikoei eta jarraibide hauetan ezarri denari jarraikiz; halaber, bermatuko da ordutegia funtzionala izatea ikasleentzat, baina lehentasuna ikastetxearen beharrek izanen dute beti.
Iraileko matrikula egin ondoren, ikasketaburuak klaustroari jakinaraziko dio irakasgai bakoitzeko ikasleen eta taldeen kopurua, matrikulazio datuen arabera.
Ikastetxean ahal den guztietan, irakasleek ikasleak eta taldeak hautatuko dituzte. Beren espezialitatekoak hautatuko dituzte, halakorik dagoenean; gero, ordutegia osatuko dute, antzekoenak diren irakasgaiak hautatuz eta, ordu guztiak beteta ere, artean osatu gabeko orduak badituzte, hain antzekoak ez diren beste irakasgai batzuekin osatzen ahalko dituzte.
Ikasleak eta taldeak hautatzerakoan ados jartzen ez badira, honako prozedura honi jarraituko zaio:
Atal honetan ezarritako ordenaren arabera, lehenik hautatu behar duen irakasleak beretzat lehentasunezkoa den irakasgai eta kurtsoko ikaslea edo ikasle taldea hautatuko du; ondoren, hautatzeko bigarrena den irakasleak eginen du eta, horrela, hurrenez hurren, espezialitateko irakasle guztiek lehenengo txanda egin arte. Lehenengo txandaren ondotik beste batzuk eginen dira, irakasleek beren irakastorduak osatu arte edo egoki diren irakasgai, ikasle eta talde guztiak esleitu arte.
Bilera berezi horretan izaten diren gorabehera guztien akta sinatua eginen da, eta ikasketaburuari aktaren kopia emanen zaio.
Aurrean adierazi diren ondorioetarako, irakasleek hautatzeko duten lehentasuna ordena honen araberakoa izanen da:
1. Musikako eta Arte Eszenikoetako Katedradunen Kidegoa.
2. Musikako eta Arte Eszenikoetako Irakasleen Kidegoa.
3. Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoko funtzionarioak, zerbitzu eginkizunetan dihardutenak.
4. Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan zerbitzu eginkizunetan diharduten funtzionarioak.
5. Zerbitzu berezietan ari diren funtzionarioak.
6. Lan edo administrazio araubideko aldi baterako lan-kontratudunak.
Hautatzeko lehentasuna, lehenbiziko hiru atalei dagokienez, antzinatasun handiena izateak emanen du eta, antzinatasun bera izanez gero, atal bakoitzeko lehentasuna erabakitzeko honako irizpide hauek ezarriko dira, hurrenez hurren:
–Nork duen antzinatasun handiena ikastetxean.
–Kidegoan edo Administrazioan antzinatasun handiena izatea, eszedentzia urteak zenbatu gabe.
–Sarrerako hautapen prozesuetan puntu gehien izatea.
6. atalean, lehentasuna ezarriko da irakasleek Giza Baliabideen Zerbitzuko zerrendetan duten tokiaren arabera.
Ikasketaburutzak begiratuko du klaustroko kide guztien irakastorduak eta nahitaez ikastetxean egin behar dituzten gainerakoak bat datozen honako jarraibide hauetan ezarri denarekin, eta egiaztatuko du ikasle guztien eta ikasle talde guztien ardura hartu den eta orduak bete gabe dituen irakaslerik ba ote dagoen.
Hori guztia egin ondoren, ikasketaburuak, irakasleen klaustroak ordutegiak egiteko ezarri dituen irizpide pedagogikoak kontuan hartuta, behin betiko ordutegiaren proposamena eginen du.
Irakasleen eskola ordutegia astean bost egunetan banatuko da (astelehenetik ostiralera), lanaldi partzialerako kontratatutako irakasleen kasuan izan ezik. Nolanahi ere, egunean 5 irakastordu egonen dira, gehienez.
Halaber, ikastetxeko irakasle guztiak tarte jakin batzuetan aldi berean egonen dira ikastetxean; denbora hori gutxienez lau ordukoa izanen da eta tarte horretan denek egon beharko dute bertan.
Ordutegi orokorrean ahaleginak eginen dira ahalik eta denborarik gehienean ikastetxean zuzendaritzako karguren bat egon dadin.
Ikasle baten baja gertatzen bada eta hori betetzen ez bada, irakasleak hutsik duen denbora nola erabili zuzendaritzak erabakiko du:
–Denbora hori beste ikasle batzuei eskainiz: atzeratuta dauden ikasleei laguntzeko, aurreratuenak sustatzeko, etab.
–Beste jarduera batzuk egiteko.
–Material pedagogikoa prestatzeko.
–Beste batzuk.
Dantza Eskolako zuzendariak onetsiko du Eskolako ordutegia. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ebatziko du horri buruzko edozein erreklamazio, eta gehienez ere 15 eguneko epea izanen du horretarako. Epe hori bukaturik berariazko ebazpenik eman ez bada, erreklamazioa ezetsitzat joko da.
Ordutegia beti egonen da edozeinek ikusi ahal izateko moduan, ikastetxeko eta Ikasketaburutzako iragarki oholean eta ikastetxeko kide guztiek sarbide duten beste tokiren batean, ikastetxearen egoera agertuko duen informazioa, bereziki aipatuz irakasle bakoitzaren ordutegia eta lan tokia, eta zehazki bakoitzaren ordutegian bildutako irakastorduak, tutoretzak, zaintza-orduak, departamentuko bilerak eta abar. Informazio hori guztia hezkuntza komunitateko kide guztien eskura egonen da. Era berean, zuzendaritza kargu bakoitza ikastetxean zein ordutan egonen den ere adieraziko da.
4.–Irakasleek ordutegia betetzea eta asistentzia orria.
Zuzendaritza taldeak irakasleak Dantza Eskolan egoten diren kontrolatu behar du, baita ekaineko eta iraileko eskola gabeko egunetan ere. Halaber kontuan hartuko du, eta horren berri emanen Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, lan araubideko kontratudunak zein egunetan hasten diren lanean.
Aldi baterako ezintasun batengatik irakaslea lanera agertzen ez denean ikastetxeko zuzendaritzak egin behar duen kontrola Hezkuntza Departamentuko web orrian ezarritakoari jarraituko zaio: https://www.educacion.navarra.es/web/dpto/incapacidad-temporal.
Baja agiria Hezkuntza Departamentuan aurkezten bada, agiriaren kopia bat aurkeztu edo bidali beharko da lantokira, ahalik eta lasterren, bertan bajaren eta altaren datak zehatz-mehatz ezagut ditzaten. Soilik egoera berezietan, zuzendaritzak hala erabakitzen duenean, ikastetxeetara bidaltzearen ordez telefono bidez jakinarazten ahalko da.
Irakaslea agertzen ez bada, falten agiriak zuzendaritzan aurkeztu beharko dira lanera itzultzen den egunean berean. Falten agiria ez bada aurkeztu 2 egun natural igaro ondoren ikastetxera itzultzen den egunetik aurrera, zuzendaritzak horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, indarreko araudian ezarri bezala jokatzeko.
Halaber, irakasleari jakinaraziko zaio idatziz.
Baja agiria Hezkuntza Departamentuan aurkezten bada, agiriaren kopia bat aurkeztu edo bidali beharko da lantokira, ahalik eta lasterren, bertan bajaren eta altaren datak zehatz-mehatz ezagut ditzaten. Soilik egoera berezietan, zuzendaritzak hala erabakitzen duenean, ikastetxeetara bidaltzearen ordez telefono bidez jakinarazten ahalko da.
IV. Ikasleen eskubideak eta betebeharrak.
1.–Alderdi orokorrak.
Ikasleen eskubide eta betebeharrei dagokienez, indarreko araudian ezarritakoari jarraituko zaio, unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako ikasleen eskubide eta eginbeharrak ezarri eta ikastetxe horietako elkarbizitza arautzen duen abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretua betez.
2.–Ikasleen asistentzia.
Hezkuntzako kontseilariak abenduaren 16an emandako 204/2010 Foru Aginduak Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako bizikidetza arautzen du, eta ikastetxeek bizikidetza plana prestatu beharko dutela ezartzen du, ikastetxeko hezkuntza proiektuaren barnean.
Ikastetxeko zuzendaritzak hutsegiteak justifikatzeko prozedura finkatuko du eta beharrezkotzat jotzen dituen neurriak ezarriko ditu hutsegiteak justifikatzeko informazioa biltzeko.
Eskoletara behin eta berriz huts egitea eta horren ondorioak ikastetxeko bizikidetzarako erregelamenduan zehaztuko dira.
3.–Erreklamazioak egiteko prozedura.
Ikasleei beren errendimendu akademikoaren balorazio objektiboa bermatzeko, beharrezkoa da ikasleek aurretik izatea helburuen, edukien eta ebaluazio-irizpideen berri, bai eta balorazio positiboa izateko eskatutako gutxieneko mailarena, ikasturtean erabiliko diren kalifikazio-irizpideena eta ebaluazio-prozedurena ere.
Irakasle titularrak ikasleek edo, hala behar denean, haien gurasoek edo legezko ordezkariek programazio didaktikoei buruz eskatzen dituzten argibideak emanen dizkie.
Argibideak eskatzeko edo bidezko erreklamazioak egiteko prozedura Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 21eko 49/2013 Foru Aginduan araututakoa izanen da. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ematen diren unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzetako ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak egiteko sistema ezarri zen.
V. Ikasleak onartzeko irizpideak eta matrikulazioa.
1.–Onarpena eta matrikulazioa.
Ikasleak balio akademiko edo profesionalik ez duten dantza ikasketetan onartu eta matrikulatzerakoan ikastetxearen plan pedagogikoan ezarri dena beteko da.
2.–Matrikulari uko egitea.
Ikasleek matrikula deuseztatzeko eska diezaiokete ikastetxeko zuzendariari, apirilaren 30a baino lehen, baldin eta agiri bidez eta zinez frogatzen badute inguruabar hauetako bat gertatzen dela:
–Eritasun fisiko nahiz psikiko luzea izatea.
–Lanpostu batean hasi izana.
–Familia beharrak izatea.
–Aparteko beste inguruabar batzuk.
Ikaslearen irakasleei entzun ondoren, ikastetxeko zuzendariak eskaera ebatzi eta matrikulari uko egiteko baimena emanen du, baldin eta aipatu arrazoi horietako bat frogatzen bada eta, hori dela medio, ezinezkoa izan bada eskatzailea eskolara normalki joatea eta etengabeko ebaluazioaren bidez haren kalifikazioa egitea.
Matrikulari uko egiteko baimena ematen den kasu guztietan, dagokion eginbidea agerraraziko da ikaslearen ikasketen espedientean eta kontuan hartuko da uko horrek baimendu den ikasturte horretarako bakarrik balio duela.
Matrikula deuseztatu arren, ez dira ordaindutako tarifak itzuliko.
Matrikula deuseztatu duten ikasleek, hurrengo ikasturtean, beren ikasketak egiten segi dezakete ikastetxe berean. Ondorengo ikasturteetan ikasketetara itzultzeko, ikastetxeko plan pedagogikoan ezarritako sarrerako prozedura arruntean sartu beharko dute.
VI. Beste jarraibide batzuk.
1.–Irakasleen erantzukizuna.
Hezkuntza Administrazioak, indarrean dauden legeek ezartzen dutenari jarraikiz, bere gain hartuko ditu irakasle funtzionarioen kontrako auzietatik sortzen ahal diren erantzukizun zibil ordaingarriak; hori ez da eragozpen izanen bidezkoa den kasuetan atzera egiteko ekintza gauzatzeko. Irakasleek, beren jardunean letratuen laguntza behar izanez gero, defentsa egokia izan dezaten ere arduratuko da.
2.–Ikastetxeko langileen jarduerak.
Urteko programazio orokorrean sartuta ez dagoen edozein jarduera egin ahal izateko, ikastetxeko zuzendariaren berariazko baimena beharko dute bai irakasleek, bai hezkuntza komunitateko beste edozein kidek.
3.–Ingurune osasungarriak, osasun hezkuntza eta osasunaren sustapena.
Nafarroako Dantza Eskolak sustatu beharko du ingurune egokia sortzea, ikasle guztien eta eskola komunitatearen osasuna babestu eta sustatzeko baldintzak beteko dituena, eta bizimodu osasungarriak bultzatuko ditu.
Xede horrekin, ikastetxeetako hezkuntza planetan bizimodu eta ohitura osasungarriak sartzea proposatzen da, alderdi hauekin lotuta: elikadura (ez da gomendatzen ikastetxean litxarreriak eta opil industrialak saltzen dituzten makinak izatea), gorputzaren garbitasuna (larruazala, ilea, hortzak) eta jarrerena (bizkarra), segurtasuna eta istripuen prebentzioa, drogamenpekotasunen prebentzioa, eta heziketa afektibo-sexuala.
Era berean, ikastetxeko zuzendaritza taldeak zainduko du ikastetxeetan eta prestakuntza zentroetan erretzeko erabateko debekua bete dadin, egungo legerian jasota baitago, eta behar diren neurriak hartuko ditu ikastetxean edari alkoholdunak saltzea eta kontsumitzea galarazteko. Baldintza horiek kontuan hartuko dira ikastetxeko bizikidetza arauak prestatzerakoan.
4.–Bizikidetza eta berdintasuna.
Bizikidetzaren eta berdintasunaren baloreek ikastetxearen hezkuntza proiektuaren gakoak izan behar dute.
Bizikidetza planaren zehaztapenak urteko programazio orokorrean agertu beharko du. Indarreko araudian xedatutakoari jarraituko dio, eta haren azterketa eta ebaluazioa ikastetxearen bukaerako memoriaren zati bat izanen dira. Dokumentazio hori guztia Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren esku geratuko da.
Ikasketaburutzak gainbegiratuko du bizikidetza plana, eta haren garapenean irakasle guztiek parte hartuko dute. Halaber, hezkuntza komunitate osoari hedatuko zaio.
Ikasleei arreta hobea emateko, beste administrazio batzuekin koordinatzeko ezarri diren prozedurak adierazi beharko ditu.
Irakasleentzako Arretaren Bulegoa dute irakasleek orientazio eta laguntza jasotzeko.
5.–Ikastetxeez kanpoko jendea sartzea.
Ikastetxean edozein mezu aditzera eman, transmititu edo banatu nahi duten pertsona guztiek zuzendariaren baimen idatzia beharko dute, eta baimen hori idatziz jasoko da ikastetxeko agiritegian.
Hori guztia ez da inoiz izanen legeak aitortzen dituen eskubide sindikaletarako oztopo.
6.–Jarraibide hauen berri ematea.
Nafarroako Dantza Eskolako zuzendaritza taldeak begiratuko du hezkuntza komunitateko sektore guztiek jarraibide hauen edukiaren berri izan dezaten.
Iragarkiaren kodea: F1609187
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
