1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
1061/2016 EBAZPENA, ekainaren 21ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez ikertzaileen lan kontratazioa egiteko hautaprobetarako deia egiten da, honako ikerketa proiektu hau garatzeko: “ENE2015-66975-C3-1-R Código 3030007267”.
Ikusirik Luis Gandía Pascual jaunak, unibertsitateko katedradunak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nekazaritzako Ekoizpen Sailari atxikiak eta “ENE2015-66975-C3-1-R Código 3030007267” proiektuaren arduradunak, egin duen proposamena, hautaprobetarako deialdi bat egiteko 1 Motako Proiektuko Lankide Doktore gisa proiektu hori garatzeko ikertzaileak kontratatzeko.
Kontuan hartuz proposamenak Ikerketa Zerbitzuaren zuzendariak ontzat eman duela.
Langileen Kudeaketa Ataleko buruak proposatu ondoren.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak, errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko ekainaren 24an eman zuen 1042/2015 Ebazpenaren bidez, eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
Lehena.–Hautaprobetarako deia egitea “ENE2015-66975-C3-1-R Código 3030007267” ikerketa proiektua garatuko duten ikertzaileen lan kontratazioa egiteko.
Bigarrena.–Onestea hautaproben deialdia arautuko duten oinarriak, Ebazpen honekin batera doazenak, Ebazpenaren parte gisa.
Hirugarrena.–Balioespen Batzordeko kideei eta Ikerketa Zerbitzuko Zuzendaritzari Ebazpen hau igortzea.
Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.
Bosgarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea amaitzen du, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta zilegi da berraztertzeko errekurtsoa errektorearen aurrean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, hilabeteko epean lehenengo kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere, ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iruñean, 2016ko uztailaren 21ean.–Ikerketako errektoreordea, Ramón Gonzalo García.
OINARRIAK
1.–Xedea.
Deialdi honen xedea ikertzaileak hautatzea da, ondoren haiei lan kontratazioa egiteko, ikerketa proiektu hau gara dezaten: “ENE2015-66975-C3-1-R Código 3030007267”.
Unibertsitateei buruzko Lege Organikoaren 48. artikuluan ezarriarekin bat etorriz, Langileen Estatutuaren 15. artikuluak ezartzen duen obra edo zerbitzu jakineko kontratu modalitatearen bidez eginen da kontratazioa, eta xede hauek edukiko ditu: “Bioerregaiak Ekoizteko Sistema Katalitiko Egituratuak” ikerketa proiektuan daudenak eta, zehatzago, modu aktiboan parte hartzea erreaktore automatizatu bat eta bere kontrol sistema egokitzen eta berriz diseinatzen, saiakera katalitikoak egiteko sistema egituratuekin eta tenperatura profil erradialak eta axialak erregistratuz. Halaber, lankidetzan aritzea jardueraren prestakuntzan eta neurketan, eta katalizatzaileen hautsaren karakterizazio fisiko-kimikoa egitea, aurreko urrats gisa egituratu aurretik. Azkenik analisi zinetikoak eta modelatu eta simulazio azterketak egitea sistema katalitiko egituratuen jariakinen dinamika konputazionalaren bidez. Ereduen baliozkotze esperimentala.
Maila profesionala: 1 Motako Proiektuko Lankide Doktorea.
Iraupena: 26 hilabete egun honetatik aurrera: 2016-10-01.
Langileen Estatutuari buruzko Legea garatzen duen abenduaren 18ko 2720/1998 Errege Dekretuaren Testu Bateratuaren 15. artikuluak ezartzen duenarekin bat, iraupen hori orientatzekoa da, kontratuaren xede den lana erabat burutzen bada, horren arabera. Denbora hori ez da inoiz izanen proiektua indardun den denbora baino luzeagoa, betiere aurrekontuan daukan diru kopuruak baldintzatuko du, eta, horrenbestez, ikerketa proiekturako funtsak ez badaude, ondorioz kontratua iraungi eginen da.
Lanaldi-mota: Osoa.
Diru gehigarriak ordainduko dira proiektuan edo kontratuan ezartzen diren helburuak betez gero. Gehigarri horiek ordaintzeko, proiektuaren arduradunak ordainketa justifikatzen duen azken txosten bat egin beharko du, eta aurrekontuan diru zuzkidura aski beharko da.
2.–Parte hartzeko baldintzak.
2.1.–Hautaprobetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.
Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.
Espainian legezko bizilekua duten atzerritarrek aukera izanen dute administrazio publikoetako lan kontratupeko langile izateko, betiere Espainian lan egiteko baimenaren jabe badira. Betekizun hori ez zaie aplikatuko lanbide arautuen eremuan kualifikazio profesionalaren aitorpena daukaten izangaiei, Europako Erkidegoko Zuzenbidearen xedapenen babesean erdietsi dutenei.
b) 18 urte baino gehiago izatea, eta erretiro-adina betea ez izatea.
c) Doktore titulu ofizialaren jabe izatea. Atzerrian erdiesten diren titulazioak badira, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean homologazioaren egiaztagiria eduki beharko du izangaiak.
d) Deialdiko xede diren lanpostuak betetzea galarazten duen gaixotasunik, muga fisikorik edo psikikorik ez edukitzea.
e) Diziplinako espediente baten ondorioz edozein administrazio publikotako zerbitzutik baztertua ez izatea, eta eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua ez egotea epai irmo baten bidez.
2.2.–Aurreko arauetan ezarri diren baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean, eta kontratazioa egin arte bete beharko dira.
3.–Eskaerak.
Eskabideak aurkezteko epea bost egun baliodun igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
Eskabide eredua esteka honetan dago: http://www.unavarra.es/digitalAssets/151/151465_100000Instancia-pruebas-selectivas-investigacion--version-octubre-2013-.pdf, www.unavarra.es helbidean, atal honetan: “Zerbitzuak/ Giza Baliabideak / Prozedurak / I-I / Giza Baliabideak / Ikertzaileen hautaprobak”, idazpuru honen azpian: Ikertzaileak kontratatzeko hautaprobetan onartua izateko eskaera.
Eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:
–Izangaiaren Nortasun Agiri Nazionalaren edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzeko agiriaren fotokopia. Atzerritarren kasuan, bizileku- eta lan-baimenaren fotokopia.
–Deialdian eskatzen den tituluaren fotokopia.
–Batez besteko nota duen ikasketa espedientearen fotokopia.
–Curriculum vitae agiria, norberak egoki jotzen dituen merezimendu-egiaztagiriekin batera.
Parte hartzeko eskabideak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezartzen den moduetako edozeinetan. Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, posta zerbitzuko langileek data eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistroetako batera bidali aurretik.
Giza Baliabideen Zerbitzuak eskaerak behar bezala kudea ditzan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko erregistroak aukeratzen ez dituzten eskatzaileek eskaeraren kopia eskaneatu bat bidali behar dute dagokion erregistroko sarrera zigiluarekin concursos.oposiciones@unavarra.es helbide elektronikora.
4.–Izangaiak onartzea.
4.1.–Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, Ikerketako errektoreordeak ebazpen bat emanen du onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratuko da.
Eskatzaileetako inor baztertzen ez bada, lehiaketa publikorako onartu diren izangaien behin betiko zerrenda argitaratuko da.
4.2.–Izangai baztertuek edo azaldu gabeek, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo 5 egun balioduneko epean, zilegi dute erreklamazioak egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea.
4.3.–Erreklamazioak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko epea bukatu eta gero, Ikerketako errektoreordeak ebazpen bat emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean argitaratuko da.
4.4.–Izangaiak hautaketa-prozesuan onartuen zerrendan egoteak, edota 6.2 oinarriak aipatu hautaketa-prozesua gainditu dutenen zerrendan egoteak ez du ekarriko inoiz ere unibertsitateak aitortzea betetzen dituztela deialdiko oinarrietan eskatu diren baldintza orokorrak edo bereziak. Kontratatzeko deitzen dituzten izangaiek ziurtatu eta egiaztatu beharko dituzte horiek, jatorrizko dokumentazioa aurkeztu beharko baitute kontratua sinatzen dutenean.
4.5.–Parte hartzeko eskaerarekin batera aurkezten den dokumentazioan datuak zehatz ematen ez badira, faltsutzen badira edo ematen ez badira, jatorrizko dokumentazioarekin alderatuz gero, horrek kontratua sinatzeko ezintasuna eta kontratazio zerrendatik baztertzea ekarriko du, interesdunak berak sinatuko duen ardura aitorpenarekin bat etorriz.
5.–Hautaketa prozesua.
Izangaien merezimenduak balioesteko eginen da, aurkeztu duten dokumentazioarekin bat etorriz eta jarraian zehazten den baremoaren arabera.
Izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzean dauzkaten merezimenduak bakarrik balioetsiko dira, eta ez dira kontuan hartuko geroago lortzen dituztenak. Balioespen Batzordeak ez du inoiz ere onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izanen du atal bakoitzean den gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman.
Baremoa:
–1. atala. Ikasketa espedientea. 10 puntu, gehienez ere.
Espedientearen batez besteko puntuazioari dagokion proportzioan balioetsiko da ikasketa espedientea, gehienez ere 10 punturekin. Hala ere, titulazio bakoitzaren arabera honako koefiziente hauek aplikatuz haztatuko da ematen den puntuazioa:
- Ingeniaritza Kimikoa: 1.
- Kimika: 0,25.
- Beste titulazio batzuk: 0,1.
–2. atala. Esperientzia eta argitalpenak. 65 puntu, gehienez ere.
2.1. Proiektuaren gaia dela-eta, balioetsi eginen da, 40 punturekin gehienez ere, frogatzeko moduko esperientzia ikerketa lanak, azterketak, jarduerak eta proiektuak egiten, alor hauetan: bioerregaiak egiteko biomasatik datozen lehengaiak prozesatzea, bioerregaiak egiteko sistema katalitikoak, egituratuak eta hautsetan, prestatzea eta ezaugarritzea, eta, halaber, mikrokanaldun erreaktore kimiko egituratuak garatzea eta haiekin aritzea, eta oro har erreaktore katalitikoak garatzea eta haiekin aritzea, solidoen bidez katalizatzen diren erreakzio kimikoetan aplikatzen direnean.
–5 puntuko balioa emanen zaio aurretik azaldu diren gaiekin zerikusia duten lan, azterketa edo proiektuak egiten ematen den urte bakoitzari, edo hilabeteetan dagokion ehunekoa emanen zaio (0,4 puntu hilabete bakoitzeko).
2.2. Bestalde, gehienez ere 15 punturekin balioetsiko da frogatzeko moduko esperientzia sistema katalitikoen modelatuari eta portaeraren simulazioari buruzko azterketak garatzen, sistema katalitiko horiek jariakinen dinamika konputazionalaren bidez (CFD) egituratuak badira, eta bereziki ANSYS CFX softwarearen bidez, zeina proiektuan erabiliko baita. Atal honetan behar bezala justifikaturik merezimendu gehien aurkezten dituen izangaiari puntuazio handiena emanen zaio, 15 puntu, eta gainerako izangaien puntuazioak balio horren arabera normalizatuko dira.
2.3. Balioetsi eginen dira, halaber, gehienez ere 10 punturekin, argitalpenak eta bestelako ekarpen zientifikoak, zeinetan izangaia egilea edo egile-kidea baiten, betiere, garatu beharreko lanekin edo proiektuaren gaiekin lotura zuzena baldin badute, honela:
- JCR-ko aldizkari zientifikoetako artikuluak, nazioartean eragin handia eta parekoen arteko ikuskatze prozesua izan dituztenak: puntu 1 Q1 artikulu bakoitzeko; 0,6 puntu Q2 artikulu bakoitzeko; 0,3 puntu Q3 artikulu bakoitzeko, eta 0,15 puntu Q4 artikulu bakoitzeko.
- Prestigio aitortua duten nazioarteko argitaletxeen liburuetako kapituluak: (0,25 puntu bakoitzeko).
- Argitalpenak nazioarteko biltzarretako akta liburuetan: 0,15 puntu bakoitzeko.
- Gainerako argitalpenak: 0,1 puntu bakoitzeko.
–3. atala. Prestakuntza. 20 puntu, gehienez ere.
3.1. Gehienez ere 5 punturekin balioetsiko da, gainera, frogatzeko moduko prestakuntza akademiko espezifikoa, biomasa eta eratorrien prozesatuaren alorrean eta bioerregaien ekoizpenean (ikastaroetara, mintegietara eta abarretara joatea).
Atal honetan behar bezala justifikaturik merezimendu gehien aurkezten dituen izangaiari puntuazio handiena emanen zaio, 5 puntu, eta gainerako izangaien puntuazioak balio horren arabera normalizatuko dira.
3.2. Balioetsi eginen da, halaber, 15 punturekin gehienez ere, frogatzeko moduko prestakuntza akademiko espezifikoa diziplina hauetan: katalizatzaileak prestatu eta ezaugarritzea, erreaktore kimiko egituratuak, jariakinen eroapenak dituzten instalazioak eta jariakinen dinamika konputazionala:
–20 orduko edo gehiagoko ikastaroak: 5 puntu ikastaro bakoitzeko.
–Gehienez ere 20 ordu izan dituzten ikastaroak, mintegiak, jardunaldiak e.a. 2 puntu ikastaro bakoitzeko.
–4. atala. Beste merezimendu batzuk. 5 puntu, gehienez ere.
Gehienez 5 punturekin balioetsiko dira beste merezimendu batzuk, behar bezala egiaztatzen badira, eta betiere kontratuaren xedearekin zerikusia badute: 0,5 puntu emanen da bakoitzeko.
Hautaketa prozesua gainditzeko 50 puntu behar dira gutxienez.
Alegatzen diren merezimendu guztiak zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez egiaztatu behar dira.
Hautaketa prozesuaren azken emaitzan gertatzen diren berdinketak 2. atalean puntuaziorik handiena erdietsi dutenen alde ebatziko dira; berdinketak jarraitzen baldin badu, 3. atalean puntuaziorik handiena erdietsi dutenen alde; eta hala ere berdinketak jarraitzen badu, zozketaren bidez ebatziko dira.
Balioespen Batzordeko kide bakoitzak balioetsiko ditu izangaien merezimenduak. Izangai bakoitzari ematen zaion azken puntuazioa bere puntuazioen batezbestekoa izanen da.
6.–Hautaketa prozesua ebaztea.
6.1. Izangaiek aurkeztu dituzten merezimenduen ebaluazioa burutu eta gero, Balioespen Batzordeak errektoreari bidaliko dio hautaketa prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, bakoitzak erdietsi dituen puntuekin.
6.2. Ikerketako errektoreordeak ebazpen bat emanen du hautaketa prozesua gainditu duten izangaien zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratuko da.
6.3. Deialdi honetako kontratazio zerrendak indarra edukiko du Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratu, eta biharamunetik aurrera, proiektua amaitzen den arte.
7.–Balioespen Batzordea.
–Batzordeburua: Luis Gandía Pascual dk., Unibertsitateko katedraduna, Kimika Aplikatuko Sailari atxikia, Ikerketako errektoreordearen eskuordetzaz.
–Idazkaria: Fernando Bimbela Serrano dk., irakasle laguntzaile doktorea, Kimika Aplikatuko Sailari atxikia.
–Batzordekidea: Carmen Ancín Azpilicueta dk., Unibertsitateko katedraduna, Kimika Aplikatuko Sailari atxikia.
Balioespen Batzorde ordezkoa:
–Batzordeburua: esús Carmelo Echeverría Morrás dk., Unibertsitate Eskolako katedraduna, Kimika Aplikatuko Sailari atxikia.
–Idazkaria: Alfonso Cornejo Ibergallartu dk., irakasle laguntzaile doktorea, Kimika Aplikatuko Sailari atxikia.
–Batzordekidea: M.ª Asunción Luquin Martínez dk., irakasle laguntzaile doktorea, Kimika Aplikatuko Sailari atxikia.
Balioespen Batzordearen jarduerak, uneoro, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak ezartzen duenaren arabera gauzatuko dira. Jakinarazpenak emateko eta bestelako gorabeheretarako, Balioespen Batzordearen egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Kudeaketa eraikina izanen da.
8.–Norberaren datuak babestea.
Norberaren Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak (DBLO) ezartzen duenarekin bat etorriz, izangaiek ematen dituzten datuak Langileen fitxategian jasoko dira. Fitxategi horren helburua Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileen kudeaketa egitea da.
Kontratu hau finantzatzen duen erakundearen aurrean gastuak justifikatzeko, nominei, gizarte segurantzari buruzko datuak, edo kontratupekoak jasotzen dituen beste edozein ordainsariri buruzko datuak, erakunde horri lagatuko zaizkio. Nolanahi ere, kontratua gauzatzen denean baimenduko da lagapen hori.
9.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta hautaprobak gainditu dituzten izangaien zerrendaren aurka zilegi da honako errekurtso hauetako bat jartzea, arau indardunekin bat etorriz:
a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabete bateko epean, aurkatzen den egintza jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, aurkatzen den egintza jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
Balioespen Batzordeak deialdi hau aplikatzeko erabakitzen dituen gainerako egintzen aurka zilegi da gorako errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabete bateko epean, ekitaldia edo erabakia jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
Iragarkiaren kodea: F1608938