3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA
GOBERNUAREN ORDEZKARITZA
Energia Politika eta Meatzeetarako Zuzendaritza Nagusiaren ebazpena, 2016ko ekainaren 23koa, indarrik gabe uzten duena Fuerzas Eléctricas de Navarra SAUri 2013ko urtarrilaren 17an emandako baimena, Castejongo ziklo konbinatuko zentral termikoaren bigarren multzoa (2. multzoa) jartzeko,
Castejongo udal mugapean (Nafarroa)
2002ko abenduaren 20an, Fuerzas Eléctricas de Navarra SAUk Castejongo ziklo konbinatuko zentral termikoan, Castejongo udal mugapean (Nafarroa) bigarren multzoa (2. multzoa) jartzeko baimen administratiboa eskatu zuen Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzako Industria eta Energia Arloan.
2009ko urriaren 1ean, Ingurumen, Landagune eta Itsas Inguruetako Ministerioko Aldaketa Klimatikorako Estatu-Idazkaritzak proiektu honi buruzko Ingurumenaren gaineko eraginaren deklarazioa egin zuen (2009ko Estatuko Aldizkari Ofiziala, urriaren 14koa).
Era berean, 2011ko urtarrilaren 18an Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiak emandako ebazpenaren bidez, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak Ingurumen baimen integratua eman zuen 825 mW-eko potentzia elektrikoa duen ziklo konbinatuko zentral termiko bat, 400 mW-eko eta 425 mW-eko bi multzok osatua, paratzeko, biak Castejongo udal mugapean.
Energia Politika eta Meatzeetarako Zuzendaritza Nagusiak ebazpena eman zuen 2013ko urtarrilaren 17an, Fuerzas Eléctricas de Navarra, S.A.U.ri baimena emateko Castejongo ziklo konbinatuko zentral termikoaren bigarren multzoa (2. multzoa) jartzeko, Castejongo udal mugapean (Nafarroa).
Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 124. artikuluarekin bat –data horretan indarra baitzuen–, desagertutako araubide arrunteko instalazioen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa tramitatzen hasteko, ezinbestekoa zen “instalazioaren aurrekontuaren % 2 adinako abal bat Gordailuen Kutxa Orokorrean aurkeztu izanaren ziurtagiria Energia Politika eta Meatzeetarako Zuzendaritza Nagusian aurkeztea”. Era berean, hau ezartzen zuen: “Abala bertan behera geldituko da eskatzaileak instalazioaren baimen administratiboa behin lortu ondoren.”
Abenduaren 4an argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean (209. zenbakia) azaroaren 27ko 1074/2015 Errege Dekretua, sektore elektrikoan zenbait xedapen aldatzen dituena; lehen artikulua Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren aldaketari buruzkoa da, eta hau ezartzen du:
Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan aldaketa hauek egiten dira:
Bat.–59.bis artikulua aldatzen da. Aurrerantzean testu hau izanen du:
–59.bis artikulua. Ekoizpenerako instalazioen garraio sarean sartzeko eskabidea tramitatzeko berme ekonomikoa.
1. Ekoizpenerako instalazioen kasuan, eskatzaileak, garraio sarean sartzeko eskaera egin aurretik, instalatutako kW-ko 10 euroko zenbatekoa adinako berme ekonomikoaren gordailua egin izanaren ziurtagiria aurkeztu beharko du instalazioari baimena emateko eskumena duen organoan.
Estatuko Administrazio Orokorraren eskumena diren instalazioen kasuan, berme horren gordailua Gordailuen Kutxa Orokorrean eginen da. Industria, Energia eta Turismoko ministroaren agindu bidez, zenbateko hori aldatzen ahalko da, bai eta zenbateko desberdinak ezarri ere potentziaren arabera.
Ziurtagiri hori aurkeztea ezinbesteko betebeharra izanen da garraio sarearen kudeatzaileak garraio sarearekiko konexio eta sarrera egiteko prozedurak hasteko; horretarako, instalazioaren baimena emateko eskumena duen organoak sistemaren operadoreari jakinarazi beharko dio eskatzaileak bermea behar bezala aurkeztu duela.
Bermea dirutan edo kreditu entitateen edo elkarren bermerako sozietateek emandako abal bidez eratuko da, Gordailuen Kutxa Orokorrari buruzko erregelamendua onetsi zuen otsailaren 7ko 161/1997 Errege Dekretuan aurreikusitakoarekin bat.
Bermearen xedea ustiatzeko baimena lortzea izanen da.
Bermea eratzeko ziurtagirian berariaz adierazi beharko da bermearen gordailua artikulu honetan ezarritakoa betetzeko egiten dela.
2. Berme ekonomikoa bertan behera geldituko da eskatzaileak instalazioaren behin betiko ustiatze baimena eskuratzen duenean.
Instalazioa eraikitzeari uko egiteak, instalazioaren baimen administratiboa lortzeko prozedurak iraungitzeak edo aginduzko baimenetan aurreikusitako epeak ez betetzeak bermea betearaztea ekarriko du. Nolanahi ere, Energia Politika eta Meatzeetarako Zuzendaritza Nagusiak instalazio baten titularrak gordailatutako bermearen betearazpena salbuetsi dezake, hura egiteari uko egiten bazaio interesdunari zuzenean nahiz zeharka egotz ezin dakizkiokeen eragozpenengatik, eta interesdunak Energia Politika eta Meatzeetarako Zuzendaritza Nagusiari eskatzen badio.
3. Eraikitzeari uko egiteak, instalazioaren baimen administratiborako prozedurak iraungitzeak edo bermea betearazteak kasuko sarrera eta konexio eskubideak galtzea ekarriko du eta, Estatuko Administrazio Orokorraren eskumenekoak diren instalazioen kasuan, Energia Politika eta Meatzeetarako Zuzendaritza Nagusiak jakinaraziko dio sistemaren operadoreari, behar diren ondorioak izan ditzan.–(...).
Hiru.–124. artikulua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
–124. artikulua. Ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko tramiteak.
(..)2. Ekoizpenerako instalazioen kasuan, eskatzaileak, aipatutako jendaurreko tramiteak hasi aurretik, instalazioari baimena emateko organo eskudunean aurkeztu beharko du errege dekretu honen 59. bis edo 66. bis artikuluan, dagokionean, aipatzen den berme ekonomikoa aurkeztu izanaren ziurtagiria (...)
Bestetik, “Tramitatzen ari diren espedienteetarako berme gordailua” tituluko lehen xedapen iragankorrean hau ezartzen da:
1. 50 mW-etik gorako potentzia ekoizteko instalazioek, errege dekretu honek indarra hartzean baimen administratiboa izan, baina behin betiko ustiapen baimena oraindik eskuratu ez dutenek, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 59.bis, 66.bis edo 124. artikuluetan aipatutako ziurtagiria aurkeztu beharko dute, errege dekretu honek indarra hartzen duenetik hasita lau hilabeteko epean gehienez ere.
Epe hori iragaten bada eskatzaileak hura aurkeztu gabe, edo ustiatzeko baimena eskuratu gabe, lortutako baimen administratiboa indarrik gabe geldituko da, Energia Politika eta Meatzeetarako Zuzendaritza Nagusiak dagokion prozedura ireki ondoren.
Baimen administratiboa indarrik gabe uzten duen ebazpenaren ondorioz, sarrera eta konexio baimenak galduko dira, eta halaxe jakinaraziko die Energia Politika eta Meatzeetarako Zuzendaritza Nagusiak sistemaren operadoreari eta garraio eta banaketa sarearen kudeatzaileari.
Aurrekoa kontuan hartuta, eta ikusirik azaroaren 27ko 1074/2015 Errege Dekretuak indarra hartu zuenetik lau hilabeteko epea iragana zela Fuerzas Eléctricas de Navarra SAUk zegokion abala aurkeztu gabe, Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuak emandako eskumenez baliatuz, 2016ko apirilaren 28an erabaki zen prozedura honi hasiera ematea, Fuerzas Eléctricas de Navarra SAUk eskuratutako baimen hori ondoriorik gabe uzteko.
Erabaki hori 2016ko maiatzaren 6an jakinarazi zitzaion Fuerzas Eléctricas de Navarra SAUri. 2016ko maiatzaren 26an txosten bat jaso zen, adieraziz Fuerzas Eléctricas de Navarra SAUk ez zuela baimen administratibo hori indarrik gabe uzteko ebazpen baten aurka eginen.
Era berean, erabakia jakinarazi zitzaion Fuerzas Eléctricas de Navarra SAUri, eta 2016ko maiatzaren 26an Fuerzas Eléctricas de Navarra SAUk adierazi zuen ulertzen zuela emandako baimenak indarrik gabe gelditzeak berarekin zekarrela sarrera eta konexio baimenak ere galtzea, eta halaxe jakinaraziko zietela sustatzaileei, behar diren ondorioak izateko (...).
Horregatik guztiagatik bidezkoa da, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 89. artikuluarekin bat, azaroaren 27ko 1074/2015 Errege Dekretuaren lehen xedapen iragankorrari dagokionez, prozedura hau ebaztea, eta indarrik gabe uztea Energia Politika eta Meatzeetarako Zuzendaritza Nagusi honen 2013ko urtarrilaren 17ko Ebazpenaren bidez emandako baimen administratiboa, Castejongo ziklo konbinatuko zentral termikoaren bigarren multzoa (2. multzoa) jartzeko, Castejongo udal mugapean (Nafarroa); horrek kasuko sarrera eta konexio eskubideak galtzea ekarriko du.
Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea kontuan hartuta.
Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretua eta Sektore elektrikoan zenbait xedapen aldatzen dituen azaroaren 27ko 1074/2015 Errege Dekretua kontuan hartuta, Energia Politika eta Meatzeetarako Zuzendaritza Nagusi honek
EBATZI DU:
Bakarra.–Indarrik gabe uztea Energia Politika eta Meatzeetarako Zuzendaritza Nagusiaren 2013ko urtarrilaren 17ko Ebazpenaren bidez Fuerzas Eléctricas de Navarra SAUri emandako erabilera publikoaren deklarazioa eta baimena, Castejongo ziklo konbinatuko zentral termikoaren bigarren multzoa (2. multzoa) jartzeko, Castejongo udal mugapean (Nafarroa), bai eta hortik eratorritako eskubideak eta betebeharrak ere.
Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Energiaren Estatu-idazkariari zuzendua, hilabeteko epean jakinarazten denetik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoarekin bat.
Madrilen, 2016ko ekainaren 23an.–Energia Politikako eta Meatzaritzako zuzendari nagusia, María Teresa Baquedano Martín.
Iragarkiaren kodea: E1609213