157. ALDIZKARIA - 2016ko abuztuaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ERROIBAR

Deialdia, zerbitzu anitzetako langilearen lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, lan-kontratupean eta lanaldi partzialean (lanaldiaren %30)

Erroibarko Udalak 2016ko uztailaren 27an egin osoko bilkuran erabaki zuen zerbitzu anitzetako langilearen lanpostu baten deialdia egitea, oposizio-lehiaketa bidez, lan-kontratupean eta lanaldi partzialean betetzeko (lanaldiaren %30), honako oinarrien arabera.

Erron, 2016ko ekainaren 15ean.–Alkatea, Enrique Garralda Erro.

DEIALDIA, ZERBITZU ANITZETAKO LANGILEAREN LANPOSTU BAT OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO, LAN-KONTRATUPEAN ETA LANALDI PARTZIALEAN (LANALDIAREN %30)

Oinarriak

Udal honek zerbitzu anitzetako langilearen lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia egin du, honako baldintzei jarraikiz:

1.–Arau Orokorrak.

1.1. Izendatzen dena lan kontratudun finkoa izanen da eta Gizarte Segurantzan alta emanen zaio.

1.2. Urteko lansari gordina Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategineko E mailari dagokiona izanen da.

1.3. Bere mailako eta kategoriako eginkizunak beteko ditu, bereziki udal eraikinen eta instalazioen garbiketa, Udalak agintzen ahal dizkion bere mailako beste eginkizun batzuk ere egin beharko dituela kontuan hartuz.

1.4. Lanaldia lanaren beharretara egokituko da eta Udalak noiznahi aldatzen ahalko du.

1.5. Lantokia Erroibarko udaletxean ezarri da.

1.6. Izendatuak Erroibarren bizi beharko du.

2.–Izangaien onarpena.

2.1. Deialdian parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, eta adinez nagusia izatea.

b) Eskola-ziurtagiria edo haren baliokidea gutxienez edukitzea.

c) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

3.–Eskabideak.

3.1. Eskabideak Udalaren Erregistroan aurkeztuko dira honako deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturaleko epean. Eskabideak deialdi honetan argitaratzen den ereduari lotu behar zaizkio eta haietan izangaiek eskabideak aurkezteko ezarritako epea amaitzen den egunean eskatutako baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela adierazi beharko dute.

3.2. Izangaiek eskabidearekin batera deialdi honetako 2.1 puntuan ezarritako baldintzak betetzen dituztela frogatzen duten dokumentu originalak edo kopia konpultsatuak aurkeztuko dituzte, bai eta lehiaketan baliarazi nahi dituzten merezimendu guztienak ere.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaituta, Erroibarko Udalaren alkate-udalburuak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko.

4.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hamar egun balioduneko epearen barrenean, erreklamazioak egiten ahal dituzte, eta, akatsik egin badute, haiek zuzendu.

4.3. Erreklamazioak egiteko epea amaitu eta haiek ebatzita, kasu bada, Erroibarko Udalaren alkate-udalburuak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda emanen du eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko, bai eta probak hasiko diren data ere.

4.4. Probak 2016ko abuztuan hasiko dira.

5.–Epaimahaia.

5.1. Epaimahaia kide hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Enrique Garralda Erro, Erroibarko Udalaren alkatea.

–Ordezkoa: Esteban Juanarena Apesteguia, Erroibarko Udalaren lehenengo alkateordea.

Mahaikidea: Joseba Martinez Rey, Erroibarko Udalaren zinegotzia.

–Ordezkoa: Sonia Iriarte Gil, Erroibarko Udalaren zinegotzia.

Mahaikidea: Hector Nagore Somovilla, jarduneko abokatua.

–Ordezkoa: Luis Irisarri Nagore, jarduneko abokatua.

Mahaikidea: Edurne De Miguel Zufiaurre, Cederna-Garalurreko teknikaria.

–Ordezkoa: Cederna-Garalurreko teknikaria.

Idazkari-Mahaikidea: Marisol Ezcurra Irure, udal idazkaria.

–Ordezkoa: ondoko udal bateko idazkaria.

5.2. Aholkulari eta laguntzaileak.

Epaimahaiak aholkulari adituak deitu ahalko ditu, proba guztietarako nahiz batzuetarako.

5.3. Epaimahaia hautaprobak hasi aitzin eratu beharko da. Epaimahaia ez da eratzen ahalko, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo absolutua bertan ez bada.

5.4. Deialdiko oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sortzen diren afera guztiak gehiengoz erabakiko ditu epaimahaiak.

6.–Oposizio-lehiaketa nola egingo den.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi fasetan egingo da: lehendabiziko, lehiaketaldia eta, ondoren, oposizioaldia.

6.2. Lehiaketaldiaren hasiera data izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendarekin batean iragarriko da.

6.3. Ondoren Epaimahaiak gainerako probak noiz eginen diren iragarriko du, arauak dioen moduan, Erroibarko udaletxeko iragarki oholean.

7.–Lehiaketaldia.

7.1. Lehiaketaldian gehienez ere 30 puntu eskuratu ahalko dira. Epaimahaiak izangaiek aurkeztutako merezimenduak baloratuko ditu ondoko baremoari jarraikiz, betiere izangaiek oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztu baldin badituzte eta ongi frogatuak baldin badaude, dokumentu originalak edo behar bezala konpultsatuak, eta horrela egin ezean ez dira kontuan hartuko.

7.2. Merezimenduak.

a) Deialdi honen xedea den lanpostuaren ezaugarri berdineko lanetan aritu izana:

–Administrazio Publikoetan aritu izanagatik: 3 puntu zerbitzu anitzetako langile lanetan aritutako urte bakoitzeko. 10 puntu udal eraikinak garbitzeko lanetan aritutako urte bakoitzeko.

–Enpresa pribatu zein publikoan egindako garbiketa lanak: 3 puntu urteko.

Izangaiek lan-kontratuaren eta kaleratze-gutunaren kopia aurkeztuko dituzte zerbitzu horiek frogatzeko.

Atal honetan gehienez ere 25 puntu eskuratu ahalko dira.

b) Hizkuntzen ezagutza: aurkezten diren ziurtagiriak puntuatuko dira. Horrelakorik izan ezean, ezagutza neurtzeko proba egin ahalko da. Euskararen ezagutza gehienez ere 5 punturekin baloratuko da eta ingelesa, frantsesa eta/edo alemana gehienez ere 4,5 punturekin.

Atal honetan gehienez ere 5 puntu eskuratu ahalko dira.

7.3. Epaimahaiak izangaiek aurkeztutako merezimenduei buruzko azalpen edo datu osagarriak eskatu ahalko ditu edozein unetan.

7.4. Lehiaketaldia amaitutakoan, epaimahaiak udaletxeko iragarki oholean izangaien zerrenda paratuko du, izangai bakoitzak lehiaketaldian lortutako puntuak adierazteko.

8.–Oposizioaldia.

8.1. Oposizioaldian gehienez ere 70 puntu lortu ahalko dira eta ondoko ariketak egin beharko dira:

a) Lehenbiziko ariketa: esparru teorikoa. Egin beharreko lanen inguruko galdetegi idatzia. Gehieneko puntuazioa: 35 puntu.

b) Bigarren ariketa: esparru teorikoa. Arrazoitzeko ahalmenari buruzkoa eta lanpostuarekin zerikusia duten ezagutza eta kontzeptu matematikoei buruzkoa. Gehieneko puntuazioa: 35 puntu.

Kanpoan geldituko dira oposizioaldian 20 puntu gutxienez lortzen ez dituzten izangaiak.

8.2. Ariketa bakoitza bukatuta, epaimahaiak, hamar eguneko epean, hala badagokio, hurrengo ariketaren data eta lekua eta lortutako emaitzak iragarriko ditu Erroibarko udaletxeko bulegoetan.

8.3. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala eraman beharko dute. Agertzen ez direnak oposiziotik kanpo geldituko dira.

9.–Gainditzen dutenen zerrenda.

9.1. Azkeneko ariketaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak gainditu dutenen zerrenda eta izendatzeko proposamena iragarriko ditu Erroibarko udaletxeko bulegoetan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Zerrenda puntuen arabera antolatuko da, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako emaitzak gehituz.

9.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar eguneko epean, bertan proposatzen den lehiakideak honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.

b) Ziurtagiri mediko ofiziala, karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela erakusten duena,

c) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabeturik ez egotea eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez dela izan adierazten duena.

9.3. Behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, interesatuak aipatu agiriak epe horretan aurkezten ez baditu, ezin izanen da kontraturik sinatu eta jarduketa guztiak deuseztatuko dira, hasierako eskabidean egindako faltsukeriagatik izan dezakeen erantzukizuna deusetan galarazi gabe.

9.4. 9.3. atalean dioena gertatuz gero, Udalak oinarri hauetako 9.1 zenbakian aipatu zerrendako hurrengo izangaiarekin beteko du hutsunea.

10.–Izendapena eta karguaz jabetzea.

10.1. Erroibarko Udalak aurreko atalean xedatutakoa betetzen duen lehiakidea Udalaren lan kontratudun finkoa izendatuko du, eta dagokion kontratua eginen dio.

10.2. Izendapen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.3. Izendatuak izendapena jakinarazten zaionetik hilabeteko epea izanen du karguaz jabetzeko. Ongi frogatutako ezinbertzeko kasuetan izan ezik, epe horretan karguaz jabetzen ez bada, Erroibarko Udalaren lan kontratudun finkoa izateko eskubide guztiak galduko ditu eta lanpostua deialdi honen aitzineko oinarrian xedatutakoaren ariora beteko da.

11.–Errekurtsoak.

11.1. Deialdi honen eta bere oinarri nahiz egintzen kontra, indarrean dagoen legeak Nafarroako Toki Entitateen kasuetan ezarritako errekurtsoak aurkezten ahalko dira.

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1609395