153. ALDIZKARIA - 2016ko abuztuaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

832E/2016 EBAZPENA, uztailaren 5ekoa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Kasedako Hirigintzako Udal Planeko aldaketa puntualari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena industriarako hiri-lurzorua handitzeko (A12). Kasedako Udala da sustatzailea.

Aldaketa 2016ko otsailaren 25ean hasiera batean onetsi ondoren, espedientea jendaurrean jarri zen hura 2016ko 48. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuz, martxoaren 10ean. Aldi horretan ez da ingurumenari buruzko alegaziorik jaso. Jendaurreko epe horren ondoren, dokumentazio osagarria aurkeztu da; besteak beste, ingurumen ukipenen azterlana eta jarduketa eremuaren murrizketa, hegoaldera handitutako industria eremuaren zatia kentzen duena.

Industriarako hiri-lurzorua handitzeko baldintzak zehaztea du helburu aldaketak Viscofan SAren instalazioen inguruan, 7. poligonoko 35., 37., 38. eta 39. lurzatiak industria-lurrerako eransten baititu, 23.632 m²-azalera guztira.

Instalazioaren iparraldean dauden ondoko lurzatiekin handitzen da industria eremua; horretarako, aipatu lurzatien hirigintzako sailkapena behar da aldatu, nekazaritzako edo abeltzaintzako produktibitate ertaineko lurzoru urbanizaezin izatetik industria erabilerako hiri-lurzoru finkatu izatera.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak 2016ko ekainaren 30eko txostenean ezartzen duen moduan, 35. eta 37. lurzatiak 11. zeharbidearen mugakide dira; hortaz, abelbidea mugatuko duen espedientea tramitatu arte, zenbait baldintza ezartzen dira, aldaketaren araudiari erantsiko zaizkionak.

Zonifikazio akustikoari dagokionez, industria eremuaren multzoa b motako eremu akustikoa da; alegia, industria erabilerako lurzorua nagusi den lur sektorea. Hirigintza zerbitzuei dagokienez, eremuak azpiegitura egokiak ditu gaur egungo jarduerari eta aurreikusita dagoenari zerbitzua emateko; hortaz, ez da kalterik espero ingurumenean alde horretatik.

Espedientearen dokumentazio guztia azterturik, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura egin izanaren berri eman du, eta aldeko txostena egin.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Industriarako hiri-lurzorua handitzeko Kasedako Hirigintzako Udal Planeko aldaketa puntualari (A12) buruzko Ingurumen ondorioen aldeko adierazpena egitea. Sustatzailea Kasedako Udala da.

2. Aldaketaren testu bateginean honako baldintza hauek gehitu beharko dira Ingurumen ondorioen adierazpen hau onesteko:

–Behin-behinekoz jarriko dira hesiak 35. eta 37. lurzatien inguruan, udalerriko abelbideetako mugarriak sailkatu eta hondatu edo galdu direnak berritzeko proiektua egin arte.

–Sailkatze proiektu horretatik ateratzen den mugaketa ez bada abelbideak egun katastroan duen lurzatia bezalakoa, atzera eraman beharko da hesia eta, gutxienez ere, hiru metrora utzi abelbideko muga hurbilenetik (haren zortasun eremua errespetatzeko). Beraz, eraikuntzek eta jarduerari loturiko beste eraikin batzuek ere tarte hori utzi beharko dute.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Kasedako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko uztailaren 5ean.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1608491