Iragarkia
153. ALDIZKARIA - 2016ko abuztuaren 9a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
273/2016 EBAZPENA, uztailaren 6koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa ematen duten ikastetxe publikoen antolaketa eta funtzionamendua 2016-2017 ikasturtean arautzeko jarraibideak onesten dituena.
Ebazpen honen xedea jarraibide batzuk onestea da, indarreko araudiko zenbait alderdiren xehetasunak eman eta garatzeko balio dutenak, ikastetxeen antolaketa egokia eta funtzionamendu ona lortzeko, 2016-2017 ikasturtean.
Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak ebazpen hau onestearen eta aurreko puntuan adierazitako jarduketak arautzearen aldeko txostena aurkeztu du.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ebazpen honen eranskinetan ageri diren jarraibideak onestea. Jarraibide horiek Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa ematen duten ikastetxe publikoen antolaketa eta funtzionamendua arautuko dituzte 2016-2017 ikasturtean.
2. Ebazpen honetan aipatutako jarraibideak ikastetxe pribatu itunduei aplikatuko zaizkie, indarra duten arauei jarraikiz, dagozkien afera orotan.
3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau eta bere eranskinak Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari, Hezkuntzako Plangintzaren Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Unibertsitateen eta Hezkuntzako Teknologien Zerbitzuari, Giza Baliabideen Zerbitzuari, Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuari, Lanbide Heziketaren Zerbitzuari, Informazioa Kudeatzeko Bulegoari eta Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.
5. Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2016ko uztailaren 6an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Estebe Petrizan Iriarte.
I. ERANSKINA
Haur Hezkuntzako bigarren zikloa eta Lehen Hezkuntza ematen duten ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua 2016-2017 ikasturtean arautzeko jarraibideak
Ikasturte hasierako jarraibideek indarreko araudiaren alderdi batzuk zehaztu eta argitzen dituzte, eta arautu gabeko beste batzuk arautzen, ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua hobetzeko. Horretaz gainera, ikasturterako lan ildo nagusiak ezarri nahi dituzte.
Jarraibideak hiru kapitulutan daude bereizita:
–Lehenbizikoa, urteko programazio orokorrari buruz. Bertan ikastetxearen hobekuntza planaren gaineko argibideak ematen dira, bai eta ebaluazioetan duen parte-hartzearen gainean ere, hobetzen ahal diren eremuak detektatzeko.
–Bigarrenean, antolakuntza alderdi batzuk zehazten dira, ikastetxearen funtzionamendurako beharrezkoak direnak.
–Hirugarrenean, gehien erabiltzen diren LOEren ondoriozko arauak zerrendatzen dira.
I.–Urteko Programazio Orokorra.
Urteko programazio orokorra oinarrizko tresna da eta ikastetxeko plangintza, antolaketa eta jarduna biltzen ditu. Dokumentu hori prestatzeko orduan, zorroztasuna, erraztasuna eta erabilgarritasuna hartuko dira kontuan.
Autonomiaren, erantzukizunaren eta efizientziaren printzipioekin bat etorriz, zuzendaritza taldeak bere baliabideak kudeatu behar ditu eta plangintza bata egin behar du (antolaketa, ordutegia, barruko eta kanpoko koordinaziorako egutegia, etab.), ikasleentzako laguntza zein emaitza akademikoak hobetzeko.
Urteko programazio orokorrak izan behar dituen atalak Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoen Erregelamendu Organikoaren 49.2 artikuluan daude ezarrita (24/1997 Foru Dekretua), baita erregelamendu hori garatzen duen 257/1998 Foru Aginduan ere. Ikastetxeen antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko urteko jarraibide hauek zenbait zehaztapen erantsi zizkieten atal horiei. Agiri horiek bateratzearen ondorioz, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ondoko indizea proposatu die ikastetxeei urteko programazio orokorra egiteko:
A) Urteko plana/Hobekuntza plana.
B) Ikastetxearen ordutegi orokorra eta hura egiteko ezarritako irizpide pedagogikoak.
C) Ikastetxearen Hezkuntza-proiektuaren/curriculumaren urteko zehaztapena.
C.1 Etapen curriculuma zehaztea (aldaketak).
C.2 Aniztasunari arreta emateko urteko plana.
C.3 Orientabide akademikoaren plana. Tutoretza plana.
C.4 Bizikidetza plana.
D) Gobernu organoak eta koordinazio didaktikokoak.
D.1 Eskola kontseilua eta klaustroa.
D.2 Zuzendaritza taldea.
D.3 Koordinazio Pedagogikorako Batzordearen urteko lan plana.
D.4 Hezkuntza Sostengurako Unitatearen urteko lan plana.
D.5 Antolaketa multzoen taldeen urteko lan plana.
E) Ikastetxeko prestakuntza plana.
F) Jarduera osagarriak eta eskola-orduz kanpokoak
G) Zerbitzu osagarriak.
H) Urteko programazio orokorraren ebaluazioa.
1. Ikastetxeko hobekuntza plana.
Etengabeko hobekuntzaren kulturan, beharrezkoa da hobekuntza plan bat izatea, ikastetxeak bidezkotzat jotzen dituen helburuak zehazten dituena, honako hauek hobetzeko:
–Emaitzak, kanpoko nahiz barruko ebaluazioetan, bereziki arlo hauetan: irakurmena eta idazmena, gaztelaniaz zein euskaraz; matematikako gaitasuna; eta atzerriko hizkuntzako komunikazio gaitasuna.
–Balioetan oinarrituta dagoen ikasleen hezkuntza.
–Gaitasun digitalaren hobekuntza.
–Kalitatea kudeatzeko plana, ikastetxean halakorik bada.
Hobekuntza planak, ikastetxearen egoeraren azterketatik abitatuta, ikuspegi orokor eta integratzaile batetik aurreikusitako helburuak lortzera zuzendutako jarduketa batzuk ezarriko ditu, denbora batez jarraitu behar dutela kontuan hartuta.
Datuetan oinarritutako egoeraren azterketa erraztu eta bateratzeko, eta helburuak lortzeko, Educa kudeaketa sistemak kudeatzailearen profilean sartzen dituen kontsulta automatizatuak ezarriko dira datu horien iturri gisa.
Ikastetxearen hobekuntza planean aurreikusitako neurriek adierazle batzuk izan beharko dituzte, haien eraginkortasuna ebaluatzeko. Emaitzak ikasturte bukaerako memorian sartuko dira.
Hezkuntza Departamentuak, bere zerbitzuen bidez, ikastetxe bakoitzaren hobekuntza planaren garapena eta haren helburuen lorpena bultzatuko ditu, orientazioak, proposamenak, jardunbide egokien adibideak eta, halakorik bada, irakasleen prestakuntza emanez, ikastetxeek hobekuntza ildo eta jarduketak lehenetsi eta hautatzeko laguntza izan dezaten.
Ikastetxearen prestakuntza plana prestakuntza instituzionalaren gakoa da. Zuzendaritza taldeak ezarriko du haren edukia, hobekuntza planetik eratorritako premiak kontuan hartuta.
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratuko du hobekuntza planaren eta hortik datorren prestakuntza instituzionalaren planaren garapena, bere plan estrategikoaren arabera.
2. Bizikidetza eta berdintasuna.
Bizikidetzaren eta berdintasunaren balioak gakoak dira eta ikastetxe bakoitzeko hezkuntza proiektuaren parte dira.
2.1. Bizikidetza.
Bizikidetza planean curriculumeko eta antolaketako neurriak biltzen dira bizikidetza hobetzeko eta eskola-jazarpenaren edo tratu txarren egoerei aurrea hartzeko eta arreta emateko, eta, orobat, begirune, tratu eta aukera berdinak eskaintzeko eta errespetua sustatzeko hezkuntza komunitateko kide guztien artean, salbuespenik egin gabe.
Zeregin hori gauzatzeko, ikastetxe bakoitzak bere bizikidetza planaren jarduketa ildoak jorratu beharko ditu. Horretarako, web orri honetako ereduak eta iradokizunak balia daitezke:
Eta jokabide suizidei aurre egiteko protokoloa:
Ikastetxe bakoitzean, bizikidetza plana eta horren urteko zehaztapena eguneratu eta bizikidetza araudira egokituko dira. Zeregin hori orientatzeko, Hezkuntza Departamentuak, foru agindu baten bidez, laster osatuko du indarrean dagoen araudia (57/2014 Foru Dekretua, 47/2010 Foru Dekretua, 204/2010 Foru Agindua eta Nafarroako hezkuntzan genero indarkeriari aurrea hartzeko eta berdintasunezko heziketarako plana).
Elkarbizitzari buruzko araudia web honetan kontsulta daiteke:
https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/educacion-en-valores/asesoria-para-la-convivencia/
Ikastetxe bakoitzeko tutoretza planean eta hezkuntza orientabidearen zereginetan, neurri eta jarduerak programatuko dira ikasleen artean bizikidetza eta errespetua sustatzeko.
2.2. Berdintasuna.
Ikastetxeko urteko programazio orokorraren barrenean, atal bat erantsiko da, ondokoa lortzeko helburuak zehaztuko dituena:
–Genero indarkeria prebenitzea eta bereizkeria-jarrerak saihestea, errespetu jarrerak garatuz pertsona guztien gorputzari, autoestimuari, norberaren segurtasunari eta errespetua eta indarkeria-eza oinarri dituzten giza hartu-emanak izateko gaitasunari dagokionez.
–Aldaketak sustatzea emakumeen eta gizonen arteko hartu-emanek dituzten estereotipoetan.
–Maskulinitatearen eta feminitatearen bestelako ereduak aurkeztea, gizarte berdinagoa eta aurrez aurrekorik gabea eraikitzeko.
–Sustatzea berdin baloratuko direla emakumeen eta gizonen esperientzia, gaitasuna eta ekarpen soziala zein kulturala.
–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta giza eskubideekiko errespetua sustatzen dituzten hezkuntza materialak eta testu liburuak erabiltzea.
–Sustatzea orientabide akademikoak eta profesionalak oinarri daitezela pertsonen gaitasunetan eta trebetasunetan, eta ez sexu batekoa edo bestekoa izatean.
Tutoretza plana urtero zehaztean, aipatutako helburuak gauzatzeko jarduketak sartuko dira.
3. Aniztasunari arreta ematea.
3.1. Hezkuntzako premia berariazkoak.
Ikastetxeetako zuzendaritzek Aniztasunari arreta emateko planaren zehaztapen bat igorriko diote, euskarri elektronikoan, Aniztasunarekiko Arretaren eta Hezkuntza Premia Berezien Atalari. Bertan jasoko da zein diren antolaketan ezarritako neurriak eta nola banatu diren esleitutako baliabideak.
Plan hori prestatzeko orientabideak Hezkuntza Departamentuaren webgunean kontsulta daitezke:
https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/plan-de-atencion-a-la-diversidad
Ikasle guztiei arreta egokia emateko, ikastetxeek neurriak hartuko dituzte erantzun egokiena emateko ikasleen premia guztiei, indarreko araudian ezarritakoarekin bat: metodologia aldatzea, probetara egokitzea, proposamen didaktiko ireki eta malguak, sostengu inklusiboak, eta abar.
Hezkuntzako arretarako neurrien artean, curriculum-egokitzapen garrantzitsuak diseinatuko dira hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzat, hala behar dutenean, funtsean helburuak eta trebetasunak garatzeko eta lortzeko. Horren gaineko erantzukizuna alor horretako irakasleei dagokie.
Berariazko egiturei atxikitako ikasleen curriculum egokitzapen garrantzitsuak Pedagogia Terapeutikoko irakasleek egin behar dituzte.
Hezkuntza orientabidearen ardura dutenek irakasleak aholkatuko dituzte eta haiekin elkarlanean arituko dira curriculum-egokitzapen garrantzitsuak prestatzeko.
Halaber, Hezkuntza berreskurapenerako programak eginen dira aurreko kurtsoetako irakasgaiak gainditzeko dituzten gainerako ikasleentzat.
Tutoreek eta sostengurako irakasleek emanen diete arreta hezkuntza sistemara berandu sartu izanagatik eta/edo egoera sozial eta kultural ahulean izateagatik hezkuntza sostenguko premiak dituzten ikasleei, lehentasunez klase-taldearen barrenean, ikaslearen erreferentziako ikasgelan.
Nolanahi ere, hezkuntzako arretarako neurrien jarraipena ikaslearen tutoreari dagokio. Horretarako, Hezkuntza sostengurako unitatea koordinatzen duen orientatzailearen aholkularitza izanen du, hezkuntza inklusiboaren irizpideari eutsita.
Ikastetxeek bermatuko dute aniztasunari arreta emateko garatzen diren programazioak, esperientziak, baliabideak eta materialak irakasle taldeen eskura daudela, etengabe eta ondoz ondoko ikasturte akademikoetan.
3.2. Esku hartzea absentismoaren aurrean.
Eskolatzea erabatekoa izan dadila lortzeko eta derrigorrezko hezkuntzaren etapan absentismoa murrizteko, batera eta testuinguruari helduta jardun behar dute hezkuntza komunitate osoak, oinarrizko gizarte zerbitzuek, Adingabearen Babes eta Sustapenerako Atalak eta fiskaltzak.
Absentismoa da eskolako bizitzarekin bat egiteko dauden oztopoen adierazpen argienetako bat. Lehentasunezkotzat jotzen da ikasleak erregulartasunez joatea eskolara beste helburu batzuk lortzeko (ezagutzak, gizarte harremanak, oinarrizko gaitasunak, etorkizunean lana, bizitza soziala eta kulturala izateko aukera...).
Arazoa diagnostikatu eta hari horri aurre egiteko, ikastetxeek absentismoaren protokoloa erabili behar dute, 2015-2016 ikasturtean eguneratu zena. Hezkuntzako ikuskapenak eginen du protokolo horren aplikazioaren jarraipena ikastetxeetan.
Ikastetxearen errealitate hori zehazki ezagututa, sareko lana bultzatuko da inguruneko instituzio guztiekin (SSB, EAIA, adingabearen babesa, eta abar), jarduteko estrategiak prestatzeko, inguruneko beharrekin bat egiten dutenak.
4. Ebaluazioa eta hobekuntza.
Ebaluazioa etengabeko hobekuntzari lotuta dago, eta funtsezko laguntza eta baliabidea da, gainera, errealitatea eta ikastetxeetan izaten diren hezkuntza jarduketen ondorioak hobeki ezagutzeko. Alde horretatik, bai ikasleen hiruhileko emaitzak (behar diren neurriak hartzeko informazio eta hausnarketa iturri izan beharko direnak), bai ebaluazioen emaitzak hartuko dira kontuan hobekuntza planean sartu beharreko neurriak eta eremuak ezartzeko orduan.
4.1. Banakako ebaluazioa hirugarren kurtsoa bukatzean.
Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren 20. artikulua aplikaturik, ikastetxeek banakako ebaluazio bat eginen diete Lehen Hezkuntzako 3. kurtsoko ikasle guztiei.
Hezkuntza Departamentuak jarraibideak emanen ditu proben aplikazioa eta zuzenketa arautzeko.
4.2. Ebaluazio diagnostikoa laugarren kurtsoa bukatzean.
Ikastetxeek ebaluazio diagnostikoa eginen diete Lehen Hezkuntzako laugarren ikasturteko ikasle guztiei.
Ebaluazio eta Kalitate Atalak koordinatuko du ebaluazio hori. Gaitasunak ebaluatzeko probak eginen dira kanpoan, eta ikastetxeetan aplikatu eta zuzenduko dira.
Ikastetxeko zuzendaritza plangintzan arituko da eta behar diren neurriak hartuko ditu, bai proben aplikazioan bai zuzenketan eta txostengintzan parte hartu behar duten irakasleek zeregin horiek beren lan ordutegian bete ahal ditzaten. Ebaluazio horrek ikastetxeentzat prestakuntza eta orientazio izaera duela kontuan hartuta, proben eta emaitzen azterketaren erantzukizuna irakasle guztiena da. Azterketa horretatik informazio garrantzitsua aterako da hezkuntza arreta detektatutako premietara egokitzeko.
Ebaluazio hori negatiboa baldin bada, irakasle-taldeak neurri egokienak hartu behar ditu, arruntak edo ohiz kanpokoak izan, etapako lehendabiziko hiru ikasturteetan etengabeko ebaluazioan bildutako informazioarekin bat.
Ahal bada, probak maiatzean eginen dira eta behar bezain goiz jakinen da zer egunetan zehazki.
Ikastetxeek erabakiko dute noiz eta nola helarazi txostenak familiei ikasturtea amaitu baino lehen. Gomendagarria da hori tutoretzaren testuinguruan egitea. Halaber, erabakiko dute emaitzak nola igorriko zaizkion klaustroari, azter eta balora ditzan. Hausnarketa egin ondoren, hobekuntza ildoak planteatuko dira. Eskola-kontseiluari emanen zaio horren berri eta horren ondorioz hartutako neurrien berri.
4.3. Banakako ebaluazioa seigarren kurtsoa bukatzean.
Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren 21. artikulua eta 1058/2015 Errege Dekretua aplikaturik, ikastetxeek banakako ebaluazio bat eginen diete Lehen Hezkuntzako 6. kurtsoko ikasle guztiei.
Hezkuntza Departamentuak jarraibideak emanen ditu proben aplikazioa eta zuzenketa arautzeko.
Lehen Hezkuntzako 6. kurtsoko ebaluazioaren helburua da kanpoko ebaluazio diagnostikoa egitea Lehen Hezkuntzaren etapa bukatu duten ikasleei.
Lehen hezkuntzako 6. kurtsoan, berariazko ebaluazio diagnostikoaren probak ere eginen dira, British edo PAI programa egiten duten ikasleen lagin bati dagozkionak. Halaber, kontrol-ikastetxeen lagin baterako eginen dira proba horiek.
4.4. Barneko ebaluazioak ikasturtea bukatzean.
Aipatu ebaluazioez gainera, ikastetxeek ziklo bukaerako barneko ebaluazio probak egiten ahalko dituzte Haur Hezkuntzan, eta kurtso bukaerakoak Lehen Hezkuntzan, hobekuntza planaren barruan. Ikastetxeek pixkanaka-pixkanaka beteko dute barneko ebaluazioa Hezkuntza Departamentuak kurtsoko edo etapako ebaluaziorik egiten ez duen ikastaroetan, eta aurreko kurtsoetan erabilitako probak egokitzen ahalko dituzte.
Proba horiek bi helburu izanen dituzte:
a) Alde batetik, ikaskuntzen koherentzia eta progresioa bermatuko dira etapan zehar.
b) Bestetik, hiru hilean behin eginen den etengabeko ebaluazioaren ondorioz eta ikasturte bukaerako ebaluazio horien ondorioz, identifikatuko da zer ikasle dagoen arriskuan eta jarraipen zorrotza eginen zaio etapan zehar.
5. AbiesWeb eta eskolako liburutegia.
Ikastetxeek, eskatuz gero, eskura dute AbiesWeb programa, eskolako liburutegien kudeaketa informatizatua egiteko programa. Departamentuko Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuak instalatu eta martxan jarriko du. Ikastetxeek programaren arduradun izateko aukeratzen dituzten pertsonek programa erabiltzeko oinarrizko ikastaroa eginen dute.
AbiesWeb instalatzen duten edo berriki instalatu duten ikastetxeei, programa horren kudeaketaren ardura duen departamentuko zerbitzuan eskolako liburutegia garatzeko programa aurkezten badute, ikastetxearen ordu erabilgarrien artean astean ordu bat edo bi esleitzen ahalko zaie, ez zuzeneko irakaskuntzakoak, programa abiarazteko eta eskolako liburutegia kudeatzeko, ikastetxeko unitateen eta aurkeztutako programaren arabera.
Eskolako liburutegiaren programa horretan alderdi hauek zehaztuko dira gutxienez: funts bibliografikoen automatizazioa eta antolakuntza, liburutegiak ikastetxearen programei eta proiektuei ematen dien laguntza, irakurketaren sustapenari eta ikastetxeko irakurketa planari lotutako jarduketak, erabilerak eta eskolako erabiltzaileentzako eta eskolaz kanpoko erabiltzaileentzako ordutegiak, maileguak egiteko sistema eta ikastetxeak zehaztutako beste edozein.
II.–Antolaketari dagozkion alderdiak.
1. Antolaketari buruzko alderdiak, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzearen ondoriozkoak.
1.1. Ikastetxearen antolaketa.
Arau aldaketa dela-eta zikloak desagertu direnez, 2016-2017 ikasturtean, modu iragankorrean, ikastetxeek bi edo hiru antolaketa multzo ezar ditzakete Lehenengo Hezkuntzan. Ikastetxeko zuzendariak ikasturte horretarako izendatutako koordinatzailearen agindupean arituko dira multzoetan.
Antolaketa multzo bakoitzaz arduratzen denak, ikasketa burutzak gainbegiratuta, hartan aritzen diren irakasleen taldearen lana koordinatu eta garatuko du.
Antolaketa multzoko koordinatzaileak irakasleak izanen dira, multzo horretan irakasten dutenak, eta, lehentasunez, ikastetxe horretan behin betiko destinoa eta ordutegi osoa dituztenak.
Ikasle-talde berean irakasten duten irakasleek osatuko dute irakasle-taldea.
Ikasle-talde bakoitzak tutore bat izanen du, ikastetxeko zuzendariak izendatua, lehentasunez talde horretan irakastorduak ematen dituzten irakasleen artean.
1.2. Koordinazio Pedagogikorako Batzordea.
Koordinazio Pedagogikorako Batzordea irakaskuntzaren koordinaziorako organoa da, curriculuma garatzeko behar diren alderdi pedagogikoak antolatzeko koherentzia begiratzen duena.
Haren eraketaren eta funtzionamenduaren gaineko araudian zikloko koordinatzaileei buruz agertzen diren aipamenak antolaketa multzoko koordinatzaileei dagozkie.
1.3. Programazioen berrikuspena eta eguneratzea.
Ikasturte honetan, antolaketa multzo bakoitzeko irakasleek, koordinatzailearen agindupean, programazioak berrikusten eta eguneratzen jarraituko dute, antolaketa premietara egokitzeko.
2. Lanaldia.
225/1998 Foru Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren mendeko funtzionarioentzat finkatzen den lanaldia izanen dute, beren eginkizunetara egokitua.
Ekaineko eta iraileko eskola gabeko lan egunetan, egunean ikastetxean egon beharreko bost orduko lanaldi etengabea egin beharko dute irakasleek.
3. Zuzendaritza taldeen koordinazioa.
Ikastetxeen arteko koordinazioa handitzeko eta prestakuntza programetan parte hartzea areagotzeko, zuzendariak astearte goizak libre eduki ditzake, irakastordurik gabe, ikastetxearen aukeren arabera.
4. Irakasleak lanera ez agertzea.
Aldi baterako ezintasun batengatik irakaslea lanera agertzen ez denean ikastetxeko zuzendaritzak egin behar duen kontrola Hezkuntza Departamentuko web orrian ezarritakoari jarraituko zaio:
http://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/incapacidad-temporal
Baja agiria Hezkuntza Departamentuan aurkezten bada, agiriaren kopia bat aurkeztu edo bidali beharko da ikastetxera, ahalik eta lasterren, bertan bajaren eta altaren datak zehatz-mehatz ezagut ditzaten. Ikastetxeko zuzendaritzaren ustez aparteko egoera bat bada, agiria bidali ordez telefonoz jakinarazi ahalko da.
Irakaslea agertzen ez bada, falten agiriak zuzendaritzan aurkeztu beharko dira lanera itzultzen den egunean berean. Falten agiria ez bada aurkeztu 2 egun natural igaro ondoren ikastetxera itzultzen den egunetik aurrera, zuzendaritzak horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, indarreko araudian ezarri bezala jokatzeko. Halaber, irakasleari jakinaraziko zaio idatziz.
5. Zaintzak.
Zaintzako irakaslearen eginkizun nagusiak hauek dira:
a) Irakaslea lanera ez agertzeagatik edo beste edozein arrazoirengatik zaintzailerik ez duten ikasleei arreta ematea.
b) Korridoreetan ordena zaintzea eta, oro har, ikasleek gelaz kanpo duten portaera. Horrek ez du esan nahi beste irakasleek eginkizun hori bete behar ez dutenik.
c) Beren zaintza-orduetan sortzen diren gorabehera guztiak konpontzea, bai eta ikastetxeko norbait mediku beharrean gertatuz gero hartarako kudeaketak egitea ere, eta ikasketaburutza lehenbailehen jakinaren gainean jartzea.
d) Bere zaintza-orduetan irakasleren bat agertzen ez bada edo berandu iristen bada, klaseei, zaintzei, liburutegiari eta bestelako jarduerei dagokienez, horren berri ematea ikasketaburuari, idatziz.
e) Zuzendariak agintzen dion beste edozein eginkizun, bere eskumeneko esparruan.
Zuzendaritzak baimena eman dezake irakasleren baten zaintza-orduak berariazko beste jarduera batzuekin trukatzeko, baldin eta zaintza-ordu guztiak beteta badaude.
6. Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak.
6.1. Gaitasun digitala eta hezkuntzako teknologia.
Hezkuntza Departamentuak Integra IKT proiektua garatu du 2014-2015 ikasturtean, I. eta II. faseetan hautatu ziren ikastetxeen hobekuntza planetan.
Proiektu horretan eta azken urteetan garatu diren beste proiektu pilotu batzuetan ateratako ondorioak abiapuntu izanik, 2016-2017 ikasturtean, Integratic-en I. faseko ikastetxeek parte har dezakete hezkuntzako teknologiaren ikastetxeen sare batean (IntegraTE-IntegraHTu). Hartan, ikastetxeek beren proiektuak aurkez ditzakete irakasleen eta ikasleen gaitasun digitala hobetzeko, prozesu administratiboak hobetzeko eta informazio eta komunikazio sistemak hobetzeko. Hezkuntzako teknologia segurtasunez eta erantzukizunez erabiliz gauzatuko da arlo horietako hobekuntza.
Sare horretan parte hartzen duten ikastetxeek hezkuntzako teknologiaren koordinatzaile bat izanen dute gutxienez ikastetxearen gaitasun digitala hobetzeko programaren koordinazio pedagogikoa eramateko. Gainera, koordinatzaile horrek prestakuntza ekintzetan, esperientzia trukeetan eta prozesu orokorren jarraipenean eta ebaluazioan parte hartuko du, ikastetxean bertan, ordutegi arruntaren barnean.
Ikastetxeen sarean parte hartzeko deialdia hurrengo urteetan zabalduko da, dagoeneko martxan dauden beste neurri batzuekin batera, hala nola banda zabal ultrazkarra hedatzeko plana, informatikako mantentze-lanetako ofizialak ezartzea eta ekipamendu eta eduki digitalak eskuratzeko mekanismoak.
Aurrekoaz gain, ikastetxeek ILZen langileen aholkularitza didaktikoa izanen dute, bereziki hezkuntzako teknologien aholkulariena.
6.2. Informatikako mantentze-lanak.
Hezkuntzako Teknologien Atalaren menpeko informatikako mantentze-lanetako ofiziala duten ikastetxeetan, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien arduradunak ondoko helburuak izanen ditu:
–Google Apps, blogak, site-ak, Moodle, Classroom eta gisako tresnen erabilera sustatzea, gainerako irakasleekin elkarlanean.
–Informazioaren eta komunikazioaren teknologiei buruzko prestakuntza plan bat prestatu eta gauzatzea, gidak eta tutorialak erabiliz.
–Sostengua ematea irakasleei software-ari buruzko gaietan (aplikazioak eta sistema eragileak).
–Ikastetxeko weba, intraneta, Moodle ikastaroak eta argitalpen elektronikoak kudeatzea.
–Beharrezko baliabideak kudeatzea informazio trukaketa ahalbidetzeko (Drive-en karpeta partekatuak, NASa, biltegirako zerbitzaria, eta abar), irakasleen eta departamentuen arteko elkarlana sustatuz.
Bestalde, mantentze-lanetako ofiziala arduratuko da ikastetxeko osagai informatiko guztien funtzionamendu egokiaz, eta ondokoak hartuko ditu bere gain:
–Hardwarea: ekipoen mantentze-lanak, matxurak konpontzea, inbentarioa kudeatzea eta ekipamendu berriak instalatzea.
–Softwarea: ekipoak prestatu eta konfiguratzea, gorabeherak konpontzea eta aplikazioak eta sistema eragileak instalatzea.
–Segurtasuna: ikastetxeko ordenagailuen eta wifiaren pasahitza zaintzea, antibirusa instalatu eta eguneratzea, birusa garbitzea eta identifikatzea noiz erabiltzen den sarea behar ez bezala edo segurtasunik gabe.
–Ikastetxeari aholkua eta sostengua ematea ekipoak nahiz softwarea erostean.
Hezkuntza Departamentuaren jarraibideak aplikatzea hezkuntzaren programak, proiektuak eta ekintzak ezarri, antolatu eta garatzean, informazioaren eta komunikazioaren teknologien esparruarekin lotuta badaude.
Horrez gain, informatikako mantentze-lanetarako kontratu zentralizatu bat dago. Ikastetxeek horri buruzko informazio guztia dute eskura PNTEren webeko kasuan kasuko atalean: http://goo.gl/xUV3tz
7. Ordutegi osagarria.
Nahitaezko prestakuntzarako urtean dauden 35 orduak honela sailkatuko dira: ikastetxearen prestakuntza instituzionala eta norberaren prestakuntza. Ildo horretan, ikastetxeek prestakuntza instituzionalaren programa bat ezarriko dute ikastetxeko irakasle guztientzat. Prestakuntzak, urtean, 12 ordu iraunen du gutxienez. Zuzendaritza taldeak finkatuko du programa horren edukia eta nola banatu ikasturtean zehar, hobekuntza planaren helburuak kontuan hartuta, eta hori guztia ikastetxearen prestakuntza planean jasoko da. Lehentasunezkoa izanen da, eta irakasle guztiek nahitaez egin beharko dute. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratuko du haien ezarpena.
Ikasturte bakoitzean prestakuntza instituzionala nahitaez bete beharrekoa bada ere, prestakuntza indibiduala bi ikasturteko epean egin daiteke, baldin eta bi urte horietan prestakuntzan emandako orduen kopuruak betetzen badu aurreko paragrafoan ezarritakoa.
Prestakuntza instituzionaltzat hartzen ahalko da, besteak beste, SHE, Jasangarritasun Eskolen Sarean, Elkartasuneko Eskolen Sarean, Eskola Seguruen Sarean eta Eskola Sozioemozionalen Sarea bezalako sareetan parte hartzea, zuzendaritza taldearen lidergopean, edo hezkuntza-inklusioa eta eskola-arrakasta hobetzeko kontratu-programetan.
Ordu batzuk erreserbatuko dira irakasle taldeak horizontalki koordinatzeko saioetarako, ebaluazio saioez aparte. Bereziki hartuko da kontuan koordinazio lehen bilera, ikasleei irakasteko jarduerak hasi baino lehen egiten dena. Alde horretatik, berebiziko garrantzia izanen dute Lehen Hezkuntzako lehen mailako ikasleentzako koordinazio bilerek.
Prestakuntza instituzionalaren planaren helburua ulermenezko irakurketa hobetzea bada, horretarako berariazko plan bat prestatuz eta abiaraziz, ikastetxeek irakasle bat esleitzen ahalko dute plan hori koordinatzeko. Irakurketa planaren koordinatzaileak astean ordu osagarri bat edo bi izaten ahalko du bere eginkizunak betetzeko, ikastetxearen tamainaren eta prestakuntza planaren garapenaren arabera.
Ikastetxe horietan, prestakuntza instituzionalaren planak hala eskatzen duenean, irakasleen taldeak horizontalki koordinatzeko saioetarako orduak prestakuntza ordutzat hartzen ahalko dira, irakurketaren aholkulariak horren berri izan ondoren oniritzia ematen badu.
8. Ordutegi malgutasuna.
Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek, kudeaketarako duten autonomiaz baliaturik eta beren behar eta helburuekin bat, malgutasuna izanen dute ikastetxeko ordutegia prestatzeko. Ildo horretan, gerta liteke irakasleen ordutegia ez etortzea guztiz bat ikasleen ohiko eskola ordutegiarekin.
Halaber, duten autonomia baliaturik, ikastetxeek Haur Hezkuntzako bigarren zikloko lehen kurtsoan sartzen diren ikasleen egokitzealdia programatzen ahalko dute, Urteko Programazio Orokorrean sartuko dena. Egokitzealdiko ordutegia zehazteko, eskola-kontseiluari aditu beharko zaio.
Programazio horrek honako alderdi hauek hartu beharko ditu aintzat, besteak beste: egokitzea errazteko berariazko jarduerak diseinatzea, banakako beharrak kontuan hartzea, familiakoen parte-hartzea eta laguntza, ordutegien malgutasuna eta ikastetxearen antolaketa.
Ikasleak pixkana sartzea erabakitzen bada, gehienez ere hiru asteko epea izanen dute horretarako, eta, betiere, bermatu beharko dute ikasleei arreta denbora guztian ematea, hala eskatzen duten familien kasuan.
9. Familiei informazioa ematea.
Ikastetxeko irakasle guztiek informazioa emanen diete familiei, ahal den lasterren, ikasleen eskola jardueraren gainean eragina duten eta garapen akademiko arrunta eragozten duten gorabehera garrantzitsu guztiei buruz. Informazioa koherentziaz igorriko dela bermatzeko, ikaslearen tutorearekin koordinatuta igorri beharko dute irakasleek.
Ondorio horietarako, ikastetxeek prozesu horiei buruz behar den informazio guztia emanen diete gurasoei edo legezko ordezkariei. Bizikidetza gatazken kasuan, ukituak gertatzen diren adingabeen legezko ordezkariei ere informazioa emanen zaie edo informazioa eskuratzeko aukera eskainiko zaie, babestu behar diren datuak eta interesak salbuetsita. Komunikazioa ahalik eta lasterren eginen da (beranduenez, hiru eskola egun igaro ondoren gertaerak ezagutzen direnetik).
10. Erreklamazioak.
Familiei haien seme-alaben bilakaeraren eta errendimendu akademikoaren balorazio objektiboa bermatzeko, ikaslearen gurasoek edo legezko ordezkariek eskatzen dituzten argibideak emanen dituzte irakasleek. Horrez gain, idatzizko proba, ariketa eta lanak ikusten ahalko dituzte, ikastetxeak berak ezarritako prozedurari jarraituz.
Halaber, familiek zilegi izanen dute balorazioei eta kalifikazioei buruzko argibideak eskatzea irakasleari. Argipenak eskatzeko edo bidezko erreklamazioak egiteko prozedura Hezkuntzako kontseilariak maiatzaren 21ean eman 49/2013 Foru Aginduan araututakoa izanen da.
11. Eskola informazioaren kudeaketa: Educa.
Educa-ren koordinazioa: zuzendaritza taldeak edo hark eskuordetutako pertsonak aholkuak emanen dizkie ikastetxeko erabiltzaileei Educa kudeaketa sistemari buruz. Horrez gain, sistema horren aldaketen eta funtzionalitate berrien informazioa jasoko du, eta haiek ikastetxean erabil daitezen sustatu eta koordinatuko du.
2016-2017 ikasturtean, irakaslearen kaiera garatzen joanen da. Hori irakasleen kudeaketarako gailu mugikorretara egokitutako aplikazio batean zehaztuko da. Lehenbiziko fasea eskura egoten denean, non espero baita ikasleen sostenguaren kudeaketa sartzea, beharrezko informazioa emanen zaie ikastetxean Educa-ren koordinazioa egiten dutenei.
Ohartarazten da irakasleek @educacion.navarra.es posta-kontuak erabili beharko dituztela haien harreman profesionaletan.
Gainera, ikasleen kontuei dagokienez, geroko lan administratiboa errazteko asmoz, ikastetxeei eskatzen zaie matrikula prozesuetan ikasleen kontu horiek sortu eta erabiltzeko (jadanik sortu ez badira) eta “in situ” aktibatzeko baimena eska diezaietela familiei. Baimen hori kontua lehenbizikoz sortu eta aktibatzen denean eskatu behar da bakarrik. Hori eginda, kontua aktibaturik izanen da ikaslearen eskola bizitza osoan.
Bestetik, PNTEri eskatu behar zaio ikastetxeko kontuak berariazko eginkizunetarako sortzea.
Ikastetxeei gogorarazten zaie komeni dela EDUCAk eskura dituen funtzionaltasun guztiak erabiltzea.
12. Unibertsitateko ikasleen praktikak ikastetxeetan.
Hezkuntzarekin zerikusia duten unibertsitateko titulazioek prestakuntza praktikoa dute haien edukien artean. Jarduera hori dagokion hezkuntza mailako ikastetxeetan garatu behar da, eta beharrezkoa izanen da irakasleek hura antolatzen eta garatzen parte hartzea.
Ikasturte bakoitzean ikasle horien tutoretza lana egiten duten irakasleek aintzatespen bikoitza izanen dute Hezkuntza Departamentuaren aldetik:
–Tutoretza lanaren urte bakoitza meritutzat hartuko da.
–Ikasturte bakoitzeko tutoretza lana prestakuntza ordutzat kontabilizatuko da; gehienez ere 35 ordu. Hezkuntza Departamentuak luzatuko du prestakuntza hori egiaztatzen duen ziurtagiria, praktikak antolatzen dituen unibertsitateak eta horiek egiteko ikastetxeak emandako informazioa kontuan hartuta. Ikasle bakoitzaren tutoretza lanetan irakasle batek baino gehiago parte hartzen badu, berdintasunean banatuko dira dagozkien prestakuntza orduak.
Bestaldetik, praktiketan ari diren ikasleak hartzen dituen ikastetxeak praktiken koordinatzaile bat izendatuko du, unibertsitateekin eta Hezkuntza Departamentuarekin solaskide zuzena izanen dena. Ikastetxe horrek “Prestakuntza ikastetxe” izaera izanen du eta Hezkuntza Departamentuak ikastetxeentzat ezartzen dituen deialdietan baloratuko da inguruabar hori, baldin eta hala jasotzen bada, eta deialdiaren arauetan ezartzen den moduan.
13. Lehen Hezkuntzaren ebaluazioa.
Lehen Hezkuntzako ikasleak ebaluatzeko prozedura arautzen duen 72/2014 Foru Aginduan xedatutakoaren ondorioz, aurreko kurtsoetako arloren bat berreskuratzeko programa bat egiten ari diren ikasleen kasuan, GB siglekin (Gainditu Gabe) eginen da kalifikazioa matrikulaturik dauden kurtsoko arlo horretan, ikasleek ez badituzte egin matrikulaturik dauden kurtsoko curriculumeko edukiak. GB jartzea kalifikazio negatibotzat joko da.
10. artikuluan ezarritako ondorioetarako (Hurrengo mailara eta etapara pasatzea), izen berarekin egiten diren arloak arlo bakar baten gisa konputatuko dira, hurrengo mailara pasatzeko ondorioetarako.
III.–Araudia
1. Orokorra.
–47/2010 Foru Dekretua (Bizikidetza). 2010eko irailaren 24ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala. Uztailaren 2ko 57/2014 Foru Dekretuak aldatua (2014ko uztailaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).
–204/2010 Foru Agindua. (Bizikidetza). 2011ko urtarrilaren 20ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–63/2013 Foru Agindua (Kalitatearen kudeaketa). 2013ko abuztuaren 22ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala. 10/2015 Foru Aginduak aldatua (2015eko martxoaren 3ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).
–455/2013 Ebazpena (Begiraleen lan jarduketak). 2013ko irailaren 26ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–112/2013 Foru Agindua (Banatze, dibortzio edo desadostasun egoeran dauden gurasoei buruzko jarraibideak). 2013ko abenduaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
2. Haur Hezkuntzako bigarren zikloa.
–23/2007 Foru Dekretua. (Curriculuma). 2007ko apirilaren 24ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–51/2007 Foru Agindua. (Ordutegia). 2007ko ekainaren 15eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
47/2009 Foru Agindua. (Ebaluazioa). 2009ko maiatzaren 1eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–66/2010 Foru Dekretua (hezkuntzako eta lanbideko orientazioa). 2010eko azaroaren 29ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–93/2008 Foru Agindua. (Aniztasunari arreta ematea). 2008ko uztailaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–1594/2011 Errege Dekretua (maisu-maistren kidegoko hezkuntza espezialitateak). 2011ko azaroaren 9ko Estatuko Aldizkari Ofiziala. –1594/2011 Errege Dekretuaren akats zuzenketa (2012ko urtarrilaren 14ko Estatuko Aldizkari Ofiziala).
–110/2011 Foru Agindua (Ingelesez ikastetxe publikoetan ikasteko programen oinarrizko alderdiak). 2011ko abuztuaren 16ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala. 97/2012 Foru Aginduak aldatua (2012ko urriaren 16ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).
–Martxoaren 20ko 26/2012 Foru Agindua (Euskara espezialitateak). 2012ko apirilaren 16ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
3. Lehen Hezkuntza.
–126/2014 Errege Dekretua (Lehen Hezkuntzako oinarrizko curriculuma). 2014ko martxoaren 1eko Estatuko Aldizkari Ofiziala.
–60/2014 Foru Dekretua (Nafarroako curriculuma). 2014ko irailaren 5eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–51/2014 Foru Agindua. (Ezarpena). 2014ko uztailaren 7ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala. 64/2015 Foru Aginduak aldatua (2015eko abuztuaren 13ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).
–72/2014 Foru Agindua (Ebaluazioa eta hurrengo kurtsora igarotzea). 2014ko irailaren 24ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–49/2013 Foru Agindua. (Erreklamazioak). 2013ko ekainaren 21eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–66/2010 Foru Dekretua (hezkuntzako eta lanbideko orientazioa). 2010eko azaroaren 29ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–93/2008 Foru Agindua. (Aniztasunari arreta ematea). 2008ko uztailaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–434/2008 Ebazpena (Laguntzeko programa). 2008ko abenduaren 1eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–139/2009 Foru Agindua. (Hizkuntzako betebeharrak programa eleanitzetan). 2009ko abuztuaren 19ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–110/2011 Foru Agindua (Ingelesez ikasteko programen oinarrizko alderdiak). 2011ko abuztuaren 16ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–1594/2011 Errege Dekretua (maisu-maistren kidegoko hezkuntza espezialitateak). 2011ko azaroaren 9ko Estatuko Aldizkari Ofiziala. –1594/2011 Errege Dekretuaren akats zuzenketa (2012ko urtarrilaren 14ko Estatuko Aldizkari Ofiziala).
–Martxoaren 20ko 26/2012 Foru Agindua (Euskara espezialitateak). 2012ko apirilaren 16ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–Maiatzaren 31ko 287/2013 Ebazpena (Unibertsitateko ikasleen prestakuntza praktikoan parte hartzen duten ikastetxe eta irakasleentzako aitorpena). 2013ko ekainaren 7ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
II. ERANSKINA
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa ematen duten ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua 2016-2017 ikasturtean arautzeko jarraibideak
Ikasturte hasierako jarraibideek indarreko araudiaren alderdi batzuk zehaztu eta argitzen dituzte, eta arautu gabeko beste batzuk arautzen, ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua hobetzeko. Horretaz gainera, ikasturterako lan ildo nagusiak ezarri nahi dituzte.
Jarraibideak hiru kapitulutan daude bereizita:
Lehenbizikoa, urteko programazio orokorrari buruz. Bertan ikastetxearen hobekuntza planaren gaineko argibideak ematen dira, bai eta ebaluazioetan duen parte-hartzearen gainekoak ere, hobetzen ahal diren eremuak detektatzeko.
Bigarrenean, antolakuntza alderdi batzuk zehazten dira, ikastetxearen funtzionamendurako beharrezkoak direnak.
Hirugarrenean, gehien erabiltzen diren LOEren ondoriozko arauak zerrendatzen dira.
I.–Urteko Programazio Orokorra.
Urteko programazio orokorra oinarrizko tresna da eta ikastetxeko plangintza, antolaketa eta jarduna biltzen ditu, baita hobekuntza plana ere. Dokumentu hori prestatzeko orduan, zorroztasuna, erraztasuna eta erabilgarritasuna hartuko dira kontuan.
Autonomiaren, erantzukizunaren eta efizientziaren printzipioekin bat etorriz, zuzendaritza taldeak bere baliabideak kudeatu behar ditu eta plangintza bat egin behar du ikasleentzako laguntza zein emaitza akademikoak hobetzeko (antolaketa, ordutegia, barruko eta kanpoko koordinaziorako egutegia, etab.).
Urteko programazio orokorrak izan behar dituen atalak Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoaren 62.2 artikuluan daude ezarrita (25/1997 Foru Dekretua), baita erregelamendu hori garatzen duen 258/1998 Foru Aginduan ere. Ikastetxeen antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko urteko jarraibide hauek zenbait zehaztapen erantsi zizkieten atal horiei. Agiri horiek bateratzearen ondorioz, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ondoko indizea proposatu die ikastetxeei urteko programazio orokorra egiteko:
A) Urteko plana/Hobekuntza plana.
B) Ikastetxearen ordutegi orokorra eta hura prestatzeko irizpide pedagogikoak.
C) Ikastetxearen Hezkuntza-proiektuaren/curriculumaren urteko zehaztapena.
C.1 Adostasun agiria
C.2 Aniztasunari arreta emateko urteko plana.
C.3 Orientazio akademikoaren plana. Tutoretza plana.
C.4 Bizikidetza plana.
D) Gobernu organoak eta koordinazio didaktikorako organoak.
D.1 Eskola kontseilua eta klaustroa.
D.2 Zuzendaritza taldea.
D.3 Koordinazio Pedagogikorako Batzordearen urteko lan plana.
D.4 Orientabide Departamentua.
D.5 Departamentuetako urteko plana.
E) Ikastetxeko prestakuntza plana.
F) Jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak.
G) Zerbitzu osagarriak.
H) Urteko programazio orokorraren ebaluazioa.
Kalitate programetan parte hartzen duten ikastetxeek hobekuntza planaren helburuak sartuko dituzte urteko planean. Ikastetxe horien dokumentazioa haien kalitate eskuliburuan bildutakoa izanen da, beharrezkotzat jotzen dutenean hura osatzeko aukera galarazi gabe.
Programazio didaktikoei dagokienez, ikastetxeek adostasun agiria beteko dute. Hartan, departamentuko buruak eta ikastetxeko zuzendariak ziurtatuko dute programazioak dituela, era egokian, eskatzen diren atal guztiak. Horrenbestez, ikastetxeek ez dituzte programazioak igorriko. Beharrezkoa denetan, irakaskuntza ikuskatzeko prozesuetan sartuta egoteagatik, kalifikazioen erreklamazioagatik edo beste batzuengatik, berariaz eskatuko da programazioa.
1. Ikastetxeko hobekuntza plana.
Etengabeko hobekuntzaren kulturan, beharrezkoa da hobekuntza plan bat izatea, ikastetxeak bidezkotzat jotzen dituen helburuak zehazten dituena, honako hauek hobetzeko:
–Emaitzak, kanpoko nahiz barruko ebaluazioetan, bereziki arlo hauetan: irakurmena eta idazmena, gaztelaniaz zein euskaraz; matematikako gaitasuna; atzerriko hizkuntza; eta gaitasun zientifikoa.
–Balioetan oinarrituta dagoen ikasleen hezkuntza.
–Gaitasun digitalaren hobekuntza.
–Kalitatea kudeatzeko plana, ikastetxean halakorik bada.
Hobekuntza planak, ikastetxearen egoeraren azterketatik abitatuta, ikuspegi orokor eta integratzaile batetik aurreikusitako helburuak lortzera zuzendutako jarduketa batzuk ezarriko ditu, denbora batez jarraitu behar dutela kontuan hartuta.
Datuetan oinarritutako egoeraren azterketa erraztu eta bateratzeko, eta helburuak lortzeko, Educa kudeaketa sistemak kudeatzailearen profilean sartzen dituen kontsulta automatizatuak ezarriko dira datu horien iturri gisa.
Ikastetxearen hobekuntza planean aurreikusitako neurriek adierazle batzuk izan beharko dituzte, haien eraginkortasuna ebaluatzeko. Emaitzak ikasturte bukaerako memorian sartuko dira.
Hezkuntza Departamentuak, bere zerbitzuen bidez, ikastetxe bakoitzaren hobekuntza planaren garapena eta haren helburuen lorpena bultzatuko ditu, orientazioak, proposamenak, jardunbide egokien adibideak eta, halakorik bada, irakasleen prestakuntza emanez, ikastetxeek hobekuntza ildo eta jarduketak lehenetsi eta hautatzeko laguntza izan dezaten.
Ikastetxearen prestakuntza plana prestakuntza instituzionalaren gakoa da. Zuzendaritza taldeak ezarriko du haren edukia, hobekuntza planetik eratorritako premiak kontuan hartuta.
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratuko du hobekuntza planaren eta hortik datorren prestakuntza instituzionalaren planaren garapena, bere plan estrategikoaren arabera.
2. Bizikidetza eta berdintasuna.
Bizikidetzaren eta berdintasunaren balioak gako elementuak dira ikastetxe bakoitzeko hezkuntza proiektuaren barrenean.
2.1. Bizikidetza.
Bizikidetza planean curriculumeko eta antolaketako neurriak biltzen dira bizikidetza hobetzeko eta eskola-jazarpenaren edo tratu txarren egoerei aurrea hartzeko eta arreta emateko, eta, orobat, begirune, tratu eta aukera berdinak eskaintzeko eta errespetua sustatzeko ikastetxearen komunitateko kide guztien artean, salbuespenik egin gabe.
Zeregin hori gauzatzeko, ikastetxe bakoitzak bere bizikidetza planaren jarduketa ildoak jorratu beharko ditu. Horretarako, web orri honetako ereduak eta iradokizunak balia daitezke:
http://www.educacion.navarra.es/web/dpto/educacion-en-valores/asesoria-para-la-convivencia/profesorado/documentos-de-apoyo
http://www.educacion.navarra.es/documents/27590/616981/acoso+escolar.pdf/17ce7bf1-57a9-4f96-9f7d-571ba2fb3b23
Eta jokabide suizidei aurre egiteko protokoloa:
http://www.educacion.navarra.es/documents/27590/548485/Suicidio.pdf/b5374981-511a-40ed-82c5-7c74bc23b049
Ikastetxe bakoitzean, bizikidetza plana eta horren urteko zehaztapena eguneratu eta bizikidetza araudira egokituko dira. Zeregin hori orientatzeko, Hezkuntza Departamentuak, foru agindu baten bidez, laster osatuko du indarrean dagoen araudia (57/2014 Foru Dekretua, 47/2010 Foru Dekretua, 204/2010 Foru Agindua eta Nafarroako hezkuntzan genero indarkeriari aurrea hartzeko eta berdintasunezko heziketarako plana).
Elkarbizitzari buruzko araudia web honetan kontsulta daiteke:
http://www.educacion.navarra.es/web/dpto/educacion-en-valores/asesoria-para-la-convivencia
Ikastetxe bakoitzeko tutoretza planean eta hezkuntza orientabidearen zereginetan, neurri eta jarduerak programatuko dira ikasleen artean bizikidetza eta errespetua sustatzeko.
2.2. Berdintasuna.
Ikastetxeko urteko programazio orokorraren barrenean, atal bat erantsiko da, ondokoa lortzeko helburuak zehaztuko dituena:
–Genero indarkeria prebenitzea eta bereizkeria-jarrerak saihestea, errespetu jarrerak garatuz pertsona guztien gorputzari, autoestimuari, norberaren segurtasunari eta errespetua eta indarkeria-eza oinarri dituzten giza hartu-emanak izateko gaitasunari dagokionez.
–Aldaketak sustatzea emakumeen eta gizonen arteko hartu-emanek dituzten estereotipoetan.
–Maskulinitatearen eta feminitatearen bestelako ereduak aurkeztea, gizarte berdinagoa eta aurrez aurrekorik gabea eraikitzeko.
–Sustatzea berdin baloratuko direla emakumeen eta gizonen esperientzia, gaitasuna eta ekarpen soziala zein kulturala.
–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta giza eskubideekiko errespetua sustatzen dituzten hezkuntza materialak eta testu liburuak erabiltzea.
–Sustatzea orientabide akademikoak eta profesionalak oinarri daitezela pertsonen gaitasunetan eta trebetasunetan, eta ez sexu batekoa edo bestekoa izatean.
Tutoretza plana urtero zehaztean, aipatutako helburuak gauzatzeko jarduketak sartuko dira.
3. Aniztasunari arreta ematea.
Ikastetxeetako zuzendaritzek Aniztasunari arreta emateko planaren zehaztapen bat igorriko diote, euskarri elektronikoan, Aniztasunarekiko Arretaren eta Hezkuntza Premia Berezien Atalari. Bertan jasoko da zein diren antolaketan ezarritako neurriak eta nola banatu diren esleitutako baliabideak.
Plan hori prestatzeko orientabideak Hezkuntza Departamentuaren webgunean kontsulta daitezke:
http://www.educacion.navarra.es/web/dpto/plan-de-atencion-a-la-diversidad
Ikasle guztiei behar bezalako arreta emateko, ikastetxeek premia guztiei egokien erantzuten dieten neurriak antolatuko dituzte, ikasteko nahasmenduaren eta arreta faltagatiko nahasmenduaren eta hiperaktibitatearen ondoriozkoak barne, baita gaitasun intelektual handien ondoriozkoak ere, indarreko araudian ezarritakoaren arabera. Gainera, ikasleengan detektatzen diren premia guztiei erantzuteko, behar diren proba egokitzapenak, metodologia aldaketak eta abar garatuko dira.
Irakasle taldeen proposamenak jaso ondoren, ikasketaburutzak ikasleen premiei dagokien laguntza antolatuko du, hezkuntza orientabidearen arduradunen aholkuei jarraikiz eta ikastetxearen baliabideak kontuan hartuz.
Berariazko egiturei atxikitako ikasleen curriculum egokitzapen garrantzitsuak Pedagogia Terapeutikoko irakasleek egin behar dituzte. Irakasgaiko irakasleek izanen dute gainerako curriculum egokitzapenak egiteko ardura. Taldeko tutoreari egokitzapen horien berri eman beharko zaio.
Hezkuntza orientabidearen ardura dutenek irakasleak aholkatuko dituzte eta haiekin elkarlanean arituko dira curriculum-egokitzapen garrantzitsuak prestatzeko.
Irakasgairen bat gainditu gabe duten ikasleentzako indartze programa prestatu behar da; programa horretan, proposatutako neurriek ukitzen dituzten departamentuek parte hartu behar dute.
Ikaskuntza eta Errendimendua Hobetzeko Programako ikasleen kasuan, irakasleek aurreko kurtsoetan gainditu gabeko irakasgaien indartze programak prestatu eta ebaluatuko dituzte, beren eskumeneko irakasgai, esparru eta proiektuetan. Ikasleek gainditu gabeko irakasgaien ebaluazioak positiboa izan behar du, eduki progresiboak dauzkaten programetako irakasgaia, esparrua edo proiektua kalifikatu ahal izateko.
Ikastetxeek bermatuko dute aniztasunari arreta emateko berariazko planetan garatzen diren programazioak, esperientziak, baliabideak eta materialak irakasle taldeen eskura daudela, etengabe eta ondoz ondoko ikasturte akademikoetan.
3.1. Esku hartzea absentismoaren aurrean.
Eskolatzea erabatekoa izan dadila lortzeko eta derrigorrezko hezkuntzaren etapan absentismoa murrizteko, batera eta testuinguruari helduta jardun behar dute hezkuntza komunitate osoak, oinarrizko gizarte zerbitzuek, Adingabearen Babes eta Sustapenerako Atalak eta fiskaltzak.
Absentismoa da eskolako bizitzarekin bat egiteko dauden oztopoen adierazpen argienetako bat. Lehentasunezkotzat jotzen da ikasleak erregulartasunez joatea eskolara beste helburu batzuk lortzeko (ezagutzak, gizarte harremanak, oinarrizko gaitasunak, etorkizunean lana, bizitza soziala eta kulturala izateko aukera...).
Arazoa diagnostikatu eta hari horri aurre egiteko, ikastetxeek absentismoaren protokoloa erabili behar dute, 2015-2016 ikasturtean eguneratu zena. Hezkuntzako ikuskapenak eginen du protokolo horren aplikazioaren jarraipena ikastetxeetan.
Ikastetxearen errealitate hori zehazki ezagututa, sareko lana bultzatuko da inguruneko instituzio guztiekin (SSB, EAIA, adingabearen babesa, eta abar), jarduteko estrategiak prestatzeko, inguruneko beharrekin bat egiten dutenak.
4. Ebaluazioa eta hobekuntza.
Ebaluazioa etengabeko hobekuntzari lotuta dago, eta funtsezko laguntza eta baliabidea da, gainera, errealitatea eta ikastetxeetan izaten diren hezkuntza jarduketen ondorioak hobeki ezagutzeko. Alde horretatik, bai ikasleen hiruhileko emaitzak (behar diren neurriak hartzeko informazio eta hausnarketa iturri izan beharko direnak), bai ebaluazioen emaitzak hartuko dira kontuan hobekuntza planean sartu beharreko neurriak eta eremuak ezartzeko orduan.
4.1. Ebaluazio diagnostikoa.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 29. artikulua aplikaturik, ikastetxeek ebaluazio diagnostikoa eginen diete DBHko 2. kurtsoko ikasle guztiei.
Ebaluazio eta Kalitate Atalak koordinatuko du ebaluazio hori. Kanpoko probak eginen dira gaitasun hauek ebaluatzeko:
–Hizkuntza gaitasuna: irakurmena eta idazmena, gaztelaniaz zein euskaraz, ikasten ari den hizkuntza ereduaren arabera.
–Matematikako gaitasuna.
–Hizkuntza gaitasuna ingelesez.
–Gaitasun zientifikoa.
Ikastetxeetan aplikatu eta zuzenduko dira probak.
Ikastetxeko zuzendaritza plangintzan arituko da eta behar diren neurriak hartuko ditu, bai proben aplikazioan bai zuzenketan, datu grabaketan eta txostengintzan parte hartu behar duten irakasleek zeregin horiek beren lan ordutegian bete ahal ditzaten. Ebaluazio horrek ikastetxeentzat prestakuntza eta orientazio izaera duela kontuan hartuta, proben eta emaitzen azterketaren erantzukizuna irakasle guztiena da. Azterketa horretatik informazio garrantzitsua aterako da hezkuntza arreta detektatutako premietara egokitzeko.
Ahal bada, probak maiatzean eginen dira eta behar bezain goiz jakinen da zer egunetan zehazki.
Ikastetxeek erabakiko dute noiz eta nola helarazi txostenak familiei ikasturtea amaitu baino lehen. Gomendagarria da hori tutoretzaren testuinguruan egitea. Halaber, erabakiko dute emaitzak nola igorriko zaizkion klaustroari, azter eta balora ditzan. Hausnarketa egin ondoren, hobekuntza ildoak planteatuko dira. Horren guztiaren berri emanen zaio eskola-kontseiluari.
5. AbiesWeb eta eskolako liburutegia.
Ikastetxeek, eskatuz gero, eskura dute AbiesWeb programa, eskolako liburutegien kudeaketa informatizatua egiteko programa. Departamentuko kasuan kasuko zerbitzuak instalatu eta martxan jarriko du. Ikastetxeek programaren arduradun izateko aukeratzen dituzten pertsonek programa erabiltzeko oinarrizko ikastaroa eginen dute.
AbiesWeb instalatzen duten edo berriki instalatu duten ikastetxeei, programa horren kudeaketaren ardura duen departamentuko zerbitzuan eskolako liburutegia garatzeko programa aurkezten badute, ikastetxearen ordu erabilgarrien artean astean ordu osagarri bat edo bi esleitzen ahalko zaie, programa abiarazteko eta eskolako liburutegia kudeatzeko, ikastetxeko unitateen eta aurkeztutako programaren arabera.
Eskolako liburutegiaren programa horretan alderdi hauek zehaztuko dira gutxienez: funts bibliografikoen automatizazioa eta antolakuntza, liburutegiak ikastetxearen programei eta proiektuei ematen dien laguntza, irakurketaren sustapenari eta ikastetxeko irakurketa planari lotutako jarduketak, erabilerak eta eskolako erabiltzaileentzako eta eskolaz kanpoko erabiltzaileentzako ordutegiak, maileguak egiteko sistema eta ikastetxeak zehaztutako beste edozein.
II.–Antolaketari dagozkion alderdiak.
1. Lanaldia.
225/1998 Foru Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren mendeko funtzionarioentzat finkatzen den lanaldia izanen dute, beren eginkizunetara egokitua.
Ekaineko eta iraileko eskola gabeko lan egunetan, egunean ikastetxean egon beharreko bost orduko lanaldi etengabea egin beharko dute irakasleek.
2. Zuzendaritza taldeen koordinazioa.
Ikastetxeen arteko koordinazioa handitzeko eta prestakuntza programetan parte hartzea areagotzeko, zuzendariak astearte goizak libre eduki ditzake, irakastordurik gabe, ikastetxearen aukeren arabera.
3. Irakasleak lanera ez agertzea.
Aldi baterako ezintasun batengatik irakaslea lanera agertzen ez denean ikastetxeko zuzendaritzak egin behar duen kontrola Hezkuntza Departamentuko web orrian ezarritakoari jarraituko zaio:
http://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/incapacidad-temporal
Baja agiria Hezkuntza Departamentuan aurkezten bada, agiriaren kopia bat aurkeztu edo bidali beharko da ikastetxera, ahalik eta lasterren, bertan bajaren eta altaren datak zehatz-mehatz ezagut ditzaten. Ikastetxeko zuzendaritzaren ustez aparteko egoera bat bada, agiria bidali ordez telefonoz jakinarazi ahalko da.
Irakaslea agertzen ez bada, falten agiriak zuzendaritzan aurkeztu beharko dira lanera itzultzen den egunean berean. Falten agiria ez bada aurkeztu 2 egun natural igaro ondoren ikastetxera itzultzen den egunetik aurrera, zuzendaritzak horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, indarreko araudian ezarri bezala jokatzeko. Halaber, irakasleari jakinaraziko zaio idatziz.
4. Zaintzak.
Zaintzako irakaslearen eginkizun nagusiak hauek dira:
a) Irakaslea lanera ez agertzeagatik edo beste edozein arrazoirengatik zaintzailerik ez duten ikasleei arreta ematea.
b) Korridoreetan ordena zaintzea eta, oro har, ikasleek gelaz kanpo duten portaera. Horrek ez du esan nahi beste irakasleek eginkizun hori bete behar ez dutenik.
c) Beren zaintza-orduetan sortzen diren gorabehera guztiak konpontzea, bai eta ikastetxeko norbait mediku beharrean gertatuz gero hartarako kudeaketak egitea ere, eta ikasketaburutza lehenbailehen jakinaren gainean jartzea.
d) Bere zaintza-orduetan irakasleren bat agertzen ez bada edo berandu iristen bada, klaseei, zaintzei, liburutegiari eta bestelako jarduerei dagokienez, horren berri ematea ikasketaburuari, idatziz.
e) Zuzendariak agintzen dion beste edozein eginkizun, bere eskumeneko esparruan.
Zuzendaritzak baimena eman dezake irakasleren baten zaintza-orduak berariazko beste jarduera batzuekin trukatzeko, baldin eta zaintza-ordu guztiak beteta badaude.
5. Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak.
5.1. Gaitasun digitala eta hezkuntzako teknologia.
Hezkuntza Departamentuak, 2016-2017 ikasturtean, hezkuntzako teknologiaren ikastetxeen sare bat (IntegraTE-IntegraHTu) bultzatuko du Lehen Hezkuntzako hainbat ikastetxetan, irakasleen eta ikasleen gaitasun digitala hobetzeko, prozesu administratiboak hobetzeko eta informazio eta komunikazio sistemak hobetzeko. Hezkuntzako teknologia segurtasunez eta erantzukizunez erabiliz gauzatuko da arlo horietako hobekuntza.
Ikastetxeen sarean parte hartzeko deialdia urtez urte zabalduko da. Aurreikusita dago Bigarren Hezkuntzako ikastetxeek ere bat egitea aurrerago.
Halabere, departamentuak jarraituko du dagoeneko martxan dauden beste neurri batzuk sustatzen, hala nola banda zabal ultrazkarra hedatzeko plana, informatikako mantentze-lanetako ofizialak ezartzea eta ekipamendu eta eduki digitalak eskuratzeko mekanismoak.
Aurrekoaz gain, ikastetxeek ILZen langileen aholkularitza didaktikoa izanen dute, bereziki hezkuntzako teknologien aholkulariena.
5.2. Informatikako mantentze-lanak
Hezkuntzako Teknologien Atalaren menpeko informatikako mantentze-lanetako ofiziala duten ikastetxeetan, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien arduradunak ondoko helburuak izanen ditu:
–Google Apps, blogak, site-ak, Moodle, Classroom eta gisako tresnen erabilera sustatzea, gainerako irakasleekin elkarlanean.
–Informazioaren eta komunikazioaren teknologiei buruzko prestakuntza plan bat prestatu eta gauzatzea, gidak eta tutorialak erabiliz.
–Sostengua ematea irakasleei software-ari buruzko gaietan (aplikazioak eta sistema eragileak).
–Ikastetxeko weba, intraneta, Moodle ikastaroak eta argitalpen elektronikoak kudeatzea.
–Beharrezko baliabideak kudeatzea informazio trukaketa ahalbidetzeko (Drive-en karpeta partekatuak, NASa, biltegirako zerbitzaria, eta abar), irakasleen eta departamentuen arteko elkarlana sustatuz.
Bestalde, mantentze-lanetako ofiziala arduratuko da ikastetxeko osagai informatiko guztien funtzionamendu egokiaz, eta ondokoak hartuko ditu bere gain:
–Hardwarea: ekipoen mantentze-lanak, matxurak konpontzea, inbentarioa kudeatzea eta ekipamendu berriak instalatzea.
–Softwarea: ekipoak prestatu eta konfiguratzea, gorabeherak konpontzea eta aplikazioak eta sistema eragileak instalatzea.
–Segurtasuna: ikastetxeko ordenagailuen eta wifiaren pasahitza zaintzea, antibirusa instalatu eta eguneratzea, birusa garbitzea eta identifikatzea noiz erabiltzen den sarea behar ez bezala edo segurtasunik gabe.
–Ikastetxeari aholkua eta sostengua ematea ekipoak nahiz softwarea erostean.
Hezkuntza Departamentuaren jarraibideak aplikatzea hezkuntzaren programak, proiektuak eta ekintzak ezarri, antolatu eta garatzean, informazioaren eta komunikazioaren teknologien esparruarekin lotuta badaude.
Horrez gain, informatikako mantentze-lanetarako kontratu zentralizatu bat dago. Ikastetxeek horri buruzko informazio guztia dute eskura PNTEren webeko kasuan kasuko atalean: http://goo.gl/xUV3tz
6. Ordutegi osagarria.
Irakasleen lanaldia eta ordutegia erregulatzen dituen 225/1998 Foru Dekretua aldatzen duen ekainaren 20ko 27/2012 Foru Dekretua onetsi ondoren, irakasleek ikastetxeko jardueretan ematen dituzten 25 orduek bat eginen dute ikasleen eskola orduekin.
Hilean konputatuko dira ordu osagarriak, instituzio planifikazioaren tresnak prestatu edo berraztertzearekin ikusteko duten lanak egitekoak, bai eta prestakuntza jarduerakoak ere.
Nahitaezko prestakuntzarako urtean dauden 35 orduak honela sailkatuko dira: ikastetxearen prestakuntza instituzionala eta norberaren prestakuntza. Ildo horretan, ikastetxeek prestakuntza instituzionalaren programa bat ezarriko dute ikastetxeko irakasle guztientzat. Prestakuntzak, urtean, 12 ordu iraunen du gutxienez. Zuzendaritza taldeak finkatuko du programa horren edukia eta nola banatu ikasturtean zehar, hobekuntza planaren helburuak kontuan hartuta, eta hori guztia ikastetxearen prestakuntza planean jasoko da. Programa hori lehentasunezkoa izanen da, eta irakasle guztiek nahitaez egin beharko dute. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratuko du behar bezala betetzen den.
Ikasturte bakoitzean prestakuntza instituzionala nahitaez bete beharrekoa bada ere, prestakuntza indibiduala bi ikasturteko epean egin daiteke, baldin eta bi urte horietan prestakuntzan emandako orduen kopuruak betetzen badu aurreko paragrafoan ezarritakoa.
Prestakuntza instituzionaltzat hartzen ahalko da, besteak beste, SHE, Jasangarritasun Eskolen Sarean, Elkartasuneko Eskolen Sarean, Eskola Seguruen Sarean eta Eskola Sozioemozionalen Sarea bezalako sareetan parte hartzea, zuzendaritza taldearen lidergopean, edo hezkuntza-inklusioa eta eskola-arrakasta hobetzeko kontratu-programetan.
Halaber, ordu batzuk erreserbatuko dira irakasle taldeak horizontalki koordinatzeko saioetarako, ebaluazio saioez aparte. Bereziki hartuko da kontuan koordinazio lehen bilera, ikasleei irakasteko jarduerak hasi baino lehen egiten dena. Alde horretatik, berebiziko garrantzia izanen dute DBHko lehen mailako ikasleentzako koordinazio bilerek.
Prestakuntza instituzionalaren planaren helburua ulermenezko irakurketa hobetzea bada, horretarako berariazko plan bat prestatuz eta abiaraziz, ikastetxeek irakasle bat esleitzen ahalko dute plan hori koordinatzeko. Irakurketa planaren koordinatzaileak astean ordu osagarri bat edo bi izaten ahalko du bere eginkizunak betetzeko, ikastetxearen tamainaren eta prestakuntza planaren garapenaren arabera.
Ikastetxe horietan, prestakuntza instituzionalaren planak hala eskatzen duenean, irakasleen taldeak horizontalki koordinatzeko saioetarako orduak prestakuntza ordutzat hartzen ahalko dira, irakurketaren aholkulariak horren berri izan ondoren oniritzia ematen badu.
7. Departamentuko burutza.
Departamentu bakoitzeko buruak Erregelamendu Organikoan eta 258/1998 Foru Aginduan aipatzen diren eginkizunak bere gain hartuko ditu, eta, horretaz gainera, 2016-2017 ikasturterako departamentuko urteko lan plana gidatu eta garatzeaz arduratuko da; plan horretan, zuzeneko eta zeharkako eragina duten hobekuntza arloen gaineko jarduketak sartuko dira.
8. Salbuespenak eta egokitzapenak Gorputz Hezkuntzan.
Hezkuntzako kontseilariaren uztailaren 1eko 123/2009 Foru Aginduaren bidez, Gorputz Hezkuntzatik salbuesteko aukera dago, bai DBHn bai Batxilergoan, goi mailako edo goi errendimenduko kirolariak direla frogatzen duten ikasleentzat.
Halaber, irakasgai hori salbuesteko aukera dago Batxilergoan 25 urtetik gorako ikasleen kasuan, edo matrikula egiten den urtean 25 urte bete dituzten ikasleen kasuan.
Otsailaren 22ko 9/2012 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, errendimenduko kirolari direla frogatzen dutenek tratamendu berezia izaten ahal dute Gorputz Hezkuntzan, kirolariak unean-unean dituen kirol beharren arabera eta norberak eskatuta.
Salbuespen eskaera ikastetxeko zuzendaritzan aurkeztuko da.
Gorputz Hezkuntzako curriculum egokitzapenei dagokienez, eskaerak ikasleek edo, adingabeak baldin badira, beren gurasoek edo legezko ordezkariek aurkeztuko dituzte ikastetxeko zuzendaritzan, eta medikuen ziurtagiriak erantsiko zaizkie.
9. Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialarekin koordinazio bilerak egitea.
Irakasle laguntzaile guztiek urteko lanorduetatik 5 eman beharko dituzte NUHEOren ebaluazioan (zainketa lana ziurtapen azterketetan, idatzizko azterketen zuzenketa eta ahozko proben epaimahaiko lana) bakoitzak astean duen konpentsatutako irakastordu bakoitzeko. Kalkulu horren gainetik dauden orduak ekonomikoki konpentsatuko dira. NUHEOren departamentuko bakoitzeko buruek bere irizpidearen arabera esleituko dituzte zereginak.
10. Batxilergoko 2. kurtsoaren amaiera.
Batxilergoko 2. kurtsoa bukatzeko egunak ezartzeko (azken egunak azterketak egiteko, notak emateko eta abarretarako), kontuan hartuko dira Hezkuntza Ministerioak ezarriko dituen epeak Batxilergoko banakako azken ebaluazioa egiteko.
2016-2017 ikasturtean Batxilergoko 2. kurtsoa errepikatu behar duten ikasleek LOMCE ezartzeko egutegia aplikatzearen ondorioz irakasgai berriak erantsi behar badizkiote beren prestakuntza ibilbideari (esaterako, Matematika II, Artearen Oinarriak II), eta banakako azken ebaluazioaren probak arautzen dituen errege dekretua argitaratu ondoren Hezkuntza Ministerioak adierazten badu ez dela beharrezkoa haiek egitea, ikasle horiek beren matrikularen egoera egokituko dute Hezkuntza Departamentuak ezartzen duen moduan.
Aurreko paragrafoan adierazitakoa gorabehera, ikasleak aukera izanen du, gainditu ez dituen eta bere prestakuntza ibilbideari erantsi zaizkion irakasgaietan ez ezik, gaindituak dituen beste batzuetan ere matrikulatzeko berriz. Horrelakoetan, aurrekoan irakasgai horretan lortutako nota bederen gordeko zaio.
11. Familiei informazioa ematea.
Ikastetxeko irakasle guztiek informazioa emanen diete familiei, ahal den lasterren, ikasleen eskola jardueraren gainean eragina duten eta garapen akademiko arrunta eragozten duten gorabehera garrantzitsu guztiei buruz. Informazioa koherentziaz igorriko dela bermatzeko, ikaslearen tutorearekin koordinatuta igorri beharko dute irakasleek.
Hori dela eta, ikastetxeek prozesu horiei buruz behar den informazio guztia emanen diete gurasoei edo legezko ordezkariei. Bizikidetza gatazken kasuan, ukituak gertatzen diren adingabeen legezko ordezkariei ere informazioa emanen zaie edo informazioa eskuratzeko aukera eskainiko zaie, babestu behar diren datuak eta interesak salbuetsita. Komunikazioa ahalik eta lasterren eginen da (beranduenez, hiru eskola egun igaro ondoren gertaerak ezagutzen direnetik).
12. Erreklamazioak.
Ikasleei beren errendimendu akademikoaren balorazio objektiboa bermatzeko, beharrezkoa da ikasleek aurretik izatea helburuen, edukien eta ebaluazio-irizpideen berri, bai eta balorazio positiboa izateko eskatutako gutxieneko mailarena, ikasturtean erabiliko diren kalifikazio-irizpideena eta ebaluazio-prozedurena ere.
Irakasle titularrak ikasleek, haien gurasoek edo legezko ordezkariek programazio didaktikoei buruz eskatzen dituzten argibideak emanen dizkie.
Argipenak eskatzeko edo bidezko erreklamazioak egiteko prozedura Hezkuntzako kontseilariak maiatzaren 21ean eman 49/2013 Foru Aginduan araututakoa izanen da.
13. Eskola informazioaren kudeaketa: Educa.
Educa-ren koordinazioa: zuzendaritza taldeak edo hark eskuordetutako pertsonak aholkuak emanen dizkie ikastetxeko erabiltzaileei Educa kudeaketa sistemari buruz. Horrez gain, sistema horren aldaketen eta funtzionalitate berrien informazioa jasoko du, eta haiek ikastetxean erabil daitezen sustatu eta koordinatuko du.
2016-2017 ikasturtean, irakaslearen kaiera garatzen joanen da. Hori irakasleen kudeaketarako gailu mugikorretara egokitutako aplikazio batean zehaztuko da. Lehenbiziko fasea eskura egoten denean, non espero baita ikasleen sostenguaren kudeaketa sartzea, beharrezko informazioa emanen zaie ikastetxean Educa-ren koordinazioa egiten dutenei.
Ohartarazten da irakasleek @educacion.navarra.es posta-kontuak erabili beharko dituztela haien harreman profesionaletan.
Gainera, ikasleen kontuei dagokienez, geroko lan administratiboa errazteko asmoz, ikastetxeei eskatzen zaie matrikula prozesuetan ikasleen kontu horiek sortu eta erabiltzeko (jadanik sortu ez badira) eta “in situ” aktibatzeko baimena eska diezaietela familiei. Baimen hori kontua lehenbizikoz sortu eta aktibatzen denean eskatu behar da bakarrik. Hori eginda, kontua aktibaturik izanen da ikaslearen eskola bizitza osoan.
Bestetik, PNTEri eskatu behar zaio ikastetxeko kontuak berariazko eginkizunetarako sortzea.
Ikastetxeei gogorarazten zaie komeni dela EDUCAk eskura dituen funtzionaltasun guztiak erabiltzea.
14. Gainditu gabeko irakasgaien curriculuma.
DBHko eta Batxilergoko ikasle batek aurreko ikasturteetako irakasgai batzuk gainditzeko baditu 2016-2017 ikasturtean, irakasgai horien ebaluazioa eginen zaio, apirilaren 22ko 24/2015 Foru Dekretuarekin eta apirilaren 22ko 25/2015 Foru Dekretuarekin bat, baldin eta irakasgai horiek kasuan kasuko kurtsoan jarraitzen badute LOMCEk araututako irakasgaien antolaketa berrian.
Koordinazio didaktikorako departamentu egokiak eginen du irakasgai horien jarraipen eta ebaluazioa.
15. Matrikulen bateragarritasuna.
2016-2017 ikasturtean erdi mailako edo goi mailako prestakuntza ziklo batean edo lanbide lantegi batean edo oinarrizko lanbide heziketako ziklo batean matrikulatuta dauden ikasleek aldi berean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo Batxilergoko ikasketak egin nahi izanez gero, egin ditzakete, betiere “Félix Urabayen” Nafarroako Helduentzako Bigarren Hezkuntzako Institutuan eta urrutiko araubidean matrikulatzen badira, ikastetxe horretan sartzeko baldintzak beteta.
16. Atzerriko hezkuntza sistemetan Batxilergoko ikasketak egin dituzten irakasleak.
Batxilergoko 1. kurtsoa atzerriko hezkuntza sistema batean egin duten eta batxilergoko 2. kurtsoa egin nahi duten ikasleek, ikastetxean onartuak izateko, Goi-Ikuskaritzak luzatutako ikasketen baliozkotzearen egiaztagiria edo behin-behineko txartela aurkeztuko dute, batxilergoko lehen kurtsoaren batez besteko nota adierazita.
2016-2017 ikasturtean Batxilergoko 2. kurtsoa atzerrian egiten duten ikasleek Batxilergoaren titulua eskuratuko dute Hezkuntza Ministerioak horretarako ezartzen dituen baldintzetan.
17. Musikako lanbide ikasketak Batxilergokoekin bateragarri izatea.
LOEren 50. artikuluaren idazketa berriarekin, LOMCEk aldatu baitu, aukerarik ez dagoenez musikako lanbide ikasketekin Batxilergoaren titulua eskuratzeko Batxilergoko irakasgai amankomunak gainditzen badira, ikasle batek 2016-2017 ikasturtean Batxilergoko 1. edo 2. kurtsoa musikako lanbide ikasketekin batera egin nahi badu, Batxilergoko irakasgai guztietan egin behar du matrikula. Kasuan kasuko baliozkotzeak egin daitezke, Hezkuntza Departamentuak emandako jarraibideen arabera.
2016ko azaroaren 18a izanen da baliozkotze horien eskariak aurkezteko azkeneko eguna.
2016-2017 ikasturtea bukatzean musikako lanbide ikasketak gainditurik dituzten ikasleek, kontuan izan gabe Batxilergoko irakasgaiak gainditzen dituzten edo ez, Batxilergoaren titulua eskura dezakete horren azken ebaluazioa gainditzen badute enborreko irakasgaiei dagokienez, LOEren 50. artikuluaren idazketa berrian xedatutakoari jarraituz.
Halaber, 2016-2017 ikasturtean Batxilergoko irakasgaiak (baliozkotzeak barne) gainditzen dituzten ikasleek 2017ko Batxilergoko azken ebaluazioa gainditu beharrik gabe ere lortuko dute Batxilergoaren titulua. Ebaluazio horren emaitza unibertsitatera sartzeko baino ez da kontuan hartuko.
18. Batxilergoko azken probaren prestaketa.
Batxilergoaren titulua 2016-2017 ikasturtean baino lehenago eskuratu duten ikasleek, Batxilergoko azken proban aurkeztea badute Hezkuntza Ministerioak hala ezartzen badu proba horri buruzko araudian, urrutiko Batxilergoko ikasketan egin dezakete matrikula “Félix Urabayen” Nafarroako Helduentzako Bigarren Hezkuntzako Institutuan, proba prestatzeko ondorioetarako.
Ikasketa horietan matrikulatzen diren ikasleek eskubidea izanen dute ikaskuntzaren bilakaera egiaztatzeko ebaluazio prozesuan parte hartzeko, azken ebaluazioa gainditze aldera. Ebaluazio prozesu horretan lortutako kalifikazioek inola ere ez dute eskubidea emanen ikasketa espedientea aldatzeko.
19. Batxilergoko titulua lortzea, araubide arruntean egoteko 4 urteko epea agortu ondoren.
LOEko Batxilergoko ikasketak hasi ondoren ikasle batek agortzen duenean araubide arrunteko lau urteko egonaldia Batxilergoaren titulua lortu gabe, Félix Urabayen NHBHIn jarrai dezake ikasten, ikastetxe horren eskaintza akademikoak horretarako bide ematen badio.
Eskaintza horretan ez badago gainditu beharreko irakasgaietako bat, proba libreak egin ditzake halako irakasgaiak gainditzeko 2016-2017 ikasturtean, bere espedientea zer institututan dagoen edo bere ikastetxea zeini dagoen atxikita, horretan.
Proba horietan deialdi arrunta eta aparteko deialdia izanen dira, eta eguneko araubide ofizialaren dagokion deialdiekin batera egiten ahalko dira.
Proba libreak egiteko, haren espedientea dagoen institutuan edo haren ikastetxea atxikita dagoen institutuan egin beharko du matrikula. Azken kasu horretan, espedientea atxiki beharreko BHIra lekualdatu beharko da. Matrikula 2017ko apirilaren 1etik 15era bitarte egin beharko da, eta inolaz ere ez du eskubidea emanen ikasturtean laguntza akademikoa jasotzeko.
20. Unibertsitateko ikasleen praktikak ikastetxeetan.
Hezkuntzarekin zerikusia duten unibertsitateko titulazioek prestakuntza praktikoa dute haien edukien artean. Jarduera hori dagokion hezkuntza mailako ikastetxeetan garatu behar da, eta beharrezkoa izanen da irakasleek hura antolatzen eta garatzen parte hartzea.
Ikasturte bakoitzean ikasle horien tutoretza lana egiten duten irakasleek aintzatespen bikoitza izanen dute Hezkuntza Departamentuaren aldetik:
–Tutoretza lanaren urte bakoitza meritutzat hartuko da.
–Ikasturte bakoitzeko tutoretza lana prestakuntza ordutzat kontabilizatuko da; gehienez ere 35 ordu. Hezkuntza Departamentuak luzatuko du prestakuntza hori egiaztatzen duen ziurtagiria, praktikak antolatzen dituen unibertsitateak eta horiek egiteko ikastetxeak emandako informazioa kontuan hartuta. Ikasle bakoitzaren tutoretza lanetan irakasle batek baino gehiago parte hartzen badu, berdintasunean banatuko dira dagozkien prestakuntza orduak.
Bestaldetik, praktiketan ari diren ikasleak hartzen dituen ikastetxeak praktiken koordinatzaile bat izendatuko du, unibertsitateekin eta Hezkuntza Departamentuarekin solaskide zuzena izanen dena. Ikastetxe horrek “Prestakuntza ikastetxe” izaera izanen du eta Hezkuntza Departamentuak ikastetxeentzat ezartzen dituen deialdietan baloratuko da inguruabar hori, baldin eta hala jasotzen bada, eta deialdiaren arauetan ezartzen den moduan.
21. DBHaren titulua eta beste ikasketa batzuetara igarotzea.
2017ko deialdian Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako eginen den azken ebaluazioak ez du ondorio akademikorik ekarriko. 2016-2017 ikasturtean eskuratzen den Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu tituluak bide emanen du derrigorrezko irakaskuntzaren ondoko ikasketak egiteko, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 3.4 artikuluan biltzen direnak, ikasketa bakoitzerako ezartzen diren baldintzak betez, edozein delarik ere DBHko 4. kurtsoko curriculumeko aukera.
22. Batxilergoaren titulua eta beste ikasketa batzuetara igarotzea.
Nola 2016-2017 ikasturtean Batxilergoaren titulua eskuratzeko beharrezkoa ez den izanen Batxilergoaren azken ebaluazioa gainditzea, ikasturte horretan eskuratutako tituluak bide emanen du goi mailako hezkuntza eratzen duten ikasketak egiteko, honako hauek alegia: unibertsitateko irakaskuntza, goi mailako arte ikasketak, goi mailako Lanbide Heziketa, Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako lanbide heziketak eta goi mailako kirol ikasketak, betiere ikasketa bakoitzean sartzeko baldintzak betez.
Unibertsitateko ikasketen esparruan, azken ebaluazio hori kontuan hartuko da, soilik, unibertsitatera sartzeko ondorioetarako.
III.–Araudia
1. Orokorra.
–47/2010 Foru Dekretua. (Bizikidetza). 2010eko irailaren 24ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala. 57/2014 Foru Aginduak aldatua (2014ko uztailaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).
–204/2010 Foru Agindua. (Bizikidetza). 2011ko urtarrilaren 20ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–63/2013 Foru Agindua (Kalitatearen kudeaketa). 2013ko abuztuaren 22ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala. 10/2015 Foru Aginduak aldatua (2015eko martxoaren 3ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).
–455/2013 Ebazpena (Begiraleen lan jarduketak). 2013ko irailaren 26ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–112/2013 Foru Agindua (Banatze, dibortzio edo desadostasun egoeran dauden gurasoei buruzko jarraibideak). 2013ko abenduaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–171/2016 Ebazpena (Ikastetxe publikoetako atal elebidunak). 2014ko ekainaren 1eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–168/2016 Ebazpena (Itunpeko ikastetxeetako atal elebidunak). 2016ko ekainaren 1eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–1105/2014 Errege Dekretua, abenduaren 26koa, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko oinarrizko curriculuma ezartzen duena.
2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.
–24/2015 Foru Dekretua, apirilaren 22koa, Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzarako curriculuma ezartzen duena. 2015eko uztailaren 2ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–46/2015 Foru Agindua (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ezartzea). 2015eko uztailaren 2ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–164/2016 Ebazpena. (Curriculum egokituko programaren antolaketa eta funtzionamendua). 2016ko ekainaren 10eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–54/2015 Foru Agindua. (Ikaskuntza eta Errendimendua Hobetzeko Programen ezarpena). 2015eko uztailaren 24ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–49/2013 Foru Agindua. (Erreklamazioak). 2013ko ekainaren 21eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–66/2010 Foru Dekretua (hezkuntzako eta lanbideko orientazioa). 2010eko azaroaren 29ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–93/2008 Foru Agindua. (Aniztasunari arreta ematea). 2008ko uztailaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–51/2009 Ebazpena. (Eskolako laguntza eta Indartze eta sostengatze programa Bigarren Hezkuntzan). 2009ko martxoaren 9ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–1834/2008 Errege Dekretua. (Ikastetxe publikoetako irakasleen espezialitateak). 2008ko azaroaren 28ko Estatuko Aldizkari Ofiziala. 665/2015 Errege Dekretuak aldatua (2015eko uztailaren 18ko Estatuko Aldizkari Ofiziala).
–860/2010 Errege Dekretua. (Ikastetxe pribatuetako irakasleen espezialitateak). 2010eko uztailaren 17ko Estatuko Aldizkari Ofiziala. 665/2015 Errege Dekretuak aldatua (2015eko uztailaren 18ko Estatuko Aldizkari Ofiziala).
–Maiatzaren 31ko 287/2013 Ebazpena (Unibertsitateko ikasleen prestakuntza praktikoan parte hartzen duten ikastetxe eta irakasleentzako aitorpena). 2013ko ekainaren 7ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
3. Batxilergoa.
–25/2015 Foru Dekretua. (Batxilergoaren curriculuma). 2015eko uztailaren 2ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–47/2015 Foru Agindua. (Batxilergoaren ezarpena). 2015eko uztailaren 2ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–49/2013 Foru Agindua. (Erreklamazioak). 2013ko ekainaren 21eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–1834/2008 Errege Dekretua. (Ikastetxe publikoetako irakasleen espezialitateak). 2008ko azaroaren 28ko Estatuko Aldizkari Ofiziala. 665/2015 Errege Dekretuak aldatua (2015eko uztailaren 18ko Estatuko Aldizkari Ofiziala).
–860/2010 Errege Dekretua. (Ikastetxe pribatuetako irakasleen espezialitateak). 2010eko uztailaren 17ko Estatuko Aldizkari Ofiziala. 665/2015 Errege Dekretuak aldatua (2015eko uztailaren 18ko Estatuko Aldizkari Ofiziala).
–72/2015 Foru Agindua (Helduentzako Batxilergoa). 2015eko abuztuaren 26ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–Maiatzaren 31ko 287/2013 Ebazpena (Unibertsitateko ikasleen prestakuntza praktikoan parte hartzen duten ikastetxe eta irakasleentzako aitorpena). 2013ko ekainaren 7ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–412/2014 Errege Dekretua (Unibertsitateko graduko irakaskuntza ofizialetan sartzeko prozedura). 2014ko ekainaren 7ko Estatuko Aldizkari Ofiziala.
Iragarkiaren kodea: F1608664
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
