2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
TAFALLA
Tafalla Kulturgunean 2016an indarra izanen duten arau fiskalak Behin betiko onespena
Tafallako Udalak, 2016ko apirilaren 25ean egin osoko bilkura berezian, hasiera batean onetsi zituen 11. arau fiskala eta haren eranskina.
Horien hasierako onespena 2016ko 95. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 18an, eta erreklamazioak, kexak edo oharrak aurkezteko 30 egun balioduneko epea iraganik, inork ez duenez halakorik aurkeztu, behin betiko onetsirik gelditu dira.
Ondotik, arau horren testu osoa argitaratzen da, orok jakin dezan eta gainerako ondorioak izan ditzan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea bete beharrez.
Tafallan, 2016ko ekainaren 30ean.–Alkatea, Arturo Goldaracena Asa.
11. ORDENANTZA FISKALA, TAFALLAKO UDALAREN TAFALLA
KULTURGUNEKO GELAK ERABILTZEKO PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUENA
Oinarria
1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen lehen tituluko III. kapituluko 2. ataleko 2. azpiatalean xedatuari jarraituz ezarri da ordainarazpen hau, eta haren 28. artikuluaren baimenaren babesean. Tafallako Udalaren Tafalla Kulturguneko gela eta guneak erabiltzea da ordenantza honen xedea.
Zergapeko egintza
2. artikulua. Pertsona fisikoek edo juridikoek, bai eta Udalaren baimena duten erakunde edo entitateek, Udalarena den Tafalla Kulturguneak bere esku dituen gelak erabiltzea da zergapeko egintza.
Subjektu pasiboa
3. artikulua. Prezio publikoaren subjektu pasiboak dira aipatu lokalak erabiltzeko Udalaren baimena duten pertsona fisiko edo juridikoak.
Prezio publikoaren sortzapena eta haren ordainketa
4. artikulua. Prezio publikoaren sortzapena baimena ematen den unean berean gertatzen da eta ordainketa erabilera aurretik eginen da, eta betiere, 24 ordu lehenagotik.
Erabilera
5. artikulua. Baimena ondoko erabilera arau hauei jarraituz emanen da:
1.–Tafallako Udalaren Tafalla Kulturguneko gune eta gelak herriaren jabariko eta zerbitzurako udal ondasunak dira, batez ere kultur jardueretan erabiltzekoak, musika, antzerki, eszena, gorputz adierazpen eta plastika arloetan, eta tarteka, inguruabarren bat dela medio, beste jarduera mota batzuetan erabiltzen ahalko dira.
2.–Tafallako Udalari dagokio instalazio honen funtzionamendua arautzea.
3.–Kultur guneak erabiltzeko araubide ekonomikoa, Udalak dohainik erabiltzeko baimena ematen dituen kasuak salbu, indarra duten tarifei egokituko zaie; horiek arau fiskal honen eranskinean agertzen dira.
4.–Tafallako Udalak kontratuak edo hitzarmenak egiten ahalko ditu partikular edo entitateekin instalazioen erabilera arautzeko, denboraldi luze eta/edo jarraian erabili behar direnean (hiru edo sei hilabetez, denboraldi batez, urte osoan, etab.). Horretarako baldintza ekonomikoak eta bertzelakoak hitzarmen horretan arautuko dira.
5.–Erabiltzaileen kontura izanen dira:
I.–Edozein tasa, kontribuzio edo zerga ordaintzea.
II.–Egile eskubideak ordaintzea, horrelakorik izanez gero.
III.–Administrazioaren permiso eta baimenak.
IV.–Jarduera gauzatzeko behar diren elementuak muntatu eta kentzea, betiere, Udaleko langileek edozein unetan ematen dituzten oharrei kasu eginez.
6.–Instalazioen erabilera publikorako orduak Udalak ezarriko ditu, eskura dituen udal langileak eta eskaerak zenbat diren begiratuz.
7.–Entitate edo partikularrek instalazioak erabiltzeko baimenak beti egonen dira Udalak antolatu edo babesten dituen jardueren erabileraren menean.
8.–Orokorrean, instalazioak erabiltzen dituzten entitate edo partikularrek ondoko baldintzok bete beharko dituzte:
I.–Entitate antolatzaile guztiek beren gain hartuko dituzte eskatzen ahal zaizkien erantzukizun zibil, penal, administratibo zein laneko zergei buruzkoak, edo edozein tankeratakoak, eta beren eskutan soilik izanen dira beren erantzukizunak sorrarazten dituen kalte eta galeren ordainak, Udala erabat salbu geldituko delarik.
II.–Entitate antolatzailea behartua dago agintaritzari eta erakunde eskudunei beharrezko diren baimen guztiak eskatzera, egin nahi duen ekitaldirako.
III.–Instalazioak erabiltzeko eskaerak hamar egun lehenagotik bederen aurkeztu beharko dira, Udalaren Bulego Bakarrean.
Presako kasuak: pertsonek nahiz entitateek Tafalla Kulturguneko lokalak erabili behar izan eta, arrazoi bereziengatik edo halako presa izateagatik, erregelamenduzko tramiteari segitu ez bazaio, beren eskabidea idatziz aurkeztuko dute Udalaren Bulego Bakarrean, gutxienez egun bat lehenago. Eskabide horretan aretoa zertarako nahi duten azalduko dute, baita presaren arrazoia ere.
IV.–Udalak ez du inongo erantzukizunik izanen jendeak egiten dituen gauzengatik, entitate antolatzailearena baita, oso-osorik, erantzukizun hori.
V.–Jarduera buruturik, entitate antolatzailea arduratuko da instalazioak erabiltzeko prest gera daitezen, jarduera hasi zenean zuten egoera berean. Instalazioaren ardura duten langileek ikus-onetsia eman beharko diete.
VI.–Entitate antolatzaileek beren gain hartuko dute instalazioak behar bezala ez erabiltzeagatik egiten diren hondamen edo kalteak konpondu edo ordaintzeko ardura, edozein izanagatik haien arrazoia edo zergatia. Horretarako, Udalak aurkeztuko dio likidazioa, non ez den bera zuzenean egin behar diren konponketen kargu egiten, Udalak hautatzen duen udal teknikariaren zuzendaritzapean, eta horren adostasunarekin.
VII.–Udaleko zerbitzu teknikoek edozein unetan ikuskatzen ahal dituzte jarduera egiteko instalazio osagarrien muntatze eta desmuntatze lanak, eta entitate antolatzaileek horren gainean egiten dizkieten ohar eta jarraibide guztiak onartu eta bete beharko dituzte.
VIII.–Halaber, Udalak eskatzen ahalko dio antolatzaileari erantzukizun zibileko poliza kontrata dezan, egin beharreko jardueraren ondoriozko edozein ustekaberi aurre egin ahal izateko.
9.–Orokorrean, instalazioen barrenean ezin izanen da inongo publizitate eta propagandarik egin, Udalak kasu bakoitzean espresuki baimentzen duena ezik.
10.–Baliabide teknikoak eta/edo Ikus-entzunezkoak Udaleko langileek erabiliko dituzte, edo, bertzenaz, Udalak kontrataturiko aholkulari teknikoek, entitate antolatzaileak ekartzen dituen aditu behar bezala kreditatuekin koordinaturik eta Udalak bere adostasuna eman ondotik.
Salbuespenak
7. artikulua. Ezartzen diren kuotak ordaintzetik salbu daude ondoko jarduera hauek:
a) Tafallako Udalak, Udalaren Musika Eskolak, Kirol Patronatuak eta herriko ikastetxeek antolatuak.
b) Herrian egoitza duten irabazi asmorik gabeko kultur eta gizarte elkarteek, Nafarroako Gobernuko Elkarteen Erregistroan behar bezala erregistraturik badaude eta betiere eskakizunaren ekitaldia doakoa bada.
c) Nafarroako Gobernuak eta berarekin lankidetzan ari diren entitateek antolatuak.
d) “Tafallako eskualdeko espazio berria kudeatzeko atxikimenduaren akordioa” sinatu duten udalek antolatuak: Leotz, Beire, Berbintzana, Mendigorria, Murillo el Cuende, Oloritz, Pitillas, Puiu eta San Martin Unx.
Tarifak
8. artikulua. Lokalak erabiltzeagatik, eranskineko tarifak aplikatuko dira.
11. ARAU FISKALA, TAFALLAKO UDALAREN TAFALLA
KULTURGUNEKO ARETOAK ERABILTZEKO PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUENA
2016KO TARIFEN ERANSKINA
1. Orduak kontatzen hasiko dira jardueraren muntaia abiatzen denetik harik eta desmuntatzen den prestakuntza, entseguak eta jarduera bera barne direla. Nolanahi ere, denbora ez da kontatuko kulturgunea itxirik eta jarduerak gauzatu gabe dauden bitartean.
| | PREZIOA ORDUA ERABILERA (euroak) | |
1 | Gela nagusia | 110,00 | Laguntza teknikoa barne, arau fiskal honen 5.10 artikuluari jarraikiz |
2 | Zinema gela | | |
| 2.1 | 45,00 | Laguntza teknikorik gabe |
| 2.2 | 68,00 | Laguntza teknikoarekin |
3 | Diziplina anitzeko aretoa | | |
| 3.1 | 87,00 | Laguntza teknikorik gabe |
| 3.2 | 110,00 | Laguntza teknikoarekin |
2. Aitzinetik erreserba eginik, toki bat, erabaki baino denbora gehiago erabiliz gero, benetan erabilitako denbora tarteari dagokiona kobratuko da.
Iragarkiaren kodea: L1608232