153. ALDIZKARIA - 2016ko abuztuaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

299E/2016 EBAZPENA, ekainaren 24koa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, I+G+B finantzatzen duten Estatuko, nazioarteko eta Europar Batasuneko programetarako proiektuak egin eta aurkezteko laguntzen deialdia onesten duena 2016. urterako.

I+G+B finantzatzen duten Estatuko, nazioarteko eta Europar Batasuneko programetan Nafarroako enpresen parte-hartzea bultzatzea da deialdi honetako laguntzen helburua eta, bereziki, ETEena. Hala, programa horietara aurkezten diren proposamenen kantitatea eta kalitatea handitu nahi da, eta, orobat, segurtatu nahi da beste baliabide ekonomiko batzuetarako sarbidea izanen dutela.

Nafarroako Gobernuaren 2014ko otsailaren 12ko Erabakiaren bidez, baimendu zen laguntza horiek banakako ebaluazioaren araubidean ematea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Adierazitakoarekin bat eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. I+G+B finantzatzen duten Estatuko, nazioarteko eta Europar Batasuneko programetarako proiektuak egin eta aurkezteko laguntzen deialdia onestea, 2016. urterako.

2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak, ebazpen honen eranskinean jasoak, onestea.

Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

820005-82110-4701-467300: ezagutza arloko zerbitzu intentsiboetarako bonu teknologikoak

2016

201.250,00

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2016ko ekainaren 24an.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Ikerketa zientifikoa, garapen teknologikoa eta berrikuntza (I+G+B) finantzatzen duten Estatuko, nazioarteko eta Europar Batasuneko programetan Nafarroako entitateen parte-hartzea bultzatzea dute xede laguntza hauek eta, bereziki, ETEena.

2. oinarria.–Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak.

1. Diru-laguntza jaso dezakete I+G+B proiektuak definitu, prestatu eta laguntza deialdietan aurkezteko jarduketek, ondoko programetan:

A Horizonte 2020 programa (aurrerantzean, H2020) eta Batasunean I+G+B proiektuak finantzatzeko dauden beste programa batzuk.

B. Nazioarteko teknologia arloko lankidetzako beste programa batzuk:

B.1. Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroak kudeatutako (aurrerantzean, CDTI) nazioarteko lankidetza teknologikorako proiektuak: alde anitzekoak (Eureka, Iberoeka, Eurostars, etab.) edo alde bikoak (Brasil, Kanada, Japonia, Txina, Korea, India, Hegoafrika, etab.).

B.2. ERA-NET, ERA-NET Plus edo ERA-NET COFUND eskemen babespeko nazioarteko lankidetza arloko lankidetza proiektuak.

C. Estatuko lankidetza arloko I+G+B proiektuetarako programak, esaterako: Estatuko lankidetzarako I+G proiektuak, CDTIaren Innterconecta proiektuak eta CIEN proiektu estrategikoak, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioko Retos-Colaboración deialdia, eta abar.

2. Diru-laguntzaren xedeko jarduera guztiak Estatuko eta/edo nazioarteko lankidetza proiektuei buruzkoak izanen dira, salbu Europako programen barnean aurreikusitako banakako proiektuen lerro berariazkoei dagozkienak.

3. Ebaluazio eta/edo esleipen txostena 2015eko abenduaren 15aren ondoren jaso duten proiektuen aurkezpenak jaso dezake deialdi honetako diru-laguntza.

3. oinarria.–Entitate onuradunak.

I+G+Bko aipatu finantzaketa programetan parte hartzen duten enpresak, zentro teknologikoak, ikerketa erakundeak eta unibertsitateak izaten ahal dira laguntza hauen onuradunak, baldintza hauek betez gero:

a) Lantoki bat Nafarroan izatea eta bertan egitea deialdi honen xedeko proiektuak.

b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.

c) ETEei buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan egiten duen definizioaren araberakoa izatea, 5. oinarrian ETEentzat ezarritako laguntzaren zenbatekoa eskuratu ahal izateko.

d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluak onuradun izateko ezarritako debekurik ez urratzea. Eskabideari erantsi beharko zaion erantzukizuneko aitorpenaren bidez egiaztatzen ahal da hori.

Orobat, eskatzaileek zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dituztela frogatzeko, diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar departamentu honi baimena ematea inguruabar hori ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntza ebazten duen proposamena egiten denean.

4. oinarria.–Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

1. I+G+B proiektuak definitzeko eta prestatzeko eta 2.1. oinarrian aipatu programetan aurkezteko, onuradunek enpresa aholkulariei ordaindutako gastuak dira diru-laguntza jaso dezaketenak.

2. Enpresek (eta enpresatzat hartuko da jarduera ekonomiko bat gauzatzen duen pertsona fisiko edo juridiko oro), zentro teknologikoek, ikerketa erakundeek edo unibertsitateek egin beharko dute aholkularitza, honako baldintza hauek betetzen dituztela:

a) Ez izatea entitate onuradunarekin elkartutako edo hari atxikitako enpresa, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE gomendioko definizioen arabera.

b) Onuradunarentzat prestatu duen proposamen berean bazkide edo koordinatzaile gisa ez jardutea.

c) Deialdi honen menpeko laguntzarik ez eskatzea.

d) Ez azpikontratatzea diru-laguntzaren xedeko lanak.

Teknologiaren eta Ezagutzaren Transferentziaren Atalak eska dezake beharrezkoa jotzen duen informazio gehigarria, aholkularitza enpresak emandako datuak eta horien kualifikazioa egiaztatzeko.

3. Kontzeptu hauek ez dute diru-laguntzarik jasoko:

a) Aldian behingo aholkularitzari edo mantentze-lanei dagozkien jarduerak.

b) Balio Erantsiaren gaineko Zerga, salbu eta kostu hori onuradunarentzat berreskuraezina denean; kasu horretan, onuradunak frogatu beharko du.

Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak ez dira inola ere sartuko I+G+B proiektuko aurrekontuan.

4. Diru-laguntzaren xedeko proiektuak prestatzen parte hartu duten aholkularitza entitateen zerrenda argitaratzen ahalko du Teknologiaren eta Ezagutzaren Transferentziaren Atalak Nafarroako Gobernuaren Atarian (www.navarra.es), edo intereseko beste web-orri batzuetan.

5. oinarria.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Diru-laguntza jaso dezakeen gastuaren %100 izanen da, gehienez, diru-laguntzaren zenbatekoa, ondoko mugen eta baldintzen arabera, proiektuak zer deialditara aurkezten diren:

A. H2020 programa eta Batasunean I+G+B proiektuak finantzatzeko dauden beste programa batzuk.

Honako tauletako irizpideen araberakoa izanen da diru-laguntzaren zenbatekoa. Atalaseari dagokionez, deialdi bakoitzaren ebaluazio ofizialean ezarritako onespen atalasea hartuko da erreferentzia gisa (Evaluation Summary Report-ean edo antzeko agirian adierazitakoa).

a) H2020ko “ETE tresnako” 1. fasea, bai eta nahitaez bi fasetan aurkeztu beharreko proiektuetako deialdien 1. fasea ere.

H2020 programako edo Batasuneko beste programa batzuetako 1. fasean koordinatzaile gisa parte hartzen duten onuradunei bakarrik emanen zaizkie modalitate honen menpeko laguntzak.

GEHIENEKO DIRU-LAGUNTZA, 1. FASEAN

Onuradun koordinatzaileak

≥ atalasearen %70

≥ atalasea

Enpresa txiki eta ertainak

5.000 euro

10.000 euro

Beste batzuk

0 euro

5.000 euro

b) “ETE tresnako” 2. fasea, bai eta nahitaez bi fasetan aurkeztu beharreko proiektuetako deialdien 2. fasea ere, edo proiektuak fase bakarrean aurkeztea.

b.1. Gehieneko diru-laguntza enpresa txiki eta ertainentzat:

PROIEKTUAN BAZKIDE DIREN ENTITATEN KOPURUA

BAZKIDEA

KOORDINATZAILEA

≥ atalasearen %70

≥ atalasea

≥ atalasearen %70

≥ atalasea

≥ 5 bazkide

4.000 euro

8.000 euro

12.000 euro

24.000 euro

< 5 bazkide

2.500 euro

5.000 euro

7.500 euro

15.000 euro

b.2. Gehieneko diru-laguntza enpresa handientzat, zentro teknologikoentzat, ikerketa erakundeentzat eta unibertsitateentzat:

PROIEKTUAN BAZKIDE DIREN ENTITATEN KOPURUA

BAZKIDEA

KOORDINATZAILEA

Ez du atalasea gainditzen

Atalasea gainditzen du

Ez du atalasea gainditzen

Atalasea gainditzen du

≥ 5 bazkide

0 euro

4.000 euro

0 euro

12.000 euro

< 5 bazkide

0 euro

2.500 euro

0 euro

7.500 euro

B. Nazioarteko teknologia arloko lankidetzako programak.

Proiektu hauek hurrengo baldintzak bete beharko dituzte eta taulan ageri diren irizpideen araberakoa izanen da diru-laguntzaren zenbatekoa:

–B.1 proiektuak, 2. oinarrian definituak: behar den nazioarteko erakunde edo batzordearen “zigilu” frogatzailea izan beharko du proiektuak (esaterako, Eureka zigilua, Iberoeka, etab.), eta ez da nahitaezkoa izanen CDTIk jadanik onetsia izatea.

–B.2 proiektuak, 2. oinarrian definituak: nazioarteko programaren barneko onespena izan beharko du proiektuak, eta ez da nahitaezkoa izanen eskualdeko edo Estatuko erakundeak jadanik onetsia izatea.

GEHIENEKO DIRU-LAGUNTZA, B MOTAKO PROIEKTUENTZAT

Bazkidea

Koordinatzailea

Enpresa txiki eta ertainak

5.000 euro

15.000 euro

Beste batzuk

2.500 euro

7.500 euro

C. Lankidetzako I+G+B proiektuetarako Estatuko programak.

Entitateak Estatuko lankidetzako proiektu batean, behar den erakundeak onetsitakoan, parte hartzea izanen da baldintza diru-laguntza jasotzeko. Enpresa handien, zentro teknologikoen, ikerketa erakundeen eta unibertsitateen kasuan, exijituko da horiek izan daitezela proiektuaren koordinatzaileak.

GEHIENEKO DIRU-LAGUNTZA, C MOTAKO PROIEKTUENTZAT

ETE

BESTE BATZUK

Bazkidea

Koordinatzailea

Koordinatzailea

≥ 5 entitate bazkide

4.000 euro

12.000 euro

6.000 euro

< 5 entitate bazkide

3.000 euro

9.000 euro

4.500 euro

2. Oinarri honetako 1. atalean ezarritakoa galarazi gabe, emanen den diru-laguntza ez da inoiz aholkulariak jarduketagatik fakturatzen duena baino handiagoa izanen.

6. oinarria.–Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdiaren laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2016ko abenduaren 15ean bukatuko da, salbu aldez aurretik deialdi honetarako aurrekontu kreditua agortu bada. Kasu horretan, eskaerak egiteko epea bukatu dela adieraziko da, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es) zerbitzuen katalogoko fitxaren bidez (aurrerantzean, laguntzen fitxa).

Betiere, organismo ebaluatzailearen jakinarazpena (proiektuaren balorazioa emanen du ezagutzera deialdian ezarritako onespen atalasei buruz) edo, zein den kasua, laguntza eman zaiola adierazten duena jaso ondoko hilabetean aurkeztu beharko dira eskabideak. Deialdi honen laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik jasotzen bada jakinarazpen hori, argitalpen horretatik aurrera kontatuko da hilabeteko epea, eta hurrengo hilabeteko egun baliokidean bukatuko da.

2. Eskabideak nahitaez telematikoki aurkeztuko dira, laguntzen fitxaren bidez. Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla eta, horretarako, helbide elektroniko gaitua eduki beharko da (DEH).

Edonola ere, diru-laguntzaren eskaerak berarekin dakar departamentu honi baimena ematea baliabide telematiko hutsak erabiliz egiteko jakinarazpenak eta eskatzaileekin egiten diren komunikazio guztiak, 12. oinarrian adierazitako moduan.

3. Programak proiektua bi fasetan aurkezteko eskatzen badu, entitate onuradunak laguntza-eskabidea aurkeztu beharko du fase bakoitzerako.

4. H2020ko ETE tresnaren kasuan, programan parte hartzeko arauek aukera ematen diote entitate bati berriz aurkezteko, haren proposamenak finantzaketarik eskuratu ez badu. Kasu horretan, entitate horrek 7.2 oinarrian adierazitako moduan eskatu beharko du laguntza.

7. oinarria.–Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberako eskabideari hurrengo dokumentazioa erantsi beharko zaio, fitxategi bereizietan eskaneatuta eta zein bere izenarekin behar bezala identifikatuta (ad.: “Erantzukizuneko aitorpena”, “Memoriaren laburpena” eta abar):

a) Erantzukizuneko aitorpena, aipatu fitxan eskura den ereduari jarraituz, 3., 4., 13. eta 14. oinarrietan adierazitako alderdiei buruz.

b) Proiektua deskribatzen duen memoriaren laburpena, honako hauek zehaztuta: proposamenaren xedeak, lanerako plana, gauzatzeko egutegia, entitate parte-hartzaileak, proiektuaren koordinatzailea, aurrekontu orokorra, parte hartzen duen entitate bakoitzaren aurrekontua eta entitate eskatzailearen aurrekontu xehakatua.

c) Entitate aholkulariak egindako fakturen kopia eta ordainketaren frogagiriak (bankuko ziurtagiriak edo laburpenak, behar bezala identifikatuak, edo ordainketaren trazabilitatea egiaztatzeko modua ematen duen merkataritzako beste edozein dokumentu).

d) Dagokion erakundearen jakinarazpenaren kopia:

–A motako proiektuak: balorazio txostena, nazioarteko erakunde eskudunak emana, aurkeztutako proposamenari buruz (Evaluation Summary Report edo baliokidea), non egiaztatzen ahalko baita proiektuaren balorazioa, deialdian ezarritako onespen atalaseei dagokienez.

–B.1 motako proiektuak: nazioarteko erakunde edo batzordearen “zigilua” lortu izanaren komunikazioa, proiektua Eureka, Iberoeka, etab. dela frogatzen duena.

–B.2 motako proiektuak: behar den erakundearen komunikazioa, non adieraziko baita proiektua onetsi dela.

–C motako proiektuak: laguntza eman izanaren komunikazioa.

2. Entitateren batek beste laguntza eskaera bat aurkeztuz gero H2020ko “ETE tresnan” parte hartzeagatik 6.4 oinarrian ezarritakoaren arabera, hauxe izanen da jarraitu beharreko prozedura:

a) Lehen jakinarazpenaren kopia aurkeztuko du, hura jaso eta hilabeteko epean gehienez ere, jakinarazpen hori zain uzteko eskaerarekin batera.

b) Bigarren jakinarazpenaren kopia aurkeztuko du, hura jaso eta hilabeteko epean gehienez ere eta, betiere, deialdiaren itxiera eguna baino lehen.

c) Bi ebaluazioetatik zein den notarik altuena, horren arabera emanen da laguntza.

3. Aurkeztutako eskaerak ez baditu betetzen finkatutako baldintzak, organo eskudunak interesdunei eskatuko die jakinarazpenetik gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzen ditzatela, eta adieraziko die zuzendu ezean eskaerari uko egiten diotela ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatu eginen dela.

8. oinarria.–Diru-laguntza emateko irizpideak.

Diru-laguntza hau banakako ebaluazioko araubidearen bidez emanen da. Espedienteak eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz tramitatu eta ebatziko dira, eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

5. oinarrian ezarritakoak izanen dira eskabideak ebaluatzeko irizpideak, eta ebaluazioaren ondoriozko neurrian emanen da diru-laguntza.

9. oinarria.–Diru-laguntza eman eta ordaintzea.

Teknologiaren eta Ezagutzaren Transferentziaren Atalak oinarri hauetan ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Diru-laguntzak eman eta ordaintzeari buruz ebazteko eskumena Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiari dagokio. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, gehienez ere bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie ebazpena interesdunei, modu telematikoan, helbide elektroniko gaitura.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntzaren entitate onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntza eman eta ordaintzen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, entitate onuradunek, telematika bidez, gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu beharko dute, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Onuradunek betebehar hori betetzen ez badute, diru-laguntza itzuli beharko da.

b) Oinarri arautzaile hauetan ezarritako moduan egin eta justifikatu beharko dituzte diru-laguntzaren xedeko jarduerak.

c) 11. oinarrian ezarritako betebeharrak, I+G+Bko jardueraren emaitzen publizitateari eta zabalkundeari buruz.

d) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri hauetan, esleipen ebazpenean edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako eginbeharrak bete ezean, hura itzuli beharko da, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, eginbeharren bat hein batean ez betetzeak emandako diru-laguntzaren zati bat, kasuan kasukoa, itzuli beharra ekar dezake.

11. oinarria.–Emaitzen publizitatea eta zabalkundea

1. Laguntzen onuradunek, diruz lagundutako jardueraren argitalpen bat edo aipamen publiko bat eginez gero, adierazi behar dute Nafarroako Gobernuak finantzatua dela.

2. Diruz lagundutako I+G+B jardueraren produktua zabaltzeko materialetan ez da emakumearen kontrako bereizkeriaren irudirik emanen, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira. Halaber, hizkera sexista erabiltzea saihestuko da diruz lagundutako jardueraren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

12. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak.

1. Administrazio-egintzen jakinarazpena eta laguntza horiek emateko prozeduran egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira entitate eskatzaileen helbide elektroniko gaitura (DEH).

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke DEHa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da eta Nafarroako Gobernuak gaitutako prozeduren harpidedun izan.

2. Laguntzen onuradunek aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta laguntzen eskaera modu telematikoan aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.navarra.es) tramiteen katalogoko laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan.

13. oinarria.–Diru-laguntzaren bateraezintasuna.

Diru-laguntza hau bateraezina da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, jarduketa beretarako emandako beste diru-laguntzekin.

14. oinarria.–’’De minimis” laguntzak.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati emandako “de minimis” laguntzaren guztirakoa 200.000 eurokoa izanen da, gehienez ere, hiru zergaldiko edozein alditan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, eskaera egiten denean, kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan jasotako beste “de minimis” laguntzak aitortuko dira.

15. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Berrikuntzarako eta Ezagutzaren Transferentziarako Zerbitzuak, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren bidez (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/es/index), emandako diru-laguntzak jarriko ditu jendaurrean, adierazita deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egozten zaion, onuraduna eta emandako diru kopurua.

16. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1608879