153. ALDIZKARIA - 2016ko abuztuaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OTXOBI

Ordenantza, Hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Otxobiko Kontzejuko Batzarrak, 2016ko otsailaren 5ean egindako bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko tasak arautzen dituen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2016ko 88. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, maiatzaren 9an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Otxobin, 2016ko uztailaren 6an.–Burua, Reyes Gurrea Baigorrotegui.

KONTZEJUAREN ORDENANTZA, OTXOBIKO HILERRIAREN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Otxobiko hilerria zerbitzu publikoko ondasuna da, Kontzejuaren agintearen mendekoa, Kontzejua baita jabea eta hari baitagozkio hilerriaren kudeaketa, administrazioa, zuzendaritza eta zainketa, ordenantza honetako xedapenekin bat, eta deusetan ukatu gabe beste administrazio publiko batzuenak diren eskumenak.

2. artikulua. Otxobiko Kontzejuak ondoko eginkizunak beteko ditu, Otxobiko hilerriarekin zerikusia dutenak.

a) Udalaren kargura eginen da haren garbiketa.

b) Partikularrei baimena ematea hilerrian edozein motatako obrak edo muntadurak egiteko, baita horiek zuzendu eta ikuskatzea ere.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua, hilobien gaineko kontzesioak ematea eta mota guztietako ehorzketa-eskubideak onartzea, baita horiek aldatu eta horiek iraungi direla deklaratzea ere.

d) Ordenantza honetan ezarritako eta geroan legez ezartzen diren tasak eta eskubideak jasotzea.

e) Hilotzak eta gorpu-hondakinak ehortzi, hobitik atera, berrehortzi eta lekualdatzea, hilotzen gaineko osasun arauei jarraikiz.

f) Zerraldo, arropa, jantzi, hil-oihal eta bestelako gauzakien hondarrak suntsitzea, gorpuzkiak izan gabe ere hilobiak hustu eta garbitzerakoan agertzen direnak, deusetan ukatu gabe ordenantza honen 18. artikuluan xedatua.

g) Higieneari dagokionez, eman diren edo etorkizunean ematen diren neurriak betetzea.

h) Hilerriarekin eta hilotzen gaineko osasun jarduerarekin zerikusia izan dezaketen Kontzejuaren bestelako administrazio eskumenak.

3. artikulua. Kontzejuaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; ordenantza honetan xedatua aplikatzeko behar diren erabaki puntualak hartuko ditu. Dagokion kontratazio prozedura irekita, Kontzejuak, komenigarri iritziz gero, ordenantza honetan jasotako Kontzejuaren lan eta egitekoak beste baten esku uzten ahalko ditu.

4. artikulua. Hilobiak era erregularrean banatuko dira, ondoz ondoko zenbakiak emanen zaizkie, eta berariaz egindako plano batean marraztuko dira.

Hilerriaren neurriak kontuan izanda, debeku da panteoiak egitea eta bakar-bakarrik lurreko hilobiak, nitxoak eta kolunbarioak baimentzen dira, salbu hilerria handitzen bada.

II. TITULUA

Hilerriko barne antolamendu eta gobernua, eta hilobien eraikuntza, mantentzea eta zaintza

5. artikulua. Hilerrian ez da onartuko esparruaren seriotasuna zuzenean edo zeharka hondatzen duen inolako ekintzarik edo hilobiak nahiz nitxoak profanatzea, suntsitzea edo donaustea dakarrenik. Orobat, debeku da esparruan animaliak sartzea, edozein motatakoak izanik ere.

6. artikulua. 1. Ezin izanen da obra edo lanik egin Kontzejuaren baimenik gabe, eta, horiek egiteko, artikulu honetan ezartzen diren arauak bete beharko dira. Obra eta instalazio horiek, eta kontzesio bidek eskuratutako hobietan egiten diren eraberritze, zaharberritze edo ordezte lan guztiak, partikularrek ordainduko dituzte.

2. Obra-lizentzia eskatzeko, eginen den lanaren dokumentazio xehakatua aurkeztuko da, ongi zehazten dituena neurriak, materialak eta kokapen zehatzak.

3. Kontzejuak, udal teknikarien bidez, eskaeran atzemandako akatsak zuzentzeko eskatzen ahalko ditu, baita ordenantza honen araberako baldintza edo aldaketak ezarri ere.

4. Hilerrian egindako jarduketak direla-eta sortzen diren beste gorabehera guztietan, hilerriaren ardura duten langileek eta Alkatetzak aginduko dute nola jokatu.

7. artikulua. Kontzejuaren organo eskudunek edo ehorzketa zerbitzuen esleipen hartzaileak dute hilerria zaintzeko lan orokorren ardura.

8. artikulua. Titularren betebeharra da hilobiak edo nitxoak, gauzak eta muntadurak zaintzea, segurtasun, higiene eta apaindurako baldintzak behar bezala betez. Hilobia garbitu ondoren, partikularrek loreen hondakinak eta bestelako objektuak atera egin beharko dituzte hilerritik.

Partikularrek hilobiak garbitzeko eta zaintzeko betebeharrean huts egiten badute, eta narriatze zantzurik baldin bada, Kontzejuak errekerimendu eginen die interesdunei, 30 egunean beren zabarkeriaz eragindako narriadura konpontzeko. Horrela ez egitea aski izanen da hobiratzeak debekatzeko.

Epe hori iraganik, Kontzejuak subsidiarioki egiten ahalko ditu lan horiek, interesdunen kontura egin ere. Horiek berehalakoan ordaintzen ez badute, kontzesioa iraungiko da eta hilobia Udalaren eskura itzuliko da.

9. artikulua. Udalak ez du erantzukizunik bere gain hartuko, zerbitzuarekin zerikusirik ez duten pertsonek hilobiak edo haien gainean uzten diren gauzak ebatsi edo narriatzen badituzte.

III. TITULUA

Hilotzak ehortzi, hilobitik atera, lekuz aldatu eta haiei autopsiak egitea

10. artikulua. 1. Hilotzen inguruko Osasun Neurriei buruzko Erregelamenduaren arauei jarraituz eta titulu honetan xedatutakoaren arabera dira hilotzak edo hondarrak ehortziko, hobitik aterako eta lekuz aldatuko.

2. Gorpu-hondakinak dituzten hilobietan ehorzteko, aldez aurretik horiek murriztu beharko dira, eskubidearen titularrari edo hark eskuordetutako pertsonari abisua emanda; hilotz bat utzi behar denean, gorpu-hondakin horiek berriz ere ehorzten ahalko dira.

3. Osasun baimena beharrezkoa izanen da hilotzak edo gorpu-hondakinak bertze hilerri batera eraman nahi direnean, arauetan ezarritako kasuetan.

11. artikulua. 1. Hilerrian, ehorzteko ekartzen den edozein hilotzi lur emanen zaio, betiere legezko tramiteak bete badira.

12. artikulua. 1. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere, eta bi kasuetan hilobiaren gaineko eskubidearen titularraren eskabidea beharko da, artikulu honetako 3. atalean aipatutako kasuan izan ezik.

Hilotzak hobitik ateratzen badira hilerriaren barreneko beste hilobi batera eramateko, berrehorzketa egin nahi den hilobiaren gaineko eskubidea duen titularraren baimena beharko da.

13. artikulua. 1. Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik ez badakar, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan ateratzen ahal dira:

a) Hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere hamar urte iraganda atera daitezke, arrunt hezurturik edo nitxoetan badaude. Heriotzaren arrazoia osasun arrisku handikoa izan bazen, ez da egiten ahal heriotzatik bost urte iragan arte.

b) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutienez ere hamar urte iraganda atera daitezke, arrunt hezurturik baldin badaude.

c) Hilobi mota guztietan: zinkezko hilkutxan ehortzi badira, noiznahi atera eta lekualdatzen ahal dira, betiere hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

d) Horiek baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada.

2. Hilotz baltsamatuak hobitik atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi ematen ahal da, baina zerraldoaren kanpoko kutxa aldatu egin beharko da ongi kontserbaturik ez badago.

14. artikulua. Hobitik ateratzean zerraldoetan agertzen diren gai baliotsuak zenduaren oinordekoek eska ditzakete, betiere eskabidea egiten badute hobitik atera baino lehen, beraien nortasuna eta oinordetza frogatu ondoan. Kontzejuak egokia iruditzen zaion xedea emanen die erreklamatzen ez diren gauzei.

15. artikulua. Lekuz aldatzeko nahiz berriz hobiratzeko, hilotz bat hilobitik ateratzen denean, horren oharra jasoko da erregistro liburuan, dagokion hilobian, titularraren baimena duela.

IV. TITULUA

Hilerriko hilobien erregistroa

16. artikulua. Hilerrian egiten diren hilobi eta zerbitzuen erregistroa sortu da, honako hauek jasoko dituena:

a) Hilobien identifikazioa.

b) Ehorzketa eguna.

c) Hildakoaren izen-deiturak.

d) Eskualdaketak, data, titular berriaren datuak eta eskualdaketaren zioa.

e) Ehorzketak, hobitik ateratzeak eta tokiz aldatzeak, honako hauek adieraziz: zein hilotz den, pertsona horren izen eta deiturak, eta jarduketa noiz izan den.

f) Gertakizun eta erreklamazioak: hilobia edo haren ingurua ukitzen duen edozein gertakizun.

Erregistroa Kontzejuko Idazkaritzan eramanen da, hilerriaren kudeaketa esleitua duen enpresak lagunduta, halakorik bada. Neurriak hartuko dira datuen segurtasuna bermatzeko eta horiek aldatzea, galtzea edo baimenik gabeko tratamendu edo inoren sarrera eragozteko.

Inskripzioetan akats materialik bada, ofizioz zuzenduko da, akatsa argi eta garbi adierazi eta zuzentzeko idatzohar berria eginez.

V. TITULUA

Ongintzako ehorzketak eta hobi orokorra

17. artikulua. 1. Lur emateak dakartzan gastuak ordaintzeko diru baliabiderik batere ez duten lagunen hilotzak ehorzteko hilobiak izanen dira.

2. Hilobi hauetan ez da hilarririk edo hilartitzik paratuko eta Kontzejuaren jabego direla baizik ez da agertuko.

18. artikulua. Hamar urteko epea beteta, hondarrak hobi orokorrera eramanen dira.

AZKEN XEDAPENA

A) Hilobiburuan gurutzeak edo hilarriak paratzen ahal dira.

B) Nitxoei dagokienez, haien azalera nolakoa, horren araberakoak izanen dituzte neurriak.

C) Ez da inola ere baimenduko hilarriak, lauzak edo hilobi-oroigarriak jartzea, aurreko idatz-zatietan adierazitako neurrikoak baino handiagoak badira edo ezaugarri ezberdinak badituzte.

D) Debeku da, orobat, hilobien inguruan hesiak edo itxiturak, heskaiak edo bestelako landareak paratzea.

E) Hilartitzak, oroigarriak, ezaugarriak eta ikurrak edozein hizkuntzatan para daitezke, eta hilerriaren izaerari begiratu beharko diote, ordenantzaren 5. artikuluan adierazitakoaren arabera. Hirugarrenendako eskubideen aurka jo dezaketen inskripzioen erantzukizuna titularrarena izanen da.

ORDENANTZA FISKALA, OTXOBIKO HILERRIA ERABILTZEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Hilerriaren erabilerari dagozkion tasen ordainarazpena arautzen du ordenantza honek, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta ondokoetan du oinarria.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Hona hemen zergapeko egintza:

Hilerrian zerbitzuak ematea da, bai hilerriko zerbitzuei eta hilotzak ehorzteari zein hobitik ateratzeari, nitxoak, hilobiak eta kolunbarioak esleitzeari dagokionez bai hilerrian haiekin batera egiten diren gainerako zerbitzuak egiteari dagokionez, Kontzejuaren hilerria arautzen duen ordenantzan ezarritakoarekin bat.

Subjektu pasiboa

3. artikulua. Zerbitzua eskatzen duen pertsona natural edo juridikoak ordaindu beharko du zerbitzua, subjektu pasibo gisa.

Ehorzteko eskubideen ordainarazpenetan, ehorzketak antolatu edo hilotzak hilerrira eramaten dituzten ehorztetxeak dira zergadunen ordezkoak.

Zerga-oinarria eta tarifak

4. artikulua. Ordenantza honen tarifen eranskinean jasotako kopuruei jarraikiz, ondotik zehaztuko diren kontzeptuei dagozkien zerbitzu moten arabera finkatuko da zerga-oinarria:

a) Lurperatzeko eta ehorzteko eskubideak. Zenbateko finkoa ehorzketagatik, segun eta lurrean, nitxoan edo kolunbarioan egiten den.

b) Hondarrak hobitik ateratzeko eskubideak.

Aplikatzen diren tarifak Kontzejuko Batzarrak onesten dituenak izanen dira.

Kudeatzeko arauak

5. artikulua. Hilotzak hilerriraino eramateaz arduratzen diren ehorzketa enpresek, Udalean likidatuko dituzte bidezko diren ehorzketa eskubideak, eta haien ordainketa agiria emanen zaie; Kontzejuak ordaindu beharko ditu zerbitzu horiek. Kontzejuko Batzarrak erabaki beharko du, akta bidez, nola ordaindu kostu horiek: hildakoaren familiak edo Kontzejuak berak ordainduta.

Diru-bilketa

6. artikulua. Ateratzen diren kuoten ordainketa 30 egun naturaleko epearen barrenean egin beharko da, ordenantza honetan ezarritako zerbitzuak egin eta haien kostua jakinarazi ondoko egunetik aitzina kontatzen hasita.

7. artikulua. Ateratzen diren kuotak borondatez ordaintzeko aldietan ordaintzen ez dituztenek, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Erregelamenduan adierazten diren errekarguak izanen dituzte.

Arau-hausteak eta zehapenak

8. artikulua. Arau-hausteei eta zehapenei dagokien orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Erregelamenduan eta Ordenantza Fiskal Orokorrean ezarritakoari jarraikiko zaio.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legea eta Ordenantza Fiskal Orokorra aplikatuko dira.

ERANSKINA, HILERRIA ERABILTZEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALARENA

KONTZEPTUA

TARIFAK

Ehorzketak, lurrean*

Zerbitzua egiten duen enpresak ezarritakoak.

Ehorzketak, nitxoan*

Zerbitzua egiten duen enpresak ezarritakoak.

Hondarrak ateratzea

Zerbitzua egiten duen enpresak ezarritakoak.

Iragarkiaren kodea: L1608459