153. ALDIZKARIA - 2016ko abuztuaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURLATA

Udalaren Kirol Patronatuaren estatutuak. Behin betiko onespena

Burlatako Udalak, 2016ko apirilaren 28an egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zituen Udalaren Kirol Patronatuko estatutuak. Erabakia 2016ko 89. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 10ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, aipatutako estatutuak behin betikoz onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Burlatan, 2016ko ekainaren 16an.–Alkatea, José María Noval Galarraga.

BURLATAKO UDALAREN KIROL PATRONATUKO ESTATUTUAK

I. TITULUA

Izaera, printzipioak eta eginkizunak

I. KAPITULUA

Xedea, izaera eta eginkizunak

1. artikulua. Patronatuaren izaera.

1. Udalaren Kirol Patronatua erakunde autonomo gisa eratu da, nortasun juridiko propioa eta autonomia finantzarioa eta funtzionala dituela sortu da, Burlatako Udalaren menpe, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 85. artikuluaren arabera.

2. Estatutu honetan xedatutakoak arautuko du Patronatua, eta interes orokorrak zerbitzatuko ditu objektibotasunez, honako printzipio hauekin bat: Udalaren tutoretzapean aritzea, deszentralizazioa eta koordinazioa; betiere, legeei eta Zuzenbideari erabat men eginik.

Efizientziaren eta hiritarrak zerbitzatzearen printzipioek arautzen dute haren jarduketa, gardentasunaren eta parte-hartzearen printzipioen arabera jardunda.

Orobat, aplikatzekoak izanen ditu Zuzenbide Publikoaren Araudian ezarritako gainerako printzipioak, kontratazio publikoaren arloaz, diru-laguntzez, etab.

2. artikulua. Patronatuaren helburua.

–Funtsezko xede izanen ditu kirol sustapena eta gorputz hezkuntza garatzea Burlatako herritarren artean, eta, horretaz gain, zaleen mailako entitate edo atalak ager edo sor daitezela sustatzea.

–Mota guztietako kirol instalazioak sustatzea eta Udalak dituenak zaindu, konpondu eta administratzea.

–Hezkuntzako eta aisiako xedea izateagatik, udal kirol instalazioak lehentasunez irabazi asmorik ez duten erabileretarako izan daitezen erraztasunak ematea.

–Ikastetxeek edo klubek dituzten beste instalazio publiko edo pribatu batzuek izan dezaketen erabilera kudeatzea, Patronatuaren xedeak betetzeko.

–Ezarritako helburuei erantzuteko behar diren langileak kontratatzea, indarreko araudiaren eta Burlatako Udaleko erabakien arabera.

3. artikulua. Patronatuaren ahalmenak.

Bere eginkizunak betetzeko, eta galarazi gabe Udalbatzak beretako dituen ahalmenak, Burlatako Udalaren Kirol Patronatuak honako eskumen hauek izanen ditu:

–Diru-laguntzak, sorospenak eta bestelako laguntzak eskatzea, Estatukoak, Nafarroako Administraziokoak, Korporazio publikoetakoak eta partikularrenak.

–Mota guztietako hitzarmen edo kontratuak egitea.

–Patronatuaren zerbitzu guztiak antolatzea.

–Zerbitzuaren barne funtzionamendua arautzea. Horretarako nahikoak diren barne araubideko erregelamenduak onetsiko dira.

–Honako hauek kontratatzea: obrak, zerbitzuak edo laguntzak, hornidurak eta bere eskumenen barneko beste edozein.

–Materiala, lanabesak, tresnak eta era guztietako ondasunak eskuratzea, salbu higiezinak, eta horiek besterentzea, soberako, botatzeko edo baliorik gabeko sailkapena ematen zaienean.

–Mantentze-lanetarako kuotak proposatzea urtero (tasak: abonamenduak, sarrerak, aldi baterako sarrerak, alokairuak). Udal tasen izaera izanen dute kuota horiek, eta Patronatuak izanen du horiek kudeatzeko ardura.

–Aurrekontua eta urteko kontuak prestatu eta hasiera batean onetsi. Gero, Udalak, osoko bilkuran, behin betiko onetsiko ditu.

–Kreditu eragiketak hitzartzea.

–Ekintza judizial eta administratiboak egitea.

–Baimenak eta lizentziak ematea. Langileen arloan, Udalaren Giza Baliabideen Departamentuaren proposamen-txostena beharko da.

–Zehatzeko ahalmena.

–Bere langileenganako zehapen ahalmena. Udalaren Giza Baliabideen Departamentuaren txostena beharko da.

–Esleiturik dituen zuzenbide publikoko diru-sarrerak biltzeko ahalmena.

4. artikulua. Udalaren tutoretza.

4.1. Udalaren Kirol Patronatuaren eskumenak erabiltzeko, Udalaren baimena beharko da, Osoko Bilkuraren erabakiaren bidez, honako kasu hauetan:

a) Kreditu eragiketak.

b) Urteko ekitaldiko aurrekontua onestea.

c) Plantilla organikoa onestea.

d) Kontuak onestea.

e) Inbertsioetarako behar diren kontu-sailak gaitzea.

f) Patronatuari atxikitako higiezinak besterentzea, lagatzea edo horiei kargak jartzea.

g) Udalarenak ez diren kudeaketa-mandatuak.

h) Estatutuak aldatzea.

i) Legearen arabera Udalaren Osoko Bilkurak onetsi beharreko beste edozein.

4.2. Udalaren Osoko Bilkurak erakunde autonomoaren erabakiak bertan behera uzten ahalko ditu, baldin, bere ustez, haren eskumenekoak ez diren gaiei buruzkoak badira, udalerriaren interesen kontrakoak badira edo legeak nabarmen urratzen badituzte. Orobat, era guztietako txostenak eta agiriak eskatzen ahalko dizkie erakunde autonomoaren gobernu eta administrazio organoei, eta egokitzat jotzen dituen ikuskapenak ere agintzen ahalko ditu.

4.3. Erakunde autonomoko organoaren egintza eta ebazpenen aurka errekurtsoak jartzen ahalko dira, hain zuzen ere Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 333. artikuluan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean aurreikusitakoak.

4.4. Gai zibiletan eta lanaren arlokoetan, aldez aurreko erreklamazioak lehendakariak ebatz ditzake.

5. artikulua. Helbidea.

Zalduko kirol instalazioak izanen dira Patronatuaren helbidea (Burlatako Zalduko kalea, z.g.)

II. TITULUA

Egitura organikoa

I. KAPITULUA

Gobernua eta administrazioa

6. artikulua. Organo hauei dagozkie Udalaren Kirol Patronatuaren gobernua eta administrazioa.

a) Zuzendaritza Batzordea.

b) Lehendakaria.

c) Lehendakariordea.

7. artikulua. Gobernu eta administrazio organoekin batera, Patronatuaren organoa da, aholkularitzarako izaera duena, Kirol Kontseilua, Estatutu honen II. kapituluan araututakoaren arabera.

8. artikulua. Zuzendaritza Batzordearen osaera eta izendapena.

Zuzendaritza Batzordea da Patronatuaren goi mailako kudeaketa eta gobernua bere gain hartzen dituen organoa. Honako kide hauek ditu:

–Lehendakaria: Burlatako Udaleko alkatea, edo hark eskuordetzen duen zinegotzia.

–Lehendakariordea: kirolaren alorreko zinegotzi berariazkoa, edo sortzen den antzekoa, lehendakariak izendatutako pertsona, Patronatuko Zuzendaritza Batzordean Udala ordezkatzeko dauden sei kideen artetik.

–Gerentzia: Burlatako Udalaren Kirolaren Patronatuan postu hori betetzen ari den pertsona (hitza duela baina botorik ez).

–Kirol koordinatzailea: Burlatako Udalaren Kirolaren Patronatuan postu hori betetzen ari den pertsona (hitza duela baina botorik ez).

–Idazkaria: Patronatuko gerenteak edo hark eskuordetzen duenak beteko du eginkizun hori, betiere lanpostuaren baldintzak betetzen baditu (hitza duela baina botorik ez).

–Mahaikideak:

  • Sei kide-zinegotzi: gutxienez ere pertsona bat Burlatako Udaleko udal talde bakoitzaren ordezkari, eta horietako bat lehendakariorde ariko da. Horretarako izendatutako beste pertsona batzuek ordez ditzakete. Udalean ordezkaritza duten sei talde politiko baino gehiago izanez gero, ordezkaritza politikoa zabalduko da, behar adina, udal talde bakoitzak ordezkaritza izan dezan Batzordean; sei baino gutxiago izanez gero, Udalaren Osoko Bilkurak erabakiko du zer talde politikok izanen duten ordezkaritza handiagoa Kirol Patronatuko Zuzendaritza Batzordean, behin udal talde bakoitzeko bat izendatu ondoren.
  • Patronatuko instalazioetako (udal igerilekuak) abonatuen bi ordezkari, urtebetetik gorako antzinatasuna dutenak, beren artean bozketa bidez aukeratuak. Kide-zinegotzien kopurua handitzen den neurrian handituko da ordezkaritza hau, baldin sei udal talde politiko baino gehiago badaude.
  • Burlatako kluben bi ordezkari, lehiaketa federatuko arloetakoak, beren arteko bozketaren bidez aukeratuak.
  • Aisiako kiroleko ordezkari bat, beren artean bozketaren bidez aukeratua.
  • Udalaren Kirol Patronatuko langileen ordezkari bat, Patronatuko langile guztien bozketaren bidez aukeratua.

9. artikulua. Zuzendaritza Batzordearen eginkizunak.

a) Urteko jarduketa plana eta programak onestea, aldez aurretik lehendakariak proposamena eginda.

b) Barne araubideko eta zerbitzu emateko erregelamenduak onestea. Horietan ezarriko dira erabiltzaileen betebeharrak eta eskubideak, aurkezpen modalitateak eta egoera, hain zuzen ere Toki Korporazioen Zerbitzuen Erregelamenduaren 33. artikuluan aipatutako erabiltzaileena.

c) Bere jarduketa eremuaren barnean, kontratazio espedienteak onestea, kontratazio organo gisa.

d) Bere jarduketa eremuaren barnean, era guztietako egintza eta kontratuak onestea eta baimentzea, kirol instalazioen edo C.I.D.ren antolakuntzan eta funtzionamenduan, bere gain hartuz instalazioen mantentze-lan, laguntza eta sostengu material orokorra.

e) Bere xedeak betetzeko, gastu eta diru-sarreren urteroko aurrekontua eta langileen plantilla organikoa onestea eta Udalari igortzea, behin betikoz onets ditzan.

f) Urtean egindako gastuak ikuskatzea, behar diren txosten, kontu eta balantzeak idazteko. Hura Udalari igorriko zaio, behin betikoz onets dezan.

g) Patronatuak jaso beharreko tasa eta prezio publikoen proposamena egitea, baita urteko diru-sarrerak banatzeko arauena ere, eta Udalari igorriko zaizkio, behin betikoz onets dezan.

h) Udalaren Kirol Patronatua aldatu, iraungi eta desegitea proposatzea Udalaren Osoko Bilkurari.

i) Beste organismo, entitate edo erakunde batzuekin, publikoak nahiz pribatuak izan, elkarlan edo elkarrekikotasun hitzarmenak onestea, Patronatuaren helburuak betetzeko.

j) Gastu xedapenak onestea, ekitaldi bakoitzeko indarreko aurrekontuaren exekuzio oinarrietan ezarritakoarekin bat.

k) Kreditu eragiketak onestea, Udaleko Osoko Bilkuretarako indarreko legerian aurreikusitakoarekin bat.

l) Ekintza judizial eta administratiboak erabiltzea, errekurtsoak jartzea eta erakunde autonomoaren defentsa, Udaleko Osoko Bilkuretarako indarreko legerian aurreikusitakoarekin bat.

m) Patronatuari ematen zaizkion legatuak, dohaintzak, laguntzak, diru-laguntzak edo beste edozein sorospen onartzea.

n) Patronatuak izan ditzakeen helbide sozialak onestea.

ñ) Patronatuaren gainerako organoak kontrolatu eta fiskalizatzea.

10. artikulua. Zuzendaritza Batzordearen funtzionamendua eta bilkuren araubidea.

1. Zuzendaritza Batzordeak gutxienez ere hiru hiletik behin eginen ditu bilkura arruntak.

2. Halaber, Zuzendaritza Batzordeak bilkura bereziak egiten ahalko ditu, lehendakariak horrela erabakitzen duenean, berez nahiz batzordekideen heren batek hala eskatuta.

3. Zitazioak idatzizkoak izanen dira, gutxienez ere bi lanegun lehenagotik egin beharko dira, eta eguneko gai zerrenda erantsiko zaie.

4. Batzordea legez eraturik egonen da bere kideen herena bertan dagoenean. Beti izan beharko dira lehendakaria eta idazkaria.

5. Gai zerrendan sartu gabeko kontuak presako deklaratu direnean baizik ez dira eztabaidatuko. Deklarazio horrek bertan direnen gehiengoa beharko du.

6. Batzordearen erabakiak botoen gehiengo soilez hartuko dira, eta berdinketarik izanez gero, lehendakariak ebatziko du bere kalitateko botoaren bidez.

7. Zuzendaritza Batzordearen bozketak arruntak, izendunak edo isilpekoak izan daitezke, edozein kidek eskatuta.

11. artikulua. Zuzendaritza Batzordeko kideek kargua uztea.

Zuzendaritza Batzordeko kideek beren karguak utziko dituzte kasu hauetan:

a) Norberak eskatuta, edozeinek eskatuta ere.

b) Beren kargua dela-eta kide direnek, kargua utzitakoan.

c) Osoko Bilkurak izendatutako kideek, Osoko Bilkura berritutakoan.

d) Abonatuen, kluben, asiaren eta langileen ordezkari diren kideek, lau urtetik behin, salbu ordezkariek berritzea erabakitzen dutenean.

12. artikulua. Lehendakariaren eginkizunak.

Patronatuaren lehendakariari dagozkio eskumen hauek:

a) Patronatuaren legezko ordezkaritza lehendakariari dagokio, eta ordezkatzeko legezko ahalmena izanen du era guztietako egintza eta kontratuetan, edonolako aginte, organismo eta partikularren aurrean, baita era guztietako ekintza erabiltzeko ere, haren interesak defendatzeko, barnean direla interes judizialak, era eta maila guztietako auzitegien aurrean, presazko kasuetan. Halakoetan, horren berri eman beharko dio Zuzendaritza Batzordeari hurrengo bilkuran.

b) Zerbitzu guztien ikuskapen eta zuzendaritza, barnean dela barne jarraibideak onestea, zerbitzuak hobeki kudeatzeko; eta Patronatuko langileen burutza betetzea.

c) Patronatuko Zuzendaritza Batzordearen bilkuretarako dei egitea, haietan buru izatea, bertan behera uztea eta bukatzea, eztabaidak zuzentzea eta berdinketak haustea kalitateko botoarekin.

d) Batzordearen erabakiak betetzea eta betearaztea.

e) Diru-sarrerak eta eskubideak aitortzea eta egoki diren aurrekontu aldaketak onestea, ekitaldi bakoitzeko indarreko exekuzio oinarrien arabera.

f) Patronatuaren xedeei erantzuteko, gastuak erabakitzea eta ordainketak agintzea, erakunde autonomoaren aurrekontua exekutatzeko arauen barnean.

g) Obren, laguntzen eta horniduren kontratu txikiak onesteko eskumena.

h) Edozein banku entitatetan klase guztietako kontu korronteak eta aurrezki kontuak ireki, mantendu eta ixtea.

i) Probak egiteko oinarriak onestea, langileak aukeratzeko eta lanpostuak betetzeko lehiaketetarako, finkoak eta aldian-aldikoak ez diren ordainsari osagarriak banatzea, izendapenak eta zehapenak erabakitzea, Patronatuko funtzionarioak zerbitzutik baztertzea eta lan-kontratudunak kaleratzea. Azkeneko bi kasuetan, horren berri eman beharko zaio Zuzendaritza Batzordeari, egiten den hurrengo bilkuran.

j) Beste organo batzuei berariaz esleitu gabeko gainerako ahalmenak, Zuzendaritza Batzordeak haren esku uzten dituenak eta Patronatuko zuzendari gisa berezkoak dituen gainerakoak.

13. artikulua. Lehendakariordearen eginkizunak.

Zuzendaritza Batzordeko lehendakariordeak lehendakaria ordeztuko du eta haren eskudantziak hartuko, lehendakari kargua hutsik dagoenean, larrialdi kasuetan, eta lehendakaria kanpoan edo eri denean, eta, horretaz gain, lehendakariak idatziz haren esku utzitako eginkizunak beteko ditu. Horren berri eman beharko zaio Zuzendaritza Batzordeari.

14. artikulua. Idazkaritzaren eginkizunak.

1. Zuzendaritza Batzordeko idazkariak bilkuretako aktak idatziko ditu, akta liburua gordeko du, eta hartutako erabakiak jakinaraziko ditu. Honako hauek paratuko dira: bilkuren tokia, eguna eta ordua, lehendakariaren eta bertan diren kideen izen-deiturak, eztabaidagai izan diren kontuak, emandako iritzien laburpena eta hartu diren erabakiak. Idazkariak akta bakoitzaren kopia bat bidaliko die Batzordeko kideei.

2. Zuzendaritza Batzordearen bilkuretarako zitazioak eginen ditu, lehendakariak agindurik, gutxienez ere bi lanegun lehenago, eta eguneko gai zerrenda erantsiko du.

II. KAPITULUA

Organo aholku-emailea

15. artikulua. Kirol Kontseiluaren osaera eta izendapena.

1. Kirol Kontseiluaren helburua da parte-hartzeko bide egonkor izatea, klubetarako, elkarteetarako, entitateetarako eta banakoendako, Kirol Patronatuko erabakietan parte har dezaten.

2. Honako hauek osatuko dute Kirol Kontseilua:

a) Patronatuaren lehendakaria edo Kiroleko zinegotzia, zeina Kontseiluko lehendakari izanen baita.

b) Udaleko Osoko Bilkuran ordezkaritza lortu duten talde politiko edo koalizioetako bakoitzak izendatutako ordezkari bat.

c) Burlatan dauden kirol klub, eskola edo elkarte bakoitzeko ordezkari bat, haietako bakoitzak izendatuta.

d) Patronatuko langileen ordezkari bat, plantillak berak izendatua.

e) Burlatako Kirol Patronatuko langile teknikoak.

f) Burlatako edozein bizilagun, Kontseiluan modu iraunkorrean parte hartzeko eta lan egiteko konpromisoa eta interesa agertzen badu.

3. Gerentea edo hark eskuordetzen duena izanen da Kontseiluko idazkaria.

4. Kirol Kontseiluko kide izateko, Burlatako kirol klub, eskola edo elkarteek, talde politikoek eta herritarrek hau egin beharko dute:

a) Idatziz adierazi Kirol Kontseiluaren buruari, eskatzailearen eta haren ordezkoaren identifikazio pertsonalerako datuekin batera.

b) Posta elektronikoko helbide bat zehaztu, deialdiak komunikatzeko.

Patronatuko langileek haien izendapenen berri emanen dute, haien legezko ordezkapenerako organoen bitartez.

Hamabi hilabeteko epean hiru saiotara arrazoirik gabe huts eginez gero, delako ordezkaria kargugabetuko da, Kontseiluko lehendakariak erabakita.

16. artikulua. Kirol Kontseiluaren eginkizunak.

1. Kirol Kontseiluaren ardura da Zuzendaritza Batzordeari aholkularitza eta laguntza ematea, honako eginkizunak betez:

a) Zuzendaritza Batzordeari jarduera berrien garapena proposatzea Patronatuaren urteko programazio orokorrerako, baita daudenak aldatzea ere.

b) Zuzendaritza Batzordeari proposatzea beharrezkotzat jotzen diren konponketa, obra edo egokitzapenak udal instalazioetan.

c) Udalaren kirol eskolak sortzea, kentzea edo aldatzea proposatzea Zuzendaritza Batzordeari.

d) Txostenak egitea eta horiek proposatzea Zuzendaritza Batzordeari, honako hauek onesteko: urteko aurrekontua, plantilla organikoa, udal tasak, eta obrak, baldin Patronatuaren instalazioetan eraginik badute.

e) Urteko programazioaren jarraipena.

f) Txostenak egitea eta horiek proposatzea Zuzendaritza Batzordeko lehendakariari, tramita ditzan.

17. artikulua. Kirol Kontseiluaren funtzionamenduaren araubidea.

1. Bilkuren araubidea. Bilkura arruntak lau hiletik behin eginen ditu, eta, horretaz gain, lehendakariak edo, behar denean, Kirolen zinegotziak dei egiten duenean, edo kideen heren batek idatziz eskatzen duenean.

2. Deialdiak posta elektronikoz eginen dira, gutxienez bi egun lehenago, eta horiekin batera bilkuran aztertuko den dokumentazioa igorriko da. Lehendakariak finkatuko du gai zerrenda. Bilkura bakoitzeko akta jasoko du idazkariak.

3. Erabakiak hartuko dira bilkurako parte-hartzaileen adostasuna eta eztabaidako proposamen ezberdinen arteko hurbilketa bilatuz; beharrezkoa bada, bozkatu eginen da parte-hartzaileen gehiengo soila aplikatuz. Kirol Kontseiluko lehendakariak kalitateko botoa izanen du.

III. TITULUA

Langileak

18. artikulua. Patronatuko langileak.

1. Patronatuak behar diren langileak izanen ditu bere helburuak eta eskumenak betetzeko. Tokiko araubidearen lege-arauei jarraikiz aukeratuko dira langileak. Patronatuko lehendakariak izendatuko ditu langileak, kategoria eta eta lanpostu guztietarako, indarreko legeriak xedatutakoarekin bat.

2. Patronatuak behar diren langileak izanen ditu. Zuzendaritza Batzordeak prestatutako plantilla organikoetan zehaztuko dira haien kopurua, kategoria eta eginkizunak. Soldatak eta gainerako ordainsariak Patronatuaren aurrekontuan jasoko dira. Plantilla hori, dagokion lan eskaintzarekin batean, urtero prestatuko da aurrekontuekin batean, eta Udalari igorriko zaio, osoko bilkuran onets dadin.

3. Zerbitzuko plantillak ondoko hauek osatuko dituzte:

a) Udalak horretarako dituen funtzionarioak.

b) Patronatuak berak kontratatutako langileak.

4. Udalak funtzionarioak atxiki ditzake Patronatuko zerbitzuak betetzeko. Aipatutako langileak jarduneko egoera administratiboan egonen dira Udalean, eta eskubide guztiak aitortuko zaizkie, galarazi gabe funtzionalki Patronatuaren menpe egotea, hari atxikirik dauden bitartean. Nolanahi ere atxikitze horretarako beharrezkoa izanen da ukitutako funtzionarioak ados egotea. Langile horiei dagokienez, Patronatuari dagokio:

–Zerbitzuen zuzendaritza, antolamendu eta ikuskapen arloan berezko dituen ahalmenek ekarritakoak.

–Langileak lanpostu zehatzei atxikitzea edo langileei destino horiek ematea, hornidura sistema errespetatuz, baldin araudi berariazkoa badu.

–Tokiko administrazioko funtzionarioei aplikatu beharreko araudian aurreikusitako oporrak, lizentziak eta baimenak onestea.

–Diziplina araubidearekin lotutakoak.

Lan zuzenbideko kontratuaren bidez Udalari lotutako langileak Patronatuari atxikiz gero, langile horiek automatikoki subrogaturik geldituko dira, kontratu guztietan, eta langile horien eskubideen ondorioetarako, ulertuko da ez dela inolako etenik izan zerbitzu ematean, eta kontratu-harremanean ere ez dela inolako aldaketarik izan.

5. Patronatuko funtzionarioak lan publikoaren eskaintzaren bidez aukeratuko dira, ezarritako legezko prozesua eginda.

6. Lan-kontratudunak kontratatzeko, berdintasun, merezimendu, gaitasun eta publizitate printzipioak errespetatuko dira, behar den deialdi publikoa eginez.

7. Patronatuko laneko agirien kudeaketa administratiboa (nominak, kotizazioak, etab.) eta langileen aukeraketaren eta kontratazioaren kudeaketa Udaleko Giza Baliabideen Departamentuaren bidez gauzatuko da; hark aholkularitza emanen dio Patronatuari behar denean.

19. artikulua. Gerentea.

1. Gerentearen gain egonen da lanak egitea eta zerbitzua administratzea, betiere Zuzendaritza Batzordearen eta lehendakariaren agindupean.

2. Gerentearen eginkizun berariazkoak izanen dira hauek, besteak beste:

a) Alorraren helburuak zehaztea Patronatuko Zuzendaritza Batzordeari aurkezteko. Irizpideak eta ezagutza teknikoak ekarriko ditu eta egoki iruditzen zaizkion ekintza eta neurriak proposatuko.

b) Patronatuaren eta haren aurrekontuen kudeaketa ekonomiko egokiaz arduratuko da, ezarritako behar, helburu eta programen arabera; kontabilitate eta diruzaintza lanak zuzenduko ditu, eta haien kontrola eta segimendua eginen ditu.

c) Bere gain izanen ditu Patronatuaren jarduera guztien kontabilitatea, eta kontu-sail biko sistema erabiliko da. Urtero, abenduaren 31n formalizatuko ditu inbentarioa eta balantzea, aktiboki eta pasiboki, eta emaitzen kontua. Horren denaren berri emanen zaio Zuzendaritza Batzordeari, hurrengo lau hilabetean.

d) Gastuen eta diru-sarreren proiektu-aurrekontua eginen du.

e) Bere ardurapean izanen ditu, lehendakariarekin batera, kirol instalazioen funtsak, eta Zuzendaritza Batzordeak aurretik onetsitako kontuetako ordainketa-aginduak beteko ditu. Patronatuaren izenean dauden bankuko kontu korronteetan jarriko dira dauden funtsak, eta Zuzendaritza Batzordeak izendatuko ditu horretarako entitateak.

f) Langileen gaineko zuzendaritza lanak beteko ditu, eta begiratuko du bere ardurapeko langileek nork bere esku utzitako lanak betetzen dituela, langileen motibazioa eta laneko giro ona zainduz.

g) Kirol koordinatzailearen lana zuzentzea, kontrolatzea eta ebaluatzea, lanaren funtsezko helburuak eta ildoak ezarriz koordinatzailearen ardurapeko eremu guztietan.

h) Behar den laguntza teknikoa emateaz gain, bere ardurapeko langileen prestakuntza eta garapena erraztuko ditu, betiere erakundearen beharrekin bat eginik.

i) Herritarrei harrera egin, eta informazioa eta orientabideak emanen dizkie bere lan esparruko gaietan.

j) Herritarren eskakizunak eta eskaerak kudeatuko ditu, haiek betetzeko behar diren ekintzak taxutuz.

k) Kirol Patronatuko Zuzendaritza Batzordeari berriak, argibideak eta aholkuak helaraziko dizkio, txostenak eginen ditu eta egin litezkeen hitzarmenak aztertuko.

l) Ekipamendu eta instalazioen artatze eta mantentze lanak zuzendu eta gainbegiratuko ditu.

m) Patronatuaren erosketen kudeaketaz arduratuko da, baita ondasunen inbentarioa eguneraturik edukitzeaz ere.

n) Alkatetzari eta Udalbatzari aholku ematea, kirolari eta jardunbide egokiei dagozkien protokoloaren arloan, baita ikusten diren behar berrietan ere.

ñ) Kanpoko zerbitzuak azpikontratatzeko eskatuko eta proposatuko du, eta baldintza teknikoen orriak prestatuko ditu; orobat, zeharka kudeatzen diren zerbitzuen kontrola eta segimendua gauzatuko ditu.

o) Bere eginkizunak betetzeko behar diren harreman eta loturak finkatu eta garatuko ditu bestelako erakunde, entitate, profesional, elkarte eta abarrekin, eta horretarako, hitzarmenak prestatuko ditu eta diru-laguntzak proposatuko.

p) Alorreko agirien sistemez arduratuko da, bai fisikoez bai informatikoez, eta berak finkatuko ditu agiriok antolatu eta eguneraturik edukitzeko irizpideak, arauak eta jarraibideak.

q) Udal instalazioak erabiltzeko kudeaketa zuzenduko du, horiek erabiltzeko erregelamendu eta arauak prestatuko ditu eta betetzen direla begiratuko.

r) Zerbitzua hobetzen saiatuko da, behar diren ekintzak eta aldaketak oro proposatuz zerbitzua hobetze aldera.

s) Aipatuez gain, bestelako zereginak beteko ditu, bere karguari lotutako gaitasun eta ahalmen profesionalekin bat, ezarritako helburuak lortu beharrez agintzen zaizkionak.

20. artikulua. Koordinatzailea.

Lanpostu honek eginkizun hauek izanen ditu:

a) Alorrak landu beharreko programa eta jarduerak diseinatu eta planifikatuko ditu, gerenteak ikuskatuta, baita haiek antolatu eta abian jarri ere, hartutako erabaki eta irizpideei jarraikiz: kirol jarduerak, parte-hartzeko jarduerak eta aisialdikoak.

b) Kiroleko, aisiako eta denbora libreko herritarren jarduerak zuzenduko eta ongi burutuko ditu, kirol klub eta eskolen bidez. Gauza bera herritarrek, eskumeneko alorraren barnean, garatzen dituzten jarduera guztiekin.

c) Jarduera fisiko eta kirolekoekin lotutako taldeak osarazi eta bultzatuko ditu eta behar den laguntza teknikoa emanen die, antolaketak ezarritako betebeharrekin bat.

d) Herritarren mugimendu eta ekimenak sustatuko ditu eta laguntza emanen du bere jarduera esparruan, elkarren arteko jardueren plangintza egin ahal izateko.

e) Herritarrei harrera egin, informatu eta orientabideak emanen dizkie bere lan esparruko gaietan.

f) Herritarren eskakizunak eta eskaerak kudeatuko ditu, haiek betetzeko behar diren ekintzak taxutuz.

g) Antolaturiko jarduera eta programak iragartzeaz eta ezagutarazteaz arduratuko da.

h) Programaturiko jarduerak nola betetzen diren ebaluatu eta segimendua eginen du, eta beharrezkoak diren zuzenketak sartuko.

i) Zuzendaritza Batzordeari berriak, argibideak eta aholkuak helaraziko dizkio, txostenak eginen ditu eta egin litezkeen hitzarmenak aztertuko.

j) Kirol instalazioetarako erabilera ordutegiak antolatuko ditu, honako hauen jardueretarako: abonatuak, kirol eskolak eta klubak, herritarren elkarteak, federazioak, etab.

k) Etengabeko harremana izanen du kulturaren, hezkuntzaren, berdintasunaren, gazteriaren, dibertsitatearen eta abarren alorrekin, udalerrian kirola sustatzeko, haien irizpideak kontuan izanik.

l) Kirol jarduerak diseinatuko eta planifikatuko ditu herriko jaietan, kirol jarduera berezietan eta kirol ikuskizunetan, eta haien antolaketa, abiaraztea, kontrola eta itxiera zuzenduko ditu.

m) Aipatuez gain, bestelako zereginak beteko ditu, bere karguari lotutako gaitasun eta ahalmen profesionalekin bat, ezarritako helburuak lortu beharrez agintzen zaizkionak.

21. artikulua. Langileen eta instalazioen arduraduna.

Lanpostu honek eginkizun hauek izanen ditu:

a) Ekipamendu eta instalazioen artatze eta mantentze lanak zuzendu eta gainbegiratuko ditu.

b) Langileen gaineko zuzendaritza lanak beteko ditu, eta begiratuko du bere ardurapeko langileek betetzen dituztela haien gain utzitako lanak, langileen motibazioa eta laneko giro ona zainduz, hori guztia Giza Baliabideen Departamentuaren aholkularitzarekin. Bere ardurapeko langileen lanaren segimendua eta kontrola planifikatuko eta gauzatuko ditu, lantaldearen lan zama banatuz, asteko eta urteko egutegien bidez.

c) Behar den laguntza teknikoa emateaz gain, bere ardurapeko langileen prestakuntza eta garapena erraztuko ditu, betiere erakundearen beharrekin bat eginik.

d) Kirol Patronatuko Zuzendaritza Batzordeari txostenak eta aholkuak emanen dizkio, bere eskumeneko alorreko txostenak prestatuz.

e) Aipatuez gain, bestelako zereginak beteko ditu, bere karguari lotutako gaitasun eta ahalmen profesionalekin bat, ezarritako helburuak lortu beharrez agintzen zaizkionak.

IV. TITULUA

Ondarearen gaineko araubidea

22. artikulua. Patronatuaren ondarea.

1. Honako hauek osatuko dute Kirol Patronatuaren ondarea:

a) Udalak atxikitzen dizkion ondasunak, jatorrizko kalifikazio juridikoa gordeko badute ere.

b) Patronatuak beste edozein titulu bidezko erabiliz erosten dituen ondasunak, higigarriak eta higiezinak.

2. Zuzendaritza Batzordeak onetsiko du urtero ondasunen inbentarioa, eta kopia bat igorri beharko dio Udaleko Idazkaritza Orokorrari, inbentario orokorra egin dezan.

V. TITULUA

Araubide ekonomikoa

23. artikulua. Baliabide ekonomikoak.

1. Patronatuak bere ondare, kontabilitate eta aurrekontuak izanen ditu, Udalarenetatik bereiz. Udalaren aurrekontu bakarrean sartuko da haren aurrekontua.

2. Xedeak betetzeko eta gastuak finantzatzeko, Mankomunitateak bere baliabide ekonomikoak erabiliko ditu, honako diru-sarrera hauek alegia:

a) Udalak, Nafarroako Gobernuak edo beste edozein entitate edo erakunde publikok ezarritako diru-laguntza edo diru-laguntzak.

b) Era guztietako dohaintzak eta ekarpenak, udalbatzenak edo entitate publiko eta pribatuenak, klubenak, kirol federazioenak eta era guztietako laguntzak, pertsona juridiko, fisiko edo naturalek emanak.

c) Abonuko edo aldi bateko erabilerarako kuotak.

d) Bere jarduera berariazkoek edo zerbitzuak emateak ekartzen ahal dizkioten era guztietako diru-sarrerak.

e) Bere aldeko dohaintzak, legatuak eta usufruktuak.

3. Lehendakariak azalduko ditu Patronatuaren gastuak eta diru-sarrerak, eta berak emanen du horien berri, aurrekontuko araudian ezarri bezala.

4. Kontu orokorrak Zuzendaritza Batzordearen menpe jarriko dira, onets ditzan eta Udalari igor diezazkion, behin betiko onets ditzan.

24. artikulua. Patronatuaren aurrekontua.

Aurrekontuaren proiektua Patronatuko lehendakariak prestatuko du, Patronatuko gerenteak lagundurik, eta Zuzendaritza Batzordeak onetsi ondoan Udalari igorriko zaio, osoko bilkuran onets dadin.

25. artikulua. Patronatuaren kontuak.

Patronatuaren kontuak Udalaren kontuei gehituko zaizkie, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean eta Toki Ogasunei buruzko Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

VI. TITULUA

Organismoa aldatzeko eta desegiteko araubide juridikoa

26. artikulua. Estatutuen aldaketa.

Udalak ofizioz edo Zuzendaritza Batzordeak proposatuta eginen du estatutu hauen aldaketa. Horiek prestatzeko zer bide erabili zen, horrexeri segituko zaio.

27. artikulua. Patronatuaren desegitea.

1. Udalak ofizioz edo Zuzendaritza Batzordeak proposatuta erabaki dezake Kirol Patronatua desegitea, betiere hura osatzen duten kideen gehiengo osoa alde badago, eta Legeak aurreikusitako gainerako kasuetan.

2. Patronatua deseginik, Udala izanen da haren oinordeko unibertsala, eta haren esku geldituko da hornidura guztia, desegindako erakunde autonomoaren aktiboan azaltzen diren gehikuntza eta ekarpenekin.

28. artikulua. Patronatuaren araubide juridikoa.

1. Patronatuko Zuzendaritza Batzordearen eta lehendakariaren egintzek amaiera ematen diote administrazio bideari.

2. Patronatuko organoen ebazpenen kontra paratzen ahalko dira Nafarroako toki entitateen egintzen kontra une horretan bidezko diren errekurtsoak.

AZKEN XEDAPENETAN LEHENA

Estatutu hauetan aurreikusi gabeko orotan, honako hauei jarraituko zaie: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea, Burlatako Udaleko Politika hiritar eta komunitarioetan parte hartzeko kontseilu sektorialari buruzko ordenantza, eta aplikatzekoak diren gainerako legezko xedapenak.

AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA

Estatutu honek ez du eraginik izanen harik eta testua osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun balioduneko epea iragan arte, legezkotasuna kontrolatzeko, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluan eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 65. artikuluan aipatu bezala.

Iragarkiaren kodea: L1607675