1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
215E/2016 EBAZPENA, uztailaren 13koa, Ingurumen Kalitatearen eta Aldaketa Klimatikoaren zuzendari nagusiak emana, Faltzesko udal mugapean kontserbak fabrikatzeko dagoen instalazio baten Ingurumen baimen integratua aldatzen duena, barrengorriaren lerro berri bat eta lekaleen lerro berri bat egiteko proiekturako. Horren ondorioz, instalazioak eta jarduerak berak Ingurumen baimen integratuaren kasuan kasuko espediente administratiboetako baldintzak bete beharko dituzte, eta, edozein kasutan, ebazpen honen eranskinean agertzen diren baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Unión de Fabricantes de Conservas SA da.
Instalazio horrek badu Ingurumen baimen integratua, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariaren azaroaren 27ko 439/2006 Foru Aginduaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 5eko 45E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua.
2015eko azaroaren 17an, titularrak instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, barrengorriaren lerro berri bat eta lekaleen lerro berri bat egiteko proiekturako. Ingurumen Kalitatearen eta Aldaketa Klimatikoaren Zerbitzuak 2015eko azaroaren 27an emandako irizpenaren arabera, aldaketa ez da funtsezkoa, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eta, horregatik, ez da beharrezkoa Ingurumen baimen integratu berria ematea; aldaketa nabarmena da ordea, aldaketa garrantzitsuak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu-baldintzetan, eta, horregatik, aldaketak Ingurumen baimen integratuan jaso eta hura aldatu beharra dago.
2016ko urtarrilaren 28an, titularrak Ingurumen baimen integratua aldatzeko eskatu zuen, dagokion proiektua burutu ahal izateko, hau da, barrengorriaren lerro berri bat eta lekaleen lerro berri bat ezartzeko.
Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz tramitatu da espedientea. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.
Ebazpen proposamenaren tramitazio prozesuan titularrari entzutea emateko tramitea bete da hamar egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta zerbitzuetako zuzendariei eskumenak eskuordetzeko Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak irailaren 22an emandako 63/2015 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidaten eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
Lehena.–Faltzesko udal mugapean kontserbak fabrikatzen duen instalazio baten Ingurumen baimen integratua aldatzea, barrengorriaren lerro berri bat eta lekaleen lerro berri bat egiteko proiektua gauzatzeko. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak Ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, betiere, ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Unión de Fabricantes de Conservas SA da.
Bigarrena.–Aldaketa funtzionamenduan hasi baino lehenago, titularrak martxan jartzeko erantzukizuneko aitorpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatuarekin bat.
Hirugarrena.–Titularrak proiektua burutu dela adierazten duen erantzukizuneko aitorpena aurkezten duen egunean edo, edozein kasutan, aldaketa abian jartzen den egunean hasiko dira aplikatzen Ingurumen baimen integratuaren aldaketa honetan ezarritako baldintzak. Bitartean, indarrean dagoen Ingurumen baimen integratuan dauden baldintzak aplikatuko dira.
Laugarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berarekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen IV. tituluan jasotakoak, galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidea.
Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete haren aurka, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.
Zazpigarrena.–Ebazpen hau Unión de Fabricantes de Conservas SAri eta Faltzesko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2016ko uztailaren 13an.–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgunean: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.
Iragarkiaren kodea: F1608611