1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
45/2016 FORU DEKRETUA, ekainaren 29koa, abere produkzio integratua arautzen duen abenduaren 16ko 253/2002 Foru Dekretua aldatzen duena.
ZIOEN AZALPENA
Abenduaren 16ko 253/2002 Foru Dekretuaren bidez, abere produkzio integratua arautu zen, non baldintza osagarriak ezartzen diren abeltzaintzako produktuak seguruagotzat, gizakien elikaduraren aldetik, eta errespetutsuagotzat, ingurumenaren babesaren aldetik, jo ahal izateko, animalien ongizateari buruzko araudia erabat beteta erdietsiak. Horrenbestez, Administrazio Publikoak abeltzaintzako produkzioa kontrolatzen du produkzio metodoaren fase bakoitzean, eta guztiz ziurtatzen ditu prozesu osoaren errealitatea eta segurtasuna.
Abere produkzio integratuak ardura du elikagaien segurtasuna handiagotzeko eta baliabide naturalak babesteko, Europar Batasuneko edo barneko araudi orokorrak agindutakoa ez ezik, berariazko erregelamendu teknikoek eskatutakoa ere betez, elikagaien katean aritzen diren eragile publiko eta pribatu guztien parte-hartze handi batetik sortzen dena.
Urtarrilaren 29ko 13/2014 Foru Dekretuaren bidez, abere produkzio integratua arautzen duen abenduaren 16ko 253/2002 Foru Dekretua aldatu zen. Haren bidez, produkzio integratuko produktuak non eraldatu behar diren argitu nahi zen. Hark indarra hartu eta urtebeteko epe iragankorra ezarri zuen eraldaketa Nafarroatik kanpo egiten zuten operadoreentzat, edo hirukoa jardueraren hasieratik, abere produkzio integratuko operadoreek eraldaketa Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean egin zezaten.
Abeltzaintzako jarduera askok gogor egin dute produkzio sistema honen alde, eta ospea lortu dute eta are garrantzitsuagoa dena, balio erantsia duten elikagaiak produzitu dituzte kalitatearen, segurtasunaren, abereen ongizatearen eta ingurumenarekiko errespetuaren aldetik. Hala ere, enpresek zailtasunak izan dituzte eraldatze fasean eraldaketaren berariazko lerro edo industriak sortzeko edo produkzio integratuko produktu ziurtatuak ontziratzeko.
Batzuetan, produktuak Foru Komunitatean eraldatu beharrak ezinezkoa egiten du produkzio integratua garatzea, beharrezko inbertsioak ezin baitira produktoreen beraien menpe egon. Bestetik, beharrezkotzat jotzen da produkzio integratuaren erabilera babestu eta sustatzea, horren onurak gure abeltzainentzat, ingurumenarentzat eta kontsumitzaileentzat izanen direlako.
Produktoretik hasita eraldatu edo/eta ontziratu arte egiten den ziurtagiri ofizialak bermatu behar du produktua merkatuari bere etiketa ofizialarekin eskaintzen zaiola eta produkzio integratutik datorrela, Nafarroan eraldatua izan edo ez.
Horregatik guztiagatik, beharrezkotzat jotzen da Abere Produkzio Integraturako Koordinazio Batzordearen eginkizunak handitzea eta abenduaren 16ko 253/2002 Foru Dekretuaren 3. artikuluko b) puntua aldatzea, produkzio integratuko produktuak non eralda daitezkeen argitzeko eta Nafarroan eraldatzeari salbuespenak ezartzeko, produkzio, teknika edo ekonomia arloko arrazoi justifikatuak daudenean, betiere produktuaren trazabilitate osoa segurtatzen ahal bada ziurtapen entitate ofizialaren bidez, eta aldez aurretik lankidetza hitzarmena izenpetuta administrazio publikoarekin, non trazabilitate kontrolak onartzeko baldintzak ezarriko diren, bai eta zein diren ere ziurtapen entitate gaituak, enpresa eraldatzailea dagoen eremuan jarduteko.
Horiek horrela, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2016ko ekainaren 29ko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
Artikulu bakarra.–Abere produkzio integratua arautzen duen abenduaren 16ko 253/2002 Foru Dekretua aldatzea.
Bat. Abenduaren 16ko 253/2002 Foru Dekretuaren 3. artikulua aldatu da. Hona hemen testu berria:
“3. artikulua. Atxikipena sistemari.
1. Abere produkzio integratuaren sistemari atxikitzen ahalko zaizkio ondoko baldintzak betetzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak:
a) Abere produktuak Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribaturik dauden abeltzaintzako ustiategietatik eskuratzea, eta
b) Aurreko letran aipatzen diren produktuak Nafarroan eraldatzea kasuan kasuko erregelamendu teknikoetan ezarritakoari jarraikiz.
2. Aurreko b) atalean xedatutakoa gorabehera, produkzio integratua Nafarroatik kanpo eraldatzen ahalko da arrazoi ekonomiko edo tekniko sendoak daudenean, Koordinazio Batzordearen ustez, ezinezkoa egiten dutenak Nafarroan eraldatzea, aldez aurretik, lankidetza hitzarmena izenpetuta eraldaketa egiten duen industria dagoen eremuan eskumena duen administrazio publikoarekin, non trazabilitate kontrolak onartzeko baldintzak ezarriko diren, bai eta zein diren ere ziurtapen entitate gaituak enpresa eraldatzailea dagoen eremuan jarduteko.
3. Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez eginen dute aurrera produkzio integratua Nafarroatik kanpo eraldatzeko eskaerek, Abere Produkzio Integraturako Koordinazio Batzordeak txostena eman ondoren.”
Bi. e) atala erantsi zaio abenduaren 16ko 253/2002 Foru Dekretuaren 10. artikuluko 2. puntuari, eta honela idatzita gelditu da:
2. Koordinazio Batzordeak eginkizun hauek ditu:
a) Jarduketa arauak proposatu eta laneko planak prestatzea.
b) Foru dekretu honetan aurreikusitako jarduerak ezagutzea.
c) Txostenak egitea berariazko erregelamendu teknikoei buruz.
d) Txostenak egitea foru dekretu honi lotutako gai interesgarri guztiei buruz eta, bereziki, abere produkzio integratuaren erregulazioa, praktika eta sustapena hobe dezaketela uste duen neurri guztiei buruz.
e) Aginduzko txosten lotesleak egitea produkzio integratua Nafarroatik kanpoko eraldatzeko eskaerei buruz.”
Xedapen indargabetzaile bakarra.
Indarrik gabe gelditu da urtarrilaren 29ko 13/2014 Foru Dekretua, abere produkzio integratua arautzen duen abenduaren 16ko 253/2002 Foru Dekretua aldatu zuena.
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2016ko ekainaren 29an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.
Iragarkiaren kodea: F1608165