149. ALDIZKARIA - 2016ko abuztuaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GARDE

Gardeko Udal Plan Orokorreko Eraikuntzari buruzko Ordenantza Orokorraren aldaketa. Behin betiko onespena

Gardeko Udalak, 2015eko apirilaren 28an egindako osoko bilkura arruntean, hasiera batez onetsi zuen Gardeko Udal Plan Orokorreko ordenantzaren aldaketa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluko aginduei jarraikiz, erabaki hori 2015eko 120. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 23an, bai eta Gardeko Udalaren iragarki oholean paratu ere, eta espedientea 30 egunean egon da jendaurrean.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatutako foru legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako aginduen ondorioz, ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitaratuko da, behar diren ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

Argitara ematen da aipatutako agindua betez, eta ohartarazten ezen honako erabaki honen kontra –xedapen administratiboa baita– ezin dela administrazio bidean errekurtsorik aurkeztu (Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107.3 artikuluari jarraikiz); hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideren bat erabiltzen ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

ERAIKUNTZARI BURUZKO ORDENANTZA OROKORRAREN ALDAKETA

Ikusirik zer agintzen den Gardeko Udal Planeko Ordenantzan, tokiko eraikineko kanpoko zur-lanei buruz, Osoko Bilkurak, aho batez, erabaki du hasiera batean aldatzea ordenantza hori, aurreko testuaren ordez honako hau sartuz:

“Gomendatzen da, markoen eta orrien tratamendurako, zura eta zurezko azalak erabiltzea, bernizatua edo pintatua. Bestela, honako material hauek bakarrik baimenduko dira: aluminio lakatua edo anodizatua edo PVC, betiere zura imitatzen duten kolore ilunekin. Ez dago baimendua aluminioa bere kolorearekin erabiltzea.

Proiektu teknikoetan, koloreari aipamen berariazkoa eginen zaio.

Kanpo babes hauek baimentzen eta gomendatzen dira:

–Xaflazko edo taulazko kontraleihoak.

–Zurezko pertsiana biribilgarria, sareta-kaxa barnealdean duena.

Baimendurik daude aluminio lakatuko edo PVCko pertsianak, sareta-kaxa barnealdean dutenak, zura imitatzen duten kolore ilunetan. Ez dago baimendua aluminioa bere kolorearekin erabiltzea.”

Indarra hartzea

Ordenantza honek testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean hartuko du indarra.

Garden, 2016ko ekainaren 21ean.–Alkatea, José Javier Echandi Sarries.

Iragarkiaren kodea: L1607704