149. ALDIZKARIA - 2016ko abuztuaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TUTERA

Deialdia, Tuterako Udaltzaingoko inspektoreorde lanposturako

Tuterako Udaleko alkate udalburuak, 2016ko ekainaren 17an, 1189/2016 Ebazpena onetsi zuen.

“Aurrekariak:

Lehenbizikoa.–Alkatetzaren otsailaren 22ko 301/2016 Ebazpenaren bitartez, Tuterako Udaltzaingoko inspektoreorde izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia eta oinarriak onetsi ziren.

Bigarrena.–Alkatetzaren 2016ko martxoaren 7ko 397/2016 Ebazpenaren bitartez oinarri horiek aldatu ziren; 2. oinarriko (Izangaien betebeharrak) 1. puntuan c) letra erantsi zen, honako hau dioena hitzez hitz:

c) 5 urtetik gorako antzinatasuna Tuterako Udaleko Udaltzaingoko kaboaren enpleguan, b) puntuko titulazioa ez badute ere.

2016ko apirilaren 21eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren.

Hirugarrena.–Tramitatzeko onartu da 6972/2015 konstituziokontrakotasuneko errekurtsoa, apirilaren 10eko 15/2015 Foru Legearen artikulu bakarreko zenbait idatz-zatiren kontrakoa (foru lege horren bidez Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea aldatu zen), besteak beste hogeigarrenaren kontrakoa (34.1 artikulua aldatu zuen, inspektoreorde lanpostua lortzeari buruzkoa baitzen).

Laugarrena.–Aipatutako deialdiaren kontra zenbait berraztertze errekurtso aurkeztu dira.

Zuzenbideko oinarriak:

Bakarra.–Legezkotasun printzipioa betez, deialdia apirilaren 10eko 15/2015 Foru Legeak arautu behar du (foru lege horren bidez Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea aldatu zen), kasu honetan tarteki bat erantsiz, Nafarroako polizia kidegoei aplikatu beharrekoa, 34.1 artikuluan, baina lehenbiziko lerroaldearen jatorrizko idazketa bere horretan utziz:

“Deialdiko lanpostu hutsei dagokienez, inspektoreorde lanpostua lortzeko, barne igoeraren sistema erabiliko da, kaboaren lanpostutik abiatuta, oposizio-lehiaketa bidez. Oposizio-lehiaketa horretan, gutxienez ere hiru urteko antzinatasuna eskatuko da kaboaren lanpostuan, baita eskatutako erdi mailako titulazioa ere, edo enplegu horretan bost urtetik gorako antzinatasuna izatea, nahiz eta titulaziorik izan ez”.

Aipatutako konstituziokontrakotasuneko errekurtsoan soilik aurkaratu da aldatu gabe egon den gai bat, alegia: lanpostu horretarako eskatzen den erdi mailako titulazioa izan ordez kabo lanpostuan “bost urtetik gorako antzinatasuna” edukitzearekin aukera. Aukera hori eman eta onartzen da deialdian.

Ikusirik zenbait berraztertze errekurso aurkeztu direla, argudiatuz, besteak beste, Konstituzioaren kontrakoa dela aukera ematea erdi mailako titulazioaren ordez bost urteko antzinatasuna edukitzeko Tuterako Udaltzaingoko kabo gisa, eta ikusirik, orobat, Konstituzio Auzitegiak eragina izan dezakeela, azkenik, errekurtsoetan alegatutakoan.

Horrenbestez,

EBATZI DUT:

Lehenbizikoa.–Tuterako Udaltzaingoko inspektoreorde izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia geldiaraztea, Konstituzio Auzitegiak epaia eman arte.

Bigarrena.–Deialdiaren etetea argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udaletxeko iragarki oholean eta webgunean, behar diren ondorioetarako.

Hirugarrena.–Ebazpen hau interesdunei jakinaraztea, jakin dezaten eta behar diren ondorioak izan ditzan.”

Tuteran, 2016ko ekainaren 22an.–Alkate udalburua, Eneko Larrarte Huguet.

Iragarkiaren kodea: L1607694