1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
204E/2016 EBAZPENA, ekainaren 24koa, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ukatzen diona, Ribaforadako udal mugapean, goi tentsioko linea elektrikoa egiteko proiektuari. Sustatzailea Luis Miguel Zardoya Lafraya da.
Goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Eskatu da goi tentsioko eta aireko linea elektriko bat egitea, gutxi gorabehera 20 metroko luzerakoa. “Ribaforadako ingurabidea” lineatik (08. euskarria) egiten da deribazioa. Proposatu den lineak 10 metroko bi bao ditu, eta azken euskarrian transformazio zentro bat. Landu gabeko eremu publiko batetik joaten da trazadura, erreten baten eta auzoko bide baten artean. Halaber, behe tentsioko banaketa proiektu bat aurkeztu da, aipatutako transformazio zentrotik Ribaforadako 4. poligonoko 168. lurzatira doana. Azken linea hori 30,5 metro da luze. Nekazaritzako lurzati batetik pasatzen da (4. poligonoko 177.a) lurperaturik. Auzoko bide bat gurutzatuta, sustatzailearen lurzatiaren mugara sartzen da. Erregistroko 3 kutxeta proposatu dira.
Espedientean Ribaforadako Udalaren eta Lurraldearen Antolamendu Zerbitzuaren txostenak ageri dira.
Espedientearen tramitazioan, Lurraldearen Antolamendu Zerbitzuak, lurzoru urbanizaezinean baimena emateko esparruan, errekerimenduak egin zizkien Udalari eta sustatzaileari, jakiteko zer jarduera eta eraikuntza mota dauden lurzatian eta legezkoak diren, eskatutako linea elektrikoaren benetako ondorioak baloratzeko.
Nekazaritzako nabea eraikitzea baimendu zuen espedientean, sustatzaileak ezarri zuen nabeak ez zuela hornidura, elektrizitate, saneamendurako edo beste edozein hargunerik izanen, eta aldagela txiki bat eta hobi septikoko komun bat baino ez zuela izanen. Bestalde, aurkeztutako informaziotik ondorioztatzen da nekazaritzako biltegi baimenduaren erabilera ez dela aldatu. Hortaz, ez dago justifikaturik linea elektriko berri bat egitea naberako. Gainera, baimendu gabeko etxola mugigarri bat dago lurzatian, eta horrek beharko luke sare elektrikorako lotura.
Hori dela eta, Lurraldearen Antolamendu Zerbitzuak ondorioztatu du ez dagoela argi zertarako den eskatutako linea elektrikoa eta horren premiarik dagoen. Hortaz, ez legoke justifikaturik hura ezartzea. Lurzatian egiten diren jarduerei eta erabilerei eta egungo eraikuntzei dagokienez eta aurkeztutako dokumentazioa ikusita, kontraesankorra eta eskasa baita haiek legeztatzeko, Lurraldearen Antolamendu Zerbitzuak sustatzaileari eskatu dio legeztatzeko beharrezko espedientea has dezala, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan araututako prozedurarekin bat, lege horren 119. artikuluko dokumentazioa aurkeztuz.
Lurraldearen Antolamendu Zerbitzuaren txostena ikusita, Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak proposatu du eskatutako Ingurumen ukipenetarako baimena ukatzea.
Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 22ko 63/2015 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ukatzea Luis Miguel Zardoya Lafrayak Ribaforadako udal mugapean goi tentsioko linea elektrikoa egiteko sustatu duen proiektuari, hirigintza arloko ondoko arrazoiengatik:
–Lurzatiko zenbait eraikuntzaren eta erabileraren legezkotasuna ez da frogatu (biltegi batzuk, mobil home-a, txakurtegia). Hortaz, ezin da baimendu instalazio elektrikora lotzea, eskatu bezala.
–Legezko egoeran dagoen nekazaritzako biltegiaren kasuan, ez da frogatu edo justifikatu zertarako behar den benetan instalazio elektrikoa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 119. artikuluak eskatua. Izan ere, sustatzaileak emandako informazioari jarraituz, bertan garatzen den jarduera eta horren beharrak ez dira aldatu urtarrilaren 19ko 35/2011 Ebazpenaren bidez baimendu zirenen aldean.
2. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Ribaforadako Udalari, Tutera aldeko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2016ko ekainaren 24an.–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1607881