148. ALDIZKARIA - 2016ko abuztuaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

202E/2016 EBAZPENA, ekainaren 23koa, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana. Honen bidez Ingurumen ukipenetarako baimena ematen da aireko linea elektrikoaren eta euskarri gaineko transformazio zentroaren proiekturako, Artaxoako udal mugapean, Nafarroako Ubidearen 1. fasea handitzeko lanetako 2. almenara hornitzeko. Sustatzailea Canal de Navarra SA da.

Goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuko jarduketaren xedea Nafarroako Ubidearen 1. fasea handitzeko lanetako 2. almenara elektrizitatez hornitzea da. Horretarako, 13,2 kV-eko aireko deribazioa proiektatu da eta euskarri gaineko kanpo transformazio zentro bat. Linearen abiapuntua Iberdrola SAUren “Tafalla-Artaxoa” 13,2 kV-eko linearen 00.57 euskarria izanen da; luzera, osotara, 2.295 metrokoa, Artaxoako 6. poligonoko 1335. lurzatian dagoen 2. almenararaino.

Espedientean Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren eta Artaxoako Udalaren aldeko txostenak daude. Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak espedientearen aldeko txostena eman du.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 22ko 63/2015 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea aireko linea elektrikoaren eta euskarri gaineko transformazio zentroaren proiekturako, Artaxoako udal mugapean, Nafarroako Ubidearen 1. fasea handitzeko lanetako 2. almenara hornitzeko. Sustatzailea Canal de Navarra SA da.

2. Baimenak ondoko neurri hauek aplikatzera behartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Linea elektrikoaren isolamendurako konpositezko kateak erabiliko dira, 0,7 metrokoak, U70AB66 motakoak lokailuetakoak eta U70YB20P motakoak estekatzekoak. Babes edo maniobra elementuak alderantziz paratuko dira, behar adinako tartea utzita euskarrietako burualdetik.

–Deribazio euskarrian, linea nagusiaren eta linea deribatuaren arteko lotura-zubi lasaiak isolatuko dira.

–Linearen bukaerako euskarrian elektrokuzio arriskua murrizte aldera, lineako eroaleak eta XS ebakigailuak lotzeko zubi lasaiak eta horiek eta tximistorratz autobalbulak eta terminalak lotzeko zubi lasaiak isolatu beharko dira, guztiz, goi tentsioko lanetarako eta hegaztiak babesteko material isolatzaile egokiaren bidez. Tximistorratz autobalbulak eta terminalak esekita jarriko dira edo, bestela, aurremoldekatutako BCAC (“Bushing connection animal cover”) estalkiekin edo antzekoekin babestuko dira.

–Hegaztientzako balizen bidez seinalizatuko dira Ingurumen ukipenen azterlanean adierazitako tarteak. Balizen arteko tartea 15 metrokoa izanen da gutxienez fase bereko bi baliza kontsekutiboren artean, halako moduan non seinale kontsekutiboen arteko ikusizko distantzia 5 metrokoa edo txikiagoa izanen baita.

Hirigintza arloko edukiak:

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak elektrizitate sarera lotzea.

–Herri Lanetako zuzendari nagusiaren apirilaren 4ko 225/2016 Ebazpenean xedatutakoa beteko da; ebazpen horren bidez baimena ematen zaio Canal de Navarra SAri aireko gurutzadura bat egiteko goi tentsioko linea elektrikoarekin Mendigorria-Tafalla NA-6030 errepideko 10+300 k.p.an, AOP 2016/74 espedientea.

–Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak 2016ko apirilaren 26an emandako txostenarekin bat, sustatzaileak tramitatu beharko du Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusian eraldatu ondorengo finka ureztagarriaren zama iraungitzeko espedientea.

–Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen gainerako azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Bereziki, Ebroko Ur Konfederazioaren baimena eskatuko da errekan aurreikusi diren gurutzaketei dagokienez.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira eta ez du eraginik izanen.

–Jarduera uzteak ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko dituela gehienez ere 5 urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Alde horretatik, 35/2002 Foru Legearen 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak eskatuko dio sustatzaileari aitor dezala konpromisoa hartzen duela lurzorua 5 urteko epean gehienez lehengoratzeko, baimendutako jarduera uzten badu.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Artaxoako Udalari, Tafalla aldeko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko ekainaren 23an.–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1607883