148. ALDIZKARIA - 2016ko abuztuaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

201E/2016 EBAZPENA, ekainaren 23koa, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Cordovilla-Recajo linearen eta STR ZH Sarria ebakitze zentroaren arteko loturako 66 kV-eko linea aldatzeko proiekturako, Garesko udal mugapean. Sustatzailea Saltos del Arga SL da.

2016ko apirilaren 8an Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuak “Cordovilla-Recajo” goi tentsioko lur azpiko linea eta “STR ZH Sarria ebakitze zentroa” lotzen dituen linearen trazadura aldatzeko xedea du.

Horrela, Sarria izeneko 66 kV-eko ebakitze zentroa gertuen dagoen 66 kV-eko egungo sarearekin lotuta egonen da, “Cordovilla-Recajo” linearekin alegia. Gaur egun, lehen zehaztutako linea ebakitze zentrotik gertuen dagoen tartean airekoa da, eta, kontuan hartuta eremu urbanizatua dela, tarte horren ordez lur azpiko linea bat paratuko da, horretarako eraikiko den lur azpiko kanalizazio baten bitartez. Horrela, hasieran proposatutako trazaduraren aldaketa proiektatzen da, hau da, 156. euskarritik ebakitze zentrora zihoan tartean. Lur azpiko trazadura berria 155. euskarriaren inguruetatik abiatzen da (desmuntatu beharreko euskarria) eta zirkuitu bikoitzean “BTA ZH Sarria” zentrora doa. Gaur egun, “Cordovilla-Recajo” linea lur azpitik iristen da 155. euskarrira, eta bertatik airetik iparralderantz jotzen du, eta gero lur azpira doa berriz 155. euskarrian. Aireko deribazio hori desmuntatzea proiektatu da, eta, beraz, proiektatutako goi tentsioko lur azpiko lineak 155. euskarria desmuntatu ondorengo tentsio ertaineko lur azpiko lineekin lotuko dira. Horrela, “Cordovilla-Recajo” lineak ebakitze zentroaren bitartez eginen ditu sarrera-irteerak.

Espedientean Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren txostena ageri da. Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak espedientearen aldeko txostena eman du.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 22ko 63/2015 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Cordovilla-Recajo linearen eta STR ZH Sarria ebakitze zentroaren arteko loturako 66 kV-eko linea aldatzeko proiekturako, Garesko udal mugapean. Sustatzailea Saltos del Arga SL da.

2. Betebehar hauek betetzearen baldintzapean ematen da baimena:

Ingurumen arlokoak:

–Erabilerarik gabe gelditzen den aireko linea elektrikoa guztiz desmuntatu beharko da.

Hirigintza arloko edukiak:

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak azpiegitura honekin lotzea.

–Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. –Bereziki, goi tentsioko lur azpiko linea berria herrilurretan barna egiteko asmoa dagoenez, obra lizentzia eman baino lehen, Garesko Udalak lur horiek okupatzeko baimena eskuratu beharko du, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herrilurren Atalaren bidez, aginduzko tramiteen ziurtagiriak aurkeztuz, 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoarekin bat.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira eta ez du eraginik izanen.

–Jarduera uzteak ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko dituela gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Alde horretatik, 35/2002 Foru Legearen 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak eskatuko dio sustatzaileari aitor dezala konpromisoa hartzen duela lurzorua bost urteko epean gehienez lehengoratzeko, baimendutako jarduera uzten badu.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Garesko Udalari, Iruña aldeko barrutiko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko ekainaren 23an.–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1607885