4. PROZEDURA JUDIZIALAK
IRUÑEKO LEHEN AUZIALDIKO 5. EPAITEGIA
Ediktua. 1023/2014 prozedura arrunta
Aditzera ematen da epaitegi honetan goian adierazitako prozedura bideratzen ari dela eta horren gaineko epaia eman dela. Hona hemen idazpurua eta xedapen zatia, hitzez hitz:
Xedea: eraikuntza akatsak.
Alderdiak: Auzi-jartzailea: Amaia Elosegi Urteaga.
Letradua: Moriones Oneca andrea.
Prokuradorea: Araiz Rodríguez jauna.
Demandatuak: (1) María Asunción Blázquez Arévalo.
(2) Sergio María Bacaicoa San Martín.
(3) Janemabe, S.L. (auzi-ihesean).
Letraduak: (1) Martínez de Aguirre jauna.
(2) Zudaire Polo jauna.
Prokuradoreak: (1) Royo Burgos andrea.
(2) González Rodríguez andrea.
Epailea: Rafael Ruiz de la Cuesta Muñoz.
Partez baiesten dut Araiz prokuradore jaunak, Amaia Elosegui Urteaga andrearen izenean, María Ascensión Blázquez Arévalo andrearen, Sergio María Bacaicoa San Martín jaunaren eta Janemabe SLren aurka jarritako demanda, eta, horrenbestez, demandatuak kondenatzen ditut hurrengo jarduketak eta konponketak egitera Kasedako José Ibarra kaleko 8an den auzi-jartzailearen etxebizitzan, edo haien kostuak beren gain hartzera.
Hiru demandatuei, solidarioki:
Eraisketak eta jarduketak beheko solairuan:
–Altzariak desmuntatu eta etxebizitzako garajera eramatea.
–Sukaldeko txorrotak desmuntatzea.
–Sukaldeko eta instalazio gelako zeramikazko zoladurak eta egongela jantokiko zurezko zoladura desegin eta kentzea.
–Kaltetutako forjatua eraitsi eta kentzea: 3,56 m² instalazio gelan eta 22,80 m² sukalde/egongela/jantokian (azalera horiek gutxi gorabeherakoak dira, konpontzeko unean ateratzen dena hartu beharko da kontuan, katak eta ondoren aipatuko den proiektua eginda daudela).
–Lurra beheratzea ukitutako aldean eta material pikorkatua jartzea.
–Lurpeko saneamendua kendu eta berria jartzea kaltetutako aldean, beharrezkoa bada.
Forjatu sanitario berria egitea:
–Forjatu sanitarioa, proiektuaren eta gelditzen den forjatuaren arabera, TJI habexken bidezko forjatua, taula kontratxapatua, zurezko habe etzana, eta abar.
Berokuntzaren eta etxeko ur beroaren elementuak:
–Eguzki instalazio termikoaren etxeko ur berorako biltontzi primarioa tokiz aldatzea instalazio gelaren barrenean eta berriz jartzea.
Zoladurak berriro jartzea:
–Zoladura jartzea instalazio gelan eta sukaldean.
–Zurezko zoladura jartzea egongelan/jantokian.
Aireztatze zuloak:
–Behar adina aireztatze zulo, behar bezain handiak, ireki behar dira, forjatu sanitarioa behar bezala aireztatzeko, gero saretak jartzeko (zein den kasua eta proiektuari jarraituz, “hodi bertikalak” edo “aireztatze tximiniak” jartzen ahalko dira, ganberaren aireberritzea lurzatiaren urbanizazio kotaren gainetik eraman dezaten).
Pintatzea:
–Pitzadurak zigilatzea eta garajea pintatzea etxebizitzan eta instalazio gelan sartzeko ateen ondoan, aireztatze aldea pinturaz errepasatzea eta ukituak ematea barne.
Obra lizentzia ordaintzea.
Bacaicoa jaun eta Janemabe SL kodemandatuei, solidarioki:
–Hormigoizko blokeko hormak eta zurezko bilbaduraren euskarriak irazgaiztea.
–Zurezko habe etzanak tratatzea.
Kodemandatua den Blázquez andreari bakarrik:
–Inguruko drainatze lana egitea, gorapeko zoladura kentzea eta etxebizitzaren inguruko betelaneko harriak jartzea barne.
–Konponketa proiektua, beharrezko obrak zehaztu eta zenbakitan adierazten dituena, katak egin ondoren zehazki jakiteko zer alde den konpondu beharrekoa.
–Konponketa lanen goi mailako zuzendaritza lana.
Kodemandatua den Bacaicoa jaunari bakarrik:
–Konponketa lanen goi mailako zuzendaritza lana.
Kosturik gabe.
Jakinaraz bekie epai hau alderdiei (Janemaberen kasuan, auzi-jartzaileak eskatuta, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko diren ediktuen bidez jakinaraziko da, baldin eta eskabidea iraungi baino lehen eskatzen badute), eta aditzera eman ez dela irmoa, eta apelazio-errekurtsoa onartzen dela bi ondoreetan; hori jakinarazi eta biharamunetik ondoko hogei egunean aurkeztu beharko da, epaitegi honetan Probintzia Auzitegiari zuzendutako idazkiaren bidez. Bertan adieraziko da apelatzen den ebazpena, zein erabaki errekurritzen diren eta zein alegaziotan oinarritzen den inpugnazioa (PZLaren 458. artikulua, urriaren 11ko 37/11 Legearen bidez onetsitako testuaren arabera, eta lege horren xedapen iragankor bakarra eta 1/00 Legearen bigarren xedapen iragankorra).
Errekurtsoa ez da onartuko egileak ez badu frogatzen 50 euro sartu dituela epaitegiaren gordailuen kontuan (Botere Judizialari buruzko Lege Organikoaren 15. xedapen gehigarria, azaroaren 3ko 1/2009 Lege Organikoaren bidez sartua; azaroaren 4ko Estatuko Aldizkari Ofiziala).
Beraz, nire epai honen bidez, lehen auzialdian behin betiko epaituz, hori erabaki, agindu eta sinatzen dut idazpuruan ageri diren tokian eta egunean. Epaiaren lekukotza autoei erantsiko zaie, eta epaien liburuan jasoko da.
Eta Anemable SLri jakinarazteko balio izan dezan, gaur egun non den jakiterik ez baitago, honako hau egin eta sinatzen dut.
Iruñean, 2016ko ekainaren 22an.–Justizia Administrazioaren letradua, M.ª Victoria Baztán Maisterra.
Iragarkiaren kodea: J1607739