1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
667E/2016 EBAZPENA, ekainaren 13koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena Iruñerriko Ibai Parkea handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialeko aldaketari buruz, Urbi errekari dagokionez Ustarrozko, Ibirikuko eta Eguesko kontzejuetako tarteetan. Sustatzailea Iruñerriko Mankomunitatea da.
Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 31.1 artikuluak ezarritakoaren arabera, udalez gaindiko proiektu sektorialei eta horien aldaketei Ingurumen ebaluazio estrategikoa eta Ingurumen ondorioen adierazpena egin behar zaizkie, proiektu sektorial horiek onestearekin batera edo lehenago.
Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 26ko 426/2010 Ebazpenaren bitartez, Ingurumen ondorioen adierazpena egin zen “Iruñerriko Ibai Parkea handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialari” (UPSari) buruz.
Aldaketa honen eremua Urbi errekako hiru tarte dira, Eguesibarrean (Ustarrozko, Ibirikuko eta Eguesko kontzejuak). Helburua da lanak erraztea oraingo bideak erabiliz, Ibai Parkeko UPSaren barneko antzinako trenbidearen trazaduraren bi tarte berreskuratzea eta Eguesibar eta Zangoza lotzen dituen Iratiko Bide Berdearen UPSaren hasierarekin elkartzea, Nafarroako Gobernuak 2015eko ekainaren 11n hartutako Erabakian onetsi zen bezala.
Oraingo pasealekuaren zabalera beretsua izanen du, 4 metrokoa, oinezkoen eta txirrindularien joan-etorriak bateragarriak izan daitezen. Zabalera hori teknikoki lortu ezin bada, 2,5 metrora murriztu daiteke gehienez.
Nafarroako Gobernuak 2015eko ekainaren 24an hartutako Erabakiaren bidez, “Iruñerriko Ibai Parkea handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala” aldatzeko espedientearen tramitazioa hasi zen, Ustarrozko, Ibirikuko eta Eguesko kontzejuetan Urbi ibaiko ibilgu naturaleko pasealekuaren trazadurako aldaketari zegokionez. Sustatzailea Iruñerriko Mankomunitatea zen. Erabaki horretan, erabaki zen UPSa aldatzeko espedientea jendaurrean jartzea hogeita hamar egunean eta, aldi berean, entzutea ematea trazadurak ukitzen dituen udalei. 2015eko 141. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 22koan, eman zen argitara, eta jendaurrean egon den epean inork ez du alegaziorik egin.
2016ko maiatzaren 27an Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan sartu zen Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko dokumentazio osoa, 2016ko otsailekoa (tartea: Urbi-Eguesibar), Ingurumen ondorioen adierazpena egiteko.
Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuaren txostenak adierazten du aldaketa, oro har, positiboa dela bazterretan dauden bideak aprobetxatzeagatik, Iratiko Bide Berdearekin koordinatzeagatik eta Urbi ibaiaren ibilgutik hurbilegi dauden tarte paralelo batzuk ekiditeagatik.
Bestalde, honako hau adierazi zuen 3. tartea-Urbi errekaz bere ingurumen baldintzetan Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak otsailaren 26an emandako 426/2010 Ebazpenak, “Iruñerriko Ibai Parkea handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialari” (UPSari) buruz Ingurumen ondorioen adierazpena egin zuenak: “Pasealekuaren trazadurak ibaiaren eta ur bazterreko landarediaren artean lur zerrenda bat utz dezala gomendatzen da. Lur zerrenda horren zabalera ahal dela gutxienez bost metrokoa izanen da, eta ingurumen integrazioko gunea izanen da.” Baldintza horiek indarrean jarraitzen dute UPSa aldatzeko tarteetan, Urbi errekaren ibilguarekin paraleloak direnetan eta horretatik hurbil daudenetan.
Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuaren txostenean adierazten da espedientearen tramitazioa burutu dela, eta aldeko txostena egiten du du UPSko aldaketari buruz, zenbait baldintza jarriz.
Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ondorioen adierazpena egitea Iruñerriko Ibai Parkea handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialeko aldaketari buruz, Urbi errekari dagokionez Ustarrozko, Ibirikuko eta Eguesko kontzejuetako tarteetan. Sustatzailea Iruñerriko Mankomunitatea da.
2. Proiektua baldintza hauek betez garatuko da:
–Urbi errekarekin paraleloak diren tarte sortu berrietan, tarte bat utziko da ibilguaren ondoan, iragazgaitu gabe edo lubetarik edo hondeaketarik egin gabe lurzoruaren mailan.
Horretarako, UPSa ibilguaren ondoan aldatzeko bi tarteetan (235 m eta 150 m luze), Ibai Parkea diseinatuko da belar zerrenda bat duela, gutxienez 5 metrokoa, bidearen eta ibilguaren artean. Beharrezkoa izanez gero, 4 metrotik 2,5era bitarte murriztuko da bideko zoladuraren zabalera. Bidea eta belar zerrenda oraingo alorretan eginen dira. Eguesibarko honako lurzati hauek ukitzen dira: 6. poligonoko 171.a, 7. poligonoko 37.a eta 5. poligonoko 36.a.
–Eguesen, industrialdearen ondoan, proposatutako aldaketak egungo pasealeku txikia berreskuratu gogo du, oraingo 2 metroko zabalera 3 metrora handitzeko. Zabaltze hori ibilgutik urrunen dagoen aldera egin behar da.
–Trazadura lurzoru urbanizaezinean egiten denean, ez da argirik paratuko, ahal dela.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau jakinaraztea Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Eguesibarko Udalari eta Ustarrozko, Ibirikuko eta Eguesko kontzejuei, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2016ko ekainaren 13an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.
Iragarkiaren kodea: F1607411