1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
172E/2016 EBAZPENA, ekainaren 14koa, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena presa bat behe tentsioko linea baten bidez hornitzeko proiekturako, Aranoko udal mugapean. Sustatzailea Iberdrola DESAU da.
Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan sartu da goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera. Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskinaren I) atalean sartuta dago; dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Proiektatutako jarduketaren helburua da erantzuna ematea hornidura elektrikoaren eskaerari Aranoko zentral hidroelektriko baterako. Horretarako, behe tentsioko linea elektriko berri bat eginen da, Benta Berri izeneko aire zabaleko transformazio zentrotik Urumea ibaian dagoen presaraino (x 588.661 eta 4785481 UTM koordenatuak). Linea elektrikoa 140 metro luze inguru izanen da.
Espedientean Aranoko Udalaren eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren txostenak ageri dira. Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak espedientearen aldeko txostena eman du.
Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 22ko 63/2015 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea presa bat behe tentsioko linea baten bidez hornitzeko proiekturako, Aranoko udal mugapean. Sustatzailea Iberdrola DESAU da.
2. Betebehar hauek betetzearen baldintzapean ematen da baimena:
–Ingurumen arlokoak:
- Haritzak (Quercus robur) ez dira inola ere ukituko.
- Behe tentsioko linea elektrikoa izanik, ez da landarerik gabeko kalerik ireki behar.
- Ukitutako eremu guztiak lehengoratu beharra dago, eta obra hasi baino lehenago zeuden moduan utziko dira.
- Basozaintzari gutxienez 72 ordu lehenago eman behar zaio obren hasieraren berri, e-mail bat guarderío.forestal.Bidasoa.1@navarra.es helbidera igorriz.
–Hirigintza arlokoak:
- Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluaren arabera, instalaziotik edo azpiegituratik irteten diren elementuek 3 m-ko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko ertzetik neurtuta.
- Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak energia elektrikoaren sarera lotzea.
- Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehatzago, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiarena, Nafarroako Errepideei buruzko 5/2007 Foru Legean ezarritakoarekin bat, trazadurak NA-4150 errepidea ukitzen baitu, eta Kantauriko Ur Konfederazioarena, Urumea ibaia ukitzen baitu, Urei buruzko lege indardunean ezarritakoarekin bat.
- Obren lizentzia eman aurretik, ukitutako herrilurren titular den toki entitateak herri ondasunak okupatzeko baimena eskuratu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herrilurren Atalaren bidez, eta horretarako nahitaezko izapideen ziurtagiriak aurkeztuko ditu, bai eta espedienteak ukitzen dituen lurzatiei buruzkoak ere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/611990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoarekin bat.
- Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira eta ez du eraginik izanen.
- Jarduera uzteak ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko dituela gehienez ere 5 urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Alde horretatik, 35/2002 Foru Legearen 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak eskatuko dio sustatzaileari aitor dezala konpromisoa hartzen duela lurzorua 5 urteko epean gehienez lehengoratzeko, baimendutako jarduera uzten badu.
3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Aranoko Udalari, Bidasoa aldeko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2016ko maiatzaren 14an.–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1607416