146. ALDIZKARIA - 2016ko uztailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1365/2016 EBAZPENA, uztailaren 4koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, enplegu autonomoa sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituena.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak apirilaren 27an emaniko 1516/2009 Ebazpenaren bidez, enplegu autonomoa sustatzeko diru-laguntzak ematea arautu zen, langabeak langile autonomo bihurtu edo beren kontura lanean hastea sustatu eta errazteko helburuaz.

Nafarroan ekintzaileei eta lan autonomoari laguntza emateko martxoaren 12ko 12/2013 Foru Legearen xedea, besteak beste, enplegua sortzea da ekintzaileei eta langile autonomoei babesa emanez. Era berean, foru lege horren oinarrien artean nabarmendu daiteke ekintzaileen eta lan autonomoaren finantzabiderako eredu espezifiko bat bultzatzea eta jarduera berri batean sortzen diren arriskuak murriztea. 9.1.a) artikuluak ezartzen duenez, berariaz beren konturako lan batean hasi nahi duten langabeek autonomo bihurtzeko laguntzak eskuratzen ahalko dituzte.

Foru lege horretan xedatutakoa kontuan hartuz, eta diru-laguntza mota honen kudeaketan pilatu den esperientziarekin, bidezkoa da oinarri arautzaile berriak onestea diru-laguntza hauek emateko. Horri ekin aurretik, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 1eko 206/2016 Ebazpenaren bidez, baliorik gabe utzi zen aipatutako apirilaren 27ko 1516/2009 Ebazpena.

Nafarroako Gobernuak 2016ko apirilaren 6an egindako bilkuran erabaki zuen Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari baimena ematea, diru-laguntzak eman ditzan enplegu autonomoa sustatzeko, banaka ebaluatuta.

Azaldutakoarekin bat, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren 12. artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Enplegu autonomoa sustatzeko diru-laguntzak emateko deialdia onestea.

2. Deialdiko oinarriak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. 500.304 euroko gastua baimentzea 2016ko gastuen aurrekontuko “Enplegu Plana. Enplegu autonomoa sustatzeko diru-laguntzak” izeneko 950001 96100 4809 241107 kontu-sailaren kargura, betiere aurrekontuan horretarako diru erabilgarririk badago eta dagoen kreditu erabilgarria agortu arte.

Urtean zehar aurrekontuan diru erabilgarririk baldin badago, baimendutako gastua handitzen ahalko da.

4. Deialdi honen babesean, diru-laguntzarako eskaerak aurkezten ahalko dituzte langile autonomoen araubide berezian edo lanbide elkargoen mutualitatean Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 1eko 206/2016 Ebazpenaren argitalpen ofizialaren aurretik kidetzen diren guztiek, betiere egun horretan hiru hilabete baino gehiago iragan ez badira kidetu zirenetik eta inolako diru-laguntzarik jaso ez badute indargabetutako ebazpenaren babesean. Aipatutako ebazpen horrek ondoriorik gabe utzi zuen apirilaren 27ko 1516/2009 Ebazpena (2016ko 56. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 22koa).

Era berean, langile autonomoen araubide berezian edo lanbide elkargoen mutualitatean martxoaren 1eko 206/2016 Ebazpena ofizialki argitaratu zenetik deialdi hau argitaratu arte kidetzen diren guztiek ere eskabideak aurkezten ahalko dituzte.

Aipatutako pertsonentzat, eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau modu ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2016ko uztailaren 4an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1. Xedea.

Oinarri hauek arautzen dituzten diru-laguntzen xedea da finantzabidea ematea langile autonomo gisa edo beren konturako langile gisa kidetu eta jarduera horretan aldi batez aritzen diren langabeei.

2. Onuradunak.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko agentzietako batean enplegu eskatzaile gisa inskribatuta dauden langabeak izanen dira oinarri arautzaile hauetan aipatzen diren diru-laguntzen onuradunak, Nafarroako Foru Komunitatean langile autonomo gisa edo beren kontura lan egiten hasi eta Gizarte Segurantzako langile autonomoen araubide berezian edo lanbide elkargoen mutualitatean kidetzen direnean.

3. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

1. Onuradunek betebehar orokor hauek izanen dituzte:

a) Langabezian eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko agentzietako batean enplegu eskatzaile gisa inskribatuta egotea jarduera hasten duen unean.

b) Langile autonomoen araubide berezian edo lanbide elkargoen mutualitatean kidetzea. Ulertuko da kidetzen diren egunean hasten direla lanean. Era berean, alta hartu beharko dute jarduera ekonomikoen gaineko zergan, jarduera ekonomikoa non bete behar duten, bertako udalean. Ondasun erkidegoak edo sozietate zibilak osatzen dituztenean izaten ahalko dira onuradun langile autonomoak edo beren konturakoak, baldin eta diru-laguntzak nork bere izenean eskatzen badituzte.

2. Aurretik ezarritako betebeharrez gain, ondoko talde hauek beste hauek ere bete beharko dituzte langile autonomoen araubide berezian edo kasuko lanbide elkargoen mutualitatean kidetzen direnean:

a) Desgaitasuna duten langileek: ehuneko 33ko desgaitasuna edo handiagoa aitortua izatea, Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haiek gizarteratzeari buruzko lege orokorraren testu bategina onesten duen azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren 4.2 artikuluan xedatutakoarekin bat.

b) Gizarteratze errenta edo antzeko laguntza jasotzen dutenek: prestazio horren onuradun izatea.

c) Iraupen luzeko langabeek: langabezian izena emanik egotea eta langabeak izatea langile autonomoen araubide berezian alta eman aurre-aurreko 12 hilabeteetan jarraian.

d) Genero indarkeriaren biktima diren emakumeek: izaera hori frogatzea Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

3. Ezin izanen zaie diru-laguntzarik eman Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatutako kasuren batean dauden pertsonei.

4. Onuradunaren betebeharrak.

1. Onuradunek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako beharkizun orokorrak eta oinarri hauetan aipatzen diren gainerakoak bete beharko dituzte.

Berariaz, laguntza ematen duen organoak edo horretarako eskumena duen edozein organok egin beharreko egiaztapen eta kontrol jarduketak onartu beharko dituzte, eta jarduketa horien ondorioz eskatzen zaion dokumentazio guztia aurkeztu beharko dute.

2. Horrekin batera, Gizarte Segurantzako langile autonomoen araubide berezian edo lanbide elkargoen mutualitatean kidetuta egon beharko dute 18 hilabetez jarraian, langile autonomoen araubide berezian edo lanbide elkargoen mutualitatean kidetu ziren egunetik hasita, eta alta zein jarduera ekonomikotarako eman zitzaion, horretan berean jardun beharko dute aipatutako epean. Jardueraren aldaketarik gertatuz gero, laguntza ematen duen organoari jakinarazi beharko diote, organo horrek baimena eman dezan aldaketa hori egiteko.

Jarduerari eusten zaiola eta langile autonomoen araubide berezian alta emanik dagoela egiaztatzeko lanak ofizioz beteko ditu Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak. Lanbide elkargoaren mutualitatean alta emanik daudenen kasuan, diru-laguntzaren onuradunari kasuko mutualitatearen ziurtagiria eskatuko zaio, alta emanik segitzen duela frogatzeko. Halere, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jarduerak egiaztatzeko bisitak egiten ahalko ditu negozioa dagoen helbidera joanda.

Halaber, aldi horretan debeku izanen dute merkataritzako sozietate, kooperatiba edo lan sozietateetako bazkide bihurtzea, ez eta langile autonomo laguntzaile ere, eta ezin izanen dute Nekazaritzako Araubide Berezian alta eman edo salgaien errepide-garraioan aritu.

3. Diru-laguntzaren onuradunek Nafarroako Gobernuaren lankidetzari buruzko publizitatea egin beharko dute urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan ezarritako moduan. Betebehar horri lehen aipatutako 18 hilabeteko epean eutsi beharko zaio.

4. Betebehar horiek betetzen ez badituzte, jasotako diru-laguntza guztiak itzuli beharko dituzte, berandutze-interesak barne, non ez den onuradunaren heriotza, ezintasun iraunkor osoa, erabatekoa edo baliaezintasun handia gertatzen. Ez da izanen Gizarte Segurantzan baja emateko edo jarduerari uzteko arrazoi justifikatua arrazoi ekonomikoengatik hura uztea edo amaitzea.

Onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak burutzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua aurreko atalean aipatzen den proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da. Berariaz, 18 hilabetez jarraian Gizarte Segurantzako langile autonomoen araubide berezian edo lanbide elkargoen mutualitatean alta emanik egoteko eta diru-laguntzaren xede izandako jarduera ekonomiko berari eusteko betebeharrei dagokienez, itzulketa partzial bat eginen da, soilik, betebehar hori gutxienez 9 hilabetez bete baldin bada jarraian, eta betiere 18 hilabeteko aldia betetzeko falta denarekin proportzioan, berandutze-interesak barne.

5. Diru-laguntzak emateko prozedura.

Oinarri arautzaile hauetan aipatzen diren diru-laguntzak emateko prozedura banakako ebaluazioaren bidez tramitatuko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 17.1 artikuluan xedatuarekin bat.

6. Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Oinarri arautzaile hauetan aipatzen diren diru-laguntzak bateragarriak dira helburu bererako ematen diren beste laguntza edo diru-laguntza batzuekin.

7. Baztertzeko arrazoiak.

Halaber, lanean hasi baino lehenagoko lau urteetan, langile autonomo gisa edo beren kontura, jarduera bera edo antzekoa egin duten langileak ere baztertuko dira. Era berean, deialdi honen babesean diru-laguntza jaso dutenek ezin izanen dute beste laguntzarik jaso 18 hilabete iragan arte langile autonomoen araubide berezian alta eman zuten egunetik, diru-laguntza emateko baliatu zen horretatik.

Merkataritza sozietateetako, kooperatibetako eta lan sozietateetako bazkideak eta autonomo laguntzaileak ere bazterturik egonen dira. Halaber, bazterturik egonen dira Nekazaritzako araubide berezian beren kontura alta ematen dutenak eta langile autonomoen araubide berezian salgaien errepide-garraioan aritzeko alta ematen dutenak.

8. Zenbatekoak.

Diru-laguntzen zenbatekoak honakoak izanen dira, talde desberdinetan bereizita:

a) Oro har: 2.000 euro.

b) 30 urteko gazteak eta hortik beherakoak: 2.200 euro.

c) 45 urtetik gorakoak: 2.200 euro.

d) Iraupen luzeko langabeak: 2.200 euro.

e) Emakumezkoak: 2.500 euro.

f) Desgaitasunen bat duten pertsonak: 3.000 euro.

g) Gizarteratze-errenta edo antzeko prestazioa jasotzen dutenak: 3.000 euro.

h) Genero indarkeriaren biktima diren emakumezkoak: 3.500 euro.

Onuradun bat aipatutako taldeetako batean baino gehiagotan egonez gero, zenbateko handienari dagokion diru-laguntza emanen zaio.

9. Eskaera aurkezteko epea.

Diru-laguntzaren eskaera aurkezteko epea hilabetekoa izanen da jarduera hasi eta biharamunetik hasita, hau da, langile autonomoen araubide berezian edo kasuko lanbide elkargoen mutualitatean alta eman zuen egunaren biharamunetik hasita.

Epez kanpo aurkeztutako eskaerak ez dira onartuko.

10. Instrukzioa, tramitazioa eta ebazpena.

1. Prozedura alde batek eskaturik hasiko da, interesdunak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzura igorritako eskaeraren bidez.

2. Eskabideak Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztuko dira. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Administrazio prozedura erkidea arautzen duen legerian aurreikusitako gainerako tokietan eta bitartekoekin ere aurkezten ahalko dira.

Diru-laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari dagokio.

3. Eskaerarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Eskatzailearen nortasuna frogatzen duen agiriaren fotokopia.

b) Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela frogatzen duen agiria.

c) Erantzukizuneko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik bat bera ere ez duela agertzeko.

d) Helburu bererako lortu edo eskatutako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen erantzukizuneko aitorpena edo, bestela, horrelakorik eskatu ez dela dioen adierazpen espresa. Orobat, “de minimis” araubidearen barnean dauden adieraziko da.

e) Bidezko bada, lanbide elkargo baten ziurtagiria, bertako kidea dela frogatzen duena eta lanean ari denentz adierazten duena, eta lanbide elkargoko mutualitatearen ziurtagiria, bertan altan zenbat aldiz egon den adierazten duena.

f) Jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emanik dagoela frogatzen duen agiria.

g) Kasu bada, dagokion lanbide elkargoaren mutualitatean alta emanik dagoela frogatzen duen agiria.

h) Enpresa proiektuari buruzko memoria laburra.

i) Bidezko bada, desgaitasunak dituen pertsona dela frogatzea, 3.2 oinarrian xedatu bezala.

j) Kasua bada, genero indarkeriaren biktima dela frogatzen duen agiria, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

k) Laguntza transferentzia bidez kobratzeko eskaera.

l) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eskatzen duen beste edozein agiri.

c), d) eta h) letretan aipatzen diren aitorpenen eta memoriaren ereduak www.navarra.es web orrian eskuratzen ahal dira.

Eskabidea aurrez aurre aurkeztu nahi izanez gero, berriz, aipatutako dokumentazioa euskarri informatikoan aurkeztu beharko da.

4. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaketako Zuzendaritzak erabakiko du diru-laguntzak eman edo ukatzea.

Ebazpen hori gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaera tramitatzeko eskumena duen organoko erregistroan sartzen denetik hasita. Ebazpen espresik jaso gabe epe hori iraganez gero, aurkeztutako eskabidea ezetsitzat hartzen ahal da isiltasun administratiboa dela medio.

Ebazpenak ez du administrazio bidea amaituko. Horregatik, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da haren kontra Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

11. Justifikazioa eta ordainketa.

Diru-laguntza kobratu baino lehen, onuradunak frogatu beharko du ezarririko baldintzak betetzen dituela eta diru-laguntza hartzeko oinarria izan den jarduketa burutu duela.

Onuradunak ez du diru-laguntza kobratzen ahalko ez baditu zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko eginbeharrak pagatu.

Aurrekontuan krediturik ez izatea diru-laguntza ukatzeko arrazoia izanen da.

12. Diru-laguntza emateko ebazpenaren aldaketa.

Diru-laguntzak emateko kontuan harturiko baldintzen aldaketa orok diru-laguntza emateko ebazpena aldaraztea ekartzen ahalko du eta, hala badagokio, emandako diru-laguntza itzultzea.

13. Publizitaterako arauak.

Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko dira emandako diru-laguntzak, hauek zehaztuta: deialdia, laguntza aurrekontuko zein programari eta kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web orrian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan ezarritakoarekin bat.

14. Dirua itzultzea.

1. Diru-laguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan aipatzen diren zergatikoez gain, kobratutako dirua osorik edo hein batean itzuli beharko da, eta berandutza korrituak pagatu, diru-laguntza eman zenetik hura itzuli behar dela erabaki bitarte, foru lege horren 35. artikuluan aipatzen diren kasuetan.

2. Betebeharrak hein batean betetzen ez badira, organo eskudunak erabakiko du zenbat diru itzuli behar duen onuradunak, justifikaturiko kostuen eta frogaturiko jarduketen arabera proportzionaltasun irizpideari jarraituz, 4.4. oinarrian xedaturikoaren arabera.

3. Diru-laguntzak itzultzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoak arautuko du.

15. Zehapen prozedura.

Itzultzeko espedientea tramitatzeagatik, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan tipifikatutako arau-hausteren bat antzemanez gero, foru lege horretan ezarrita dagoen prozedurari ekinen zaio.

16. “De minimis” araubidea.

Laguntza hauek “de minimis” araubidearen menpe daude, Batzordeak 2006ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamendua).

17. Aplikatu beharreko arauak.

Oinarri arautzaile hauetan xedaturik ez dagoen guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari lotuko zaio.

18. Indarra hartzea.

Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: F1608571