146. ALDIZKARIA - 2016ko uztailaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Ordenantza, Tuterako ekintzailetzarako, enplegua sustatzeko eta merkataritza lokalak berritu, eraberritu eta irekitzeko laguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Udalak, 2016ko maiatzaren 2an egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Tuterako ekintzailetzarako, enplegua sustatzeko eta merkataritza lokalak berritu, eraberritu eta irekitzeko laguntzak arautzen dituen ordenantza.

Erabaki hori 2016ko 95. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 18an, eta handik goiti iragan da jendaurrean egoteko hogeita hamar egun balioduneko epea, inork aurkeztu gabe erreklamazio, kexa edo oharrik haren kontra. Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluekin bat eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 49.c) artikulua aldatzen duen apirilaren 21eko 11/1999 Legeari jarraikiz, hasierako onespena behin betikoa bilakatu da, eta hortaz Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratuko da Tuterako ekintzailetzarako, enplegua sustatzeko eta lokalak berritu, eraberritu eta irekitzeko laguntzak arautzen dituen ordenantza, 2016ko maiatzaren 2ko osoko bilkuran onetsi zena.

Argitara ematen da, eta ohartarazten, behin betiko onespen honen kontra bide hauetakoren bat erabil daitekeela:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Tuteran, 2016ko ekainaren 23an.–Ekonomia eta Ogasuneko zinegotzi ordezkaria, José Ángel Andrés Gutiérrez.

ORDENANTZA, TUTERAKO EKINTZAILETZARAKO, ENPLEGUA SUSTATZEKO ETA MERKATARITZA LOKALAK BERRITU, ERABERRITU ETA IREKITZEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua.–Xedea.

Ordenantza honen xedea da Tuteran enplegua, ekintzailetza eta merkataritza lokalak berritu, eraberritu eta ireki daitezela sustatzeko asmoz Tuterako Udalak ematen dituen diru-laguntzak arautzea.

Testu arauemaile honek arautzen ditu sustapen jarduera horren baitan ematen diren laguntza hauek:

–Ekintzailetzarako laguntza.

–Enplegua sustatzeko laguntza.

–Tuteran merkataritza lokalak berritu, eraberritu eta irekitzeko laguntzak.

2. artikulua.–Diru-laguntzak emateko eskumena duen organoa.

Tokiko Gobernu Batzarra izango da diru-laguntzak emateko eskumena izango duen organoa, hark izango baitu dagokion gastuaren gain erabakiak hartzeko eta baimenak emateko ahalmena.

3. artikulua.–Onuradun izateko baldintza orokorrak eta betebeharrak.

a) Lantokia Tuterako udal mugapean izan beharko dute pertsona fisikoek edo juridikoek.

b) Ogasunarekiko, Gizarte Segurantzarekiko eta Tuterako Udalarekiko betebeharrak eguneratuak izatea.

c) Dagozkion udal lizentziak izatea edo horiek lortzeko prozedura hastea eskatu izana.

d) Ordenantza honetan araututako laguntza programa eta lerro bakoitzerako ezarri diren baldintza espezifikoak betetzea, bai eta aurrerantzean egiten diren deialdietan ezarritakoak ere.

e) Eustea, lerro bakoitzean ezarritako epean, diruz lagundutako enpresa-proiektuari edo kontratuari.

f) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako bertze diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Jakin bezain laster emanen da haien berri eta, betiere, diru publikoa zertan erabili den frogatu baino lehen.

4. artikulua.–Baztertze orokorrak.

Ezin izango dira diru-laguntza hauen onuradun izan:

1) Administrazio publikoak eta haiei loturik edo haien mendean dauden entitateak.

2) Udalaren laguntzak behin eta berriz eskatu dituzten sustatzaileak edo lehenago eskuratutako laguntzak eraginkortasunez eta behar bezala baliatu ez dituztenak.

3) Enpresa proiektu inkongruenteak edo nahi ez diren jarduerak garatzeko bide ematen dutenak.

4) Enpresa instrumentalak.

5) Ezin izango dira diru-laguntzen onuradun izan Diru-laguntzen Lege Orokorraren 13. artikuluko inguruabarretako batean dauden pertsona fisikoek edo juridikoek.

5. artikulua.–Eskaerak aurkeztea eta ebaztea.

1) Eskaerak udal honen sarreren erregistroan aurkeztu beharko dira, eta, haiekin batera, dagokien dokumentazioa, jatorrizkoa edo kopia behar bezala konpultsatua; deialdi bakoitzak zehaztuko du aurkeztu beharreko dokumentazioa. Diru-laguntza zer programatatik jaso nahi den, bakoitzeko eskaera bat aurkeztuko da.

2) Eskaerak aurkeztuko dira ordenantza honen eranskinetan aipatzen den dokumentazioarekin batera, urte bakoitzeko deialdian finkatzen den epearen barnean. Lerro bat baino gehiagotarako eskaera egiten dutenek behin baino ez dituzte aurkeztuko dokumentu komunak.

3) Aurkeztu beharreko dokumentazioari dagokionez akatsak edo hutsak dituzten eskaerei hamar egun balioduneko epea emanen zaie, jakinarazpenaren biharamunetik aitzina, akatsak zuzentzeko edo behar diren agiriak aurkezteko. Ohartarazten da, alabaina, agiririk aurkezten edo akatsik zuzentzen ez bada, interesdunak eskaera bertan behera uzten duela joko dela. Horrelakoetan, eskaera artxibatu egingo da, beste izapiderik egin gabe.

4) Eskaerei erantzunen zaie urte bakoitzean aurrekontuan izendatua dagoen dirua amaitu arte, barne direla kredituen sorrerak, handitzeak edo gehitzeak, halakorik baldin bada.

5) Eskabideen aurkezpen ordenari jarraikiz tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, muga izanik urte bakoitzean aurrekontuan erabilgarri dagoen dirua.

6) Merkataritza, industria eta enpleguko administrazio unitateak, edo haren eskumenak bere gain hartzen dituenak, deialdian ezarritako irizpideen arabera aztertuko ditu eskaerak eta haiei erantsitako dokumentazioa; horretarako, beharrezkoak iruditzen zaizkion argibide osagarri guztiak eskatu ahalko ditu.

Merkataritza, industria eta enpleguko administrazio unitateak, edo haren eskumenak bere gain hartzen dituenak, izanen du datuak zehazteko, jakiteko eta egiaztatzeko egin behar diren izapide guztiak ofizioz egiteko ardura; izan ere, datuok oinarri hartuta egingo zaio ebazpen proposamena organo eskudunari, hark ebazpena eman dezan. Ebazpena gehienez ere hiru hilabetean emanen da eskaeraren aurkezpenaren egunetik hasita.

7) Egindako gastuen fakturek 205/2004 Foru Dekretuak agindutakoa bete beharko dute (haren bidez onartu baitzen fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua). Fakturek, bidenabar, diru-laguntza eskatu duenaren izenean egon behar dute beti.

Fakturak ordaindu direla frogatzeko, bankuko ordainagiriak edo zordunketak aurkeztuko dira. Ez dira kontuan hartuko esku-dirutan ordaindutako 2.500 euroko edo gehiagoko operazioak, edo atzerriko dibisetan kontrabalio hori dutenak, operazioan parte hartzen dutenetakoren batek enpresari edo profesional gisa parte hartzen duenean; izan ere, halaxe xedatu da urriaren 29ko 7/2012 Legean (iruzurraren kontrako prebentzio-ekintzak eta iruzurraren kontra borrokatzeko ekintzak areagotzearren tributuen eta aurrekontuen gaineko araudia aldatu eta finantza-araudia egokitzekoa).

8) Gobernu Batzordeak ordenantza honen eranskinetan ageri diren dokumentuak alda ditzake, hala erabakitzen badu (eskabide orriaren eredua, erantzukizuneko aitorpena, eta abar) baldin eta aldaketa horrek ez badu eraginik ordenantza honetan lerro bakoitzari buruz araututako funtsezko alderdien gain.

6. artikulua.–Jarraipena, ikuskapena eta kontrola.

Diru-laguntzen alorreko lege orokorretan xedatutakoaren arabera, Tuterako Udalari dagokio kontrol eta jarraipen ahalmena baliatzea, onuradunari ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko. Horretarako, egoki irizten dizkion ikuskapen bisitak egin ahalko ditu.

Onuradunak edo erakunde kolaboratzaileak eta diru-laguntzarekin edo haren justifikazioarekin lotura duten hirugarrenak behartuak daude kontrol funtzio horiek erraztera eta horietan laguntza ematera.

Onuradunek identifikazio datuetan edo inguruabarretan izaten den edozer aldaketa jakinarazi beharko diote Udalari, baldin eta horiek kontuan hartu baldin baziren diru-laguntza emateko garaian. Jakinarazi beharko diote, baita ere, onuradunak onartutako konpromisoak edota betebeharrak aldatu badira.

Gerta liteke deialdi honen babespean eskatu eta eman izan den edozer diru-laguntza eskatu edo haren onuradun izan den enpresa baten titulartasuna edo izena aldatzea, edo enpresa subrogatzea. Era horretako aldaketarik gertatuz gero, unean bertan jakinarazi beharko dute onuradunek, baita horien frogagiriak aurkeztu ere, diru-laguntza eman eta bi urte igaro artean.

7. artikulua.–Laguntzen metaketa, gehieneko zenbatekoa eta bateraezintasuna.

Diru-laguntzaren zenbatekoa ezin izango da izan onuradunak gauzatuko duen jarduera ren kostua baino handiagoa, berez edo bestelako administrazio publikoen edo erakunde pribatu nahiz publiko, nazioko nahiz nazioartekoen laguntza edo diru-laguntzekin batera.

Edonola ere, lerro bakoitzak baldintza bereziak ezarri ahal izango ditu laguntzen metaketa onartzeari edo ez onartzeari buruz, diru-laguntzak emateko irizpideak ere bai.

Hori dela eta, diru-laguntzarako eskabidearekin batera konpromiso hau aurkeztu behar da: diruz laguntzen den kontratuaren indarraldian muga hori inoiz gainditzen bada horren berri emanen da.

8. artikulua.–Diru-laguntzaren ordainketa.

Aurrekontua gauzatzeko oinarrietan ezarritakoari jarraikiz, laguntzaren %75 ordainduko da lehen ordainketa batean, baldin eta diru-laguntzaren lerroan besterik arautu ez bada.

Onuradunak ordenantzaren helburua eta deialdian ezarritako iraunaldia bete dituela egiaztatu ondoren eginen da azken likidazioa.

9. artikulua.–Finantziazioa.

Deialdia egiten den ekitaldiko udal aurrekontuko aplikazioen kargura finantzatuko dira ordenantza honetako laguntzak.

10. artikulua.–Diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea.

Diru-laguntzak emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira, edo Estatuko edo atzerriko beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek ematen dituzten diru-laguntzak edo laguntzak batera lortzen badira, diru-laguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da.

11. artikulua.–Diru-laguntzak itzuli beharra.

a) Jasotako zenbatekoak itzuliko ditu onuradunak eta berandutza korrituagatik diru-laguntza eman zenetik hasita legeak agintzen duen zenbatekoa eskatuko zaio, espedientea tramitatu ondoren, honelako kasuetan:

–Diru-laguntzari uko egitea.

–Diru-laguntza eskuratzea behar diren baldintzak faltsututa edo bete gabe.

–Diru-laguntza zer xedetarako eman zen, helburu hura ez betetzea.

–Justifikatzeko betebeharra ez betetzea edo epetik kanpo egitea.

–Onuradunari ezarritako beste edozein baldintza ez betetzea.

–Onuradunak Udalaren kontrol jarduerei uko egitea.

b) Onuradunak noraino bete ez duen, horren proportziokoa eta neurrikoa izanen da itzultzeko eskaera.

c) Itzulketak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira. Hortaz, premiamendu bidez kobratzeari ekin dakioke, izan daitezkeen erantzukizunak kontuan hartu gabe.

d) Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako kasuetan, itzuli egin beharko da jasotako dirua, eta legezko interesa gehi %25 eskatuko da, diru-laguntza ordaindu edo kontura eman zenetik itzultzea bidezkoa dela erabakitzen den eguna arteko denborari dagokionez.

e) Lau urte iraganda preskribatuko da itzulketa aitortu eta likidatzeko Administrazioak duen eskubidea. Itzulketa eskatzeko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 42. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

f) Ez-betetze kasuetan, behar den espedientea tramitatuko da, kontraesanaren eta frogaren printzipioen araberakoa, eta interesdunari entzunaldia emanen zaio, egoki juzgatzen dituen alegazioak egin eta frogak aurkez ditzan. Udalaren Tokiko Gobernu Batzarra izanen da diru-laguntzak bertan behera utzi edo deuseztatzeko organo eskudun bakarra. Oinarri hauetan biltzen ez den orotan, indarra duen legerian xedatuak aginduko du.

12. artikulua.–Zehatzeko prozedura.

Diru-laguntzen arloko arau-hauste administratibotzat hartuko dira Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean tipifikatutako ekintzak eta ez egiteak. Zehapen prozedura, zigorren graduazioa eta zehapen motak foru lege horretan ezarritakoak izanen dira.

13. artikulua.–Publizitatea.

Onuradunek jarduketak sustatu eta zabaltzeko egiten dituzten adierazpen guztietan Tuterako Udalak diruz lagundu dituela agertu beharko da.

14. artikulua.–Minimis motako laguntzen araubidea.

Deialdi honetako diru-laguntzak minimis motako laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedaturikoarekin bat. Erregelamendu hori Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

II. TITULUA

Diru-laguntza lerroak eta programak

1. lerroa.–Ekintzailetzarako laguntza.

15. artikulua.–Onuradun izateko baldintza espezifikoak eta betebeharrak.

1. Enpresa onuradunak ekimen berriak izango dira, eta baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Enpresako titularrek (bazkideek, baldin eta erakunde eskatzailea sozietatea bada) ezin dute diruz lagunduko den jarduera ekonomikoan beren kontura aritu izan, berdin bakarka zein sozietate bateko kide izanik, diruz lagunduko den jarduera martxan jarri aurreko azken 3 urteetan, eta Tuterako udal mugapearen barruan.

b) Enpresak juridikoki sortu berriak izango dira, ez da onartuko aldez aurretik existitzen den jarduera baten handitzea, ez eta lehendik existitzen diren enpresen antzeko jarduera gauzatzen duten delegazioak irekitzea, ezta enpresa juridikoki aldatzea ere.

2. Autonomoa eta mikroenpresa izatea (10 langile baino gutxiago eta urtean 2 milioi euro baino gutxiagoko negozio bolumena).

3. Tuterako Udaleko jarduera ekonomikoen zergan alta emanda egotea deialdian ezarritako epeetan.

4. Behar diren obra lizentziak, kasuan kasuko jarduera egiteko beharrezkoak direnak (jarduera sailkatuena eta irekitzekoa) eta jarduera ekonomikoen gaineko zerga eskatu eta ordaindu izana.

5. Proiektuaren bideragarritasun txostena izatea, bai teknikoa bai ekonomiko-finantzarioa.

6. Proiektuari 12 hilabetez eustea, JEZeko hasierako altatik aurrera; bestela, litekeena da diru-laguntza aldatu edo itzuli behar izatea. (Enpresa jarduera 12 hilabete baino gutxiagoko epean itxiz gero, enpresa onuradunak itxiera horren berri eman beharko dio Udalari, eta bildutako diru-laguntza itzuli, jarduera gelditzen den egunetik 12 hilabete bete arteko denboraren araberako heinean, betiere jardueran gutxienez ere 9 hilabetez ari izan bada).

7. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak eta fakturak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol jardueren xede izaten ahal diren bitartean.

16. artikulua.–Baztertze espezifikoak.

1. Deialdi honetatik kanpo daude aurreko urteetan lerro honen bidez diru-laguntza jaso duten pertsonak, enpresa jarduerak edo enpresak, betiere jarduera beretan edo antzekoetan aritzeko baziren laguntza horiek.

2. Ez dira jarduera ekonomiko berritzat hartuko honako hauek: deialdiaren aurretik jada jarduera ekonomiko batean aritu arren JEZeko beste epigrafe batean alta ematen dutenak edo sustatzaileak aldatzen dituztenak, hasierako jarduera mantendu ala ez.

17. artikulua.–Diru-laguntzaren goiko muga eta gastuak:

1.–Onuradun bakoitzari ezin izango zaizkio 3.000 euro baino gehiago eman ondotik aipatuko diren kontzeptu guztiengatik. Sustatzaileak 35 urte baino gutxiago baditu, %15 handituko da zenbateko hori. Kasu honetan, jardueraren sustatzaile guztiek 35 urte baino gutxiago izan behar dituzte.

2.–Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak edo kontzeptuak:

KONTZEPTUA

PORTZENTAJEA

MUGA

Web domeinua erregistratzea

%50

50 euro

Web orria egitea

%50

150 euro

Lokalaren alokairua (gehienez ere 6 hilabete)

%50

300 euro hilean

Notarioen, erregistratzaileen eta negozioa abian jartzeko aholkularitzarekin zerikusia duten kontzeptuen zerbitzu-sariak

%50

300 euro

Aktibo finkoak erostea

%50

250 euro

Negoziorako beharrezkoak diren softwarea edo aplikazio informatiko espezifikoak erostea

%50

150 euro

Marka eta merkataritzako izena erregistratzea

%50

150 euro

Prototipoak diseinatzeko eta egiteko gastuak

%50

150 euro

1. Lokalaren alokairuaren gastuetatik bazterturik daude: errentatzaile eta errentariaren arteko harreman juridikoa edo ahaidetasunekoa duten alokairuak, odolkidetasunaren edo ezkontza-ahaidetasunaren hirugarren graduraino; edo pertsona fisiko edo juridikoren bat aldi berean denean errentatzaile eta errentari. Negozioaren egoitza ohiko etxebizitzan duten alokairuei ere ez zaie diru-laguntzarik emanen. Gehienez ere, jarduera hasi eta alokairuaren lehenengo 6 hilabeteetarako emanen da diru-laguntza. Ez dira diruz lagunduko ez fidantzak, ez bermeak, ez eta aldez aurretik ordaindutako zenbatekoak ere.

2. Notarioen, erregistratzaileen eta negozioa abian jartzeko aholkularitzarekin zerikusia duten kontzeptuen zerbitzu-sarietako gastuen barruan ez dira egongo zergen, lanaren eta kontabilitatearen alorrean jasotako aholkularitza ordaintzeko kuotak.

3. Aktibo finkoek berriak izan behar dute: mahai gaineko ordenagailuak, inprimagailuak, ordenagailu eramangarriak, salmenta-puntuko terminalak, etiketak jartzeko sistemak, kodeen irakurgailuak eta balantza elektronikoak. Tablet edo ipad delakoak erosten badira, unitate bakarra erosteko diru-laguntza emanen da soilik, eta enpresaren jarduerarako beharrezkoa dela behar bezala justifikatu beharko da. Enpresa jardueraren helbide soziala ohiko etxebizitza bada, diru-laguntza 100 eurokoa izanen da gehienez.

4. Prototipoak diseinatu eta eraikitzeko gastuetan horiek eraikitzeko materialak sartzen dira.

5. Sustatzaileek 35 urte baino gutxiago badituzte, mugak %15 igoko dira.

Kontzeptu horietatik guztietatik BEZa kanpo izango da.

18. artikulua.–Eskatzaileek aurkeztu beharreko agiriak.

1. Eskabidea, Tuterako Udalari zuzendua (1. eranskina).

2. Jarduera eratu duten pertsona fisikoen edo legezko ordezkarien NANak, edo, hala behar denean, enpresaren IFK.

3. Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak izatearen ziurtagiria.

4. Enpresak Ogasun Publikoarekiko zerga eta tributu betebeharrak eguneratuak dituela dioen ziurtagiria, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak luzatua.

5. Erantzukizuneko aitorpena, onuradun izateko baldintza orokorrak betetzen direla dioena (2. eranskina).

6. Erantzukizuneko aitorpena, eskatzaileak inolako debeku kausarik ez duela dioena (2. eranskina).

7. Beste erakunde publiko edo pribatu batzuei xede bererako eskatutako diru-laguntzen zerrenda. Eskatutako diru kopurua, entitateen izenak eta emandako diru kopurua zehaztu behar dira. Deialdi honetan parte hartzeko garaian beste erakunde batzuen ebazpenaren zain dauden laguntza eskaeren berri ere eman behar da (4. eranskina).

8. Helbideratzeko bankuko datuen ziurtagiria (5. eranskina).

9. Enpresa proiektua azaltzen duen memoria, eta bideragarritasun txosten teknikoa eta ekonomiko-finantzarioa.

10. Egoitza-baimena, egoiliar berrien kasuan.

11. Helbide soziala.

12. Enpresaren eraketaren eskritura.

13. Onartutako gastuen edo kostuen behin betiko fakturak, berdin jatorrizkoak edo konpultsatuak izan. Gastuak faktura elektronikoen bidez ere froga daitezke, baldin eta zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak betetzen badituzte.

14. Aurkeztutako fakturak ordaindu izanaren frogagiriak; jatorrizko dokumentuak edo horien kopia konpultsatua (bankuko transferentzia, bankuko egiaztagiria edo ordainketaren laburpena). Dokumentu horietan argi adierazi behar da nork egin eta nork jaso duen ordainketa. Epeka ordaintzekoak badira, ezarritako epeen barruan dauden horiek jasoko dute laguntza.

2. lerroa.–Enplegua eta autoenplegua sustatzeko laguntzak. Enplegua sustatzeko laguntzak.

19. artikulua.–Onuradun izateko baldintza espezifikoak eta betebeharrak.

a) Langabezian dauden pertsonak kontratatuko dira, baldin eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuan enplegu eskatzaile gisa inskribatuak egon badira, gutxienez, hilabete batez, etenaldirik gabe, eta kontratua egin aurre-aurretik.

b) Haien bizilekuari dagokionez, Tuteran erroldaturik egon beharko dute, gutxienez ere laguntza eskaera abiarazten duen kontratazioaren aitzineko 6 hilabetean, eta horrela segitu kontratazioaren ondoko urtean, gutxienez. Hala ere, adierazi bezain aitzinetik erroldaturik ez daudenak ere kontratatzen ahalko dira, baldin eta aurreko 10 urtean hala egon badira bi urteko epe etengabean; nolanahi ere, dagokien lan-kontratua sinatzen delarik erroldatu beharko dira eta horrela segitu arestian zehaztu den epean.

c) 30 urte baino gutxiago edo 45 urte baino gehiago izateko baldintza diruz lagundutako lan harremana hasten den egunean bete beharko da.

d) Diru-laguntza kontratu mugagabeetarako eskatzen bada, langile berriak kontratatzean modu garbian handitu behar da onuradunaren plantilla finkoa eta guztizko plantilla, kontratazioa egin aurreko sei hilabeteetan enpresan izan den batez besteko plantilla oinarri hartuta. Diru-laguntza aldi baterako kontratazioak egiteko eskatzen bada, guztizko plantilla handitu beharko da, arestian adierazitako epea oinarri hartuta. (enpresak sortzeko 1. lerroko diru-laguntzetara bildutako sustatzaileek egin kontratazioetan ez da epearen baldintza hori eskatuko).

e) Enpresak langileak mantendu beharko ditu, lan kontratu bakoitzean ezarritako epeak iraun bitartean. (Kontratatu den pertsonak enpresan baja egiten badu, baldintza berak betetzen dituen bertze pertsona batek ordezkatu beharko du, baldintza beretan ordezkatu ere. Horretarako, hilabeteko epea izanen da bajaren dataz geroztik, eta zerbitzu kudeatzaileari horren berri eman beharko zaio gehienez ere 15 egunean kontratu berriaren dataz geroztik).

f) Kontratazio mugagabearen kasuan, aurreko 24 hilabeteetan enpresa berean lan-harreman mugagaberik izan ez duten langabeak kontratatzen ahal dira.

g) Aldi baterako kontratazioaren kasuan, kontratua sinatu aurreko urtebetean enpresarekin lan-harremanik izan ez duten langileak kontratatzen ahal dira.

20. artikulua.–Baztertze espezifikoak.

–Honako hauei eragiten dieten kontratazioak: enpresaburuaren edo enpresetako zuzendaritza karguak dituztenen edo administrazio organoetako kide direnen ezkontideak, aurrekoak, ondorengoak eta ezkontza edo odol bidezko bigarren mailara bitarteko bertze ahaideak, eta orobat haien gisakoak, izatezko bikoteen kasuan.

–1. lerroko laguntzak (Ekintzailetzarako laguntzak) eskatzen dituzten enpresetako sustatzaileak.

–Aldi baterako laneko enpresak.

–Lan-kontratu bat bidegabekotzat aitortu edo deklaratutako kaleratzeagatik edo kaleratze kolektiboagatik amaitu duten enpresak.

–Honako hauek ez dute diru-laguntzarik jasoko:

a) Langileen Estatutuari buruzko Legeak (martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako testu bategina) 2. artikuluan aurreikusten dituen lan harreman bereziak eta legezko beste xedapen batzuetan aurreikusitakoak.

b) Kontratazioaren aurreko hogeita lau hilabetean enpresa, enpresa-talde edo entitate berean kontratu mugagabe baten bidez zerbitzuak eman dituzten langileekin egiten diren kontratazioak. Orobat, langileak aurretik lan-harremanak izan baditu onuren eskatzaileak oinordetzen dituen enpresekin, Langileen Estatutuari buruzko Legearen 44. artikuluan ezarritakoaren arabera.

c) Administrazio kontzesio bat dela-eta egindako kontratazioak.

21. artikulua.–Laguntzen zenbatekoa:

1.–Diru-laguntza bildu ahal izateko, enpresaren plantilla osoa handitu beharko da, kontratazio berriaren data baino 6 hilabete lehenago zegoenaren aldean; haren hasiera datak urte bakoitzeko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartekoa izan behar du.

2.–Kontratu mugagabeetarako eta gutxienez 12 hilabetekoak diren kontratuetarako laguntzen zenbatekoa.

–2.400 euro, kontratu mugagabearekin edo gutxienez 12 hilabeteko kontratuarekin plantillari gehitzen zaion lagun bakoitzeko. 2.800 euro emanen dira kontratazioa talde hauetako batean dauden pertsonekin egiten denean (3 kontratazio gehienez enpresa bakoitzeko):

  • Emakume langabeak.
  • 30 urteko edo hortik beherako langabe gazteak.
  • 45 urtetik gorakoendako lanpostua.
  • Iraupen luzeko langabeak, adina edozein delarik.
  • Desgaitasuna duten langabeak.
  • Genero indarkeriaren biktimak.
  • Oinarrizko Errentaren, Gizarteratzeko Errentaren, Zuzeneko Enplegu Aktiboaren edo Enplegu Babestuaren programetan (edo horien ordez sortzen diren programetan) kontrataturik egon diren pertsonendako lanpostua.

Lanaldi partzialeko kontratuak badira, egiten den lanaldi ehunekoaren arabera hainbanatuko da.

3.–Aldi baterako kontratuetarako laguntzen zenbatekoa.

–1.000 euro, plantillan gutxienez ere 6 hilabeteko lanaldi osoko kontratuarekin gehitzen den pertsona bakoitzeko. 1.300 euro emanen dira kontratazioa talde hauetako batean dauden pertsonekin egiten denean:

  • Emakume langabeak.
  • 30 urteko edo hortik beherako langabe gazteak.
  • 45 urtetik gorakoendako lanpostua.
  • Iraupen luzeko langabeak, adina edozein delarik.
  • Genero indarkeriaren biktimak.
  • Oinarrizko Errentaren, Gizarteratzeko Errentaren, Zuzeneko Enplegu Aktiboaren edo Enplegu Babestuaren programetan (edo horien ordez sortzen diren programetan) kontrataturik egon diren pertsonendako lanpostua.

Lanaldi partzialeko kontratua bada, lanaldia zenbatean murriztu den, proportzio berean gutxituko da diru-laguntza.

Kontratua etenik gabeko 6 hilabetez mantendu beharko da gutxienez.

Aldi baterako kontratua mugagabe bihurtzen bada, aurreko puntuan xedatutakoaren arabera kontratazio mota horri dagokion laguntzaren gainerako zenbatekoa eskatzen ahalko da.

4.–Iraupen luzeko langabetzat hartuko dira kontratazio unean eta hamabi hilabetez, gutxienez ere, kontratazioaren aurreko hemezortzi hilabetean enplegu eskatzaile gisa inskribatuak egon diren langabeak.

Kontratazioak kasuan kasuko hitzarmen kolektiboek markaturiko jarraibideen arabera eginen dira.

22. artikulua.–Eskatzaileek aurkeztu beharreko agiriak.

a) Eskabidea, Tuterako Udalari zuzendua (1. eranskina).

b) Pertsona edo enpresa eskatzailea identifikatzeko datuak: kontratatuaren izena, NAN edo AIZ zenbakia, jaioteguna, kontratazio data, lanpostua eta dedikazio denbora (6. eranskina).

c) Kontratatuaren lan bizitzaren kopia.

d) Egindako kontratuaren kopia.

e) Erantzukizuneko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debekuak ez dituela urratzen adierazten duena.

f) Enpresaren plantillari buruzko aitorpena (3. eranskina).

g) Beste erakunde publiko zein pribaturi helburu bera lortzeko eskatutako diru-laguntzen zerrenda, ondokoak zehaztuta: eskatutako kopurua, entitateen izena eta lortutako zenbatekoa. Deialdi honetan parte hartzeko garaian beste erakunde batzuen ebazpenaren zain dauden laguntza eskaeren berri ere eman behar da (4. eranskina).

h) Erantzukizuneko aitorpena, azken hiru zerga ekitaldietan eman zaizkien de minimis laguntzen gainekoa, honako hauek adierazirik: zenbatekoa, organismoa, kontzesioaren data eta laguntzei buruzko zer araubidetan babesten diren. Halako laguntzarik jaso ez badu, horren gaineko aitorpena.

i) Banku helbideratzeari buruzko datuen jatorrizko alea, eredu normalizatuaren araberakoa.

j) Enpresaren nortasun juridikoaren egiaztagiria.

k) Onuraduna pertsona juridikoa bada, eraketaren eskritura aurkeztu beharko du, Merkataritza Erregistroan behar bezala inskribaturik, hori guztia aplikatzen ahal zaion merkataritzako legediaren arabera, horrelakorik eskatzerik bada. Horrela ez bada, eraketaren eskritura edo agiria aurkeztu beharko du, edo hala bada, aldaketarena, estatutuak edo eratzearen akta, jarduera arautzen duten arauak agertuz, betiere behar den erregistro ofizialean inskribaturik.

l) Enpresaren lan bizitzaren txostena, lantoki bakoitzerako eta kotizazio kontuaren zenbaki bakoitzerako.

m) Sustatzailearen edo sustatzaileen lan bizitza, enpresak ezartzeko edo sortzeko 1. lerroko laguntzak eskatzen dituzten enpresen kasuan.

n) Jarduera ekonomikoen gaineko zergaren alta agiria, Tuterako udalerrikoa.

o) Hauekiko zorren ordainketa eta gainerako betebehar formalak eguneratuak dituela dioen ziurtagiria: Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorra, Nafarroako Foru Ogasuna eta gainerako tributu administrazioak. Tuterako Udalak ofizioz egiaztatuko du harekiko zorren ordainketa eta betebeharrak eguneratuak dituela.

p) Desgaitasuna frogatzea, dagokion agiri ofizialaren bidez.

q) Genero indarkeriaren biktima dela frogatzea, babes aginduaren bidez edo Ministerio Fiskalaren txostenaren bidez.

3. lerroa.–Merkataritza lokalak berritu, eraberritu eta irekitzeko laguntzak.

23. artikulua.–Onuradun izateko baldintza espezifikoak eta betebeharrak.

1. Baldintza hauek betetzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoek edo sozietate irregularrek eskatzen ahal dute diru-laguntza: a) JEZaren ondoko multzoetariko batean dagoen saltoki baten titularra izatea edo behin betiko ebazpenaren tenorean izatea, jarduera berria bada:

–64. multzoa: Establezimendu iraunkorretan egindako elikagaien, edarien eta tabakoaren txikizkako merkataritza.

–65. multzoa: Elikagaiak ez diren produktu industrialen txikizkako merkataritza establezimendu iraunkorretan.

–691. taldea: Etxetresna elektrikoak, ibilgailuak eta bestelako kontsumo-ondasunak konpontzea.

–755. taldea: Bidaia agentziak.

–97. multzoa: Zerbitzu pertsonalak.

–676. taldea: Txokolate-denda, izozki-denda eta hortxata-dendetako zerbitzuak.

2. Onuradun bakoitzak elkartze batean edo berak bakarrik eskaera egiteagatik jaso dezake diru-laguntza, baina ez proiektu beragatik, salbu eta diru-laguntzak lerro ezberdinetakoak badira.

3. Jarduera berria izanez gero, enpresa ekimenari buruzko txostena egin izana eta JEZean alta emanda egotea diru-laguntzaren behin betiko ebazpenaren tenorean.

4. Bere betebehar fiskalak eguneratuak izatea, hala Gizarte Segurantzarekikoak nola Nafarroako Gobernuarekikoak eta Tuterako Udalarekikoak.

5. Behar diren obra lizentziak eskatu izana (nahitaezkoa, kasu guztietan) eta orobat kasuan kasuko jardueran aritzeko aginduzkoak direnak. Kasuan kasuko lizentziak lortzeko aurkeztutako aurrekontua hartuko da kontuan.

6. 10 langile izatea gehienez.

7. Tuterako hirigunean kokatuta egotea (baztertuak izanen dira poligonoetan ezartzen diren saltokiak).

Saltegi berean jarduera ekonomiko bat baino gehiago eginez gero, diruz laguntzen ahal den merkataritza jarduerari zuzenean loturiko inbertsioak bakarrik izanen dira diruz laguntzeko modukoak, eta, betiere, merkataritza jarduera hori izanen da saltegi horretako jarduera ekonomiko nagusia.

Diru-laguntza eskatzen duen enpresak egindako lanek ez dute diru-laguntzarik jasoko, ezta onuradunari loturiko enpresa edo entitateek egindakoek ere.

8. Diruz laguntzen den lokalean merkataritza jarduera mantentzea 12 hilabetez diru-laguntza ordaintzeko ebazpena ematen denetik; diru-laguntza itzuli edo aldatzen ahalko da itxiera ezinbertzean gertatzen ez bada. 12 hilabeteak iraganik, baldintzak bete izanaren frogagiriak eskatzen ahalko ditu Udalak.

24. artikulua.–Baztertze espezifikoak.

a) 647.7 epigrafea: Edozein elikagai eta edariren txikizkako merkataritza, autozerbitzuan edo araubide mistoan supermerkatuetan (hau da, 400 metro koadroko edo hortik gorako saltokia duten establezimenduetan).

b) 655. taldea: Erregaien eta lubrifikatzaileen txikizkako merkataritza.

c) Poligono batean ezartzen diren saltokiak.

d) Tuterako Udalaren lokal batean garatzen diren merkataritzako ekimenak.

25. artikulua.–Diru-laguntza jasotzen ahal duten jarduketak eta gastuak:

A) Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak.

Epigrafe honetako diru-laguntzek jarduketa hauek finantzatuko dituzte:

a) Merkataritza lokal berri bat irekitzeko edo lokal bat modernizatu, handitu edo egokitzeko obrak edo eraberritze lanak egitea, eta merkataritza lokalak hornitzea.

b) Merkataritza elektronikoa ezartzea.

B) Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak:

1.–Diruz laguntzen ahal diren jarduerekin zalantzarik gabe lotura duten gastuek jaso dezakete diru-laguntza, betiere jarraian adierazten diren kontzeptuen ondoriozkoak badira.

a) Lokal berri bat irekitzeko edo lokal bat modernizatu, handitu edo egokitzeko obrak edo eraberritze lanak egiteari dagokionez:

a.1) Sartutako kontzeptuak:

–Igeltserotza, iturgintza, zurgintza edo margoketa lanak. Ateak eta leihoak.

–Zoruak eta estaldurak ezartzea sabai eta hormetan.

–Erakusleihoak eta fatxadak birmoldatu eta eraberritzea.

–Instalazio elektrikoak.

–Aire girotua eta berokuntza.

–Pertsianak, errotuluak, toldoak eta saltokiaren kanpo irudiari on egiten dion edozein elementu paratzea.

–Kanpo itxiturako eta erakusleihoak babesteko elementuak.

–Elementu bereziak eta interes arkitektonikoa dutenak zaharberritzea.

–Oztopo arkitektonikoak kentzeko eta lokaletarako irisgarritasuna hobetzeko eraberritze lanak.

a.2) Baztertutako kontzeptuak:

–Lokalen erosketak, edo erosteko aukerak.

–Eraberritu eta egokitzeko azterlan eta proiektuak.

–Eskualdaketa eskubideen ordainketa.

–Eraikuntzaren egiturazko elementuak osatzen dituzten obrak eta instalazioak, hala nola eskailerak, karga-jasogailuak, igogailuak edo solairuartea.

b) Merkataritza lokalak hornitzeari dagokionez:

b.1) Sartutako kontzeptuak:

–Saltokian eta erakustokian produktuak aurkezteko altzariak: erakusleihoak, erakusmahaiak, panelak, apalategiak, beira-arasak eta erakustegiak (uharteak, hoztuak barne), oholtzak, kakotegiak, etab.

–Alarmak eta segurtasun eta zaintza sistemak.

–Salmenta-puntuko terminalak, barra kodeen irakurgailuak, zerrenda magnetikoen irakurgailuak eta tiketen inprimagailuak erostea.

–Balantza digitalak.

–Ordenagailu eta periferikoak, merkataritza kudeaketarako direnak: kontabilitatea, fakturazioa, biltegia eta salmenten automatizazioa.

–Merkataritza jarduerarako ekipamendu berariazkoa.

b.2) Baztertutako kontzeptuak:

–Ibilgailuak, ibilgailu erosi berrietako hozkailuen egokitzapena salbu.

–Merkaturatzeko salgaiak erostea, hala nola erakutsi eta saltzeko altzariak.

–Merkataritza jarduerari lotutako zerbitzu edo fabrikazioa jardueretarako ekipamendu berariazkoa.

c) Merkataritza elektronikoari dagokionez, gastu hauek jaso dezakete diru-laguntza: merkataritza elektronikorako software tresnak erosi eta ezartzea, betiere online saltzeko aukera, ordainketa-pasabidea eta erosketa-orga badituzte, edo dauden denda birtualak egokitzea funtzio hori ezartzeko; kontzeptu hauen ondoriozko gastuak izanen dira:

–Jarduketarako softwarea eskuratzeko inbertsioa.

–Jarduketaren ondorioz, eta bakarrik horrengatik, egiten diren kanpo kontratazioak.

2.–Kontzeptu hauek ezin dira inolaz ere diru-laguntzaren xede izan:

–Zergak eta tasak (lizentziak, BEZa, bide publikoaren okupazioa, etab.).

–Erabilitako ondasunak.

–Konponketa, ordezpen eta mantentze-lanen gastuak.

–Inbertsioak ez dira diruz lagunduko eskuratzailea bera denean aktiboen saltzailea edo jardueraren emailea, edo autofakturazioa ekar dezakeen antzeko kasuren bat gertatzen denean.

–Leasing-en bidez aktiboak eskuratzea.

–Enpresa jarduerarako behar-beharrezkoak ez diren ondasunak erostea edo gastuak egitea, eta enpresako bazkideen, zuzendarien, kudeatzaileen, jabeen edo haien familiarren erabilera pribatuari lotutakoak.

3.–Kontuan hartu beharreko gastuak, ekipo eta programa informatikoak izan ezik, establezimenduko saltokirako erabiliko dira eta/edo establezimenduaren kanpoalderako (fatxada); bestela, aurkeztu beharreko memorian justifikatu beharko da hori beharrezkoa dela saltokiak behar bezala funtzionatzeko edo argiro izanen dela bezeroarentzako arretarako eta, oro har, establezimendua hobeki kudeatzeko.

4.–Diru-laguntza biltzen ahalko dute iazko azaroaren 1etik aurtengo urriaren 31ra arte egindako jarduerek. Hasiera eguna obra baimenaren eskaeran agertzen dena izanen da, eta obra bukaerakoa, berriz, Udalak obraren bukaera onartzen duenekoa. Aipatu epearen barnean hasi baina urriaren 31n bururatzen ez direnak hurrengo deialdian sartuko dira, obra bukaera eskuratu ondoan.

5.–Proiektu bakoitzeko, gehieneko diru-laguntza 10.000 eurokoa da. Diru-laguntza jaso ahal izateko, proiektuek 3.000 euroko inbertsioa izan behar dute gutxienez. Lokalak hornitzea eta merkataritza elektronikoa ez dira kontuan hartuko zenbateko hori kalkulatzean.

26. artikulua.–Eskatzaileek aurkeztu beharreko agiriak.

a) Eskabidea, Tuterako Udalari zuzendua (1. eranskina).

b) Obra baimenaren edo legeztatzearen eskaera.

c) Obraren aurrekontu zehaztua.

d) Lokalaren alokairu kontratua edo jabetzaren eskritura.

e) Merkataritza Erregistroan behar bezala inskribatutako eratze-eskrituraren fotokopia konpultsatua, eta legezko ordezkariaren egiaztagiria (pertsona juridikoa baldin bada).

f) Pertsona fisikoaren edo jardueraren legezko ordezkariaren NANa, eta enpresaren IFK.

g) JEZaren kopia.

h) Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak izatearen ziurtagiria.

i) Enpresak Ogasun Publikoarekiko zerga eta tributu betebeharrak eguneratuak dituela dioen ziurtagiria, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak luzatua.

j) Erantzukizuneko aitorpena, eskatzaileak inolako debeku kausarik ez duela dioena. (2. eranskina).

k) Bertze erakunde publiko edo pribatu batzuei xede bererako eskatutako diru-laguntzen zerrenda. Eskatutako diru kopurua, entitateen izenak eta emandako diru kopurua zehaztu behar dira. Deialdi honetan parte hartzeko garaian beste erakunde batzuen ebazpenaren zain dauden laguntza eskaeren berri ere eman behar da (4. eranskina).

l) Erantzukizuneko aitorpena, ereduaren araberakoa, enpresako langile kopuruaren gainekoa (7. eranskina).

m) Diruz laguntzen diren egindako jarduerak azaltzen dituen memoria. Besteak beste, egindako jardueraren aurreko eta ondoko egoeren argazkiak sartu beharko dira, baita egindako gastuen zerrenda izenpetua eta zenbakitua, kontzeptuen arabera ordenaturik eta zenbatekoak guztira emanik.

n) Egindako gastuen frogagiriak eta fakturak, zerrenda zenbakituan esleitutako ordena zenbakiaren arabera hurrenez hurren ordenatuak. Fotokopia konpultsatuak aurkeztuko dira, edo zerbitzu kudeatzaileak adostuak.

o) Aurkeztutako fakturak ordaindu izanaren frogagiriak; jatorrizko dokumentuak edo horien kopia konpultsatua (bankuko transferentzia, bankuko egiaztagiria edo ordainketaren laburpena). Dokumentu horietan argi adierazi behar da nork egin eta nork jaso duen ordainketa.

p) Obra bukaera.

q) Helbideratzeko bankuko datuen ziurtagiria.

r) Enpresa-ekimenari buruzko memoria (jarduera berria baldin bada).

27. artikulua.–Laguntzaren zenbatekoa.

Diru-laguntzen zenbatekoa hau izanen da:

–Alde Zaharreko kaleetan dauden lokalak (BBBPBko eremua): %35.

–Hiriguneko gainerako kaleetan dauden lokalak: %25.

Diru-laguntzaren kalkulua eginen da babesten ahal den aurrekontutik abiatuta, modu zehaztu eta justifikatuan aurkeztu bada. Eremuagatik dagokion ehunekoa aplikatuko zaio onartutako aurrekontu osoari.

Emaitza, gehienez ere 10.000 euroraino, izanen da eskatzaileari hartzea dagokion zenbatekoa, eskaeran aurrez ikusitako gastua behar bezala justifikatu ondoan.

28. artikulua.–Laguntzen bateragarritasuna.

Jarduera berriak ezartzeko, diru-laguntza hau bateragarri eta osagarria da ordenantza honetan arautzen diren gainerako laguntzekin, betiere eskatzaileak laguntzen onuradun izateko baldintzak betetzen baditu.

Hobetu beharreko lokala Tuterako Alde Zaharrean baldin bada, BBBPBaren esparruan, diru-laguntzaren osagarri izanen dira “Tuterako Alde Zaharrean obrak egiteko” Etxebizitza eta Eraikinak Zaharberritzeko Bulegoak kudeatzen dituen diru-laguntzak.

Ordenantza honi jarraikiz ematen diren laguntzak bateragarriak dira beste administrazio edo entitate batzuek ematen dituzten edonolako laguntzekin, baldin eta haien guztien baturak egindako eraberritzearen kostuaren %65a gainditzen ez badu.

Diru-laguntzak batera ematen badira, ordenantza honek arautzen dituen laguntzek osatuko dute ezarritako gehienezko zenbatekoa.

29. artikulua.–Diru-laguntzaren ordainketa.

Diru-laguntza osorik ordainduko da jarduera egin eta haren gaineko kontuak aurkeztu ondoan.

DATU PERTSONALEN BABESA

Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa betez, eskatzaileek emandako datuak Tuterako Udalaren titulartasuneko fitxategi automatizatu batean sartzen ahalko dira.

Eskatzaileek, halaber, fitxategian sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubidea erabili ahal izanen dute Udalaren erregistro orokorrean.

XEDAPEN IRAGANKORRA

2015eko urriaren 1etik arau hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera bitartean ordenantza honetan arautzen diren laguntzen onuradun izateko baldintzak betetzen dituztenentzat, lerro bakoitzerako epeak argitalpen horren biharamunean hasiko dira.

Aurkeztutako laguntza eskaerei dagokienez, gaur egungo araudiak indarrean jarraituko du, ordenantza hau behin betiko onetsi arte.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza honek indarra hartzearekin bat, udal ordenantza hauek eta haien aldaketek indarra galduko dute:

–Udal ordenantza, Tuteran enpresa jarduera berriak sortzeko laguntzak arautzen dituena.

–Udal ordenantza, Tuteran merkataritza lokalak berritu, eraberritu eta irekitzeko laguntzak arautzen dituena.

–Udal ordenantza, enplegua sustatu beharrez enpresei laguntzak ematea arautzen duena.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzen den egunaren biharamunean hartuko du indarra, eta indarrean egonen da beti harik eta berariaz indargabetzen den arte.

1. ERANSKINA

Tuteran enpresa jarduera berriak sortzeko, enplegua sustatzeko eta merkataritza lokalak berritu, eraberritu eta irekitzeko laguntzetarako eskabidea.

2. ERANSKINA

Erantzukizuneko aitorpena.

3. ERANSKINA

Enpresako plantillari buruzko aitorpena.

4. ERANSKINA

Xede bererako diru-laguntza eskaeren zerrenda.

5. ERANSKINA

Hirugarrenen fitxa.

6. ERANSKINA

Pertsona edo enpresa eskatzailea identifikatzeko datuak.

7. ERANSKINA

Enpresako langile kopuruaren erantzukizuneko aitorpena.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: L1607761